Zarauzko hilerria (Zarautz, Gipuzkoa)

KOKAPENA Zarauzko hilerria, Zarautz  (Gipuzkoa)
BIKTIMAK 1
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMAK 1
DATA 2021eko uztailaren 12a

Mikel Alberdi García (1907, Madril – 1936, Albiztur, Gipuzkoa) ezkondua eta seme baten aita. Tolosan bizi zen, ogibidez telegrafista zen. Jagi-Jagi mugimendu politikoko kidea zen, Gipuzko Mendigoizale Batzako buruzagi nabarmena, eta Euzko Gudarostearen sorreraren alde egin zuen. 1936ko abuztuaren 16an errekete-talde batek harrapatu eta Albizturren hil zuen. Gorpua bere lagunek berreskuratu ahal izan zuten eta Azpeitiko Loiolako santutegian ohoratu zuten. Ondoren, Zarauzko hilerrira eraman zuten eta bertan lurperatu zuten.

Hurrengo bideoak azaltzen du Mikel Alberdiren biografia eta bere gorpuzkia berreskuratzeko prozesua nola izan zen. 

Mikel Alberdiren heriotza eta ehorzketa ezaguna zen garai hartan. Gerra garaian, Mikelen emaztea eta semea Zarauzko Arrese familiaren etxean bizi izan ziren. Hura hil ondoren, Arrese familiak baimena eman zion Altunatarrei gorpuzkiak panteoian lurperatzeko, eta, horrela, bere panteoian lurperatuz gero sor zitezkeen errepresaliak saihestu zituen.

Hala ere, gertaera haiek ez zitzaizkien Mikel Alberdiren ondorengoei transmititu. 50eko hamarkadaren amaieran, alarguna eta semea Bartzelonara joan ziren bizitzera, bizitza berri bati ekiteko asmoz. Biek gutxitan hitz egin zuten gertakari haiei buruz bere ondorengoengoekin, eta horregatik geratu zen ahaztuta.

2021eko uztailaren 12an ireki zen Altuna Etxeberria familiaren panteoia, Zarauzko hilerrian, Iñigo Altunaren aurrean, hark baimena emanda. Barruan, helduaroko bi pertsonaren gorpuzkiak aurkitzeaz gain (Altuna familiarenak), adin gazteagoko pertsona baten gorpuzkiak berreskuratu zituzten, Mikelenak izan zitezkeenak. Gorpuzkiak bereizi ondoren, Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia Laborategira eraman zituzten, azter zitzaten.

Gorpuzkiak aztertu ondoren, talde antropologoak uste du gizonezko heldu gazte bati dagozkiola, 35 urtetik beherakoa, eta nabarmentzen du, besteak beste, hortzetako konponketak ikusten direla, enpasteak, alegia, eta garaian ez ziren batere ohikoak; hori aipagarria da, izan ere, Mikel Alberdiren aita, Eusebio Alberdi, dentista zen.

Zarauzko hilerrian berreskuratutako aztarnen laginak jaso ziren, baita Alberdi familiarenak ere, eta Euskal Herriko Unibertsitateko BIOMIC laborategira bideratu ziren, aztertu eta erkatzeko. Emaitzak berretsi zuen gorpuzkiak Mikel Alberdi Garciaren nortasunarekin bat zetozela.

Mikel Alberdiren familiak haren gorpuzkiak jaso zituen Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eta Tolosako Udalak antolatutako ekitaldi batean, 2022ko abenduaren 4an, Tolosako (Gipuzkoa) hilerrian. Ekitaldi horretan bertan, familiak Tolosako seme-alaba kuttunentzako  udal panteoian utzi zituen gorpuzkiak.