Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

38. zk., 2001eko otsailaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Gipuzkoako Batzar Nagusiak
988

8/2000 FORU ARAUA, abenduaren 29koa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 24ko 8/1998 Foru Arauko 16. artikulua aldatzen duena.

Gipuzkoako Diputatu Nagusiak

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 24ko 8/1998 Foru Arauko 16. artikulua aldatzen duen abenduaren 29ko 8/2000 Foru Araua", eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia-San Sebastián, 2000ko abenduaren 29a.

Diputatu nagusia,
ROMAN SUDUPE OLAIZOLA.
HITZAURREA

Foru arau honen helburua hauxe da, langileen eta enplegatu publikoen lan harremana iraizpen kolektiboko arrazoiengatik edo zio objektiboengatik amaitu edo deuseztatzen denean, Enplegu Institutu Nazionaletik, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaletik edo horien ordezko entitateetatik jasotzen diren zenbatekoen kalteordain osagarriei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan eman behar zaien tratamendu fiskala finkatzea.

Horrelako kasuetarako, foru arau honek dio lanaren etekin osoa lortzeko %70a aplikatu behar zaiela langileek jasotako zenbatekoei. Hala ere, jasotzen diren zenbatekoek lanbidearteko gutxieneko soldata 2,5ekin biderkatu ondoren ateratzen den zifra gainditzen badute edo 65 urte betetzen diren egunetik aurrera jasotzen badira, oso-osorik sartu beharko dira zergaren oinarri ezargarrian.

Aurreko erregimen hori aplikatu ahal izateko, alabaina, baldintza jakin batzuk bete behar dira. Horrela, beharrezkoa da lan harremana iraungia duten langileek enplegua murrizteko espediente baten ondorioz jasotzea diru kopuruak edo, bestela, lan harremana Langileen Estatutuak 52.c) artikuluan ezartzen duenaren indarrez iraungitzea.

Ezarritako erregimena aplikatzeko bete behar diren beste bi baldintzak honako hauek dira: batetik, langileek jasotzen dituzten diru kopuruak Enplegu Institutu Nazionaletik, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaletik edo horien ordezko entitateetatik datozen zenbatekoen kopuru osagarriak izatea eta, bestetik, aldi baterakoak nahiz biziartekoak izaki, aldizka edo modu kapitalizatuan jasotzea, ordaintzailea edozein dela ere. Bi baldintza horietako lehenak salbuespenak ditu.

Laburbilduz esan daiteke foru arau honen bitartez beste apartatu bat gehitu nahi zaiola Errenta Zergari buruzko abenduaren 24ko 8/1998 Foru Arauaren 16. artikuluari, gorago aipatu diren errenten tratamendua lanaren etekin osoen erregulazioan sartzeko.

Artikulu bakarra.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 24ko 8/1988 Foru Arauaren 16. artikulua aldatzea.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 24ko 8/1988 Foru Arauaren 16. artikuluari 3. apartatua gehitu zaio. Hona hemen beste testua:

"3.– Foru arau honen 9. artikuluko d) letraren arabera salbuetsi daitezkeen zenbatekoen kaltetan gabe, lan harremana iraungia duten langileek jasotzen dituzten diru kopuruek hurrengo paragrafoetan adierazten diren baldintzak betetzen dituztenean 100eko 70eko portzentajea aplikatuz sartuko dira lanaren etekin osoan. Portzentaje hori aplikatu ahal izateko, diru kopuruek ezingo dute urtearen barruan gainditu lanbidearteko gutxieneko soldata 2,5ekin biderkatu ondoren ateratzen den emaitza. Diru kopuruek muga hori gainditzen badute (100eko 70ko portzentajea aplikatu aurretik ezartzen da muga hori) edo 65 urte betetzen diren egunetik aurrera jasotzen badira, oso-osorik sartuko dira zergaren oinarri ezargarrian.

Aurreko paragrafoan aipatu diren baldintzak ondoko hauek dira:

a) Diru kopuru horiek enplegua murrizteko espediente baten ondorioz jasotzea, espediente hori beti ere Langileen Estatutuak 51. artikuluan xedatutakoaren arabera izapidetuta badago eta lan agintaritza eskudunak aurrez onartu badu, edo, bestela, lan harremana aipatu Estatu horren 52.c) artikuluan ezarritakoaren indarrez iraungitzea. Zio ekonomiko edo teknikoengatik edo ezinbesteko arrazoiengatik egingo da bi kasuetan iraizpena.

Letra honetan xedatutakoaren ondorioetarako, herri administrazioetako giza baliabideei buruzko plan estrategikoak enplegua murrizteko espedienteekin parekatuko dira helburu berdinak dituztenean.

b) Enplegu Institutu Nazionaletik, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaletik edo horien ordezko entitateetatik jasotako zenbatekoen kopuru osagarriak izatea. Jasotako zenbatekoek tratamendu bera izango dute nahiz eta zergadunak, arrazoi bereziak direla-eta, inolako prestaziorik ez jaso erakunde horietatik ekitaldian zehar.

c) Diru kopuru horiek, aldi baterakoak nahiz biziartekoak izan, aldizka edo modu kapitalizatuan jasotzea, ordaintzailea edozein dela ere.

Diru kopuruak modu kapitalizatuan jasotzen badira, 3. apartatuan aipatu den tratamendua aplikatuko da baldin eta zergadunarentzat aldekoagoa bada tratamendu hori lanaren errenta irregularretarako aurreikusitako erregimen orokorra baino."

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

1.– Foru Arau honetan aipatzen diren kopuruak, langileek, 65 urte bete artean, 1995. 1996. 1997. eta 1998. ekitaldietan jasotakoak errenta irregulartzat joko dira, ekitaldi bakoitzaren indarreko arautegiari atxikiz.

Errenta irregularra zenbat urtetan sortu den zehazteko xedez, langileak enpresan egindako zerbitzu-urteak zatitu egingo dira lan-harremana amaitu den datatik zergadunak arauzko jubilaziorako 65 urtebete dituen datara bitarteko urte kopuruaz, edo, adin hori bete gabe, Foru Arau honetan aipatzen diren kopuruak guztiz jaso dituen datara bitartekoaz.

Indarreko arautegian errekurtsoak jartzeko ohartematen diren epe orokorrak gorabehera, Zerga Administrazioak berrikusi egingo ditu interesatuak eskatuta, Xedapen Iragankor honetan aipatzen diren ekitaldiak. Horretarako, interesatuak eskabide egin beharko du honako Foru Araua argitaratu eta sei hilabeteko epearen barruan.

2.– Jarraian datorren amaierako xedapenaren 1. Apartuan xedatutakoaren ondorioetarako, eta indarrean dagoen araudiak errekurritzeko aurreikusten dituen epe orokorrak edozein direla ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1999ko zergaldiko aitorpenak berrikusiko ditu interesatuek hala eskatuz gero. Horretarako, interesatuek bidezko eskaera egin beharko dute Foru Arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egunetik hasita sei hilabeteko epean.

AMAIERAKO XEDAPENAK

1.– Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean eta 1999ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak.

2.– Foru diputatuari baimena ematen zaio foru arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.


Azterketa dokumentala