Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2022ko ekainaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2940

ERABAKIA, 2021eko abenduaren 16koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, berrestea UPV/EHUko irakasle ikertzaileen negoziazio mahaiaren akordioa, doktore aurreko kontratua eta Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza sistemara sartzeko kontratua duten aldi baterako ikertzaileen araudia egokitzeari buruzkoa.

Abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, Unibertsitateei buruzkoak (ikertzaileak, zientzialariak edo teknikariak kontratatzeari buruzkoa, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren Sustapen eta Koordinazio Orokorrari buruzko apirilaren 14ko 13/1986 Legearekin bat etorriz), ezarri zuen unibertsitate publikoek egin ahal zituztela 17. artikuluko 1. paragrafoan araututako kontratuak, baldin eta ikerlariak, zientzialariak edo teknikariak aldi baterako kontratatzeko laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzen bazituzten, langile propioekin gauzatu ezin diren ikerketarako programa edo proiektu berezi berriak garatzeko.

Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen araubideari buruzko martxoaren 4ko 40/2008 Dekretua eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ordainsariei buruzko martxoaren 4ko 41/2008 Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeak arautzen ditu, besteak beste, aldi baterako kontrataturiko ikertzaileen kategoriak (13/1986ko Legean aurreikusitako modalitateak) eta modalitate horiei dagozkien ordainsariak. Bestalde, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle-ikertzaileen II. Hitzarmen Kolektiboa 2010eko abenduaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, aipatutako dekretuetan araututakoaren ildotik.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeak (2011ko ekainaren 2ko BOEn argitaratua) indargabetu egiten du 13/1986 Lege hori, eta ikertzaileen lan-modalitate espezifikoak ezartzen ditu 20.1 artikuluan. Horrela, gainditu egiten da ordura arte indarrean zegoen araubide juridikoa, eta 20.2 artikuluan aitortzen da unibertsitate publikoek ikertzaileak kontratatzeko aukera, lege horretan bertan aurreikusitako modalitate espezifikoetan, bai funtsak jasotzen dituztenean, betiere funts horien xedea ikertzaileak kontratatzea bada, bai I+G+b programak garatzeko; horien artean daude doktorego aurreko kontratua eta zientzia, teknologia eta berrikuntzako Espainiako sisteman sartzeko kontratua.

Gaur egun, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle-ikertzaileen II. Hitzarmen Kolektiboak 32.3 artikuluan adierazten duenez, dagoeneko indargabetuta dagoen 13/1986 Legearen 17 b) artikuluan ezarritakoaren arabera kontratatutako ikertzaileen ordainsariak, praktiketako lan-modalitatean prestakuntza zientifiko eta teknikorako kontratatutako langile gisa, dagokion deialdian ezarritakoak izango dira, aurretik aipatutako 2008ko martxoaren 4ko 13.2 artikuluan aurreikusitakoaren antzera.

Deskribatutakoaren antzeko egoera ematen da, urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuan prestakuntza bidean dauden ikertzaileentzako aurreikusitako laguntzen 3. eta 4. urteetarako 32. 4 artikuluan jasotakoa ikusita. Xedapen hori aldatu egin zen doktoratu aurreko kontratuaren figura berria indarrean sartu ondoren (Zientzia Legearen 21. artikuluan araututakoa, 4. xedapen iragankorrari dagokionez), eta prestakuntza bidean dauden doktore aurreko ikertzaileen estatutua onartzen duen martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak formalki indargabetu du.

Testuinguru horretan, arlo horretan eskumenak dituzten herri-administrazioek ikertzaileak prestatzeko laguntzak ematen dituzte, norgehiagoka-erregimenean, eta, ondorioz, doktorego aurreko kontratuak eta unibertsitateetan sartzeko kontratuak formalizatzen dituzte, Zientziaren Legearekin bat etorriz. Era berean, UPV/EHUk kontratu-modalitate horiek erabiltzen ditu I+G+b programak gauzatzeko. UPV/EHUk doktorego aurreko eta sarbideko kontratuak hitzartzeko orduan, alde handiak daude horien ordainsarietan, dagokion programan ematen diren laguntzen zenbatekoaren arabera ezarri baitira. kontratuetan ezarrita baitaude, dagokion programan ematen diren laguntzen zenbatekoaren arabera.

Erabaki hau sinatu duten aldeek uste dute arestian adierazitako egoera ez dela konpontzen oraingo Hitzarmen Kolektiboaren 32.3 artikuluaren edukiaren bidez, eta badakite aurreikuspen horiek ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 22.1 d) artikuluak gainditu dituela.

Orain arte azaldutakoagatik guztiagatik, UPV/EHUko Administrazioak proposatu die sindikatuei beharrezko negoziazioa egitea indarrean dagoen Hitzarmen Kolektiboaren interpretaziotik, indarralditik eta aplikaziotik eratorritako gaiak aztertu eta erabakitzeko, bai eta lan-arlokoak ere, Zientziaren Legearen arabera kontratatutako ikertzaileei, doktorego aurreko kontratuei eta zientzia, teknologia eta berrikuntzaren Espainiako sisteman sartzeko kontratuei eragiten dietenak; eta testua testuaren edukiari eragin diezaioketen arau-aldaketa guztietara egokitzeko.

Hori guztia kontuan hartuta, UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreordeak hala proposatuta, bere karguagatik UPV/EHUko errektorearen 2021eko urtarrilaren 28ko Ebazpenaren bidez eman zaizkion eskumenak baliatuta (gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko eta eskumenak eskuordetzeko erabakia), sindikatuen gehiengoarekin negoziatu eta akordioa lortu ondoren, eta aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onestea UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen negoziazio mahaiaren akordioa, doktore aurreko kontratua eta Espainiako zientzia, teknologia eta berrikuntza sistemara sartzeko kontratua duten aldi baterako ikertzaileen araudia egokitzeari buruzkoa

Bigarrena.– Erabaki hau 2022ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, Xedapen Iragankorrean aurreikusitakoaren arabera.

Leioa, 2021eko abenduaren 16a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

AKORDIO PROPOSAMENA, UPV/EHUKO IRAKASLE-IKERTZAILEEN NEGOZIAZIO MAHAIARENA, DOKTORE AURREKO KONTRATUA ETA ESPAINIAKO ZIENTZIA, TEKNOLOGIA ETA BERRIKUNTZA SISTEMARA SARTZEKO KONTRATUA DUTEN ALDI BATERAKO IKERTZAILEEN ARAUDIA EGOKITZEARI BURUZKOA

I.– Unibertsitateen abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, hamahirugarren xedapen gehigarrian (ikertzaileak, zientzialariak edo teknikariak Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren Koordinazio Orokorrari eta Sustapenari apirilaren 14ko 13/1986 Legearen arabera kontratatzeari buruzkoa), zera ezarri zuen, Unibertsitateen abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan unibertsitateetarako langileak kontratatzeko aurreikusitako aukerak ulertzen zirela, aipatutako apirilaren 14ko 13/1986 Legearen 17. artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe. Hain zuzen ere, haren 17. artikuluak (Enplegua gehitzeko eta haren kalitatea hobetzeko lan merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko uztailaren 9ko 12/2001 Legearen zazpigarren xedapen gehigarriak emandako idazketan) 2. atalean ezartzen zuen unibertsitate publikoek 1. atalean araututako kontratuak egin zitzaketela ikertzaileak, zientzialariak edo teknikariak aldi baterako kontratatzeko, laguntza edo dirulaguntza publikoen onuradunak zirenean, haien langileekin egin ezin zitezkeen ikerketa programa berriak edo proiektu bakanak garatzeko.

2004ko martxoaren 12an, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen EHAAn, eta 2008ko martxoaren 18an, Aldizkari Ofizial berean argitaratu zen martxoaren 4ko 40/2008 Dekretua, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen araubideari buruzkoa. Dekretu horrek, besteak beste, aldi baterako kontratatutako ikertzaileen kategoriak arautzen ditu 6. artikuluan, apirilaren 14ko 13/1986 Legean aurreikusitako modalitateak aipatuz. Era berean, urte bereko martxoaren 17ko EHAAn Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ordainsariei buruzko martxoaren 4ko 41/2008 Dekretua argitaratu zen, modalitate horiei dagokien erregulazioa barne hartuta.

Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko lan kontratudun irakasle eta ikertzaileen II. Hitzarmen Kolektiboa 2010eko abenduaren 31ko EHAAn argitaratu zen, 40/2008 Dekretuan eta 41/2008 Dekretuan araututakoarekin bat etorrita.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legea (2011ko ekainaren 2ko BOEn argitaratu zena) mugarri garrantzitsua izan da unibertsitateko ikertzaileen erregulazioan; izan ere, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren Koordinazio Orokorrari eta Sustapenari buruzko apirilaren 14ko 13/1986 Legea indargabetu du, eta 20.1 artikuluan ikertzaileen lan modalitate espezifikoak ezarri ditu. Horrela, arestian adierazitako araubide juridikoa gainditzen da, eta 20.2 artikuluan unibertsitate publikoei ikertzaileak kontratatzeko aukera aitortzen zaie, Lege horretan bertan aurreikusitako modalitate espezifikoetan, bai ikertzaileak kontratatzea xede duten funtsak jasotzen dituztenean, bai I+G+B programa propioak garatu nahi direnean; modalitateen artean daude, besteak beste, doktoratu aurreko kontratua eta Espainiako zientzia, teknologia eta berrikuntza sisteman sartzeko kontratua.

II.– Sartzeko kontratuari dagokionez, aipatutako Zientziaren Legearen 22. artikuluak zehazten du egin beharreko lana izango dela, batez ere, ikerlanak egitea, ikertzaileak laneko hobekuntza eta espezializazio maila altua lor dezan, bere lan esperientzia sendotzeari begira. Era berean, 1 d) atalean ezartzen du kontratu horren ordainsaria ezingo dela izan antzeko jarduerak egiten dituzten ikertzaileei dagokiena baino txikiagoa.

Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen II. Hitzarmen Kolektiboak 32.3 artikuluan adierazten duenez, dagoeneko indargabetutako Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren Koordinazio Orokorrari eta Sustapenari buruzko apirilaren 14ko 13/1986 Legearen 17.b) artikuluan ezarritakoaren arabera zientzia eta teknologiaren arloan prestakuntza jasotzeko praktiketako lanen modalitatean kontratutako ikertzaileen ordainsariak dagozkion deialdian ezarritakoak izango dira, lehen aipatutako martxoaren 4ko 41/2008 Dekretuaren 13.2 artikuluan aurreikusitakoaren antzeko baldintzetan.

UPV/EHU araudia eguneratzeko askotariko lanak egiten ari da, eta horien artean daude aldi baterako langileen kontratazioaren erregulazioa, zeina UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu baitzuen 2008ko uztailaren 16ko bileran, eta 2008ko azaroaren 26ko EHAAn argitaratu baitzen. Horren helburua zen erregulazio hori eguneratzea eta egokitzea, unibertsitate arloan izandako lege berrietara ez ezik, ikertzaileen kontratazioaren arlo espezifikoan emandako berritasunetara ere, Zientziaren Legeak ezarritako modalitate espezifikoen arabera; hartara, UPV/EHUn ikertzaileak kontratatzeko sistemari segurtasun juridiko handiagoa emango zaio alderdi guztietan, ordainsarien gaia ere barne hartuta.

Arau testuinguru horretan, gaian eskumena duten administrazio publikoak, zientzia, teknologia eta berrikuntza sistema finantzatzeko agenteak diren neurrian (hala, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren Estatuko Ikerketa Agentzia, eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila), ikertzaileen prestakuntzarako laguntzak finantzatzen ari dira beren programa eta deialdien esparruan, beren aurrekontuen kargura eta lehia bidezko araubidean, eta horrenbestez, unibertsitateak sartzeko kontratuak formalizatzen ari dira, Zientziaren Legearen 20.5 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita. Era berean, UPV/EHUk kontratu modalitate hori ere erabiltzen du, Zientziaren Legearen 20.2 b) artikuluaren babesean, I+G+B programa propioak egiteko.

Hori dela eta, UPV/EHUk sartzeko kontratuak hitzartzeko orduan, desberdintasun nabarmenak ematen dira horien ordainsarietan, zeinak kontratuetan ezarrita baitaude dena delako programan emandako laguntzen zenbatekoaren arabera.

Erabaki hau sinatu duten aldeek uste dute arestian adierazitako egoera ez dela konpontzen oraingo Hitzarmen Kolektiboaren 32.3 artikuluaren edukiaren bidez, eta badakite aurreikuspen horiek ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 22.1 d) artikuluak gainditu dituela.

Hain zuzen, modalitate horretan kontratatutako ikertzailearen ikerketa jarduera laneko hobekuntza eta espezializazio maila handia lortzera bideratuta dago, eta horrek haren lan esperientzia sendotzera eraman behar du, eta, zentzu horretan, aldeak bat datoz modalitate horren exekuzioan hainbat etapa bereizteari dagokionez, eta, jardueraren helburua zein den ahaztu gabe, etapa horietan desberdintasun objektiboak hauteman daitezke, justifikatzen dutenak, hain justu, etapa bakoitzerako Hitzarmen Kolektiboan bertan gaur egun dauden kontratu erreferente batzuk identifikatu ahal izatea, ordainsariei begira.

Hala, sarrerako etapan, ikerketa jarduerak ikertzaileak doktore ondoko ikerketa prestakuntza osatzera bideratuta egon behar du, atxikita dagoen ikertaldearen proiektuen testuinguruan ikerlanetan lagunduz. Horrenbestez, horrelakoetan, ikertaldearen barruan ezarritako jarraibideak, plangintza eta akordioak bete beharko ditu. Sendotzeko etapan, jarduera modu independentean egin behar da; hortaz, kontratatutako pertsonak gai izan behar du bere ikerketa lerroak lideratzeko, beste ikertzaile batzuk prestatzeko eta lehia bidezko finantzaketa erakartzeko, ikerketa jarduera egin ahal izateko. Azkenik, etapa singularrean, egin beharreko jarduerak ikertzailearen laneko hobekuntza eta espezializazio maila handia utzi behar du agerian.

III.– Deskribatutakoaren antzeko egoera ematen da, 32. 4 artikuluan jasotakoa ikusita, urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuan prestakuntza bidean dauden ikertzaileentzako aurreikusitako laguntzen 3. eta 4. urteetarako.

Erregelamenduzko xedapen hori aldatu egin zen doktoratu aurreko kontratuaren figura berria indarrean sartu ondoren (Zientzia Legearen 21. artikuluan araututakoa, 4. xedapen iragankorrari dagokionez), eta prestakuntza bidean dauden doktore aurreko ikertzaileen estatutua onartzen duen martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak formalki indargabetu du. Hala, langile horiek, ikerlanak egiten hasten direnetik, doktore aurreko kontratuaren modalitatean hasten dira, eta haien ordainsarien araubidea aipatutako xedapenetan ezartzen da.

Horren harira, martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak gutxieneko ordainsari batzuk ezartzen ditu 7. artikuluan, Legearen 21 d) artikuluan ezarritakoa garatuz, dagokion deialdian aurreikusitako zenbatekoa albo batera utzita. Horrek agerian uzten du, sarrerako kontratuaren kasuan bezala, Hitzarmen Kolektiboaren 32.4 artikuluan jasotako aurreikuspenaren gabezia, zientzia, teknologia eta berrikuntza sistemaren finantzaketa eragileen eta UPV/EHUren beraren deialdietan ematen diren egoerak konpontzeko garaian, kontratu modalitate horren formalizazioari begira.

Erabaki honen alde sinatzaileek irizten diote konponbide egokiena, sartzeko kontratuetan bezala, gutxieneko ordainsari erreferente bat kontsideratzea dela doktore aurreko kontratu modalitate horretan zerbitzuak ematen dituzten langileentzat, eta erreferente egokiena, hain zuzen, estatuko administrazio orokorraren lan kontratudun langileen hitzarmen bakarrean jasotako ordainsari taularen lan kontratudun langileen 1. talderako finkatutako soldata dela, martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 7. artikuluaren 1. atalak kontratuaren iraupen urte bakoitzerako ezarritako portzentajeetan. Ordainsari erreferente hori egindakotzat hartuko da datozen urteetan egingo diren eguneratzeekiko.

IV.– Indarreko Hitzarmen Kolektiboaren 6. artikuluak –1. eta 12. atalak– ematen dizkion funtzioen eta zereginen artean, Batzorde Parekideak hitzarmenaren interpretazioan, indarraldian eta aplikazioan sor daitezkeen arazoak aztertzeko eta konpontzeko eskumena du, bai eta haren aplikazio eremuan dauden langileei eragin diezaieketen lan arazoak aztertzeko eta konpontzeko eskumena ere. Horrez gain, beharrezkoa den negoziazioa abiaraziko du, hitzarmenaren testuaren edukian eragina izan dezaketen arau aldaketa guztietara egokitzeko.

Edonola ere, UPV/EHUk, negoziazioan indar sindikal guztien parte-hartzea erraztearren, eta beraiek horrela eskatuta, komenigarria ikusten du beharrezko arau egokitzapenak Negoziazio Mahaian egitea, irakasle-ikertzaileen kolektiboko langileen ordezkari guztiak parte hartuz, adostasun zabalena lortzeko.

Orain arte azaldutako guztiagatik, Zientziaren Legearen 21 d) eta 22 d) artikuluak ikusita, sindikatuetako eta unibertsitate administrazioko ordezkariek honako hau erabaki dute:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Izaera.

Erabaki honek, behin Gobernu Kontseiluak, hala badagokio, berretsita, indarrean den UPV/EHUko Irakasle-ikertzaileen Hitzarmen Kolektiboa osatzen duten xedapenen izaera bera izango du.

Erabaki honen interpretazioan sor daitezkeen desadostasunak Jarraipen Batzorde Parekideak konponduko ditu, erabaki honen zortzigarren atalean ezarritakoaren arabera hartutako akordio baten bidez.

Bigarrena.– Langileen arloa.

Erabaki hau aplikatuko zaie doktore aurreko kontratupean eta Espainiako zientzia, teknologia eta berrikuntza sistemara sartzeko kontratupean UPV/EHUrako zerbitzuak ematen dituzten aldi baterako ikertzaile guztiei. Kontratu modalitate horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legeak ezartzen ditu. Aplikazioa erabaki honen seigarren atalean aurreikusitakoaren arabera egingo da, haren xedapen iragankorra ezertan eragotzi gabe.

Hirugarrena.– Araudi orokorra egokitzea.

UPV/EHUko Irakasle-ikertzaileen II. Hitzarmen Kolektiboaren 21.2 artikuluan aldi baterako ikertzaileen praktiketako kontratuari egindako erreferentziaren ordez, doktore aurreko kontratua eta Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemara sartzeko kontratua aipatuko dira.

Laugarrena.– Doktore aurreko kontratuari buruzko araudia egokitzea.

1.– UPV/EHUko Irakasle-ikertzaileen II. Hitzarmen Kolektiboaren 25.1 b) artikuluan prestakuntza bidean dauden doktore aurreko ikertzaileen estatutua onartzen duen urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuari egiten zaizkion erreferentzien ordez, aipatuko dira, batetik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikulua (BOE, 2011ko ekainaren 2koa), eta bestetik, prestakuntza bidean dauden doktore aurreko ikertzaileen estatutua onartzen duen martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretua (BOE, 2019ko martxoaren 15ekoa). Era berean, Hitzarmen Kolektiboaren 32.4 artikuluan langile horiei egindako erreferentzien ordez, ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21 d) artikulua eta martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 7. artikulua aipatuko dira.

Hitzarmen Kolektiboan urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuan prestakuntza bidean dauden ikertzaileei egindako erreferentzia guztien ordez, ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikulua, eta Lege horrekin bat datozen artikuluak, eta martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretua aipatuko dira.

2.– Doktore aurreko kontratua UPV/EHUk formalizatuko du, prestakuntza bidean dauden doktore aurreko ikertzaileek aldi berean egin ditzaten, alde batetik, ikerlanak proiektu espezifiko eta berritzaile batean; eta, bestetik, doktorego programaren barruan dauden jarduerak, doktoregoko unibertsitate titulu ofiziala lortzeko beharrezkoak diren gaitasunak eskuratu ditzaten.

3.– Espainiako edo Europako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemaren finantzaketa autonomikoen eragile publikoek dagokion deialdian, ebazpenean edo antzeko bitartekoan, bai eta UPV/EHUren berezko deialdietan ere, kontratu modalitate horretan ikertzaileen kontratazioa finantzatzeko finkatuko duten zenbatekoa hartuko da kontuan. Gutxieneko ordainsari erreferente gisa estatuko administrazio orokorraren lan kontratudun langileen hitzarmen bakarrean jasotako ordainsari taularen lan kontratudun langileen 1. talderako finkatutako soldata, martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 7. artikuluaren 1. atalak kontratuaren iraupen urte bakoitzerako ezarritako portzentajeetan. Gutxieneko hori urtero eguneratuko da, eta ondorioak izango ditu soldatan, deialdiaren data zein den albo batera utzita.

4.– Kontratu modalitate horretan ikertzaileak kontratatzen direnean UPV/EHUko deialdien testuinguruan, deialdi horiek finantzatzen badira Espainiako edo Europako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza sistemaren finantzaketa publikoko eragileek horretarako emandako dirulaguntzen kargura edo eragile pribatuek emandako laguntzen kargura, bada, laguntza horiek emateko xedapenean, erabakian edo hitzarmenean ezarritakoaren arabera ordainduko da.

Edonola ere, errespetatu egingo da gutxieneko ordainsari erreferente gisa estatuko administrazio orokorraren lan kontratudun langileen hitzarmen bakarrean jasotako ordainsari taularen lan kontratudun langileen 1. talderako finkatutako soldata, martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 7. artikuluaren 1. atalak kontratuaren iraupen urte bakoitzerako ezarritako portzentajeetan.

Bosgarrena.– Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemara sartzeko kontratuari buruzko araudia egokitzea.

1.– UPV/EHUko Irakasle-ikertzaileen II. Hitzarmen Kolektiboaren 25.1 artikuluan Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren Koordinazio Orokorrari eta Sustapenari buruzko apirilaren 14ko 13/1986 Legearen 17.1 b) artikuluari egindako erreferentzien ordez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 22. artikulua aipatuko da (BOE, 2011ko ekainaren 2koa). Era berean, Hitzarmen Kolektiboaren 32.3 artikuluan apirilaren 14ko 13/1986 Legearen 17.1 b) artikuluari egindako erreferentziaren ordez, ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 22.1 d) artikulua aipatuko da.

Hitzarmen Kolektiboan apirilaren 14ko 13/1986 Legearen 17.1 b) artikuluan aurreikusitako ikertzaileei egindako erreferentzia guztien ordez, ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 22. artikulua eta Lege horrekin bat datozen artikuluak aipatuko dira.

2.– UPV/EHUk formalizatuko du Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman sartzeko kontratua, eta horren bidez egingo diren ikerlanak ikertzaileen laneko hobekuntza eta espezializazio maila handia lortzera bideratuko dira, haien lan esperientzia sendotze aldera. Zeregin horiek sartzeko kontratua gauzatzeko etapa hauetakoren batean egin ahal izango dira: sarrerakoa, sendotzekoa eta singularra.

3.– Etapa bakoitzari dagozkion ikerketa jardueren edukia eta antzeko jarduerak egiten dituzten irakasle-ikertzaileen indarreko kontratu modalitateak aintzat hartuta, Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemara sartzeko kontratua honela ordainduko da:

a) Sarrerako etapan, ikerketa jarduera ikertzaileak doktore ondoko ikerketako prestakuntza osatzera bideratuta egongo da, atxikita dagoen ikertaldearen proiektuen testuinguruan ikerlanetan lagunduz. Horrenbestez, horrelakoetan, ikertaldearen barruan ezarritako jarraibideak, plangintza eta akordioak bete beharko ditu. Erreferentziako ordainsariak UPV/EHUk irakasle atxikien (irakasle doktore laguntzailea) kontratu modalitaterako ezarritakoak izango dira.

b) Sendotzeko etapan, jarduera modu independentean egin behar da; hortaz, kontratatutako pertsonak gai izan beharko du bere ikerketa lerroak lideratzeko, beste ikertzaile batzuk prestatzeko eta lehia bidezko finantzaketa erakartzeko, ikertzen jarraitu ahal izateko. Edonola ere, etapa horretara sartu ahal izateko, bost urte igaro beharko dira, doktore titulua eskuratu denetik. Erreferentziako ordainsariak UPV/EHUk irakasle agregatuen (irakasle doktore kontratatua) kontratu modalitaterako ezarritakoak izango dira.

c) Etapa singularrean, jarduerak ikertzailearen laneko hobekuntza eta espezializazio maila handia utzi behar du agerian. Ordainsariak dagokion deialdian aurreikusitakoak izango dira, eta etapa honetan kontratatutako langileei ez zaie inola ere ordainduko irakasle agregatuen kontratu modalitaterako aurreikusitakoa baino zenbateko gordin txikiagoarekin.

4.– Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman sartzeko kontratuan, berariaz aipatuko da kontratuaren exekuzio etaparen bat, bai eta hari dagozkion ordainsariak ere.

Bi urtetik gorako iraupena duten kontratuen kasuan, sarrerako etapatik sendotzeko etapara aldatzeko aukera aurreikusiko da bigarren urtean gainditu delako, eta dagokion kontratu aldaketa egingo da, aldi berean baldintza hauek ematen direnean: 1) doktore titulua eskuratu zenetik gutxienez bost urte igaro izana; eta, 2) UNIBASQek edo ANECAk emandako ikerketa tarte baten (seiurtekoa edo ikertramo) ebaluazio positiboa edukitzea.

5.– Kontratu modalitate horretan ikertzaileak kontratatzen direnean UPV/EHUko deialdien testuinguruan, deialdi horiek finantzatzen badira Espainiako edo Europako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza sistemaren finantzaketa publikoko eragileek horretarako emandako dirulaguntzen kargura edo eragile pribatuek emandako laguntzen kargura, kasu horiek salbuespentzat hartuko dira, eta laguntzak emateko dena delako xedapenean, erabakian edo hitzarmenean ezarritakoa beteko da, langile horien ordainsari eta lege araubideari dagokionez. Salbuespenezko deialdi horiek erabaki honen Jarraipen Batzorde Parekidean baloratuko dira, eta, hala behar bada, Gobernu Kontseiluaren oniritzia jaso beharko dute.

Edonola ere, errespetatu egingo da gutxieneko ordainsari erreferente gisa sarrerako etaparako 3. puntuko a) atalean ezarritakoa.

Seigarrena.– Eraginkortasuna.

Erabaki honek UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak berresten duen egunetik aurrera izango du eragina, eta berrespen horretatik aurrera, erabakian aipatzen diren eta formalizatzen diren lan kontratuei aplikatuko zaie.

Edonola ere, erabakiaren aplikazioa, behin berretsita, indarrean den ekitaldi bakoitzean aurrekontu kreditu nahikoa eta egokia izatearen baldintzapean geratuko da.

Zazpigarrena.– Indarraldia.

Erabaki hau UPV/EHUko Irakasle-ikertzaileen II. Hitzarmen Kolektiborako aurreikusitako indarraldi araubide berberaren menpe dago.

Zortzigarrena.– Erabakiaren jarraipena.

Jarraipen Batzorde Parekide bat eratzen da, eta haren egitekoa izango da erabaki honen interpretazioan, indarraldian eta aplikazioan sortutako gorabehera guztiak aztertzea eta konpontzea. Batzorde hori honako hauek osatuko dute: sindikatu sinatzaile bakoitzaren ordezkari titular batek eta sindikatuen ordezkaritza osoaren baliokidea izango den UPV/EHUko ordezkari kopuru batek. Gainera, sindikatu bakoitzak eta administrazioak berak bileretara aholkularitza emango dien pertsona bat eraman ahal izango dute.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– 2022ko urtarrilean 1ean indarrean diren lan kontratuak eguneratzea.

1.– 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, hala dagokionean, data horretan indarrean dauden doktore aurreko kontratuen ordainsariak eguneratuko dira, baldin eta sinatu baziren prestakuntza bidean dauden doktore aurreko ikertzaileen estatutua onartzen duen martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretua indarrean sartu ondoren. Eguneratze hori erabaki honen laugarren atalaren 3. puntuan ezarritakoaren arabera egingo da.

Era berean, aurreko paragrafoan aipatutako kontratuak amaitzean, 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen jasotako ordainsariak erregularizatuko dira. Horretarako, aipatutako laugarren atalaren 3. puntuaren gutxieneko ordainsari erreferentearen aplikazioaren eta prestakuntza bidean dauden doktore aurreko ikertzaileen estatutua onartzen duen martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretua indarrean sartu ondoren jasotako soldataren arteko diferentzia sartuko da kitapenean, aurreko paragrafoaren arabera egindako eguneratzea aintzat hartuta.

Prestakuntza bidean dauden doktore aurreko ikertzaileen estatutua onartzen duen martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretua indarrean sartu aurretik sinatu ziren eta 2022ko urtarrilaren 1ean indarrean dauden kontratuei dagokienez, jasotako ordainsariak kontratua amaitzean erregularizatuko dira. Horri begira, erabaki honen laugarren atalaren 3. puntuan ezarritako gutxieneko ordainsari erreferentearen aplikazioaren eta kontratuan benetan jasotako soldataren arteko diferentzia sartuko da kitapenean.

2.– 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, hala dagokionean, data horretan indarrean diren Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemara sartzeko kontratuen ordainsariak eguneratuko dira. Eguneratze hori erabaki honen bosgarren atalaren 3. puntuan ezarritakoaren arabera egingo da, eta izan izango du ekarri, edonola ere, kontratu horietan jasotzen den soldata jaistea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Berrikuspena.

Zortzigarren atalean aipatutako batzorde parekidearen aldez aurreko erabakiarekin, erabaki honen laugarren atalaren 3. puntuan aurreikusitako ordainsari erreferentea aldatu ahal izango da, eta 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera irakasle atxikiari dagokion ordainsariaren % 95 izatera pasatuko da, betiere horren aplikaziorako aurrekontu kreditu nahikoa eta egokia bada eta unibertsitate gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Saila ados badago.

Era berean, doktore aurreko kontratuen ordainsariei dagokienez, administrazioak Negoziazio Mahaia berriro deitzeko konpromisoa hartzen du, akordio hau sinatu eta gutxienez bi hilabete eta gehienez bi urte igaro ondoren, eta izan izango du ekarri, edonola ere, kontratu horietan jasotzen den soldata jaistea.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Erabaki honen alde sinatzaileek II. Hitzarmen Kolektiboaren 22., 23. eta 24. artikuluak negoziatzen hasteko konpromisoa hartzen dute, erabaki hau sinatu aurretik administrazioak aurkeztuko dituen artikuluetatik abiatuta; era berean, beharrezkoa izanez gero, ikertzaileen beste figura batzuei buruz ere negoziatuko da, eta horretarako jardueren egutegi bat finkatuko dute. Konpromiso hori eraginkorra izango da erabaki hau Gobernu Kontseiluak berresten duenean.

Adostasun horren erakusgarri, dokumentu hau sinatzen dute, Leioan, 2021eko abenduaren 9an.


Azterketa dokumentala