Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

155. zk., 2022ko abuztuaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3598

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 6koa, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena, Ar-Goizargi SL enpresari kontratatzeko debekua adierazteko dena.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Aipaturiko kontratua adjudikatzeko ireki den administrazio-espedientean bete egin dira Administrazioko kontratuen gainean Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen (aurrerantzean, «SPKL») 1. artikuluan ezarritako oinarrizko printzipioak.

Bigarrena.– Kontratazio Organoaren 2021eko urtarrilaren 21eko erabakiaren bidez, gastua eta kontratazio-espedientea onartu eta adjudikazio-irizpide bakarreko prozedura irekia ezarri zen adjudikazio-prozedura gisa.

Hirugarrena.– Eskaintzak aurkezteko epean, honako enpresa hauen kontratu-proposamenak jaso ziren:

Operadore ekonomikoa:

Ar-Goizargi SL.

Construcciones Aplibur.

Conta Rehabilitación SL.

EraizabaL XXI Gestión Integral de Obras SL.

Grupo Eficacia Global SL.

Indenort PV SL.

Trenasa SA.

Laugarrena.– Kontratazio Mahaiak, 2021eko martxoaren 10ean egindako bilkuran, A gutun-azaleko dokumentazioa kalifikatu zuen. Bilkura horretan, Kontratazio Mahaiko kideek adierazi zuten espediente honetako enpresa lizitatzaile guztiek behar bezala aurkeztu zutela A gutun-azalean kontratuaren klausula espezifikoei buruzko 24.1 puntuan eskatzen zen dokumentazioa.

Bosgarrena.– 2021eko martxoaren 17ko bilkuran, enpresa lizitatzaile guztien eskaintza ekonomikoak ireki ziren jendaurrean. Honako hauek dira eskaintza ekonomikoen zenbatekoak, BEZik gabe:

1.– Ar-Goizargi SL 142.820,41 euro.

2.– Construcciones Aplibur SL 151.726,54 euro.

3.– Conta Rehabilitación SL 158.614,91 euro.

4.– Eraizabal XXI Gestión Integral de Obras SL 156.668,08 euro.

5.– Grupo Eficacia Global SL 140.050,21 euro.

6.– Indenort PV, SL 156.651,49 euro.

7.– Trenasa SA 159.118,07 euro.

Seigarrena.– Kontratazio Mahaiak 2021eko apirilaren 16an egindako bilkuran, Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzaren Eraikuntzen Zerbitzuak 2021eko apirilaren 13an egindako txostena aztertu zen, non ustez anormalki baxuak ziren eskaintzen proposamenik ote zegoen aztertzen zen, aintzat hartuta kontratuaren klausula espezifikoen 22.3.1 puntuan ezarritako parametro objektiboak. Alderdi horri dagokionez, adierazi da, ezarritako parametroen arabera, enpresa bakar batek ere ez duela aurkeztu eskaintza anormalki baxurik.

Zazpigarrena.– Halaber, Kontratazio Mahaiaren 2021eko apirilaren 16ko bilkura berean, Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzaren Eraikuntzen Zerbitzuak egindako gainerako txostena aztertu zen, non enpresa lizitatzaileen eskaintza ekonomikoak aztertzen diren. Ildo horretan, eta aintzat hartuta kontratuaren klausula espezifikoen 24.2 puntuan ezarritakoa, txosten horretan proposatu zen Grupo Eficacia Global SL enpresa baztertzea, jarraian transkribatutako arrazoiak direla eta: «Eskaintza ekonomikoa baino ez du aurkeztu, baina ez du aurkeztu aurrekontua partiden arabera xehakatua, ez eta prezioak banakatuta ere. Hortaz, proposatzen da eskaintza atzera botatzea eta lizitatzailea baztertzea».

Jarraian, Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzaren Eraikuntzen Zerbitzuak egindako txostenean enpresak puntuazioen arabera sailkatuta ageri dira:

(Ikus .PDF)

Amaitzeko, Eraikuntzen Zerbitzuaren txosten horretan, honako hau ondorioztatzen da:

«... Ar-Goizargi SL enpresa proposatzen da CO/04/21 espedientearen adjudikaziodun. Honako hau da eskaintza: 142.820,41 € + BEZa eta 4 hilabeteko betearazpen-epea».

Ondorioz, eta aintzat hartuta Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzaren Eraikuntzen Zerbitzuak egindako txostena, Kontratazio mahaiko kideek honako hau erabaki zuten:

a) Honako hau da aurkeztutako proposamenen sailkapen-hurrenkera:

(Ikus .PDF)

b) Proposatzea kontratua Ar-Goizargi SL enpresari adjudikatzea, bere eskaintzan ezarritako unitateko prezioen arabera. Aurrekontua, gehienez ere, 142.820,41 € + BEZa izango da eta betearazpen-epea 4 hilabetekoa.

Zortzigarrena.– 2021eko apirilaren 19ko ebazpenaren bidez, Hezkuntza Saileko Kontratazio Zerbitzuari agindu zitzaion eska ziezaiola Ar-Goizargi SL enpresari aurkez zezala klausulen agirian ezarritako dokumentazio guztia, kontratu hau behar bezala betearazteko, eta ezar zezala adjudikazio-aurrekontuaren % 5eko behin betiko bermea.

Bederatzigarrena.– Kontratazio Mahaiak 2021eko maiatzaren 6an egindako bilkuran, Ar-Goizargi SL enpresaren jarduteko gaitasuna eta kaudimen ekonomiko-finantzarioa eta teknikoa aztertu ziren. Kontratazio Mahaiko kideek egiaztatu zuten enpresak aurkeztutako dokumentazioa egokia zela, eta, halaber, 7.597,40 euroko behin betiko bermea ezarri zuela Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Sailaren Finantza Politikaren Zuzendaritzan.

Hamargarrena.– 2022ko apirilaren 20an, zerbitzu sustatzailearen idatzia jaso zen, non eskatzen baitzen kontratua honako arrazoi hauengatik suntsitzeko (erabat transkribatuta):

«2021eko ekainaren 29an sinatu zen kontratua eta uztailaren 28an hasi ziren obrak. Betearazpen-epea 4 hilabetekoa zenez, 2022ko azaroaren 28a zen obrak amaitzeko aurreikusitako epea.

Arabako Lurralde Ordezkaritzaren 2022ko apirilaren 1eko txosten erantsian adierazten den bezala, obra ez da amaitu, eta gaur egun atzerapena 4 hilabete eta 21 egunekoa da.

Horrez gain, txosten horretan zerrendatzen diren beste inguruabar larri batzuk ere gertatzen dira. Horien artean dago kontratak ez duela bete azpikontratistei ordaintzeko betebeharra. Azken inguruabar horrek obrak moteltzea eragin du, erabat geldiarazi arte.

Lurralde Ordezkaritza saiatu da egoera zuzentzen enpresa kontratistari behin eta berriz eskatuta eta enpresa azpikontratistekin etengabe harremanetan jarrita. Horren ondoren, proposatzen da kontratua suntsitzea justifikatu gabeko atzerapenagatik».

Hamaikagarrena.– 2022ko apirilaren 20an, espedientea hasteko ebazpena eman da, «Labastidako (Araba) Labastida HLHIN irisgarritasun araudira egokitzea» xede duen kontratazio-espedientea (CO/04/21 espedientea) suntsiarazteko, operadore ekonomikoak kontratua ez betetzeagatik aipatutako administrazio-kontratua suntsiaraztea bidezkoa den ala ez aztertze aldera.

Ildo horretan, 10 eguneko epea eman zaio alde kontratistari kontratua suntsiaraztearen aurka egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan. Aipatutako epea igarota, Ar-Goizargi enpresak ez du ezer adierazi. Epe berbera eman zaio erakunde abal-emaileari abalaren bermea konfiskatzeari buruzko iritzia eman dezan, baina ez du alegaziorik egin epe horretan.

Hamabigarrena.– 2022ko maiatzaren 31n, ebazpena eman da eta amaiera eman zaio «Labastidako (Araba) Labastida HLHIN irisgarritasun araudira egokitzea» xede duen kontratazio-espedientea (CO/04/21 espedientea) suntsiarazteko prozedurari. Ildo horretan, honako erabaki hauek hartu dira:

«1.– Erabaki da "Labastidako (Araba) Labastida HLHIN irisgarritasun araudira egokitzea" xede duen kontratua (CO/04/21 espedientea) suntsiaraztea, Ar-Goizargi SL enpresak ez baitu bete kontratua.

2.– Konfiskatu egingo da Ar-Goizargi SL enpresak kontratu honen betebeharrak bermatzeko ezarritako 7.597,40 euroko behin betiko bermea (erregistro-zenbakia: F202100249).

3.– Dagozkion izapideak abiaraziko dira Ar-Goizargi SL enpresari administrazio publikoarekin kontratatzea debekatzeko.

4.– Ebazpen honen berri emango zaie prozedurako interesdun guztiei eta kontratazio-organoaren kontratatzailearen profilean argitaratuko da».

Hamairugarrena.– 2022ko ekainaren 24an, Eusko Jaurlaritzaren Kontratazioaren Aholku Batzordeak Ar-Goizargi SL enpresa kontratatzeko debekuaren aldeko txostena egin du, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen (aurrerantzean, «SPKL») 211.1. d) eta f) artikulua ez betetzeagatik.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren 8.1.d) artikuluak (Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena eta zeinaren bidez ezartzen baita Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea dela sailaren kontratazio-organoa eta gastua onartzeko organoa, baldin eta lizitazioaren oinarrizko aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia 1.000.000,00 eurokoa edo hortik gorakoa bada) administrazio-kontratazioaren arloan esleitzen dizkidan eskumenen arabera, eta SPKLren 73. artikuluan xedatutakoaren arabera («kontratatzeko debekuak deklarazioa egiteko eskumena duen kontratazio-organoaren eremuari eragingo dio»),

Bigarrena.– Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen (aurrerantzean, «SPKL») 211.1 d) eta f) artikuluak xedatzen du kontratua suntsiarazteko arrazoia dela kontratuaren betebehar nagusia ez betetzea;

d) Kontratista epeak betetzen berandutzea.

f) Kontratuaren betebehar nagusia ez betetzea.

Halaber, kontratua suntsiarazteko kausa izango da funtsezko gainerako betebeharrak ez betetzea, baldin eta azken horiek halakotzat kalifikatu badira baldintza-agirietan edo kasuko deskripzio-agirian, honako bi baldintza hauek gertatzen direnean:

1.– Betebehar horiek errespetatzea 34. artikuluaren 1. apartatuak itunen askatasunerako ezartzen dituen mugak.

2.– Zehaztasunez, argitasunez eta modu zalantzagabean aipatuta agertzea baldintza-agirietan edo deskripzio-agirian; klausula orokorrak ez dira onartuko.

Hirugarrena.– Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 71.2.d) artikuluak xedatutakoarekin bat, kontratuaren suntsiarazpenaren erruduntzat jotzea kontratatzea debekatzeko arrazoia da.

Laugarrena.– SPKLren 71., 72. eta 73. artikuluetan xedatutakoa, kontratatzeko debekuari buruz.

Bosgarrena.– Bat etorriz Administrazio Publikoen Legearen Erregelamendu orokorra onesten duen urriaren 12ko 1098/2001 Errege Dekretuaren 19.1 artikuluarekin, kontratazio-organoei dagokie kontratatzeko debekua deklaratzeko prozedura hastea, debekua eragin duten gertaerak agerian jartzen badira kontratazio-espediente bat izapidetzean. Gainerako kasuetan, Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeari edo autonomia-erkidegoetako organoei dagokie prozedura hastea.

Erabaki horiek hartzen dituzten agintari eta organo eskudunek Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeari edo autonomia-erkidegoetako organo eskudunei dagozkien prozeduretan emandako epaiak, zehapenak eta ebazpen irmoak jakinaraziko dituzte.

Legearen 20. artikuluko d) paragrafoan aurreikusitako kasuetan, zehapenak edo ebazpen irmoak erabakitzen dituzten agintari edo organo eskudunek Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeari igorriko dizkiote gauzatutako jarduketak, dagokion espedientea izapidetuz. Espediente horretan, entzunaldiaren izapidea beteko da, eta gertatutako inguruabarrei buruzko txostena erantsiko zaio, Aholku Batzordeak Ogasun ministroari proposatu behar dion kontratatzeko debekuaren irismena eta iraupena hauteman ahal izateko.

Entzunaldiaren izapidea Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeak berretsi beharko du ebazpen-proposamena eman aurretik.

Ebazpen honetan aipatutako aurrekariak eta arauak eta horiekin bat datozen eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– Erabaki da Ar-Goizargi SL lizitatzaileari kontratatzeko debekua ezartzea 3 urtez, debekua lizitatzaileen erregistro orokorrean inskribatzen denetik zenbatzen hasita.

Kontratatzeko debekuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren eremuari eragingo dio.

2.– Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialean argitaratuko da.

3.– Ebazpen honen berri emango zaie prozedurako interesdun guztiei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikuluarekin bat etorriz, ebazpen honen aurkako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio ebazpena eman duen organoari, hilabeteko (1) epean, edo Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratu ahal izango da zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, ebazpena jakinarazi eta bi (2) hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 6a.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

PATXI XABIER AIZPURUA TELLERIA.


Azterketa dokumentala