Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2022ko uztailaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3455

AGINDUA, 2022ko uztailaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euneiz Unibertsitatearen jarduerak hasteko baimena ematen duena.

Euneiz unibertsitate pribatua onartu zuen azaroaren 11ko 8/2021 Legeak, Euneiz Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate pribatu gisa onartzekoak, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (2021eko azaroaren 22ko EHAA, 232. zk.).

Lege horren zioen azalpenean jasotzen den bezala, Euneiz Unibertsitatearen konpromisoa da unibertsitateko goi-mailako hezkuntza eskaintzea, xede hauekin:

– Hazkunde eta garapen ekonomiko eta soziala sustatuko duena, ekonomia global berrirako prestatutako gradudunen bidez, munduko herritarrak izango baitira, beren testuinguruan modu positiboan eragiteko gai. Horretarako, abangoardiako prestakuntza erabiliko da, euskarritzat hartuta informazio- eta komunikazio-teknologiak, prestakuntza-bitarteko bereizgarri gisa, eta, praktika profesional intentsiboa, tresna gisa.

– Tokiko aberastasuna modu jasangarrian sortzen lagundu, eta kanpoko kapitala erakarriko duena. Horretarako, ikerketa aplikatu eraldatzailearen estrategia eta lankidetzako eta garapeneko proiektu berritzaileak erabiliko dira eta erakundearen eta gure herrialdearen giza kapitala nazioartean sustatuko da, teknologia berriek dakarten espazioa aprobetxatuz.

– Unibertsitateko ikasle, irakasle eta ikertzaileen nazioartekotzea sustatuko duena.

– Euskadiko hezkuntza-eskaintza guztia nazioartekotzen lagunduko duena.

– Kapital intelektuala garatu eta atxikiko duena, nazioarteko migrazio eta mugikortasun profesionala dela eta, berrikuntza- eta ekintzailetza-ekimenak erakarriz Gasteizera eta Euskadira, ikasleen lanaren bidez.

Euneiz Unibertsitatea eratu ahal izateko, Eusteiz SA erakunde sustatzaileak egiaztatu du araudiak eskatzen dituen betekizunak betetzen dituela, baina jarduerak hasteko baimena lortu arte ez da gauzatuko, honako hauetan oro har eskatzen den bezala: Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 4.4 artikuluan, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 62. eta 109.3 artikuluetan, eta, bereziki, lehen aipatutako 8/2021 Legearen 3. artikuluan eta Unibertsitateak eta unibertsitate-zentroak sortu, aitortu eta baimentzeari buruzko uztailaren 27ko 640/2021 Errege Dekretuaren 11. artikuluan.

Araudi horretatik ondoriozta daiteke, lehenik eta behin, Euneiz Unibertsitatearen jarduerak hasteko baimena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari dagokiola, Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskuduna den aldetik, bertan baitaude etorkizuneko unibertsitatearen instalazioak.

Bigarrenik, hura abian jartzeko prozedura Euneiz unibertsitatearen sustatzaileek eskatuta hasiko da, gehienez ere bi urteko epean, unibertsitatea onartzeko legea indarrean jartzen denetik. Ildo horretan, 2022ko martxoaren 8an, Eusteiz SAk jarduerak hasteko eskaera ofiziala aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzan, hitzartutako dokumentazioarekin batera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

Hirugarrenik, jarduerak hasteko prozedura Hezkuntzako sailburuaren agindu bidez erabakiko da, baimena eskatu eta gehienez ere sei hilabeteko epean. Epe horretan, Euneiz Unibertsitateak bere jarduera hasteko erabili nahi dituen tituluen egiaztapena lortu beharko du, eta, era berean, legez eskatzen diren betekizun pertsonalak, materialak edo prestakuntza-eskaintzari dagozkionak betetzen dituela egiaztatu beharko du.

Laugarrenik, Euneiz Unibertsitatearen jardueren hasiera, unibertsitatearen funtzionamendua eta garapena ziurtatzeko beharrezkoak diren bermeak eratu ondoren, gutxienez ikasketak hasi dituzten ikasleek –aprobetxamendu akademiko normalarekin– ikasketok amaitu ahal izateko behar den denboran emango da.

Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatearen Euskal Agentziak, titulazioak egiaztatzeko prozesuan, honako titulazio hauen aldeko txostena eman du:

– Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua;

– Fisioterapiako Gradua;

– Multimediako Gradua;

– Entretenimenduaren Industriarako Musika eta Soinuaren Ekoizpeneko Gradua.

Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak hauek egiaztatu ditu: titulazioak egiaztatzeko txostenetan Euneiz Unibertsitateak dituen baliabide propioei buruzko beharrezko informazioa jasotzen da, eta baliabide horiek unibertsitatearen eginkizunak behar bezala betetzea bermatzen dute; irakaskuntzaren eta ikerketaren kalitatea eta ikasleak onartzeko mugak bermatzeko oinarrizko baldintzak betetzen dira; eta euskal unibertsitate-sistemaren helburuen testuinguruan ezarri eta garatuko dira.

Era berean, titulazioak egiaztatzeko txosten horietan jasotzen denez, Euneiz Unibertsitateak beharrezko bermeak ditu unibertsitatearen eta haren zentro bakoitzaren funtzionamendua eta garapena ziurtatzeko, gutxienez behar den denboran, bertan ikasketak hasi dituzten ikasleek ikasketak amaitu ahal izateko –aprobetxamendu akademiko normalarekin–, bai eta unibertsitateak eta haren sustatzaileek unibertsitate-komunitateko kideei dagokienez dituzten konpromisoei aurre egiteko ere.

Horregatik guztiagatik, baiesten da baimena ematea, 2022-2023 ikasturtetik aurrerako ondorioekin, Euneiz Unibertsitatearen eta bertan integratutako zentroen jarduerak hasteko.

Beraz, eskaera hori ikusita, kontuan hartuta indarreko araudian jasotako baldintzak bete direla, eta Unibasqek dagozkion egiaztapen-txostenak eta Hezkuntza Sailak nahitaezko txostenak egin ostean, honako hau

XEDATZEN DUT:

Baimena ematea, 2022-2023 ikasturtetik aurrerako ondorioekin, Euneiz Unibertsitateak eta bertan integratutako zentroek jarduerak has ditzaten, betiere jarduerak hasi aurretik Estatuko Administrazio Orokorraren testuinguruan egin behar diren izapideei lotuta.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 18a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala