Ziberkrimena

Teknologia berriek delitu-aukera berriak ematen dituzte, baina delitu berri mota gutxi. Beraz, ziberkrimena lehendik dagoen delitu-portaeraren hedapena da, zenbait legez kanpoko jarduera berri erantsita.

Espainiako Gobernuko Segurtasun Kontseilu Nazionalak onetsitako Zibersegurtasuneko Estrategia Nazionalaren arabera, ziberkriminalitatea honako hau da: “…ziberespazioan egindako legez kanpoko jardueren multzoa elementu, sistema informatiko edo beste edozein ondasun juridikoren gainean, baldin eta planifikatu, garatu eta egikaritzean tresna teknologikoak erabiltzea erabakigarria bada. Gertaera zigorgarriaren izaeraren, egiletzaren, motibazioaren edo kaltearen arabera, ziberterrorismoaz, ziberdelituaz edo, bidezkoa bada, hactibismoaz hitz egingo da”.

Horrenbestez, ziberkriminalek nagusiki Internet erabiltzen dute haien delituak gauzatzeko; bestela, gailuez, hala nola ordenagailuez, zerbitzariez ala gailu mugikorrez, baliatzen dira, nahiz eta zuzenean Internetera sarbiderik ez izan, delitugileentzat informazio interesgarria badute.

Ondorioz, ziberkrimenaren barruan delitu-industriaren eredu bat sartzen da, non urrunetik azpiegiturak erasotzen diren informazio garrantzitsua lortzeko edo pertsona, erakunde edo gobernuko egitura bati kaltea eragiteko. Helburua da ondoren irabazia eskuratzea.

Irabaziak lortzeko bideak dira ordainsaria edo erreskatea kobratzea lapurtu, enkriptatu edo kaltetu diren datuak berreskuratzeko, egungo ohiko ransomwareetan gertatzen den bezala, edo datuak eta detektatutako kalteberatasun, tresna edo teknikei buruzko informazioa saltzea Internet sakonean edo Deepweben eskuratzeko.

Espainian, halako delitu-industriaren bilakaera Kriminalitatearen Sistema Estatistikoaren txostenetan islatzen da. Horiei jarraikiz, 2020. urtean, ziberkriminalitatearekin lotuta, arau-hauste penalerako 287.963 gertaera ezagutu ziren, eta 2019. urtean hauteman zirenen aldean, ia 70.000 arau-hauste gehiago dira. 2018koei erreparatuz gero, urte batetik bestera ia 60.000 gehiago izan ziren.

Hazkuntza-zifra horiei arrazoi bat aurkitu nahi bazaie, kontuan hartu behar da ziberkrimenak lanerako erabiltzen duen azalera. Nabarmenki hazi da, lanean eta norberarentzat egunero erabiltzen diren gailu konektatuen kopuruak indartsu egin baitu gora, beraz, askoz puntu gehiago babestu behar dira. Ildo horretatik, gutxi gorabehera munduko biztanleen % 58 dagoeneko Interneten konexioa du. Gainera, ez da bakarrik azaleraren kontua, bai eta garrantziarena ere. Gero eta beharrezkoagoak dira tresna eta gailu konektatu horiek, hortaz, edozein pertsonak edo erakundek zibererasoa jasotzeko arrisku orokorra areagotzen da.

Hori guztia oinarritzat hartuta, hitz bitan, ziberkrimena gaur egun, bolumena eta eragina aintzat hartuta, delitu-industria handiena da, eta digitalizazio globalarekin bat hazten jarraituko du. Hala, erakunde ororentzat zibersegurtasuna behar negoziaezin bihurtu da.