Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2011ko apirilaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1875

EBAZPENA, 2011ko martxoaren 9koa, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearena. Honen bidez, jendaurrean jartzen da Euskal Unibertsitate Sistemako Kalitate Agentziari buruzko Legearen aurreproiektua.

Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordetzak Euskal Unibertsitate Sistemako Kalitate Agentziari buruzko Legearen aurreproiektua landu du, betiere Xedapen Orokorrak egiteko prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legean aurreikusitakoaren arabera, eta, aurreproiektu hori lantzeko prozedura hasteko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2011ko otsailaren 28an emandako Aginduan aurreikusten dena betez.

Agindu horrek adierazten duenez, hauek dira Euskal Unibertsitate Sistemako Kalitate Agentziari buruzko Legearen helburuak:

- Definitzea zein helburu eta eginkizun dituen Agentziak, kalitatea sustatu eta bermatzeko organoa den aldetik, Euskal Unibertsitate Sisteman, Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparruan eta Ikerketaren Europako Esparruan.

- Ezartzea zein prozesu beteko diren Jaurlaritzari eta gizarteari Agentziako jardueren kontu emateko.

- Zehaztea zein irizpide orokorrek zuzendu behar dituzten ebaluazio-prozedurak.

- Agentziaren gobernu- eta ebaluazio-funtzioak bereiztea, eta zein bere organoari gomendatzea, Kalitatea bermatzeko irizpide eta jarraibideak Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparruan agirian, bermatzeko Agentziarako ezarritako independentzia-irizpidea beteko dela.

Lege honen azken helburua da Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Europako irizpide eta jarraibideetara egokitzea. Horrela, agentziaren independentzia-irizpidea beteko da, eta gobernu- eta ebaluazio-funtzioak bereiziko dira; ondorioz, indartu egingo da goi-mailako hezkuntzan hezkuntza-agintariei aholkuak emateko organo moduan Agentziak duen egitekoa.

Horrenbestez, eta arau honek eragin handia izango duenez herritarren artean eta Euskal Unibertsitate Sistemako Kalitate Agentziak ukitzen dituen erakundeen artean, jendaurrean jartzeko izapidea zabaltzen da, interesdun guztiek ekarpenak egin ditzaten. Ekarpen horiek Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren atariaren bitartez egin ahal izango dira (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net), baita parte-hartze eta elkarlanerako Irekia atariaren bitartez ere (www.irekia.euskadi.net).

Hori dela eta, arestian adierazitako 8/2003 Legearen 8. artikuluan xedatutakoari jarraituz, hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Jendaurrean jartzea Euskal Unibertsitate Sistemako Kalitate Agentziari buruzko Legearen aurreproiektua 20 laneguneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.- Epe horretan, edozein pertsona fisikok edo juridikok kontsultatu ahal izango du Legearen aurreproiektua eta egokiak iruditzen zaizkion alegazioak jarri ahal izango ditu Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz), Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (www.euskadi.net), Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren atarian (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net) eta parte-hartze eta elkarlanerako Irekia atarian (www.irekia.euskadi.net).

Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 9a.

Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea,

PEDRO LUIS ARIAS ERGUETA.


Azterketa dokumentala