Osakidetzak bat egiten du Esku-Higienearen Mundu Egunarekin

Argitalpen-data: 


      higiene_de_manos.jpg

MAIATZAK 5, ESKU-HIGIENEAREN MUNDU EGUNA

  • Esku-higienearen bultzada indartzen du, infekzioak murrizteko eta germenen hedapena murrizteko funtsezko faktore gisa
  • Esku-higienea Osakidetzaren lan-ildo nagusietako bat da Pazientearen Segurtasunerako 2030 Estrategia berriaren barruan

Osakidetzak bat egiten du datorren igandean, maiatzak 5, izango den Esku-Higienearen Mundu Egunarekin, Osasunaren Mundu Erakundeak (OMEk) gidatutako kanpainaren esparruan. Aurten, kanpainak lelo hau hartu du: “Zergatik da hain garrantzitsua esku-higieneari buruzko ezagutzak partekatzea? Arreta medikoan germen kaltegarrien hedapena geldiarazten laguntzen duelako”.

Esku-higienea Osakidetzaren helburu estrategikoetako bat eta lan-ildo nagusietako bat da, modu erabakigarrian laguntzen baitu pazientearen segurtasunean, Pazientearen Segurtasunerako 2030 Estrategia berrian jasotzen denez.

Esku-higienea da osasun-laguntzarekin lotutako infekzioak prebenitzeko eta murrizteko neurri indibidualik eraginkorrena. Hori dela eta, Osakidetzak Esku Higieneko lantalde bat du, eta erakunde guztietan garatu du esku-higienean erreferentea den profesionalaren figura, arlo honetan funtsezkoa den neurri honen inguruko lidergoa eta prestakuntza egunez egun zaintzen duen figura, hain zuzen. Testuinguru horretan, osasun-arloko profesionalen artean esku-higienea sustatzea ibilbide luzeko lehentasunezko jarduera da, eta betiere pazienteen segurtasun klinikoa hobetzea du helburu.

Halaber, duela bi hamarkadatik hona jadanik, Osakidetzak Esku Higieneko Programa garatu du jardunbide egoki gisa, eta kanpaina korporatiboak egin ditu osasun-langileak kontzientziatzeko eta motibatzeko, infekzioak prebenitzeko esku-higiene egokia eta zuzena egitearen garrantziaren inguruan.

Hala, Osakidetzak osasun-erakundeetan jarduerak bultzatzen eta lantzen jarraitzen du, osasun-sistemaren jasangarritasunerako funtsezkoa den prebentzio-neurri hau betetzen dela bermatzeko.

Errealitate birtualeko betaurrekoak eta lantegi praktikoak

Aurten ere, Osakidetzak esku-higienearen bultzada indartu du, osasun-arretari lotutako infekzioak murrizteko puntu kritiko gisa, besteak beste sare sozialekin eta errealitate birtualarekin lotutako dinamika eta jarduera ugariren bidez.

Osasun-zentroetan, “Esku-higieneak infekzioak prebenitzen ditu” leloa duten pegatinak banatuko dira profesionalen artean, baita informazio-txartelak ere, eskuak behar bezala garbitzearen garrantziaz sentsibilizatzeko eta eskularruen erabilera egokia azpimarratzeko. Gainera, nabarmentzekoa da Ezkerraldea – Enkarterri Gurutzeta ESIaren ekimena. Izan ere, ESI horrek esku-higienearen garrantziari buruzko dibulgazio-puntu batzuk sortuko ditu. Puntu horietan, errealitate birtualeko 360°-ko betaurrekoak izango dira, alderdi honi buruzko esperientzia murgiltzaile bat eskaintzeko.

Donostialdea ESIan eta Barrualde-Galdakao ESIan gaiari buruzko kontzientziazio-bideoak zabalduko dituzte sare sozialen bidez, baita profesionalen arteko esku-higieneari buruzko lehiaketak ere.

Ekintza horiek Osakidetzako zerbitzu-erakunde guztietan urtero egiten diren ekintzekin batera gauzatuko dira. Hala, esku-higieneari eta saio klinikoei buruzko lantegi praktikoak egingo dira, eta kartelak jarriko dira, profesional guztiak eta herritarrak kontzientziatzeko zeinen garrantzitsua den esku-higieneak infekzioen prebentzioan eta mikroorganismo multirresistenteak barreiatzearen aurkako borrokan.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)