Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

213. zk., 2009ko azaroaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
5938

AGINDUA 2009ko urriaren 7koa, Kulturako sailburuarena, Berastegiko (Gipuzkoa) Udaletxea, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2009ko uztailaren 27ko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen Ebazpenaren bidez Berastegiko (Gipuzkoa) Udaletxeak balio kulturalari begiratuta duen interes kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2009ko irailaren 7ko 171. zk.a duen EHAAn argitaratua izan zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interes­dunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlaziona­tutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Berastegiko (Gipuzkoa) Udaletxea Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena.- Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurrei­kusten dituen ondorioetarako Sailkatutako Onda­sunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena.- Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurrei­kusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena.- Berastegiko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena.- Espedienteko interesdunei, Beraste­giko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena.- Ondasuna Euskal Kultura Onda­rearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuz­koako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizia­lean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena.- Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraz­tertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administra­zioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko adminis­trazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko urriaren 7a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

I. ERANSKINA

Mugaketa

a) Mugaketaren deskribapena.

Mugatutako eremuaren barne geratzen dira, bai eraikina bera, bai eraikin horren ingurua. Ere­muak honako muga hauek ditu: Ipar-ekialdean fatxadarekiko paraleloa den lerroa, eraikinetik 14 metrora dagoena; ipar-mendebaldean fatxadarekiko para­leloa den lerroa, eraikinetik 10 metrora dagoena; hego-ekialdean fatxadarekiko paraleloa den lerroa, eraikinetik 4 metrora dagoena; eta hego-mende­baldean fatxadarekiko paraleloa den lerroa, eraikinetik 10 metrora dagoena.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Proposatutako mugaketaren arrazoia da Berastegiko udaletxearen inguruak duen balioa babestu behar dela, bai ingurumenaren alorrean duena, bai ikusteko duen balioa. Ingurua mugatu behar da, ondarea babesteko eta balioesteko. Horretarako, udaletxearen inguruko eremua zaindu behar da (eraikinaren ondoko espazio publiko eta pribatuak, eta sarbidea ere bai) udaletxearen berezko izaera babesteko. Beraz, mugaketarako ez da soilik eraikina kontuan hartu, udaletxearen ingurua ere aintzat hartu da.

II. ERANSKINA

Deskribapena

Oin karratua duen aparteko eraikina da, eta lau isuriko teilatua du. Harri-hormak ditu, luzituak eta zurituak; baoak harlanduz inguratuta daude, eta kantoi-harriak ditu izkinetan. Fatxada nagusia, berriz, harlanduzkoa da erabat. Beheko solairua eta beste bi gehiago ditu.

Fatxada nagusia: euskal udaletxeen ohiko fatxada du, arkitektura noblez eta harlanduz egina. Guztiz erregularra da eta baoak simetrikoki banatuta daude bost ardatzetan. Beheko solairuak puntu-erdiko lau arku ditu, eta bosgarren tartea arkupean sartzeko sarbide dintelduna da. Tarte horretan, sarbidearen alboetan bi leiho daude, haietako bat hormaz itxita. Bao horiek harlanduz inguratuta daude, eta luzitutako harri-horman nabarmenak dira. Lehenengo solairuko bost baoak berriki egindako balkoi irten luze eta zabal batera begira daude. Bigarren solairuan, berriz, badira lau balkoi, burdinazko karela dutenak. Haien erdian dago armarri barroko bikaina, eraikinaren erdiko ardatza edertzen duena. Armarriaren inguruan inskripzio hau: «Año de 1321. Armas de esta ilustre Villa de Berastegui». Armen bi kuartel bertikalen inguruan hau jartzen du: «Nobleza con libertad», eta beherago «1731». Armarria benetan harrigarria da, haren tamainagatik eta oso polikromia deigarria duelako. Erliebe altuan egindako edergarri ugari du eta oso ondo kontserbatu da. Badirudi bigarren solairuko balkoiak irtenak zirela garai batean, hormak hutsune batzuk baititu. Armarriaren gainean erlojua dago. Solairu bakoitzak harri leunezko platabandak dauzka goialdeko solairutik bereizteko. Teilatua baino beherago ere ikusten da beste platabanda bat, erlaitz funtzioa egiten duena. Teilatu-hegala berria da, antza, eta harburuak landuta dauzka.

Eskuin aldea: erregular samarra da, baina sei bao-ardatzen banaketa ez da guztiz simetrikoa. Bao guztiak harlanduz inguratutako leihoak dira. Beheko solairua da salbuespena: lau leiho baino ez ditu, eta haietako bat hormaz itxita dago.

Atzealdea: solairu bat gehiago du, lurraren maldagatik. Horregatik ditu sendogarriak bi ertzetan, horma-bular gisa (ezkerrekoa kubikoa da). Beste fatxadetan bezala, platabandak eta teilatu-hegal landua ikusten dira atzealdean. Fatxadak bost leiho-ardatz ditu, simetrikoki banatuak. Leiho guztiak harlanduz inguratuta daude, behealdekoak izan ezik. Gainera, behealdean sarbidea ere badago. Lehenengo solairuan, bi ardatzen artean, begi itxurako bao bat ageri da, inguratu gabea.

Ezker aldea: ezkerreko ertzerako bidean solairu bat gehiago hartzen du eraikinak. Solairu horrek ez du leihorik, baina bai ate berri bat, beheko solairuko leiho baten zatia ere hartzen duena. Gainerakoan sei leiho-ardatz ditu, simetrikoki banatuak. Leiho guztiak harlanduz inguratuta daude, beheko solairuko bat izan ezik.

Sotoa, atzealdeko fatxadan leihoak dituena, biltegi eta lokal osagarri gisa erabiltzen dute. Eraikinaren egitura osatzen dute lau fatxadetako karga-hormek eta fatxada nagusiarekiko paraleloan dauden beste hiru karga-hormek, eraikina lau hormartetan banatzen dutenak. Gapirioak horma horien gainean jarrita daude, eta gapirioen gainean jositako zurezko oholtzak osatzen du solairuetako zorua. Eraikinaren leku batzuetan zurezko tarima ikusten da jatorrizko oholtzaren ordez; ziur asko haren gainean jarrita egongo da tarima berriago hori. Hiru hormek osatzen dute egitura. Sotoa lehenengo arkuperaino soilik iristen da; beraz, hiru hormarte hartzen ditu, eta maila desberdinetan geratzen dira sotoa eta beheko solairua. Sotoan zurezko habe handiak daude, ostikoen gainean jarrita.

Arkupeak hartzen duela lehenengo solairua, eta han dago eraikinaren sarrera. Arkupe hori pilotan jolasteko erabili ohi dute. Sarrerako atearen ondoan harlanduz inguratutako bi bao daude, eta haietako bat hormaz itxita dago. Beheko solairu horretan dago garai batean espetxe bezala erabiltzen zuten tokia. Karratu samarra da, eta eraikinaren ipar-ekialdeko kantoian dago. Haren egitura eta eraikinaren gainerako zatiena bereizita daude: fatxadetako bi hormak hartzen ditu eta beste karga-horma bat dauka lokal osagarriekiko mugan. Bi ate ditu eta bigarrena antzinako txapazko atea da. Espetxe bezala erabiltzen zuten toki horrek bi estai ditu, eta sarrerako solairuaren eta sotoaren zati bana hartzen du. Beheko solairuaren gainerako zatian etxebizitza bat dago, sarrerako atarian dagoen atetik sartzen da etxebizitzara. Atearen ezkerraldean daude zurezko eskailerak, eraikinari egitura ematen diotenak. Baranda ere zurezkoa da, tornuan landua, eta tailatutako zatiak ditu.

Lehenengo solairua da eraikinaren solairu nagusia. Han dago bilkura-aretoa, fatxada nagusiari begira dagoena, eta bilkura-aretotik heltzen da fatxadako balkoi luzera. Lehenengo solairuan daude halaber udal-bulegoak, eta beste gela batzuk, gaur egun erabiltzen ez direnak.

Bigarren solairua ez da gaur egun erabiltzen. Lehen herriko eskola zegoen han. Hormetan marrazkiak daude oraindik; liburuak eta eskolako beste gauzak ere badaude.

Teilatupean ganbara dago zurezko egitura duena, eta haren gainean lau isuriko teilatua, arabiar teilaz egina. Egitura hori benetan ikusgarria da. Zurezko zutabe eta habeak ditu, eta haiek elkartzeko besoak, egiturari egonkortasun handiagoa ematen diotenak. Eskailera ondoan dago fatxada nagusiko erlojuaren makineria.

Eraikinaren goi-goian dago burdin forjatuzko ezkilategia, bi kanpai dituena, eta haren gainean gurutzea haize-orratzekin.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala