Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2011ko apirilaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua
1884

ERABAKIA, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2011ko martxoaren 3an hartutakoa; honen bidez, kotizaziopeko prestaziorik jasotzen ez duten eta/edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko langabeak kontratatzea bultzatzeko laguntzen deialdia onartzen da.

EAEko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 2/2009 Legearen Bigarren Xedapen Gehigarriak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortu zuen, honako helburu hau aintzat hartuta: enplegu egonkor eta kalitatezkoa izateko eskubidearen garapen osoari laguntzea, gizarte-eta lurralde-kohesioari lagunduko dion lan-merkatuaren garapenaren alde lan egitea, enpresaren eskakizunei egokitutako langileen beharrizanak asetzea, eta gizartearen eta lurraldearen kohesioari laguntzea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan gomendatzen zaizkion enplegu-politiken kudeaketaren bidez.

Transferentzien Batzorde Mistoak 2010eko urriaren 28ko bileran onartu zuen lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruko lan-legeria gauzatzeko funtzioak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko erabakia, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuaren eta Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuaren arabera.

Eskualdatutako funtzioen eta zerbitzuen kudeaketa eta ordura arte Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila eta hari atxikitako sozietate publikoa, Egailan SA, enplegu-politika aktiboen esparruan betetzen ari ziren funtzioak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak hartu zituen bere gain. Azaroaren 30eko 329/2010 Dekretuaren bitartez, Lanbideren estatutuak onartu ziren; eta abenduaren 28ko 354/2010 Dekretuan, erakunde horren jarduera 2011ko urtarrilaren 1ean hastea arautu da, baita baliabide pertsonalak eta materialak atxikitzeko baldintzak ere.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak, besteak beste, enplegu-programen kudeaketari dagozkion funtzioak hartu ditu bere gain, hartarako diru-laguntzetarako deialdiak onartzea eta izapidetzea barne.

Eusko Jaurlaritzak, beste indar politiko batzuekin irekitako elkarrizketaren esparruan, 2009. eta 2010. urteetarako «+Euskadi 09» plana martxan jartzea erabaki zuen. Plan horrek EAEk gaur egun bizi duen krisi ekonomikoko egoera zuzentzeko ezohiko neurriak biltzen zituen, agertoki makroekonomikoa kontuan hartuta; izan ere, barne-eskaerak, kontsumo pribatuak eta kapital-eraketa gordinak beherakada izan zuten, eta, eskaintzari dagokionez, produkzio-sektoreek -hala nola industriak- gainbehera izan zuten; beste sektore batzuk -eraikuntzak, esaterako- suspertzeko prozesu motela bizi zuten. Neurri horien artean, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, 2009ko azaroaren 25eko Aginduaren bitartez (2009ko azaroaren 27ko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoan langabezian dauden eta/edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonen kontratazioa sustatzeko ezohiko laguntzetarako deialdia egin zuen.

Agertoki ekonomikoa aldatu ez denez gero, kontrataziorako laguntzen beste programa bat martxan jartzea proposatu da, betiere esparru berean.

EAEko ekonomiak oro har duen ahultasun-egoerak eragin nabarmena du lan-merkatuaren bilakaeran; hain zuzen ere, enpleguak behera egin du eta langabezia-tasa asko igo da. Gauzak horrela, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak, arazoaz jabetuta, laguntza-deialdi hau jarri du martxan, krisialdiaren eraginik zuzenena duten pertsonei, enplegua galdu eta kotizaziopeko langabezia-prestaziorik jasotzen ez dutenei eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenei erantzuten laguntzeko.

Beharrezkoa da diru-laguntzei eustea gizartean baztertuta geratzeko arriskuan daudenentzat enpleguak eta benetako soldatak sortzeko, EAEko erakunde publiko eta pribatuen, udalen, irabazi-asmorik gabeko erakundeen eta enpresen bitartez, nahiz oro har enpresa pribatuen bidez, betiere erakunde horiek langilerik ordeztea ez dakarten gizarte-onurako jarduerak sustatzen badituzte eta kontratatutako pertsonak eta erakunde eskatzaileko lanpostuen zerrendako edo katalogoko lanposturen batek funtzio berberak ez badituzte. Enplegu hori zerbitzu publikoak, herritarren bizi-kalitatea, ingurunea eta ondare historikoa, artistikoa eta kulturala hobetzen dituzten jarduerak egitera zuzenduta dago. Halaber, gizarte-onurakotzat hartuko da, gizarte-ongizatean eragina izanik, betetzen ez diren edo behar adinako estaldura ez duten gizarte-arloko premiak asetzera zuzendutakoa.

Bereziki positibotzat hartzen da kontratazioak diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenei bideratuta egotea, funtsezkotzat jotzen baita enplegurako aktibazioko eredua ezarrita laguntzan oinarritutako eredua alde batera uztea. Horregatik, kontratazioen % 20 gutxienez kolektibo hori eraginpean hartzeko helburua ezarri da. Bestalde, gomendagarria irizten zaio gazte langabeen eremuan ahalegin berezia egitea, gure esparruko jardunean lehentasunezko kolektiboa baita, egungo krisi-egoerak nabarmenago eragiten die-eta. Horregatik, kontratatutakoen % 35 gutxienez 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteak izatea ezartzen du deialdi horrek.

Hori guztia kontuan izanik, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2011ko martxoaren 3ko bileran, honako erabaki hau hartu du, bertaratuek aho batez onartuta.

ERABAKIA

Lehenengoa.- Kotizaziopeko prestaziorik jasotzen ez duten eta/edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko langabeak kontratatzea bultzatzeko laguntzen deialdia onartzea, ondoren azalduko denaren arabera.

Bigarrena.- Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 3a.

Lanbideren Administrazio Kontseiluko presidentea,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

Lanbideren Administrazio Kontseiluko idazkaria,

JAVIER RAMOS SALAZAR.

KOTIZAZIOPEKO PRESTAZIORIK JASOTZEN EZ DUTEN ETA/EDO DIRU-SARRERAK BERMATZEKO ERRENTA JASOTZEN DUTEN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANGABEAK KONTRATATZEA BULTZATZEKO LAGUNTZEN DEIALDIA

1. artikulua.- Xedea.

Hau da deialdi honen helburua: Langabeziagatiko kotizaziopeko prestaziorik jasotzen ez duten eta/edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten langabeak kontratatzeko Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eman ditzakeen laguntzak arautzea, kontratazio horiek jarduera-eremu jakin batzuetan interes orokorreko eta gizarte-onurako jarduerak gauzatzeko izanik.

Deialdi honi dagokionez, 4.3 artikuluan adierazitako eremuetan egindako jarduerak hartuko dira interes orokorreko eta gizarte-onurako jardueratzat.

2. artikulua.- Aurrekontu-zuzkidura.

Deialdi honen xede izango diren laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak 42.000.000 eurokoak izango dira.

Laguntzak nahikoa aurrekontu-kreditua izatearen baitan emango dira. Kreditua handitzen ez bada, diru-laguntzaren aurrekontu-zuzkidura agortutakoan, EHAAn argitaratuko da.

3. artikulua.- Erakunde onuradunak eta baldintzak.

1.- Deialdi honen xede diren kontrataziorako diru-laguntzen onuradunak izan daitezke, betiere aldez aurretik hartarako eskaera eginda, honako erakunde publiko eta pribatu hauek, edozein forma juridiko hartuta osatu direla ere:

a) Udalak, udal-mankomunitateak, partzuergoak, koadrilak, zerbitzu-elkarteak eta haien mendeko edo haiei lotutako gainerako toki-erakundeak edo sozietateak/entitateak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan legez eratuta badaude eta nortasun juridiko independentea badute.

Diru-laguntzaren onuraduna den erakunde publikoak enpresa pribatuekin kontratatu ahal izango du jardueraren gauzatze materiala. Kasu horretan, diru-laguntzaren zenbatekoa enpresa esleipendunak egin beharreko jarduera jakin horri lotutako kontratazio berriak finantzatzera bideratuko da.

b) Egoitza eta lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak.

Erakunde onuradunek eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde publiko edo pribatuek beren arteko lankidetza-akordioak egin ahal izango dituzte, egin beharreko jarduerak hobeto garatzeko eta gauzatzeko, baita Agindu honen eraginpean kontratatutako pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko ere.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan hartarako aplikatu beharrekoa araua betez eratutako eta erregistratutako laneratze-enpresak.

d) Egoitza eta lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan dituen beste edozein enpresa pribatu.

2.- Erakunde onuradunek eta jardueraren gauzatze materialerako artikulu honen 1. atalari jarraiki kontratatutako enpresa pribatuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak egunean edukitzea -toki-erakundeen kasuan izan ezik-, baita gizarte-segurantzari eta/edo dagokion aurreikuspen-erakundeari dagozkionak ere.

b) Zigor- eta administrazio-arloan zehapenik ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearen inguruan, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ez egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak ere barne direla.

c) Laguntzak emateko, eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntza eta diru-laguntza publikoen esparruan hasi eta oraindik tramitazioan dagoen itzultzeko edozein prozedura nahiz zehapen-prozedura amaitzea.

d) Kontratatutako pertsonen okupazioaren eta lan-esperientziaren segimendua egiteaz eta horiek ikuskatzeaz arduratuko den norbait izendatu beharko dute. Ikuskatzearen arduraduna erakundeko plantillakoa izan daiteke; hori ezinezkoa bada, programaren kargura kontratatzeko diru-laguntza eskatu ahal izango da.

4. artikulua.- Diruz lagun daitekeen jarduna.

1.- Diruz lagundu ahal izango dira 2011ko otsailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 5.1 artikuluan adierazitako pertsonekin egindako kontratazioak, betiere artikulu honen hurrengo paragrafoetan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte eta deialdi honetan bildutako gainerako zehaztapenei jarraiki hartarako eskaera egiten bada. 3. artikuluan adierazitako erakunde onuradunek kontratazio bat edo gehiago, edo kontratazio-plan malgu eta irekia eskatu ahal izango dute. Erakunde bakoitzak jarduera bererako kontratazioak eskatu ahal izango ditu, hainbat jardueratan aritzeko lan-taldeak eta/edo kontratazioak sortuta.

Paragrafo honetan xedatutakoa gorabehera, Lanbideko zuzendari nagusiak, eskaerari buruzko ebazpena ematean, kontratazioak egiteko epemuga zabaldu ahal izango du, onuradun guztiek kontratazioak egiteko gutxienez hilabeteko epea izango dutela ziurtatzearren. Horri dagokionez, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunean hasiko da kontatzen epe hori.

2.- Diruz lagunduko diren lan-kontratuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Egiten diren kontratuetan, kontratatutako pertsonen funtzioak ez dira inoiz bat etorriko erakunde eskatzailearen lanpostuen zerrenda edo katalogoko funtzioekin. Horri dagokionez, kontratazioak erakunde eskatzailearen ohiko zereginetan diharduten langileak ordeztea ekartzen ote duen argitzen duen txostena eskatu beharko zaio 3.1 artikuluko a) eta b) idatz-zatietan adierazitako erakunde onuradunen artetik dagokion erakundeko langile-batzordeari eta/edo enpresa-batzordeari, halako organorik badago. Txosten hori eskatu eta 2 eguneko epean egin behar da; epe hori amaitutakoan, baldintza hori betetzat emango da.

b) Lanaldi osoko lan-kontratuak egingo dira.

c) Kontratuen iraupena erakunde onuradunak ezarriko du, egin beharreko jardueraren arabera.

d) Soldata: dagokiona, egin beharreko jardueraren arabera; nolanahi ere, jarduera-sektoreko hitzarmenean bildutako gutxienekoa bermatuta egongo da. Bazterketako egoeran edo arriskuan dauden kolektiboen enplegua sustatzeko programetarako soldatei buruzko akordioa duten toki-erakundeetan, akordio hori diruz lagundutako kontratu guztietan aplikatu ahal izango da.

e) Lau baino kontratu gehiago diruz laguntzea dakarten jardunen kasuan, kontratatutako pertsonen % 20 gutxienez diru-sarrerak bermatzeko errentaren jasotzaileak izango dira. Zenbaketa egiteko, 0,5etik gorako hamartarrak batarekin parekatuko dira.

Bi baino kontratu gehiago diruz laguntzea dakarten jardunen kasuan, kontratatutako pertsonen % 35 gutxienez 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteak izan behar dute, bi adin horiek barne. Zenbaketa hori zehazteko, hamartarrak ez dira kontuan hartuko.

Kontratatu behar dena bi kolektibo horietakoa bada, bakarra izango zaio kontuan, atal honetan aurreikusitako ehunekoak betetzeari dagokionez.

Erakunde onuradunak diruz lagun daitekeen jardun baterako baino gehiagorako eskatzen badu diru-laguntza, kontratazio-ehunekoak bateratuta hartuko dira aintzat.

f) Erakunde onuraduna aurreko idatz-zatian ezarritako baldintza betetzetik salbuetsi ahal izango da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak, gizarte-zerbitzuekin koordinatuta eta betiere diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonei dagokienez, eskaintzen diren lanpostuetarako hautagai egokirik ez dagoela ziurtatzen duenean.

3.- Kontratuak interes orokorreko eta/edo gizarte-bazterketako jarduerak gauzatzeko egingo dira. Horri dagokionez, honako eremu hauetan egiten diren jarduerak hartuko dira, hasiera batean, interes orokorrekotzat eta/edo gizarte-onurakotzat:

- Teknologia berriak.

- Energia berriztagarriak.

- Zuntz bidezko banda zabaleko azpiegitura berrien garapena.

- Ingurumenarekin lotura duten lanak: ingurunea kontserbatzeko eta mantentzeko lanak, eta hondakinen kudeaketa eta tratamendua.

- Hondakinak birziklatu eta berrerabiltzea.

- Hezkuntza- eta eskola-ekipamenduen mantentze-lanak.

- Kultura, hezkuntza eta osasuna sustatzea.

- Turismoarekin, aisialdiarekin eta kirolarekin lotutako jarduerak.

- Artea eta ondarea lehengoratzea.

- Hurbiltasun-zerbitzuak.

- Komunitaterako zerbitzuak.

- Landa- eta hiri-ingurunea mantentzeko eta lehengoratzeko lanak.

Gizarte-onurako eta/edo interes orokorreko jarduerak eta enpleguak ahalbidetzen dituen beste edozein eremu. Horri dagokionez, gizarte-onurakotzat eta interes orokorrekotzat hartuko dira herritarrentzat balio erantsia dakarten eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak hala kalifikatu eta balioetsitako jardunak.

5. artikulua.- Diru-laguntzarako eskubidea sortzen duen kontratazioa egin zaien pertsonak, eta hautaketa.

1.- Diru-laguntzarako eskubidea sortuko du erakunde onuradunek Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa inskribatutako pertsonak kontratatzeak, betiere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean edo kontratazio-egunaren aurreko 5 urteetan 3 urtez, pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta badaude. Pertsona horiek, gainera, honako bi baldintza hauetako bat bete behar dute kontratazioa egiten den unean:

a) Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzea, gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren modalitatean zein laneko diru-sarreren errenta osagarrian.

b) Kotizaziopeko langabezia-prestaziorik jasotzen ez duen langabea izatea.

2.- Programan parte hartzeko hautagaiak aukeratzeko prozesua honela gauzatuko da:

a) Deialdi honen xede diren laguntzen onuradunak diren erakundeek hautagaiak eskatuko dizkiote Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari.

b) Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak, betiere gizarte-zerbitzuekin koordinatuta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonen kasuan, deialdi honetako baldintzak betetzen dituzten pertsonen artetik finantzatuko diren enpleguetan jarduteko egokitzat ematen dituen hautagaiak aukeratuko ditu lehen hautaketa batean.

c) Erakunde onuradunek Lanbideren Orientazio Zerbitzuaren laguntza izan dezakete. Zerbitzu horrek hautagaiaren profil pertsonalak eta profesionalak eskaintzen den enpleguaren profilarekiko duen egokitasun-maila identifikatzen lagunduko die. Erakunde onuradunari dagokio kontratatu beharreko pertsonen behin betiko hautaketa egitea.

3.- Deialdi honen babespean ezin izango da diruz lagundu pertsona berarekin egindako lan-kontratu bat baino gehiago. Horri dagokionez, baldintza horretatik salbuetsita geratuko dira 3.2 artikuluko d) idatz-zatian adierazitako okupazioaren eta lan-esperientziaren segimenduaz eta ikuskapenaz arduratzeko kontratatutako pertsonak; izan ere, beste talde batzuk eta beste jarduera batzuk koordinatzeko laguntza bidez kontratatu ahal izango dira berriz.

6. artikulua.- Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.- Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza bidez, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen babespean egiten diren kontratu guztiak finantzatuko ditu, honako kopuru hauekin, Gizarte Segurantzako erregimen orokorreko kotizazio-taldearen arabera:

- 1.500 euro hilean, 6.-10. kotizazio-taldean kontratatutako langileentzat.

- 1.700 euro hilean, 2.-5. kotizazio-taldean kontratatutako langileentzat.

- 1.900 euro hilean, 1. kotizazio-taldean kontratatutako langileentzat.

Kopuru hori enpresa enplegatzaileak kontratu horiek direla-eta ordaindu beharreko soldaten eta Gizarte Segurantzako kuoten kostua ordaintzera bideratuko da.

Artikulu honen 3. paragrafoan bildutako aurreikuspenak salbuetsita, diru-laguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu egindako kontratazio bakoitzaren benetako kostua, betiere adierazitako kontzeptuei dagokienez. Bestela, diru-laguntza benetako kostu horretaraino murriztuko da.

2.- Kontratuek 6 hilabete baino gehiago irauten badute, aurreneko sei hilabeteak baino ez dira diruz lagunduko, aurreko paragrafoan xedatutakoari jarraiki. Erakunde onuradunak diru-laguntzak estali gabeko soldatako eta Gizarte Segurantzako kostuak bere kargura finantzatzeko konpromisoa hartzen du.

3.- Deialdi honetan ezarritako diru-laguntza igotzeko aukera izango da, gehienez ere guztira diruz lagundutako kopuruaren % 5, baldin eta diru-laguntzaren onuradunak diren erakunde eta enpresek honako arlo hauetan adituak diren erakundeak badituzte: enplegu-premien azterketan eta prospekzioan, gorabideko sektoreak hautematean, eta udalerrian edo eskualdean garatu beharreko jarduera berriak proposatzean, diru-laguntza eskatzeko laguntzan, okupaziorako funtsezkoak diren konpetentzien inguruko prestazioan eta diru-laguntzaren xede diren jarduerak justifikatzeko memoriak lantzean. Xede horretarako, deskribatutako zereginetarako hautatutako erakundearen izena adieraziko dute erakunde onuradunek, bakoitzak bere eskabidean.

Era berean, diru-laguntzaren kopurua gehienez ere % 5 igo daiteke, deialdi honen babespean kontratatutako pertsonek jarduera gauzatzeko zuzenean izandako gastuetarako. Gastu horien artean, hauek bilduko dira: kontratatutako pertsonen laneko arropa, babes indibidualeko ekipoak eta kontratatutakoek egin beharreko jarduera betetzeko berariaz erositako gainerako baliabide materialak, baita lana egingo den tokira joateko garraio-gastuak ere. Gastu horiek guztiak, nolanahi ere, behar bezala egiaztatu behar dira.

7. artikulua.- Eskaerak: dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.- Deialdi honetako diru-laguntzak lortzeko eskaerak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan eta Lanbideko enpleguko lurralde-bulegoetan aurkeztu beharko dira, deialdiaren eranskinean doan eta http://www.lanbide.net webgunean ere eskura egongo den eredu ofizialaren bidez.

Horretaz gain, eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.

2.- Eskaera horrekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Enpleguen edukia, diruz lagundu beharreko kontratuen kopurua, kontratu bakoitzaren iraupena eta aurreikusitako hasiera-data biltzen dituen memoria. Memoriak deialdiko baldintzak eta laguntzak esleitzeko irizpideak betetzen direla egiaztatzeko behar adinako informazioa bildu beharko du.

b) Hirugarren interesdunaren datuen altari buruzko fitxa, erakundearen ordezkariak sinatua eta dagokion bankuak zigilatua.

c) Erakundearen edo enpresaren IFK, edo NANa, pertsona fisikoak badira.

d) Enpresa/erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiri eguneratua. Administrazio Publikoek ez dute zertan ziurtagiri hori aurkeztu.

e) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren edo dagokion erakundearen ziurtagiri eguneratua, erakunde/enpresa eskatzaileak erakunde horiekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duena.

f) Langile-batzordearen edo enpresa-batzordearen txostena, hala badagokio. Ordezkaritza-organo horiek erantzuten ez badute, erakunde onuradunak horri buruz egindako ziurtagiria.

Erakunde edo enpresa eskatzailea ez dago behartuta paragrafo honetan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztera, aldez aurretik Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Berrikuntza Soziolaboraleko Zuzendaritzan aurkeztu badu, 2009ko azaroaren 25eko Aginduan aurreikusitako laguntzak eskatu dituelako (agindu hori Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan langabezian dauden eta/edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonen kontratazioa sustatzeko ezohiko laguntzak iragartzen ditu). Bakar-bakarrik denbora iragan dela-eta baliorik gabe geratu den dokumentazioa aurkeztu beharko du. Erakunde edo enpresa eskatzaileak hori aditzera eman beharko du, betiere aurkeztu ez duen dokumentazioari dagokion espedientearen zenbakia adierazita.

3.- Eskaerak guztiz betetzen ez badira edo aurreko paragrafoan adierazitako nahitaezko dokumentazioa atxiki ez bazaie, hamar eguneko epea emango zaio erakundeari hutsegitea zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, bestela bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela adierazita. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua behartuta egongo da eskaera horri buruzko esanbidezko ebazpena ematera eta jakinaraztera.

4.- Eskaerak aurkezteko epea 2011ko urriaren 31n amaituko da.

8. artikulua.- Ebazpena emateko organo eskuduna, diru-laguntzak emateko prozedura, ebazpena, epeak, gora jotzeko errekurtsoa eta publizitatea.

1.- Lana Aktibatzeko Zuzendaritza izango da eskaerak kudeatu eta bideratzeaz arduratuko den organoa, eta Lanbideko zuzendari nagusia horiek ebazteko eskuduna.

2.- Eskaerak aurkeztutako ordenan aztertuko dira, eta ordena horretan onartuko dira deialdi honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten guztiak, laguntzak finantzatzeko fondoak agortzen diren arte.

3.- Eskaerei buruzko ebazpena eman baino lehen, Eudeli helaraziko zaio, jakin eta azter dezan.

4.- Diru-laguntza emateko ebazpenenean, diru-laguntzaren xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, eta diru-laguntzaren justifikazioa adieraziko dira.

Interesatuak 10 eguneko epea izango du, ebazpena jakinarazten den unetik zenbatzen hasita, emandako diru-laguntza onartzen duela adierazteko. Epe hori amaitzen denean eskaera ezetsitzat emango da eta artxibatu egingo da.

5.- Eskaerak ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabete izango da, eskaera egiten den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori iragandakoan, esanbidezko ebazpenik eman ez bada diru-laguntzaren eskaera onartutzat emango da.

6.- Prozedurari buruzko ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

7.- Publizitate-printzipioa betetzearren, betiere diru-laguntza emateko ebazpenak esanbidez eta banan-banan jakinaraztea alde batera utzi gabe, Lanbideren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, xedapen honen babespean emandako laguntzen onuradunak diren erakundeen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, jasotako zenbatekoak eta emandako diru-laguntza aldatu zaien erakundeak adierazita.

9. artikulua.- Ordaintzeko modua, diru-laguntzaren justifikazioa eta epeak.

1.- Kontratatutakoen soldata-kostuak eta gizarte-segurantzako kostuak ordaintzeko diru-laguntza hiru epetan ordainduko da:

- Lehenengoan, % 25 ordainduko da, emandako diru-laguntza onartu ondoren.

- Bigarrenean, % 50 ordainduko da, kontratazioak gauzatzen direnean; horretarako, aldez aurretik, Gizarte Segurantzako alta-parteak eta lan-kontratuen kopia aurkeztu beharko dira, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari egindako jakinarazpenarekin batera. Era berean, kontratatutako pertsonek 5. artikuluko 1. paragrafoan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da, baita, hala badagokio, 4.2 artikuluko e) idatz-zatian bildutako kontratazio-ehunekoak dagozkien kolektiboen barnean hartuta egotea egiaztatzeko dokumentazioa ere.

- Hirugarrenean, gainerako % 25a ordainduko da, jarduera bera xede duten diruz lagundutako kontratuak amaitzean, betiere diruz lagundu diren kontratazioen soldata-kostuei buruzko ziurtagiria helarazi ondoren, erakunde onuraduna deialdiko 3. artikuluan adierazitako toki-administrazioetako bat denean. Gainerako erakunde onuradunek, administrazio-arlokoak ez diren erakunde publikoak barne, soldata-kostuei buruz erakundeak egindako ziurtagiria, kontratatutakoen nominen kopiak eta kontratuen indarraldiari dagozkion Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinen kopia (TC1 eta TC2 ereduak) helarazi beharko dituzte.

2.- 6. artikuluko 3. paragrafoan aurreikusitako diru-laguntzaren gehikuntza bakoitza epe bakarrean ordainduko da, egindako gastua azaltzen duen memoria eta hori egiaztatzeko fakturak aldez aurretik aurkeztuta.

3.- Ordainketa bakoitza gauzatzeko, erakunde onuradunak honako ziurtagiri eguneratu hauek aurkeztu beharko ditu: dagokion foru-ogasunarekiko betebeharrak egunean dituela adierazten duen ziurtagiri eguneratua, betiere toki-administrazioa ez bada, eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria.

10. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunak honako betebehar hauek izango ditu:

1.- Kontratazioei diru-laguntzaren xede den aldi guztian eustea. Kontratua behar baino lehen edo diru-laguntzaren xede den aldia amaitu baino lehen iraungitzen bada, beste langile bat kontratatu beharko da, aldi hori amaitu arte; kontratu hori egiteko gehienez ere hamabost eguneko epea egongo da, aurrekoaren kontratua iraungi zenetik.

2.- Diru-laguntza ematen duen erakundearen egiaztatze-jardunei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren kontrol-jardunei men egitea.

3.- Erakunde emaileari jakinaraztea helburu bererako beste edozein administrazioren edo erakunde publiko edo pribaturen diru-laguntza edo laguntza, diru-sarrera edo baliabideak jaso izana.

4.- Diru-laguntza ematerakoan kontuan izandako edozein baldintza objektibo nahiz subjektibo aldatu dela jakinaraztea erakunde emaileari.

5.- Itzultzeko prozedurak nahiz zehapen-prozedurak jakinaraztea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen eta diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik tramitazioan badaude.

11. artikulua.- Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk aldi berean jasotzea.

Deialdi honetan deskribatutako kontrataziorako laguntzak beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekiko bateragarriak izango dira; nolanahi ere, izandako finantziazio-iturri guztietatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du egindako kontratazioen kostua gainditu. Kostu hori gaindituz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da.

12. artikulua.- Segimendua eta kontrola.

1.- Diru-laguntza jasotako erakundeak behartuta daude diruz lagundutako jardueren xedean edo izaeran funtsezko eragina duen edozein gertaera jakinaraztera, baita Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari jarduera horiei dagozkien egiaztatze-, segimendu- eta kontrol-prozeduretan laguntzeko ere.

2.- Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen helburua betetzen direla bermatzeko behar diren ikuskapen- eta kontrol-ekintzak egin ditzake.

3.- Segimendu-batzorde bat sortu da, eta hari jakinaraziko zaizkio diru-laguntzen programa honen babespean egindako eskaerak eta ebazpenak, programaren azken ebaluazioa egiteko.

13. artikulua.- Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izan den edozein baldintza aldatzeak emandako diru-laguntza aldatzea ekarri ahal izango du berekin, betiere diru-laguntzen onuradun izateko deialdi honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Baldintza horiek aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo horren zati bat itzultzea badu ondorio, dagokion itzultzeko prozedurari emango zaio hasiera.

14. artikulua.- Babesa.

Erakunde onuradunek esanbidez adierazi beharko dute Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua babesle dutela, diruz lagundutako jarduera aditzera ematea, hedatzea, edo, hala badagokio, argitaratzea, dakarten diruz lagundutako jarduera guztietan.

15. artikulua.- Ez-betetzeak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izango diren erakundeak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan jasotako kasuren batean egongo balira edo deialdi honetan ezarritako baldintzetakoren bat beteko ez balute, Lanbideko zuzendari nagusiak ebazpen bidez adieraziko lieke jaso gabe dituzten kopuruak jasotzeko eskubidea galdu izana eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntza itzultzeko betebeharra, diru-laguntza emandako unetik bertatik sortutako legezko interesekin batera. Horrez gain, egoki diren gainerako ekintzak bideratu ahal izango dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagokien lege-eraginetarako, eta erantzukizunei buruzko araubidea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

16. artikulua.- Itzultzeko prozedura.

Honako hau da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura, aurreko artikuluan aurreikusitako ez betetzeen kasuetarako:

a) Lanbideko zuzendari nagusiak prozeduraren hasiera eta hartarako arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari; era berean, 15 eguneko epea emango dio egoki irizten dizkion alegazioak egin ditzan. Prozedura hasteak, hala badagokio, oraindik egin gabe zeuden ordainketak bertan behera uztea ekarriko du.

b) Alegazioak jasotakoan edo hartarako epea iragan eta jaso ez badira, prozedurari amaiera emango zaio, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez. Itzultzeko prozedura ebazteko gehieneko epea 6 hilabete izango da.

Ebazpenean ez-betetzea izan dela balioesten bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik bi hilabeteko epean dagozkion kopuruak itzultzeko betebeharra adieraziko da. Epe hori borondatezko aldiko epetzat joko da.

c) Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideei ekingo zaie.

17. artikulua.- Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 115/1999 Lege Organikoa betez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere jabetzako fitxategi automatizatuetan sartuko ditu deialdi honetan araututako laguntzen eskaerak betetzearen bidez lortutako datu pertsonalak.

Gainera, interesdunak legez aurreikusitako datuetara sartzeko, horiek zuzentzeko eta ezeztatzeko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatu ahal izango dira, hori adierazteko idatzia bidaliz Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzura (José Atxotegi kalea 1, Vitoria-Gasteiz).


Azterketa dokumentala