Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

133. zk., 2022ko uztailaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3146

79/2022 DEKRETUA, ekainaren 21ekoa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Arrasaten, N-636 errepidea 34,100 KPtik Kanpanzarreko Bizkaiko mugaraino zabaltzeko eta hobetzeko proiektua (1-EM-26/2021) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, «N-636 errepidea 34,100 KPtik Kanpanzarreko Bizkaiko mugaraino zabaltzeko eta hobetzeko proiektua (1-EM-26/2021)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

Bide Azpiegituretako Departamentuko foru diputatuak 2021eko abenduaren 13an emandako Foru Aginduaren bidez, honako hau ebatzi zuen: nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hilabeteko epean, prentsan eta 2021eko abenduaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (244. zk.). Geroago, 2022ko martxoaren 22an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak ukitzen dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta alegazio bat aurkeztu zen, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

N-636 «Beasain-Durango, Kanpanzarren barrena» errepidean, GI-627 errepidearen eta Bizkaiko mugaren (Kanpanzar) arteko tartean, hiru zati bereiz daitezke.

Hasierako zatiak kalitatezko trazadura du eta zirkulaziorako hiru errei ditu; horietako bi igoera-noranzkoan, aurreratze seguruak ahalbidetzeko. Hurrengo zatiak errei bakarra du noranzko bakoitzean, baina errepideak trazatu ona du bertan, eta 3,50 metroko erreiak eta metro bateko bazterbideak ditu alde bakoitzean. Hirugarren zatiak, berriz, 34,100 eta 34,978 KPen artekoak, trazatu bihurgunetsua du eta plataformaren zabalerak guztira ez ditu 7,00 metroak gainditzen luzeraren zati handi batean.

Baldintza geometriko horiek ez dira egokiak. Estua da trazaduraren homogeneotasuna hausten duen hirugarren zati hori, 9,00 metroko zabalera baitu aurreko eta atzeko aldeetan. Horrek deserostasuna, arriskua eta istripu-tasa handitzea eragiten ditu trafiko handia jasaten duen errepide horretan. Balioetsi da trafiko horren EBBa 5.672 ibilgailu/eguneko dela eta trafikoak ordutegi-banaketa oso irregularra du, lanean sartzeko eta irteteko puntako orduetan kontzentratzen baita. Gainera, 34,930 KPan erradio txikiko bihurgune bat dago, estutze hori nabarmenagoa eginez, eta istripuak gertatzen dira bertan.

Proiektuak jasotzen dituen lanak gauzatzeak tarte horren segurtasun-baldintzak nabarmen hobetzea ahalbidetuko du eta murriztuko du aurrez aurreko zein alboko istripuak izateko arriskua. Gaur egun, bereziki aipatzekoa da arrisku hori, bai errepidearen erabiltzaile kopurua handia delako, bai Durangaldearen eta Debagoienaren artean mugitzen den trafiko astuna handia delako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.

Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2022ko ekainaren 21eko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «N-636 errepidea 34,100 KPtik Kanpanzarreko Bizkaiko mugaraino zabaltzeko eta hobetzeko proiektua (1-EM-26/2021)» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko ekainaren 21ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala