Proxy
Proxy zerbitzari bat Internetera konektatzen garen gailuaren eta sartzen gareneko webgune-trafiko osoaren artean kokatzen den segurtasun-sistema bat da. Esan genezake segurtasun-zaindari moduko bat dela gure gailuaren eta sare lokalaren (etxeko wifia/sarea, lantokikoa...) eta Interneten artean, erabiltzailea sare lokaletik kanpoko erasotzaile posibleetatik babesten duena.
Proxyaren zereginak dira gure trafiko guztia erregistratzea Interneten baliabide bat eskuratu aurretik, eta eskaera horiek aztertzea abiarazi aurretik. Horri esker, zenbait ekintza egin daitezke, hala nola eduki gaizto bat blokea daiteke bisitatzen dugun webgunean datuak erregistratzea eragozteko edo erabiltzailearentzako orri arriskutsuetan sartzea eragozteko.
Demagun proxy bat Interneten nabigatzeko konfiguratuta daukagula, orri batean sartzen saiatzen garela, eta ezohiko eskaerak edo asmo txarrekoak diruditenak egiten dizkigula. Webgune horretan sartu nahi dugunean, proxy zerbitzariak arriskuaz ohartaraziko luke, edo bertan sartzeko saiakerak blokeatuko lituzke, gure gailua eta barne-sarea arriskuan jartzea eragozteko.
Proxy zerbitzari bat erabiltzearen abantailak hainbat dira:
- Segurtasun-geruza gehigarri bat ematen du, eduki gaiztoa blokeatuz. Web-orrietan dauden baliabide batzuk exekuta daitezen eragozten du, eta, horrenbestez, gure gailua arriskuan jar dezaten.
- Konfiguratuta dagoen gailuetatik egindako trafiko guztia erregistratzen du. Nahi ez dugun edukia blokeatzen eta segurtasun-arazo posibleen jatorria detektatzen laguntzen digu.
- Nabigazio anonimoa egiteko aukera ematen digu, IP helbidea eta benetako lokalizazioa maskaratu baititzake, datu horiek Interneteko ezein zerbitzutan ez partekatzeko. Hau da, ezingo lukete jakin nondik ari garen nabigatzen, gure etxean, lantokian edo gailu mugikorretan.
- Web-nabigazioko iragazki gisa balio du. Zerbitzaria konfigura daiteke nahi ez diren hainbat webgune blokea ditzan. Blokeatu beharreko orriak guk zehatz ditzakegu, edo orri arriskutsuen edo gai jakin batzuen zerrenda bat erabil dezakegu (armak, drogak, pornografia eta abar).
- Nabigazioaren kalitatea hobetzen du. Trafikoa erregistratzean, zerbitzariak hainbat web-baliabide biltzen ditu, hala nola maiz bisitatzen ditugun orrietako irudiak; horrela, murriztu egiten ditu karga-denborak, eta, beraz, erabiltzailearentzat eguneroko nabigazioa erraztu egiten du.
Proxy zerbitzari bat konfiguratu aurretik, kontuan izan behar dugu egindako trafiko guztia erregistratzen duen sistema bat dela; beraz, informatu egin behar dugu eta haren segurtasunaz eta pribatutasunaz fidatu behar dugu.
Proxy batera konektatzeko, gure gailuaren sare-ezarpenetan sartu behar dugu, eta IP helbidea zehaztu proxy atalean. Web-nabigatzaileen bidez ere konfigura dezakegu, hala nola Chrome, Firefox, Edge, Opera edo antzekoen bidez.
Lehenetsitako moduan, nabigatzaileek sistema eragilean egin dugun konfigurazioa erabili ohi dute, baina gure ohiko nabigatzailean zuzenean erabili nahi dugun proxy zerbitzaria konfigura dezakegu.