Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2011ko abuztuaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Osasun eta Kontsumo Saila
3947

AGINDUA, 2011ko uztailaren 27koa, Osasun eta Kontsumoko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza izan eta HIESaren arloan lanean diharduten irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako laguntzetarako deia egiten duena.

HIESaren aurkako borrokan elkarte horiek egindako ahaleginak, administrazio publikoek egindakoekin batera, ezinbesteko tresna bilakatu dira infekzio honen bidezko kutsapenari aurre hartzeko, eta dagoeneko birus honek kutsatu dituen pertsonen egoera hobetzeko.

Horiek horrela, Osasun eta Kontsumo Sailak aurrekontu-partida bat zehaztu ohi du GIBak sortzen duen infekzioa kontrolatzeko eta prebenitzeko egitasmoak sustatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarteei laguntzeko.

Hori dela eta, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Eremua eta xedea.

Irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako laguntzetarako deia egiten da, baldin eta elkarteok egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta 2011n HIESaren aurkako egintzak antolatzen badituzte.

2.- Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Ondorio hauetarako, aurkeztutako eskaeren arteko konparazioa egin ondoren emango dira laguntzak. Konparazio hori dekretu honetako 9. artikuluan jarritako balorazio-irizpideen araberakoa izango da. Honela, eskaeren arteko lehentasun-hurrenkera egingo da, eta horren arabera balorazio handiena jasotzen duten eskaerak esleituko dira, betiere zeregin honetarako onartutako aurrekontuko kreditua agortu arte.

2. artikulua.- Zenbatekoa.

Agindu honen bidez deitutako laguntzak finantzatzeko hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) euro erabiliko dira.

3. artikulua.- Elkarte onuradunak.

Hona hemen nor izan daitezkeen diru publikoen onuradunak: Euskal Autonomia Erkidegoko irabazi-asmorik gabeko elkarteak, baldin eta 2011n GIB bidezko infekzioa prebenitzeko eta kontrolatzeko, oro har, eta infekzio horren aurrean zaurigarrienak diren taldeentzat, bereziki, jarduerak antolatzen badituzte nahiz hezkuntza sanitarioko programak egin edo GIB/HIES gaixotasunak jota dauden pertsonei laguntzen badiete.

4. artikulua.- Diruz lagunduko diren gastuak.

1.- Diru-laguntza jaso ahal izango dute: diru-laguntza jaso duen programarekin erlazio zuzena eta objektiboa duten jarduerei dagozkien gastuek, entitateak aurkeztutako proiektuan behar den moduan zehaztuta daudenek eta faktura orijinalarekin behar den moduan justifikatuta daudenek. Aipatutako gastuak, diru-laguntza jaso baino lehen gertatu ahal izango ziren, baina, betiere, 2011n.

2.- Emandako diru-laguntzaren % 50, gehienez, gastu orokorretarako izan daiteke; hauek sartzen dira: programatutako jarduerak gauzatzeko egin behar diren dietetatik, joan-etorrietatik, ostatutik eta ekipamendutik sorturiko gastuak.

5. artikulua.- Izapidetze elektronikoa.

1.- Interesa duten entitateek bide elektronikoak erabiliz eska, kontsulta eta egin ditzakete prozedura honen izapide guztiak.

2.- Izapidetze elektronikoa, hauen bidez erregulatuta dago: 232/2007 Dekretua, 2007ko abenduaren 18koa, administrazio-prozeduretan bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzea erregulatzen duena; 72/2008 Dekretua, 2008ko apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiaren eta haren erakunde autonomoen erregistroak sortzeari, antolatzeari eta funtzionatzeari buruzkoa; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariarena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa -Platea- ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

3.- Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako ereduak norberak nahiz elektronikoki izapidetzeko zehaztapenak euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan daude eskura: http://www.osanet.euskadi.net/r85-proc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ay udas_sida_2011/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html.

6. artikulua.- Epeak eta eskaerak aurkeztea.

1.- Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Eskabidea Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Saileko Osasun Publikoko zuzendariari zuzenduko zaio (Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz).

2.- Eskaerak aurrez aurre aurkeztu daitezke bulego hauetako edozeinetan: Hiesa Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Planaren bulegoetan (Nafarroa etorbidea 4, 20013 Donostia), Herritarren Arretarako Bulegoetan (Zuzenean), Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan edo 30/1992 Legearen -Administrazio publikoen erregimen juridikoari eta prozedura administratiboari buruzkoaren- 38.4 artikuluan aurreikusitako erakundeetan. Datuak behar bezala jasoak dituen instantzia normalizatuaren bidez egingo da eskaera. Eskaeraren eredua arau honen I. eranskin gisa agertzen da, eta 5. artikuluan adierazitako euskadi.net-eko egoitza elektronikoan egongo da eskura.

Halaber, eskaerak elektronikoki aurkezteko aukera egongo da, euskadi.net-eko egoitza elektronikora sartuta.

3.- Erakundeek eskaera eta horrekin batera aurkezten diren akreditazioak nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ditzakete. Halaber, eskaeratik eratorritako ekintzetan, baita prozedura osoan ere, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezartzen denez.

7. artikulua.- Betebeharren/betekizunen ziurtapena.

1.- Diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko ditu erakunde kudeatzaileak, behar beste aldiz, eskatzaileen baimenik eskatu beharrik gabe, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz. Dekretu horren bidez onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratua.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratua onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira betebehar hauek:

a) Helburu berdinarekin edo antzekoarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu, eta, dagokionean jasoz gero, horren berri ematea.

b) Diru-laguntzak itzultzeko edo zigorra ezartzeko prozesuren batean ez egotea edo halakoren bat amaitu berri izatea.

c) Eskabide-egileak laguntzak edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion administrazio edo zigor-zehapenik eta horretarako ezgaitzen duen legezko inolako debekurik ez izatea.

d) Erakundea legez sortua izatea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean izena emana izatea.

Erakunde eskatzailearen izenean ari den erakundeak edo pertsonak, haren ardurapean, adierazten du egiazkoak direla eskaeran agertzen diren datuak, betetzen dituela eskubidea jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak, baduela hori egiaztatzen duen dokumentazioa eta konpromisoa hartzen duela ematen zaion diru-laguntza erabiltzeari dagokion denbora-tartean betekizun horiek betetzeko.

Erantzukizunpeko adierazpenarekin batera adierazitako edo aurkeztutako dokumentuetan oinarrizko daturen bat zehaztasun gabe ematen bada, faltsua bada edo ematen ez bada, prozedura eten egingo da horien berri jakiten den unean, dagozkion erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

Halaber, egoera horren berri ematen duen administrazio publikoko ebazpenak zehaztuko du interesdunak diru-laguntzaren zenbatekoa itzultzeko beharra, baita denbora-tarte jakin batez helburu bera duen prozedura berria abian jartzeko debekua ere; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoarekin bat eginez.

3.- Gainerako betekizunak egiaztatzeko modua lehenago aipatutako euskadi.net-eko egoitza elektronikoan zehaztuko dira.

8. artikulua.- Eskabideak eta eskatutako agiriak.

1.- Erantzukizunpeko adierazpena barruan duen eskaera Agindu honen I. eranskinean dagoen inprimaki normalizatuan beteko da. 5. artikuluan adierazitako euskadi.net-eko egoitza elektronikoan ere egongo da eskura inprimakia.

2.- Eskabideari agiri hauek gehituko zaizkio:

a) Aurkezten duen egitasmoak hiesaren arloan izan dezakeen eragina azaltzen duen txostena: xedeak, helburu duen jendea, hautatze-irizpideak, materiala, metodoak, espero diren emaitzak, horiek baloratzeko erabiliko diren parametroak, egitasmoaren ardura izango dutenak eta eskatzaileek garrantzitsutzat jotzen duen zernahi oro.

b) Diruz laguntzeko eskatu eta 2011n egingo diren egitasmo eta egintzetako aurrekontu xehetua. Horretarako, II. eranskina beteko da.

c) Egitasmo horien finantzatze-plana. Egitasmo hori finantzatzeko diru-iturri guztiak (izen-ematearen kuotak, jasotako edo eskatu eta ebazteke dauden beste diru-laguntza publiko zein pribatu batzuk...) zehaztuko dira, baldin eta horiek jakinarazteko beharra badago.

d) Eusko Jaurlaritzako interesa duen hirugarrenaren datuen alta emateko inprimakia, edo, dagokionean, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskaera. Dagokion inprimakia euskadi.net-eko egoitzan dago eskura: http://www.euskadi.net/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/e u_7999/hirugarrenaren_alta.html.

3.- Eskaerak elektronikoki egiten dituzten erakundeek.pdf formatuan eskaneatuta aurkeztu ditzakete eskatutako dokumentuok.

9. artikulua.- Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

1992ko azaroaren 26ko Legearen -Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren- 71.1 artikuluan adierazitakoaren arabera, aurkeztutako eskaerak aurreko artikuluetan ezarritako betekizunak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio hurrengo hamar egun baliodunen barruan okerra konpontzeko edo dagozkion dokumentuak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio halakorik egin ezean eskaera ez dela aintzat hartuko, aipatu Legearen 42. artikuluan aurreikusitakoaren arabera Osasuneko sailburuordeak igorriko duen ebazpenaren ondoren.

10. artikulua.- Eskabideen eta aurkezturiko agirien balorazioa.

1.- Laguntzak esleitzean, agindu honetako 13.1 artikuluak sortzea helburu duen batzordeak baloratuko ditu egitasmoak.

2.- Balorazioa, 12. artikuluan zehazten diren irizpideen arabera egingo da. Horretarako, beharrezkotzat hartzen diren txostenak eta azalpenak eskatu ahal izango dira.

3.- Balorazioa egin ondoren batzordeak egingo duen proposamenak ondokoak adieraziko ditu:

a) Diruz lagunduko diren elkarte eta egitasmoen zerrenda.

b) Proposatutako diru-laguntzen zenbatekoa guztira. Zenbateko hori diruz lagunduko den egitasmoko banakatuta eta beronen banaketa-egitasmoa osatzen duten partida guztien artean.

4.- Egitasmo bati diruz lagundu beharrekoa irizten bazaio, zenbatekoa hauen arabera zehaztuko da: aurkeztutako aurrekontuaren eta balizko beste diru-iturri batzuen arabera. Horiek horrela, egitasmoak sortzen dituen gastu guztiak (% 100) ordaindu ahal izango dira. Erakundeak egitasmo horretarako beste laguntzaren bat badu, erakunde guztietatik lorturiko laguntzen zenbatekoak ezin izango du egitasmoak guztira egiten duena baino handiagoa izan.

11. artikulua.- Laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honetan xedatutakoaren arabera emandako laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako emandako beste laguntza batzuekin.

Egitasmo bererako lortutako diru-laguntzek egitasmoak egiten duena baino gehiago egiten badute, agindu honetan xedatutakoaren babesean emandako laguntza urritu egingo da egitasmoak guztira egiten duenetik gora eman den zenbateko berberean.

12. artikulua.- Egitasmoak baloratzeko irizpideak.

1.- Lehentasuna duten egitasmoak.

Lehentasuna izango dute honako eduki hauek garatzen dituzten egitasmoek:

a) Hauetan infekzioak prebenitzeko esku hartzeko estrategiak garatzen dituzten egitasmoak: populazio homosexualean, immigranteetan, bide parenteraletik drogak hartzen dituzten gizonezko eta emakumeetan, sexu-langileetan (gizon nahiz emakume), presoetan, gazteetan, bikoteko kideren bat GIBaz infektatuta dagoen jendean.

b) GIBaz infektaturiko pertsonei eta horien senitarteko eta adiskideei adore emateko taldeak.

c) Izaera berritzailea duten egitasmoak, hau da, prebentzio-beharrei erantzun berriak emateko lagungarri gertatuko direnak eta GIBaz/hiesaz kutsaturiko pertsonen gizarteratzea erraztu eta bizi-kalitatea hobetuko dutenak.

2.- Egitasmoak baloratzeko irizpide orokorrak.

Egitasmo bakoitzean honako hauek baloratuko dira:

a) Egitasmoak aurreko atalean zehaztutako lehentasunekin duen lotura.

b) Egitasmoaren kalitate teknikoa eta errentagarritasun soziala: helburuak, itutzat hartzen den populazioaren definizioa, helburuak lortzeko proposaturiko jardueren egokitzapena, jardueren egutegia, egitasmoak izan lezakeen eragina, hautaturiko ebaluazio-adierazleak eta egintzak eta onuradunak kontuan izanez gero, egitasmoaren zenbatekoa.

c) Egitasmoaren jarraipena (lehentasuna emango zaie aurreko deialdietan diruz lagundu eta garatu diren egitasmoei, baldin eta artean egindakoari zuzen irizten bazaio); itu-populazioaren parte-hartzea (egitasmoak helburu dituen pertsonek egitasmo hori lantzen eta garatzen parte hartzen badute, lehentasuna izango du); antzeko egitasmorik ez izatea (horri dagokionez, litekeena da kontuan ez hartzea dagoeneko egiten ari diren proiektuen paraleloak, edo Administrazio Publikotik kontzertatuta daudenak); egitasmoa egiteko barne-finantziazioa izatea edo beste erakunderen baten diru-laguntza jasotzea; egitasmoaren jarduera-eremua (lehentasuna izango dute jarduera-eremu handiena duten erakundeek, baita egitasmo bateratuak aurkezten dituzten erakundeek ere).

Aurreko guztiak era honetan baloratuko dira:

- Adierazitako lehentasunekiko egokitzapen-maila: % 30.

- Egitasmoaren kalitate teknikoa: % 60.

- Elkartearen balorazioa eta egitasmoaren baloraziorako beste zenbait irizpide orokor: % 10.

13. artikulua.- Deialdia ebaztea.

1.- Diru-laguntzak Osasun Saileko sailburuordearen ebazpenaren bitartez emango dira, Osasun eta Kontsumoko sailburuak horrexetarako izendatutako Balorazio Batzordearen proposamenez. Batzorde horretako kideak hauek izango dira: Osasun Publikoko zuzendaria, Osasun Publikoko Zuzendaritzako teknikari bat (idazkari-lanak egingo ditu) eta Osakidetzako Hiesa Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Planaren koordinatzailea. Ebazpena EHAAn argitaratuko da.

2.- Osasuneko sailburuordearen ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasun eta Kontsumoko sailburuari. Horretarako hilabete izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita. Hori guztia lehen aipatutako 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera, 1999ko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emaniko idazkerari jarraiki.

3.- Eskariak aurkezteko epea amaitu ondorengo hiru hilabeteetan berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskariak gaitzetsi egin direla ulertuko da, 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Hala ere, horrek ez du esan nahi administrazioa berariazko ebazpena ematera behartua ez dagoenik.

14. artikulua.- Entitate onuradunen betebeharrak.

1.- Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Laguntza onartzen dela ulertuko da, baldin eta laguntzen esleipen-ebazpena EHAAn argitaratzen den egunetik hasita hamar egun balioduneko epean elkarteek berariaz eta idatziz beroni uko egiten ez badiote.

b) Diru-laguntza berau eman den helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Diru-laguntza hau izendatuko bada edo, behintzat, diru-laguntza hau ordainduko bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk emanak dituela-eta horien inguruko itzulera- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitua izatea.

d) Deialdi honi dagozkion diru-laguntzak direla eta, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari horiek eska diezaieketen informazioa ematea.

e) Laguntza esleitzean aintzat hartu ziren betebeharretan, objektibo nahiz subjektiboetan, aldakuntzaren bat izan bada, haren berri ematea Osasun eta Kontsumo Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzari.

2.- Hautaturiko erakundeek agindu honek finantzaturiko programak edo jarduerak argitaratzen dituztenean, hau adierazi beharko da argi eta garbi: «Osasun eta Kontsumo Saileko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko HIESaren Aurrezaintza eta Kontroleko Planaren Diru-laguntzarekin».

3.- Egitasmoak informazio materiala (idatzia zein ikus-entzunezkoa) argitaratzea ere aurreikusten badu, argitaratu aurretik Osasun eta Kontsumo Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzaren oniritzia eta baimena lortu beharko ditu.

15. artikulua.- Diru-laguntza zuritzea.

Onuradunek jasotako diru-laguntza guztia emandakorako erabili dela egiaztatzeko, 2011ko abenduaren 10a baino lehen Osasun eta Kontsumo Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzan agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Txosten teknikoa, zituzten helburuak zein mailatan bete dituzten azaltzen duena eta helburu bakoitza bete den mailari buruzko ebaluazioa egiten duena.

b) 2011ko gastu-memoria edo egiaztatze-kontua, aurkezten diren dokumentuak eta horien zenbatekoa jasotzen duena, diru-laguntza emateko ebazpenean zehaztutako gastu-kontzeptuen arabera taldekatuta (Aginduaren III. eranskinean dago justifikazioaren eredua, eta 5. artikuluan aipatutako egoitza elektronikoan dago eskura).

c) Faktura bidez, kontabilitateko zuzenbidean baliozkoak diren frogagiri baliokideen bidez edo eragin administratiboa duten dokumentuen bidez justifikatuko dira gastuak, diru-laguntzaren helburua bete dela egiaztatzeko.

d) Diru-laguntza ematea berekin ekarri zuen beste edozein egintza edo zerbitzu egin dela egiaztatzen duen ziurtagiria.

Eskaerak elektronikoki egiten dituzten erakundeek.pdf formatuan eskaneatuta aurkeztu ditzakete eskatutako dokumentuok.

16. artikulua.- Justifikatzeko aurkeztu den dokumentazioan izan daitezkeen akatsak konpontzea.

1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, justifikatzeko aurkeztu den dokumentazioan akats edo ez aipatzeren bat aurkituz gero, erakundeari eskaera egingo zaio, jakinarazpena jasotzen den egunetik hasi eta hamar egun balioduneko epean, akatsa konpon dezan edo eskatzen zaion dokumentazioa aurkeztu dezan. Eskaera aipatutako epean eta forman ez bada betetzen, dagokion eskaera justifikatu gabetzat joko da, eta agindu honen 19. artikuluan aurreikusitakoak aplikatuko dira.

17. artikulua.- Ordaintzeko era.

Agindu honen babesean emandako diru-laguntza era honetan ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketan ordaindu beharreko diru-laguntzaren % 80 ordainduko da. Ordainketa hori dekretu honetako 14.1.a) artikuluan xedatutako epea betetakoan egingo da, baldin eta elkarte onuradunak berariaz uko egiten ez badio eman zaion diru-laguntzari.

b) Gainerakoa, gehienez ere % 20, emango da elkarte onuradunak diru-laguntza justifikatzen duen dokumentazioa (15. artikuluan aipatutakoa) aurkeztutakoan.

Bigarren ordainketa hori diru-laguntza onartu zen ekitaldia ez den beste ekitaldi batean egiten bada, erakunde kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du, dagokion Foru Aldundiko Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Altxortegi Nagusian, Elkartea egunean dagoela haren betebeharrekin.

18. artikulua.- Diru-laguntzaren baldintzen aldaketa.

Diru-laguntzak esleitzen dituen ebazpena kasu hauetan aldatu ahal izango da: diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira, horien helburua betetzat ematen bada nahiz beste edozein erakunde publiko zein pribaturen laguntzak edo diru-laguntzak jaso badira. Horrelakoetan, Osasuneko sailburuordeak kitapen-ebazpena emango du, eta han emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

19. artikulua.- Baldintzak ez betetzea.

1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat eginez -dekretu horren bidez erregulatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura egiten diren diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra, eta haren bidez ezartzen dira horren kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, erregimena eta betebeharrak-, erakunde onuradunak agindu honetako betekizunak eta helburuak betetzen ez baditu edo ondoren adierazten diren egoeretakoren baten pean erortzen bada (eta dagozkion prozedurazko izapideak bideratu ondoren), galdu egingo du diru-laguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoa eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Altxortegi Nagusiari, dagozkion gainerako ekintzak baztertu gabe.

Diru-laguntza horiek diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako.

Osasun eta Kontsumo Saileko Osasuneko sailburuordeak izango du ez-betetzea dela-eta espedientea hasi eta ebazteko eskumena.

Zeri esaten zaio ez-betetze?

a) Laguntza jasotzeari, baldin eta horretarako beharrezko diren baldintzak betetzen ez badira.

b) Diruz lagundutako egintzak ez egiteari.

c) Helburua, zeinetarako laguntza eman baitzen, ez betetzeari.

d) Diru-laguntza ematean ezarri ziren baldintzak ez betetzeari.

e) Gastuak agindu honetan xedatutako eran eta epe barruan ez zuritzeari.

f) Aldez aurretik zehaztutako kontrol-jarduerak oztopatzeari edo ez onartzeari.

g) Beste laguntza batzuk jaso direla eta, Osasun eta Kontsumo Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzari gertaera horren berri eman gabe, egintza baterako behar baino diru gehiago jasotzeari.

20. artikulua.- Diru-laguntza eman zaion egitasmoaren jarraipena.

Osasun eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako gainbegirapen, ikuskapen eta egiaztapenak egingo ditu, xedapen honetan jasotzen diren arauak betetzen direla ziurtatzeko. Halaber, diruz lagundutako egitasmo eta egintzetako eduki eta emaitzak edozein unetan baliatu (erabilera publikoa) ahal izango ditu.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honetan jasotzen ez diren prozedura-kontuetan, 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da, 1999ko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emaniko idazkeran.

Bigarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 27a.

Osasun eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala