Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

230. zk., 2022ko abenduaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5238

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 17koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, UPV/EHUko iruzurraren aurkako batzordearen arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emateko dena.

Gobernu Kontseiluaren 2022ko urriaren 20ko Erabakiaren bidez onartu zuen Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko iruzurraren aurkako batzordearen arautegia.

Sortzeko erabaki horretan agintzen zen idazkari nagusiaren ebazpen baten bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko zela.

Aipatutakoagatik guztiagatik, honako hau

EBATZI DUT:

Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko UPV/EHUko Iruzurraren aurkako Batzordearen arautegia, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzetan. Araudia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Leioa, 2022ko azaroaren 17a.

UPV/EHUko idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO IRUZURRAREN AURKAKO BATZORDEAREN ARAUTEGIA
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua eta nondik norakoak.

1.1.– Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Iruzurraren Aurkako Batzordea organo tekniko eta independente bat da, kautelazko neurriak eta neurri zuzentzaileak proposatzeko zeregina duena, unibertsitatearen ardurapeko prozesu guztietan iruzurra prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko.

1.2.– Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Iruzurraren Aurkako Batzordeak ez dauka erabakimenik.

2. artikulua.– Printzipioak.

UPV/EHUko Iruzurraren Aurkako Batzordearen jarduna gidatzen duten funtsezko printzipioak legezkotasuna, objektibotasuna, inpartzialtasuna eta konfidentzialtasuna dira.

3. artikulua.– Osaera eta funtzionamendua.

3.1.– UPV/EHUko Iruzurraren Aurkako Batzordeak gutxienez zazpi kide izango ditu. Unibertsitatearen zuzendaritzan edo kudeaketan diharduten pertsonak izango dira guztiak, eta esperientzia dutenak erakundearen arlo nagusietan. UPV/EHUko errektoreak izendatuko ditu.

Batzordearen osaerak bidea emango du emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izateko. Batzordea aldiro berrituko da eta unibertsitatean iruzur arriskua duten arloez arduratuko da.

3.2.– Batzordeko kideak izango dira: Ikuskaritza Zerbitzuko zuzendaria (batzordeko burua izango da), Barne Kontroleko Zerbitzuaren arduraduna (batzordeko idazkaria izango da), Ikerketa eta Irakaskuntzako Etika Batzordearen arduraduna, Antolakuntza Akademikoaren arloko koordinatzailea, Ikerketaren arloko Errektoreordetzako Kontrol Ekonomikoaren arduraduna, eta Gobernu Kontseiluko Batzorde Ekonomikoak izendatutako bi pertsona. Iruzurraren Aurkako Batzordea, bestalde, Eraldaketa Digitalaren eta Komunikazioaren arloko Errektoreordetzaren menpe egongo da.

3.3.– Aztertu beharreko gaien arabera, batzordeko kideen gehiengoak hala erabakiz gero, inplikatutako ataletako kideak eta adituak ere gonbidatu ahal izango dira batzordearen bileretara, hobetu bete ditzan bere zereginak.

3.4.– Batzordeak jardungo du Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren Legean (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa) kide anitzeko organoetarako ezartzen diren arau orokorren arabera.

4. artikulua.– Abstentzioa eta errekusazioa.

Batzordeko kideei aplikatuko zaizkie Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren Legeko (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa) 23. eta 24. artikuluetan ezarritako abstentzio eta errekusazio arauak.

5. artikulua.– Batzordea uzteko arrazoiak eta kideen ordezkapena.

5.1.– Hauek izango dira batzordea uzteko arrazoi:

a) Heriotza.

b) Legezko ezgaitzea.

c) Desgaikuntza.

d) UPV/EHUko kidea izateari uztea.

e) Beren kargu edo eginkizunagatik hautatuak diren kideen kasuan, agintaldia amaitzea.

f) Gobernu Kontseiluak hala eskatzea.

5.2.– Kide titularrak falta direnean, errektoreak izendatutako ordezkoek beteko dute haien lekua.

II. TITULUA
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO (UPV/EHU) IRUZURRAREN AURKAKO BATZORDEAREN EGINKIZUNAK

6. artikulua.– Jardun eremua.

6.1.– Batzordearen oinarrizko helburua denez unibertsitatearen ardurapeko prozesu guztietan iruzurra prebenitzeko, detektatzeko, zuzentzeko, eta hala badagokio, pertsegitzeko neurriak sustatzea, batzordeak ekintza planifikatuak nahiz bat-bateko egoeren ondoriozkoak proposatuko ditu.

6.2.– Planifikatutako ekintzen artean hauek daude:

a) Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) arlo nagusietako arrisku egoerak zehaztu, osatu eta ebaluatuko dituzten lantaldeak koordinatzea.

b) Prestakuntza eta sentsibilizazio kanpainak sustatzea iruzurraren ondorioen inguruan.

c) UPV/EHUko arlo nagusietako arriskuen mapak aldiro berraztertzea. Arriskuen mapak kudeaketa tresna biziak dira, eta horregatik aldatuz eta egokituz joango dira iruzurraren kontrako borrokan Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHUri) sortzen zaizkion premien eta errealitateen arabera.

d) Urtero ebaluatzea aztertutako arlo bakoitzeko iruzur arriskua.

e) Urteko ebaluazioaren argitan, egoki deritzen neurriak proposatzea.

6.3.– Planifikatu gabeko ekintzak izango dira: salaketen kanalean jasotako mezuak hartzea, lehen balorazioa egitea, eta, hala badagokio, tramitatzea, bai eta bat-bateko iruzur arriskuei berehala aurre egiteko neurriak hartzea ere.

7. artikulua.– Batzordearen jardunaren mugak.

Batzordearen jardunak ez die traba egingo Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) arlo desberdinetan eskumenak dituzten organo eta zerbitzuen eginkizunei, eta, zehazki, batzordearen lana izango da haiek guztiak koordinatzea iruzurraren aurkako borrokan.

8. artikulua.– Batzordeari lagundu beharra.

Unibertsitateko kide guztien betebeharra izango da batzordeari laguntzea hark bere eginkizunak betetzeko behar duen neurrian.

III. TITULUA
PLANIFIKATUTAKO NEURRIAK EZARTZEKO PROZEDURA

9. artikulua.– Batzordearen jardunaren emaitzak.

9.1.– Batzordea gutxienez urtean behin bilduko da arlo bakoitzeko arriskuen mapa egin behar duten lantaldeekin. Lantaldeek arlo bakoitzeko arrisku egoerak zehaztu, osatu eta ebaluatu beharko dituzte, eta dauden prebentzio eta zuzenketa neurriak azaldu beharko dituzte, edo aurreikusitako arriskuak galarazteko neurriak proposatu.

Lantaldeek bete beharko dituzte arriskuen matrizeko autoebaluazio atalak. Batzordeak emaitzak aztertuko ditu, beharrezkoa izanez gero argibideak eskatuko dizkie lantaldeei, eta zehaztu dituzten arriskuen azken haztapena egingo du, arriskuok larritasun mailaren arabera sailkatuz.

9.2.– Aurkeztutako arriskuen matrizeak behin aztertuta eta arlo bakoitzaren ebaluazioa eginda, batzordeak urteko txostena egingo du Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) iruzur arriskuaz. Bertan aurkeztuko ditu arriskuen matrizeen emaitzak eta proposatutako prebentzio eta zuzenketa neurriak. Dokumentu hori aurkeztuko da aztertutako urtearen hurrengoan, lehen hiruhilekoan.

9.3.– Batzordeak erabakimenik ez duenez, errektoreari egiten dizkion proposamenekin (halakorik balu) amaituko du bere jarduna.

10. artikulua.– Erreferentzia.

Arautegi honekin talka egiten ez duten neurrian, batzordeak beteko ditu Iruzurra, ustelkeria eta interes gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismoak indartzeko jarraibideak. Horiek aipatzen dira irailaren 29ko 1030/2021 OFP Aginduan (6. art.), zeinaren bidez zehazten den Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema.

IV. TITULUA
PLANIFIKATU GABEKO EKINTZAK AURRERA ERAMATEKO PROZEDURA

11. artikulua.– Hasiera.

11.1.– Batzordeak bere kabuz jarriko ditu abian planifikatu gabeko ekintzak, dela batzordekideren batek balizko iruzur baten berri izan duelako bere zeregin espezifikoetan zebilela, dela norbaitek salaketa bat jarri duelako.

11.2.– Planifikatu gabeko ekintzak abian jartzen badira batzordekide batek balizko iruzur baten berri izan duelako, batzordeko buruari eta idazkariari emango die horren berri berehala, batzordea biltzeko deia egin dezaten ekintzok aztertzeko.

11.3.– Salaketa baten ondorioz abian jartzen diren ekintza planifikatu gabeei ekingo zaie norbaitek salaketa bat jartzen badu balizko iruzur baten berri emateko, horretarako ezarritako kanal elektroniko espezifiko baten bidez. Kanal horretan salaketarako formulario bat egongo da, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Egoitza Elektronikoaren bidez eskuratu ahal izango dena. Bertan, argi eta xehe azaldu beharko dira salatu nahi diren gertakariak.

11.4.– Salatzaileari konfidentzialtasuna bermatuko zaio, bai salatutako gertakarien tratamenduan eta bai prozeduraren tramitazioan, eta uneoro errespetatuko da datuak babesteko legeria.

11.5.– Salaketa tramitera onartuko ez balitz, edo agerikoa balitz azaldutakoa ez dagokiola batzordearen jardunari, ezezko erantzuna arrazoitu egin beharko litzateke eta salatzaileari jakinarazi, eta dokumentazioa edo salaketa berari itzuli edo artxibatu egin beharko litzateke.

11.6.– Salaketen kanala txarto erabili ez dadin, irizpide zorrotzak erabiliko dira komunikazioak onartzeko, eta erantzukizun zibil, penal edo administratiboa eskatuko zaie eskubide abusuz edo fede onaren printzipioa urratuz salaketak jartzen dituztenei.

12. artikulua.– Prozeduraren instrukzioa.

12.1.– Batzordeak erabakitzen badu salaketa bat tramitatzea, lehendabizi informazioa eskatuko dio salatutako gertakarietan inplikatutako organo, unitate edo pertsonari, eta lehen balorazioa egiteko behar duen abiapuntuko informazioa bilduko du. Hamar eguneko epean bidali beharko zaio informazioa, baina epea beste bost egun luzatu ahal izango da, informazioa aurkeztu behar duen pertsonak hala eskatzen badu, dokumentazioa ugaria delako. Era berean, kasurako interesekoak diren aurrekarien edo adierazleen inguruko informazioa bilduko da, konfidentzialtasuna zainduz uneoro.

12.2.– Batzordeak egoki baderitzo, kasua bideratzeko aholkua eskatu ahal izango du, barruan nahiz kanpoan.

12.3.– Informazioa biltzeko prozesua azkarra, konfidentziala eta isilekoa izan beharko da, eta inplikatutako guztiek hartu beharko dute parte bertan. Gainera, beharrezkoa izanez gero, elkarrizketa egingo zaie inplikatutakoei, lekukoei edo intereseko beste pertsona batzuei, halakorik balego. Edozelan ere, salaketaren inguruko ikerketa egitean erabat errespetatuko dira inplikatutako alde guztien eskubideak.

12.4.– Ikerketa behin amaituta eta gertakariak egiaztaturik, batzordeak balorazio txosten bat egingo du ahalik eta lasterren, eta errektoreari aurkeztuko dio. Bertan azalduko ditu eman dituen pausoak, eta bere ondorioak eta proposamenak aurkeztuko ditu.

12.5.– Era berean, salatzaileari adieraziko dio ikerketaren ondorioz balorazio txostena egin duen eta errektoreari aurkeztu, egoki baderitzo neurriak har ditzan, ala salaketa artxibatu duen.

13. artikulua.– Konfidentzialtasun bermea.

13.1.– Salatzaileak esplizituki kontrakoa eskatu ezean, edo legezko errekerimendurik egon ezean (kasu horretan, salatzaileari informazioa emango zaio), erabateko konfidentzialtasunaz gordeko da haren identitatea, eta ez zaio inori jakinaraziko.

13.2.– Horretarako, bere jakinarazpen, egiaztapen eta dokumentazio eskari guztietan, batzordeak isilpean utziko ditu salatzailearen identitatearen inguruko datuak eta hura guztiz edo neurri batean identifikatzen lagun dezakeen xehetasun oro.


Azterketa dokumentala