Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2022ko uztailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3042

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 7koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Itelazpi SAk Ataungo (Gipuzkoa) San Gregorioko telekomunikazio-zentroa eraberritzeko sustatzen duen proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2022ko martxoaren 15ean, Ataungo Udalak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Itelazpi SAk Ataungo (Gipuzkoa) San Gregorioko telekomunikazio-zentroa eraberritzeko sustatzen duen proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan. Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan araututako prozedura) xedatutakoaren arabera egin da.

10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2022ko martxoaren 29an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko xedearekin.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E. eranskineko 3. epigrafean xedatutakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar dute proiektu hauek: «Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan».

Proiektuaren eremuak Kontserbazio Bereziko Eremua (ES2120011) eta Aralar Parke Naturala (ES212001) ukitzen ditu zenbait tokitan.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea Itelazpi SAk Ataungo (Gipuzkoa) San Gregorioko telekomunikazio-zentroa eraberritzeko sustatzen duen proiekturako, honako baldintza hauetan:

A) Proiektuaren xedea da Ataungo Agauntza mendian dagoen telekomunikazio-zentroaren gaur egungo 20 metroko dorrearen ordez 40 metroko dorre berri bat jartzea. Dorre hori zentroaren egungo esparrutik kanpo jarriko da, baina oso hurbil.

B) Itelazpi SAk Ataungo (Gipuzkoa) San Gregorioko telekomunikazio-zentroa eraberritzeko sustatzen duen proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Jardueraren helburua da San Gregorio auzoko (Ataun) Agauntza mendian dagoen telekomunikazio-dorrea ordeztea da, egungo instalazioak azpiegitura- eta segurtasun-arazoak baititu. Dorrea dagoen barrutiaren gutxi gorabeherako azalera 239 m2-koa da, eta ekipamendua duten hiru etxolek eta telekomunikazio-dorreak osatzen dute.

Proiektuak gaur egungo 20 metroko dorrea eraistea eta telekomunikazio-zentroaren egungo itxituratik kanpo, baina oso gertu, 40 metroko dorre berri bat jartzea proposatzen du.

Proposamenak honako jarduketa hauek jasotzen ditu zehazki:

– Lurzatia garbitzea eta perimetro-hesiaren zati bat kentzea.

– Lursaila egokitzea.

– Zimenduak jartzeko, dorrea zimendatzeko eta zolata hormigoiztatzeko induskatzea.

– Dorre indartu berria jartzea, 40 metroko altuerakoa, 1. etxolatik 3 metrora. Dorre horrek segurtasun-elementu gehigarriak izango ditu: eskailera, FABA errei-sistema, tximisten inpaktua inhibitzeko sistema, etab.

– Hesi berriak jartzea okupatutako eremuan.

– Egungo 20 metroko dorrea desinstalatzea eta soberakinak hondakinen kudeatzaile baimenduaren bidez kentzea.

– Aurretik kendutako hesia berriro jartzea.

Proiektua gauzatzeko ez da pista berririk egin behar, gaur egun dorrea mantentzeko erabiltzen diren sarbideak baitaude.

Aurreikusitako lanetan, 12.032,64 m3-ko lur-mugimenduak izango dituzte; horietatik, ia 4.000 m3 obran berrerabiliko dira, betelanetarako, eta gainerako 8.000 m3-ak obrako soberakinak izango dira.

3 alternatiba aztertu dira, horietako bat 0 alternatiba da edo ez jardutearena; beste bi alternatiben arteko aldea da horietako batean dorre berria egungo esparruan jarriko litzatekeela, eta beste aukeran, azkenean aukeratu dena, dorre berria egungo itxituratik kanpo jarriko litzatekeela, baina hortik oso gertu, gaur egun dorrea dagoen eremua libre utziz.

2.– Proiektuaren kokapena.

Aztergai dugun kokalekua Agauntza mendian dago, Ataungo San Gregorio auzoan (X=566056,14; Y=4757099,22 koordenatuak). Esparruak 239,95 m2-ko azalera du eta perimetro osoan hesituta dago.

Telekomunikazio-zentroa Aralar (ES2120011) eta Aralar Parke Naturalaren (ES2112001) kontserbazio bereziko eremuaren barruan dago, baso-erabilerako eremu batean, Aralarko Parke Natur Baliabideen Antolamendurako Planaren arabera. Era berean, Lizarrustiko Basoa izeneko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian sartutako eremu batean dago. Era berean, eremua onura publikoko mendi katalogatu batean dago.

Eremuan ez da ur-ibilgurik. Ez eta geologia interesdun lekurik ere.

Lursaila Batasunaren intereseko 9120 habitataren barruan dago: Pagadi azidofilo atlantikoak, Ilex eta, batzuetan, Taxus espezieen oihanpeekin.

Faunari dagokionez, telekomunikazio-zentroa kokatuta dagoen eremuak Batasunaren intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Plan bat du, eta Elikadura Babesteko Eremu eta hegazti horientzat interes bereziko eremu gisa katalogatuta dago. Baterako Kudeaketa Plan hau ugatza (Gypaetus barbatus), sai zuria (Neophron percnopterus) eta sai arrea (Gyps fulvus) hegaztiei buruzkoa da. Eremutik gertuen dagoen ingurunea ere faunarentzako gune garrantzitsutzat jotzen da; 1 km-ra, Agauntza erreka dago, bisoi europarrarentzat (Mustela Lutreola) eta Pirinioetako muturluzearentzat (Galemys Pyrenaicus) onartutako Kudeaketa Plana duena.

Gainera, eremua, Aralarko gainerako eremuekin batera, Abifaunaren Babes Eremu gisa identifikatzen da, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera. Agindu horretan, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan talkaren eta elektrokuzioaren aurka babesteko neurriak aplikatuko dira.

San Gregorio gaina, zentroa dagoen eremua, EAEko Paisaia Berezien eta Nabarmenen Katalogoan dago.

Eremuan ez dago kultura-ondareko elementurik; gertuen daudenak San Gregorio auzoan daude, telekomunikazio-zentrotik kilometro batera baino gehiagora.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du uholde-arriskurik, akuiferoek kutsadurarekiko kalteberatasun hutsala dute, eremuak baso-sutearen arrisku txikia du, eta ez da identifikatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak egon diren edo dauden kokalekuen inbentarioko lurzatirik. Era berean, higadura-maila oso baxuak eta lurzoru-galera onargarriak dituen eremu gisa identifikatuta dago.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektu mota eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik handienak obra-fasean sortuko dira, eta lur-mugimenduen (12.032,64 m3), langile eta makinen joan-etorrien, materialen zamalanen eta hondakinak sortzearen ondoriozkoak izango dira. Zehazki, dorre berria jartzeko, lursaila egokitu, induskatu eta zimenduak jarri beharko dira. Egungo dorrea eraisteak hondakinak sortzea ekarriko du.

Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakinetan, gutxitu egingo da faunaren habitataren kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahal izango dira lurra mugitzean sortutako istripuzko isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, hondakinak sortuko dira eta ebaketa- eta/edo inausketa-lanak egin beharko dira dorre berria jartzeko 9120 Batasunaren intereseko habitatean (pagadi azidofiloa). Ildo horretan, nabarmendu behar da proiektuak landarediaren gaineko eragina konpentsatu nahi duela, egungo dorrea dagoen eremua leheneratuz.

Funtzionamendu-fasean, inpaktu nagusiak abifaunak eta kiropteroek pairatuko dituzte, dorre berriarekin talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuagatik, 20 metro garaiagoa izango da eta. Beraz, arrisku hori egungoa baino handiagoa izango da. Ondorioz, prebentzio-neurriak hartu beharko dira, bermatzeko funtzionamendu-fasean ez dela eragin handirik izango abifaunan eta kiropteroetan.

Aipatu behar da deskribatutako inpaktu guztiak naturagune babestu baten barruan gertatuko direla: Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Aralar Parke Naturala. Nolanahi ere, txosten honetan ematen diren neurriak hartuta (obrek irauten duten bitartean eguneroko ingurumen-zaintza, obren eremua balizatzea, abifaunaren eta kiropteroen jarraipena egitea dorre berriak funtzionatzen duen bitartean eta abar), KBE eremuaren osotasunari eragitea baztertu daitekeela uste da. Aralarko Parke Naturalaren araudiak ezartzen duen Baliabide Naturalak Antolatzeko Planari dagokionez, proiektua bateragarria da jarduera-eremua kokatuta dagoen Baso Erabilerako Eremuan aplikatu beharreko arauekin.

Ondorioz, eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak ikusita, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatibo adierazgarririk izango duenik.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait neurri babesle eta zuzentzaile ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Itelazpi SAk Ataungo (Gipuzkoa) San Gregorioko telekomunikazio-zentroa eraberritzeko sustatzen duen proiektuaren ingurumen-ebaluazio arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, ebazpen honen hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obrako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren 2022ko apirilaren 19ko txostenean egindako oharren arabera, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eremu babestuaren kudeaketaz arduratzen den administrazio gisa, ezartzen dituen baldintzei kalterik egin gabe, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartu beharko dira:

– Proiektuak bateragarria izan beharko du Aralarko Kontserbazio Bereziko Eremuari eta Parke Naturalari aplikatu beharreko araudiarekin. Zehazki, honako dekretu hauetan jasotako zehaztapenak bete beharko ditu: 84/2016 Dekretua, maiatzaren 31koa, Aralar Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena (ES2120011); 168/1994 Dekretua, apirilaren 26koa, Aralar aldea parke natural deklaratzen duena; 168/1994 Dekretua, apirilaren 26koa, Aralar aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana onartzen duena; eta 146/2004 Dekretua, uztailaren 13koa, Aralarko Parke Naturaleko Natur Baliabideen Antolamendu Plana aldatzeko dena.

– Obrak, bai eta lurzorua erabili beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Hala badagokio, beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, intereseko landarediari eragitea saihestuko da. Obrako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa ahalik eta gehien mugatuko da aipatutako mugetatik kanpo, eta obretara lehendik dauden bideetatik sartuko da.

Horretarako, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, obrak hasi aurretik.

– Obrak egiten diren bitartean, eta zuinkatzen direnetik, lan-eremuaren ingurumen-zaintza bertatik bertara egingo da egunero.

– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko edo moztuko bertako landaredi naturala. Horregatik, obren eremua balizatu egingo da, pertsonak eta makinak ez daitezen ibili eta materiala ez dadin pilatu, sarbideetatik eta komunikazio-zentroak hartzen duen eremutik kanpo, eta, zehazki, zuhaitz autoktonoak dauden gainazaletan.

– Zuhaitzak moztea edo eskokatzea beste aukerarik ez bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko.

– Obrak egitean, mehatxatutako faunarentzat identifikatutako aldi kritikoa saihestuko da; bereziki, martxoa eta abuztua bitartean.

– Ingurumena Zaintzeko Programak ingurunearen jarraipena egin beharko du dorrea aldatu eta hurrengo bi urteetan, dorrearen altuera luzatzeak abifaunari eta kiropteroei kalte handirik eragiten ez diela egiaztatzeko. Kontrolaren aldizkakotasuna zehaztuko da IZPn; eta, funtsean, dorrearen inguruan hilotzik agertzen den behatuko da.

Zaintzaren emaitzak Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalien eta Landareen Zerbitzura bidaliko dira aldizka, eta zerbitzu horrek, hala badagokio, beharrezkoak diren neurri osagarriak ezarriko ditu espazioan inpaktuak saihesteko.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

– Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar) eta egungo dorrean dagoen tokia bereziki. Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak saihesteko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Beharrezkoa bada, kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko aipatu espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik. Era berean, halakorik badago, espezie inbaditzaileak errotik kenduko dira jarduera-eremutik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

– Obra-faseak dirauen artean, behar diren jardunbide egokiak aplikatu beharko dira honako gai hauei dagokienez: obretako makinen mantentze orokorra, zarata eta bibrazioak jatorrian murriztea, zarata egiten den ordutegia mugatzea, obretan erabilitako ekipamenduek ateratzen duten zarata kontrolatzea eta abar.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

Lanek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jarduketaren eraginpeko ingurunean, bai jarduketa-eremuetara sartzeko gunean.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta gehien bermatzeko:

– Obra-eremuaren mugak kontrolatzea.

– Eragina kontrolatzea hauetan: 9120 Batasunaren intereseko habitata (pagadi azidofilo atlantikoak, Ilex eta, batzuetan, Taxus espezieen oihanpeekin) eta Kontserbazio Bereziko Eremua (ES2120011) eta Aralarko Parke Naturala.

– Hondakinik ez botatzea, eta olio-isurketekin edo lurra leku batetik bestera eramatean lurzorua eta ura ez kutsatzea.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean obra-zuzendaritzak hartu behar dituen erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hondakinak kudeatzea eta natura-ondarea babestea.

Dorrea aldatu eta hurrengo bi urteetan, ingurumen-aholkularitzak ingurunearen jarraipena egingo du, dorrearen altuera luzatzeak abifaunari eta kiropteroei kalte handirik eragiten ez diela egiaztatzeko.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Itelazpi SAk Ataungo (Gipuzkoa) San Gregorioko telekomunikazio-zentroa eraberritzeko sustatzen duen proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Ataungo Udalari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 7a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala