Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2009ko martxoaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1523

AGINDUA, 2009ko otsailaren 23koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, turismoa garatzeko interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko Gauzatu-Turismo programa garatu zuen agindua bigarrenez aldatzen duena.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko abenduaren 27ko Aginduz, turismoa garatzeko interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko Gauzatu-Turismo programa arautu zen.

Gero, aipatutako agindu hori indargabetu egin zen, eta Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak 2003ko ekainaren 11n emandako aginduaren bidez ordezkatu zen (2003ko uztailaren 1eko EHAA, 128. zenbakia). Agindu horrek Gauzatu-Turismo programa arautu zuen, turismoa garatzeko interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko programa, hain zuzen ere.

Agindu hori Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2005eko maiatzaren 3ko Aginduaren bidez aldatu zen (2005eko maiatzaren 24ko EHAA, 96. zenbakia).

Egun, agindu horren babesean hainbat deialdi argitaratu ostean, agindu horretako hainbat artikulu aldatu beharra dagoela ikusi da.

Hori dela eta, honakoa

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.- Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 11ko Aginduaren 5. artikuluaren 1. puntuaren b), d) eta e) idatz-zatiak aldatzen dira. Agindu horren bidez, Gauzatu-Turismo programa arautu zen, turismoa garatzeko interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko programa, hain zuzen ere. Honela geratuko dira idatz-zati horiek:

«b) Landetxeak: eraikin bat egitea edo birgaitzea, landetxe moduan erabiltzeko. Proiektuak onargarriak izateko, ondorengo baldintzak bete beharko dituzte: batetik, Espainiako Turismo Kalitaterako Institutuaren «Landetxeetarako Kalitate Sistemaren» arabera, Azpiegitura eta Ekipamenduen Arauan higiene-zerbitzuen, guztientzako zerbitzuen eta gela-banaketaren inguruan jasotzen diren gutxieneko estandarrak eta, bestetik, abenduaren 23ko 16/2008 Legeak aldatutako Turismo antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 27. artikulua garatzeko araudian jasoko diren baldintzak.

d) Kanpinak: instalatzeko baimen turistikoa duten kanpinak eraikitzea.

e) Lehendik eginda dauden hoteletako, landetxeetako, turismoko apartamentuetako eta kanpinetako egiturak edo ekipamenduak modernizatzea.

Landetxeen kasuan, Espainiako Turismo Kalitaterako Institutuaren «Landetxeetarako Kalitate Sistemaren» arabera, Azpiegitura eta Ekipamenduen Arauan higiene-zerbitzuen, guztientzako zerbitzuen eta gela-banaketaren inguruan jasotzen diren gutxieneko estandarrak betetzen dituzten proiektuak baino ez dira onartuko.»

Bigarren artikulua.- Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 11ko Aginduaren 5. artikuluaren 4. puntua aldatzen da. Agindu horren bidez, Gauzatu-Turismo programa arautu zen, turismoa garatzeko interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko programa, hain zuzen ere. Honela geratuko da artikulu hori:

«4.- Aurkeztu diren proiektuak egokiak diren ala ez aztertzeko, batzorde bat sortuko da, honako kide hauek izango dituena: Turismo Administrazioko eta Lehiakortasuneko zuzendaria, edo hark izendatutako pertsona (batzordeburua izango da eta, berdinketa geratuz gero, berak erabakiko du auzia); Turismo Sailburuordetzako arduradun tekniko bat; lurralde historiko bakoitzeko turismo-koordinatzaileak; Enpresa Sustatzeko zuzendariordea; Industriaren Sustapen eta Birmoldaketarako Sozietateko (SPRI, S.A.) Enpresa Garapeneko zuzendaria; eta Basquetour, Turismoko Euskal Agentziako zuzendaria, edo hark izendatzen duen pertsona.

Batzorde honen bilkurak baliotasunez eratzeko nahikoa izango da bertan batzordeburua eta idazkaria eta gutxienez beste kideetako bat izatea. Batzordearen funtzionamenduari buruz puntu honetan aurreikusi ez den guztian Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko da.»

Hirugarren artikulua.- Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 11ko Aginduaren 6. artikuluaren 2. puntua aldatzen da. Agindu horren bidez, Gauzatu-Turismo programa arautu zen, turismoa garatzeko interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko programa, hain zuzen ere. Honela geratuko da puntu hori:

«2.- Halaber, hiru hiriburuetako edozeinetan dauden hoteletan eta turismoko apartamenduetan inbertitzeko proiektuak baztertu egiten dira, 5.1.f) atalean jasotako inbertsio-proiektuak izan ezik.»

Laugarren artikulua.- Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 11ko Aginduaren 7. artikuluaren 1. eta 1.a) puntuak aldatzen dira. Agindu horren bidez, Gauzatu-Turismo programa arautu zen, turismoa garatzeko interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko programa, hain zuzen ere. Honela geratuko dira aldatutako puntuak:

«1.- Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko da enpresaren aktiboari gehituko zaizkion aktibo finkoak eskuratzeko inbertsioa, gutxienez 50.000 eurokoa, baldin eta gehienez 24 hilabeteko epean gauzatzen bada eta, agindu honetan eta berau garatzeko xedapenetan ezarritakoez gainera, baldintza hauek betetzen baditu:

a) Azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekre­tuan bildutako Kontabilitate Plan Orokorrak ezarritako definizioaren arabera, kategoria edo epigrafe hauetakoren batean dauden aktiboak izatea:

- 206 Informatika-aplikazioak.

- 211 Eraikuntza-lanak (urbanizatzeko lanak eta lurrak higitzekoak ere barnean direla).

- 212 Instalazio teknikoak.

- 213 Makineria.

- 214 Tresneria.

- 215 Beste instalazio batzuk.

- 216 Altzariak.

- 217 Informazio-prozesuetarako ekipoak.

- 218 Garraiatzeko elementuak.

- 219 Bestelako ibilgetu materiala.

Aktiboen preziotzat haien balio «garbia» hartuko da, hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.

218 epigrafeari dagokionez, diru-laguntzak emango dira baldin eta horrelako aktiboak behar-beharrezkoak badira proiektua burutu ahal izateko.

Landetxeak sortzeko proiektuetan, ez dira diruz lagunduko titularrak bakarrik erabiliko dituen etxebizitzako aldeetan egiten diren inbertsioak.

Aipatutako 211 epigrafea konputatzeko, balio hauek hartuko dira oinarritzat:

- Etxe osoa edo zati batzuk eraiki berriak direnean, eraikitze-lanen balioa hartuko da oinarritzat, lurren balioa kenduta.

- Eraiki berria den eraikin bat, osoa edo zati bat, erosten denean, bere salerosketaren balioa baino ez da kontuan izango, lurraren balioa, zergak eta komisioak kenduta.

- Establezimendua bestelako erabilerak izan dituen eraikin batean jartzen bada, eraikina turismoko establezimendu gisa atontzeko egin beharreko berrikuntza obren balioa hartuko da aintzat.

Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren helburu soziala den jarduerarekin.»

Bosgarren artikulua.- Industria Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 11ko Aginduko 9. artikulua ezabatu egiten da. Turismoa garatzeko interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko Gauzatu-Turismo programa arautu zen agindu horretan.

Seigarren artikulua.- Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 11ko Aginduaren 10. artikuluari idazkera berria ematen zaio. Agindu horren bidez, Gauzatu- Turismo programa arautu zen, turismoa garatzeko interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko programa, hain zuzen ere. Honela geratuko da artikulu hori:

«10. artikulua.- Laguntzen zenbatekoak.

Entitate edo/eta pertsona onuradunek honako laguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte:

a) Laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 30 arteko aurrerakin itzulgarriak.

b) Bideragarritasun- edo/eta finantza-planaren % 100eko aurrerakin itzulgarriak (gehienez ere, 6.000 euro).

Aurrerakin itzulgarriak ez dira inoiz izango 900.000 eurotik gorakoak.»

Zazpigarren artikulua.- Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 11ko Aginduaren 11. artikuluari idazkera berria ematen zaio. Agindu horren bidez, Gauzatu- Turismo programa arautu zen, turismoa garatzeko interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko programa, hain zuzen ere. Honela geratuko da artikulu hori:

«11. artikulua.- Laguntzak metatzea eta mugak.

Agindu honetan araututako laguntzak, batetik, eta, bestetik, xede berarekin beste herri-administrazio batzuek edo erakunde pribatuek emandako laguntzak bateragarriak izango dira, baldin eta laguntza guztien baturak eskualdeko helburua duten Estatuaren laguntzei buruzko Jarraibideen 4.4 idatz-zatian (2006ko martxoaren 4ko EBAO, C54) zehaztutako muga gainditzen ez badu. Halako laguntzarik jasoz gero, horren berri eman behar zaio Turismo Administrazioko eta Lehiakortasuneko Zuzendaritzari.

Adierazitako muga gaindituz gero, soberakinari dagokion kopurua kenduko zaio agindu honen babespean jasotako laguntzari.»

Zortzigarren artikulua.- Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 11ko Aginduaren 13. artikuluaren 3. puntua aldatzen da. Agindu horren bidez, Gauzatu-Turismo programa arautu zen, turismoa garatzeko interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko programa, hain zuzen ere. Honela geratuko da artikulu hori:

«3.- Eskabideak proiektua hasten den ekonomia-ekitaldian aurkeztu beharko dira eta eskabidean adierazi beharko da proiektua urtebetean ala hainbat urtetan gauzatuko den; hainbat urtetan gauzatzekoa bada, ekitaldi bakoitzeko zenbatekoak zehaztu beharko dira. Ez dira onartuko aurreko ekitaldietan egindako inbertsioak, agindu honen 2. artikuluan jasotako kasuan kenduta.»

Bederatzigarren artikulua.- Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 11ko Aginduaren 14. artikuluaren 1. puntuaren a) eta b) idatz-zatiak aldatzen dira. Agindu horren bidez, Gauzatu-Turismo programa arautu zen, turismoa garatzeko interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko programa, hain zuzen ere. Honela geratuko da artikulu hori:

«a.1) Inbertsio-proiektuaren txosten zehatza, bideragarritasun plan ekonomiko-finantzario eta laborala eta hori gauzatzeko epeak bilduko dituena.

a.2) Hala behar denean, establezimenduaren proiektu arkitektonikoa, txostena eta planoak bilduko dituena.

b) Eratze-eskritura eta Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia, eskatzailearen ahalordearen fotokopia; agiri horiek Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak lehendik baldin badauzka ez dira berriz aurkeztu behar.»

Hamargarren artikulua.- Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 11ko Aginduaren 18. artikuluaren 2., 3. eta 4. puntuen zenbakiak aldatzen dira: aurrerantzean, 3., 4. eta 5.a izango dira, hurrenez hurren. Aipatutako agindu horren bidez, Gauzatu-Turismo programa arautu zen, turismoa garatzeko interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko programa, hain zuzen ere. Halaber, 18. artikulu horretan 2. atal berria sartzen da eta honela geratzen da idatzita:

«2.- Hala ere, aurreko atalean esandakoa gorabehera, Turismo sailburuordeak luzatu egin dezake laguntzak emateko ebazpenean ezarritako itzulketa-egutegia, enpresa onuradunak hala eskatzen badu eta, betiere, enpresaren egoera finantzarioaren azterketa egin ondoren. Luzapen hori hasierako egutegian ezarritako itzulketa guztiei, bakar bati edo batzuei aplikatu ahal izango zaio; hala ere, laguntzak emateko ebazpenean finkatutako egutegia ezin izango da urtebetetik gora luzatu. Luzapena onartzen bada, onuradunak dagozkion legezko interesak ordaindu beharko ditu.»

Hamaikagarren artikulua.- Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 11ko Aginduaren 20. artikuluaren 1. eta 2. puntuei idazkera berria ematen zaie. Agindu horren bidez, Gauzatu-Turismo programa arautu zen, turismoa garatzeko interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko programa, hain zuzen ere. Honela geratuko dira bi puntu horiek:

«1.- Enpresa onuradunak betetzen ez badu agindu honetan, aplikatu behar diren gainerako arauetan eta ebazpenean ezarritako baldintza eta beharkizunetako baten bat, organo eskudunak, ez-betetzeari buruzko espedientea egin eta interesatuari entzun ondoren, interesatuak laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du ebazpen bidez eta, hala badagokio, jasotako laguntzen printzipala itzuli behar diola Garapenerako Euskadiko Kapital-Sozietateari (SOCADE, S.A.) eta dagozkion interesak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.

Itzulitako kopuruak zuzenbide publikoko sarreratzat joko dira legezko ondorio guztietarako.

2.- Ez-betetzeen artean honako hauek daude:

2.1.- Inbertsioari buruzkoak:

a) Agindu honen 9. eta 10. artikuluetan inbertsioari buruz ezarritako gutxienekoak ez gauzatzea.

b) Inbertsioa egiteko ezarrita dauden epeak gainditzea, betiere Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Turismo sailburuordeak emandako aldaketarako edo luzapenerako baimenik ez badago.

c) Agindu honen 22. artikuluko 2. eta 5. puntuetan ezarritako betebeharrak ez betetzea eta, oro har, aurkeztutako proiektuan onartu diren turismo-araudiko zehaztapenak konplitzea eragozten duen edozein aldaketa egitea, salbu eta aldaketa aurrez jakinarazi bada eta Turismo sailburuordeak berariaz onartu badu.

2.2.- Itzulketei buruzkoak:

a) Autolikidazioak eta itzulketak agindu honetako 18. artikuluan ematen diren epeen barruan ez egitea.»

Hamabigarren artikulua.- Industria Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 11ko Aginduko 22. artikuluan beste puntu bat gehitzen da. Turismoa garatzeko interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko Gauzatu-Turismo programa arautu zen agindu horretan:

«5.- Enpresa onuradun guztiek diruz lagundu den proiektua martxan izan beharko dute aurrerakin itzulgarriaren lehenengo itzulketa egin behar duten eguna baino lehen, salbu eta aurretik salbuetsita egoteko baimena eskatu badute eta Turismo sailburuordeak hori berariaz onartu badu.

Zenbait enpresak Turismo Enpresa eta Establezimenduen Erregistroan inskribatuta egon beharko dute, baldin eta euren ezaugarriak direla-eta hartara behartuta badaude.»

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ahalmena ematen zaio Turismo sailburuordeari agindu hau aplikatzeko beharrezko diren ebazpenak eman ditzan eta aginduaren inguruan sortzen diren zalantza zehatzak —sortuz gero— ebatz ditzan.

Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 23a.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.


Azterketa dokumentala