Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2004ko maiatzaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Justizi Administrazioa

Gernika-Lumoko Instrukzioko 2 Zenbakiko Epaitegia
2592

EDIKTUA, 40/02 falta judizioaren ondoriozkoa.

Nik, Pilar Gonzalez Diegok, Gernika-Lumoko Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiko idazkari naizen aldetik,

FEDE ETA TESTIGANTZA EMATEN DUT:

40/02 falta-judizioaren gainean epaia eman dela, zeinaren xedapen zatia eta idazpurua ondokoak baitira:

Gernika-Lumon, 2002ko apirilaren 16an.

Nik, María Fernanda Lorite Chicharrok, Gernika-Lumoko Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiko epaile naizen aldetik, ikusi ditut ebasketa bati buruzko 40/02 falta-judizioari dagozkion autoak. Alderdi izan dira, Ministerio Fiskala, herri-akzioa ordezkatuz; salatzailea, Joshihiro Ono, eta salatuak, José Martín Arberas eta Javier Castro.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Jarduketa hauek 2001eko azaroaren 24an gertatutako egitate batzuengatik Joshihiro Ono jaunak aurkeztutako salaketa batengatik hasi ziren, José Martín Arberas eta Javier Castroren aurka.

2002ko urtarrilaren 14ko auto batez, 1619/01 aurretiazko eginbideak hasi ziren, eta beharrezkotzat jo ziren eginbide guztiak burutu ziren honako hauek argitzeko: egitateak, erantzuleak eta hori epaitzeko organo eskuduna. 2002ko otsailaren 28ko auto batez, egitateak faltatzat jo ziren, eta legez jarritako izapideak egin ondoren, 2002ko martxoaren 20ko probidentzia batez, hitzezko judizioa egitea erabaki zen. Inplikatuta zeuden guztei zitazioa egin zitzaien judizio horretara joan zitezen.

Bigarrena.– Judiziora, Ministerio Fiskalarekin batera, salatuak agertu ziren, José Martín Arberas eta Javier Castro; salatzailea ez zen agertu, legez jarritako moduan zitatuta zegoen arren. Ministerio Fiskalak salatuak absolbitzeko eskatu zuen.

Hirugarrena.– Judizio hau izapidetzerakoan, legezko preskripzio guztiak bete dira.

Judizioan egindako azalpenak kontuan hartuta, honako hau deklaratzen da

FROGATUTAKO EGITATEAK

Bakarra.– 2001eko azaroaren 24an, Joshihiro Ono jaunak salaketa bat jarri zuen Gernikako Ertzainetxean, José Martín Arberas jaunaren eta Javier Castro jaunaren aurka: bizikleta bat ebatsi ziotela salatu zuen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Jurisprudentzia-doktrinak, bai Konstituzio Epaitegiarenak bai Epaitegi Gorenarenak, behin eta berriz esan du akusazio-printzipioa Konstituzioaren 24. artikuluan jasotzen diren eskubideen artean dagoela. Horren haritik, Konstituzio Epaitegiak hau deklaratu zuen otsailaren 22ko 53/89 epaian: epaitegi honek behin eta berriz emandako doktrinan, akusazio-printzipioa zigor-prozeduraren funtsezko bermeen artean dagoela esan du (berme horiek Konstituzioaren 24. artikuluan finkatuta daude). Falta-judizioetan akusazio-printzipioaren erabateko indarraldia aldarrikatzen du Konstituzio Epaitegiaren jurisprudentziak (epaiak: 89-11-27, 87-2-20, 87-4-6). Konstituzio Epaitegiaren apirilaren 18ko 54/88 epaiak hau adierazten du:

Falta-prozesu bat eta delitu-prozesu baten artean dagoen aldea ondokoa da: babestutako ondasun juridikoa lesionatzerakoan egindako estimazio kuantitatiboak eta hori zehatzeko dauden penak. Horrela, faltak prozedura zehatz eta sinple batez gauzatzen dira, solemnitaterik gabe; prozesu horretan prozesu-printzipio hauek agintzen dute edo agertzen dira: kontzentrazioa, hurrentasuna, kontraesana, errealitatea eta publikotasuna.

Errugabetasun-presuntzioa interpretatzerakoan sortu den Konstituzio Epaitegiaren doktrinak, jakina denez, "iuris tantum" presuntzioa betetzat jotzeko baldintza bi eskatzen ditu: batetik, frogatu beharraren karga alderdi salatzaileei ezarri behar zaio, uzi penala osatzen duten egitateak frogatu beharko baititu; eta bestetik, edozein herritar kondenatu aurretik, gutxienezko froga batzuk egin beharko dira judizioan, benetako frogabideak erabilita, salbuetsita geratuko direla legeak beren-beregi baimentzen ez dituenak.

Zigor zuzenbideak premisa hau du beti: pertsona oro errugabe da besterik egiaztatzen ez den artean; eta froga hori honela egin behar da:

a) Dagokion prozesu-egituran eta prozesu hori epaitzeko eskumena duen epaile edo epaitegiaren aurrean.

b) Konstituzioan ezarritako sistemaren arabera egin behar da: defentsa-eskubidea, informazio-eskubidea, frogak proposatu eta egiteko eskubidea eta errudun ez deklaratzeko eskubidea; guztiz debekatuta dago edozein bide erabiliz inor torturatzea, prozesuko faseetan edo aurrekoetan.

c) Kargua frogatzeko gutxieneko jarduerak egin behar dira, eta hortik aurrera —ez lehenago— aplikatu behar da Prozedura Kriminaleko Legearen 741. artikulua.

Zigor-bideez kondenatzeko, beharrezkoa da: errunduntasuna dagoela argi eta garbi ikustea burututako eta baloratutako frogan; kargu-froga hori prozesura behar diren bermeak beteta iritea; eta balorazioa egiten duen epai-emaileak eskumen esklusiboa izatea.

Bigarrena.– Hurretasunetik, egindako frogak sakonki baloratu ondoren, frogatutzat eman diren egitateak ez ditut faltatzat jotzen, judizioan egiaztatuta geratu diren inguruabarrak kontuan hartuta. Lehenik eta behin, salatzailea ez da agertu, indiferentzia defentsiboan egotea aukeratu baitu. Bigarrenik, salatuek egozten zaizkien egitateak zati batean onartzen badituzte ere, esan dutenez, gertatutakoa broma-giroan egin zuten; izan ere, salatzaileak berehala berreskuratu zuen bizikleta. Horregatik, alderdi horiek aintzat hartuta eta gai honek ia garrantziarik ez duenez gero eta Ministerio Fiskalak akusaziorik egin ez duenez gero, bidezko da absoluzio-epai bat ematea.

Hirugarrena.– Absoluzioaren kasuan, prozesuko kostuak ofizioz ordainduko dira, Prozedura Kriminalari buruzko Legearen 240.2 artikuluan ezarritakoa betez.

EPAITZA

Egozten zaien faltatik absolbitu egiten ditut José Martín Arberas eta Javier Castro. Sortutako kostuak ofizioz ordainduko dira.

Botere Judizialari buruzko Legearen 265. eta 266. artikuluetan agindutakoari jarraituz, epaia dagokion liburuan jasoko da, eta horren lekukotasuna jatorrizko autoetara eramango da. Alderdiei epaiaren berri eman, eta jakinarazi epaiaren aurka apelazio-errekurtsoa aurkez dezaketela: Bizkaiko Probintzia Auzitegian aurkeztu beharko dute, epaia jakinarazi ondoko 5 egun baliodunen barruan. Hala erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Argitarepana: epaiari dagokion egunean, jendaurreko entzunaldia egiten ari zelarik, epaia eman zuen epaile berberak agindu, irakurri eta argitaratu zuen, Gernika-Lumon. Guzti horren fede ematen dut, idazkari naizen aldetik.

Jasota gera dadin, epaia Joshihiro Ono jakinarazteko —helbidea non duen ez dakigunez gero—, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko egin dut ediktu hau, Gernika-Lumon (Bizkaia), bi mila eta lauko martxoaren hogeita hamaikan.

IDAZKARIA.


Azterketa dokumentala