Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

189. zk., 2022ko urriaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4250

AGINDUA, 2022ko uztailaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntzetarako deia egiten baita ikasle etorri berrien hizkuntza indartzeko programak garatzeko.

Hezkuntza Sailak, hezkuntza kultura anitzeko testuingurura egokitu behar dela ohartuta, kulturarteko hezkuntza-eredu bat garatu nahi du, euskal hezkuntza-sisteman berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua lortzeko. Ikastetxeetan kultura-aniztasuna onartzea funtsezkoa da benetako kulturarteko gizarteak lortzeko. Hezkuntza-sistemara etorri berriak diren ikasleei laguntzeko, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna hobetzea.

Hizkuntza indartzeko programen xedea da laguntza ematea etorri berriak diren ikasleei, zehazki Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ez jakiteagatik komunikazio-zailtasun nabarmenak izan eta hizkuntza indartzeko plangintza baten premia dutenei. Hortaz, laguntzak emateko, ezinbesteko baldintza da ikasle etorri berriak egotea, eta halakoak zenbatzeko, aintzat hartuko da ikastetxe bakoitzeko ikasle bekadunen ehunekoa, hain zuzen ere ikastetxeetan nolako errealitatea dagoen argitze aldera.

Ikasle etorkinak etengabe eta ausaz heltzen dira ikastetxeetara ikasturtean zehar, eta, hortaz, ikastetxeek beharrezkoak eta atzeraezinak diren sendotze-ekintzak abiaraz ditzaten, deialdi honek estaldura eman behar die halako ekintzei, ikastetxeek segurtasun juridikoa izan dezaten. Hori dela eta, gastu-espedienteen aurretiazko izapidetze-araubide berezia baliatuko da, deialdia indarrean egon dadin 2022-2023ko ikasturtearen zatirik handienean, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

Horrela dago jasota Hezkuntza Sailak bere web-orrian argitaratu duen 2022rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 6. eta 46. orrialdeetan (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/).

Kontuan hartuta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eremuko dirulaguntzak erregulatzeari buruzkoa–, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, EAEko aurrekontu orokorren kargura diren dirulaguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak zehazten dituena, eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-zuzkidura.

1.– Agindu honen xedea da ikasle etorri berriei zuzendutako hizkuntza indartzeko programetarako dirulaguntzak iragartzea eta haien oinarriak ezartzea; ikasle horiek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ez ezagutzearekin lotutako komunikazio-zailtasun handiak izan behar dituzte eta 2022-2023ko ikasturtean hizkuntza indartzeko plan baten premia izan behar dute.

Deialdi honen ondoreetarako, ikasle etorri berriak dira Euskal Hezkuntza Sisteman unibertsitatez kanpoko ikasketak egiteko 2021eko urtarrilaren 31z geroztik lehen aldiz matrikulatu direnak. Dirulaguntza jasotzeko eskubidea izateko, 6 urtetik gora izan eta gehienez 18 urte beteko dituzte 2022-2023ko ikasturtean.

2.– Agindu honen bidez deitutako dirulaguntza finantzatzeko, bi milioi euro (2.000.000) bideratzen dira.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Dirulaguntza jaso ahal izango dute ikasle etorri berrien hizkuntza indartzeko ekintzek, bai eta haien programazio didaktikoa prestatzeko lanek ere. Programazio didaktiko horretan honako hauek sartuko dira: helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak. 1. eranskinean jasotako baldintzak betetzen dituzten irakasleek egin beharko dituzte, eta Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako edo Oinarrizko Lanbide Heziketako maila bakoitzerako berariaz kontratatuta egon beharko dute, berariaz aipatuta irakasleen lan-kontratuan. Izan ere, horietan matrikulatuta egongo dira arreta jasoko duten ikasleak.

Egin beharreko ekintzek, orokorrean, honako hau dakarte:

– Hizkuntza indartzeko gelako programazioa egitea, betiere ikasleen beharretara egokituta.

– Banakako esku-hartze plan bat egitea ikasle horientzat, tutorearen laguntzarekin.

– Irakaskuntza antolatzea, hizkuntza indartzeko:

• Ikasleak ezagutzea.

• Ikasgela antolatzea.

• Material didaktikoak aztertzea, antolatzea eta prestatzea.

• Dagokion hezkuntza-errefortzua ematea.

– Hizkuntza indartzeko irakasleek, ikasle etorri berrien tutoreekin batera, eginkizun hauek beteko dituzte:

• Gainerako irakasleekin koordinatzeko prozesu bat ezartzea, lanerako plan pertsonala prestatzeko eta plan hori gauzatzearen jarraipena egiteko.

• Iritsi berri diren ikasleen harrera eta integrazioa erraztea, haien gaitasunak gara ditzaten laguntzea, eta ikastetxeko jardueretan parte har dezaten sustatzea.

• Ikasleen aurrerapenak eta ikasketak ebaluatzen parte hartzea.

• Materialak eta edukiak egokitzea.

– Halaber, eskola-komunitateko kide diren heinean, hizkuntza indartzeko irakasleek, gainerako irakasleekin batera, honako funtzio hauek beteko dituzte:

• Hizkuntzak irakasteko jardueren plangintza egitea.

• Hezkuntza-prozesuan kulturarteko ikuspegia txertatzeko jarduerak diseinatzea.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

Artikulu honen 1. eta 2. apartatuetan aipatzen diren ekintzak gauzatzeko sortutako gastuak lagundu daitezke diruz, hau da, irakasleak kontratatzeko, baliabide bibliografikoak eskuratzeko eta metodologia berritzaileak ezartzeko baliabide didaktikoak eskuratzeko, besteak beste.

Ordainketa eskuordetua ez da inolaz ere erabiliko irakasleen kontratazioari dagokion ordainsari-kostua ordaintzeko. Horrek finantzaketa bikoitza ekarriko luke, eta, hori saihesteko, III. eranskinean zehaztuko dira parte hartzen duen irakasle bakoitzak ordainketa eskuordetuan eta laguntza-programa honetan izandako arduraldiaren ehunekoak, eta ordu horiek inola ere ez datozela bat adieraziko da, ikastetxeko zuzendariak markatuz eta adierazpena sinatuz.

Ikastetxe bakoitzak hizkuntza indartzeko programak gauzatzeko jaso ahal izango duen dirulaguntzaren zenbatekoa honako formula honen bidez kalkulatuko da:

Laguntza = ikasle etorri berriak*700*(1+ ikasle bekadunen %)

Adibidez: ikastetxe batek 10 ikasle etorri berri baditu eta ikasle bekadunak % 20 badira, hau jasoko du: 10*700*(1+0,20) = 8.400 euro. Beste ikastetxe batek ikasle etorri berrien kopuru berdina badu eta ikasle bekadunak % 80,19 badira, honako hau izango da laguntza: 10*700*(1+0,8019) = 12.613,30 euro.

1.– Ikasle etorri berri bat edo bi bakarrik dituzten ikastetxeek ez dute jasoko dirulaguntzarik.

2.– Irizpide horiek aplikatu ondoren ateratako guztizko kopurua, hau da, onartutako programa guztiei esleitu beharko litzaiekeena, handiagoa baldin bada 1.2 artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino, ikastetxe bakoitzerako kalkulatu diren zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira, laguntzen guztizkoa aipatu mugara egokitu arte.

3.– Irizpide horiek aplikatu ondoren ateratako guztizko kopurua, hau da, onartutako programa guztiei esleitu beharko litzaiekeena, 1.2 artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino txikiagoa baldin bada, ikastetxe bakoitzerako kalkulatu diren zenbatekoak proportzionalki handituko dira, laguntzen guztizkoa aipatu mugara egokitu arte eta betiere ikasle etorri berri bakoitzak jasotako finantzaketa 1.400 euro baino handiagoa ez bada. Horrek ez die inoiz eragingo 3.1 artikuluan adierazitako ikastetxeei.

4.– Eskatutako aurrekontua ez bada egokitzen ikastetxeak urtarrilaren 31n ofizialki dituen ikasle etorri berrien benetako kopurura, ikastetxeak aukera izango du aurkeztutako proiektua zabaltzeko eta diruz lagun daitekeen gehieneko kreditura egokitzeko bost eguneko epean.

4. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak bateraezinak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk proiektuan diharduten irakasleen langile-kostua finantzatzeko eman dezakeen beste edozein dirulaguntzarekin.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honen onuradun izan daitezke Lehen Hezkuntzan eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan itundutako unitateak dituzten ikastetxe pribatuetako pertsona edo erakunde titularrak, eta Oinarrizko Lanbide Heziketa garatzeko Hezkuntza Sailaren dirulaguntzak jasotzen dituzten ikastetxe pribatuetako edo udal-titulartasuneko ikastetxeetako pertsona edo erakunde titularrak. Ikastetxe horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dute, eta 2. artikuluan deskribatzen diren jarduerak, diruz lagun daitezkeenak, egin behar dituzte.

6. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

– Indarrean dauden xedapenek zergen eta gizarte-segurantzaren arloetan ezartzen dituzten betebeharretan egunean egotea. Onartu den dirulaguntza guztiz likidatu arte eutsi beharko zaio eskakizun horri.

– Ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Onartu den dirulaguntza guztiz likidatu arte eutsi beharko zaio eskakizun horri.

2.– Ezin izango dira onuradun izan egoera hauetan dauden erakundeak:

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan azaldutako egoeraren batean daudenak.

– Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dien zigor administratiboa edo penala dutenak, bai eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekua dutenak ere, batez ere sexu-diskriminazioaren ondoriozkoak badira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenari jarraikiz.

7. artikulua.– Erakunde eskatzailearen zenbait betekizun egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren eskaera aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko laguntzak eskatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, hala ezarrita baitago Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskaera-orrian bertan azaltzen da), egiaztatuko da alderdi hauek betetzen direla:

– Ez jasotzea xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik, administrazio publikoetatik edo erakunde pribatuetatik.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dion zehapen administratibo edo penalik, ez eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenari jarraikiz.

– Ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzak direla-eta hasitako edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan sartuta egotea edo ez egotea.

– Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa ez eskatu izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat ez jo izatea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

– Kausaren batean erruduntzat jotzeagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa emanda ez egotea.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauetan jasotako kasuren batean: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo, ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

– Era berean, erakunde eskatzaileak adieraziko du eskaeran eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

8. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotako betebeharrak izango dituzte, barne hartuta finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate-neurriak hartzeko betebeharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 18. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin bat etorriz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak, eta, horiez gain, honako hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Zentzu horretan, hamabost eguneko epean –ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita– erakunde onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Hezkuntzako Ikuskatzailetzari ikastetxean garatzen diren programei buruz eskatu beste informazio ematea.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz.

e) Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutik xede bererako lortutako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, bai eta dirulaguntza eman zenean zeuden baldintzak zerbaitetan aldatu badira, horren berri ematea ere.

2.– Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren hirugarrenen erregistroan egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetan eskaera, kontsultak eta gainerako izapide guztiak egiteko. Izan ere, hala xedatu dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako -Platea- Plataforma Teknologikoa onartu zuen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, eta bertan aurki daitezke izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bete beharreko formularioak ere: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042910

10. artikulua.– Eskaerak eta inprimakiak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoak erabiliz: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042910

2.– Eskaera-eredua II. eranskinean dago jasota, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042910

Eskaeraren osteko izapideak bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskaera eta gainerako dokumentuak. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

11. artikulua.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskaerekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

– Ikastetxean egingo diren hizkuntza indartzeko programen deskribapena (formulario normalizatua: hizkuntza indartzeko programen deskribapena. III. eranskina). Bertan, honako hauek adierazi beharko dira:

• Eskatutako aldian programan arituko diren irakasle espezializatuak, irakasleen arduraldien ehunekoak, ordainketa eskuordetuaren ehunekoa, irakasleek programarengatik jasoko dituzten banakako ordainsarien zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari. Ikastetxeko zuzendariak, laukitxoa markatuz eta orrialde honetan bertan sinatuz, adierazten du programa honek diruz lagundutako orduak ez datozela bat inola ere ordainketa eskuordetuaren orduekin.

• Parte hartzen duten ikasleen izen-abizenak, zer mailatan dauden eta jatorrizko herrialdea.

• Programako programazio didaktikoa, eta, besteak beste, indargarria zein egunetan ezarri zen, ordutegiak, helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak.

– Ikastetxeko eskola-kontseiluaren edo organo eskudunaren ziurtagiria, programa gauzatzeko eta dirulaguntza eskatzeko hartutako erabakiaren berri emango duena.

– Dirulaguntzaren helburu den programan inplikatutako irakasleen titulazioen eta indarrean diren lan-kontratuen kopiak, salbu eta dokumentazio hori jadanik Administrazioaren esku badago. Kasu horretan, irakasle bakoitzeko zer dokumentu mota den adieraziko da (titulazioa, euskara titulua eta/edo indarrean den lan-kontratua), bai eta zer prozeduratan aurkeztu ziren ere.

2.– Dokumentazioa aurkezteko moduari buruzko informazioa eta formulario normalizatuak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042909

12. artikulua.– Eskaeretako akatsak zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluaren arabera, aurkeztutako eskaeran edo dokumentazioan akatsen bat edo zehaztasunik eza dagoela ohartuz gero, eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea izango du akatsak zuzentzeko. Halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpen bat emango da, aipatutako legearen 21. artikuluan jasotakoaren arabera.

– Eskaeraren osteko izapideak, zuzenketak barnean direla, bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

13. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

– Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: aniztasunaren eta hezkuntza-inklusioaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

– Arduraduna: Hezkuntza Sailaren Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritza.

– Helburua: aniztasunaren eta hezkuntza-inklusioaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

– Legitimazioa:

• Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak:

• Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

• Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

– Arauak:

• Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

14. artikulua.– Balioespena.

1.– Eskaera egiteko epea amaitzen denean, kasuan-kasuan eskumena duten Eskolatzeko Lurralde Batzordeek emango dute etorri berri diren ikasleen kopurua. Ikasle etorri berriei hizkuntza indartzeko programari dagozkion eskabideak 2. artikuluan aurreikusitakora egokitzen diren ala ez egiaztatuko dute, eta, hala bada, organo kudeatzaileari proposatuko diote ikastetxeari dagokion dirulaguntza esleitzea.

2.– Aurreko apartatuan jasotako ikasle etorri berrien kopurua ofizioz eguneratuko dute kasu bakoitzean eskumena duten Eskolatzeko Lurralde Batzordeek, batzorde horiek 2023ko urtarrilaren 31n dituzten datuekin. Lurralde-ordezkaritzak datu horiek erkatuko ditu ordezkaritzetako ikastetxeak antolatzeko zerbitzuetan dauden matrikulazio berrien erregistroekin.

3.– Ikasle bekadunen ehunekoa, 5. artikuluan jasotako mailei dagokienez soilik, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak kalkulatuko du, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean Hezkuntza Saileko Estatistika Zerbitzuan agertzen diren datuekin.

15. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazpen- eta jakinarazpen-epeak, eta jakinarazteko nahiz argitaratzeko moduak.

1.– Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritza da deialdi honen kudeaketa-organoa.

Zerbitzu horretako arduradunak Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariari helaraziko dio ebazpen-proposamena, hari baitagokio ebazpena egitea. Proposamen horretan adieraziko du zein dirulaguntza ematea (erakunde onuradunak eta emango diren zenbatekoak adierazita) eta zein ukatzea (eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak adierazita) proposatzen duen.

2.– Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak behin-behineko ebazpena egingo du, eta bertan zehaztuko dira emandako dirulaguntzak, erakunde onuradunak eta emandako zenbatekoak; orobat, ukatutako dirulaguntzak jakinaraziko dira, eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak adierazita.

Behin-behineko ebazpenaren jakinarazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz egingo da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Eskatzaileek hamar eguneko epea izango dute, argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.

3.– Behin betiko ebazpenak behin-behineko ebazpenaren datu-eremu berberak izango ditu, eta banan-banan jakinaraziko da, jakinarazpen elektroniko bidez, gehienez ere hilabeteko epean, behin-behineko ebazpena argitaratzen denetik hasita.

4.– Behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, aipatutako bitarteko elektronikoen bidez, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Interesdunetako batek errekurtsoa aurrez aurre aurkezten badu, elektronikoki aurkeztuta zuzentzeko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, errekurtsoaren aurkezpen-datatzat hartuko da zuzenketa egin den data.

5.– Deialdia ebazteko epea sei hilabetekoa izango da, argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada aurreko apartatuetan ezarritako moduan, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskaera ezetsi egin dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dion betebeharra.

6.– Emandako laguntzak EHAAn eta Hezkuntza Sailaren web-orrian (www.hezkuntza.eus) argitaratuko dira, publikotasun-ondorioetarako.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Zatika ordainduko zaizkie ikastetxe onuradunei dirulaguntzak, bi ordainketa-aginduren bidez:

a) Lehenengoa, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren % 80koa, deialdia ebatzi ostean, agindu honen 8.1.a) artikuluan aipatzen den epea amaitu eta gero, baldin eta tartean uko egiterik izan ez bada.

b) Ondorengo paragrafoan aipatzen den dokumentazioa dagokion epean jaso ondoren, dirulaguntza likidatuko da. Ateratzen den guztizko emaitzari –inoiz ez da ebazpenean onartutakoa edota egindako guztizko gastua baino handiagoa izango– kendu egingo zaio lehen ordainketaren zenbatekoa, eta, behar izanez gero, aldea ordaindu edo erreklamatu egingo da.

2.– 2023ko irailaren 15a baino lehen, dirulaguntza jaso duten ikastetxeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean:

Hizkuntza indartzeko garatutako programa bakoitzaren deskripzio-memoria, formulario normalizatuekin bat etorriko dena: justifikazio-memoria (IV. eta IV-B eranskinak) eta parte hartzen duten ikasleen zerrenda (V. eranskina), zehaztapen hauekin, besteak beste: ikasleak zein diren, irakasleak zein diren, irakasle bakoitzak zenbat eskola-ordu eman dituen, guztira zenbat ordu erabili diren eta lortu diren emaitzak.

Halaber, honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

– Hizkuntza indartzeko programetako pertsonal-gastuen ziurtagiria, formulario normalizatuaren araberakoa: indartze-programetako irakasle-kostuen ziurtagiria (VI. eranskina), non jasoko baitira, banan-banan, inplikatutako irakasleen kostuak.

– Eskola Kontseiluaren edo ikastetxeko organo eskudunaren aldeko ziurtagiria, egindako programa onesteko dena.

– Langile horien Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egiaztatzeko agiriak –TCak edo pareko beste agiriren bat–, zein egoera laboraletan dauden egiaztatzearren.

Artikulu honetan aipatutako eredu normalizatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042910

Eskaeraren osteko izapideak, barne hartuta memoriak eta ordainagiriak aurkeztea, bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

17. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.

1.– Dirulaguntzen erakunde onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidearen mende egongo dira kasu guztietan, eta –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbateko osoa edo zati bat itzuli beharko dute, baita dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa ere:

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat badago.

– Dirulaguntza erabiltzen ez bada hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.

– Dirulaguntza eragin zuen jarduera egiten ez bada.

– Dirulaguntza zertarako eman zen, helburu zehatz horrexetarako erabili dela justifikatzen ez bada.

– Oro har, betetzen ez badira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Nolanahi ere, horrek ez du ezertan eragotziko egokiak diren gainerako akzioak bideratzea. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen direnean, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, baldin eta dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada. Horretarako, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berregokitu egingo dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak aurreikusitako ondorioetarako –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzea da agindu horren xedea–, agindu honetan xedatutako laguntzak emango dira, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Aurrekontu Orokorretako ordainketa-kreditua egokia eta nahikoa bada.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta lege orokor horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 26a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala