Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2011ko abuztuaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Osasun eta Kontsumo Saila
3948

AGINDUA, 2011ko uztailaren 27koa, Osasun eta Kontsumoko sailburuarena, jarduera fisikoa sustatzeko jarduerak egiten dituzten toki-erakundeei diru-laguntzak ematea arautzen duena.

Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan xedatutakoari jarraiki, EAEko botere publiko guztiei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozio-ekonomikoko sektore guztietan, bizi-ohitura osasungarriak suspertzeko, arrisku-faktoreak desagerrarazteko, ondorio txarrek eraginik ez izateko eta, batik bat, osasunaren garrantziaz jabetu eta kontzientziatzeko. Zehatzago, bigarren atalak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da Euskadin osasunaren erakunde-esparrua zaintzea; xede horrekin, gomendioak eman edo neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak, sektore politiko guztietan osasuna aintzat har dezaten, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintzak bultzatuko ditu, osasun ekintzen osagarri gisa, biztanleen osasun-maila etengabe hobetu dadin.

Aipatutako legearen 3. artikuluan adierazten da Euskal Osasun Administrazioari dagokiola osasun publikoa babestea, osasuna sustatzeko neurriak hartuz.

Azaroaren 3ko 579/2009 Dekretuak, Osasun eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, 9.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz, Osasun Publikoko Zuzendaritzaren zeregina da, besteak beste, politika eta esku hartze eraginkorrak bultzatzea Jaurlaritzaren Sailetan eta instituzio publikoetan -udalerrietan bereziki-, hiritarrek osasun- eta zuzentasun-maila handiagoak izan ditzaten.

Aginduaren xedea da, beraz, osasuna sustatzea, toki-eremuetan eta osasunarekin erlazionatuta ez dauden beste sektore batzuetan egiten diren jardueren bidez. Ekimen horrek jarraitzen ditu Europako Batasunaren «Osasuna, ekimen politiko guztietan» estrategiaren gomendioak eta Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Gizarte Determinatzaileei buruz Europako Batzordeak egindako txostenaren gomendioak.

Osasun-arloaz kanpoko faktoreek ere, eragiten diotela osasunari egiaztatzea da Osasuna, ekimen politiko guztietan estrategiaren funtsa. Estrategia horren elementu dinamizatzailea da jakinaraztea biztanleen osasuna eta ongizatea zaindu eta sustatu beharreko balioak direla gizarte esparru orotan. Horrenbestez, osasuna ere zaindu beharreko helburutzat hartu behar da sektore-politiketan.

Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Gizarte Determinatzaileen Batzordeak adierazi du behartsuen osasun txarra eta osasunaren arloan dauden desberdintasun handiak boterea, diru-sarrerak, ondasunak eta zerbitzuak behar ez bezala banatuta egoteak eragiten dituela, bai eta horien ondorioz sortu eta biztanleen bizi-baldintzei eragiten dietan bidegabekeriek ere. Horiexek dira, beraz, osasunaren gizarte determinatzaileak; horiek dira osasunaren arloko desberdintasun gehien sortzaile.

Deialdi honen bidez osasuna ikustarazi eta esku hartzeko toki-politiken bidez osasuna sustatu nahi ditu Osasun eta Kontsumo Sailak. Osasunaren sustapena era askotara uler daitekeenez, deialdi honen bidez jarduera fisikoa bultzatzen duten jarduerak bultzatu nahi dira.

Zehazki, EAEko udalerri gehienek bere egin zituzten Aalborg-eko iraunkortasunarekiko konpromisoak dira osasuna ikustarazteko eta sustatzeko elkargunea. Izan ere, Aalborgeko 7. konpromisoak dio: «Osasunaren aldeko tokiko ekintza. Gure biztanleen osasuna eta ongizatea sustatzeko eta babesteko konpromisoa hartu dugu». Eta, bertan, honako hauekin erlazionatutako bost jarduera-ildo proposatzen dira: osasunaren determinatzaileak, osasunerako tokiko planak, osasunean ditugun desberdintasunak gutxitzea, osasunaren gaineko inpaktua ebaluatzea eta hiri-plangintzak egiten dituztenen gainean eragitea, beren lanean osasun publikoko iritziak sar ditzaten.

Aginduaren helburua nagusia, beraz, Aalborgeko 7. konpromisoa toki-eremuan garatzen laguntzeko egiten da. Finantzatu nahi diren jarduerek, horrenbestez, konpromiso horri egin behar diote berariazko erreferentzia.

Konpromiso horiek 1992an Rio de Janeiron (Brasil) egin zen Ingurumen eta Garapenari buruzko Nazioarteko Biltzarrean dute jatorria. Biltzar hartan onartu zen Agenda 21a, planetaren degradazioa geldiarazteko garapen iraunkorreko eredu bat sortzen lagunduko duten politika ekonomikoak, gizartekoak, kulturalak eta ingurumenekoak antolatzeko estrategia orokorra.

Eta ikusita Toki Administrazioen jardunak berebiziko garrantzia duela garapen iraunkorra sustatzeko estrategian, Agenda 21eko 28. kapituluan deia egiten da udalerrietan tokiko Agenda 21ak sortzeko, udal-administrazioek, herritarrek, gizarte-erakundeek eta enpresek euren artean hitz egin eta adostutakoaren ondorioz.

Tokiko Agenda 21eko prozesuen ondoriozko ekintza-planak gauza zitezen, 2002ko abenduan, Udalsarea 21, Iraunkortasunaren aldeko Euskadiko Udalerrien Sarea sortu zen. Aipaturiko Sarean sartuta daude udalerri gehienak, erakunde asko eta Eusko Jaurlaritzaren sail ugari, tartean, Osasun eta Kontsumo Saila. Sareak koordinazio eta lankidetzarako foroa izan nahi du, tokiko Agenda 21eko prozesuak ezartzen laguntzeko eta udal-kudeaketaren arlo guztietan iraunkortasun-irizpideak sartzeko, betiere Aalborgeko konpromisoak kontuan hartuz -Hiri eta Herri Iraunkorren IV. Europako Biltzarrean hartu ziren konpromiso horiek-. Xedea da udalerrien zeregina indartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko garapen iraunkorrari buruzko politiketan, eta euskal gizartea gai horretaz arduraraztea.

Aginduaren edukiak bat datoz Eusko Jaurlaritzako zenbait sailek Euskal Autonomia Erkidegoko udalekin jarduera eremu honetan dituen estrategiekin. Horien artean dago Jarduera Fisikoaren Euskal Planaren garapena.

Toki-eremuetan eta osasun-arlokoak ez diren bezte zenbait sektoretan egiten diren jardueren bidez osasuna sustatzeko, Osasun eta Kontsumo Sailak laguntzak emango dizkie todi-erakundeei, gure autonomia erkidegoko biztanleen osasuna eta ongizatea zaindu eta babestu dezaten, jarduera fisikoa sustatzen duten esku hartzeen bidez.

Jarduera fisikoa da aisialdian edo eguneroko bizitzan egiten dugun mugimenduzko jokabide multzoa, hau da, mugimenduaren eraginez, atseden-egoeran gaudenean baino energia-gastu handiagoa eragiten digutenak. Jarduera Fisikoa Sustatzeko Torontoko Gutunak argi ezartzen du egunero egin ohi den jarduera fisikoak osasuna sustatzen duela, gaixotasunak prebenitzen dituela, gizarte harremanak eta bizi kalitatea hobetzen dituela, onura ekonomikoak ekartzen dituela eta ingurumenaren iraunkortasunari laguntzen diola.

Hori dela eta, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea jarduera fisikoak sustatzeko neurriak hartzen dituzten tokiko erakundeei emateko diru-laguntzen deialdia arautzea da.

2. artikulua.- Diru-laguntza jasoko duten jarduerak.

Jarduera fisikoa sustatzen duten jarduerak lagunduko dira diruz. Jarduera fisikotzat joko da aisialdian edo eguneroko bizitzan egiten dugun mugimenduzko jokabide multzoa, hau da, mugimenduaren eraginez, atseden-egoeran gaudenean baino energia-gastu handiagoa eragiten diguna.

Honako jarduerek jasoko dute diru-laguntza:

- Biztanleengan, eta bereziki, sendentarioenak direnengan, bizi-estilo aktiboagoak sustatzera bideratutako jarduerak. Eguneroko bizitzako jardueretan jarduera fisikoa sartzen duten bizi-estiloaz ari gara.

- Hiri-eremuek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzen dituzten jarduerak, hain zuzen ere, leku horiek jarduera fisikoa egiteko egokituz.

- Udalerrian mugikortasun aktiboa, oinez zein bizikletaz, sustatzeko jarduerak.

- Ingurune fisikoak eskaintzen dituen aukerez baliatu eta ikastetxeetarako, lantokietarako eta udalerriko leku estrategikoetarako joan-etorri aktibo eta seguruak sustatzeko jarduerak.

Ez da finantzatuko bizikleta-bideak eraikitzea.

3. artikulua.- Aurrekontuko diru-hornidura.

Guztira, 225.000 (berrehun eta hogeita bost mila) euroko aurrekontuko diru-hornidura dago 2. artikuluan zehaztutako jarduerak egiteko; hargatik eragotzi gabe, Agindu honen xedapen gehigarrian xedatutakoa.

4. artikulua.- Erakunde onuradunen betekizunak.

1.- Hauek dira diru-laguntza jaso dezaketen erakundeak: Euskal Autonomia Erkidegoko udal, mankomunitate, toki-erakunde, tokiko erakunde autonomo eta tokiko merkataritza-sozietateak.

Tokiko merkataritza-sozietateek baldintzak hauek bete behar dituzte: titulartasun publiko kapital soziala izan behar dute, eta bazkideen gehiengoa udalak izan behar dira. Gainera, partaide diren udalerrietako alkateek aukeratu behar izan dituzte, diru-laguntza eskatu den jarduera egiteko.

2.- Diru-laguntzak eman eta, hala badagokie, ordaintzeko esleitzeko ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasi, eta artean izapidetzen ari bada.

3.- Eskabidea egiten duten erakundeek ezin dute izan diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekurik edo administrazio-zehapen edota zehapen penalik, ezta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenean ezarritako debeku edo zehapenik ere.

5. artikulua.- Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.- Diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira, 2. artikuluan ezarritako jarduerak egitetik sortzen direnak. Ez dira inolaz ere diruz lagunduko, ondasunak eskuratu edo zerbitzuak ematetik sortutako gastuak, merkatuko balioa gainditzen badute.

2.- Ez dira diruz lagunduko gastu hauek:

a) Diruz laguntzen diren jarduketa horien BEZari dagozkionak.

b) Diruz lagunduko den jarduketekin lotura zuzena ez duten gastuak.

c) Beharrezkoak ez diren edo behar bezala justifikatu ez diren gastuak, arrazoizkoak ez direnak edo gehiegizkoak direnak, ekonomia, eta kostua eta eraginkortasuna erlazioaren printzipioen arabera. Gastu horiek, dena den, 12. artikuluan ezarritako balioeste-organoak zehaztuko ditu.

6. artikulua. Beste diru-laguntza batzuekin bateragarri izatea.

Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribatuaren batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, diru-laguntzaren kopurua gutxitu egingo da dagokion kopurura egokitzeko.

7. artikulua.- Izapidetze elektronikoa.

1.- Prozedura honekin erlazionaturiko izapide guztiak baliabide elektronikoak erabilita egin behar dira.

2.- Izapide elektronikoak arautzen dituzte: ekainaren 22ko 11/2007 Legeak, herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzkoak; azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretua, aipaturiko Legea hein baten garatzen duena;abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuak, administrazio prozeduretan baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzea erregulatzen duenak; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroak sortzeari, antolatzeari eta funtzionatzeari buruzkoak, eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariarenak, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa -PLATEA- ezartzen duen dokumentua onartzen duenak.

8. artikulua.- Eskabidea aurkezteko epea eta lekua.

1.- Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita

2.- Eskabidea baliabide elektronikoen bidez izapidetu behar da, euskadi.net atariaren bidez:

http://www.osanet.euskadi.net/r85-proc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion / ayudas_entes_locales_2011/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html.

3.- Eskatzaileek eskabideak zein horien egiaztapenak nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ditzakete. Halaber, eskaeratik eratorritako ekintzetan, baita prozedura osoan ere, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1. artikuluan ezartzen denez.

9. artikulua.- Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Bigarren artikuluan jasotako edozein jardueretarako, dokumentazio hau aurkeztu behar da, erakunde eskatzailearen eta garatu behar den jarduerarekin bat etorriz:

a) Eskabide-agiria eta jardueraren azalpen-txostena behar bezala beteta, betiere I. eta II. eranskinen ereduei jarraiki. Eskuragarri daude: http://www.osanet.euskadi.net/r85-proc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ ayudas_entes_locales_2011/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html.

b) Diru-laguntza eskatu den jarduera egitea onartu dela dioen erabakia, bai eta toki-erakundeak jarduera finantzatzeko egingo duen ekarpena. Dokumentua eskanerretik pasatu eta pdf. formatuan aurkeztu behar da.

c) Tokiko Agenda 21a ezartzeko prozesua abian jarri dela dioen egiaztagiria, edo, bestela, Tokiko Agenda 21en Ekintza-plana onartu dela dioen udalbatzaren erabakia, edo Tokiko Agenda 21en prozesuari egindako ebaluazio- eta segimendu-txostena. Dokumentua eskanerretik pasa eta pdf. formatuan aurkeztu behar da.

d) Eskatzailea tokiko merkataritza-sozietate bat bada, aurreko ataletan adierazitako dokumentazioaz gain, beste hauek ere aurkeztu behar ditu:

- Jarduera egitea onetsitako udalerrietako alkateen onespen-erabakia, zeinaren bidez erakunde hori(ek) izendatzen den(diren) jarduera egiletzat. Dokumentua eskanerretik pasa eta pdf. formatuan aurkeztu behar da.

Eskatzailea herritarrentzako ziurtagiri elektroniko onartua baten bidez identifikatu bada, hauek aurkeztu behar ditu:

- Diru-laguntza eskatu duenaren alde emandako ordezkaritza-ahalordea, Merkataritza Erregistroan inskribatua. Dokumentua eskanerretik pasa eta pdf. formatuan aurkeztu behar da.

- Merkataritza Erregistroan inskribatutako estatutuen kopia. Dokumentua eskanerretik pasa eta pdf. formatuan aurkeztu behar da.

Eskatzailea erakundeentzako ziurtagiri elektroniko onartua baten bidez identifikatu bada, ez du dokumenturik aurkeztu behar.

e) Finantzaketa zer jarduera egiteko eskatu den hobeto jakiteko beharrezkoa den dokumentazio osagarri oro.

10. artikulua.- Betebeharrak/Betekizunak egiaztatzea.

1.- Diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko ditu erakunde kudeatzaileak, behar beste aldiz, eskatzaileen baimenik eskatu beharrik gabe, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz. Dekretu horren bidez, onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratua.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratua onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Helburu berdinarekin edo antzekoarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu, eta, dagokionean jasoz gero, horren berri ematea.

b) Diru-laguntzak itzultzeko edo zigorra ezartzeko prozesuren batean ez egotea edo halakoren bat amaitu berri izatea.

c) Eskatzailea ez izatea laguntzak edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion administrazio- edo zigor-zehapenik eta horretarako ezgaitzen duen legezko inolako debekurik.

d) Tokiko merkataritza-sozietateen kasuan, adierazi behar da egunean dagoela indarreko xedapenak ezartzen dituzten zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan, arauz ezartzen den moduan.

e) Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

Erantzukizunpeko adierazpenarekin batera adierazitako edo aurkeztutako dokumentuetan oinarrizko daturen bat zehaztasun gabe ematen bada, faltsua bada edo ematen ez bada, prozedura eten egingo da horien berri jakiten den unean, dagozkion erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

Halaber, egoera horren berri ematen duen administrazio publikoko ebazpenak zehaztu dezake interesdunak diru-laguntzaren zenbatekoa itzuli egin behar duela, hala badagokio, baita denbora-tarte jakin baten helburu berbererako beste prozedura bat ezin duela abian jarri ere; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoarekin bat eginez.

3.- Gainerako betekizunak egiaztatzeko modua atari elektroniko honetan zehazten dira: http://www.osanet.euskadi.net/r85-proc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ ayudas_entes_locales_2011/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html.

4.- Eskaeraren ondorengo izapideak euskadi.net/Nire kudeaketak atalaren bidez egingo dira.

11. artikulua.- Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Osasun Publikoko Zuzendaritza konturatzen bada aurkeztutako eskabideak ez dituela aurreko artikuluetan ezarritako betekizunak betetzen, erakunde eskatzaileari eskatuko dio, hamar egun baliodunen barruan, hutsegiteak zuzentzeko eta aurkeztu behar dituen dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko dio hori egiten ez badu bere eskaera bertan behera utziko dela, Osasun sailburuordearen ebazpenaren bidez; izan ere, ebazpen hori emango du 1992ko azaroaren 26ko Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 71.1 artikuluan adierazitakoa bete dadin.

12. artikulua.- Eskabideak balioestea.

1.- Balioeste Batzordeak balioetsiko ditu eskabideak. Hauek osatuko dute batzorde hori: Osasun Publikoko zuzendariak, batzordeko lehendakaria izango da, eta hiru lurralde zuzendaritzetako Osasun Publikoko zuzendariordeek.

2.- Balioeste batzordeak artikulu honetan ezarritako balioeste-irizpideen arabera balioetsiko ditu aurkeztutako eskabideak.

3.- Balioeste Batzordeak diru-laguntzak emateko proposamena egingo dio Osasun sailburuordeari.

13. artikulua.- Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

1.- Agindu honetan ezarritako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluaren arabera. Kanpoan geldituko dira gutxieneko 50 puntuak lortzen ez dituzten eskabideak.

2.- Diru-laguntzak irizpide hauen arabera esleituko dira, eta kasu bakoitzean zehaztuko den haztapenaren arabera:

(Ikus .PDF)

14. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoak.

Diru-laguntzak gehienez ere zenbateko hau izango dute:

a) 7.000 biztanle baino gehiagoko toki-erakunde edo udalerriz gaindiko eremuetan, gehienez ere, diruz lagundu datezken gastuen zenbatekoaren % 50 eman daiteke, betiere ez 8.000 euro baino gehiago, proiektuko.

b) 7.000 biztanle baino gutxiagoko toki-erakunde edo udalerriz gaindiko eremuetan, gehienez ere diruz lagundu daitezken gastuen zenbatekoaren % 80 eman daiteke, betiere ez 5.000 euro baino gehiago, proiektuko.

15. artikulua.- Lehiaketaren ebazpena.

1.- Osasun sailburuordeak, Balioeste Batzordeak proposatuta, Ebazpena emango du, gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.- Epe hori amaitu eta ebazpenik ematen ez badu, eskabideak ez direla onartu ulertu behar da, beti ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak -urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu du aurrekoa- 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hala ere, lege horrek ebatzi beharra daukala ezartzen dio Administrazioari.

3.- Osasun sailburuordearen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete interesdunek Osasun eta Kontsumo sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat etorriz.

16. artikulua.- Diru-laguntzak ordaintzea.

Esleitutako diru-laguntza era honetan emango da:

Diruz lagundutako zenbatekoaren % 70, diru-laguntza onartutakoan, 20. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Gainerako % 30a diruz lagundutako proiektua burutu eta diru-laguntza jasotzeko jarduerak burutu direla justifikatu ondoren.

17. artikulua.- Justifikazioen aurkezpena.

Justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztu behar dira, euskadi.net atarian.

Http://www.osanet.euskadi.net/r85-proc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion / ayudas_entes_locales_2011/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html.

18. artikulua.- Diru-laguntza justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.- Diruz lagundutako jarduera benetan burutu dela justifikatzeko, dokumentu hauek aurkeztu behar dira 2011ko abenduaren 10a baino lehen:

a) Diruz lagundutako proiektua osorik egin dela dioen azalpen-memoria, III. eranskinaren arabera.

b) Diru-laguntza eskatu den proiektuaren helburua eta asmoa bete direla dioen toki-erakundeko idazkariaren ziurtagiria.

c) Diru-laguntza jaso duen proiektua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo bestelako ordainketa-egiaztagiriak.

d) Diru-sarrera eta gastuen zerrenda, zehaztuz, hala behar badu, beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk ere jaso direla helburu berbererako.

2.- Halaber, jasotako diru-laguntzaren kontura diru-laguntza eman baino lehenago sortutako gastuak ere justifikatu ahal izango dira, baldin eta diruz lagundutako jardueren barruan sartutako ekimen eta kontzeptuen benetako gastuei badagokie eta 2011n egin badira.

19. artikulua.- Justifikatzeko aurkeztu den dokumentazioan izan daitezkeen akatsak konpontzea.

Justifikatzeko aurkeztu den dokumentazioan oker edo hutsegiteren bat antzematen bada, horri buruzko jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita 10 eguneko epea emango zaio erakundeari, okerra zuzentzeko edo dagozkion dokumentuak aurkezteko.

20. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.

Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuek ezarritakoa eragotzi gabe, eta, batez ere, 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, ezarritakoa eragotzi gabe, Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak jaso dituzten erakundeek betebehar hauek dituzte:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza onartu dela ulertuko da, diru-laguntzen esleipen-ebazpena EHAAn argitaratu eta hamabost eguneko epean erakundeek berariaz uko egiten ez badiote.

b) Diru-laguntzak emateko eskatutako eta kontuan hartutako betekizunen bati eragiten dion edozein ezaugarri-aldaketa jakinaraztea, ahalik eta lasterren.

c) Diru-laguntza emango duen erakundeari diru-laguntza emateko eta jasotzeko erabakia hartzea eragin duten betekizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea, bai eta jarduera gauzatu dela ere.

d) Osasun eta Kontsumo Sailarekin elkarlanean aritzea jarduera horien egiaztatze-, ikuskatze-, jarraipen-, ebaluazio-, eta kontrol-prozesuetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuetatik jasotako laguntzak eta diru-laguntzak direla eta Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduerapean jartzea, bai eta Kontuen Euskal Auzitegiak ezarritako arau zehatzetan aurreikusitakoen pean ere.

e) Jasotako funtsak zertan erabili diren egiaztatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

f) Osasun eta Kontsumo Sailak babesten duela aipatzea egindako dokumentuetan, baita egindako edozein iragarkitan ere, eta Eusko Jaurlaritzako Identitate Korporatiboaren Eskuliburuan ezarritakoa jarraituz txertatuko da aipamen hori. http://www.euskadi.net/id_corporativa/indice_e.htm.

g) Toki-erakunde onuraduna Udalsarea 21eko (Iraunkortasunaren aldeko euskal udalerrien sarea) partaide bada, Sare horren logotipoa ere txertatuko da.

h) Aurkeztutako dokumentazioko informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea ematea Osasun eta Kontsumo Sailari, dohainik eta era ez-esklusiboan, eta argitaratzeko moduko formatuan, Osasun eta Kontsumo Saileko informazio-sistemetan sartu eta erabiltzeko, baita zabaldu edota argitaratzeko ere, formatu eta baliabidetan, dela bibliografikoa, ikus-entzunezkoa, informatikoa edota teknika erabiltzen uzten duena. Jasotako diru-laguntzen ondorioz izandako esperientziak eta jardunbide onak hedatzen laguntzea, Udalsareko gainerako kideei.

i) Diru-laguntza honen ezaugarriak izan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ematen dituen gainerako diru-laguntzei aplikatzen zaizkien gainerako nahitaezkoak.

21. artikulua.- Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin daiteke, diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, nahiz eta helburua betetzat eman, eta, hala badagokio, Eusko Jaurlaritzak edo beste zenbait administrazio publikok edo erakunde publiko zein pribatuk beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eman badizkio. Hala, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasun sailburuordeak; bertan, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak egokitu egingo dira berriz, emateko ezarritako irizpide eta mugak aplikatuz, eta beraz, erakunde onuradunek jasotako gehiegizko zenbatekoa itzuli egin beharko dute.

22. artikulua.- Ez-betetzeak.

Diruz lagundutako jarduerak ez badira betetzen edo burutzen, itzuli egin beharko dira jasotako diru-laguntzak, baita horien legezko interesak ere, beti ere, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Diru-laguntza horiek diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honetan, berariaz ezarri gabeko guztiari dagokionez, azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenean, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoak aplikatuko dira.

Bigarrena.- Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote interesdunek Osasun eta Kontsumoko sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean; edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 27a.

Osasun eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala