Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2004ko maiatzaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
2588

AGINDUA, 2004ko maiatzaren 5ekoa, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuarena, ingurumena babestera zuzendutako inbertsioak egiteko enpresei diru-laguntzak ematea arautzen duen apirilaren 23ko 91/2002 Dekretuan aurreikusitako diru-laguntzak 2004ko ekitaldian jasotzeko eskabideak aurkezteko epea zehazten duena.

2002ko maiatzaren 10eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei diru-laguntzak ematea arautzen dituen apirilaren 23ko 91/2002 Dekretua argitaratu zen. Dekretu horren bidez, enpresa onuradunari Europar Batasunean indarrean dauden arauak gainditzen lagunduko dioten ingurumena babesteko maila lortzera bideratutako inbertsioak sustatu nahi dira batez ere. Lehentasuna izango dute emisio kutsatzaileen neurrien emaitzak Administrazioak berak dituen kontrolatzeko sistema orokorretan sartzeko aukera emango duten inbertsioei. Hala ere, ingurumenaren aldeko Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasuneko jarraibide berrietan aurreikusitako salbuespena onartuta (2001/C 37/03), enpresa txiki eta ertainen aldeko inbertsioentzat aldi baterako laguntzak ematea ere aurreikusten da, Europar Batasuneko arau berriak bete ditzaten. Dena den, laguntza horiek, arauak indarrean sartu eta hiru urteko epean eman behar dira.

Apirilaren 23ko 91/2002 Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, urtero, eta Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren Aginduaren bidez, aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako, arautzeko xede diren diru-laguntzak jasotzeko eskaerak aurkezteko epea ezarriko da. Era berean, aurrekontuetan erabilgarri dauden kopuru zehatzak eta lehentasuna duten esleipen-irizpideak aplikatzeari dagokion neurketa jasoko dira. Orobat, adierazi da deialdiaren urteko Aginduak Dekretu horren 7. artikuluan ezarritakoei erantsiko zaizkien esleipen-irizpide berriak gehitu ahal izango dituela.

Agindu honen bidez, 91/2002 Dekretuan jasotakoa betearazi nahi da, gorago transkribatutako 10. artikuluan jasotako baldintzak erantsiz. Agindu honetan eransten diren esleipen-irizpide berriak oinarritzeko asmoz, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakin Berezien Kudeaketa Plana 2002-2006 eta Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen-Estrategiaren, 2002-2006, arloan onartu den Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programa, 2002-2006, aipatu behar dira. Aipatutako Legeak nahiz Planek, hondakinen politikaren oinarrizko helburu dute teknologia garbiak erabiliz industriak sortutako hondakinak ahalik eta gehien murriztea. Horregatik, esleitzeko lehentasunezko irizpide da, industria-jardueretan hondakinak murriztera zuzendutako inbertsioak egitea. Bestalde, paper-orearen, zementuaren, galdaketaren, altzairugintzaren, azaleko tratamenduen eta Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak eragindutako kimikaren sektoreetan ingurumen-mailako hobekuntzak egitea oinarrizkotzat hartuta, esleitzeko lehentasunezko irizpide nagusi izango dira helburu hori duten inbertsioak, eta orokorrean, hasierako egoeraren aldean ingurumen-hobekuntza garrantzitsua eragingo duten prozesu-aldaketak.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 20ko 306/2001 Dekretuan aitortzen zaizkidan ahalmenez baliatuz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta Euskadiko Aurrekontu Araubideari buruzko lege-manuen testu bategina onesten duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren edukiari atxikiz, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko-epea.

1.– Ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei diru-laguntzak ematea arautzen duen apirilaren 23ko 91/2002 Dekretuan onartutako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea bi hilabetetakoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasita. Eskabidea, 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako inbertsioetarako izango da.

2.– Eskabideak Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saileko Ingurumen Sailburuordetzan (Donostia kalea, 1. Vitoria-Gasteiz), Sail horren Lurralde Bulegoetan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan onartutako edozein tokitan aurkeztu behar dira. Eskabidearekin batera, Aginduko eranskinean jasotako inprimakia bete beharko da, eta apirilaren 23ko 91/2002 Dekretuaren 8. artikuluan zehazten diren agiri guztiak aurkeztu.

2. artikulua.– Esleipenerako irizpideak.

Diru-laguntzak emateko lehentasunezko irizpideak izango dira apirilaren 23ko 91/2002 Dekretuaren 7. artikuluan azaltzen direnekin batera, beste hauek ere:

a) Industria-jardueretan hondakinak ahalik eta gehien murriztea, eta hondakinen balorizazioa eta birziklatzea.

b) Konposatu Organiko Hegazkorren jaulkipenen murriztea, Jarduera batzuetan disolbatzaileak erabiltzearen ondorioz sortzen diren Konposatu Organiko Hegazkorren jaulkipenak murrizteari buruzko urtarrilaren 31koa 117/2003 Errege Dekretuaren arabera.

c) Galdaketaren, altzairugintzaren, zementuaren, gainazalen tratamenduaren, paper-orearen eta Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak eragindutako kimika sektoreetan ingurumenaren hobekuntza lortzeko inbertsioak egitea.

d) Hasieran dagoen egoeraren funtsezko hobekuntza suposatzen duten prozesu-aldaketak.

Balorazio-irizpide bakoitzeko gehienez hamar puntu lortuko dira.

3. artikulua.– Aurrekontuko diru-hornidura.

Ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei zuzendutako diru-laguntzen deialdi honetarako aurrekontuko diru-hornidura guztira bi milioi seiehun eta hirurogeita bederatzi mila bederatziehun eta hirurogeita lau (2.669.964) eurokoa izango da.

4. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuari hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Prozedura Administratibo Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta ondorengo artikuluetan xedatutakoaren arabera, edo, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Herriko Justizia Auzitegi Gorenaren aurrean, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat.

XEDAPEN GEHIGARRIA

3. artikuluan jasotako zenbateko osoa aldatu egin daiteke eskatutako laguntza guztien zenbateko batua kontuan izanik, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren beste programak gauzatu ondoren aurrekontuak agortzen ez badira eta aurrekontuak gauzatu aurretik. Gertakari hori argitara emango da, Ingurumen Sailburuordearen dagokion Ebazpenaren bidez.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko maiatzaren 5a.

Lurralde Antolamendu 			 		eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala