Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2022ko uztailaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3015

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 22koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita «Investigo» programa finantzatzeko laguntzen deialdiari esleitutako baliabide ekonomikoak handitu egin direla, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2021eko abenduaren 21eko Ebazpenaren bidez, 2021eko abenduaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (262. zk.) argitaratu zen «Investigo» programa finantzatzeko laguntzen deialdia, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Deialdi hori 2021eko abenduaren 21ean onartu zuen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, eta eskaerak aurkezteko epea 2023ko urriaren 31n amaitzen da.

Deialdi horretan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 9.715.706 eurokoa izan zen, eta zenbateko hori Estatuak transferitu zuen, deialdia gauzatzeko izaera finalistarekin, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean integratutako proiektu gisa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez.

Deialdiaren 2. artikuluak ezartzen duenez, eman beharreko laguntzen bolumen osoak ez du gaindituko aipatutako zenbateko hori edo zenbateko hori handitzetik ateratzen dena, aurrekontu-aldaketarik onartzen bada indarreko legeekin bat, bereziki 2022an edo 2023an Euskal Autonomia Erkidegoari Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruko funts berriak transferitzen bazaizkio xede bererako eta laguntza horiek finantzatzeari lotutako ordainketa-kreditu berriak sortzen badituzte.

Maiatzaren 17ko TES/440/2022 Aginduaren bidez (2022ko maiatzaren 19ko BOEn argitaratu zen), 2022ko ekitaldiko kredituen lurralde-banaketa egin da, zeinak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 19. eta 23. osagaien esparruan inbertsio-proiektuak gauzatzera bideratuta baitaude, Enplegu eta Lan Gaietako Konferentzia Sektorialak 2022ko apirilaren 6ko bileran onartutako irizpideetan oinarrituta. Horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari 6.581.607 euroko zenbatekoa esleitu zaio, Investigo Programako laguntzak finantzatzeko. Zenbateko hori dagoeneko transferitu da, xede horretarako aplikatzeko.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan ezartzen denez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, dirulaguntzen deialdiez gain, interesdunentzat garrantzitsua den eta oro har eragiten dien edozein egintza. Agindu hori aintzat hartuta, Investigo Programako laguntzen deialdiaren 2. artikuluan berariaz ezartzen da laguntza horiek finantzatzeko baliabide ekonomikoak handitzen badira horren berri emango dela, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Horrenbestez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hau

EBAZTEN DU:

Argitara ematea handitu egin direla «Investigo» programako laguntzen deialdia finantzatzeko baliabide ekonomikoak, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Deialdi hori 2021eko abenduaren 21ean onartu zuen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak. Baliabide ekonomiko horiei 6.581.607 euro gehitzen zaizkie, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren 2022ko ordainketa-kredituaren kargura, betiere Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotuta.

Horren ondorioz, aipatutako laguntzak finantzatzeko aurrekontu-kredituaren guztizko zenbatekoa 16.297.313 eurokoa da.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 22a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.


Azterketa dokumentala