Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2011ko abuztuaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
3943

AGINDUA, 2011ko uztailaren 27koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena; honen bitartez, turismo-sektorean kalitate-kudeaketako eta ingurumen-kudeaketarako sistema egiaztagarriak ezartzeko laguntzen programa arautzen da.

Industria baten Funtsezko Lehiakortasun Faktoreak erakunde batek lehiakortasun-ingurune globalean arrakasta izatea eragiten dutenak dira. Adierazitakoan oinarrituz, Euskal Turismoaren Lehiakortasun eta Berrikuntza Planean (2010-2013) funtsezko lehiakortasun-faktore gisa ezartzen dira, besteak beste, helmugaren eta turismo-produktuen eta -esperientzien eskaintzaren bereizgarritasuna eta kalitatea, batetik, eta ingurumenaren eta natura- eta hiri-ingurunearen kalitatea, bestetik. Gainerako turismo-helmugekin lehian aritzeko, diru-sarrerak sortzen dituzten turistak erakartzeko, eta prezioen mailari eusteko, ezinbestekoa da eskaintza dibertsifikatua eta bereizia garatzea, kalitate-berme handienekin; halaber, ingurumena ondo kontserbatu beharko da eta baliabideak eraginkortasunez erabili beharko dira sektoreak etorkizunean aurrera egiteko.

Planteamendu horiekiko koherentziari eutsiz, Euskal Turismoaren Lehiakortasun eta Berrikuntza Planaren bigarren jardun-ardatzak, batetik, sektore heterogeneo baten premietara egokitutako kalitate-kudeaketarako sistemen ezarpena hedatzearen eta finkatzearen aldeko apustua egiten du (beste hainbat estrategiaren artean), gaur egun dauden programak euskal turismo-sektorearen industria osatzen duten azpisektore desberdinen premietara egokituz, eta bestetik, ingurumen-iraunkortasunaren kultura hedatzearen eta Euskadi turismo-helmuga iraunkor eta kalitatezko gisa kokatzen lagunduko duten konpromisoak hartzearen eta jardunak egitearen garrantzia helaraztearen aldeko apustua.

Aurrekoa kontuan hartuz, Agindu honen helburuak honako hauek dira:

- Helburu orokorra: euskal turismo-industriako enpresen lehiakortasuna hobetzea.

- Helburu espezifikoak:

- Espainiako Turismo Kalitatearen Q marka duten enpresen kopurua handiagotzea.

- ISO 9001:2008 ereduaren araberako ziurtagiria duten enpresen kopurua handiagotzea.

- ISO 14001:2004 arauaren arabera ingurumen-kudeaketako ziurtagiria duten enpresen kopurua handiagotzea.

Horregatik, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko maiatzaren 26ko Aginduaren bitartez aldatutako Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2008ko urtarrilaren 28ko Agindua -euskal azpisektore turistikoetan Kudeaketaren Kalitate eta Bikaintasun Ziurtagiria sustatzen duten ekimenei laguntzeko programa ezartzen zuena- Agindu honekin ordeztea ezinbestekotzat jotzen da; izan ere, Agindu honek kalitate-kudeaketarako zein ingurumen-kudeaketarako sistema egiaztagarriak euskal turismo-sektoreko enpresetan ezartzea bultzatzen du.

Horrenbestez, honako hau

XEDATU DUT:

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden eta turismo-sektorean diharduten enpresa eta establezimenduetan kalitate-kudeaketarako eta ingurumen-kudeaketarako sistemak ezartzen laguntzeko jomuga duten laguntzak arautzea.

2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan dagokion laguntza-programarako propio ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluan bildutako helburua betetzeko diren baliabide ekonomikoak. Aurrekontu-ekitaldian eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du diru-kopuru horien zenbatekoa edo hori eguneratzetik ateratzen dena gainditzerik izango, indarreko legerian aurreikusitako kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko erregimenari jarraiki, eta kasuan kasu, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza-programetarako erabilitako diru-kopurutik dirua soberan geratzen bada, betiere diru-laguntzei buruzko ebazpena eman aurretik. Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpenaren bitartez emango da horren berri.

Nolanahi ere, ematekoak diren laguntzen guztizko zenbatekoaren eguneraketa (aurreko paragrafoan aurreikusitakoa) eraginkorra izan dadin aurrekontu-ekitaldi jakin batean, beharrezkoa izango da Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpen bidez egindako deialdian ere aukera hori berariaz jasotzea.

2.- Programa hau indarrean dagoen bitartean ekitaldi ekonomiko batean diru-laguntzak emateko ezarritako kreditua agortuz gero, Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak egoera horren berri emango du, administrazio-ebazpen baten bitartez, eta ebazpen horretan kreditua noiz agortu den azaldu beharko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta ez da onartuko une horretatik aurrera aurkezten den eskabiderik.

Dagoeneko aurkeztu diren eta izapide-fasean dauden eskabideak, esleitutako aurrekontu-hornidura agortu izanagatik erantzun ezin direnak, ezetsi egingo dira arrazoi hori dela-eta, organo eskudunaren administrazio-ebazpenaren bitartez.

Nolanahi ere, lehenagoko ekitaldietan aurkeztutako proiektuei buruzko laguntza-eskaera berriak, ekitaldi bateko aurrekontu-kredituei egotzi ahal izango zaizkie, betiere adierazitako proiektu horiek laguntzak lortzeko indarreko Aginduan ezartzen diren baldintza guztiak betetzen badituzte, eta horretaz gain, abiapuntutzat edukitako ekitaldiko aurrekontu-kredituekin ase ez badira. Lehentasun-irizpideei dagokienez, ukatutako lehen eskaeraren datari jarraituko zaio.

3.- Diru-laguntzak eskatzeko espedienteak hurrenkera bati jarraiki ebatziko dira, espedienteak Agindu honetan eskatutako dokumentazio guztiarekin osatuko diren unearen arabera.

3. artikulua.- Erakunde onuradunak.

1.- Laguntzen Agindu honetan bilduriko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan beren jarduera gauzatzeko legeak ezarritako baldintzak betetzen dituzten mikroenpresek, eta enpresa txiki eta ertainek (ETE); jarduerari dagokionez, honako tipologiaren batean kokatuta egon behar du:

a) Turismo-ostatua.

b) Jatetxeak.

c) Bidaia-agentziak.

d) Turismo aktiboa.

e) Interpretazio Zentroak.

f) Kongresuen Antolatzaile Profesionalak (KAP).

g) Turismo-garraioa.

2.- Agindu honen ondorioetarako, honako definizio hauek ezartzen dira:

- Interpretazio-zentroak: baliabide historiko, kultural edo natural garrantzitsu edo bereziak dituzten tokietan kokatuta egonik, bisitariei baliabide horien ulermena errazten dietenak, modu informal, ulergarri eta erakargarrian, interpretazio-zentro horietan hasitako interpretazioari jarraipena ematea ahalbidetuz.

- Turismo-garraioko enpresak: pertsonak lekualdatzeko azpiegitura eta ekipo-ondasunak edukita, jarduera nagusi gisa Euskadi barruan interesekoak diren baliabide edota toki desberdinetan ibilbide gidatuak egitea duten enpresak.

3.- Museo gisa kalifikatutako baliabideak ezin izango dira diruz lagundu.

4.- Agindu honen ondorioetarako, enpresa txiki eta ertainak izango dira 250 pertsona baino gutxiago biltzen dituztenak eta 50 milioi euro gainditzen ez duen urteko negozio-bolumena dutenak edo 43 milioi euro gainditzen ez duen urteko balantze orokorra dutenak, eta ETE gisa kalifikatuak izateko nahitaezko baldintzak betetzen dituztenak, 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen Gomendioari jarraiki. Arestian adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoa hartuko da kontuan (EBAO, L 124, 2003ko maiatzaren 25ekoa), edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapenak.

4. artikulua.- Baztertutako erakundeak.

1.- Aurreko paragrafoan ETEei dagokienez ezarritako definizioarekin bat ez datozen enpresek ezin izango dituzte Agindu honetan araututako laguntzak eskuratu.

2.- Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden enpresa edo pertsona eskatzaileak ezin izango dira agindu honetan araututako laguntzetara bildu, eta ezta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenen arteko seigarrenean xedatutakoari jarraiki.

5. artikulua.- Diru-laguntzak jaso ditzaketen jarduerak eta aldiak.

1.- Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak diru-laguntza ez-itzulgarritzat hartuko dira, eta ondoren adierazitakoak lortzeko eta berritzeko egin den gastu arrunta laguntzera bideratuta daude:

a) Kalitate-kudeaketa egiaztatzen duen ziurtagiria, honako hauek arautzen dituzten arauei jarraiki:

- Espainiako Turismo Kalitatearen Q Marka, Espainiako Turismo Kalitatearen Institutuak kudeaturikoa Institutu horrek berak izendatutako sektoreetan.

- ISO 9001:2008, ENACek ofizialki egiaztatutako enpresa batek edo ENACekiko elkarrekin errekonozimenduko akordioa duen enpresa batek emandakoa.

b) ISO 14001:2004 arauaren araberako ingurumen-kudeaketako ziurtagiria, ENACek ofizialki egiaztatutako enpresa batek edo ENACekin elkarrekiko errekonozimenduko akordioa duen enpresa batek emandakoa.

2.- Honako kontzeptu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

a) Kanpo-aholkularitzen laguntza teknikoa, ziurtagiria lortzeko soil-soilik.

b) Ziurtagiria lortzeko eta berritzeko kanpo-auditorien gastuak.

c) Marka erabiltzeko eskubideei dagozkien gastuak.

Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko: erakundeko langileek eragindakoak; ziurtapenaren mantentze- edo jarraipen-fasearen gastuak; baita arriskuen eta kontrol kritikoko puntuen azterketarako sistemaren (AKKPA/HACCP) definizioarekin eta ezarpenarekin lotutakoak ere.

3.- Ziurtagiria lortzea helburu duten proiektuek, laguntza-eskaera aurkezten den ekitaldiaren hurrengo ekitaldiko abenduaren 31 baino lehen eskuratu beharko dute dagokion Ziurtagiri Batzordearen eskutik.

4.- Berrikuntzen kasuan, proiektuak laguntza-eskaera aurkezten den ekitaldian gauzatu eta justifikatu behar dira oso-osorik.

6. artikulua.- Laguntzen baldintzak.

1.- Espainiako Turismo Kalitatearen Institutuaren Espainiako Turismo Kalitatearen Q marka eskuratzeko laguntza eskatzen duten enpresek, aholkularitzaren laguntza teknikorako laguntza eskatzen badute, laguntza hori emango duen aholkulariak ondoren adierazitako gutxieneko baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa dutela egiaztatu beharko dute:

1) Turismo-arauak ezagutzen dituela (Turismo Kalitatearen Q marka): gutxienez, honako hauei buruzko UNE arauei dagokienez: Hotelak eta Turismo Apartamentuak, Landa Alojamenduak, Turismo Aktiboa eta Jatetxe Zerbitzuak.

2) Esperientzia prestakuntza ematen: gutxienez, 100 prestakuntza-ordu, edukia edozein izanik ere.

3) Kudeaketa-sistemak edota -metodologiak ezartzeko bestelako esperientziak (ISO arauak, APPCC eta abar) establezimendu edota erakundeetan: gutxienez, 10 ezarpen.

Egiaztapen hori ez da beharrezkoa izango aholkulariak Basquetour SA Turismoaren Euskal Agentziak sortutako Turismo Kalitate Aholkularien Katalogoan erregistratuta badaude (ikus Turismo Kalitate Aholkularien Katalogoa honako webgune honetan: http://basquetour-calidad-pyme.es/eu/).

2.- Kalitatearen ziurtagiriaren modalitate baterako laguntza eskatu ahal izango da gehienez establezimendu eta deialdi bakoitzeko.

3.- Nolanahi ere, gastuaren balio garbia hartuko da gastu onargarritzat, hau da, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kendu ondoren fakturatutako zenbatekoa.

4.- Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean ez dauden enpresen proiektuak ez dira diruz lagunduko. Horri dagokionez, aipatutako eginbeharrak betetzen direla jasotzen duten ziurtagiriak automatikoki egiaztatuko ditu Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak beharrezkoa den aldi guztietan, eta entitate interesdunei baimena eskatu gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenaren 50.3 artikuluaren bigarren idatz-zatian xedatutakoarekin bat etorriz. Idatz-zati hori, 2011ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenaren abenduaren 23ko 5/2010 Legearen azken xedapenen artetik hirugarrengoaren bitartez sartu zen aipatutako testuan.

5.- Agindu honek arautzen dituen laguntzak enpresa onuradunei eman eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

7. artikulua.- Laguntzen zenbatekoak.

Agindu honetan bildutako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bitartez gauzatuko dira, jarraian zehazten diren zenbateko eta ehunekoen arabera:

1.- Kalitatearen kudeaketa egiaztatzen duten ziurtagiriak lortzeko eta berritzeko laguntzak:

1) Ziurtagiriak lortzea:

a) Espainiako Turismo Kalitatearen Q Markaren ziurtagiria lortzeko, onartutako gastu garbiaren % 70 lagunduko da diruz, betiere 6.600 euroko mugarekin. Aholkularien laguntza teknikorako laguntza eskatzen badute, eta aholkulari horiek Turismo Kalitate Aholkularien Katalogoan erregistratuta ez badaude, diru-laguntza onartutako gastu garbiaren % 45 izango da, eta muga, berriz, 5.500 euro.

b) ISO 9001:2008 ziurtagiria lortzeko, eta betiere Espainiako Turismo Kalitatearen Q ziurtagirik ez badago laguntza eskatzeko xede den enpresa-tipologiarako, onartutako gastu garbiaren % 70 lagunduko da diruz, 6.600 euroko mugarekin.

c) ISO 9001:2008 ziurtagiria lortzeko, baldin eta laguntza eskatzen den enpresa- edo establezimendu-tipologiarentzat Espainiako Turismo Kalitatearen Q Markaren ziurtagiria badago, diru-laguntza onartutako gastu garbiaren % 45 izango da, 5.500 euroko gehieneko zenbatekoarekin.

2) Ziurtagiriak berritzea:

a) Espainiako Turismo Kalitatearen Q Markaren eta ISO 9001:2008 ziurtagiriak berritzeko -bigarren kasuan, laguntza eskatzen den enpresa tipologiarentzat Q markaren ziurtagiririk ez badago- onartutako gastu garbiaren % 45era bitarte lagunduko da diruz. Onartutako ziurtagiri modalitate bakoitzerako 2.000 euroko muga izango da, aurrez aipatutakoaren arabera.

b) ISO 9001:2008 ziurtagiria berritzeko, baldin eta laguntza eskatzen den enpresa- edo establezimendu-tipologiarentzat Espainiako Turismo Kalitatearen Q Markaren ziurtagiria badago, diru-laguntza onartutako gastu garbiaren % 35 izango da, 1.400 euroko mugarekin.

3) Kasu guztietan, arestian aipatutako ehunekoak % 5 handituko dira baldin eta enpresak egiazta badezake ondoren aipatutako zirkunstantzietako bat (gutxienez) betetzen duela:

a) Enpresaren titulartasunean emakumeek duten partaidetza gutxienez % 40 izatea edo/eta zuzendaritza-organoetan eta -postuetan emakumeek duten ordezkaritza gutxienez % 40 izatea.

b) Familia- eta lan-bizitza bateragarriak egiteko plan bat duela.

c) Dibertsitate funtzional guztietan irisgarritasun berdearen zigilua duela.

d) Ingurumen-kudeaketan ziurtagiri/egiaztagiri bat duela (EMAS, Europako Etiketa Ekologikoa, Ekoscan edo ISO 14001).

e) IKTen erabilerako jardunbide egokien programan -Basquetour agentziak garatuan- parte hartu duela eta gainditu duela.

2.- Ingurumen-kudeaketa egiaztatzen duten ziurtagiriak lortzeko eta berritzeko laguntzak:

1) ISO 14001:2004 ziurtagiria lortzeko, diru-laguntza onartutako gastu garbiaren % 45 izango da, 5.500 euroko mugarekin.

2) ISO 14001:2004 ziurtagiria berritzeko, diru-laguntza onartutako gastu garbiaren % 35 izango da, 1.400 euroko mugarekin.

3) Kasu guztietan, arestian aipatutako ehunekoak % 5 handituko dira baldin eta enpresak egiazta badezake honako zirkunstantzia hauetako bat (gutxienez) betetzen duela:

a) Enpresaren titulartasunean emakumeek duten partaidetza gutxienez % 40 izatea edo/eta zuzendaritza-organoetan eta -postuetan emakumeek duten ordezkaritza gutxienez % 40 izatea.

b) Familia- eta lan-bizitza bateragarriak egiteko plan bat duela.

c) Dibertsitate funtzional guztietan irisgarritasun berdearen zigilua duela.

d) Kalitatearen kudeaketako ziurtagiri bat duela (Q, EFQM, ISO 9001).

e) IKTen erabilerako jardunbide egokien programan -Basquetour SA sozietateak garatuan- parte hartu duela eta gainditu duela.

3.- Nolanahi ere, establezimendu bati gehienez ere 12.100 euroko diru-laguntza eman ahal izango zaio deialdi bakoitzeko.

8. artikulua.- Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.- Agindu honen babespean lortutako diru-laguntzak administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste edozein diru-laguntzarekiko bateragarriak izango dira.

2.- Diru-laguntzaren zenbatekoak -Estatuko zein nazioarteko beste Administrazio Publikoen edo erakunde pribatu edo publikoen laguntzekin edo diru-laguntzekin batera- ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostua gainditu, eta kasu horretan Agindu honetan emandako laguntza gutxituko da, soberako kopurua kenduta.

3.- Agindu honetan ezarritako laguntzek 2006ko abenduaren 15eko Batzordearen 1998/2006 zenbakiko Erregelamenduan (EE) ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, Erregelamendu hori EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak minimis laguntzei edo Europar Batasunaren esparruan ildo beretik emandako bestelako jarraibide edo xedapenei aplikatzeari dagokio.

Muga hori gaindituz gero, Programa honi jarraiki emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopuruaren arabera.

II. KAPITULUA

PROZEDURA

9. artikulua.- Deialdia.

Agindu honek araututako laguntzak urtean behin egingo diren deialdi publikoen bidez iragarriko dira eta publizitatearen, lehiaren, objektibotasunaren eta berdintasunaren printzipioei jarraituz emango dira. Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpen bidez egingo da deialdia, eta, bertan, ekitaldi honetako diru-laguntzak emateko bideratutako aurrekontu-izendapenaren zenbatekoa zehaztuko da, baita honako hauek ere: agindu honetan ezarritako zenbatekoak kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera eguneratzeko aukera eta eskaerak aurkezteko epea eta tokiak.

10. artikulua.- Eskaerak eta dokumentazioa.

1.- Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta Agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egiteko aukera izango da, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuarekin (22. EHAA, 2008ko urtarrilaren 31koa), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sarrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin (102. EHAA, 2008ko maiatzaren 30ekoa) eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa -Platea- ezartzen duen dokumentua onartzen duen Informatika eta Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz.

Eskaera Internet bidez eskuratu eta bete beharko da nahitaez, http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/ctac.html helbidean, adierazitako webgunean kokaturiko funtzionaltasunen bitartez, Merkataritza eta Turismoko sailburuak emandako ebazpenaren bitartez laguntzen deialdia egin ondoren. Eskabide-eredua aipatutako egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.

Espedienterako sarbidea eta beste hainbat izapide, orobat, honako helbide honetan egin ahal izango dira: http://www.euskadi.net/misgestiones.

Erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsona edo erakundearen sinadura elektroniko baimenduaz gain, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta Administrazioak eska dezakeen dokumentazioa aurkeztuko da eskaerarekin batera, turismo-arloko administrazio-prozeduretan bitarteko elektronikoen, informatikoen eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan xedaturikoaren arabera.

Aurreko aukeraren alternatiba gisa, eta sinadura digitala erabili nahi ez bada, eskaerak, http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/ctac.html web-helbidearen bitartez informatikoki bete eta grabatu ondoren, inprimatu egin behar dira, eta erakunde eskatzailea ordezteko legezko gaitasuna duen pertsonak sinatuta Turismo Zuzendaritzara igorri behar dira. Horren ondoren, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren dagokion Lurralde Ordezkaritzan aurkeztuko dira, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako edozein bidetatik, eta nolanahi ere, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen.

Kasu horretan, jakinarazpenak bitarteko telematikoen bidez egingo dira interesdunak lehentasunezkoa dela adierazi duenean edo espresuki bitarteko hori erabiltzea baimendu duenean soilik.

2.- Eskatzaileek aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeraren ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

3.- Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak datuak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta ondorio berberetarako aplika daitekeen gainerako araudian ezarritako babes-mailarekin tratatzeko konpromisoa hartzen du.

4.- Eskabideak proiektua ebaluatzeko beharrezkoak diren datuak (egikaritze-epeak, gauzatu beharreko ekintzak, aurrekontuak eta abar) eta eskabidean jasotako informazioaren egiazkotasuna frogatzeko erantzukizunpeko aitorpen bat bildu beharko ditu; eskaeran jasotako informazioaren xehetasunak honako hauek dira:

a) Pertsona edo erakunde eskatzaileak Agindu honek galdatzen dituen eskakizunak betetzen dituela.

b) Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuen aldetik jasotako laguntzak.

c) Azken hiru ekitaldietan enpresak jasotako laguntzak (minimis izaerakoak), laguntza eskatu den urtea azken urtearen erreferentziatzat hartuta.

d) Enpresa eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez dagoela, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) Azken Xedapenen arteko seigarrenean xedaturikoari jarraiki.

e) Itzulketako edo zehapeneko edozein prozeduratan inplikatuta ez egoteari edo prozedura amaituta egoteari buruzko aitorpena.

Eskabideak jasotako datuen egiazkotasuna edozein unetan egiaztatu ahal izango da.

Enpresa eskatzaileak erantzukizunpeko aitorpenean gezurrezko daturen bat jartzen badu, administrazio-zehapenak eta zehapen penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zehapen-araubideari jarraituz.

5.- Eskabideekin batera, honako oinarrizko dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen NANaren fotokopia, eskatzailea aitorturiko ziurtagiriren batekin identifikatzen den kasuan izan ezik («DNIe», «ONA», «ciudadano»,...).

b) Enpresa eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko txartelaren eta eraketa-eskrituren fotokopiak, pertsona eskatzailea «enpresaren/erakundearen» ziurtagiri batekin identifikatzen den kasuan izan ezik; kasu horretan, lehen zerrendatutako dokumentazioa aitortutako ziurtagirian bertan dago inplizituki.

c) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren fotokopia, pertsona eskatzailea «enpresaren/erakundearen» ziurtagiri batekin identifikatzen den kasuan izan ezik.

d) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izandako alten eta bajen ziurtagiriaren kopia.

e) Hala badagokio, laguntza hori emango duen aholkulariak 6. artikuluan adierazitako gutxieneko baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria.

f) Hala badagokio, bidaia-agentzien titulua/lizentzia.

g) Enpresaren titulartasunean emakumeek duten partaidetza gutxienez % 40 dela edo/eta zuzendaritza-organoetan eta -postuetan emakumeek duten ordezkaritza gutxienez % 40 dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

h) Hala badagokio, lan- eta familia-bizitza bateragarri egiteko planaren kopia.

i) Hala badagokio, kalitate-kudeaketan ziurtagiri bat duela egiaztatzen duen dokumentazioa (Q, EFQM, ISO 9001).

j) Hala badagokio, ingurumen-kudeaketan ziurtagiri/egiaztagiri bat duela egiaztatzen duen dokumentazioa.

k) Enpresa eskatzailea ETE bat dela egiaztatzen duen dokumentazioa (enpleguari buruzko datuak, negozio-bolumena eta urteko balantze orokorra, eta hala badagokio, harekin elkarturiko edo loturiko gainerako enpresena, baita guztiek osatzen duten taldearen globalak ere, laguntzen eskabidearen aurre-aurreko ekitaldiari buruzkoak).

l) Erakunde eskatzailearen «Hirugarren Interesdunaren Datuen Alta» dokumentua, Ekonomia eta Ogasun Sailak ezarritako ereduari jarraiki (http:/www.ogasun.ejgv.euskadi.net), betiere lehendik eman ez bada edota datuak aldatu ez badira.

6.- Jadanik Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren eskura dauden indarreko dokumentuak ez dira nahitaez aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko du eskatzaileak zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu zituen aipatutako dokumentuak, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluaren f) idatz-zatian ezarritako baldintzei jarraiki.

7.- Era berean, ez da derrigorrezkoa izango Basquetour SA sozietateak eman dezakeen dokumentazioa aurkeztea.

8.- Eskabideetan aukera emango da diru-laguntzaren eskatzaileak dokumentazioaren zati bat organo kudeatzaileak eskuratzeko edo egiaztatzeko berariazko baimena eman dezan, Administrazio Publikoak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko esleituta dituen eskumenak aparte utzi gabe.

11. artikulua.- Zuzentzea.

Eskabidea oso-osorik beteta aurkezten ez bada, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkezten ez bada, erakunde eskatzaileari 10 eguneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkez ditzan eskatuko diote Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Lurralde Ordezkaritzek, eta hori egiten ez badu, eskabideari uko egingo zaiola adieraziko diote, horri buruzko dagokion ebazpena emanda, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. eta 71.1 artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

12. artikulua.- Eskabideen azterketa eta ebaluazioa.

1.- Industria, berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko Lurralde Ordezkaritzei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, eta eskabide horiek behar bezala ulertu eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta/edo informazio osagarri guztia eskatu ahal izango dio erakunde eskatzaileari, eta hala badagokio, Basquetour SA sozietateari.

2.- Eskabide bakoitza aztertu eta ebaluatu ondoren, dagokion Lurralde Ordezkaritzako arduradunak ebazpen-proposamen bat emango du diru-laguntza eman edo atzera botatzeari buruzko esanbidezko erabakia emanez, eta onartutako gastuaren zenbatekoa adieraziz, diru-laguntza kalkulatzeko xedez.

13. artikulua.- Laguntzei buruzko ebazpena.

1.- Turismoko zuzendariak, aurreko artikuluan aipatutako proposamena aztertuko eta gero, eskaerak ebatziko ditu, dagokion hurrenkerari jarraiki eta espedientearen dokumentazioa osatzen den unearen arabera.

Ebazpen hori 6 hilabeteko gehieneko epean eman eta jakinarazi beharko zaio erakunde interesdunari, eskabidea aurkeztu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

2.- Laguntza emateko ebazpena enpresa eskatzaile bakoitzari jakinaraztea bazter utzi gabe, diru-laguntzaren enpresa onuradunen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, bakoitzari dagokion zenbatekoa adierazita, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Beteginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki.

3.- Emandako ebazpenak ez du administrazio-bidea agortuko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Merkataritza eta Turismoko sailburuordeari, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako epean eta moduan.

4.- Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoari jarraiki, ebazpena emateko epea amaitu eta interesdunari jakinarazi ez bazaio, eskatutako laguntza baietsitzat har daiteke.

III. KAPITULUA

PROGRAMA GAUZATZEA

14. artikulua.- Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.- Kalitatearen kudeaketa edota ingurumen-kudeaketa egiaztatzen duten ziurtagiriak lortzeko emandako diru-laguntzak bi ordainketaren bidez ordainduko dira, eta honela egingo dira ordainketa horiek:

a) Lehenengo ordainketak diru-laguntzaren zatiaren % 50 bilduko du, eta interesdunak emandako diru-laguntza onartutakoan ordainduko da. Agindu honetako 15.1 artikuluan ezarritako epea igarotakoan, hala badagokio. Edozein kasutan, ekitaldi bakoitzeko ehuneko zehatza urteko deialdiaren Ebazpen bidez ezarriko da, une bakoitzeko zirkunstantzia ekonomikoak eta aurrekontuari loturikoak kontuan izanda betiere, baita ezarritako gehieneko ehunekoa ere.

b) Bigarren ordainketan gainerako zenbatekoari dagokion ehunekoa ordainduko da, diruz lagundutako jarduna egitea justifikatzen duen dokumentazioa aldez aurretik aurkeztuta. Justifikazio hori proiektua amaitu beharrekoa zen urtearen hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen egin beharko da.

Dena den, ordainketa bakarrean ordaindu ahalko dira lehen aipaturiko diru-laguntzak diru-laguntzaren ebazpena baino lehen dokumentu bidez justifikatzen bada laguntzekoak diren jardun horiek, haietarako laguntza eskatzen den horiek, eginda daudela.

2.- Ordainketa bakarrean egingo da aurreko paragrafoen adierazitako ziurtagiriak berritzeko faserako emandako diru-laguntzaren ordainketa, diruz lagundutako jarduna egitea justifikatzen duen dokumentazioa aldez aurretik aurkeztuta. Deialdiaren ekitaldiaren abenduaren 31 baino lehen egin beharko da justifikazio hori.

3.- Bi kasuetan ere, hilabeteko epea eman ahalko da justifikazio-dokumentazioa aurkezteko, mugaegun gisa otsailaren 28a ezarrita, betiere eskaera eta luzapenaren ematea epearen barruan egin badira.

4.- Diru-laguntza kobratzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Fakturen koadroa; bertan, fakturak behar bezala zenbakitu eta diruz lagundutako jardun bakoitzarekin behar bezala lotu beharko dira, eta bakoitzarentzat honako informazio hau zehaztuko da: fakturaren data, enpresa hornitzailea, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa barnean hartu gabe). Behar bezala konformatutako fakturak bakarrik onartuko dira, eta betiere horien gastu-kontzeptuak laguntzaren xedearekin argi eta garbi, eta berariaz, lotuta badaude. Fakturen koadroaren eredua http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/ctac.html helbidearen bitartez eskura daiteke.

b) Behin betiko fakturen fotokopia konpultsatuak. Fakturen koadroan zehaztutakoekin bat etorri behar dute gastu horiek. Gastuen egiaztapena faktura elektronikoen bidez ere egin ahal izango da, betiere zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte.

c) Diru-laguntza ICTEren Espainiako Turismo Kalitatearen Q Marka eskuratu edo berritzeko eskatu bada, Euskalitek emandako ziurtagiria edo kopia konpultsatua aurkeztu behar da, bertan kalitate-marka eman edo berritu izanaren berri jasoz.

d) ISO 9001:2008 edota ISO 14001:2004 arauen araberako ziurtagiria eskuratu edo berritzeko diru-laguntza eskatu dutenek, arau hori betetzen dela egiaztatzen duen ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua aurkeztu behar dute, eta hala badagokio, enpresa ziurtagiri-emailearen organo erabakitzaileak ziurtagiria berritzeari buruz enpresa interesdunari hartutako erabakien berri emateko egindako jakinarazpenaren fotokopia konpultsatua. Enpresa ziurtagiri-emaileak Egiaztapenerako Erakunde Nazionalak (ENAC) egiaztatuta egon behar du, edo ENACekiko elkarren onespenerako akordioa eduki.

5.- Lurralde Ordezkaritzek egiaztatuko dute diru-laguntzen xedea den proiektua burutu egin dela Agindu honetan ezarritakoaren arabera, eta horretarako aurkeztutako dokumentazioa aztertuko dute. Era berean, beharrezkotzat hartzen duen dokumentazio eta informazio oro eskatu ahal izango du enpresa onuradunak aurkeztutako dokumentazioaren datuak egiazkoak direla egiaztatzeko, eta bereziki Agindu honen 10. artikuluan aipatutako zinpeko aitorpenean bildutako datuak egiaztatzeko.

6.- Aipaturiko alderdi guztiak egiaztatu ondoren, Lurralde Ordezkaritzek txosten bat egingo dute eta Turismo Zuzendaritzara igorriko. Txosten horretan, dagokion diru-laguntzaren likidazioa proposatuko dute, egindako gastuaren arabera.

Horren haritik, laguntzaren behin betiko zenbatekoa likidatzeko, jardueraren kostuari -edo erakunde onuradunak egindako eta justifikatutako gastuari- diru-laguntza emateko ebazpenean zehaztutako finantzaketa-ehunekoa aplikatuko zaio.

Nolanahi ere, Lurralde Ordezkaritzak ez baditu laguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen, eta horren ondorioz emandako diru-laguntza murrizten bada, Turismo Zuzendaritzan dagokion diru-laguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio erakunde onuradunari, hala badagokio, aurkeztutako dokumentazioa konpon dezan.

15. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

1.- Emandako diru-laguntza onartzea. Horren ildotik, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko komunikazioa jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek diru-laguntzari esanbidez eta idazki bidez uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.

2.- Emandako diru-laguntza eskatutako helburu zehatza betetzeko erabiltzera behartuta daude erakunde onuradunak; horretaz gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jardunak bete dituela justifikatu beharko du erakunde onuradunak, Agindu honetan eta laguntza emateko ebazpenean ezarritakoari jarraiki.

3.- Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, jasotako laguntzekin dituzten eginkizunak betez, eskatzen dioten informazio guztia aurkeztea.

4.- Helburu berberarekin, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu dituela jakinaraztea. Jakinarazpen hori adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da, eta nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

5.- Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza objektibo zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.

6.- Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez, 4 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako azken justifikazioaren egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

7.- Emakumeen eta Gizonen Benetako Berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa betetzea.

8.- Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen II. tituluaren VII. kapituluan -erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzkoan- bildutako hizkuntza-eskubideak errespetatzea.

16. artikulua.- Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, eta beste edozein Administraziotatik edo entitate publiko nahiz pribatutatik diru-laguntza gehiago lortzen bada, eta bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko erabakia aldatu ahal izango da, betiere laguntzaren onuraduna izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

Horretarako, Turismo Zuzendaritzak aldaketa egiteko dagokion Ebazpena emango du, eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitu egingo dira.

17. artikulua.- Ez-betetzeak.

1.- Erakunde onuradunak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan ezarritakoa ez ezik agindu honetan eta aplika daitezkeen gainerakoetan ezarritako betebeharrak eta, hala badagokio, ebazpenean ezarriko diren baldintzak ere betetzen ez baditu, organo eskudunak ez betetzeagatiko txostena egingo du interesdunaren arrazoiak entzunez. Jarraian, Ebazpena emango du, eta, hartan, onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, baita jasotako laguntzak eta legezko interesak Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta bidezkoak diren gainerako ekintzak aparte utzi gabe. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.- Turismo Zuzendaritzari dagokio ez-betetzearen ondoriozko espedientea hastea eta horri buruzko erabakia hartzea.

18. artikulua.- Kontrola.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren zerbitzu teknikoek egokitzat jotako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egin ahal izango dituzte, diruz lagundutako jardunen garapenari eta egikaritzeari dagokionez; horrela, erakunde onuradunei adierazitako ondorioetarako eskatutako informazio eta egiaztapen-dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute erakunde onuradun horiek, baita eskatu ahalko dieten justifikazio-dokumentazio guztia ere, eta hori guztia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak egin dezaketen kontrola aparte utzi gabe, betiere bere eginkizunen egikaritzapenean jasotako laguntzei dagokienez.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Agindu honetako Xedapen Indargabetzailean xedatutakoa gorabehera, indargabetutako arauari jarraiki emandako laguntzak arauari jarraiki arautuko dira, behin betiko amaitu arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean hastean, euskal azpisektore turistikoetan Kudeaketaren Kalitatea eta Bikaintasuna ziurtatzea sustatzen duten ekimenei laguntzeko programa ezartzen duen Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2008ko urtarrilaren 28ko Agindua indargabetuko da, baita hura aldatzen duen 2010eko maiatzaren 26ko Agindua eta Agindu honetan ezarritakoaren aurka joango diren maila bereko edo maila txikiagoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 27a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.


Azterketa dokumentala