Zibermaula
Manipulazio informatikoa, edozein ondare-aktiboren transferentzia baimendu gabea lortzeko erabilia beste baten kalterako, irabazi-asmoz (ZKaren 248.2 art.).
Horrelako mauletatik defendatzeko modurik onena da arretaz jokatzea baliabide digitalak erabiltzean. Azken finean, kontuz ibili behar dugu edozein mezu elektroniko, SMS edo istanteko mezurekin (adibidez, WhatsApp, Telegram, Twitter, Instagram...), jatorri ezezagunetatik datozen mezuetan konfiantzarik ez izanez eta zibergaizkileen sareetan eroraraz gaitzakeen edozein gizarte-ingeniaritzako biktima ez izaten saiatuz. Bestalde, oso garrantzitsua da azpimarratzea maula gertatu ondoren edo balizko maula bat identifikatu ondoren lehenbailehen salatu behar ditugula erakunde eskudunen aurrean, neurri egokiak har ditzaten eta maula horri aurre egin ahal izan diezaioten. Euskadin, Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Unitatea - Informazio Teknologietako Delituen Atal Nagusia (SCDTI) daukagu.
Zibermaulak gero eta ohikoagoak dira, eta delitugileek gero eta teknika sofistikatuagoak erabiltzen dituzte biktimak engainatzen saiatzeko; horregatik, beharrezkoa da alertatzen gaituen edozein seinaleri arreta jartzea.
Maula-motak
- Wifi publikoa
- Maula birtuala
- Phishinga
- Smishinga
- Vishinga
- Ransomwarea
Erne egon behar dugu, eta hainbat neurri hartu:
- Arreta berezia jarri jasotako mezuen bidaltzaileari.
- Bidaltzailea ezaguna ez bada, jasotako mezu elektronikoetan erantsitako dokumentuak eta artxiboak ez ireki.
- Aplikazio ez-ofizialak ez deskargatu eta ez instalatu.
- Maula bat jaso izanaren susmorik txikienaren aurrean, banku-erakundeei horren berri eman.
- Poliziaren aurrean maula salatu.
- Sistema eragilea eta aplikazioak behar bezala eguneratuta edukitzea gomendatzen da.
- Aldian-aldian pasahitzak aldatu eta ez erabili bat gauza guztietarako.
- Ahal denean, autentifikazio-faktore bikoitza ezarri.
- Antibirusa eta suebakia aktibatuta izan.
- Amaitzean saioa ixtea ez ahaztu.
Azken garaiotan asko zabaldu den zibermaula bat da Correosekoa izatearen itxurak egiten dituen SMS bat bidaltzea. Mezuak ohartarazten digu pakete bat bidean dugula eta jaso ahal izateko ordainketa bat egin behar dugula, edo entrega-helbidea esteka baten bidez eman behar dugula. Bertan klik eginez gero, gure gailuan sar daitezke, datuak lapurtu eta gure bankuan zenbatekoak kobratzen hasi. Kontu handiz ibili behar dugu horrelako mezuekin, eta pentsatu behar dugu bidalketa baten zain ote gauden edo zerbitzuren batera harpidetuta ote gauden benetan. Bestela, ez ikusi egin behar dugu, eta beti kontuan izan Correosek ez duela inoiz eskatzen posta elektronikoz edo testu-mezu bidez datu pertsonalik, bankuko daturik edo mugimendu ekonomikorik.