Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2022ko ekainaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2938

73/2022 DEKRETUA, ekainaren 14koa, Euskal Herriko arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko eta animalia-arrazak sustatzen dituzten entitateak arautzeko dekretua aldatzen duena.

81/2015 Dekretua, ekainaren 2koa, Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzekoa eta animalia-arrazak sustatzen dituzten entitateak arautzekoa, bi helbururekin eman zen: alde batetik, Euskal Herriko animalia-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko oinarrizko arauak finkatzea eta abere-arraza autoktonoetako animalien araudi zooteknikoa ezartzea; eta, bestetik, Euskal Herriko arraza autoktonoak kontserbatzen, hobetzen eta sustatzen dituzten erakundeen eta hazle-elkarteen jarduna arautzea.

Dekretu hori praktikan jartzeak agerian utzi du beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako langileen titulazio teknikoekin lotutako arazoak konpontzea, Euskal Herriko animalia-arrazen talde teknikoa behar bezala koordinatu ahal izateko, foru-aldundietako abeltzaintza-zerbitzu teknikoekin batera.

Behar hori ikusita, egokitzat jo da abeltzaintzako lizentziaturaren titulazioa animalia-genetikaren, elikaduraren eta animalia-arrazen kudeaketarekin zuzenean lotutako beste lanbide batzuetara zabaltzea, hala nola agronomiara. Hori dela eta, aipatutako dekretua aldatu beharra dago; zehazki, alderdi hori arautzen duen artikulua.

Aldaketa hau egiteko, oinarri hartu da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10.2 artikuluak Autonomia Erkidegoari ematen dion eskumen esklusiboa, autogobernatzako erakundeen antolamendu, erregimen eta funtzionamenduarekin lotutakoa, bai eta lege-testu horrexen 10.9 artikuluak ematen diona ere, nekazaritza eta abeltzaintzarekin lotutakoa. Horrez gain, behar bezala errespetatu da lurralde historikoetako foru-organoei erakunde erkideen arauak garatu eta gauzatzeko dagokien eskumena, animalien ekoizpen eta osasunarekin lotutakoa, bat etorriz Autonomia-erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-erakundeen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7. artikuluko b) apartatuarekin.

Bestalde, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko ekainaren 8ko 2016/1012 (EB) Erregelamenduan, «hobekuntza-programa» terminoaren ordez «hazkuntza-programa» erabiltzen da (erregelamendu horren bitartez, arraza garbiko animalia ugaltzaileak, txerri hibrido ugaltzaileak eta haien ugalketa-materiala Europar Batasunean sartzeko, salerosteko eta hazteko baldintza zootekniko eta genealogikoak ezartzen dira, 652/2014 EB Erregelamendua eta Kontseiluaren 89/608/EEE eta 90/425/EEE Zuzentarauak aldatzen dira, eta animalia-hazkuntzarekin lotutako ekintza jakin batzuk indargabetzen dira –«Animalia-hazkuntzari buruzko araudia»–). Horrenbestez, xedapenen atalean adierazten da aldatu beharreko dekretuan «hobekuntza-programa» terminoa agertzen den guztietan «hazkuntza-programa» terminoari egiten zaiola erreferentzia.

Dekretu hau prestatzeko, kontsulta egin zaie Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundietan abeltzaintzaren arloan eskumena duten sailei. Era berean, entzunaldia eman zaie abeltzaintzaren sektorea ordezkatzen duten elkarte eta erakundeei, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko arrazak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko lanean zuzenean edo zeharka esku hartzen duten eragile guztiei ere.

Horrenbestez, nahitaezko txostenak eman ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko ekainaren 14an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Aldatu egiten da Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko eta animalia-arrazak sustatzen dituzten entitateak arautzeko ekainaren 2ko 81/2015 Dekretuaren 8. artikuluko bigarren paragrafoko a) letra, eta honela gelditzen da:

«a) Batzordearen lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak izendatua, zuzendaritza horretan nekazaritza eta abeltzaintzaren arloan teknikari aritzen dena.»

Bigarren artikulua.– Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko eta animalia-arrazak sustatzen dituzten entitateak arautzeko ekainaren 2ko 81/2015 Dekretuaren 2, 14, 15, 16 eta 19. artikuluetan «hobekuntza-programa» terminoari egindako erreferentzia guztiak ordezkatu egiten dira «hazkuntza-programa» terminoarekin.

Hirugarren artikulua.– Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko eta animalia-arrazak sustatzen dituzten entitateak arautzeko ekainaren 2ko 81/2015 Dekretuaren 15. artikuluari j) letra eransten zaio, zeinak honela baitio:

«j) Abere-arrazakoa ez den animaliaren arraza autoktonoa ziurtatzea (ziurtagiriaren bidez, egiaztatu behar da betetzen dela liburu genealogikoa kudeatzen duen elkartearen hazkuntza-programa), ondoren Euskal Autonomia Erkidegoko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean inskribatzeko eta dokumentazioa 81/2015 Dekretuaren 12.e) artikuluaren arabera formalizatzeko.»

Laugarren artikulua.– Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko eta animalia-arrazak sustatzen dituzten entitateak arautzeko ekainaren 2ko 81/2015 Dekretuaren 18. artikuluko 1. apartatuko a) letra aldatzen da, eta honela gelditzen da idatzita:

«a) Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako nekazaritza eta abeltzaintza arloko teknikari bat, Eusko Jaurlaritzaren izenean; batzordeko lehendakaria izango da».

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko ekainaren 14an.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala