Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2024ko apirilaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1847

44/2024 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzako 2024ko enplegu publikoaren eskaintza onartzeko erabakia.

Gobernu Kontseiluak, 2024ko martxoaren 26an egindako bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzako 2024ko enplegu publikoaren eskaintza onartzeko erabakia hartu du, eta, erabaki horri behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzako 2024ko enplegu publikoaren eskaintza onartzeko erabakiaren testua. Erabaki hori ebazpen honen eranskinean dago.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 9a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 9KO 44/2024 EBAZPENARENA
ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN EREMUAN ESTATURAKO GAIKUNTZA DUTEN TOKI-ADMINISTRAZIOKO FUNTZIONARIOENTZAKO 2024KO ENPLEGU PUBLIKOAREN ESKAINTZA ONARTZEKOA

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 70.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, «Giza baliabideen beharrizanak daudenean, eta, horretarako aurrekontuko diru-izendapena egonda, langile berriak sartzea beharrezko denean, enplegu publikoaren eskaintza egin behar da, edo langile-beharrizanak betetzeko antzeko beste kudeaketa-tresnaren bat erabili behar da; horretarako, beharrezkoa izango da sortutako plaza horiek betetzeko hautaketa-prozesuetarako deialdia egitea».

Era berean, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 52.1 artikuluak honako hau ezartzen du: «Aurrekontu-esleipena duten postuak betetzeko langileak behar direnean, postuok ezin direlako bete administrazio bakoitzean dauden giza baliabideekin, enplegu publikoaren eskaintza egin beharko dute euskal administrazio publikoek eta haien mendeko entitateek, edo antzeko beste edozein kudeaketa-tresna erabili, langileen ordezkaritzarekin negoziatu ondoren».

Horrela bada, enplegu publikoaren eskaintza da Administrazioak langile-beharrizanak programatzeko duen tresna, giza baliabideak arrazionalizateko helburua lortzen laguntzeko.

Bestetik, kontuan izan behar da toki-korporazio guztietan funtzio publiko beharrezkoak direla fede publikoaren, nahitaezko lege-aholkularitzaren, kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren eta aurrekontu-kudeaketaren kontrolaren zein barne-fiskalizazioaren, eta kontabilitatearen, diruzaintzaren nahiz zerga-bilketaren funtzio publikoak, eta horien administrazio-erantzukizuna Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat erreserbatuta dagoela.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioaren eskalako plaza asko daude hutsik, azpieskala eta kategoria batekoak eta bestekoak, eta, hortaz, beharrezkoa da gaikuntza duten funtzionarioek lanpostu horiek betetzea, eskala horretarako erreserbatutako plaza hutsak ezin baitira kendu, ez amortizatu, toki-korporazioetan egiturazkoak direlako eta aurrekontuetan zuzkidura propioa direlako.

Aipatutako aginduak eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betetzeko (xedapen hori berridatzi egin zuen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko justiziaren, funtzio publikoaren, toki-araubidearen eta mezenasgoaren zerbitzu publikoaren alorrean premiazko neurriak onartzen dituen abenduaren 19ko 6/2023 Errege Lege Dekretuaren 128.7 artikuluak), Erabaki honen bidez Estaturako gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzako 2024ko enplegu publikoaren eskaintza onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan. Eskaintza horretan sartzen dira hutsik dauden eta aurrekontuetan zuzkidura duten plazak izanik atxikita dituzten zerbitzu publikoek ondo funtziona dezaten lehenbailehen bete beharrekoak diren plazak.

Guztira 117 plaza eskainiko dira, beste eskaintza publiko batzuetan eta beste deialdi batzuetan sartuta daudenez gain. Plaza horien barruan txanda irekikoak eta barne-sustapeneko txandakoak sartzen dira. Barne-sustapeneko txandako prozesuen deialdiak txanda irekikoekin batera egin ahal izango dira edo deialdi independenteen bidez.

Eskainitako plaza guztietatik, plaza hutsen % 7 gorde dira desgaitasuna duten pertsonentzat (halakotzat joko dira Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 4.2 artikuluan zehaztutakoak; testu bategin hori azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen); halako pertsonek, betiere, hautaketa-prozesuak gainditu behar dituzte eta egiaztatu desgaitasunen bat dutela lanpostuaren zereginetan aritzeko bateragarria dena. Hartara, pixkana-pixkana lortu nahi da Administrazio Publiko bakoitzean, guztira, % 2 izatea langile horiek.

Horren ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak, 2024ko martxoaren 26ko bilkuran, hau,

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Estaturako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat enplegu publikoaren eskaintza onartzea 2024rako. Eskaintza horretan erabaki honen eranskinean zehaztutako plaza huts guztiak sartzen dira.

Bigarrena.– Eskainitako plazetara iristeko prozedura eta betekizunak, kasuan kasuko deialdietan zehaztuko dira.

Hirugarrena.– Deialdia bukatutakoan bete gabe geratzen diren lanpostuak berriro sartu ahal izango dira beste deialdi batean, baldin eta enplegu publikoaren eskaintza argitaratu ondoren hiru urte baino gehiago igaro ez badira.

Deialdi berri horretan garbi azaldu beharko da zer plaza datozen aurreko deialdi batetik eta noizko eskaintzatakoak diren.

Laugarrena.– Eskaintza honekin lotutako deialdiak behin erabakia onartzen denetik gehienez ere urtebeteko epean egin beharko dira.

Bosgarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta haren Administrazio instituzionalaren egoitza elektronikoan argitara dadila agintzea.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala