Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2001eko abenduaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
7034

AGINDUA, 2001eko azaroaren 20koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Justizia Administrazioaren EAEko Aztergunearen antolaketa eta funtzionamendu araudia onartzen duena.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta egitekoena finkatzen duen uztailaren 27ko 303/1999 Dekretuak, Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzari esleitzen dio, besteak beste, Justizia Administrazioari buruzko azterlanak sustatzea eta antolatzea, Aginte Judizialaren Kontseilu nagusiko Dokumentazio Judizialeko Zentroarekin eta Justiziako gainerako instituzio eta organoekin lankidetzan. Eta hori aurrera eramateko, Justizia Administrazioaren EAEko Aztergune bat eratzea aurreikusten da.

Maiatzaren 8ko 81/2001 Dekretuaren bidez, Justizia Administrazioaren EAEko Aztergunea sortu eta arautu da, Justizia Administrazioarekin erlazionatuta dauden gaietan Euskal Autonomia Erkidegoko kontsulta eta aholkularitza organoa izan dadin.

Zentzu honetan, Aztergunea Justizia Administrazioarekin erlazionatuta dauden gaiei buruzko ikerketak, eztabaidak, azterketak eta jarduteko proposamenak egiteko gunea izango da, eta zerbitzu publiko horren eskaintzan diharduten edo jarduketaren bat egiten duten erakunde, profesional eta agenteen topaleku izango da.

Bestalde, arestian aipatutako Dekretuaren 2.1 artikuluko f) letran jasotako aurreikuspenei jarraiki, Azterguneari esleitutako funtzioen artean antolaketa eta funtzionamendu araudia lantzea dago. Araudi hori, Dekretuaren 4.4 artikuluari jarraiki, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak onartu beharko du.

Justizia Administrazioaren EAEko Aztergunearen Osoko Bilkurak antolaketa eta funtzionamendu araudia landu ondoren,

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Justizia Administrazioaren EAEko Aztergunearen antolaketa eta funtzionamendu araudia onartzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko azaroaren 20a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak,

JOSEBA AZCARRAGA RODERO.

ERANSKINA
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN EAE-KO AZTERGUNEAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDU ARAUDIA.
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Izaera eta erregimen juridikoa.

1.– Justizia Administrazioaren EAEko Aztergunea Euskal Autonomia Erkidegoko kontsulta eta aholkularitza organoa da Justizia Administrazioarekin erlazionatuta dauden gaietan.

2.– Funtzionamenduari dagokionez, Justizia Auzitegiaren EAEko Azterguneak, Aztergunea bera sortu eta arautzen duen maiatzaren 8ko 81/2001 Dekretuan eta Araudi honetan xedatutakoari jarraituko dio. Osagarri gisa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. Tituluko II. Kapituluan aurreikusitakoa aplikatuko da.

2. artikulua.– Egoitza.

Justizia Administrazioaren EAEko Azterguneak Justiziaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailaren dependentzietan du egoitza, Gasteizen.

Bilkurak Euskal Autonomia Erkidegoko beste edozein lekutan egin ahal izango dira lehendakariak erabakitzen badu, ezohiko izaeraz eta arrazoi justifikatu batekin.

3. artikulua.– Funtzioak.

Justizia Administrazioaren EAEko Azterguneak, Aztergunea bera sortu eta arautzen duen maiatzaren 8ko 81/2001 Dekretuaren 2.1 artikuluan aurreikusitako funtzioak ditu esleituta.

4. artikulua.– Osaera.

Antolaketari eta funtzionamenduari dagokienez, Justizia Administrazioaren EAEko Aztergunea osatzen duten organoak ondokoak dira:

a) Organo kolegiatuak:

Osoko Bilkura.

Lan-batzorde edo lan-talde bereziak.

b) Pertsona bakarreko organoak:

Lehendakaria.

Idazkaria.

II. TITULUA
AZTERGUNEKO KIDEAK

5. artikulua.– Azterguneko mahaikideen hautaketa eta izendapena.

1.– Justizia Administrazioaren EAEko Azterguneko mahaikideak maiatzaren 8ko 81/2001 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera hautatuko dira.

Hautatu ondoren, Azterguneko lehendakariak izendatuko ditu.

2.– Aztergunea osatzen duten erakundeei Aztergunean parte hartzeko ordezkari bat izenda dezaten eskatu –bi aldiz gutxienez– eta erakunde hauek hala egiten ez badute, Aztergunearen osaeran parte hartzeari uko egiten diotela ulertuko da.

6. artikulua.– Azterguneko mahaikideen karguen iraupena, berrautaketa eta kargu-uztea.

1.– Mahaikideen karguaren iraupena hiru urtekoa izango da eta besterik gabe luzatu ahal izango da.

2.– Azterguneko kideen agintaldia aurreko atalean aipatzen den iraupen-aldiaren aurretik amaitu ahal izango da ondoko kasuetan:

a) Kargurako izendatu zuen pertsonak edo erakundeak kargutik kentzea erabakitzea.

b) Izendapenari dagokion kargua uztea.

c) Azterguneko lehendakariaren aurrean karguari uko egitea edo dimititzea.

d) Heriotza.

e) Kargu publikoetarako gaitasungabetzea edo etendura dakarren ebazpen judizial irmoa.

3.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuetan, egin beharreko ordezkapena agintaldia amaitzeko geratzen den aldirako izango da.

7. artikulua.– Azterguneko kideen ordezkotzak.

Organo kolegiatuetako mahaikideekin batera beren ordezkoak hautatu eta izendatuko dira. Mahaikideak ez daudenean, ordezkoek beteko dituzte haien funtzioak.

8. artikulua.– Azterguneko kideen eskubideak.

Justizia Administrazioaren EAEko Azterguneko kideek ondoko eskubideak dituzte:

a) Beren organo kolegiatuen bilkuretan hitz eta botoarekin parte hartzeko eta emandako botoa eta horretarako arrazoiak adierazteko eskubidea.

b) Berariaz eskatzen dutenean, beren organo kolegiatuetan aztertzen diren gaiei buruzko informazioa eta gainerako organo kolegiatuena eskuragarri izateko eskubidea.

c) Beren organo kolegiatuen ezohiko deialdia eskatzeko eskubidea.

d) Proposamenak eta iradokizunak aurkezteko eskubidea gai-zerrendan barne hartzeko, beren organo kolegiatuetan erabakiak hartzeko edo gai jakin bat aztertzeko.

e) Azterguneak agindutako egintza guztietan Aztergunea ordezkatzea, lehendakariari dagokion ordezkaritza-esleipenaren kaltetan izan gabe.

f) Bilkuren deialdia eta gai-zerrenda organo bakoitzarentzat ezarritako aurretiaz ezagutzeko eta bertan agertzen diren gaiei buruzko dokumentuak eta informazioa eta aurreko bilkurako akta eskuragarri izateko eskubidea.

g) Galde-eskeak egiteko eskubidea.

h) Beren organo kolegiatuen bilkuretara joateagatik konpentsazio ekonomiko bat jasotzeko eskubidea. Konpentsazio hau bateragarria izango da bilkuretara joateak edo bertan parte hartzeak dakartzan joan-etorriei dagozkien kalte-ordainekin.

Bertaratzeagatiko konpentsaziorik ez da izango dagokion organo kolegiatuan duten zeregina edo parte-hartzea Administrazio Publikoan betetzen duten karguak edo lanpostuak eskatzen duenean.

Joan-etorriengatiko kalte-ordainak otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan izaera orokorrez aurreikusitako baldintzetan eta kopuru-mugarekin jasoko dira.

9. artikulua.– Azterguneko kideen betebeharrak.

Justizia Administrazioaren EAEko Azterguneko kideek ondoko betebeharrak dituzte:

a) Parte hartzen duteneko organo kolegiatuen bilkuretara joatea.

Urtearen barruan justifikatu gabe bi bileretara (segidan) edo hiru bileretara joan ezean, mahaikidea hautatu zuenari mahaikidearen ordezkapena proposatzeko komenigarritasuna aztertuko du nahitaez Osoko Bilkurak.

b) Araudi honi edo berau garatzeko onartzen diren jarraibide eta aginduei jarraiki jokatzea.

III. TITULUA
ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA
I. KAPITULUA
OSOKO BILKURA

10. artikulua.– Definizioa eta osaera.

Osoko Bilkura Aztergunearen borondatea erabaki eta osatzen duen organo gorena da eta maiatzaren 8ko 81/2001 Dekretuaren 3. artikuluak araututakoaren arabera dago osatuta.

11. artikulua.– Funtzioak.

1.– Aztergunea sortu eta arautzen duen maiatzaren 8ko 81/2001 Dekretuaren 2.1 artikuluak Justizia Administrazioaren EAEko Azterguneari esleitzen dizkion funtzio guztiak Osoko Bilkurak hartzen ditu bere gain.

2.– Horrez gain, Osoko Bilkurari ondoko gaiak ezagutzea eta horiei buruzko erabakiak hartzea dagokio:

a) Azterguneko lan-programa onartzea.

b) Aztergunearen epe labur eta luzerako jardun-ildo orokorrak onartzea.

c) Egindako kudeaketari buruzko urteko azterketa-txostena eta urte horretan Justizia Administrazioan izandako aldaketak jasoko dituen egoera-balantze bat onartzea.

d) Lan-batzorde edo lan-talde bereziak eratzea eta haien osaera, helburuak eta funtzionamendu-sistema ezartzea.

e) Araudi honen garapenean eta aplikazioan Aztergunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren jarraibideak, aginduak eta/edo gomendioak onartzea.

f) Bere erabakien argitalpenari buruz erabakitzea.

g) Aztergunearen funtzionamendu-araudia lantzea eta aldatzea. Araudiaren aldaketa Agindu honen IV. Tituluan ezarritako prozedurari jarraiki egingo da.

12. artikulua.– Bilkura-motak.

1.– Osoko Bilkurak ohikoak edo ezohikoak izan daitezke.

2.– Ohiko Osoko Bilkura urtero bitan egingo da gutxienez.

3.– Ezohiko Osoko Bilkura ondoko kasuetan egin ahal izango da:

a) lehendakariak eskatuta.

b) Gutxienez kideen erdiek lehendakariari zuzendutako idatzi baten bidez eskatzen dutenean. Idatzi horretan, guztien identitateaz eta sinadurez gain, aztertu beharreko gaiak eta eskatutako ezohiko bilkura justifikatuko duten arrazoiak jaso beharko dira.

4.– Ezohiko bilkura egiteko epea hamabost egun naturalekoa izango da gehienez ere, eskaera erregistratzen den egunetik kontatzen hasita.

13. artikulua.– Deialdia.

1.– Osoko Bilkurarako deialdia Azterguneko lehendakariak egingo du eta Azterguneko kide guztiei zuzenduko zaie idatziz, bilkuraren eguna baino hamabost egun natural lehenago (ohiko bilkura izanez gero) edo bost egun baliodun lehenago (ezohiko bilkura izanez gero) gutxienez.

2.– Deialdiak, bilkuraren lekuaz, egunaz eta orduaz gain, gai-zerrenda adieraziko du eta aztertu beharreko gaiei buruzko berariazko informazioa barne hartuko du, halakorik egitea eragozten duen arrazoi justifikatu bat dagoenean izan ezik. Kasu horretan, deialdiari dagokion bilkuraren egunarekiko gutxienez bost egun balioduneko aurretiaz bidaliko da dokumentazio hori. Beste edozein dokumentazio osagarri bidaltzeko ere epe bera bete beharko da.

3.– Nolanahi ere, deialdiaren baldintzak bete ez arren, Osoko Bilkura balio osoz eratuta geratuko da kide guztiak bildu eta aho batez erabakitzen dutenean.

14. artikulua.– Gai-zerrenda.

1.– Bileren gai-zerrenda lehendakariak finkatuko du. Ohiko bilkuretan, Osoko Bilkurako kideek gai jakin batzuk aztertzeko egiten dituzten iradokizunak lehendakariak aztertuko ditu eguneko gai-zerrenda egin aurretik. Hala ere, Aztergunearen Osoko Bilkurako kideen heren batek –gutxienez– formalki eskatzen dituen gaiak gai-zerrendan barne hartu beharko dira.

2.– Ezohiko bilkuretan, bilkura eskatzen duenak aurkeztutako gai guztiak barne hartu beharko dira gai-zerrendan.

15. artikulua.– Quoruma.

1.– Osoko Bilkura lehen deialdian balio osoz eratuta geratzeko quoruma kideen erdikoa izango da gutxienez. Horien artean lehendakariak eta idazkariak egon beharko dute nahitaez.

Halako quorumik lortzen ez bada, Osoko Bilkura bigarren deialdian eratuta geratuko da lehen deialdirako adierazitako ordutik ordu erdira.

2.– Osoko Bilkura bigarren deialdian eratzeko nahikoa izango da kideen herenek parte hartzea. Horien artean lehendakariak eta idazkariak egon beharko dute nahitaez.

3.– Aurreko paragrafoetan ezarritako quorumak bilkura osoan mantendu beharko dira.

16. artikulua.– Erabakiak hartzea.

1.– Osoko Bilkuraren erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soilaren aldeko botoarekin hartuko dira. Berdinketarik izanez gero, lehendakariaren kalitateko botoak erabakiko du.

2.– Gai-zerrendatik kanpo aztertu beharreko gaiei dagokienez:

a) Ohiko bilkura baten kasuan, erabakiak balioa izateko kide guztien gehiengo absolutu bidez hartu beharko da. Kasu honetan, erabakia hartu deneko bilerara joan ez diren kideei erabakiaren berri emango zaie hamabost eguneko epean bidezkotzat hartzen dituzten kontrako arrazoiak adierazteko.

b) Ezohiko bilkura baten kasuan, ezin izango da ezein erabaki balio osoz hartu.

3.– Osoko Bilkurako kideek beren botoa justifikatzen duten arrazoiak jasoarazi ahal izango dituzte aktan.

17. artikulua.– Bilkuretako akta.

1.– Osoko Bilkura bakoitzeko akta jasoko da, idazkariaren fedepean eta lehendakariaren ontzat emanarekin.

2.– Bilkuretako aktak ondokoak jasoko dituzte:

a) Araudi honen 8.h) eta 9.a) artikuluetan aurreikusitakoari jarraiki, bertaratuen, ezin etorria adierazi dutenen eta ezer adierazi gabe bertaratu ez direnen izena eta abizenak.

b) Bilkuraren lekua, eguna eta ordua.

c) Bilkura ohikoa ala ezohikoa den eta lehen ala bigarren deialdian egiten den.

d) Bilkuraren gai-zerrenda.

e) Aztertutako gaiak eta eztabaiden puntu nagusiak.

f) Lehendakariak bozketara jarritako proposamenak.

g) Hartutako erabakien edukia eta bozketen emaitza.

h) Hala badagokio, Azterguneko kideek beren botoari buruz emandako arrazoiak.

3.– Akta Azterguneko kide bakoitzari igorriko zaio hurrengo bilkurarako deialdiarekin batera. Akta hurrengo bilkuraren hasieran onartuko da eta, hala badagokio, bidezkoak diren zuzenketak gaineratuko dira.

4.– Idazkariak hartu diren berariazko erabakiei buruzko ziurtagiria egin ahal izango du, ondorengo aktaren onarpenaren kaltetan izan gabe. Akta onartu aurretik igorritako erabakien ziurtagirietan, zirkunstantzia hori jaso beharko da.

II. KAPITULUA
LAN-BATZORDE EDO LAN-TALDE
BEREZIAK

18. artikulua.– Sorkuntza, osaera, helburuak eta funtzionamendua.

1.– Batzorde edo talde berezien sorkuntza, osaera, helburuak eta funtzionamendu-arauak Aztergunearen Osoko Bilkuraren eskumena dira.

2.– Batzorde edo talde bereziak iraunkortasunez edo egoeren arabera eratu ahal izango dira.

19. artikulua.– Osaera.

1.– Batzorde edo talde bereziak gutxienez lau pertsonak eta gehienez hamarrek osatuko dituzte. Batzorde edo talde horietan, Azterguneko kideak izan ez arren Azterguneak aditu gisa izendatzen dituen pertsonak barne hartu ahal izango dira.

2.– Eratzen den batzorde edo talde berezi bakoitzeko lehendakaria batzorde edo taldeko kideek izendatuko dute beraien artean.

3.– Lan-batzorde edo lan-talde berezietako idazkaria bertako kide bat izango da eta honek hitza eta botoa izango du.

20. artikulua.– Funtzioak.

Lan-batzorde edo lan-talde bereziei dagozkien funtzioak Osoko Bilkurak agintzen dizkionak dira.

21. artikulua.– Funtzionamendu-araudia.

1.– Lan-batzorde edo lan-talde berezietarako deialdia Azterguneko lehendakariak egingo du.

2.– Funtzionamendua malgua izango da, parte-hartzea bilatuko du, landu beharreko gaiari egokituko zaio eta Osoko Bilkuraren edo lehendakaritzaren aginduei jarraituko die.

III. KAPITULUA
LEHENDAKARITZA

22. artikulua.– lehendakaria.

1.– Justizia Administrazioaren EAEko Azterguneko lehendakaria Aztergunea sortu eta arautzen duen maiatzaren 8ko 81/2001 Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitako organoaren titularra izango da.

Justizia Administrazioaren EAEko Azterguneko lehendakariak Osoko Bilkura zuzenduko du.

2.– Eratzen den lan-batzorde edo lan-talde berezi bakoitzeko lehendakaria batzorde edo taldea osatzen dutenek izendatuko dute beraien artean.

23. artikulua.– Eskumenak.

Justizia Administrazioaren EAEko Azterguneko lehendakariak ondoko eskumenak ditu esleituta:

a) Aztergunearen ordezkaria izatea.

b) Aztergunearen jardunak zuzentzea.

c) Osoko Bilkuretarako deialdia egitea, bilkurak zuzentzea, bilkurak egokiro bideratzeko jarraibide orokorrak lantzea eta eztabaidak moderatzea.

d) Eztabaidak zuhurtasun-irizpideen arabera zuzentzea. Halaber, Azterguneko kideen hitz egiteko txandak eta hauen iraupena irizpide horiei jarraiki arautuko ditu.

e) Araudi honetan ezarritako prozedurari jarraiki, Osoko Bilkuren gai-zerrenda formulatzea.

f) Bere sinadurarekin bilkuretako aktak berrestea, erabakien igorpena eta argitalpena agintzea eta erabakiak bete daitezen xedatzea.

g) Aztergunearen izenean erakunde, organismo, elkarte, agintari eta partikularrekin hitz egitea.

h) Araudi hau betetzea eta betearaztea eta Osoko Bilkurari zalantzazko kasuen interpretazioa eta adierazi gabekoen integrazioa proposatzea.

i) Legeak eta Araudi honek ematen dizkion funtzio guztiak (lehendakari-izaerari datxezkionak edo Aztergunearen Osoko Bilkurak eskuordetzan emanda bere gain hartzen dituenak) eta, oro har, Araudi honek beste organo batzuei esleitu gabeko guztiak.

IV. KAPITULUA
IDAZKARITZA

24. artikulua.– Idazkaria.

1.– Aztergunearen Osoko Bilkurako Idazkaritza Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzako teknikari bati dagokio. Honek hitza izango du baina botorik ez.

2.– Lan-batzorde edo lan-talde berezietako idazkaria bertako kide bat izango da. Honek hitza izango du baina botorik ez.

25. artikulua.– Eskumenak.

1.– Aztergunearen Osoko Bilkurako idazkariak ondoko eskumenak ditu esleituta:

a) Azterguneko kideek eta hirugarrenek Aztergunean aurkeztu nahi dituzten gai, txosten, proposamen edo dokumentu guztiak hartzea, antolatzea eta bideratzeko prestatzea (hau izango da Osoko Bilkurak guztiak aztertzeko erregelamenduzko bidea) eta guztien izapideak egitea.

b) Gai-zerrendan barne hartutako gaiei buruzko dokumentu guztiak Azterguneko kideen esku uztea hauek azter ditzaten.

c) Azterguneak sortzen duen edo daukan informazioa dagokien pertsonei edo instantziei igortzea.

d) Osoko Bilkuretara joatea.

e) Osoko Bilkuretako aktak egitea eta hartzen diren erabakiak bideratzea.

f) Lehendakariaren ontzat emanarekin fede-emaile gisa jardutea eta, horrela, aktak eta Azterguneak hartutako erabakiak ziurtatzea eta, hala badagokio, ziurtagiria dagokion aktaren onarpenaren aurrekoa dela jasoaraztea. Halaber, lehendakariaren ontzat emanarekin, bere zaintzapean utzitako ziurtagiriak, irizpenak, boto partikularrak eta bestelako dokumentuak luzatuko ditu.

g) Bere kargura dauden espedienteak eta artxiboa eta dokumentuen sarrera eta irteerako erregistroa antolatu eta zaintzea eta organoen eta hauetako kideen esku uztea hala eskatzen zaionean.

h) Osoko Bilkurak Araudi honen 11.2 c) artikuluan aipatutako txostena eta balantzea prestatzeko bidezkoak diren datu guztiak ematea.

i) Lehendakariak agintzen dizkion edo bere karguari dagozkion kudeaketa eta koordinazio zeregin guztiak.

2.– Lan-batzorde edo lan-talde berezi bakoitzeko idazkariak aurreko paragrafoan adierazitako esleipen berberak izango ditu, dagokion jardun-esparru zehatzari egokituta badaude ere.

IV. TITULUA
FUNTZIONAMENDU-ARAUDIAREN
ALDAKETA

26. artikulua.– Prozedura.

Justizia Administrazioaren EAEko Aztergunearen Funtzionamendu Araudia aldatzeko ondoko prozedurari jarraituko zaio:

a) Ekimena Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, Justizia sailburuordeari, Azterguneko lehendakariari edo Osoko Bilkurari dagokio. Azken kasu honetan, kideen erdien proposamena beharko da.

b) Aldatzeko proposamenarekin batera, testu artikulatu alternatibo bat eta horretarako argudioak aurkeztu beharko dira.

c) Araudia aldatzeko proposamena Azterguneko kideen gehiengo absolutu bidez onartu beharko da.

d) Aldaketari buruzko erabakia justizia-arloan eskumena duen saileko sailburuari helaraziko zaio honek onar dezan.

V. TITULUA
ADMINISTRAZIO-KUDEAKETA

27. artikulua.– Aztergunearen laguntza teknikoa eta administratiboa.

Justizia Administrazioaren EAEko Aztergunea Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari –Justizia Sailordetzari– adskribiturik egongo da, eta Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzari egokituko zaio Azterguneari behar duen laguntza tekniko eta administratiboa ematea.


Azterketa dokumentala