Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2004ko maiatzaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
2584

AGINDUA, 2004ko maiatzaren 3koa, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuarena, soinu-inpaktua aztertzeko planak burutzen dituzten Udal eta Mankomunitateei dirulaguntzak ematea arautzen duen Agindua 2004. urtean aplikatzeko egokitzen duena.

Abenduaren 27ko 8/2002 Lege bidez onartutako 2003. urteko Aurrekontu Orokorretan soinu-inpaktuak aztertzeko planak egingo dituzten Udalei eta Mankomunitateei dirulaguntzak emateko aurrekontu-partida jaso da.

Horretarako, 2003. urtean zehar, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak dirulaguntza horien deialdia egin zuen 2003ko maiatzaren 28ko Agindu bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2003ko ekainaren 13ko 116 zk.an argitaratu zena.

2003ko maiatzaren 28ko Agindu horrek indarrean jarraituko du 2004 urtean zehar, aurrekontuen luzapenaren ondorioz eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako laguntzak eta dirulaguntzak arautzen dituzten xedapen batzuen indarraldia luzatzeari buruzko abenduaren 23ko 317/2003 Dekretuaren arabera. Hori dela-eta, 2004 urteko dirulaguntzen deialdia egin da, hain zuzen ere, Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege xedapenen testu bateratua arautzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren IX Tituluan araututako luzapen erregimenaren arabera.

Horregatik, eta ekainaren 30eko Jaurlaritzaren 7/1981 Legearen 26. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz eta Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa zehazten duen azaroaren 20ko 306/2001 Dekretuaren arabera, honakoa

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Eskariak aurkezteko epea.

1.– Soinu-inpaktua aztertzeko planak burutzen dituzten Udal eta Mankomunitateei dirulaguntzak ematea arautzen dituen 2003ko maiatzaren 28ko Aginduan (EHHAren 116. Alean, 2003ko ekainaren 13koa) aurreikusten den dirulaguntza deialdian partehartzeko 2004ko urteko eskabideak Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunetik hasita bi hilabetetako epearen barruan aurkeztu ahal izango dira.

2. artikulua.– Eskariak aurkeztea.

1.– Eskariak helbide honetara bidali beharko dira: Ingurumen sailburuordea, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila, Donostia kalea 1 zk., 01010 Vitoria-Gasteiz. Sail horretako Erregistro Orokorrean edo Sail horren lurralde-bulegoetan aurkeztuko dira, bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak zehaztutako edozein lekutan aurkeztuko dira.

2.– Eskabideekin batera Aginduaren 6. artikuluak xedatutako agiri guztiak aurkeztu beharko dira. 2003ko maiatzaren 28ko Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren Aginduak soinu-inpaktua aztertzeko planak burutzen dituzten Udal eta Mankomunitateei dirulaguntzak ematea arautu du (2003ko ekainaren 13ko EHAA, 116 zk.).

3. artikulua.– Aurrekontu-dotazioa.

2004ko ekitaldian Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko gehienez ere ehun mila (100.000) euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarritako aurrekontu partidaren kargura eta Aginduaren Xedapen Gehigarrian ezarritakoa kontuan izanik.

4. artikulua.– Errekurtsoak

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuari hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Prozedura Administratibo Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta ondorengo artikuluetan xedatutakoaren arabera, edo, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Herriko Justizia Auzitegi Gorenaren aurrean, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat.

XEDAPEN GEHIGARRIA

3. artikuluan ezarritako diru kopuru osoa aldatu ahal izango da, baldin eta eskatutako laguntzen kopuru osoa kontuan hartuta Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saileko aurrekontua egikaritzean aurrekontuko baliabideak agortu ez badira, beti ere dirulaguntzak ebatzi aurretik. Honen berri Ingurumen Sailburuordearen dagokion Ebazpenaren bitartez emango da.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko maiatzaren 3an.

Lurralde Antolamendu 			 		eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala