Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2022ko azaroaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5135

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 18koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako Peoiaren lanpostuan enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuan parte hartzeko onartutako eta baztertutakoen behin betiko zerrendak.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak 2022ko irailaren 8an emandako Aginduaren bidez, oinarri orokorrak onartu ziren arautzeko nola bideratuko diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuetan enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2022ko irailaren 13an.

Era berean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak 2022ko irailaren 8an emandako beste agindu baten bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako Peoiaren lanpostuko salbuespenezko prozesuko deialdia egin zen, eta prozesu horretako oinarri espezifikoak onartu ziren. Agindu hori ere Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2022ko irailaren 13an.

Hautaketa-prozesuari aplikatuko zaion 10. oinarri orokorrak ezartzen du ezen, hautaketa-prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenden kontrako erreklamazioak egiteko epea igarota eta erreklamaziook ebatzita, IVAPeko Zuzendaritzak ebazpen bat emango duela, eta, hor, agindua emango dela argitara emateko onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak. Zerrenda horietan, adieraziko da zein den hautagaiak baztertzeko arrazoia, hala dagokionean, bai eta hautagaiak zer modalitatetakoak diren, eta, finkatzeko prozesu berezien kasuan, zer txandatakoak.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako Peoiaren lanpostuan enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.

2. artikulua.– Agintzea onartutako zerrendak argitara eman daitezela hautaketa-prozesuko web-orriko Eskaerak eta hautaketa-prozesuen jarraipena atalean eta 7. oinarri orokorrean adierazten diren tokietan, hautaketa-prozesuan interesa dutenek zerrendok kontsulta ditzaten.

3. artikulua.– Identifikazio elektronikoko bitartekorik ez duten pertsona guztiei gogorarazten zaie BakQ txartela emateko gaitutako zentroetara jo dezaketela baldin eta hautaketa-prozesurako eman zitzaien aldi baterako erabiltzailea baino ez badute. Izan ere, aldi baterako erabiltzaile hori erabilita, identifikazio elektronikoko bitarteko bat lortu ahal izango dute hasiera-hasieratik egiteko hautaketa-prozesuko jarraipen elektronikoa.

4. artikulua.– Ezartzea 2023ko martxoaren 9an hasiko dela merezimenduak alegatzeko prozesua, eta 2023ko martxoaren 22an amaituko dela.

Merezimenduak alegatzeko epean, hautaketa-prozesuan parte hartzen dutenek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte baldin eta prozesuan parte hartzeko betekizun badira edota merezimendu modura alegatzen badira balora daitezen:

Hizkuntzen tituluak edo ziurtagiriak –ez euskararenak–, hizkuntza-eskola ofizialek ematen ez dituztenak (kopia soila).

Atzerrian lortutako tituluak eta haien homologazio-egiaztagiriak (kopia soilak), dela hautaketa-prozesuan parte hartzeko alegatu direlako, dela merezimendu modura alegatzen direlako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorretik edo haren erakunde autonomoetatik kanpo emandako zerbitzuen ziurtagiriak (kopia soila).

5. artikulua.– Gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, ez baitu agortzen administrazio-bidea; beti ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa, bestalde, ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke, edo Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten denetik hiru hilabete pasatzen badira ebazpen espresurik eman gabe, ezetsitzat hartu ahal izango da, eta administrazioarekiko auzien bidera jo ahal izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 18a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.


Azterketa dokumentala