Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2022ko ekainaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2944

EBAZPENA, 2022ko apirilaren 13koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusi eta aldatu egiten baita Iurretako udalerriko Smurfit Kappa Nervión SA enpresari kraft orea eta kraft papera fabrikatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua, eta kaltzio karbonatozko lohien barne-balorizazioa egiteko kare-labe berria ezartzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita.

AURREKARIAK

Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren bidez, Iurretako udal-mugarteko (Bizkaia) Smurfit Kappa Nervión SAri zura erabiliz zakutarako kraft orea eta kraft papera fabrikatzeko jarduerarako ingurumen-baimen integratua eman zitzaion.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2011ko otsailaren 28ko Aginduaren bidez Smurfit Kappa Nervión SAk 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa ebatzi zen. Agindu horretan, partzialki onartu zen gora jotzeko errekurtsoa, eta aldatu egin ziren ebazpenaren lehen, bigarren eta bosgarren apartatuak.

Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko maiatzaren 6ko Ebazpenaren bidez aldatu eta eraginkor egin zen Iurretako udal-mugarteko (Bizkaia) Smurfit Kappa Nervión SAri eman zitzaion ingurumen-baimen integratua, kraft orea eta kraft papera fabrikatzeko jarduerarako.

Ingurumeneko sailburuordearen 2018ko irailaren 28ko Ebazpenaren bidez, aldatu eta berrikusi egin zen Iurretako udal-mugarteko (Bizkaia) Smurfit Kappa Nervión SAri emandako ingurumen-baimen integratua, kraft orea eta kraft papera fabrikatzeko jarduerarako.

2019ko abuztuaren 1ean, «Iurretako udal-mugarteko Smurfit Kappa Nervión SAren lurzoruen dokumentu bakarra, lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren arloko arau-eskakizunak biltzen dituena» jaso zen ingurumen-organo honetan. Dokumentua egiaztatutako erakunde batek idatzi zuen.

Ingurumeneko sailburuordearen 2019ko urriaren 9ko Ebazpenaren bidez, aldatu egin zen Iurretako udal-mugarteko (Bizkaia) Smurfit Kappa Nervión SAri emandako ingurumen-baimen integratua, kraft orea eta kraft papera fabrikatzeko jarduerarako.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko otsailaren 27ko Aginduaren bidez, partzialki onartu zen Iurretako udal-mugarteko (Bizkaia) Smurfit Kappa Nervión SAk Ingurumeneko sailburuaren 2018ko irailaren 28ko Ebazpenaren aurka (Iurretako udal-mugartean kraft orea eta kraft papera fabrikatzeko jarduerarako Smurfit Kappa Nervión SA sozietateari emandako ingurumen-baimen integratua berrikusi eta aldatzen duena) jarritako gora jotzeko errekurtsoa.

2021eko maiatzaren 6an, Smurfit Kappa Nervión SAk, ingurumen-inpaktuaren adierazpena jada eginda, ingurumen-baimen integratuaren funtsezko aldaketa egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoarekin, Iurretako udal-mugartean (Bizkaia) kraft orea eta kraft papera fabrikatzeko haren instalazioan kare-labe berri bat jartzeko proiektuari dagokionez. Eskabidearekin batera, dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:

– Proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana, ingurumen-baimen integratuaren funtsezko aldaketa eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

– Laburpen ez-teknikoa.

Aurkeztutako dokumentazioa egokia zela egiaztatu ondoren, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko maiatzaren 31ko Iragarkiaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea, 30 egunez, Smurfit Kappa Nervión SAk sustatutako proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana, egoki jotzen ziren alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratu zen aipatu iragarkia 2021eko ekainaren 25ean.

Jendaurreko informazioaren izapidea bukatuta, ikusi da ez dela alegaziorik aurkeztu jendaurreko informazioaren izapide-epean.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatzen dena betez, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak 2021eko abuztuaren 19an txostenak eskatu zizkien Iurretako udalari; Eusko Jaurlaritzaren menpekoak diren Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, Uraren Euskal Agentziari, Osasun Sailari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietateari; eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusiari. Horrela, bada, espedientean agertzen dena izan da emaitza.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluan xedatuta dagoena betez, 2021eko irailaren 29an, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak sustatzaileari igorri zion jendaurrean jartzeko izapidearen eta ukitutako administrazioei eta interesdunei kontsultatzeko izapidearen emaitza.

2021eko urriaren 15ean sustatzaileak argibide gehigarriak aurkeztu zituen, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei eskainitako entzunaldi-izapidean jasotako txostenen edukia ikusita.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko azaroaren 12ko Aginduaren bidez, partzialki onartu zen Smurfit Kappa Nervión SAk Ingurumeneko sailburuaren 2019ko urriaren 9ko Ebazpenaren aurka (Iurretako udal-mugartean kraft orea eta kraft papera fabrikatzeko jarduerarako Smurfit Kappa Nervión SA sozietateari emandako ingurumen-baimen integratua aldatzen duena) jarritako gora jotzeko errekurtsoa.

2021eko azaroaren 25ean, URA, Uraren Euskal Agentziaren txostena jaso zen. Txosten horretan, 2020an eta 2021ean Smurfit Kappa Nervión SAko hondakin-deposituko lixibiatuek jabari publiko hidraulikoan izan dituzten eraginak zehazten dira.

2022ko urtarrilaren 21ean, Iurretako udal-mugartean kraft orea eta kraft papera fabrikatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua berrikusi eta aldatzen duen eta kaltzio karbonatozko lohien barne-balorizazioa egiteko kare-labe berria ezartzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duen ebazpen-proposamenaren zirriborroa helarazi zitzaion Smurfit Kappa Nervión SAri, eta 10 eguneko epea eman egoki irizten ziren oharrak egiteko, betiere abenduaren 1eko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2022ko otsailaren 11n, Smurfit Kappa Nervión SAk aipatutako dokumentuari buruzko alegazio-idazkia aurkeztu zion ingurumen-organoari. Idazki horretan, honako hau jasotzen da, laburbilduta:

– Instalazioaren ingurumen-baimen integratua aldatzeko prozeduraren xedea behar ez bezala zabaltzea.

– Kutsadura Ibaizabal ibaira iristea behin betiko eragozteko neurri gehigarriak har daitezen eskatzea.

– Ez da beharrezkoa zementua, karea eta magnesio oxidoa fabrikatzeko BREF agiriari buruzko erreferentziak eranstea.

– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

– Instalazioan sortutako hondakin arriskutsuak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

– Instalazioan sortutako kaltzio karbonatozko lohiak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

– Usainei buruzko baldintzak.

– Atmosferarako emisioen kanpoko kontrolak.

– Lurzorua babesteari buruzko baldintzak.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

– Hondakin-deposituari buruzko baldintzak.

– Zaratari buruzko baldintzak.

– Ebazpen-proposamenaren zazpigarren apartatua egokitu egin behar da, aurretik alegatutakoa ebazten den modu berean.

Enpresak eskatu du alegazioak aurkeztutzat eta Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak 2019an aurkeztutako lurzoruen dokumentu bakarrari buruz egindako eskaera erantzuntzat jotzeko.

Aurkeztutako alegazioen edukia kontuan hartuta, 2022ko otsailaren 14an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari eta Uraren Euskal Agentziari eskatu zaie ebazpen-zirriborroari eta enpresak aurkeztutako alegazioei buruz egoki deritzeten ohar guztien txostena egiteko. Horrela, bada, espedientean agertzen dena izan da emaitza.

Ebazpen honen eranskinean jaso dira Smurfit Kappa Nervión SAk entzunaldi-izapidean ebazpen-proposamenaren zirriborroari buruz egindako alegazioak eta oharrak, baita organo honek horri buruz egindako gogoetak ere.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen emisioen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen dena betez, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein garatzen duten instalazioak ustiatzeko. Testu bateginaren 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua aplikatu behar duten instalazio guztietan berau betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularren administrazio-kargak arintzeko. Era berean, indarrean dagoen legerian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Smurfit Kappa Nervión SAren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko baimena, saneamendu-sare orokorrera isurtzeko baimena, atmosferarako emisioetarako baimena eta, ingurumen-arloko bestelako zehaztapenen artean, hondakinen sorrerari eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Espedientean egiaztatuko da, nahitaezko txostenen bidez, beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Iurretako Smurfit Kappa Nervión SAko instalazioetan proposatutako aldaketa, hau da, Iurretako Smurfit Kappa Nervión SAn kare-labe berri bat jartzeko proiektua, funtsezko aldaketa da.

Era berean, bat etorriz Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea, eta, aukerarik egokienak hautatzeari dagokionez, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia egitea jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1 artikuluan ezarritakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaio ingurumen-ebaluazioaren eremuan, 4. taldeko h) epigrafearen 3. puntuan (Karea labeetan ekoiztea, egunean 50 tonatik gorako ekoizte-ahalmena izanez gero) jasota dagoen baimendutako proiektuaren aldaketari.

Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 11.4 artikuluan, eta Ingurumen Ebaluazioko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 14. artikuluak ebazten dutena aplikatzeko, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduerak eta autonomia-erkidegoko araudian ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezarritako beste figura batzuk ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran txertatu ahal izateko, hala eska badaiteke eta autonomia-erkidegoak horretarako eskumena badu.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginean adierazitakoari jarraikiz, ingurumen-organoak neurriak hartu ditu ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduerak ingurumen-baimen integratuaren prozeduran txertatzeko. Alde horretatik, aipatutako prozedura horren izapideetan, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin guztiak batera bildurik hartu dira kontuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginean jasotako ingurumen-preskripzioen ikuspegitik zehaztearren proiektuaren bideragarritasuna zenbaterainokoa den. Bateratze hori ikus daiteke, halaber, ingurumen-baimen integratua emateko ebazpenaren aurreko proiektuaren balioespen orokorrean. Ebazpen honetan ere sartuta dago ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aipatutako prozesuaren emaitza. Horretarako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten du lehenengo apartatuan, aldeko irizpenarekin, eta aukeratutako kokapenean proiektua bideragarria dela adierazten du, ingurumen-ondorioei soilik erreparatuta; proiektua zer baldintzatan gauzatu behar den ere ezartzen du, eta baldintza horiek koherenteak dira abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina aplikatuz proiektuari ezarriko zaizkion neurri zuzentzaileekin.

Bestalde, URA Uraren Euskal Agentziaren txostenean, Smurfit Kappa Nervión SAren instalazioetan dagoen hondakin-deposituko lixibiatuen ondorioz jabari publiko hidraulikoan izandako eraginei dagokienez, agerian geratu da kutsadura hondakin-depositutik jabari publiko hidraulikora iristea eragozteko ezarritako neurriak ez direla nahikoak.

Gai horri dagokionez, adierazi behar da Smurfit Kappa Nervión SAk karbonato-putzu zaharretatik eratorritako lixibiatuak kontrolatzeko egindako proiektuaren helburua Ibaizabal ibaiaren ibilgura lixibiatuak isurtzea saihestea zela. Proiektu horren bidez, esparruan iragazgaizte-horma bat sortu zen, lixibiatuen ihesa saihesteko eta, aldi berean, urak alubioi-lautadaren maila freatikotik sartzea saihesteko, ponpaketa-putzuen sistema bat ezarriz, hormak atxikitako lixibiatuak hondakin-uren araztegiraino bultzatzearren.

Aplikatutako neurri zuzentzailea nahikoa ez denez, neurri osagarriak hartu behar dira kutsadura Ibaizabal ibaira iristea behin betiko eragozteko; horrek esan nahi du kausaren jatorriaren gainean jardun behar dela, hau da, hondakin-deposituaren eta sortzen dituen lixibiatuen gainean. Depositu bateko hondakinek lixibiatuak sor ez ditzaten, bi aukera baino ez daude: deposituaren gainazala zigilatzea eta iragazgaiztea, edo bertako hondakinak biltzea eta kudeatzea.

Aipatutako lixibiatuek ibaian sortutako eragina gelditu egin behar dela kontuan hartuta, eragin hori justifikaziorik gabe denboran luzatu gabe, Smurfit Kappa Nervión SAri lehen aipatutako aukeretako bat gauzatzeko eskatu behar zaio, depositura isuritako hondakinaren izaerari buruzko informazioa eskuratu ondoren.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bateginaren 26.4 artikulua betez (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), ingurumen-baimen integratua ofizioz berrikusi ahal izango da.

Era berean, merkataritza-sozietate horrek duen ingurumen-baimen integratuaren bosgarren apartatuan adierazten denez, ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da, baldin eta ingurumen-zaintzako programan lortutako emaitzek edo bestelako oharrek egiaztatzen badute izan litezkeen ingurumen-inpaktuen inguruan ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla.

Beraz, Ingurumen Organo honen ustez beharrezkoa da Iurretako udal-mugarteko Smurfit Kappa Nervión SAri kraft orea eta kraft papera fabrikatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua ofizioz berrikustea, eta neurri berriak ezartzea lurzoruan eta lurpeko uretan eraginik ez izateko.

Urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 72. artikuluan adierazten denez, administrazioa sinplifikatzeko printzipioarekin bat, egintza bakar batean erabakiko dira izaeragatik batera bultza daitezkeen eta nahitaez bata bestearen ondoren bete beharrekoak ez diren izapide guztiak. Manu hori aplikatuz, Smurfit Kappa Nervión SAri emandako ingurumen-baimen integratua aldatzeko eta berrikusteko izapideak ebazpen honetan sar daitezkeela uste da.

Industriako isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 15. artikuluak baimenaren funtsezko aldaketaren prozedura sinplifikatua arautzen du, eta artikulu horretako 7. apartatuan biltzen da txostenak jaso ondoren, organo eskudunak, proiektuaren osotasunaren ingurumen-ebaluazioa egin ostean, baimena eskatu duenari entzuteko izapidea egingo duela.

Halaber, berrikuste-espedienteak ebazpen-proposamenaren entzunaldi-izapidea behar du; kasu honetan, funtsezko aldaketaren espedientearen bidez gauzatu da ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa eginez, Industriako isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16.5 artikuluan ezartzen denaren arabera.

Azkenik, adierazi behar da ebazpen honek kontuan izan dituela teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien balioak zehazteko, bai ingurumena bere osotasunean ahalik eta gehien babesteko helburuarekin, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Bereziki, Batzordearen 2014ko irailaren 26ko Exekuzio Erabakia hartu da kontuan. Erabaki horren bidez ezartzen baitira orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren industriako isurpenei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

Orain arte azaldutakoari jarraikiz, espedienteko txostenak aztertu eta proiektuaren osotasunaren ingurumen-ebaluazioa egin ondoren, Ebazpen hau sinatu da. Bertan Smurfit Kappa Nervión SAk enpresak sustatutako jardueraren baldintza aplikagarriak gehitu zaizkio.

Azaldutakoarekin bat, entzunaldi-izapidea, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen dena, bete da.

Honako xedapen hauek ikusi dira: 2022ko urtarrilaren 21eko ebazpen-proposamena, Sailburuordetza honena; 2022ko otsailaren 11ko alegazioak, Smurfit Kappa Nervión SArenak; 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egitea, Iurretako udal-mugarteko Smurfit Kappa Nervión SAren instalazioetan Kraft orea eta kraft papera fabrikatzeko jarduerarako kare-labe berri bat ezartzeko proiekturako, ebazpen honen hirugarren eta laugarren apartatuetan ezarritako baldintzetan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 4. taldeko h) epigrafearen 3. puntuan dago jasota proiektua: «Karea labeetan ekoiztea, egunean 50 tonatik gorako ekoizte-ahalmenarekin».

Bigarrena.– Smurfit Kappa Nervión SAri kraft orea eta kraft papera fabrikatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua berrikustea eta aldatzea; horrela, Iurretako instalazioetan kare-labeko kaustifikazio-prozesuko kaltzio karbonatozko lohien barne-balorizazioko jarduera gehituko zaio.

Horretarako, baimenaren titularrak ebazpen honetan jasotako baldintza eta eskakizun guztiak bete beharko ditu, eta ebazpen honek orain arte indarrean egon den baimena ordeztuko du, oso-osorik.

Iurretako instalazioetan kraft orea eta kraft papera fabrikatzeko jarduera eta kare-labeko kaustifikazio-prozesuko kaltzio karbonatozko lohien barne-balorizazioko jarduera ebazpen honen hirugarren eta laugarren apartatuetan ezarritako baldintzak betetzearen mende daude.

Jarduera abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko kategoria hauen barnean dago: 6.1.a kategorian, «zuretik edo bestelako zuntz-materiatik abiatuta paper-orea fabrikatzeko ahalmena duten industria-instalazioak»; 6.1.b kategorian, «eguneko 20 tona paper eta kartoi baino gehiago fabrikatzeko ahalmena duten industria-instalazioak»; 1.1.b kategorian «errekuntzako 50 MW-eko edo goragoko potentzia termiko izendatua duten errekuntza-instalazioak: kogenerazio-instalazioak, galdarak, lurrun-sorgailuak edo industria batean dagoen beste edozein errekuntza-ekipamendu edo -instalazio, bere jarduera nagusia hori izan edo ez»; eta 3.1.b kategorian, «Karea ekoizteko labeak, egunean 50 tona baino gehiago ekoizteko ahalmena duten labeetan».

Smurfit Kappa Nervión SAk kraft orea eta kraft papera fabrikatzen du. Instalazioak urtean 152.000 t lehor kraft ore ekoizteko ahalmena du, eta zakutarako 175.000 tona kraft paper urtean. Fabrikazio-prozesuetarako behar duen energia lortzeko xedez, kogenerazioko bi multzo ditu, eta sortzen dituen hondakin-uretarako, hondakin-uren araztegi bat du.

Smurfit Kappa Nervión SA fabrika Iurretako (Bizkaia) Arriandi auzoan (z.g.) dago, 203. industrialdeko 12. lurzatian; 150.000 m2-ko azalera du eta 12.000 m2 inguruko azalera eraikia. Produktu bukatua biltegiratzeko lekuak daude Arriandi Industrialdeko 18. lurzatian dagoen 1.500 m2-ko pabiloi batean. Pabiloi horretan 3.000 tona biltegiratu ditzake. Era berean, lau pabiloi ditu (17., 18., 19. eta 20. zenbakiak), bakoitza 600 m2-koa; beraz, guztira 2.400 m2 ditu, 3.000 tona biltegiratzeko ahalmenarekin. Pabiloi horiek guztiak Iurretako Tabernaberri-Arriandi industrialdean daude.

Aldaketa-proiektua kaustifikazio-prozesuan sortutako karbonatozko lohiak (CaCO3) tratatzeko kare-labe bat instalatzean datza, berriz ere kare (CaO) bihurtu, eta berrerabili ahal izateko.

Instalazioaren ekoizte-prozesua zura hartzean datza, eta kraft papera ontzien eta enbalajeen industriari salduz amaitzen da. Zehazki, honetan datza:

1. prozesua. Kraft orearen fabrikazioa, honako pauso hauek osatzen dutena:

– Zura hartzea.

– Ezpalak moztea.

– Egosketa: ezpalak lixiba zuriz egosten dira 170 şC-ko autoklabeetan, eta zuntzak ligninatik bereizten dira garbiketa-prozesu batean. Zuntz horiek osatzen dute kraft orea, eta ligninek, berriz, lixiba beltza izenekoa.

– Lurrunketa: lixiba beltza lurrunketaren bidez kontzentratzen da.

– Berreskuratze-galdara: lixiba beltz kontzentratua berotu egiten da eta galdarako erregailura ponpatzen da helburu bikoitzarekin; alde batetik, lurruna lortzea kogenerazio-turbinan elektrizitatea sortzeko eta prozesurako eta, bestetik, lixiba beltzean dauden produktu kimiko ez-organikoak berreskuratzea.

– Azal-galdara: zuritzean sortzen diren azalak, baso-ustiapeneko zur-hondakinak eta instalazioetako araztegiko lohiak erre egiten dira. Galdara horretan sortutako lurruna kogenerazio-turbinara bideratzen da, ekoizpen-prozesuan baliatzeko.

– Kaustifikazioa: lixiba beltzaren errekuntzak hondakin-errautsa sortzen du, eta hori garbiketa-uretan disolbatzen denean, lixiba berdea sortzen du; lixiba hori karearekin tratatzen da. Prozesu horretan lixiba zuria (egosteko erabiltzen dena) eta kare-laberako erabiltzen den kaltzio karbonatozko lohia sortzen dira.

– Kare-labea: kare-labera sartu aurretik, lohiak iragazki batetik pasatzen dira, eta, ondoren, erregai osagarri gisa gas naturala erabiltzen duen labe batean erretzen dira. Geroago kaustifikazioan berriz erabiliko den karea sortzen da bertan. Kare-labeak 500 ADT/eguneko ahalmena du (aire bidez lehortutako ore tona metrikoa). Lohien iragazkia eta kare-labea egunean 120 t kare ekoizteko diseinatuta daude; horrek esan nahi du kare-labean sartzeko iragazkiak egunean 200 tonako edukiera duela.

2. prozesua. Paperaren fabrikazioa: prozesu horren materia nagusia aurreko prozesuan fabrikatutako orea da.

Orea instalazioetan tratatzen da zuntza modu optimoan prestatzeko. Horiek makina batera bidaltzen dira, eta bertan, modu jarraian, paper-orria fabrikatzen da, ura oihal birakari batean xukatuz, ura prentsa birakarietan hutsaren eta presio altuen bidez erauzten segitzen da, eta % 35 eta 39 arteko lehortasuna lortzen da. Hortik aurrera, termikoki lehortzen da 120 eta 140 şC artean dagoen ur-lurrunarekin. Urrats bakoitzean, orri hezeak ukipenean dagoen arrabolaren tenperatura hartzen du, orrian tenperatura horretan lortutako ura berotu egiten da, eta ukipen hori uzten duenean, orria aire bero eta lehorreko korronte batean dago, eta bat-bateko lurruntze bat gertatzen da gainazal osoan. Mekanismo hori paper-makina bakoitzak dituen zilindro lehortzaile adina aldiz gertatzen da, eta papera lehor geratzen da, eta merkataritzako tamaina duten bobinetan bildu eta mozten da.

Papera fabrikatzean, zelulosa-oreari produktu kimikoen proportzio txikiak gehitzen zaizkio fabrikazioko pH optimoa kontrolatzeko eta ezaugarri fisiko-kimiko batzuk lortzeko.

3. prozesua. Kogenerazioa.

Kondentsaziozko lurrun-turbina bat du, 21,4 MW-eko potentzia izendatuarekin, eta 30 MW-eko transformadore bat.

4. prozesua. Zerbitzu orokorrak.

Prozesu honetan mantentze- eta garbiketa-lanak, bulegoko eta jantokiko jarduerak biltzen dira.

Honakoak dira ekoizpen-prozesuan erabiltzen diren energia-baliabideak: energia elektrikoa, gas naturala, fuel-olioa, gasolioa, petrolio-gas likidotua, lixiba beltza, azalak, baso-ustiategiko zur-hondakinak eta araztegiko lohiak. Energia elektrikoa ekoizte-prozesu osoan erabiltzen da, eta urtean 222.840 MWh kontsumitzen dira. Gas naturalaren kontsumoa azal-galdaran, lixiba beltzaren galdaran, paper-makinan, kare-labean eta galdara osagarrian erabiltzen da, eta urtean 9.279.000 m3 kontsumitzen dira. Fuel-olioa lixiba beltzaren galdaran erabiltzen da, eta urtean 1.260 tona kontsumitzen dira. Gasolioa orea eta papera fabrikatzeko prozesuetan eta tailer mekanikoan eta zerbitzu orokorretan erabiltzen da, eta urtean 6.821 l kontsumitzen dira. Petrolio-gas likidotua produktu bukatua maneiatzeko lau orgetarako erregai gisa erabiltzen da. Lixiba beltza kraft orea fabrikatzen denean sortzen da, ondoren lixiba beltzaren galdaran sartzen da; galdara horretan, urtean 172.970 t lehor kontsumitzen dira. Azalak, baso-ustiategiko zur-hondakinak eta araztegiko lohiak azal-galdaran kontsumitzen dira; urtean, guztira 30.000 tona azal, 70.000 tona baso-ustiategiko zur-hondakin eta 7.500 tona araztegiko lohi kontsumitzen dira.

Ekoizpen-prozesuan kontsumitzen den ura Orobio eta Ibaizabal ibaietan bildutako uretatik dator. Orobio ibaitik 2.582.658 m3 ur biltzen dira urtean, eta Ibaizabal ibaitik, berriz, urte bakoitzeko 135.929 m3 ur. Udal-sareko ura ere kontsumitzen da zerbitzu orokorretarako, eta sareko uraren kontsumoa 30.786 m3 da urtean.

Instalazioan gune bat dago industria-urak, ur beltzak, hoztekoak eta fabrikako euri-urak isurtzeko, eta araztegi batetik igaro ostean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren biltodira isurtzen dira. Urtean 2.500.000 m3-ko emaria isurtzen da. Hondakin-uren araztegi bat dago, arbastu mekanikoko tratamendu fisiko-kimikoa, homogeneizatzea, koagulatze/malutatzea, pH-a doitzea, lohiak dekantatu eta loditzea egiten duena, eta ur tratatuaren batez besteko emaria 250 m3/h-koa da.

Instalazioak atmosferarako emisioen 9 foku sistematiko ditu: lixiba beltzaren galdararena; azal-galdararena; gasa erretzeko kanpaiarena; galdara osagarriarena; kaustifikazio-instalazioarena; ur beltzak lekualdatzeko tangarena; blowtank-aren (puzte-tanga) aterabidearena, eta kondentsaezinak diren gasen errekuntza-galdararena. Fokuetan ezarritako tratamendu-sistema gisa, prezipitagailu elektrostatiko bat dago lixiba beltzeko galdararen fokuaren aterabidean, prezipitagailu elektrostatiko eta zikloi anitzeko bat azal-galdararen fokuaren aterabidean, eta scrubber bat gas kondentsaezinen galdararen fokuaren aterabidean eta zikloia eta atzeko iragazki elektrostatiko kare-labean.

Smurfit Kappa Nervión SAren instalazioen mendebaldean 36.000 m2 inguruko hondakin-depositu bat dago. Gaur egun, hondakin-depositu hori zuhaitz-landaretzaz estalita dago, eta areka perimetralen sistema bat eta lixibiatuak hartzeko putzu-sare bat ditu hegoaldeko muturrean, instalazioko araztegira lotuta dagoena.

Instalazioetan sortzen diren hondakin arriskutsu nagusiak olio erabiliak dira, mantentze-lanen eta ontzi hutsen jardueraren ondorio direnak. Instalazioetan sortzen diren hondakin ez-arriskutsu nagusiak karbonatozko lohiak, azal-galdarako errautsak eta araztegiko lohiak dira, guztiak ere ekoizpen-prozesuan sortuak. Araztegiko lohiak balorizazio energetikoaren bitartez autokudeatzen dira azal-galdaran. Karbonatozko lohien zati bat tratamendu termikoaren bidez (kaltzinazioa) autokudeatzen da kare-labean.

Batzordearen 2014ko irailaren 26ko Exekuzio Erabakian jasotako ekoizpen-prozesuek teknika erabilgarri onenak dituzte. Erabaki horren bidez ezartzen baitira orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Industriako Isurpenei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (2014/687/EB Erabakia). Teknika erabilgarri onenak hauek dira: zura lehorrean zuritzea, RDH sistemaren bidez egostea, orea mahai lauaren eta bi iragazki presurizatu birakariren bidez araztu eta garbitzea, ur alkalinoak oreen loditasun handiko dorreetako diluziorako birziklatzea, lurruntzeko instalazioko kondentsatuak berrerabiltzea, lixibak biltegiratzeko tangak, lixiba beltza lurruntzeko sistema eta hozteko ur garbiak berreskuratu eta berrerabiltzeko galdara, homogeneizatzeko tanga, hondakin-uren tratamendu primarioa, O2 eta CO neurgailuak, galdaretako SO2 emisioen kontrola lixiba beltza solido lehorren % 72-74rekin errez, NOX emisioen kontrola berreskuratze-galdaran nahasketa egokiaren bidez, NOX erregailua galdara osagarrietan, SO2-aren kontrola galdara osagarrietan, fokuetan hauts-emisioak murriztea prezipitagailu elektrostatikoen bidez, prozesu-urak murriztu eta birziklatzea, zuntzak eta hondakinak berreskuratzea, hondakin-urak homogeneizatzeko putzuen bidez tratatzea, kaustifikazio-hondakinak eta azal-galdarako errautsak balorizatzea zementu-sektorean, kondentsaezinak diren gasen erraustea garbitzaile batekin hornitua. Kare-labeari dagokionez, teknika erabilgarri onenak hauek dira: kare-labearen prozesuaren kontrola optimizatzea, gasaren emari-neurgailuak erabiltzea, karbonatozko lohiak iragaztea emisioak murrizteko eta labera sartzen diren gaiak kontrolatzeko, emisioak etengabe neurtzea, labetik irteten diren gasak labera sartu aurretik lehortzeko eta lohiak aurrez berotzeko erabiltzen dituen flash dryerra.

Batzordearen 2014ko irailaren 26ko Exekuzio Erabakia betetzeko beharrezkoak diren bitarteko tekniko eta antolaketakoak daude instalazioan. Erabaki horren bidez, orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dira, eta ondorio horietatik honako hauek aplikatu behar dira: TEO1, TEO2, TEO4, TEO5, TEO6, TEO7, TEO8, TEO9, TEO11, TEO12, TEO17, TEO18, TEO20, TEO21, TEO22, TEO23, TEO24, TEO25, TEO26, TEO27, TEO28, TEO29, TEO30, TEO31, TEO32, TEO33, TEO34, TEO36, TEO43, TEO44, TEO45, TEO47, TEO48, TEO49, TEO52, TEO53 eta TEO54.

Hirugarrena.– Honako baldintza eta betebehar hauek ezartzea Iurretako udal-mugarteko Smurfit Kappa Nervión SAk sustatutako kare-labe berri bat ezartzeko proiektua egokitu eta muntatzeko:

A) Proiektua egikaritzen hasteko epea.

Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen iraunaldia amaituko da, eta dagozkion ondoreak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztiori, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluarekin bat etorriz. Horretarako, sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko dio, gutxienez hilabete lehenago, noizko aurreikusten den proiektua egikaritzen hastea.

B) Instalazioa egokitu eta muntatzeko baldintza orokorrak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera egikarituko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta:

B.1.– Jarduketa-esparrua mugatzea.

a) Obrak ez ezik, lurzorua okupatzea dakarten lan osagarri guztiak ere proiektuan azaltzen diren mugen barruan egingo dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo zirkulatzea.

b) Adierazitako esparrutik kanpo ustekabean gertatutako afektazioen kasuan, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak aplikatuko dira.

B.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

a) Drainatze-sare naturalera ahalik eta hondakin fin gutxien isuriz egingo dira obrak. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta solido esekiei eusteko sistemak proiektatuko dira eta, hala badagokio, egikarituko dira, kutsa daitezkeen urak haietan biltzeko.

Hormigoi-upelak espresuki horretarako egokitutako guneetan garbituko dira. Hormigoi-garbiketako esnea ezin izango da inola ere ibilgura isuri. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honen hirugarren apartatuko B.5 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

b) Obratako makinak gordetzeko azalera eta horren mantentze-lanak egiteko gunea drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango dute, olioa eta erregaiak direla-eta lurzorua eta ura kutsa ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

B.3.– Zaratak, dardarak eta horien eraginak gutxitzeko neurriak.

a) Egokitzapen-faseak iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren obrako jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, obrako makinen mantentze orokorrari eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

b) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

B.4.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

a) Ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira obra-guneen irteeran.

b) Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

B.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak, lanak prestatzeko operazioetatik sortzen direnak, enbalajeak, errefus-lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikagarri diren araudi zehatzetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

b) Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatu 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko du oinarrizko proiektuetan eta obra egikaritzeko proiektuetan; azterlan horrek I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

c) Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

Jardueraren soberakinak betelanetarako erabiltzen badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte betegarri horiek.

Soilik EBA-A ebaluazioko balio adierazleetatik beherako eduki kutsatzaileak dituzten materialak utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

d) Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte; ontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aipatutako edukiontziak edo ontziak etiketatu egin beharko dira argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarrean dagoen araudiaren arabera.

e) Sortutako olio erabilia kudeatzeko, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da.

Olio erabiliak aldi baterako biltegiratzea, hau da, baimendutako kudeatzaileak biltzen dituen arte, ontzi edo segurtasun-sistema batean gordetako deposituetan egingo da, horrela, depositu nagusiak haustura edo galeraren bat izanez gero, olioa sakabanatu ez dadin.

f) Hondakinak kudeatzeko araudia errazago bete ahal izateko, hainbat lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

g) Aurrekoaren ildotik, gune espezifiko bat prestatuko da, eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak –olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar– aldi baterako gordeko dituzten instalazio estaliak; horietatik bereizita, edukiontzi espezifikoak jarriko dira hondakin ez-arriskutsuentzat eta geldoentzat. Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, jariatze edo lurruntze bidez edukirik ez galtzeko. Orobat, obrak egin bitartean sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak eta abar) instalatu behar dira; gailuok hondakin moten arabera bereizi behar dira. Gero hondakinok aurrean aipatutako garbigunera eramango dira.

h) Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten ulergarri bat egin beharko da, eta indarrean dagoen legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

B.6.– Hondeaketa-lanetarako eta lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko hartuko diren neurriak.

Kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituzten lurzoruen inbentarioaren eguneraketaren arabera, Smurfit Kappa Nervión SAk proposatutako kare-labea instalatzea aurreikusten den lurzatia lurzorua kutsa dezakeen jarduera izan duen kokalekua izango da. Jarduera hori Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean jasota dago. Ondorioz, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, lur-mugimenduak egin ahal izateko, organo honek, aldez aurretik, hondeaketa selektiboko plan bat onartu beharko du dagokion prozeduraren esparruan.

Aurrez aipatutakoa alde batera utzi gabe, instalazioa ezarriko den lursailetik kanpora eramatea aurreikusten diren hondeatutako materialei dagokienez, ondoren adierazten diren neurri hauek hartu beharko dira, arau orokor gisa:

https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

a) Hondeatu beharreko material guztiak karakterizatu beharko dira, bi helbururekin: egon daitekeen kutsaduraren ondorioak prebenitzea, eta material horiek behar bezala kudeatzeko bideak zehaztea. Materialak modu egokian bereiztea kontuan hartuko da, kutsadura desberdinei lotutako geruzak nahas ez daitezen.

b) Materialetarako aurreikusitako helmuga zabortegian uztea denean, honako dokumentu hauetan adierazitako karakterizazioa hartu beharko da kontuan: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, hondakinak hondakindegietan utzita ezabatzea arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, hondakinak hondakindegietan utzita eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena. Oro har, laginketa gauzatzeko, gidaren 10.2.6 apartatuan (hondeatu behar diren lurzoruetan «in situ» egindako laginketa) biltzen diren hondeatu beharreko materialen karakterizazio-lana diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideak beteko dira.

c) Aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako EBA-A ebaluazioko balioak eta TPH direlakoetarako 50 mg/kg-ko balioa baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelan batean.

d) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalarekin pareka daitekeen substratu harritsu meteorizatua bada, apartatu honetan gainerako hondeaketa-materialetarako aurreikusitako neurri berak aplikatu ahal izango dira.

e) Aurreikusitako hondeaketa-prozesuan lurpeko ura dagoela detektatzen bada, berehala karakterizatu eta kudeatu edo isuri egin beharko da, eta, kasu horretan, tratamendu-kontratu egokia izan beharko da, edo, bestela, isurtzeko baimen egokia, eta kasu bakoitzean ezarritako eskakizunak bete beharko dira.

f) Hondeatze-lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko ere, ebazpen honen hirugarren apartatuaren B.5 puntuan jasotako neurriak aplikatu beharko dira.

g) Langile guztien laneko segurtasuna eta osasuna bermatzeko, hondeaketa-lanak egin bitartean, erakundeak Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen xedapenak eta indarrean dauden eta aplikagarriak diren bestelako xedapenak bete eta betearazi beharko ditu.

B.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

6/2019 Legeak, maiatzaren 9koak, Euskal Kultura Ondareari buruzkoak, ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Orokorrari; gero, beharrezkoa izanez gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.

B.8.– Obraren garbiketa eta akabera.

Behin obra amaituta, garbiketa-lan sakona egingo da, proiektuaren eraginaren mende egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko.

B.9.– Obrek dirauten bitarteko jardunbide egokien kontrola.

Obren jardunbide egokien kontrola egingo da, eta bereziki kontuan hartuko dira honako alderdi hauek: hondakinen kudeaketa, hondeaketa-soberakinena ere aintzat hartuz, hauts- eta zarata-ekoizpena eta txosten honetan adierazitako bestelako alderdiak.

B.10.– Obraren amaierako txostena.

Sustatzaileak obraren amaierako txostena bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari; obrak egin bitartean izan diren gertaeren berri emango du bertan, eta ebazpen honetan nahiz ingurumen-inpaktuaren azterlanean jasotako neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino betetzen diren azalduko du, eta ingurumen-organoak hondeaketa-materialak behar bezala kudeatzeko ezarritako neurrien berri ere emango du.

Horrekin batera, eta hala badagokio, proiektua egikaritu bitartean egindako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira aipatutako txostenean, eta ingurumenaren gaineko eraginaren ikuspegitik duten justifikazioa azaldu ere bai. Halaber, eraikuntza-fasean egindako ingurumen-zaintzako programaren emaitzak eta hondeaketa-materialen helmuga zehatza dokumentatu behar dira, material horien kuantifikazioari eta karakterizazioari buruzko datuak barne hartuta.

Laugarrena.– Baldintza eta betekizun hauek ezartzea kraft orea eta kraft papera fabrikatzeko jarduera –Iurretako udal-mugarteko Smurfit Kappa Nervión SA enpresak sustatzen duena– ustiatzeko eta eteteko ez ezik, kare-labean kaltzio karbonatozko lohien barne-balorizazioa egiteko ere:

A) Gutxienez zazpiehun mila euroko (700.000) erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatzen den ingurumena konpondu eta berreskuratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hileko kontsumo-prezioen indizearen (KPI) arabera handituz.

Ingurumen-erantzukizunari dagokionez, jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu beharko ditu, zenbatekoa edozein dela ere, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik ez bada ere, Ingurumen-erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

B) Administrazioarekiko harremanen arduraduna.

Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunari buruz emandako datuetan aldaketarik balego, Smurfit Kappa Nervión SAk aldaketa horien berri emango du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan.

C) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala beteko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta honako apartatu hauetan ezarritakoari jarraituz:

C.1.– Hondakin ez-arriskutsuak hartu, maneiatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak

Smurfit Kappa Nervión SAk 03 03 01 HEZ kodeko hondakin ez-arriskutsua balorizatuko du, eta 03 03 11 HEZ kodeko hondakina autokudeatuko du R1 balorizazio-jardueretarako (erregai gisa erabiltzea), eta 03 03 09 HEZ kodeko hondakina autokudeatuko du R5 balorizazio-jarduerarako (beste materia ez-organiko batzuk birziklatzea edo berreskuratzea)

Instalazioan balorizatzeko onar daitezkeen hondakinak ondorengo apartatuetan daude zehaztuta, behar bezala kudeatzeko zehaztapenekin batera.

C.1.1.– Hondakin onargarriak.

Smurfit Kappa Nervión SAk Europako Hondakinen Zerrendako hondakin ez-arriskutsuak tratatu ahal izango ditu. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauan xedatutakoa betetzeko):

(Ikus .PDF)

Instalazioan inola ere ez dira onartuko 030301 HEZ kodearekin zehaztu ez diren hondakinak, edota, hondakin onargarrien artean adierazitakoak izanik ere, bestelako hondakin mota generikoren batekin kutsatuta daudenak.

Jasotako hondakinek ezingo dute izan 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina ordezten duen Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 Erregelamenduan ezarritako arrisku-ezaugarrietako bat ere.

C.1.2.– Hondakin ez-arriskutsuen sarrera kontrolatzea.

Balorizazioa egiteko, instalaziora iristen diren hondakin ez-arriskutsuen kontrola eraman beharko da, bermatzeko ezen ebazpen honetako baldintzen arabera onargarriak direla instalazioan.

Jasotako hondakinak HEZ 03 03 01 motakoak direla egiaztatuko da kontrol horretan, eta hondakinok ez daudela nahastuta tratatutako hondakinekin edo bestelako hondakinekin.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, hondakin mota gehiago kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izango da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren onarpena lortzea aldez aurretik, eta ebazpen honetako laugarren apartatuaren F puntuan ezartzen dena betetzea.

C.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zolata iragazgaitza izango dute, eta, orobat, behar diren maldak eta balizko jarioak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Instalazioan, hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da ez dadin gertatu emisio lauso edo kontrolaz kanpokorik, edo bestela, emisiook ahalik eta txikienak izateko. Alde horretatik, garrantzitsua izango da ekipamenduen estankotasuna ziurtatzea.

C.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta egon litezkeen ihes edo jarioei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.

Instalazioan onartutako hondakinak biltegiratzeko orduan, prezipitazio atmosferikoak sartzea eta haizeak hondakinak arrastatzea saihestu beharko da.

Bi urtekoa izango da balorizatu beharreko hondakin ez-arriskutsuak gordetzeko gehieneko epea.

Hauts-itxurako hondakinak eta soltean hartutakoak pabiloiaren barruko piloetan eta/edo hobietan biltegiratuko dira.

Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen jarioak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistema horiek independenteak izan behar dute hondakin mota hauetarako: jarioren bat gertatu eta nahasiz gero, arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakartenetarako.

C.1.5.– Kudeatutako hondakinen datu-erregistroa.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Smurfit Kappa Nervión SAk fitxategi kronologikoa izan beharko du, formatu fisiko edo telematikoan. Fitxategian, datu hauek jasoko dira, ordena kronologikoan: hondakinen kantitatea, izaera, jatorria, helmuga eta tratamendu-metodoa. Hala dagokionean, onartutako eta kudeatutako hondakinen garraiobidea eta bilketa-maiztasuna ere jasoko dira. Baztertutako hondakinei dagokienez, berriz, kopurua, baztertutako hondakina sortzen duen enpresa, baztertzeko arrazoia, baztertutako hondakinaren azken helmuga eta beste jazoera batzuk jasoko dira. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da.

Artxibo kronologiko hori hiru urtez gorde beharko da gutxienez eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluarekin bat etorriz, urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da artxibo kronologikoan jasotako informazioaren memoria laburra, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

Aurreko apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

C.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

Horrez gain, aurreikusten bada zabortegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen helmugako instalazioan aurreikusitako balorizazio- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte esanguratsuren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030 Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

C.2.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

C.2.1.– Baldintza orokorrak.

Smurfit Kappa Nervión SAren instalazioa ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: atmosferarako emisioek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako emisioen muga-balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar aireratzen den kutsagarri oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, kutsagarrien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Emisio ez-konfinatuek ez dute arau orokor hori bete beharrik izango, horiek biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez bada, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen bada.

Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisioen probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteak giza osasunerako nahiz segurtasun publikorako arriskutsuak ez izateko. Efluente gaseosoak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Proiektuan aipatzen diren atmosferako kutsaduraren inguruko neurriak beti beteko dira, bereziki hautsa ez harrotzeko neurriak, hala nola agregakin-multzoak ureztatzea edo bideak garbitzea.

Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.

Ingurumenaren arloko eskumenak dituen organoak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte elementu hauek: atala, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako ILE txostena igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

C.2.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Kraft orea eta kraft papera fabrikatu eta kare-labean kaltzio karbonatozko lohien barne-balorizazioa egiten duen Smurfit Kappa Nervión SAren instalazioak honako foku konfinatu hauek ditu, Airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoan jasotako 04 06 02 01 kodeko jarduerari lotuak:

7D fokua urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasatzen bada eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago irauten badu, edo, maiztasuna edozein dela ere, emisioen iraupena orokorrean hartuta instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada, emisio-foku sistematiko gisa araupetu beharko da.

Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko gisa funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

Azal-galdara eta galdara osagarria errekuntza-instalazio ertainak (EIE) dira, eta abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretuan daude araututa. Smurfit Kappa Nervión SAk ekipamendu horiek EAEko Errekuntza Instalazio Ertainen Erregistroan inskribatzeko eskabidea egin beharko du 2023ko abenduaren 31 baino lehen. Ezin izango da abian jarri EIEen erregistro horretan aurrez inskribatu eta baimendu gabeko EIE berririk.

C.2.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan ez dira emisioen muga-balio hauek gaindituko:

Atmosferarako emisioetarako batez besteko balioak zenbatzeko aldiak jarraian adierazten den moduan zehazten dira:

– Laginketa-aldiko batez besteko balioa: Elkarren segidako hiru neurketaren batez besteko balioa, gutxienez 30 minutukoa bakoitza.

– Eguneko batezbestekoa: 24 orduko batezbestekoa, neurketa jarraituaren bidez lortutako ordu baliozkotuen batez bestekoetan oinarrituta.

– Urteko batezbestekoa:

– Neurketa jarraituak erabiltzen direnean: orduko batezbesteko baliozkotu guztien batezbestekoa.

– Aldizkako neurketak erabiltzen direnean: urte batean lortutako «laginketa-aldiko batez besteko balio» guztien batezbestekoa.

– Balio baliozkotuak:

– Neurketa jarraituak erabiltzen direnean: Datuak baliozkotzeko prozesua neurtutako ordu baliodunaren batez besteko balio bakoitzari ondoren zehaztuko den % 95eko konfiantza-tartea kentzean datza.

– Aldizkako neurketak erabiltzen direnean: Datuak baliozkotzeko prozesua neurtutako balio bakoitzari ondoren zehaztuko den % 95eko konfiantza-tartea kentzean datza.

– Edozein neurketaren % 95eko konfiantza-tarteen balioek, urteko emisioen muga-balioetarako, ez dituzte emisioen muga-balio hauen ehunekoak gaindituko:

– Karbono monoxidoa: % 10.

– Sufre dioxidoa, guztizko sufre murriztua eta nitrogeno oxidoak: % 20.

– Partikulak: % 30.

1. fokua:

Goian ezarritako emisio-mugak betetzat hartzen dira kasu hauetan:

a) Ezein urteko batezbesteko baliozkoturen baliok ez du urteko batez besteko emisioen muga-balioa gainditzen,

b) Ezein eguneko batezbesteko baliozkoturen baliok ez du eguneko batez besteko emisioen muga-balioa gainditzen,

c) Urteko batezbesteko baliozkotuen balio guztietatik, % 95ek ez dute gainditzen emisioen muga-balioa % 200ean, urteko batezbestekoan.

2.– Neurketa etenen kasuan:

Neurtu diren balioak gordintzat hartuko dira, eta ondoren zehazten den konfiantza-tartearen zenbatekoa kenduko zaie.

Emisioen muga-balioetan zehaztutako 100eko 95eko konfiantza-tartearen balioak ezin izango ditu emisioen muga-balioen ondorengo ehuneko hauek gainditu: Karbono monoxidoa, 100eko 10, sufre dioxidoa, guztizko sufre murriztua eta nitrogeno oxidoak, 100eko 20 eta partikulak, 100eko 30.

Aurretik zehaztutako emisioen muga-balioak errespetatu egiten direla ebatziko da, horrela zuzendutako hiru neurketetako batek ere ez baditu emisioen muga-balioak gainditzen.

11. fokua:

Aurretik zehaztutako emisioen muga-balioak errespetatu egiten direla ebatziko da, urteko batezbestekoak ez badu gainditzen emisioen muga-balioa, urteko batezbestekoan.

12. fokua:

Goian ezarritako emisio-mugak betetzat hartzen dira kasu hauetan:

a) Urteko batezbestekoak ez du urteko batez besteko emisioen muga-balioa gainditzen.

b) Urteko batezbesteko baliozkotuen balio guztietatik, % 95ek ez dute gainditzen emisioen muga-balioa % 200ean, urteko batezbestekoan.

2., 3., 4., 5., 6. eta 9. fokuak:

Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da.

2. eta 4. fokuen emisioek, Errekuntza Instalazio Ertainenak (EIE) direnez, bat etorri beharko dute abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretuaren 6.3 artikuluan ezarritako emisioen muga-balioekin, artikulu horretan ezarritako epeetan.

C.2.4.– Gasak bildu eta husteko sistemak.

a) Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximinien gailurrak ez dira egongo laugarren apartatuko C.2.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Ingurumenaren arloko eskumenak dituen Sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute elementu hauek: atala, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

b) Ezpalak biltegiratzeko gunean emisio lausoak minimizatzearren, kamioiak arrastez deskargatuko dira, iraulkirik gabe, eta ezpalak pala bidez jarriko dira uhal garraiatzailean, siloetara garraiatzeko.

C.2.5.– Usainei buruzko baldintzak.

Smurfit Kappa Nervión SAk aurkeztutako usainen inpaktuaren azterketaren arabera (SMKN21A_informe_02 eta SMKN20A_informe_03 zenbakietako txostenak), honako foku usaintsu potentzialki garrantzitsu hauek daude instalazioan:

– Ore-instalazioaren fokuak:

– Kondentsaezinak diren gasen errekuntza-galdara (F11).

– Berreskuratze-galdara (F1).

– Itzalgailua (F5).

– Kaustifikagailuak (2x)

– Tenplatzeko tangak (LN% 18)(2x).

– Lekualdatzeko tangak (3x) (F6).

– Chemiwasher.

– Blow tank (F9).

– Kare-labea.

– Uren tratamendurako instalazioko fokuak:

– Homogeneizatzeko putzuak.

– FQ tratamendua.

– Lehen mailako dekantagailua.

– Lohien lodigarria.

– Banda-iragazkia.

Hauek dira sustatzaileak ingurumen-organo honi aurkeztutako usainen inpaktuaren azterlanean identifikatutako olfatometria-inpaktu handieneko eremuak:

1.– Tenplatzeko tangak.

2.– Homogeneizatzeko putzua.

3.– Chemiwasher.

Kiratsik ez jariatzeko edo, hori ezinezkoa denean, kirats-jarioak murrizteko, kiratsen kudeaketa-plana ezarri eta berrikusi beharko da, ingurumen-kudeaketako sistemaren zati gisa. Plan horrek honako elementu hauek izan beharko ditu:

– Jarduketa eta epe egokituak jasoko dituen protokolo bat.

– Usainen kontrola egiteko protokolo bat.

– Usainekin lotutako gertakari zehatzei erantzuteko protokolo bat.

– Usainei aurrea hartzeko eta usainak murrizteko programa bat, usainaren iturria edo iturriak zehazteko, usainekiko esposizioa neurtzeko edo balioesteko, iturrien ekarpenak karakterizatzeko eta prebentzio- eta/edo murrizketa-neurriak aplikatzeko.

Instalazioaren titularrak usainek eragindako eragozpenak minimizatu egin beharko ditu. Hala badagokio, eskumena duen organoak egoki iritzitako prozesuen jarioak hartzeko eta arazteko eskatu ahal izango dio instalazioaren titularrari.

C.3.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

C.3.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

C.3.2.– Isuriaren emariak eta bolumenak.

Prozesuko ur industrialen emariak 1. isurgunean, tratamenduaren ondoren, urtean, batez beste, ez du gaindituko produktuaren 50 m3/t.

C.3.3.– Isurketen muga-balioak.

Saneamendu-sarera egiten den isurketaren parametroak honako hauek izango dira, bakoitzerako zehazten diren gehieneko mugekin:

Honako muga espezifiko hauek ezartzen dira:

– pH: 6-9.

– Gehieneko OEK, 1.500 mg/l eta 9.000 kg/egun (375 kg/h).

– GSE: gehienez ere 300 mg/l eta 2.000 kg/egun (83,3 kg/h).

Ezin izango dira diluzio-teknikak erabili isurketen muga-balioak lortzeko.

C.3.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Arazketa-instalazioek edo hondakin-urak zuzentzeko neurriek elementu hauek dituzte funtsean:

– 7.500 m3-ko putzua isuria jasotzeko, homogeneizatzeko eta turbina bidez aireztatzeko. Putzuaren aterabidean eroankortasun-neurgailu bat dago instalatuta, lixiba beltzen edo xaboi isuriren baten ondorioz > 3,0 mS/cm-ko eroankortasun-balioetara iristen denean alarma bat sortzen duena, tratamenduaren bilakaeraren jarraipena egiteko. Horretarako, irteerako OEKren neurgailuaren (UVAS TOD materia organiko disolbatua) eta esekitako materia organikoaren balioetan oinarritzen da.

– Behin aireztatzea eginda, tratamendu fisiko-kimikoa egiten da, koagulatzea, malutatzea eta dekantatzea gauzatuz.

– Lortzen diren lohiak deshidratatu egiten dira azkenean.

– Tratatutako ura Arriandiko hondakin-uren araztegira ponpatzen da. Isurketa hondakin-uren araztegira bultzatzeko hodian arazorik egon ez dadin, enpresak presio-zunda bat instalatu behar du hoditeria horretan, presio handia dagoenean alarma bat sortzeko hoditerian, eta, ondorioz, isurketa eteteko. Ponpatze-ganberan zunda hauek daude isuriaren kalitatea neurtzeko: materia organikoa neurtzeko pH, GSE eta UVAk (OEK). Kontrol automatikoko begizta bat dago programatuta hondakin-uren araztegiaren bidalketa desbideratzeko; horrela, kalitate-neurgailuen seinaleak mailatik kanpo daudenean, automatikoki ixten da balbula bat Arriandiko hondakin-uren araztegira bidaltzeko hodian, eta isurketa hodiaren adar batetik desbideratzen da homogeneizatzeko putzura. Hondakin-uren kalitate-baldintzak mugen barruan daudenean, Arriandiko hondakin-uren araztegira bidaltzeko hodiaren balbula automatikoki irekitzen da, operadoreak baieztatu ondoren. Hauek dira ponpaketaren desbideratze-mailak:

– 6tik beherako edo 9tik gorako pH.

– 300 mg/l-tik gorako GSE.

– 1.500 mg O2/l-tik gorako OEK.

Araztegira kanalizatutako istripuzko isuriak, jarioak edo gainezkatzeak gertatzen direnean, bi tanga daude: 500 m3 ditu batek, eta 300 m3 besteak. Uhate automatiko bat itxita desbideratzen dira isuriak andeletara, homogeneizatzeko putzuaren sarreran dagoen OEK neurgailuaren «online» irakurketak 2.500 unitateak gainditzen dituenean.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Smurfit Kappa Nervión SAk behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Efluenteak kontrolatzeko nahitaezkoa da ondorengo elementuak izatea (online kontrolak):

– TOD bat homogeneizatzeko putzuaren sarreran.

– pH neurgailua eta eroankortasun-neurgailua malutatzeko ganberaren sarreran.

– Emari-neurgailua, turbidimetroa eta TOD bat isurgunean.

– Smurfit Kappa Nervión SAk, ebazpen hau jaso eta hiru hilabeteko epean, beharrezkoa den ekipamendua izan beharko du denbora errealean eta jarraian biltegiratzeko eta telekomunikatzeko: pH, GSE, OEK, emaria (berehalakoa eta osoa) eta hondakin-uren araztegira bidaltzen dituzten ponpen funtzionamendu-egoera. Aipatutako seinaleak Partzuergoaren SCADAn ikusiko dira, eta, hari esker, isuriak saneamendu-sarearen kudeaketan integratuta geldituko dira.

C.4.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

C.4.1.– Hondakin guztientzako baldintza orokorrak.

a) Instalazioetan sortutako hondakin guztiak hondakinei eta kutsatutako lurzoruei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren arautegi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.

b) Espresuki debekatuta dago sortzen diren hondakin mota ezberdinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorrian bertan bereiziko dira, eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketarik ez gertatzeko.

c) Hondakin-kudeaketaren hierarkia-printzipioei jarraituz, aurrea hartzea sustatu behar da hondakinen sorreran, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: aurrea hartzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne hartuta. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Kogenerazioa-berrerabilera lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

d) Halaber, hondakin horiek tratatzeko instalazio baimenduak baldin badaude Euskal Autonomia Erkidegoan, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraiki.

e) Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan deuseztatzea dela aurreikusten bada, orduan, hondakin horiek karakterizatuko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak (hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak) xedatutakoari jarraikiz, eta uztailaren 7ko 646/2020 Dekretuak (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda deuseztatzea arautzen duenak) ezarritako jarraibideen arabera; era berean, otsailaren 24ko 49/2009 Errege Dekretuak (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta deuseztatzea arautzen duenak) ezarritako jarraibideak bete beharko dira.

f) Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea (ebazpen honetan jasotakoa) orientagarria da soilik, jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta hondakin-sortzearen arteko erlazioa kontuan hartu behar dira. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Hargatik eragotzi gabe abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

g) Hondakinak biltzeko guneak edo guneek lurzoru iragazgaitza izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isuriak edo lixibiatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen jarioak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

h) Hondakinak lehenengoz kendu baino lehen, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere: Hondakinen Europako Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko1357/2014/EB Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina ordeztekoa (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da, eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta hura izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

i) Hondakinak desagertu edo galtzen badira, edo ihesen bat gertatzen bada, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan eta Iurretako Udalean.

j) Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruan hondakinak lekualdatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

k) Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluarekin.

l) Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

m) Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan hondakinak lekualdatzeari buruz ezarrita dagoena bete beharko da.

C.4.2.– Hondakin arriskutsuak.

Honako hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodetzea, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko eta Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020 aldirako Ingurumeneko IV. Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen tratamendu-kontratuetan lagatze- edo deuseztatze-kodeak balorizatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, jariorik gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak jariatuta edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino gehiagoz biltegiratu. Salbuespenezko kasuetan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko direla bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzen dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorririk helmugaraino. Smurfit Kappa Nervión SAk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraiobideak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruz indarrean dagoen legerian eskatutako betebeharrak.

h) Smurfit Kappa Nervión SAk ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari, jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

i) Gailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak; besteak beste, lanpara fluoreszenteenak. Halaber, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute pilen eta metagailuen hondakinek. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, baita toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu, betiere. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Smurfit Kappa Nervión SAk, PCBa daukaten edo eduki dezaketen gailuak dituen heinean, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu 1378/1999 Errege Dekretuak, abuztuaren 27koak, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituenak zehaztutako baldintzak, eta 228/2006 Errege Dekretuak, otsailaren 24koak, errege-dekretu hori aldatzen duenak, xedatzen dituenak.

k) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009 (EE) Erregelamenduan ozono-geruza agortzen duten substantzia batzuk zehazten eta arautzen dira. Smurfit Kappa Nervión SA enpresak era horretako substantziarik badu, substantzia horiek bildu eta suntsitu egingo dira aldeek erabakitako bide teknikoak erabiliz edota ingurumen ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, tresnak aztertu eta mantentzeko lanen aurretik nahiz desmuntatu eta suntsitu baino lehen.

l) Smurfit Kappa Nervión SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko ditu datu horiek.

m) Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Smurfit Kappa Nervión SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, haien helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria, deklarazioaren xede den ekitaldiaren amaieran. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko ditu datu horiek.

n) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori hiru urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

o) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zeina mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea baita, Smurfit Kappa Nervión SAk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, 22/2011 Legeak, uztailaren 28koak, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoak, 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatutako legea garatzen duen araudiak ez badu Smurfit Kappa Nervión SA hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

p) Baldin eta Smurfit Kappa Nervión SA 11/1997 Legeak, apirilaren 24koak, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzkoaren lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada, Smurfit Kappa Nervión SA bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

q) Apartatu honetako e) eta f) apartatuetan (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta l), m) eta n) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

r) Amiantoa duten hondakinak detektatuz gero, Smurfit Kappa Nervión SA enpresak amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeko 108/1991 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

C.4.3.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

a) Laugarren apartatuko C.4.1 azpiapartatuan bereiztearen eta hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoen inguruan xedatutakoari jarraituz, «Industria-zaborrak» izeneko hondakinak ezin izango du hondakin-frakzio balorizagarririk izan. Horregatik, egungo egoeran, hauek hartzen dira zati balorizagarritzat Euskal Autonomia Erkidegoan: papera eta kartoia, zura, plastikoak, metal ferrikoak eta ez-ferrikoak.

b) Hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei dagokienez laugarren apartatuko C.4.1 azpiapartatuan xedatutakoaren arabera, hondakinak balorizatu egin beharko dira, eta balorizatzaile baimendu bati eraman beharko zaizkio horretarako. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina balorizatzeari.

c) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereiziko dira, eta lehenak eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzailea), berriro erabili ahal izateko, eta bigarrenak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati.

d) Hondakin horiek ezabatzeko badira, ezin izango dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balorizatzea bada, ordea, 2 urtez gorde ahal izango dira.

e) Oro har, hondakinek, hustu aurretik, kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua izan beharko dute guztiek, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Smurfit Kappa Nervión SAk onarpen-agiriak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

f) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharra egongo da, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoa) ezarritakoari jarraikiz.

g) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 25.2 artikuluaren arabera.

h) Baldin eta Smurfit Kappa Nervión SA 11/1997 Legeak, apirilaren 24koak, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzkoaren lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada, Smurfit Kappa Nervión SA bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

i) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Smurfit Kappa Nervión SAk urtero adierazi beharko ditu Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kopurua, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko ditu datu horiek.

j) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira hondakinen kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta lekuak, baita hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak ere. Artxibo hori hiru urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

k) Apartatu honetako e), f) (kudeatzaileak EAEn daudenean) g), i) eta j) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

C.5.– Ontziak merkaturatzea.

Smurfit Kappa Nervión SAk, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko ditu datu horiek.

Era berean, Smurfit Kappa Nervión SAk ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du derrigor (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Smurfit Kappa Nervión SAk aipatutako betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, industria- edota merkataritza-ontziak merkaturatzeko Ontzi eta Ontzi Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997) lehen xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Baldin eta Smurfit Kappa Nervión SA enpresak, urte natural batean zehar, merkaturatzen baditu ontziratutako produktuak edo, kasuan-kasuan, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak, hain justu ere ondoren zehaztu kantitateetan baino handiagoetan:

– 250 tona, beira bada bakarrik;

– 50 tona, altzairua bada bakarrik;

– 30 tona, aluminioa bada bakarrik,

– 21 tona, plastikoa bada bakarrik;

– 16 tona, egurra bada bakarrik;

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soil-soilik badira;

– 350 tona, hainbat material badira eta, banaka, bakoitzak aurreko kopuruak gainditzen ez baditu.

Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, dagokion urteko martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.

C.6.– Lurzorua babesteko baldintzak.

Smurfit Kappa Nervión SAk aurkeztutako dokumentazioa, Lurgintza Ingeniaritza Geologikoa erakunde egiaztatuak idatzitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren arloko arau-eskakizunak dituzten lurzoruen dokumentu bakarraren» barruan sartuta dagoena, aztertu ondoren, egiaztatu da ez dela aurkeztu lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostenari buruz indarrean dagoen araudian eskatutako edukia, zeina 4 hilabeteko epean aurkeztu beharko den.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluko 2. apartatuarekin bat etorriz, lurzoruaren egoeraren txostenak aurkeztu beharko dira, gutxienez, 5 urtean behin, lege hori indarrean jartzen denetik aurrera.

Bestalde, aurreko lerrokadan aipatutako araudian, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuan ezarrita dauden lurzorua babesteko betebeharrak betetze aldera, sustatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu lau hileko epean:

– Oinarrizko txostena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeak eta maiztasunak beteta.

– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako epeen arabera.

Agiri horiek ikerketa-lanak eta lurzoruaren kalitatea berreskuratzen diharduen erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu. Agiri horietan, aipatutako txostenak jasoko dira (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak).

Nolanahi ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten denari jarraikiz, induskatu beharreko materialak (lurrak, obra-hondakinak, etab.) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, ekintza kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa gauzatu bitartean gainditze hori antzemango balitz, nahitaezkoa izango da lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta berreskuratzeko erakunde egiaztatu batek egindako indusketa selektiborako plan bat aurkeztea. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura egikaritu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketa sustatuko duen pertsona fisikoaren edo juridikoaren eta jarduketa burutuko duen kontratistaren identifikazioa.

– Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduketa-gunea zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, baita zolatak ere.

– Ingurumen-jarraipenerako lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan, erakunde egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa hasteko aurreikusitako datak.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurren karakterizazioaren emaitzak adierazi beharko dira; horrez gain, induskatutako materialen berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gida-n jasotzen diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

f) Soberakinetarako aurreikusitako helmuga zabortegian uztea denean, karakterizazioa dekretu hauetan ezarritakoaren arabera egin beharko da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena. Oro har, laginketa gauzatzeko, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan «in situ» egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-lana diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideak beteko dira.

g) Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako EBA-B (industria-erabilera) balioaren azpikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezingo da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema, eta zehazten baita erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa.

h) Lur garbitzat hartuko dira ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-A ebaluazioko balio adierazleak baino balio txikiagoak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelanerako.

i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz), eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoruaren arloko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Horrez gainera, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek hartu beharreko neurriak ezar ditzan, bat etorriz aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuarekin, betiere.

C.7.– Hondakin-deposituari buruzko baldintzak.

Smurfit Kappa Nervión SAk aurkeztutako dokumentazioa, Lurgintza Ingeniaritza Geologikoa SL erakunde egiaztatuak idatzitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren arloko arau-eskakizunak dituzten lurzoruen dokumentu bakarraren» barruan sartuta dagoena, aztertu ondoren, Ingurumen Organo honek ikusi du agiri horren azterketa osatu egin behar dela; horretarako, eskatu da ondorengo informazioa aurkezteko lau hilabeteko epean:

– Biltegiratutako materialaren eta azpiko lurzoruaren karakterizazio osoa, oinarrizko lerroa ezartzeko. Karakterizazio osoa egitea eragotziko duten jarduerarik egiten ari ez dela ikusirik, karakterizazioa Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan ezarritakoaren arabera egin behar da.

Depositura isuritako materialaren izaera eta hondakin-deposituaren azpiko lurzoruaren egoera zein den jakin ondoren, eta hondakin-deposituko lixibiatuek Ibaizabal ibaian eraginik izan ez dezaten, honako aukera hauei buruzko proposamena aurkeztu beharko da ebazpen hau jaso eta sei hilabeteko epean:

– Hondakin-deposituko hondakinak kudeatzeari buruzko proiektu bat, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean jasotako epeekin bat datorrena.

– Zabortegia zigilatzeko konponbide bat, hondakina konfinatuz, lixibiaturik sor ez dadin.

Hondakin-deposituari konponbiderik ematen ez zaion bitartean, zigilatuz edo kudeatzaile baimendu baten bidez hondakinak behar bezala kudeatuz, ziurtatu beharko da hondakin-deposituan sortzen diren lixibiatu guztiak Smurfit Kappa Nervión SAren araztegian tratatuko direla.

C.8.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Beharrezkoak diren neurri guztiak ezarriko dira, indize akustiko hauek gainditu ez daitezen:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko altueran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko behar den altuera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

Funtzionamenduan den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun modu bat baldin badago, jardun modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti), non Ti baita jardun modu horren iraupen-denbora. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

c) Ebazpen honen bidez onartutako kare-labeari eta baimendutako bestelako ekipamendu batzuei lotutako zarata-iturrietarako, Smurfit Kappa Nervión SAk behar diren neurriak hartuko ditu foku horiek ez ditzaten kanpoko ingurumenera transmititu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak, betiere Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren –giro-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokienez– II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatuta.

Kanpoaldeko muga-balioek lurzoruaren mailatik 2 metroko altuerari eta, fatxada leihodunen kanpoaldean, eraikuntzaren altuera guztiei egiten diete erreferentzia.

Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla ulertuko da baldin eta, 1513/2005 Dekretuaren (1513/2005 Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena, giro-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokienez) II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, baldintza hauek betetzen badituzte ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean:

– Urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-etan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Lkeq, Ti indizearen batez besteko balioek ez dituzte 5 dB-etan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan adierazitako balioak.

Sustatzaileak ezarritako muga-balioak gainditzen badira, hilabeteko epean aurkeztu beharko da ekintza-plan bat, balizko balio-gainditzeak zuzentzera bideratutako zuzenketa-neurriak jasotzen dituena. Neurri horietako bakoitzaren jarduketa-egutegia proposatu beharko du, baita neurri horiek betetzeaz arduratuko den pertsona bat ere.

d) Foku igorle berriaren jardueraren funtzionamendutik, zuzenean nahiz zeharka, eratortzen diren efektu gehituek foku horretarako kalitate akustikoko helburuak gainditzen dituztenean, jarduerak behar besteko neurriak hartu beharko ditu, gainditze hori gerta ez dadin.

D) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

D.1.– Atmosferara eginiko emisioak kontrolatzea.

D.1.1.– Kanpoko kontrolak.

a) Smurfit Kappa Nervión SAk emisioen kontrola egin beharko du, informazio honi jarraituz:

Gas kondentsaezinen galdararen erabilgarritasun-ezaren erregistro-sistema bat izango da, baita horren ondoriozko emisioena ere.

b) Etengabe monitorizatu beharko dira lixiba beltzaren galdararen, azal-galdararen eta gas kondentsaezinen errekuntza-galdararen eta kare-labearen ihes-gasen presioa, tenperatura eta oxigeno-edukia, CO-edukia eta ur-lurrunaren edukia. Aipatutako datuak erregistratu egin beharko dira.

c) Puntu honetako a) letran aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, 212/2012 Dekretuan, urriaren 16koan, ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa-kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

d) Halaber, a) apartatuan azaldutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek funtzionatzen badu urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin, eta emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozein maiztasunarekin, baldin eta emisioaren iraupen globala lantegiaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik beherakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, baldin eta kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan justifikatu beharko da.

e) Neurketa jarraitua.

Smurfit Kappa Nervión SAk TRSren, guztizko partikulen, sufre dioxidoaren eta nitrogeno oxidoen neurketa jarraitua egin beharko du 1. fokuan («Lixiba beltzaren tximinia»), eta guztizko partikulen eta TRS guztizko sufre murriztuaren neurketa jarraitua 12. fokuan («Kare-labea»).

Emisioak etengabe neurtzeko sistema Euskal Autonomia Erkidegoko Airearen Kalitatea Zaindu eta Kontrolatzeko Sarera konektatu beharko da.

Emisioak etengabe neurtzeko sistemen (EENS) instalazioa, kalibrazioa, kontrola, mantentze-lanak eta jakinarazpenak, eta ekipamenduen, neurketa-atal eta -tokien ezaugarriak UNE-EN 14181 arauan eta ingurumen-arloko eskumenak dituen Sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritako baldintzen araberakoak izan beharko dute.

Sustatzaileak etengabeko neurketa-sistema mantentzeko prebentziozko mantentze-plan bat izan beharko du, datuen fidagarritasuna eta lortzen den gutxieneko datu kopurua bermatuko duena. Edonola ere, datuen fidagarritasuna eta kopuruaren ardura sustatzailearen gain geratzen dira.

Instalazioen titularrek izango dute EENSaren datuak eskuratzeko, tratatzeko eta jakinarazteko ardura, eta EENSak erregistratutako datuak gutxienez 10 urtez gorde beharko dira.

FE01 emisio-fokurako («lixiba beltzaren tximinia») eta FE12 emisio-fokurako («kare-labea»), neurketarako ekipamenduen erabilgarritasuna, hau da, baliozko datuak lortzeko aldien ehunekoa gutxienez urteko benetako jardunaren % 90ekoa izango da, Ingurumen Sailburuordetza honek bestelako baimenik ematen ez badu behintzat.

EENSa ondoz ondoko 15 egunetan baino gehiagotan ondo ez badabil, Ingurumen Lankidetzako Erakunde batek aldizkako kontrolak (hamabostean behin) egin beharko ditu, gertaera hasi denetik emisioak etengabe neurtzeko sistema behar bezala ibili arte.

Instalazioen titularrak EENSaren funtzionamenduari buruzko urteko txosten bat igorri beharko du, betiere ingurumen-arloko eskumenak dituen Sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoaren arabera.

D.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua (Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina (Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

D.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, analisi hauek egingo dira:

b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea bai ondorengo analisia, «erakunde laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta aurreko puntuetan aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

c) Isurketen kontrolen emaitzak hauei bidaliko zaizkie:

– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, ebazpen honetako laugarren apartatuaren D.8 azpiapartatuan ezarritako epeak eta baldintzak betez.

d) Isurketak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen laugarren apartatuko C.3.3 azpiapartatuan ezarritako mugak.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak aldizkako kontrolen bidez egingo du isurketaren jarraipena, eta kontuan hartu gabe laginak Arriandiko hondakin-uren araztegian bertan hartzen direla eta hartualdi horietatik lortutako emaitza analitikoak isurketa-tasa eta Isurketen Ordenantza aplikatzeko erabiltzen direla; aldian-aldian, eta Ur Partzuergoaren irizpidearen arabera, teknikariek bisitak egingo dituzte, ekipamenduen eta instalazioen egoera ikuskatzeko ez ezik, teknikariek egokitzat joz gero, laginak hartzeko ere. Emarietan desberdintasunak badaude edo kutsadura badago, bi alderdiek erabakiko dute lan hori egiteko aitortutako kanpoko enpresa batek esku hartzea.

Larrialdi-kasuetan eta istripuzko isurketen kasuan larrialdi-plana abian jartzen denean, isurketaren kantitateari eta kalitateari buruzko datuak eman beharko dizkiote Arriandiko araztegiko teknikariari. Era berean, isuria kontrolatuta eta atxikipen-andeletan biltegiratuta dagoenean, homogeneizatzeko putzura dosifikatzeko garaian, baimenean ezarritako muga-parametroak ezein unetan ez gainditzeko eran jokatuko da.

D.3.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

D.4.– Lurzoruaren eta lurrazpiko uren kontrola.

Ebazpen honen laugarren apartatuko C.6 puntuan eskatutako dokumentazioa alde batera utzi gabe, hurrengo datu hauek aurkeztuko dira lurzoruan afektazio berri bat gertatu izanaren susmoa antzeman den kasuan:

– Aintzat hartutako aldian izan diren gorabeherak, substantzia arriskutsuak direla eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolatak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak– ez ezik, larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela ere egiaztatzen duen adierazpena, teknikari eskudunak sinatua. Ekipamenduak eta gainazalak egoera onean daudela egiaztatzen dituen edo, hala badagokio, horietan hautemandako gabetasunak azaltzen dituen berariazko adierazpena izan beharko du.

– Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatutakoaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

D.5.– Zarataren kontrola.

a) Ld, Le, Ln, LAeq, Ti eta LAeq,60 segundo adierazle akustikoen ebaluazioa egingo da hiru urtez behin zarata transmititzeko arriskurik handiena dagoen aldean neurketak eginez. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako administrazioko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu, bat etorriz urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak emandako jarraibide teknikoetan eta abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren (Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) II. eranskinean ezarritakora egokituko dira.

d) Sustatzaileak proposamen zehatz bat egin beharko du, ebaluazio-puntu zehatzak jasoko dituena. Proposamena ebazpen honen laugarren apartatuko D.9 puntuan aipatzen den ingurumena zaintzeko programaren agiri bateginean sartuko da.

D.6.– Usainen kudeaketa-planaren kontrola.

Urtero, ingurumena zaintzeko programarekin batera, usainen kudeaketa-planaren jarraipen-txosten bat aurkeztu beharko da, Ebazpen honen C.2.5 apartatuan ezarritako epeetan eta moduan.

D.7.– Ingurumeneko finantza-bermearen kontrola, Ingurumena Zaintzeko Programaren (IZP) barnean.

Smurfit Kappa Nervión SAk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (zeinaren bidez onartzen baita Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua), finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, bat etorriz 26/2007 Legearen 24. artikuluarekin. Finantza-bermea eratu ondoren, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, agintaritza eskudunari erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio, zeinetan IV.2 eranskinean jasotako informazioa jasoko baita gutxienez.

IZPrekin batera, honako dokumentu hauek bidali beharko dira, programa aurkezteko prozedura telematikoan gaitutako dokumentu-ereduak erabilita:

– Ingurumen Arriskuen Azterketa (IAA) eta erantzukizunpeko adierazpena.

– Finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-bermearen motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

– Ingurumeneko finantza-bermea eratzetik salbuetsita egonez gero, eta 300.000 eta 2.000.000 euro bitarteko zenbatekoarekin konpon daitezkeen kalteak eragin ditzaketen operadoreak izanez gero (Ingurumen erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28.b artikulua), erakunde independente batek emandako ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da; erakunde horrek etengabe atxikirik egon behar du Batasunaren Ingurumen Kudeaketako eta Ikuskaritzako Sistemara (EMAS) edo indarrean den UNE-EN ISO 14001 Ingurumen Kudeaketarako Sistemara.

– Operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) eguneratuko du egoki irizten badu, eta, betiere, jardueran, instalazioan edo oinarrizko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera. Ingurumen-arriskuen azterketaren eguneraketak IZPren dokumentazioaren barnean aurkeztuko dira.

D.8.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-a2inguru/eu/

Hala, aipatutako programan zehaztutako aldian egindako kontrol guztiak, ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko dira bakarrik, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, gertatutakoaren berri izan ondoren, betiere; horretarako helbide elektronikoa: ippc@euskadi.eus.

Horrez gain, urtean behin baino gehiagotan egiten diren kontrolak kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, beti martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbide posibleak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik hala egin ez bada.

D.9.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, egiaztatu ahal izateko adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna (ingurumen-adierazleak).

E) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.

E.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko lanak eta mantentze-lanetarako programatutako lanak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, sortuko diren emisioen eta hondakinen zenbatespena egin beharko du enpresak, eta, dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak laugarren apartatuko C.4 azpiapartatuan («Instalazioan sortutako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak») ezarritakoaren arabera kudeatu beharko dira, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

E.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzkoa (21.1 epigrafea, «Paper-orea, papera eta kartoia egitea»), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Smurfit Kappa Nervión SAk jarduera bertan behera uztearen berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Smurfit Kappa Nervión SAk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu ebazpen honen laugarren apartatuaren C.4 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

E.3.– Jarduera aldi baterako uztea.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duenaren, 13. artikuluan araututa dagoen jardueraren aldi baterako uztea jakinarazi nahi izanez gero, Smurfit Kappa Nervión SAk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isuri edo emisio oro saihesteko.

E.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere istripuzko jarioak edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, fabrikako kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko jarioak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikusizko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen egoera orori aurrea hartzeko.

Era berean, atmosfera eta ura kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, eta abar) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak behar den maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko. Hala badagokie, hondoan hustubiderik ez duten depositu iragazgaitzetan gordeko dira. Ez dira inoiz pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Instalazioek lohiak tratatzeko aukera izanez gero, horietatik hustutako ura berriro bideratu beharko da arazketa-instalazioaren sarrerara.

Pabiloien barruan zolatak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Ez dago baimenduta hondakin-ura «bypass» bidez isurtzea arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez egin behar badira isuriak «bypass» bidez, titularrak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isuriak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuta. «Bypass» horretan aurreikusi gabeko isuri bat badago, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidalita (apartatu honetako j) puntuan adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta istripuzko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzakete. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako baldintzetan ezen ezin izango baitira ingurunean sakabanatu.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek eskakizun batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian xedatutakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezkoak diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta norbera babesteko ekipamendu egokiak.

i) Ontzien hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura bat edukiko dute. Bertan, instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen jarioak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri berehala eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren), horretarako gaitutako helbide elektronikoaren bitartez: ippc@euskadi.eus. Jakinarazpenean, alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorria eta zergatiak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Berehala aplikatutako zuzenketa-neurriak edo eusteko neurriak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.

Gorabehera edo arazo larriren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Iurretako Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Istripuzko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako zuzenketa-neurriak.

– Arazoa berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saihesteko neurri gisa, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari honako gertaera hauetakoren bat jazo dela:

1.– Etengabeko neurketa-ekipamenduek 24 ordu baino gehiagoz datu fidagarririk ez ematea eragiten duten matxurak edo akatsak gertatzea. Gorabehera gertatu eta gehieneko 24 orduko epean egingo da jakinarazpena, lanegunak direnean, edo lanegunak ez direnean, gorabehera gertatu den egunaren osteko lehen lanegunean jakinaraziko da.

2.– Gutxienez 15 egun lehenago jakinaraziko dira instalazioaren prozesu jarraitu batean aurrez programatuta egingo diren geldialdiak, aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak barne.

3.– FE01 («Lixiba beltzaren tximinia») eta FE12 («Kare-labea») fokuetan, analizagailuan etengabe neurtutako datu baliozkotu baten kontzentrazioak muga-balioa % 100ean gainditzen badu, hori gertatu eta gehienez 24 orduko epean egingo da jakinarazpena, lanegunak direnean, eta, lanegunak ez direnean, gorabehera gertatu den egunaren osteko lehenengo lanegunean.

Edonola ere, enpresak berehala bidaliko du jakinarazpena, fax bidez (aplikatu beharreko jarraibide teknikoak bestelako biderik adierazi ezean), Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, eta datu hauek zehaztuko dizkio:

– Gorabehera mota.

– Jatorria eta arrazoiak.

– Sortutako ondorioak.

– Hartutako euste-neurriak.

– Epeak.

l) Smurfit Kappa Nervión SAk, isuria Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren eskualdeko araztegira bidaltzean eragina duten ezohiko egoeretan, Larrialdi Planean jasotako aurreikuspenak bete beharko ditu. Plan hori ebazpen honen II. eranskinean dago jasota, eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak egindako «Isurtzeko baimena» agiriaren I. eranskinean jasota dago.

Istripuzko isurketen kasuan, edo larrialdi-egoera gertatu ondoren, Smurfit Kappa Nervión SAk eskura dituen bitarteko guztiak erabiliko ditu ondorioak ahalik eta gehien murrizteko. Era berean, Larrialdi Planean jasotako ekintza zuzentzaileak ezarri beharko dira. Horretarako, honako hauek hartzen dira kontuan:

Larrialdia: isurketa-baimenean ezarritako isurketa-mugak gainditzea.

Gorabehera: ohiko martxa nabarmen aldatzea.

Smurfit Kappa Nervión SAk larrialdi-egoera oro, izan istripu baten ondoriozkoa, izan erabilera oker batengatik estolderia-sarera isurketa debekatuak egitearen ondoriozkoa, berehala jakinarazi beharko dio Partzuergoari, telefonoz zein idatziz (posta elektronikoa, faxa, etab.), eta horrek, aldi berean, dagokion Udalari jakinaraziko dio egoera hori, sor daitezkeen kalteak saihesteko edo murrizteko. Horrez gain, eragileak istripuaren inguruko txosten xehea igorri beharko du Partzuergora, 48 orduko epean. Txosten horretan, datu hauek jaso beharko ditu, gutxienez:

– Eragilearen identifikazioa.

– Gorabeheraren kokapena, ibilbidea edo isurketaren ibilbide posiblea eta saneamendu-sarera isuri den gunea.

– Isurketaren bolumena eta edukia.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Eragindako kalteen balioespena.

– Hartu diren zuzenketa-neurriak.

m) Larrialdi-egoeretan, babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

F) Instalazioan aldaketak egitea.

Babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, hala komeni bada araudi berriak indarrean jartzen direlako edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharragatik. Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

Instalazioetan egiten diren aldaketa guztien berri eman behar da. Aldaketak jakinarazteko, osorik bete behar da helbide elektroniko honetan ageri den formularioa:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Organo horren onespena ere beharko da, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Industriako isurpenen Erregelamendua onartu eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, bat etorriz urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoarekin, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutako irizpideekin.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa egikaritu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

G) E-PRTR jakinarazpena.

Urtean behin, martxoaren azken eguna baino lehenago, Smurfit Kappa Nervión SAk aurreko urteko atmosferarako emisioei eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz bidaliko da.

Datu horien zati bat izango da Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara (E-PRTR-Europa Erregistroa) informazioa bidaltzeko oinarria.

Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, bat etorriz uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

Bosgarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da honako kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako emisioen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murriztu badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteagatik gehiegizko kosturik sortu gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela-eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legerian ezarritakoaren arabera, irizten badio badirela ingurumen-baimen integratua berrikustea justifikatzen duten inguruabarrak, Estatuaren Administrazio Orokorrak kudeatzen dituen arroetako jabari publiko hidraulikora isurtzeari dagokionez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean berrikuspen-prozesua hasteko.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legeriak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitu beharra badago; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, egiaztatzen bada ez direla nahikoak ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak.

i) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. puntuetan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

Seigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako kasu hauetan:

– Egiaztatzen ez denean, epe barruan, ebazpen honetako zazpigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla (ingurumen-baimen integratuak ondorioak izateko ezarritakoak, alegia), non eta interesdunak ez duen epe-luzatzea eskatzen, behar bezala justifikatuta.

– Smurfit Kappa Nervión SAren nortasun juridikoa azkentzea, indarreko arauek aurreikusitako kasuetan.

Zazpigarrena.– Smurfit Kappa Nervión SAri eskatzea honako alderdi hauek bidaltzeko Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetara, jarraian adieraziko diren epeetan:

1.– Ebazpen hau jakinarazi eta sei hilabeteko epean, usainak kudeatzeko plana (laugarren puntuaren C.2.5 azpiapartatuan adierazi dena) aurkeztu beharko zaio Ingurumen Organo honi.

2.– Kare-labea instalatzen denean, eskumena duen teknikari batek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horrek adierazi behar du instalazioak aurkeztutako proiektuaren eta ebazpenean ezarritakoaren arabera eraikita eta ekipatuta daudela. Ziurtagiri horrekin batera, txosten bat aurkeztu beharko da; txosten horretan, ingurumen-baimen integratuaren apartatu bakoitzari buruzko azterketa jasoko da.

3.– Ebazpen hau jakinarazi eta 4 hilabeteko epean, lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena aurkeztu beharko da, laugarren puntuaren C.6 azpiapartatuan ezarritakoaren arabera.

4.– Ebazpen hau jakinarazi eta 4 hilabeteko epean, laugarren puntuaren C.6 azpiapartatuan ezarritakoaren arabera, oinarrizko txostena osatu beharko da, eduki honekin:

– Erabilitako, ekoitzitako edo aireratutako substantzia arriskutsuei buruzko informazioa eta horien garrantzia zehaztea. Substantzia guztiak identifikatu beharko dira, horien osaera eta osagai bakoitzaren ehunekoa adierazita, nahasteen kasuan. Plano batean kokatzea eta substantzia arriskutsu bakoitza identifikatzea.

– Hala badagokio, kontzeptu-eredu berri bat.

– Lurpeko kalitatearen ikerketa berrikustea, kutsadura-foku izan daitezkeen guztiak kontuan hartuta. Era berean, egin beharreko analitikari dagokionez, garrantzitsutzat jotzen diren substantzia arriskutsu guztiak sartu beharko dira karakterizatu beharreko parametroetan.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren oinarrizko maila eguneratzea eta definizio berria ematea; lurzorurako eta lurpeko uretarako oinarrizko maila hori izango da zehaztutako abiapuntuko egoera.

– Hala badagokio, lurzoruen eta lurpeko uren kontrola eta jarraipena egiteko proposamen berria.

5.– Ebazpen hau jakinarazi eta lau hilabeteko epean, instalazioan dagoen hondakin-deposituan utzitako materialaren eta oinarrizko lerroa ezartzeko azpiko lurzoruaren karakterizazioa bidali beharko da, laugarren puntuaren C.7 azpiapartatuan ezarritakoaren arabera.

6.– Ebazpen hau jakinarazi eta sei hilabeteko epean, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean jasotako epeen araberako deposituko hondakinak kudeatzeko proiektuaren proposamena edo/eta zabortegia zigilatzeko proposamena bidali beharko da Ingurumen Organo honetara, hondakina konfinatuz lixibiatuak sortzea saihesteko, laugarren apartatuaren C.7 puntuan ezarritakoaren arabera.

Zortzigarrena.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, kraft orea eta kraft papera fabrikatzeko jarduerari eta kare-labeko kaustifikazio-prozesuaren kaltzio karbonatozko lohien barne-balorazioari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Smurfit Kappa Nervión SAk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Bederatzigarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hamargarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Smurfit Kappa Nervión SAri, Iurretako Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Hamaikagarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Hamabigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 13a.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.

I. ERANSKINA
SMURFIT KAPPA NERVIÓN SA-K ENTZUNALDI-IZAPIDEAN EGINDAKO ALEGAZIOEN AZTERKETA

2022ko otsailaren 11n, Smurfit Kappa Nervión SAk entzunaldi-izapidean bidali zioten ebazpen-proposamenari buruzko alegazio-idazkia aurkeztu zion ingurumen-organoari. Dokumentuan honako gai hauek jasotzen dira:

– Instalazioaren ingurumen-baimen integratua aldatzeko prozeduraren xedea behar ez bezala zabaltzea.

Kare-labea instalatzeko proiektuaren arrazoia da Verter Recycling 2002 SLk Zaldibarren ustiatzen zuen hondakin ez-arriskutsuen zabortegia jausi, eta, ondorioz, kaltzio karbonatozko lohiak zabortegian uztea debekatu zela.

Aldaketa hori funtsezko gisa izapidetzea erabaki zen arren, ez da hala, ez duelako instalazioaren ekoizpen-ahalmena handitzen, eta prozesuak ez dituelako jardueraren kanpo-efektuak aldatzen, baizik eta, hain zuzen ere, murriztu egiten dituelako, sortzen den eta EAEn benetan balorizatzeko aukerarik ez duen hondakin bat ia osorik balorizatzeko aukera ematen duelako.

Zirriborroa txertatzen den ingurumen-baimen integratua aldatzeko prozeduraren xedea SKNren instalazioan kare-labe bat ezartzea da, eta, beraz, prozeduraren ebazpenak KPKILTBaren 4. artikulua bete behar du, kare-labea ezartzeari lotutako baldintzak soilik kontuan hartuta.

10. artikuluak dioenez, aldaketa-proposamenari eman beharreko erantzunaren funtsa izan behar dira egin nahi den aldaketa horrek eragingo dien instalazio-zatiak. Aldaketa ez da ingurumen-baimen integratu bat ex novo ematearen antzekoa, ez ikuspegi prozesaletik, ez Administrazioaren esku hartzeko ahalmenaren irismenari dagokionez.

Hala ere, kare-labea martxan jartzeko behar den instalazioa egokitzearekin zerikusirik ez duten gai asko biltzen dira zirriborroan. Zehazki, kaltzio karbonatozko lohien deposituko lixibiatuak, usainak, isurketaren baldintzak eta lurzoru kutsatuak. Gai horiek guztiak prozedura independenteen xede izan dira, eta ulertzen ez diren arrazoiengatik, ingurumen-organoak erabaki du gai horiek ingurumen-baimen integratuaren prozedura honetan sartzea, aurretik prozedura honetan sartuta ez bazeuden ere. Horiek sartzeak atzeratu egingo du prozeduraren ebazpena eta proiektua abian jartzea, eta horrek esan nahi du kaltzio karbonatozko lohiak zabortegian uzten jarraituko dela.

Kaltzio karbonatozko lohien deposituak sortutako lixibiatuei dagokienez, SKNk funtsezkoa ez zen aldaketa-eskaera bat aurkeztu zuen 2019an, eta ingurumen-organoak ebatzi zuen ez zela aldaketen funtsezkotasunari buruzko iritzia ematera mugatzen, baizik eta ofizioz eta administrazio-prozedura izapidetu gabe aldatzen zituela baimenaren baldintzak, eta zabortegia zigilatu egiten zuela. Errekurtsoa aurkeztu zen eta baietsi egin zuten.

Aurrekoa gorabehera, prozedura berri hori baliatu nahi izan da zirriborroan 2019an ezarri ziren baldintza berberak sartzeko.

Antzeko zerbait gertatzen da usainei buruzko baldintzekin, ingurumen-baimen integratuarekin zerikusirik ez duen kontua baita.

Aipamen bakarra da ingurumen-organoak nahitaezkotzat jotzen duela. Ofiziozko berrikuspena, zeinak objektu heterogeneoa du, eta prozeduraren objektuarekin inolako loturarik ez.

39/2015 Legeak bi prozedura metatzea aurreikusten du, baina haien artean funtsezko identitatea edo lotura estua dagoenean soilik. Metatze hori ezin da egin; izan ere, ez dago inolako ebidentziarik aldaketa-prozedura ofiziozko berrikuspen-prozedura bati metatzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta, gainera, ez da beharrezkoa den xehetasunarekin justifikatu ofiziozko berrikuspen-kasu bat gertatu denik ere.

Une honetan metatzeak aldaketa-prozedura moteldu egiten du, eta izapideak egitean funtsezkoa da arintasuna izatea. Ingurumen-organoak usain-jarioei, lixibiatuei eta isurketa-baldintzei buruzko baldintzak prozedura honen zati izatea nahi izan balu, prozedura espezifiko eta esklusibo bat hasi beharko zukeen.

Ebazpen-proposamena berriz planteatu behar da, objektua kare-labearen proiektua izan dadin, eta ezarritako gainerako baldintzak bereiz daitezen, SKNrentzat eta egon daitezkeen interesdun guztientzat berme osoz izapidetuko den ofiziozko berrikuspen-prozedura batean gauzatzeko. Horrela bakarrik lortuko da efikaziaren, efizientziaren eta administrazio onaren printzipioak errespetatzea.

Erantzuna:

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitzea eta kontrolatzea, kutsadura prebenitzeko eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezarriz; helburua da ingurumena bere osoan ahalik eta gehien babestea.

Arauak instalazioa kokatuta dagoen autonomia-erkidegoko organo eskudunaren ebazpen idatzi gisa definitzen du «Ingurumen-baimen integratua». Baimen horren bidez, ingurumena eta pertsonen osasuna babesteko instalazio oso bat edo haren zati bat ustia daiteke, instalazio horrek lege honen xedea eta xedapenak betetzen dituela bermatuko duten baldintza jakin batzuk betez. Baimen hori instalazio batentzat edo gehiagorentzat izango da baliozkoa, edo leku berean kokatutako instalazioen zatientzat.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluak ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioen aldaketak arautzen ditu, honela:

1.– Ingurumen-baimen integratuaren mendeko instalazio baten aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa izan daiteke.

2.– Instalazio baten aldaketa ez-funtsezkoa egin nahi duen titularrak organo eskudunari jakinarazi beharko dio, hark ingurumen-baimen integratua eman dezan; behar bezala arrazoitu beharko du zergatik uste duen aldaketa ez-funtsezkoa dela. Jakinarazpen horrekin batera adierazitako arrazoiak justifikatzen dituzten dokumentuak aurkeztu beharko dira.

Ingurumen-baimen integratua eman behar duen organo eskudunak ez badu kontrakorik esaten hilabeteko epean, titularrak aldaketa gauzatu ahalko du. Instalazioaren aldaketa ez-funtsezkoaren ondorioz ingurumen-baimen integratua aldatu egin behar bada, dagokion autonomia-erkidegoak bere aldizkari ofizialean argitaratu beharko du.

3.– Titularrak funtsezko aldaketa bat egiteko asmoa badu, ezingo du gauzatu ingurumen-baimen integratua erregelamenduaren arabera araututako prozedura sinplifikatuaren bidez aldatzen ez den bitartean. Prozedura horretan honako hauek arautzen dira, Lege honetako 12. artikuluan aurreikusitakoaren arabera: aurkeztu beharreko aldaketa-eskaeraren edukia. Dena dela, eskaera horretan, egingo den aldaketa funtsezkoa dela justifikatzen duten agiriak jasoko dira, baita gauzatuko den aldaketak eragina izango duen instalazioaren zatiaren edo zatien oinarrizko proiektua ere.

4.– Funtsezko aldaketa justifikatzeko, lege hau garatzen duen erregelamenduan ezarritakoa hartuko da kontuan, eta, dena dela, aldaketa horrek segurtasunean, gizakien osasunean eta ingurumenean izango duen eragin handiena hartuko da aintzat, honako alderdi hauei buruzkoa, hain zuzen ere:

a) Instalazioaren tamaina eta ekoizpena.

b) Instalazioak erabiltzen dituen baliabide naturalak.

c) Ur- eta energia-kontsumoa.

d) Zenbat hondakin sortzen dituen, eta zer pisu eta tipologiatakoak diren.

e) Eraginpeko eremu geografikoetako baliabide naturalen kalitatea eta leheneratzeko duten gaitasuna.

f) Sortutako kutsadura-maila.

g) Istripu-arriskua.

h) Substantzia arriskutsuen erabileran sartzea edo areagotzea.

5.– Instalazio baten ezaugarrien edo funtzionamenduaren zabaltze edo aldaketa oro funtsezkotzat joko da, baldin eta aldaketa edo zabaltzea, berez, ezarritako ahalmen-mugetara iristen bada, halakorik dagoenean, 1. eranskinean, edo, arlo honetako araudiari jarraikiz, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura bete behar badu.

6.– Instalazio baten aldaketak haren ekoizpen-ahalmena 1. eranskinean ezarritako mugetatik behera murriztea badakar, ez da nahitaezkoa izango ingurumen-baimen integratua, eta 8.2 artikuluan adierazitako instalazio-inbentariotik aterako da. Aldaketa horiek organo eskudunari jakinaraziko zaizkio hark egiaztatu eta aldizkari ofizialean argitara ditzan.

Sakonean sartu gabe, kontuan hartuta Smurfit Kappa Nervión SAk kare-labea ezartzeko ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura bat bete behar duela, aldaketa funtsezkoa da.

Industriako isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 15. artikuluak arautzen du baimena aldatzeko prozedura sinplifikatua, eta honako hau ezartzen du:

«9.– Ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunak prozedura amaituko duen ebazpena emango du, gehienez, lau hilabeteko epean. Funtsezko aldaketa onartzen duen ebazpena ingurumen-baimen integratuan txertatuko da, eman zenetik izandako aldaketekin batera, testu bakarrean.

Lau hilabeteko epea igaro eta ez bada berariazko ebazpenik jakinarazi, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertu ahalko da.»

Enpresa horrek egindako eskaera ikusita, planteatu den funtsezko aldaketari dagokion prozedura izapidetu du organo honek, eta adierazi behar da, azterketa sakonik egin gabe, instalazio hori sartzeak aldaketak dakartzala, gutxienez, atmosferarako emisioei, saneamendu-sarera egiten diren isuriei, hondakinak sortzeari eta instalazioak ohikoak ez diren egoeretan funtzionatzeko baldintzei dagokienez.

Aurrekoa eta arauaren aurreikuspenak kontuan hartuta, ebazpen bakarra egin da, eta bertan Smurfit Kappa Nervión SAren instalazioari aplikatzekoak zaizkion baldintza guztiak jaso dira, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudiaren ondoriozko betebeharrei erantzuteko.

Aurrekoa adierazi ondoren, esan behar da ingurumen-organoak duen espedientean URA-Uraren Euskal Agentziaren txosten bat dagoela, Smurfit Kappa Nervión SAren instalazioetan dagoen hondakin-deposituko lixibiatuen ondorioz jabari publiko hidraulikoan izandako eraginei buruz. Txosten horretan agerian geratu da kutsadura hondakin-depositutik jabari publiko hidraulikora iristea eragozteko ezarritako neurriak ez direla nahikoak.

Gai horri dagokionez, adierazi behar da aplikatu beharreko araudiaren 26.4 artikuluak aurreikusten duela, edozein kasutan, ingurumen-baimen integratua ofizioz berrikusiko dela honako kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako emisioen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murriztu badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteagatik gehiegizko kosturik sortu gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela-eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legerian ezarritakoaren arabera, irizten badio badirela ingurumen-baimen integratua berrikustea justifikatzen duten inguruabarrak, Estatuaren Administrazio Orokorrak kudeatzen dituen arroetako jabari publiko hidraulikora isurtzeari dagokionez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean berrikuspen-prozesua hasteko.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legeriak hala eskatzen duenean, edo 22.3 artikuluari jarraikiz ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa denean.

Era berean, Smurfit Kappa Nervión SAk duen ingurumen-baimen integratuaren bosgarren apartatuan adierazten denez, ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da, baldin eta ingurumen-zaintzako programan lortutako emaitzek edo bestelako oharrek egiaztatzen badute izan litezkeen ingurumen-inpaktuen inguruan ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaile nahikorik ez dagoela.

Beraz, Ingurumen Organo honen ustez beharrezkoa da Iurretako udal-mugarteko Smurfit Kappa Nervión SAri kraft orea eta kraft papera fabrikatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua ofizioz berrikustea, eta neurri berriak ezartzea lurzoruan eta lurpeko uretan eraginik ez izateko.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluak ingurumen-baimen integratua berrikusteko prozedura arautzen du, eta honako hau dio: «Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.4 artikuluaren a), b), c) eta e) apartatuetan adierazitako ofiziozko berrikuspen-kasuetarako, berrikuspena proposatzen duten organoek, modu arrazoituan eta berrikusi nahi diren alderdiak adierazita, ingurumen-baimen integratua aldatzeko prozedura hasteko eskatuko diote organo eskudunari. Horretarako, ofiziozko aldaketa proposatu ondoren, baimena emateko eskumena duen organoak egiaztatzen badu isuriak eta instalazioaren kontrolak ez direla aldatuko, entzunaldi-izapidea emango dio baimenaren titularrari, eta prozedurari amaiera emango dion ebazpena emango du hiru hilabeteko epean».

Kontuan hartuta ofiziozko berrikuspen bat egiteko ez dela inolako izapiderik behar titularrari entzunaldia emateko izapidetik haratago, eta kontuan hartuta funtsezko aldaketa-prozedura bat izapidetzen ari zela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 72. artikuluaren aurreikuspena hartu zen aintzat. Aurreikuspen horrek aukera ematen du, administrazioa sinplifikatzeko printzipioaren arabera, egintza bakar batean erabakitzeko beren izaeragatik aldibereko bultzada onartzen duten eta bata bestearen ondoren bete behar ez diren izapide guztiak. Manu hori aplikatuz, Smurfit Kappa Nervión SAri emandako ingurumen-baimen integratua aldatzeko eta berrikusteko izapideak ebazpen-proposamenean sartu dira, lehendabizi, eta ebazpenean, ondoren.

Nolanahi ere, Smurfit Kappa Nervión SAk adierazitako terminoetan metatzea bidezkoa ez dela esateari dagokionez, adierazi behar da organo honen ustez ezin dela baieztatu prozedura horien artean funtsezko identitaterik edo lotura esturik ez dagoenik, prozedura guztiak instalazio berari buruzkoak baitira, eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudiaren xedea, zehazki, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuko sistema bat ezartzea baita, ingurumenari bere osoan babes ahalik eta handiena emateko.

– Kutsadura Ibaizabal ibaira iristea behin betiko eragozteko neurri gehigarriak har daitezen eskatzea.

Enpresa ez dago ados URAren planteamenduarekin, alegia, kutsadura hondakin-depositutik jabari publiko hidraulikora iristea eragozteko SKNk hartutako neurriak ez direla nahikoak, eta neurri gehigarriak hartu behar direla.

Kaltzio karbonatozko lohien depositua zigilatzeak ez du kutsadura-ihesen arazoa konponduko; izan ere, DINAMen txostenaren arabera, depositua zuzenean dago kontaktuan maila freatikoarekin eta, beraz, deposituaren kanpotik datozen lurpeko urek eragiten dituzte lixibiatu-ihesak.

SKNk LKS eta DINAM kontratatu ditu, bi milioiko inbertsioa egin du garatu duten eta EAEko erakundeek baliozkotu duten konponbide-proiektua gauzatzeko, baina zirriborroak gutxietsi egin du ahalegina.

2022ko urtarrilaren 4an, DINAMek «48910-00081 kokalekuko Trenhmix pantailaren barrualdean ponpaketa-putzuen bidezko hesi hidraulikoaren sistema instalatzeari buruzko txostena» egin zuen, eta txosten horretan ondorioztatu zen LKSk pentsatutako konponbidearen funtzionamendua egokia zela. Txosten hori URAn aurkeztu zen 2022ko urtarrilaren 12an. Hirugarren egiaztatu batek ziurtatu du emandako konponbidea eraginkorra dela.

Duela egun batzuk lixibiatuak hauteman dira ibilguan, baina horrek ez du esan nahi emandako konponbidea baliozkoa ez denik. LKS eta DINAM hormigoizko injekzioak egiteko eta ponpaketa-sistema indartzeko proiektu bat garatzen ari dira, eta, beraz, aurreikusten da gorabehera konpontzeko jarduketa-plana aste gutxi barru helaraziko zaiola URAri. 300 metrotan egindako esku-hartzearen barruan, 25 metroko tartean soilik esku hartu beharko denez, ikusten da ezarritako konponbidea eraginkorra dela eta konponketa txiki bat ez duela behar.

Beste edozein proiektu tekniko konplexutan bezala, denbora nahikoa behar da ezarritako neurriaren eraginkortasuna egiaztatzeko eta aplikatutako teknologiatan behar diren doikuntza txikiak egiteko. Ez da ulergarria ingurumen-organoak konponbidea baztertzea SKNri neurria guztiz ezartzen utzi baino lehen.

Biltegia zigilatzeko edo zabortegi batera eramateko planteamendua heldugabea eta neurriz kanpokoa da. Ez da egokia planteatutako baldintzetan esku hartzea, hainbat arrazoirengatik, baina honako hauek zehaztuko ditugu:

a) Deposituko eduki guztia zabortegira eramateak larriagotu egingo du Euskal Autonomia Erkidegoko zabortegien ahalmenik ezaren arazoa.

b) Kare-labea martxan jarri gabe ez dakigu zer baldintzatan prozesatu ahal izango diren jarduerak sortutako hondakina eta lohien deposituko edukia.

c) Kapsulatzeak esan nahi du ezin dela deposituko hondakina balorizatu, eta deposituak hartzen duen 36.000 m2-ko azalera ezin izango dela erabili.

d) Kapsulatzea inbertsio heldugabea da.

e) Kapsulatzeko edo zigilatzeko, inbertsio handiegiak eta kare-labearekin bateraezinak diren inbertsioak egin behar dira.

Ingurumen-baimen integratua aldatzeko ebazpen-proposamenetik kanpo utzi behar da lixibiatuak eragindako kutsadura karbonato-depositutik Ibaizabal ibaira iristea eragozteko behin betiko neurri bat hartzeko eskaera.

SKNk eusten dio LKSrekin eta DINAMekin lan egiteko konpromisoari, ezarritako konponbidearen eraginkortasuna bermatzeko eta kare-labearen gehiegizko tamaina 20 urtetik 30 urtera bitarteko epean hondakin-biltegia kudeatzeko.

Erantzuna:

Gai horri dagokionez, soilik adierazi behar da espedientean URA Uraren Euskal Agentziaren txosten bat dagoela. Txosten horretan adierazten da lixibiatuak ibilgura iristea eragozteko orain arte hartutako neurriak ez direla nahikoak, eta enpresak berak horixe bera berretsi du berriki lixibiatuak aurkitu dituela aitortuta.

Lohien depositua kentzeari edo hura kapsularatzeari dagokionez, adierazi behar da espedientean ez dela egiaztatu kaltzio-lohiak kendu eta balorizatzeko ezarri beharreko kare-labearen ahalmena, eta aukera hori ontzat emanda ere, enpresa horrek aurreikusi du 20 urtetik 30 urtera bitarteko epea beharko dela; horrek esan nahi du neurriak hartu behar direla kaltzio-lohien deposituak lurzoruan nahiz lurpeko uretan eta jabari publiko hidraulikoan eragiten dituen inpaktuak saihesteko, ahal den neurrian.

Ingurumen-organoak, bere eskudantziak eta erantzukizunak betez, ezin du onartu kaltzio-lohien deposituak ingurunean eragina izaten jarraitzea, eragin hori saihesteko neurriak har daitezela eskatu gabe.

– Ez da beharrezkoa zementua, karea eta magnesio oxidoa fabrikatzeko BREF agiriari buruzko erreferentziak eranstea.

Zirriborroaren 9. orrialdean, orea, papera eta kartoia fabrikatzeko BREF agiriaz gain, zementua, karea eta magnesio oxidoa fabrikatzeko BREF agiria aipatzen da, baina ez zaio aplikagarria kare-labe batez hornitze hutsagatik, orea, papera eta kartoia fabrikatzeko BREFak berak kare-laberako TEOa baitu.

Erantzuna:

Alegazioa onartu da eta ebazpenaren edukia aldatu da.

– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak (C.3).

Zirriborroan jasotako baldintzak ez datoz bat indarrean dagoen isurketa-baimenarekin; izan ere, enpresak errekurritu egin du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak instalazioari emandako isurtzeko baimenaren aldaketa, eta administrazio-egintza horren betearazpena eteteko eskatu. Errekurtso hori ez da ebatzi oraindik.

Ez da egokitzat hartzen isurketa-baimenaren baldintza guztien edukia ingurumen-baimen integratuan transkribatzea, horrek baimenari baimen izaera kentzea baitakar.

Ingurumen-baimen integratuak isurien, emarien eta isurketa-bolumenen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena, muga-balioak eta arazteko eta husteko instalazioak jaso behar ditu, ezarritako gainerako baldintzak ez, ordea.

Partzuergoaren baldintzatzaile eta errekerimenduei buruzko aipamen guztiak kendu egin behar dira C.3.4 apartatutik.

Gainera, enpresa ez dator bat ebazpen-proposamenaren zirriborroan azaltzen diren baldintza hauekin:

1.– Isuria hondakin-uren araztegira bultzatzeko hodian presio-zunda bat instalatzea. Gai hori ez da jasotzen indarrean dagoen isurketa-baimenean, ezta errekurtsoaren xede izan den baimenean ere. Ingurumen-organoak ezin du Partzuergotik ez datorren isuriari buruzko baldintzarik jarri, are gutxiago horretarako justifikaziorik ez badago.

2.– Errepidetik datozen jariatze-urak desbideratzeko azterlana. Baimena aldatu zenean, Partzuergoak ez zuen baldintza hori ezarri, baizik eta gomendio gisa eman. Ingurumen-organoak ezin du gomendio bat betebehar-mailara igo, hori egiteko ahalmenik ez duelako, eta are gutxiago aldaketa justifikatzen ez bada. Gainera, SKN ez da errepideko jariatze-urez arduratzen, eta, beraz, ezin du bere gain hartu beste administrazio publiko batzuei dagokien ardura arazoa konpontzeko. Administrazio publiko horiekin Eusko Jaurlaritzak eta Partzuergoak koordinatu beharko lukete.

3.– Isuria deskargatzeko hodian balbula motordun bat instalatzea. SKNk aurkaratu egin du isurtzeko baimenaren baldintza hori, beharrezkoa ez delako. Ez da onargarria, halaber, Partzuergoak ekipamendua erabiltzeko baldintzen gaineko bermerik gabe ezartzea. Baimen-zirriborroak ez du funtzionamendu-protokolorik jasotzen eta ebazpen-proposamenaren zirriborroak ere ez du halakorik egiten, baina hori beharrezkoa da SKNren segurtasun juridikorako. Gainera, neurri hori gehiegizkoa eta kaltegarria da, jarduera osoa geldiarazteko ahalmena baitu Partzuergoak. Baldintza horrek ez du betetzen 40/2015 Legearen 4.1 artikulua, hain murriztailea ez den neurriaren proportzionaltasun- eta hautapen-printzipioa arautzen duena.

4.– Denbora errealean eta jarraian biltegiratzeko eta telekomunikatzeko ekipamendu bat instalatzea: pH, GSE, OEK, emaria eta ponpen funtzionamendu-egoera. Baimenaren aldaketak eta zirriborroak ez dute justifikatzen baldintza hori. Araudi sektorialak eta ordenantza arautzaileak ez dute betebeharra ezartzen, nahiz eta azken horrek aurreikusten duen Partzuergoak erabiltzaileari eskatu ahal izango diola. Aukerako aurreikuspena da eta isuriaren baldintzak kontuan hartuta justifikatu behar da, baina ez dago justifikaziorik. Egiatan, ez da beharrezkoa, Partzuergoak SKNren isuria bere sistemaren bidez ezagutzen duelako, zuzen-zuzenean eta denbora errealean. Sistema erredundantea da, Partzuergoak kontrol horiek badituelako bere instalazioetan; izan ere, isuriaren kalitateagatik fakturatzen dio SKNri. Sistema ezartzeak ez du laguntzen isuriaren baldintzak hobetzen. Isurketarako baldintzak zuzendu behar dira, eta zirriborroaren 38. orrialdeko taulan «BBUPra bidaltzen da etengabe» betebeharra ezabatu behar da.

Erantzuna:

Kutsaduraren prebentzioari eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 11. artikuluan ezartzen denaren arabera, hau da ingurumen-baimen integratuaren helburua:

a) Lege hau aplikatu behar duten instalazioei lege honen xedea betearazteko beharrezkoak diren baldintzak ezartzea.

b) Kutsaduraren prebentziorako eta kontrolerako sistema bat edukitzea, Administrazioaren esku-hartze bakar batean batuko dituena hondakinen sorreraren eta kudeaketaren arloan lehendik dauden ingurumen-baimen guztiak, tartean udal-hondakinak eta hondakin arriskutsuak erraustekoak, baita, hala behar denean, hondakinak isurtzekoak, ur kontinentaletara –eta saneamendu-sistema integralera– isurtzekoak eta lehorretik itsasora isurtzekoak ere, eta, bestetik, airearen kutsadurari buruzko ingurumen-xedapenak, konposatu organiko lurrunkorrei buruzkoak barne.

Bestalde, arauaren arabera, ingurumen-baimen integratuak testu bateginaren 22. artikuluan jasotako gutxieneko edukia izango du, eta, horrela, jarraian transkribatuko dira artikulu horren 1. apartatuan jasotako gaietako batzuk, enpresak aurkeztutako alegazioa aztertzeko. 1. apartatu horretan, besteak beste, honako epigrafe hauek jasotzen dira baimenaren edukiari dagokionez:

a) Emisioen muga-balioak, 2. eranskinean zerrendatutako substantzia kutsatzaileetarako eta beste substantzia kutsatzaile batzuetarako, baldin eta dena delako instalazioak kantitate nabarmenean sor baditzake, kontuan hartuz haien izaera eta kutsadura eremu batetik bestera eramateko izan dezaketen gaitasuna. Eta, orobat, hala behar denean, muga-balio horiek osatu edo ordeztuko dituzten parametro edo neurri tekniko baliokideak. Era berean, zehaztu egin beharko da TEOei buruzko ondorioetako teknika erabilgarri onenetako zeintzuk erabiltzen diren instalazioan emisioen muga-balioak ez gainditzeko.

b) Hala badagokio, lurzoruaren eta lurpeko uren babesa bermatzen duten preskripzioak.

e) Emisio eta hondakin mota guztiak tratatzeko eta kontrolatzeko sistemak eta prozedurak, neurtzeko metodologia, haien maiztasuna eta neurketak ebaluatzeko prozedurak espezifikatuta; 7.4.b) artikulua aplikagarri zaien instalazioen kasuan, emaitzak teknika erabilgarri onenei lotutako emisio-mailei buruzko erreferentziako baldintza eta denbora-tarte beretan egon beharko dira eskuragarri.

f) Ingurumenari eragin diezaioketen eta normalak ez diren egoeretako ustiapen-baldintzei buruzko neurriak, hala nola abian jartzea eta geratzea, ihesak, funtzionamendu-akatsak eta aldi baterako geldialdiak.

i) Organo eskudunari aldizka eta gutxienez urtean behin honako hau jakinarazteko beharra:

1.– e) letran aipatutako emisioen kontrolaren emaitzetan oinarritutako informazioa eta eskatutako beste datu batzuk, organo eskudunari ahalbidetuko diotenak baimenaren baldintzak betetzen direla egiaztatzea; eta,

2.– Teknika erabilgarri onenekin lotutako emisio-balioak gainditzen dituzten emisioen muga-balioak aplikatzen direnean, teknika erabilgarri onenekin lotutako emisio-mailekin konparatzeko aukera emango duen emisioen kontroleko emaitzen laburpen bat.

j) Lurzorura eta lurpeko uretara isurtzea ekiditeko hartutako neurriak mantentzeko eta aldian behin ikuskatzeko egoki diren eskakizunak, b) letraren araberakoak, eta kasua bada, lurzorua eta lurpeko urak aldian behin kontrolatzeko egokiak diren eskakizunak, aurki daitezkeen substantzia arriskutsuak direla-eta, instalazioa dagoen tokian lurzorua eta lurpeko urak kutsa daitezkeela kontuan izanda.

k) Isurien muga-balioak betetzen direla ebaluatzeko baldintzak.

Ondorioz, adierazi behar da kolektorera isurtzeko baimena ez dela ingurumen-baimen integratutik aparteko baimena goian aipatutako gaiei dagokienez, eta, beraz, ingurumen-organoak bere gain hartzen dituela gaiok, bai muga-balioei eta emariei dagokienez, erakunde horrek adierazten duen bezala, bai beharrezkoak diren kontrol-metodoei edo -ekipamenduei dagokienez.

Aurrekoa adierazi ondoren, espedientean Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren txostena dago jasota. Txosten hori 2022ko martxoaren 4koa da, enpresak ebazpen-proposamenaren zirriborroari egindako alegazioak aztertzen ditu, eta honako hau adierazten du:

– Baimenaren aldaketa etenda dagoela eta gaur egun indarrean dagoen isurketa-baimena 2015ean emandakoa dela ulertu behar da. Errekurtsoa onartzen bada, baimena aldatzeko beste prozedura bat hasiko da.

– Isuria bultzatzeko hodian presio-zunda bat instalatzeari dagokionez, baldintza hori ez dago isurketa-baimenean, baina berau instalatzea egokitzat jotzen da enpresaren isuria Arriandiko hondakin-uren araztegira bultzatzeko hodian sor daitezkeen arazoak prebenitzeko.

– Azterlanari dagokionez, 2015eko isurketa-baimenean zegoen gomendio bat zen, errepidetik datozen jariatze-urak eta eurialdietan tratatu beharreko emariak murrizteko beste ekintza batzuk aztertzeko.

– Balbula motordun bat instalatzea isurketa-baimenaren parte ez den ekipamendu bat da, jabari publikoko instalazio bat babestera bideratutako neurri bat baita. KOGaren analizagailu bat ezartzea eta Arriandiko hondakin-uren araztegian balbula motordunaren bidezko kontrol-sistema instalatzea enpresarenaren ondoz ondoko segurtasun-sistema bat da, eta ez du funtzionatuko enpresarena behar bezala badabil. Sistema hori instalatzeak ez dakar isurketa-muga berririk, ezta isuri horiek mugatzea ere.

– Partzuergoaren ustez, isurketen telekontrola ezartzeko eskaera behar bezala justifikatuta dago, isurketa oso garrantzitsua baita Arriandiko hondakin-uren araztegirako, instalazioak tratatzen duen emariaren % 28 baita.

– Instalazioan sortutako hondakin arriskutsuak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak (C.4.2).

HEZ 18 01 03 kodea duen hondakina, «Ebakitzaileak eta ziztatzaileak» izenekoa, sartzea eskatu dute. Gaur egun 5 litroko ekoizpena duela kalkulatzen da.

Era berean, HEZ 15 02 02 kodea duen hondakinaren deskribapena eta kalkulatutako urteko ekoizpena aldatzea eskatu dute.

Erantzuna:

Beste hondakin bat eransteko eskaera ez da ebazpen-proposamenari egindako alegazio bat, funtsezko aldaketa egiteko aurkeztutako dokumentazioan sartu ez den kontu bat baizik.

Ebazpen-proposamenaren entzunaldiaren izapidea egon litezkeen aldaketekin lotutako eskaerak egiteko bidea ez den arren, ingurumen-organoak uste du aldaketa hori ez dela funtsezkoa, eta, administrazio-lana arintze aldera, funtsezko aldaketaren prozeduran sar daitekeela, prozedura hori ez baita amaitu oraindik.

HEZ 15 02 02 kodea duen hondakinaren urteko deskribapena eta kalkulatutako urteko ekoizpena aldatzeari dagokionez, uste da ez duela garrantzi handirik jardueraren ezaugarrietan.

Beraz, HEZ 180103 kodea duen hondakin arriskutsua gehitu da ebazpenean, eta HEZ 150202 kodea duen hondakinaren deskribapena eta kalkulatutako ekoizpena aldatu egin dira.

– Instalazioan sortutako kaltzio karbonatozko lohiak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak (C.4.3 eta C.1).

Kare-labearen bidez EAEko zabortegi-azpiegituraren egiturazko arazoa arindu nahi da, kaltzio karbonatozko lohien hondakina balorizatu ahal izango baita eta zabortegian uztea saihestu.

Hala ere, kare-labea ez da sortutako kaltzio karbonatozko lohiaren % 100 balorizatzeko gai izango; beraz, baimenak bermatu behar du ez dela debekatzen kare-labean balorizatu ezin den lohiaren zatia zabortegian uztea.

C.1 apartatuan aitortu behar da HEZ 03 03 09 kodea duen hondakina ia osorik autokudeatuko dela R5 balorizazio-jarduerarako, baina egunean 5 tona inguru beste modu batera kudeatu beharko dira.

Erantzuna:

Ingurumen-organo honek Smurfit Kappa Nervión SAri entzunaldiaren izapidean bidalitako ebazpen-proposamenean jaso zenez, HEZ 03 03 09 kodea duen hondakinaren (Instalazioko bertako kaltzio karbonatozko lohiak) 79.000 t/urte funtsezko aldaketaren xede den karbono-labean autokudeatuko dira, eta HEZ 03 03 09 kodea duen hondakinaren 3.500 t/urte (Instalazioko bertako kaltzio karbonatozko lohiak) Smurfit Kappa Nervión SAren jarduerak sortuko dituen eta autokudeatu ezin dituen hondakinak izango dira.

Jarduerak sortutako hondakin ez-arriskutsu guztiei dagokienez, ebazpen-proposamenaren C.4.3.b) apartatuan adierazten denez, balorizatu egin beharko dira balorizatzaile baimenduari entregatuz. Eta hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina balorizatzeari.

Hortaz, ingurumen-organoak ebazpen-proposamenean kontuan hartu du Smurfit Kappa Nervión SAren instalazioetan ezin izango dela autokudeatu jardueran sortutako HEZ 03 03 09 kodea duen hondakin guztia (Instalazioko bertako kaltzio karbonatozko lohiak).

Are gehiago, ebazpen-proposamenean, HEZ 03 03 09 kodea duen hondakinen kopurua (Instalazioko bertako kaltzio karbonatozko lohiak) alegazioan adierazitakoa baino handiagoa da; izan ere, 3.500 t/urte hondakin horiek egunean 9,5 tona dira, eta egunean 5 tona, berriz, 1.825 t/urte inguru dira. Era berean, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan hondakinen kudeaketari buruz ezarritako printzipio hierarkikoak kontuan hartuta, ezartzen da balorizatzeari lehentasuna emango zaiola ezabaketaren aurretik.

Hortaz, ingurumen-organoak ez du alegazioa onartzen, berak kontuan hartu baitu hondakinaren zati bat ezin izango dela baimena eman zaion instalazioan autokudeatu. Era berean, ebazpenean adierazten da hondakin hori ezabatzeko moduari dagokionez, gainerako hondakinen kasuan bezala, lehentasuna emango zaiola balorizatzeari.

– Usainei buruzko baldintzak (C.2.5 eta D.6).

Kiratsei buruz 2020an egindako azterlanak ondorioztatu zuen usainok bateragarriak zirela airearen kalitatearen irizpideekin, usainekiko esposizioa eta kiratsak kaltetutako herritarren ehunekoa erlazionatzen dituzten azterketa epidemiologiko batzuen arabera.

Orea, papera eta kartoia ekoizteko BREFak ez du usainen kudeaketa-planik eskatzen, ezta muga-baliorik ere, eta ebazpen-proposamenaren zirriborroaren baldintza hondakinen tratamenduari buruzko BREFetik hitzez hitz aterata dago, baina BREF hori ez zaio instalazioari aplikatu behar.

Ezin da ezarri EAEko beste paper-fabrika batzuetako ingurumen-baimen integratuetan ez dagoen baldintzarik.

Ez estatuan eta ez EAEn indarrean dauden ingurumen-araudiek ez dute muga-baliorik ezartzen, ezta kiratsetarako baldintzarik ere; ez da bidezkoa baimenean usainen inguruko baldintzarik sartzea. Horren arrazoia da usain bat lurrina den edo kiratsa den kontu subjektibo bat dela, eta ezin dela parametro objektiborik ezarri.

Legezko xedapen aplikagarriek ez dutenez aurreikusten kirats-jarioei buruzko neurririk, ezin da halakorik ezarri; izan ere, bestela, legezkotasun-printzipioa urratuko litzateke botere publikoei aukera ematen bazaie herritarren eskubideak mugatzeko, eskubideen muga hori babesten duen inolako xedapenik gabe. Gogoratu behar da ingurumen-baimen integratuak arau-izaera duela.

Gainera, ez da arrazoitu ere egiten baldintza hori ezartzea, eta justifikazio bakarra da neurriak ezartzen direla «usain-jarioak saihesteko edo, hori ezinezkoa denean, murrizteko», baina ez da justifikatzen ezarpena babesten duen oinarri juridikoa, ezta neurri horiek zenbateraino diren beharrezkoak, komenigarriak eta eraginkorrak ere.

Arrazoiak ez ematea administrazio-jarduketaren akats oso larria da eta kalte handia eragiten dio herritarrari.

Arrazoiak zentzuzkoa eta nahikoa izan behar du interesdunek egintzaren arrazoien berri izan dezaten beren eskubideak eta interesak defendatu ahal izateko, eta ez da egoki arrazoitutzat hartuko formula orokor edo estereotipatuetara jotzen duen egintzarik.

Arrazoirik ez emateari gehitu behar zaio jendaurreko informazioaren fasean eta txosten sektorialetan ez dela arazorik izan usainekin. Espedientean esaten denetik ondorioztatzen da ez dela beharrezkoa arau-babesik ez duten baldintzak sartzea.

Legezkotasun-printzipioa urratzeaz eta arrazoiak ez emateaz gain, SKNk ez daki baldintza horiek zer irismen eta ezaugarri dituzten, «jarduketa eta epe egokiak jasotzen dituen protokoloak», adibidez.

SKNk ez dauka bete behar duen legezko estandarrik edo xedapenik, eta horrek segurtasun juridikorik ez handia sortzen du, ez baitaki zein den baldintzen azken irismena.

Zirriborroaren C.2.5 eta D.6 apartatuak kentzea eskatzen da.

Erantzuna:

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudiaren esparruan, Batzordearen 2014ko irailaren 26ko exekuzio-erabakia onartu zen, zeinaren bidez ezartzen baitira orea, papera eta kartoia ekoizteko teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren emisio industrialei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera. Dokumentu horretan, besteak beste, honako apartatu hau jasotzen da:

«1.2.2.– Atmosferarako emisioak.

1.2.2.1.– Gas usaintsu kontzentratuen eta diluituen emisioak murriztea.

(...)»

Aipatutako dokumentuan jasotakoaren arabera, instalazio berri guztiei aplikatu ahal izango zaie oro har, eta lehendik dagoen instalazio bat maila handian eraberritzen bada. Hondakin-gas diluituetan guztizko sufre murriztuaren (TRS) TEOari lotutako emisio-maila 0,05 eta 0,2 kg S/ADt artekoa da.

Ondorioz, usainak sor ditzaketen prozesuetako emisioak biltzeko eta arazteko eska dakioke instalazioari.

Egia da aipatutako dokumentuan ez dela usainak kudeatzeko plan bat edukitzeko betebeharrik aurreikusten, baina egia da Europako Batzordeak teknika erabilgarri onenak ezartzeari buruz onartutako ondorengo dokumentu guztietan jasotzen den bitartekoa dela, horretarako tresnarik egokiena delakoan.

Usaina gai subjektiboa dela eta, adierazi behar da usainak neurtzeko UNE-EN arauak daudela, eta horiek 2010/75/EB Zuzentarauaren mende dauden instalazioetatik datozen airerako eta uretarako emisioak monitorizatzeko BREF agirian jasotzen direla. Zehazki, eta adibide gisa, 4.7 taula jasotzen da. Taula horretan, arau hauek identifikatzen dira:

– EN 13725:2003 Air quality – Determination of odour concentration by dynamic olfactometry.

– EN 16841-1:2016 Ambient air – Determination of odour in ambient air by using field inspection – Part 1: Grid method.

– EN 16841-2:2016 Ambient air – Determination of odour in ambient air by using field inspection – Part 2: Plume method.

Bestalde, organo honek objektibotasunez eta araua betez kudeatzen ditu jasotzen dituen eskaera guztiak, eta, beraz, autonomia-erkidegoaren lurralde-eremuan kokatutako beste paper-fabrika batzuei ere ezarri zaizkie usainekin lotutako baldintzak, bai emisioen muga-balioei dagokienez, bai kontrol-neurriei dagokienez. Adibidez, paper-orea fabrikatzen duen instalazio bati muga-balio hau ezarri zaio:

5. eta 14. fokuak.

Gainera, usainen arloko baldintzak ezarri zaizkio, usainak tratatzeko sistema bat dute ezarrita, eta ingurumen-bektore hori ingurumena zaintzeko programaren barruan dago.

Atmosferarako emisioen kanpoko kontrolak (D.1.1).

Ebazpen-proposamenaren zirriborroan azal-galdararen eta gas kondentsaezinen galdararen presioaren, tenperaturaren, oxigeno-edukiaren, CO-edukiaren eta ur-lurrunaren etengabeko monitorizazioa jasotzen da.

Galdaretako bakar batek ere ez du CO-ren eta ur-lurrunaren neurketa jarraiturik. CO-ri dagokionez, adierazi behar da errekuntza-prozesu guztietan CO-ren presentzia areagotu egiten dela oxigeno gutxi dagoen atmosferetan. Azal-galdararen kasuan, SKNk egindako kontrolek erakusten dute oxigeno-kontzentrazio oso baxuetan erregistratutako balio altuenek ez dituztela 700 mg/Nm3-ko CO kontzentrazioak gainditzen. Balio hori EMBa baino txikiagoa da, eta, beraz, oxigenoaren jarraipenarekin betetzen dela berma daiteke. Gas kondentsaezinen galdararen kasuan, CO-ren monitorizazioak ez du hura kontrolatzen laguntzen, efizientzia aire-emariaren ratioen bidez kontrolatzen baita.

Ur-lurrunari dagokionez, galdaretako bakar batean ere ez dago neurketa jarraitu hori. Azal-galdaran, ur-lurrunaren kantitatearen aldaketa erregai gisa erabiltzen diren lehengaien hezetasun-edukiaren araberakoa da, eta, beraz, ur-lurrunaren neurketak ez du laguntzen galdarako errekuntza-prozesua hobetzen, eta, ondorioz, ezta emisioena ere.

Gas kondentsaezinen galdarak garbigailu alkalino bat du tximiniaren aterabidea baino lehen. Horren ondorioz, gas zirkulatzaileen fluxua ur-lurrunez saturatuta dago eta parametro horren jarraipenetik ez da lortzen sistemaren, prozesuaren eta ingurumen-jardueraren errendimendu hobea izaten laguntzen duen baliorik.

Enpresak proposatu du lixiba beltzaren galdararen eta kare-labearen ihes-gasen presioa, tenperatura eta oxigeno-edukia, CO-edukia eta ur-lurruna etengabe monitorizatzea.

1. fokuko eta 12. fokuko EENSa instalatzeko, kalibratzeko, kontrolatzeko, mantentze-lanak egiteko eta komunikatzeko, UNE EN 14181 araua betetzeko betebeharrari dagokionez, adierazten du zirriborroak ez duela eskakizun hori justifikatzen, BREFak ez baitu zehazten CEN arauak erabili behar direnik neurketa jarraituak kontrolatzeko. 430/2004 Errege Dekretuak arau horiei egiten dien aipamena errekuntza-instalazio handiei baino ez zaie aplikatzen, eta lixiba beltzaren galdarak 50 MW-etik gorako potentzia termikoa du, eta errekuntza-instalazio handien BREF agiriak, berriz, orea eta papera ekoizteko instalazioetako berreskurapen-galdarak kanpo uzten ditu.

Beraz, lixiba beltzaren galdara ezin da errekuntza handiko instalaziotzat hartu, eta kare-labea ere ez da halakotzat hartzen; horregatik, proposatu dute EENSaren instalazioa 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez onartutako 05. jarraibide teknikoaren arabera egiteko moduan idaztea.

Erantzuna:

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren industriako isurpenei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera, orea, papera eta kartoia ekoizteko teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituen Batzordearen 2014ko irailaren 26ko exekuzio-erabakiak 8. TEOa jasotzen du. TEO hori prozesuaren parametro nagusiak monitorizatzean datza, ondorengo taulan adierazten den bezala.

UNE arauak erabiltzeari dagokionez, adierazi behar da 9. TEOa atmosferarako emisioak erregulartasunez monitorizatzean datzala, adierazitako maiztasunarekin eta EN arauekin bat etorriz. EN araurik ez badago, TEOa ISO arauak edo kalitate zientifiko baliokidea duten datuak eskuratzea bermatzen duten estatuko edo nazioarteko bestelako arauak erabiltzean datza. Kontuan hartuta kasu honetarako UNE arau bat badagoela, hori erabili behar da.

– Lurzorua babesteari buruzko baldintzak (C.6).

Kare-labeaz hornitzeko proiektuak ez du eraginik lurzoruaren kalitatean, ez eraikuntza-fasean, ez jardunean dagoen bitartean, abenduan aurkeztutako indusketa-planean egiaztatu zen bezala. Beraz, lurzoruaren babesari buruzko baldintzak sartzeak ez du zerikusirik prozeduraren xedearekin.

SKN ez dago ados C.6 apartatuko baldintzekin.

2019an, SKNk Lurgintzak egindako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren arloko arau-eskakizunak jasotzen dituen lurzoruen dokumentu bakarra» aurkeztu zuen. Orduan ez zegoen lurzoruen dokumentu bakarraren edukia arautzen zuen indarreko arau juridikorik, dokumentu orientagarri bat zegoen, «Ingurumen-baimen integratua behar duten jarduerek lurzorua babestearen arloan dituzten betebeharrak betetzeko jarraibideak» izenekoa, baina ez zuen arau-baliorik.

Dokumentu horrek arau-baliorik ez duenez, orain ezin da salatu, aurkeztu eta bi urtera baino gehiagotara, aurkeztutako dokumentua ez dela zehatz-mehatz mugatzen adierazitako jarraibideetara.

209/2019 Dekretua edo 2020ko urtarrilaren 23ko Agindua indarrean jarri izanak ez du baliogabetzen aurkeztutako dokumentua.

SKNk betebeharra bete zuenean, ezin zitzaion eskatu beste zerbait aurkez zezala, eta horrelakorik eskatu behar izanez gero, 39/2015 Legearen 68.1 artikuluaren arabera jokatu behar zen. Beraz, enpresak betebeharra bete zuen 2019an, eta, hortaz, ez du aldizkako txostena 2024ra arte aurkeztu behar.

Kendu egin behar da dokumentu hauek 4 hilabeteren buruan aurkezteko eskaera: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena; oinarrizko txostena osatzea; eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrola eta jarraipena egiteko dokumentuak osatzea.

LurgintzAk egindako oinarrizko txostenak 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan eta 209/20194 Dekretuaren I. eranskinean xedatutakoa interpretatu eta aplikatzeari buruzko Jarraibide Teknikoaren 4.3 apartatuan adierazitako etapa guztiak jasotzen ditu; beraz, funtsean, egungo eskakizunari erantzuten dion dokumentua da.

Jarraibide teknikoaren arabera, oinarrizko txostena behin bakarrik aurkeztu behar da instalazioaren historian, eta haren arabera, kasu hauetan bakarrik zuzendu behar da: prozesuan aldaketak daudenean, eragina izan dezaketen zantzu berriak identifikatzen direnean, istripuak edo gorabeherak izaten direnean, instalazioak egokitzeko lanak egiten direnean, baldin eta lan horiek hasiera batean ikertu ezin izan ziren eremuetara iristeko badira eta kutsadura historikoa edo gaur egungoa saneatzeko badira. Ez dago kasu horietako bakar bat ere.

Enpresa ez dago ados lurpeko lurzoruen eta uren jarraipena egiteko eskakizunarekin ere, 2019an aurkeztu baitzituen kontrol- eta jarraipen-dokumentuak, 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluaren arabera. Manuaren aurreikuspenen arabera, 2024ko uztailera arte ez luke lurpeko uren zehaztapenik aurkeztu behar.

Enpresak proposatu du apartatua idaztea, aldizkako txostena jarraibide teknikoan ezarritako epean aurkez dadin, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan aurreikusitako epean aurkez daitezen, betiere epe horiek lurzoruen dokumentu bakarra aurkezten den unetik zenbatzen hasita.

Erantzuna:

Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen 6. artikuluan jasotzen denez, lurzorua kutsa dezaketen jardueren eta instalazioen titular diren pertsona fisikoek zein juridikoek instalazio horiek dituen lurzoruaren kalitatearen gaineko txostenak bidali behar dizkiote autonomia-erkidegoko ingurumen-organoari, jardueren eta instalazioen kategorien arabera erregelamenduz ezarritako aldizkakotasunez eta edukiarekin, eta lurzoruaren gainean izan dezaketen eragina kontuan hartuta.

Ondoren, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudiaren esparruan, gogoratu behar da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauak, industriako isurpenei buruzkoak, lurzorua eta lurpeko urak kutsaduratik babestearen arloko berariazko betebeharrak sortu zituela legeria horren mendeko jardueretarako. Prebentziozko beste betebehar batzuez gain, betebehar berri horiek (oinarrizko txostena edo lurzoruaren hasierako egoeraren txostena egitea, eta lurzoruen eta lurpeko uren aldizkako kontrola eta jarraipena egitea) lehendik dauden beste batzuekin lotzen dira, hala nola lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko eta aldizkako txostenak aurkeztearekin.

5/2013 Legeak, ekainaren 11koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea aldatzen ditu. Aldaketa horren esparruan, oinarrizko txosten bat aurkezteko betebeharra sartu zen, besteak beste. Txosten horretan, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko beharrezkoa den informazioa jaso behar da, jarduerak behin betiko utzi ondorengo egoerarekin konparazio kuantitatiboa egiteko. Zehazki, arauaren 12.1.f) apartatuan jasotzen da agiriaren gutxieneko edukia.

Era berean, dagoeneko emandako ingurumen-baimen integratuak eguneratzeko aldi iragankor bat aurreikusten zuen arauak, eta, beraz, instalazioek 2010/75/EB Zuzentarauaren aurreikuspenetara egokitutako ingurumen-baimen integratua lortu behar zuten.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, lehen aipatutako otsailaren 4ko 1/2005 Legea indargabetu zen, eta horren ordez, ekainaren 25eko 4/2015 Legea, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa dena, ezarri zen.

Arau horretan ere jasota dago lurzorua kutsa dezaketen instalazioak edo jarduerak dituzten lurzoruei buruzko aldizkako txostenak Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari bidaltzeko betebeharra, eta 5 urteko aldizkakotasuna ezartzen du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauari, industriako isurpenei buruzkoari, lotutako jardueretarako (16.2 artikulua).

Esparru horretan, «Ingurumen-baimen integratua behar duten jarduerek lurzorua babestearen arloan dituzten betebeharrak betetzeko jarraibideak. Oinarrizko txostena» dokumentua egin zen, jarraibideak emateko titularrei eta laguntza ematen dieten ingurumen-espezialistei, lanak garatzeari eta lurzorua eta lurpeko urak babestearekin lotutako betebehar horiei lotutako txostenak egiteari buruz.

Azkenik, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko AGINDUA onartu zen. Agindu horren bidez, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko Jarraibide Teknikoa onartu zen, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotua.

Dokumentu horretan, aurreko guztiaren ondoriozko betebeharrak jasotzen dituen taula hau dago:

2020ko urtarrilaren 23ko Aginduaren bidez, lurzoruen dokumentu bakar batean batu nahi dira kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudia bete behar duten jardueren titularrek lurzoruaren eta lurpeko uren babesari dagokionez dituzten betebehar guztiak.

Aurrekoa aipatu ondoren, adierazi behar da ebazpen-proposamenean ez dela esaten lurzoruen dokumentu bakar bat aurkeztu behar denik, baizik eta SKNk kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudian eta lurzorua ez kutsatzeari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko araudian ezarritako betebeharrak bete behar dituela.

Ez da adierazi, SKNk kontrakoa esan arren, Lurgintzak 2019an egindako dokumentua ez datorrela bat 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduan jasotako dokumentu bakarraren aurreikuspenekin eta edukiarekin, baizik eta dokumentu bakarrak ez duela jasotzen ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16.2 artikuluan lurzoruaren egoerari buruz aldizka egiten diren txostenetarako ezarritako edukia, eta, beraz, ezin da betetzat jo enpresak ezarritako 5 urteko epean txosten hori aurkezteko duen betebeharra.

Bestalde, oinarrizko txostena aurkezteko eskatzen da, lurzorua ez kutsatzeari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko araudia ez ezik, 2010/75/EB Zuzentarauko aurreikuspenak ere betetzeko.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola (D.4).

Lurpeko uren kalitate-kontrola egitea eskatzen da, LURGINTZAk 2019an egindako lurzoruen dokumentu bakarrean identifikatutako P1, P4, P5, P7, P8, P10, P14, P15, P16 eta P17 piezometroetan.

Aipatutako lanaren 5.8 apartatuan analisi kimiko bat aurkeztu zen piezometro bakoitzerako, eta irakur daiteke lortutako emaitzak aplikazio-estandarrak ezarritako mugen azpitik zeudela, lagin bakar batean izan ezik P10, P15 eta P17 piezometroetan.

2019az geroztik, SKNk jarraipena egin du kontzentrazioa zehazteko, eta emaitzak honako hauek dira:

Emaitzek erakusten dutenez, piezometro guztietako kontzentrazio-balioak ere aplikatu behar den kontzentrazio-mugaren azpitik daude une oro.

Ez da beharrezkotzat jotzen lurpeko uren beste kontrol bat egitea, eta D.4 baldintzaren b) apartatua kendu behar da.

Erantzuna:

Alegazioa onartu da eta ebazpenaren edukia aldatu da.

– Hondakin-deposituari buruzko baldintzak (C.7).

Ingurumen-organoak behin eta berriz adierazi du Lurgintzak (2019) egindako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren arloko arau-eskakizunak jasotzen dituen lurzoruen dokumentu bakarra» osatu behar dela 4 hilabeteko epean. Betebehar hori ez da ulertzen honako arrazoi hauengatik:

a) Ez da beharrezkoa utzitako materialaren karakterizazio osoa egitea; izan ere, 1998ko karakterizazioan ondorioztatu zen hondakin geldoa dela, oso modu irmoan gainera, beraz, ez dugu uste beste karakterizazio bat behar denik, utzitako materialean ez baita aldaketarik izan, eta 39/2015 Legearen 28.2 artikuluaren arabera, ez da beharrezkoa karakterizazioa errepikatzeko eskatzea.

b) Ez da beharrezkoa karakterizazio bat egitea, baldin eta ez badakigu beharrezkoa izango den deposituan esku hartzea, kontuan izanda hartutako konponbideak lixibiatuak ibaira iristea eragotzi duela.

c) Ezin da eskatu zabortegiei buruzko EAEko araudia betetzea, haren instalazioa ez baita zabortegi bat, ez baita bere helburua hondakinak ezabatzea.

C.7 baldintza kendu egin behar da.

Erantzuna:

Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak ezartzen duenez, hondakin ez-arriskutsuak bi urtez baino gutxiagoz biltegiratu ahal izango dira ekoizten diren lekuan balorizatzeko erabiltzen direnean, eta urtebetez ezabatzera bideratzen direnean.

Uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuak, hondakinak zabortegian utziz ezabatzeko jarduera arautzen duenak, honela definitzen du zabortegia:

«Hondakinak lurrazalean edo lurpean utziz ezabatzeko instalazioa.

Instalazio hauek ere zabortegitzat hartzen dira:

1.– Hondakin arriskutsuak, ekoizten diren lekuan bertan edo kanpoan, 6 hilabetez baino gehiagoz biltegiratzen diren instalazioak.

2.– Hondakin ez-arriskutsuak, ekoizten diren lekuan bertan eta kanpoan, urtebetez baino gehiagoz (hondakinak ezabatzekoak badira) eta bi urtez (balorizatzekoak badira) biltegiratzen diren instalazioak.

Ez dira zabortegitzat hartzen hondakinak balorizatu, tratatu edo ezabatzen dituzten beste instalazio batzuetara garraiatzeko deskargatzen eta egokitzen dituzten instalazioak».

Kaltzio karbonatozko lohiak enpresa horretako instalazioetan bi urtez baino askoz gehiagoz gordetzen direla kontuan hartuta, hondakinak balorizatu aurretik gordetzeko jarduera izateari utzi dio eta hondakinak ezabatzeko jarduera bihurtu da hondakinok zabortegian utziz.

Hondakin-depositu horretan zer jarduketa egin behar diren zehazteko, beharrezkoa da deposituko hondakinek zer ezaugarri dituzten jakitea, horiek kendu edo zigilatu behar diren alde batera utzita, jarduketa batek zein besteak baldintza desberdinak dituztelako horiek onartzeko.

– Zaratari buruzko baldintzak (C.8).

C.8 baldintzaren b) apartatua ez dator bat aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 24.2 artikuluarekin, haren edukia ia parafraseatuta baitago. Manu hori jarduera berriei soilik aplika dakieke, eta SKNren instalazioa ez da berria. C.8 baldintzaren b) apartatua kendu egin behar da.

Erantzuna:

C.8.b) apartatuan hau jasotzen da: Jardueraren zuzeneko edo zeharkako eraginez zaratarentzat ezarritako kalitate akustikoaren helburuak gainditzen direnean, hain zuzen ere, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean garatzen den zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta igorpen akustikoei buruzko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. eta 16. artikuluetan adierazten direnak, jarduerak beharrezkoak diren neurriak hartu beharko ditu helburu horiek gainditu ez daitezen.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria kontuan hartuta, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren ondorioetarako, jarduera berritzat zer jotzen den definitu da. Beraz, errege-dekretu horretan aurreikusitakoaren arabera, Smurfit Kappa Nervión SA jarduera berria da.

Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua kontuan hartuta, jarduera berritzat zein jotzen diren eta emisio-foku berriei aplikatu behar zaizkien muga-balioei dagokienez, ingurumen-organoak aldatu egin du alegazio-egileak adierazitako paragrafoa eta emisio-foku berriei aplikatzeko aukera argitu du.

– Ebazpen-proposamenaren zazpigarren apartatua egokitu egin behar da, aurretik alegatutakoa ebazten den modu berean.

Zirriborroaren zazpigarren apartatuak ebazpen-proposamenean jasotzen diren eskakizunen epeak laburbiltzen ditu; beraz, egindako alegazioak onetsi direnez, apartatu horren azken edukia egokitu egin beharko da, administrazio-egintzaren koherentzia bermatze aldera.

Erantzuna:

Zazpigarren apartatuaren edukia egin aldatu da, entzunaldiaren izapidean enpresak egindako alegazioen azterketa ikusita.

II. ERANSKINA
KOLEKTORERA ISTRIPUZKO ISURKETAK EGINEZ GERO, LARRIALDIETAKO PLANA

Aurkibidea:

1.– Xedea.

2.– Irismena.

3.– Prozedura eragilea.

4.– Erantzukizunak.

1.– Xedea.

Araztegiko gorabehera eta larrialdietan jarduteko metodoa ezartzea, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren isurketa-baldintzak betetzeko eta ingurumenean izan daitekeen eragina minimizatzeko.

Larrialdia: partzuergoaren baimenean ezarritako isurketa-mugak gainditzea.

Gorabehera: ohiko martxa nabarmen aldatzea.

2.– Irismena.

Partzuergoko eskualdeko araztegira (HUA) egiten den bidalketan eragina duten ezohiko egoerak.

3.– Prozedura eragilea.

3.1.– Isurketa-mugak eta jarduteko baldintza estandarrak.

Hauek dira Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren isurketa-baimenean ezarritako muga espezifikoak:

Muga horiek betetzen direla bermatzeko, araztegiko jarraibide teknikoak aplikatuko dira.

Eguneko balioen jarraipena egunero egiten da, egun bateko 06:00etatik hurrengo eguneko 06:00etara.

3.2.– Isurketa-baldintzak ez betetzea.

1. egoera: eskualdeko araztegira bidaltzen den pH-a 6 baino txikiagoa edo 9 baino handiagoa da.

2. egoera: OEK, guztira, 1.500 mg/l, 375 kg/h edo 9.000 kg/egun baino handiagoa da.

3. egoera: GESa 300 mg/l, 83,3 kg/h edo 2.000 kg/egun baino handiagoa da.

4. egoera: emaria 15.000 m3/egun baino handiagoa da.

Ekintzak:

1.– Araztegiak Arriandiko HUAra bidalitako isurketaren pHa eta OEKren eta GSEren kontzentrazioa unez une neurtzeko gailuak ditu. Unez une neurtzeko gailuek hautematen badute isuriaren kalitatea mugetatik kanpo dagoela, kontrol-begizta automatiko bat dago, eta horren bidez, balbula bat ixten da hodian eta Arriandiko HUArako bidalketa eteten da. Isurketa adar batetik desbideratzen da homogeneizatzeko putzura.

2.– Bidalketa automatikoki gelditzen bada, oreko panelistak berehala jakinaraziko dio kontramaisuari.

3.– Kontramaisuak neurketen kontrastea koordinatuko du eta saileko buruari jakinaraziko dio.

4.– Kontramaisuak kausak ikertu eta deuseztatuko ditu, eta eguneroko partean jasoko du.

5.– Bidalketaren parametroak mugen azpitik daudenean, bidalketa berrezarriko da.

6.– MPR saileko buruak edo hark izendatzen duen teknikariak dagokion intzidentzia irekiko du P-ACP-01 prozeduraren arabera.

5. egoera: aurreko egoeretako bakar bat ere detektatzen ez bada, baina HUAk/Partzuergoak jakinarazpena bidaltzen badu bidalketa gelditu egin behar dela adieraziz.

Ekintzak:

1.– Saileko buruak araztegia gelditzeko agindua emango die teknikariari, kontramaisuari edo oreko panelistari.

2.– Saileko buruak jarraibideak emango ditu, egoeraren arabera.

3.– HUAren/Partzuergoaren baimena jasotzen denean bidalketari berriro ekiteko, saileko buruak agindua emango die teknikariari, kontramaisuari edo oreko panelistari.

3.3.– Araztegira bideratutako istripuzko isuriak edo gainezkatzeak.

Egoera: OEKren online neurgailuaren irakurketa (UVAS TOD materia organiko disolbatua) 2.500 unitatetik gorakoa bada homogeneizatzeko putzuaren sarreran.

Ekintzak:

1.– Oreetako panelistak homogeneizatzeko putzura igarotzeko uhatea itxiko du, eta alorreko gidariari aginduko dio eskuzko uhatea itxi dezala; horrela, isuria larrialdi-hobira desbideratuko da. Larrialdietako depositura bidaltzeko ponpak abiaraziko ditu, deposituko mailari eusteko, eta berehala jakinaraziko dio kontramaisuari.

2.– Gertaera zerk eragin duen ikertu eta deuseztatuko du kontramaisuak, eta eguneroko partean jasoko du.

3.– Egoerari bere horretan eutsiko zaio maila 2.500etik jaitsi arte edo tanga bete arte.

4.– Isuria normalizatu ondoren, larrialdietako tanga hustuko da, UVAS TOD neurgailuaren irakurketak 2.500 unitateko balioa gainditu ez dezan.

Egoera: homogeneizatzeko putzuaren aterabidean dagoen eroankortasun-neurgailuak 3 mS/cm-tik gorako eroankortasun-balioak lortzen baditu lixiba beltza edo xaboia isurtzearen ondorioz.

Ekintzak:

1.– Oreetako panelistak berehala jakinaraziko dio kontramaisuari, eta horrek MPR saileko buruari jakinaraziko dio.

2.– Aluminaren dosifikazioa 500 ppm-ra handituko da gutxienez, eta jar-testaren bidez egiaztatuko da beste doikuntza batzuk behar ote diren.

3.– Tratamenduaren bilakaeraren jarraipena egitea une oro, irteerako OEK (UVAS TOD materia organiko disolbatua) neurgailuari eta esekita dagoen materiaren balioari erreparatuta.

4.– Araztegiaren matxurak.

Egoera: araztegiko ekipamenduen eta andelen matxurak.

Ekintzak:

1.– Jarduketa matxura motaren eta larritasunaren araberakoa izango da. Dekantagailuaren matxurak larriak dira, isuriaren tratamenduaren azken urratsa baita Arriandiko HUAra bidali aurretik.

2.– Saileko buruak lanerako jarraibideak ezarriko ditu egoeraren arabera.

3.– Egoera oso larria bada eta egoera konpondu ezin bada, instalazioa gelditu egin beharko da.

3.4. Ur-partzuergoari egoeraren berri ematea.

Egoera: isuriaren eroanbidea hautsi da SKNSA araztegiaren eta HUAren artean.

Ekintzak:

1.– Oreetako panelistak berehala geldiaraziko du HUArako bidalketa, eta kontramaisuari jakinaraziko dio, eta horrek MPR saileko buruari jakinaraziko dio, egoeraren berri eman diezaion HUAri/Partzuergoari.

2.– Matxura ezin bada konpondu homogeneizatzeko putzua betetzeko behar den denboran, fabrika gelditu egingo da.

3.5. Euri-erauntsiak eta uholdea.

Egoera: Euri-erauntsiak eta uholdea.

Ekintzak:

1.– Euri-erauntsiak direla eta, bidalketa-emaria 15.000 m3-tik gorakoa bada edo isurketa-baldintzak aldatzen badira eta horren ondorioz, Isurketa Baimenean ezarritako mugak gainditzen badira, isurketa putzura berbideratuko da eta egoeraren berri emango zaie Ur Partzuergoari eta Ingurumen Iraunkortasuneko Sailburuordetzari.

2.– Euri-erauntsiak edo uholdeak direla eta, homogeneizatzeko putzuak gainezka egiteko arriskua badu, egoeraren berri emango zaie Ur Partzuergoari, Ingurumen Iraunkortasuneko Sailburuordetzari, URAri, Iurretako Udalari eta SOS Deiak-i, eta jarduteko neurriak zehaztuko dira aurreikuspenen arabera.

4.– Erantzukizunak:

Saileko burua.

Isuria biltzeko eta erregulatzeko jarduerak zuzentzen ditu.

Egoeraren berri ematen dio Partzuergoari, behar izanez gero.

Desadostasuna irekitzen du eta haren jarraipena egiten du.

Kontramaisua:

Saileko buruari jakinarazten dio. Gertaera eragin duen kausa ikertu eta deuseztatzen du (ahal izanez gero).

Saileko burua ez dagoenean, isuria biltzeko eta erregulatzeko jarduerak zuzentzen ditu.

Oreetako panelista:

Araztegiaren jarraipena egiten du.

Bidalketa-ponpak abiarazi edo gelditzen ditu, zirkunstantzien arabera.

Kontramaisuak agintzen dizkion lanak egiten ditu.

Homogeneizatzeko putzura igarotzeko uhate automatikoa ixten du.

Alorreko gidariari agintzen dio eskuzko uhatea ixteko.

Alorreko gidaria:

Homogeneizatzeko putzura igarotzeko eskuzko uhatea ixten du.

Araztegiko larrialdia kontrolatzeko lanetan laguntzen du.

Zuzendari nagusia / Segurtasun Batzorde Nagusia:

Larrialdietako egoera larrietan, instalazioa gelditzeko agintzen du.


Azterketa dokumentala