Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2011ko abuztuaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
3946

AGINDUA, 2011ko uztailaren 27koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, irisgarritasun-planak egiteko eta eguneratzeko, hobekuntza obrak burutzeko eta hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko beharrezkoak diren ekipamenduak erosteko udalentzat eta toki-erakunde txikientzat 2011rako diru-laguntzak arautu eta horietarako deialdia egiten duena.

Irisgarritasuna sustatzen duen abenduaren 4ko 20/1997 Legeak ezarri du, dagoeneko titularitate, erabilera edo zerbitzu publikoetakoak diren hiri-inguruneetako, espazio publikoetako, eraikinetako, garraioetako eta informazio-sistemetako irisgarritasuna bermatzeko eta sustatzeko tresna gisa udalek eta toki erakunde txikiek, beste hainbaten artean, lau urterako programak egin behar dituztela. Programen helburua elementu horiek legean eta bere garapen-arauetan aurreikusitako irisgarritasun-baldintzetara egokitzea da.

Aipatutako legean adierazi da, halaber, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Udalek irisgarritasuna sustatzeko behar diren sustapen-neurriak hartzea bultzatuko dutela. Diruz laguntzeko moduko programetan, lehentasuneko jardun gisa, ondoko helburu hauek dituzten obrak adieraziko dira: hiri-inguruneen eta espazio publikoen irisgarritasun-baldintzetara, eraikuntzara, garraiora eta badiren komunikazio-sistemetara egokituko diren obrak bultzatzea.

Hori guztia dela eta, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak beharrezkotzat jotzen du diru-laguntza lerro bat ezartzea udalentzat eta toki erakunde txikientzat. Diru-laguntza lerro horrek, adierazitako programak egitea eta eguneratzea sustatuko du.

Agindu honek Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2010eko irailaren 8ko Agindua ordezten du. 2010eko irailaren 24ko EHAAn argitaratu zen (185. zk.) eta, irisgarritasun-planak egiteko eta eguneratzeko, hobekuntza-obrak burutzeko eta hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko beharrezkoak diren ekipamenduak erosteko udalentzako eta toki erakunde txikientzako diru-laguntzetarako deialdia egin eta horiek arautzen zituen, eta diru-laguntzen eskabide hori noiz eta non aurkeztu behar zen ere zehazten zuen.

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea da 2011ko ekitaldirako jarraian zehaztutako ekintzetarako diru-laguntzen deialdia egitea eta horiek arautzea. Honako hauek dira, hain zuzen: 1) egungo hiri-inguruneak, gune publikoak, eraikinak, garraioak eta informazio-sistemak abenduaren 4ko 20/1997 Legean eta horren garapen-arauetan aurreikusitako irisgarritasun-baldintzetara modu progresiboan egokitzeko xedea duten planak egiteko eta haiek eguneratzeko, 2) Euskal Autonomia Erkidegoan hiri-ingurunean eta eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko hobekuntza-obrak egikaritzeko (baldintza horiek udalen eta toki erakunde txikien irisgarritasun-planetan bilduta daude), eta 3) Euskal Autonomia Erkidegoan hiri-ingurunean eta eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko ekipamendua erosi eta instalatzeko (baldintza horiek udalen eta toki erakunde txikien irisgarritasun-planetan bilduta daude).

2. artikulua.- Entitate onuradunak.

Diru-laguntza hauek jasotzeko aukera Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta toki erakunde txikiek izango dute, betiere aurreko artikuluan zehaztutako jardunak burutzea eta garatzea baldin badute helburu. Tokiko erakunde autonomoek ere eskatu ahal izango dituzte. Agindu honetako II. kapituluan daude araututa diru-laguntzak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

Sexu-bereizkeria dela-eta bazterkeria egiteagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoek ezin izango dute deialdi honetan parte hartu, zigorrak ezartzen duen epean. Ezin izango dute parte hartu, orobat, Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenen arteko seigarrenean xedatutakoari jarraiki debeku horrekin zehatutakoek.

Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eskaera-ereduaren araberakoa.

3. artikulua.- Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

Entitate onuradunek banakako eskaera aurkeztu beharko dute jarduera bakoitzeko.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol Zuzendaritzara bidali beharko dira eskaerak (Donostia kalea, 1. zk., 01010 Vitoria-Gasteiz). Sail horren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarri diren bideetarik edozein erabili ahal izango da eskaerak aurkezteko. eranskinean dago eskaera eredua eta jarduerari buruzko datuekin osatu beharko da.

Bitarteko elektronikoak erabilita ere aurkeztu ahal izango dira eskaerak, euskadi.net atariko ondorengo egoitza elektronikoan http://www.garraioak.ejgv.euskadi.net/r41-2208/eu/contenidos/ayuda_subvenc ion/accesibilidad_2011/eu_accesibi/accesibi.html).

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Berdin dio eskaera eta dokumentazioa aurkezteko izapideetan zein bide erabili den, aurrez aurrekoa edota elektronikoa, prozeduraren hurrengo izapideetan edozein momentutan alda baitaiteke.

Eskabidea egin ondorengo izapideak, bide elektronikoak erabilita, honako helbidean egingo dira: euskadi.net/Mis gestiones.

4. artikulua.- Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Agindu honen arabera emandako diru-laguntzen kudeaketa-lanak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol Zuzendaritzak egin behar ditu.

5. artikulua.- Aurkeztutako eskarian egindako hutsen zuzenketa.

Aurkeztutako eskaeran akatsen edo hutsegiteren bat dagoela ohartuz gero, Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol Zuzendaritzak, eskatzaileari jakinaraziko dio eta hamar eguneko epea emango dio arazoa konpontzeko; hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela adieraziko dio, ebazpena -Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritako moduan eman beharrekoa- eman ondoren.

6. artikulua.- Balioespen epaimahaia.

1.- Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta egiaztatzeko, ondoko pertsona hauek osatuko duten balioespen epaimahaia eratuko da:

- Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontroleko zuzendaria (edo bera ordezten duen pertsona, Etxebizitzako sailburuordeak izendatua). Presidente arituko da.

- Araudi Zerbitzuko burua (edo bera ordezten duen pertsona, Etxebizitzako sailburuordeak izendatua).

- Alberto Pinilla Oroz, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko teknikaria (edo bera ordezten duen pertsona, Etxebizitzako sailburuordeak izendatua). Idazkari arituko da.

2.- Epaimahaiak, dagokion ebazpen-proposamena Etxebizitzako sailburuordeari igorriko dio, Agindu honen 18.2 artikuluaren arabera eskaera bakoitza aztertu eta egiaztatu ondoren.

7. artikulua.- Eskatutako irisgarritasun-aurrekontua.

1.- Eskatutako irisgarritasun-aurrekontutzat joko da aurkeztutako plan edo/eta obra eta ekipamenduen erosketa aurrekontua, zergak eta tasak kenduta, bider jarduera mota bakoitzari aplikagarri zaion irisgarritasun-koefizientea.

2.- Jardueraren arabera aplikagarriak diren gehieneko koefizienteak:

- Irisgarritasun Plana: Koef. = 1.

- Pasabideak, arrapala ez mekanikoak, eskudelak jartzea: Koef. = 1.

- Zuhaitz-txorkoak ixtea: Koef. = 1.

- Komun egokituak: Koef. = 1.

- Minusbaliatuentzako aparkalekuak: Koef. = 1.

- Eraikinetako irisgarritasuna (horizontala eta bertikala, igogailuak eta jasotzeko plataforma bertikalak eta zeiharrak, ateak, leihoak, eskudelak): Koef. = 1.

- Igogailuak eta jasotzeko plataformak (translazio bertikala, translazio zeiharra) hiri-izaerakoak: Koef. = 1.

- Aldagelak, igerilekuetarako garabiak, salmahaiak, salmenta-makinak, telefono eta telefono-tresna iritsi-errazak, denen irisgarritasuna ahalbidetzen duten teknologia berriak, kutxazainak eta bestelako elementu elkarreragileak, seinaleak (finkoak edo mugikorrak): Koef. = 0,5.

- Hiri-altzariak (semaforo soinudunak, salmenta-makinak, edukiontziak, paperontziak, postontziak, iturriak eta uhaskak, eserlekuak, informazio-guneak, autobus geltokiak, markesinak, seinaleak): Koef. = 0,5.

- Kaleen urbanizazioa (plataforma bakarreko kaleak, espaloiak zabaldu, oinezkoen ibilbideak murriztuko dituzten pasaguneak): Koef. = 0,4.

-Hiriko arrapala mekanikoak: Koef. = 0,2.

-Hiriko eskailera mekanikoak: Koef. = 0,15.

Irisgarritasun planean jasotako jarduerak onartuko dira, aurreko zerrendan agertu ez arren ere, baldin eta irisgarritasunarekin lotutako aurrekontua zehaztu eta antzerakoak izateagatik, gorago deskribatutako koefizienteren bat aplikatzen bada.

3.- Entitate onuradun bakoitzak eskatutako irisgarritasun aurrekontua 600.000 eurokoa izango da, gehienez ere.

8. artikulua.- Diruz lagun daitekeen gehienezko irisgarritasun-aurrekontua.

Diruz lagun daitekeen irisgarritasun-aurrekontua, gehienez ere, eskatutako irisgarritasun-aurrekontuaren % 50 izango da.

9. artikulua.- Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Laguntza hauen emakida bateragarria izango da helburu berbera duten fondo publikoen edo pribatuen kargura jaso daitekeen beste edozein laguntzarekin. Hala ere, helburu berbererako jasotako laguntzen zenbateko osoa, eta deialdi honetan emandako diru-laguntzaren kopurua batuta, azken kostu osoa baino handiagoa bada, gehiegizko kopuru hori kenduko zaio emandako laguntzari, deialdi honetan adierazi den bezala.

Jarduera bererako Etxebizitza Sailburuordetzaren beste laguntza batzuekin ez da bateragarria izango.

10. artikulua.- Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.- Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira. Interesdun entitateek planteaturiko gai guztien gaineko ebazpena emango du Etxebizitzako sailburuordeak, balioespen epaimahaiak proposatuta. Ebazpena aurtengo azaroa amaitu baino lehen emango da.

2.- Ebazpenean zehaztuko da eskatutako diru-laguntzak onesten edo ukatzen diren. Onesten badira, entitate onuraduna, diruz lagundutako proiektua eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dira ebazpenean. Ukatutakoen kasuan, diru-laguntza ukatzeko arrazoiak jasoko ditu ebazpenak.

3.- Aurreko paragrafoan adierazitako ebazpenek ez dute administrazio-bidea amaitzen, eta horien aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, hala baitago xedatuta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan.

4.- Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie entitate onuradunei. Dena den, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da entitate onuradunen zerrenda, eman zaien diru-laguntza eta diruz lagundutako inbertsio proiektua adierazita.

5.- Ebazpenak ez badira jakinarazi horretarako finkatutako gehieneko epean, interesdunek egindako diru-laguntza eskaera ezetsitzat joko dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

11. artikulua.- Entitate onuradunaren betebeharrak eta diru-laguntzak emateko bestelako baldintzak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen entitate onuradunek edozein kasutan ondoko obligazio hauek bete behar dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Zentzu honetan, diru-laguntzaren emakida jakinarazteko komunikazioa jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunek diru-laguntzari espresuki eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu dela ulertuko da.

b) Diru-laguntza bere xede zehatzerako erabiltzea, hau da, irisgarritasun-plana idazteko, irisgarritasunaren hobekuntza-obrak egiteko edo ekipamendua erosteko.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren lana betetzeko onuradunari eskatutako informazio guztia helaraz diezaiela, deialdi honi lotutako diru-laguntzak direla-eta galdatutako gauza guztietan.

12. artikulua.- Diru-laguntzaren baldintzen aldaketa.

Diru-laguntzak emateko orduan kontuan hartu ziren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, beka emateko ebazpena ere aldatu egin ahal izango da, betiere, arau honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak gordetzen badira. Bereziki aintzat hartuko dira honako aldaketa hauek: aldi berean, beste Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen batek emandako laguntza edo diru-laguntzaren bat jasotzea, edo helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabiderik jasotzea.

13. artikulua.- Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

Jardueraren behin betiko benetako kostua diru-laguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino gutxiago bada, dena delako proportzioan murriztuko da emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta oinarri berriari aplikatuko zaio diru-laguntzaren portzentajea.

14. artikulua.- Proiektuen aldaketak.

1.- Hasiera batean aurreikusitako eta ebazpen bidez onetsitako gastuetan edo jarduketetan aldaketarik egin nahi izanez gero, haiek egin aurretik egin beharko da eskaera eta Etxebizitzako sailburuordeak beren-beregi onetsi beharko ditu.

2.- Aldaketak ezingo du, inola ere, jardueraren izaera aldatu.

3.- Diruz lagundutako jarduketa gauzatzeko eta amaitzeko epeari dagokionean, salbuespen gisa luzatu egin ahal izango da epe hori entitate onuradunarekin zerikusirik ez daukaten eta behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude. Horretarako, ezarritako epemuga amaitu aurretik idatziz egin beharko du eskaera onuradunak eta Etxebizitza sailburuordeak, horretarako emandako ebazpenaren bidez, epea luzatu ahal izango du. Emandako luzapena ezin izango da hasieran adostutako epea baino luzeagoa izan.

4.- Diru-laguntzaren onuradunak justifikazio-agirian adierazten badu diru-laguntza emateko baldintzetan aldaketak izan direla eta, ondorioz, aldaketok ebazpena ere aldatzea ekar lezaketela, orduan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.12 artikuluan ezarritakoarekin bat, onartzeko aurretiaz egin behar den administrazio-baimenaren izapidea egin gabe, aurkeztutako justifikazioa onartu ahal izango du diru-laguntza eman duen organoak, betiere hirugarren baten eskubideei kalterik eragiten ez bazaie.

5.- Diru-laguntza eman duen organoak aldaketak egiaztatze-egintzan onartzeak ez du onuraduna salbuesten legozkiokeen zehapenetatik.

15. artikulua.- Betebeharrak ez betetzea eta diru-laguntza itzularazteko prozedura.

Entitate onuradunak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko diru-laguntza eskaeraren eta emakidaren berariazko xederako erabiltzen ez badu, diru-laguntzaren oinarria den ekintza egiten ez badu, diru-laguntza eskatuta lortu nahi ziren helburu zehatzetara aplikatu izana justifikatzen ez badu edo, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Agindu honetan edo emakida-ebazpenean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, emandako eta jasotako kopurua legezko interes aplikagarriekin itzuli beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraiki.

16. artikulua.- Errekurtsoak.

Entitate interesdunek deialdi honen eta ondoriozko egintza guztien aurka egin ahal izango dute urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako epean eta moduan.

17. artikulua.- Aurrekontu-zuzkidura.

Diru-laguntzak emateko 3.180.000 euro jarriko dira guztira. Horietatik, 318.000 euro 2011koak dira, eta beste 2.862.000 euro berriz, 2012koak.

18. artikulua.- Diruz lagun daitezkeen jarduerak eta inbertsioak.

1.- Kapitulu honetan ezarritakoaren babespean diru-laguntza jaso dezakete entitate onuradunek, behar diren kontratuen bidez, irisgarritasun-planak prestatu eta idazteko edota haiek eguneratzeko egindako lanek (lehenengo artikuluan daude aipatuta). Era berean, idatzitako irisgarritasun-planetan jasotako obrak betearazteari eta ekipamendua erosi eta instalatzeari buruzko jarduerak diruz laguntzeko modukotzat joko dira, lehenengo artikuluan adierazitako helburua badute.

Nolanahi ere, diru-laguntza jaso dezaketen jardunak 2011n hasi beharko dira. Inbertsioak gauzatzeko epea berriz, 2012ko abenduaren 31n amaituko da.

Jardueren amaiera atzeratzen bada, epea luzatzeko eskatu beharko da. Eskaria 2012ko abenduaren 31 aurretik egin beharko da, hori baita inbertsioak gauzatzeko gehienezko epea. Atzerapenaren arrazoiak justifikatu egin beharko dira eta laguntzak emateko Ebazpena aldatu ahal izango da.

2.- Diru-laguntzaren xede diren irisgarritasun-planek ondoko dokumentazioa jasoko dute gutxienez:

a) Egokitu beharreko komunikazioaren, garraioaren, eraikinaren eta kanpoko espazioen inbentarioa.

b) Jardunen lehentasun-ordena.

c) Programa ekonomikoa eta finantzarioa, egokitzapenak egitera zuzendutako aurreikuspen ekonomikoak zehaztuta.

d) Egokitzapenak egiteko egutegia.

19. artikulua.- Dokumentazioa.

1.- Dagokion udaleko alkateak edo erakundearen legezko arduradunak sinatu beharko du eskaera, agindu honetako eranskinean agertzen den eredura egokituta.

Jardun bakoitzeko banakako eskaera aurkeztuko da.

2.- Adieraziriko eskaerarekin batera, eta dagokionaren arabera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

2.1.- Plan zuzendari edota irisgarritasun-planentzat:

a) Finantzatzeko eskatuko den diru-laguntza jasoko duten inbertsioen edota jardunen gastuen aurrekontu xehatua.

2.2.- Hobekuntza-obretarako eta hiri-ingurunean eta erakinetan -betiere jada idatzitako irisgarritasun-planetan bildurikoetan- irisgarritasuna bermatzeko ekipamendua erosi eta instalatzeko:

a) Finantzatzeko eskatuko den diru-laguntza jasoko duten inbertsioen edota jardunen gastuen aurrekontu xehatua. Irisgarritasun aurrekontua kalkulatzeko koefiziente ezberdinak erabili direla justifikatuko da.

b) Egin beharreko jardunen deskribapen xehatua, 1/1000 gutxieneko eskalan egin beharreko jardunaren hiri-ingurunearen egoera-planoa, 1/1000 gutxieneko eskalan egin beharreko planta, aurretiko bista eta sekzioen plano deskribatzaileak eta jardun-arloaren egungo egoeraren argazki deskribatzaileak.

c) Teknikari eskudunak emandako ziurtagiria irisgarritasunaren sustapenaren arloan indarrean dagoen araudiak eskaturiko eskakizun eta irizpideetarako aurreikusiriko jardunen egokitzapenari buruz.

d) Diru-laguntzaren eskaeraren xede den obra biltzen duen irisgarritasun-planaren fotokopia eta irisgarritasun-planaren kopia formatu digitalean.

e) Egin beharreko obraren eta diru-laguntzaren jardunaren xede den ingurunearen argazki-dokumentazioa paperean eta formatu digitalean (jpg formatua).

20. artikulua.- Diru-laguntzak esleitzeko prozedura eta irizpideak.

1.- Oro har, Agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten proiektu guztiak diruz laguntzeko modukotzat joko dira.

2.- Epaimahaiak aurkeztutako eskariak aztertuko ditu, jardunak Agindu honetako 1. artikuluan zehaztutako xedearekin bat datozela egiaztatzeko, baita Aginduko 7.2 artikuluan jasotako koefizienteak behar bezala aplikatu direla ere.

21. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa.

Kasuan-kasuan eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa eska daitekeen irisgarritasun-aurrekontua (7. artikuluan jasotakoa aplikatuz kalkulatutakoa) bider 0,5 eginda zehaztuko da.

Horrela kalkulatutako zenbatekoen batuketa Agindu honetan emandako aurrekontu-zuzkidura baino handiagoa bada, lortutako kopuruen proportzioan hainbanatuko da.

Kreditu orokorra kalkulatutako zenbatekoak baino handiagoa bada, emandako kopuruak hobetuko dira, eta kreditu orokorraren gehiegizko kopurua hainbanatuko da, lortutako kopuruen proportzioan, eta lortutako kopuruak ez du gainditu behar aurkeztutako irisgarritasun-aurrekontua.

22. artikulua.- Diru-laguntzen ordainketa.

Kasuan-kasuan emandako diru-laguntza bi zatitan ordainduko da ondoko prozedura honi jarraiki:

1.- Irisgarritasun-planen kasuan eta irisgarritasuna hobetzeko obren eta ekipamendua erosteko planen kasuan, diru-kopuruaren % 10 ordainduko da, 11. artikuluan a) idatzi-zatian adierazitako hamabost eguneko epea amaitu ondoren, betiere idatzi-zati horretan aipaturiko uko-egite propiorik ez badago, eta erakunde onuradunak gastua baimentzea justifikatzen duten agiriak aurkeztu ondoren. Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren arabera ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezartzen duen bermeen erregimenarekin bat etorriz bermatuko da kopuru hori.

2.- Gainerakoa, irisgarritasun-planen kasuan, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, eta betiere lanak amaitu, eta honako dokumentazio hau Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol Zuzendaritzan aurkeztu ondoren:

a) Irisgarritasun-plana egiteko, idazteko edo eguneratzeko entitate onuradunak formalizatutako kontratuaren edo kontratuen kopia konpultsatua.

b) Egindako lanei lotutako gastu guztiei dagozkien fakturak eta ziurtagiriak.

c) Idatzitako planaren ale bat formatu digitalean.

d) Entitate onuradunaren ziurtagiria; bertan, emandako diru-laguntzaren helburua eta xedea bete direla, eta horretarako erabilitako zenbatekoak egiaztatuko dituzte.

e) Helburu berbererako emandako bestelako diru-laguntzei buruz entitate onuradunak egindako ziurtagiria.

f) Udalentzat eta toki erakunde txikientzat irisgarritasun-plana lantzeko jardunen fitxa (eranskin gisa ageri da eredua, behar bezala betea.

3.- Gainerakoa, hobekuntza-obren kasuan eta hiri-ekipamendua erosi eta instalatzearen kasuan, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, eta betiere lanak amaitu, eta honako dokumentazio hau Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol Zuzendaritzan aurkeztu ondoren:

a) Egindako jardunen behar bezala bideraturiko ziurtagiriak eta fakturak. Azken ziurtagiriak lanen amaierako ziurtapen-agiria, dagozkion fakturekin, jasoko du.

b) Egin beharreko obraren eta diru-laguntzaren jardunaren xede den ingurunearen argazki-dokumentazioa paperean eta formatu digitalean (jpg formatua).

c) Irisgarritasun-obren eta hiri-ekipamenduaren erosketaren eta instalazioaren jarraipen-fitxa (eranskin gisa ageri da eredua) behar bezala beteta obren amaierako datuekin.

d) Obrek eta ekipamenduaren erosketak eta instalazioak irisgarritasunaren 20/1997 Legeak araututakoa betetzen dutela erakusten duen teknikari eskudunaren ziurtagiria.

e) Xede bererako jasotako bestelako diru-laguntzen ziurtagiria.

Diruz laguntzeko moduko obra beste obra handiago baten zati izanez gero, nahikoa izango da diruz laguntzeko moduko obrari dagokion amaierako ziurtagiri partzialarekin.

Obrak udal-langileek egin badituzte ere, obra amaierako ziurtagiria aurkeztu beharko da, udaleko teknikari eskudunak izenpetua.

Entitate onuradunaren obrak sozietate batek edota foru- edo udal-erakunderen batek egikaritzen baditu, hura onartuko da gastua justifikatzeko ziurtagiriaren edo fakturazioaren titularraren ordezkari gisa.

Azken likidazioa egiteko eskatutako dokumentu guztiak aurkezteko mugako data 2013ko urtarrilaren 31 izango da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honetan espresuki aurreikusi gabeko alderdi guztietan, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan bildutako aurreikuspenak aplikatuko dira.

Bigarrena.- Administrazio-bidea agortzen duen Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hirugarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 27a.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala