Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

225. zk., 2022ko azaroaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5093

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 7koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Bilboko Metropoliko Trenbidearen 5. linearen informazio-azterlana» jendaurrean jartzen duena.

2005eko otsailaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak behin betiko onartu zuen Euskal Herriko Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektorialaren Aldaketa, Bilboko Metropoli eremuko trenbide-antolamenduari buruzkoa.

Aldaketa horrek, beste ekintza batzuen artean, Aperribaiko nukleo txikitik igarotzen den Galdakaoko hiriguneari zerbitzua emango zion metroaren adar bat eraikitzea barne hartu zuen.

2007ko abenduaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak «FMBko Galdakaorako sarbideari buruzko Azterlan Informatiboa Elaboratzeko Laguntza Teknikoa» kontratatzeko lehiaketa publikorako deia egin zuen.

Aipatutako informazio-azterlanaren esparruan sartutako Galdakaoko adarra 2002an egindako Bilboko Metropoli eremuko trenbide-sarearen azterketan oinarritu zen. Azterlan horien arabera, informazio-azterlana egiteko laguntza teknikoa arautzen zuten pleguak egin ziren. Hala ere, egin zen lizitazio- eta esleipen-prozesu luzean, hainbat hirigintza- eta funtzionaltasun-azterketa burutu ziren, ibilbidea Usansoloraino luzatzea aholkatzen zutenak, hartara gertuko Eskualdeko Ospitaleari zerbitzua ematearren.

Hala, «Ekialdeko Adarraren Bideragarritasun Azterketa» eta «Ekialdeko Adarraren Bideragarritasun Azterketa 2» izenekoak egin ziren; metro-linearako trazadura hauek proposatzen zituzten: «Galdakao Hirigune»raino lehenengoak, eta «Galdakao Hirigune»tik Usansoloraino bigarrenak. Jarduketaren bideragarritasuna bermatzen zuten. Aipatutako bideragarritasun-azterlanek aztergai dugun ibilbidearen proposamena ezarri zuten, eta aukerak aztertzeko faserako erreferentzia gisa balioko zuen korridore bat zehaztu.

Bideragarritasun-azterlanetan finkatuta geratzen zen erreferentziako korridoreaz gain, korridore horrek linearen trazaduraren hasieran eta amaieran izan zitzakeen bi bidebanatze hartu ziren kontuan. Azken hori erreferentziako korridorea bitan banatzen da, Galdakaoko herriguneko irteeratik Usansoloraino. Horrela, Ibaizabal ibaia hirigunearen irteeran gurutzatzeko trazadura zuzenagoa duten aukerak ezartzeak izan zitzakeen abantailak aztertuko dira, eta Bekea auzoan sartuko dira, Galdakaoko Ospitalerantz eta Usansolorantz.

Azkenik, bere garaian informazio-azterlan batean lortu zen aukerarik onena Usansolorantz jarraitzea zen; Ibaizabal ibaiaren azpitik igaro ostean trazaren igoera gauzatuz burutu zen, Usansoloko Euskotrenen geltokiranzko tunel faltsuan bide bat egiteko. Tunel horretan, trazaduraren amaieran, erdi-lurperatutako geltoki bat zegoen, Euskotrenen Bilbao-Donostia linearekiko intermodalitatea ahalbidetzen zuena.

Aukerak aztertzeko fasea amaitzearekin batera, informazio-azterlana bitan banatzea erabaki zen; horietako batean Arizetik Galdakao Hirigunerako 5. linearen trazadura garatu zen, eta bestean Galdakao Hirigunetik Usansolorainoko trazadura.

Azterlan Informatiboetako bigarrena jendaurrean jarri zen, Garraio Azpiegituretako zuzendariaren 2012ko uztailaren 27ko Ebazpenaren bidez. 2016ko uztailaren 20an, Ingurumen Administrazioko zuzendariak Bilboko Metroaren 5. lineako proiektuaren Ingurumen Eraginaren Adierazpena egin zuen, Galdakaoko Hirigunea-Galdakaoko Ospitalea-Usansolo zatiarena. Hala ere, Garraio Azpiegituretako zuzendariaren 2016ko irailaren 27ko ebazpenak honako hau adierazten du:

«Bilboko Metropoliko Trenbidearen 5. linearen Eskariaren Azterlanean egiaztatu da erabiltzaileentzako aurreikuspena nabarmen jaisten dela Ospitale-Usansolo zatian, lineako gainerako zatiekin alderatuta.

Era berean, ospitalean artatzen diren pertsonen eta herrien jatorria eta helmuga kontuan hartuta, ondorioztatzen da trazadura-aukeren azterlan bat egin behar dela Bilbao-Donostia lineako Durango eta Bilboren arteko trenbide-sarea zuzenean lotzeko, Usansoloko udalerritik igarotzen den zatian, ospitale horrekin eta Galdakaorekin, Bilboko metropoli-eremuko trenbide-konexioekin batera, lehendik dauden sareak optimizatzeko.

Bi gai hauek une honetan Ospitalea-Usansolo zatiari buruzko Azterketa Informatiboa ez onartzea aholkatzen eta justifikatzen dute, lehen aipatutako aukeren azterketa gutxienez eskuragarri egon arte».

Hori dela eta, aipatutako ebazpenak behin betiko onesten du «Bilboko MetropolikoTrenbidearen 5. linearen informazio-azterlana. Galdakao Hirigunea – Ospitaleko tartea», Ospitalea eta Usansolo arteko zatia onartzeke utzita.

Hori dela eta, informazio-azterlan honen xedea Usansoloko zuzeneko konexio hori egiteko modua aztertzea eta zehaztea da; hortaz, komenigarria da linea osoa Durango – Bilbo – Txorierri trenbide-sarean linea integratzea.

5. lineako zati hori Galdakaoko udalerrian zehar igaroko da, Bediako udalerrian lotura egin arte.

Aztergai den zatirako bi ibilbide aztertu dira. Lehenengo trazadurak 1.281 metroko luzera du, eta Ospitaleko geltokiaren amaieratik Bedia eta Usansoloko geltokien arteko tartean ETSren trenbideekiko loturaraino doa. Trazadura Ibaizabal ibaitik hurbil dago eta egungo ETSren trenbideekin elkargunea Bediako geltokitik Usansolorako tartean dagoen zuzenaren iparraldean gertatzen da. Bigarren ibilbidea lehenengotik desberdina da, luzeagoa delako (1.611 m), ibilbidea Usansolo herriaren mendebaldetik doa eta ETSren trenbideekin lotura lehen aipatutako lerro zuzenaren hegoaldean egiten da, Bediatik gertuago dagoen eremu batean.

Bigarren trazaduran, 1385 metroko tunel-zatia izanik, eskaileradun arrapala bat proiektatu da tunel horren tarteko puntu batean, larrialdi-irteera eta aireztapen-zulo gisa, baita tarteko erasoa izateko eta obrak egin ahal izateko ere.

Trazaduraren bi aukeretako bakoitzerako epe hauek aurreikusten dira:

• 1. aukera: hogeita bat (21) hilabeteko epea aurreikusten da.

• 2. aukera: hogeita bi (22) hilabeteko epea aurreikusten da.

1. aukeran, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua berrogeita zazpi milioi hirurehun eta hirurogeita hamaika mila laurehun eta laurogeita lau euro eta hogeita hamalau zentimokoa (47.371.484,34 euro) da, BEZa barne. Administrazioak jakin dezan, obra osoaren aurrekontua, BEZik gabe, hogeita hemeretzi milioi ehun eta laurogeita hemeretzi mila ehun eta laurogeita hemezortzi euro eta laurogeita hamar zentimokoa (39.199.198,90 euro) da.

2. aukeran, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua berrogeita zazpi milioi hirurehun eta hirurogeita hamaika mila laurehun eta laurogeita lau euro eta hogeita hamalau zentimokoa (42.532.877,37 euro) da, BEZa barne. Administrazioak jakin dezan, obra osoaren aurrekontua, BEZik gabe, hogeita hamabost milioi berrehun eta hamar mila eta hirurogeita hamalau euro eta hirurogeita lau zentimokoa (35.210.074,64 euro) da.

Trenbide Sektorearen Erregelamenduaren 10.2 artikuluaren arabera, informazio-azterlana behar bezala idatzita dago, eta bete egiten ditu jendaurrean jartzea ahalbidetzeko legezko eta arauzko betekizun eta preskripzio guztiak, behin betiko onartu aurretik.

Organo honek eskumena du trenbide-sareko azterlanak eta/edo proiektuak idatzi eta onartzeko, hala xedatzen baitu Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 29ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.b) artikuluak.

Trenbide Sektorearen Erregelamenduaren 10.5 artikuluak ezartzen duenez, informazio-azterlana, behin betiko onartu baino lehen, jendaurrean jarri beharko da hogeita hamar egun balioduneko epean, nahi duenak alegazioak aurkez ditzan trazaduraren kontzepzio globalaz, ikusmolde horrek interes orokorreko alderdiei eragiten dien neurrian.

Beraz, aipatutako xedapenak, haiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Jendaurrean jartzea «Bilboko Metropoliko Trenbidearen 5. linearen informazio-azterlana»; hartara, hogeita hamar egun balioduneko epean, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, korporazioek, elkarteek eta partikularrek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte jarduketa horren edukiaz, interes orokorreko deklarazioa justifikatzen duten gorabeherez, eta trazaduraren kontzepzio globalaz.

Epe horretan, informazio-azterlana jendearen eskura egongo da, aztertu ahal izateko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, - Lakua 1 eraikina, 01010 Vitoria-Gasteiz), Galdakaoko udaletxean, Bediako udaletxean eta Interneteko www.euskadi.eus webgunean, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraioen ataleko Azpiegitura-proiektuei buruzko informazioaren atalean:

https://www.euskadi.eus/linea-5-galdakaoa/web01-a2garrai/eu/

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 7a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala