Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2022ko azaroaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5102

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 15ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Kazetaritza Sailaren Arautegia onartzekoa.

Gobernu Kontseiluak, 2020ko uztailaren 9ko bileran, Kazetaritza Saila sortzea onartu zuen, Kazetaritza eta Kazetaritza II Sailak bat egin ondoren, haren behin-behineko barne arautegiarekin batera.

Erabaki horretan, laugarren puntuan, eragindako sailei eskatzen zitzaien beren zuzendaritzei eta sailetako kontseiluei dagozkien hauteskunde prozesuak has zitzatela, eta, behin horiek amaituta, behin-behineko arautegiak berrets zitzatela, edo horiek aldatzeko izapideak has zitzatela, bi kasuetan Idazkaritza Nagusiari jakinarazita.

Kazetaritza Saileko Kontseiluak, 2022ko ekainaren 16an egindako batzarrean, arautegi berri bat onartu zuen, zeinak Zerbitzu Juridikoaren aldeko txostena duen.

Sailen Oinarrizko Arautegian, 4.3 artikuluan, jasotakoari jarraituz, Idazkari Nagusiak onartuko du, eskumenak eskuordetuta, sailetako arautegien onarpena, betiere txosten guztiak aldekoak badira eta inork eskatu ez badu Gobernu Kontseiluan aurkezteko. Artikulu horretan zehaztutakoaren arabera, bestalde, honako hauek dute hori eskatzeko eskubidea: Gobernu Kontseiluko kideek; arautegiak eragin egiten diela uste duten sailetako kontseiluek; eta kasuan kasuko saileko kideen % 15ek, gutxienez.

Adierazitakoagatik guztiagatik, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Kazetaritza Sailaren Arautegia, eranskinean jaso bezala.

Bigarrena.– Agindu ematea ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Kazetaritza Sailaren Arautegia argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2022ko azaroaren 15a.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
UPV/EHUko KAZETARITZA SAILAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 3.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Kazetaritza sailak Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean dauka egoitza: Sarriena auzoa, z.g. 48940 Leioa.

2. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 8.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Kazetaritza sailak ez dauka sail atalik, arautegi honetako xedapen iragankorrean adierazitakoari kalterik egiteke.

3. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko IV. tituluko I. kapituluko bigarren atalaren zehaztapena.

Kazetaritza sailak batzorde iraunkor bat izango du, Sailen Esparru Arautegiko IV. tituluko I. kapituluko 2. atalean jasotzen den moduan.

4. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 22.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Erabakiak hartzeko boto baliodunen gehiengo soila beharko da, sailaren arautegia aldatzeko izan ezik. Kasu horretan kontseiluko kideen gehiengo osoa beharko da. Hortaz, proposamen bakarra balego, onartu egingo litzateke, oro har, aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izango balira.

Bi proposamen baleude, boto gehien lortuko lukeena onartuko litzateke. Bi proposamen baino gehiago baleude, onartuko litzateke emandako botoen gehiengo soila lortuko lukeena; edota, bigarren botazioan, boto gehien lortuko lukeena lehenengo botazioan boto gehien lortutakoen bien artetik.

Berdinketa egonez gero, berriz egingo da botazioa; eta, berdinketa horrela hausten ez bada, organo buruaren kalitate botoarekin hautsiko da.

5. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 22.4 artikuluaren zehaztapena.

4.– Kide anitzeko organoko kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Botoa idatzi bidez eskuordetu beharko da, eta saileko zuzendariari edo idazkari akademikoari jakinarazi kide anitzeko organoaren bilera hasi baino 24 ordu lehenago, gutxienez. Botoa eskuordetzeko idatzia bilerako aktari erantsiko zaio.

6. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 24.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Hartutako erabakien berri emango da idazkariaren ziurtagiriaren bitartez, gehienez ere hiru egun balioduneko epean. Ziurtagiri hori posta elektronikoz igorriko zaie sailari atxikitako langile guztiei. Era berean, sailaren iragarki oholean argitaratuko da eta gutxienez hilabete egon beharko da bertan ikusgai, betiere datuak babesteko legeria errespetaturik.

7. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 27.4 artikuluaren zehaztapena.

4.– Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da eta, gehienez, bi agintaldi bete ahal izango ditu segidan.

8. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Saileko Kontseiluan eta Batzorde Iraunkorrean hutsune bat sortzen denean, zerrenda bereko hurrengo kide ez hautetsiak beteko du lekua, hamar eguneko epean, organoko idazkaria jakitun jartzen denetik hasita.

9. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Ordezkoek titularrak ordezkatuko dituzte titularrak kanpoan edo gaixorik daudenean, eta, oro har, arrazoi justifikatua dagoenean. Horretarako, beren egoeraren berri eman beharko diote organoko idazkariari edo buruari bilera baino 48 ordu lehenago, gutxienez.

10. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluaren zehaztapena.

Saileko Kontseiluko hauteskundeetan onartuko da botoa aldez aurretik ematea, UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan jasotzen den bezala.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bat etorrita Sailen Esparru Arautegiko azken xedapenetako lehenengoaren 6. atalak dioenarekin, Kazetaritza saila eta Kazetaritza II saila behin behineko sail atal moduan mantenduko dira 2022ko abenduaren 31ra arte, eta une horretan desagertu egingo dira besterik gabe.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana