Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

121. zk., 2022ko ekainaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2859

AGINDUA, 2022ko ekainaren 14koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez itunpeko ikastetxe pribatuetarako dirulaguntzak iragartzen baitira, enplegua mantentzeko eta irakasleen plantillak gaztetzeko, kontuan izanik datozen urteetan beherakada demografikoa gertatzea aurreikusten dela.

2030 hezkuntzaren esparruak hezkuntzak Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko eragile nagusi gisa duen rola aitortzen du, eta hezkuntza-eraldaketaren testuinguruan funtsezkoa da irakasleen rola eta protagonismoa indartzea, hezkuntza-sistema osoaren eraldaketa-eragile nagusi gisa. Hala ere, irakasleen ahaleginetik harago, lan-egonkortasunak ere eragin zuzena du ikastetxe baten funtzionamendu onean, eta, zalantzarik gabe, haren esperientziak sistema hobetzen laguntzen du.

2021-22 ikastaroko matrikulazioetan baieztatu egin dira garai batean aurreikusi ziren jaiotza-tasa txikiak, ikasturte horretarako ikasleen kopuruak nabarmen egin baitu behera. Hezkuntza-sistemaren aukera bakarra da egoera horri aurre egitea, eta hori erronka bat da gaur egungo beharrezko hezkuntza-eraldaketaren testuinguruan.

Ondorioz, Sailak irakasleak indartzeko hartu duen konpromisoaren esparruan, hezkuntza-aldaketa eta -hobekuntzarako eragile nagusi gisa, egonkortasuna funtsezko elementua da helburu horiek lortzeko. Beraz, beharrezkotzat jotzen da itunpeko ikastetxeei zuzendutako dirulaguntza-ildo bat artikulatzea, alde batetik ikasgelen kopuruaren murrizketaren ondorioz lanpostua galtzen duten irakasleei laguntzeko eta haien enplegua mantentzeko, eta, bestetik, belaunaldi-erreleboa ahalbidetzeko, adin nagusiko irakasleei erretiratzen laguntzeko eta gazteagoak sartzeko: erretiro partziala eta errelebo-kontratua Administrazioaren laguntzarekin.

Horregatik guztiagatik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta haren araudia, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitakoa, oinarrizko aginduak aplikatzeari dagokionez, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta gainerako arau aplikagarriak aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta zertarakoa.

1.– Agindu honen xedea da hezkuntza-ituna duten unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetarako dirulaguntzak iragartzea 2021-2022 ikasturterako, baldin eta 4. artikuluan aurreikusitako eta diruz lagun daitezkeen jarduketak egiten badituzte, 5. artikuluan ezarritako baldintzetan.

2.– Dirulaguntzen helburua da itunpeko ikasgeletako irakasleen enplegua mantentzea eta hezkuntza-itunera atxikitako plantillaren gaztetzea sustatzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetan diruz lagun daitekeen gehieneko zenbateko osoa 10.533.774 eurokoa da.

2.– Zenbateko hori igo ahal izango da eskatutako dirulaguntzen guztizko zenbatekoa kontuan hartuta, aurrekontuaren eskuragarritasunaren arabera, horiek ebatzi aurretik, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat. Inguruabar hori Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

3. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

Dirulaguntza hauen erakunde onuradun izan daitezke 2021-2022 ikasturtean hezkuntza-ituna duten unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako titularrek, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Hezkuntza-itunei buruzko araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuan ezarritako hezkuntza-itunen araubide juridikoaren berezko baldintzak eta horri aplikatu ahal zaion gainerako araudia.

b) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Baldintza hori betetzen dela automatikoki egiaztatuko du deialdiaren organo kudeatzaileak, behar adina aldiz, eta ez da beharko haien baimena, kontrakoa berariaz adierazi ezean.

c) Ez egotea zigortuta zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin, eta ez egotea hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoarekin eta Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Legea bigarren aldiz aldatzeko martxoaren 3ko 1/2022 Legearekin bat.

d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta jarduketak.

Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak eta jarduketak:

1.– Enpleguari eustea, curriculum-irakaskuntza itunpeko ikasgela batean ematen duten kontratu mugagabedun irakasleak birkokatuz, baldin eta itunpeko ikasgelak gutxitzeagatik 2021-2022 ikasturtean lana galdu badute, 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra arte, biak barne, edo kalte-ordaina, birkokatzea ezinezkoa denean.

Lana galdu duen irakaslea aukeratzeko eta birkokatzeko, 5. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar dira.

Diruz lagunduko den gastua, kontzeptu horregatik, itundutako ikasgela murriztu den ikastetxean birkokatutako pertsonak aitortuta zuen antzinatasuna izango da, birkokatzearen datatik 2022ko abuztuaren 31ra arte, edo ordaindutako kaleratzeagatiko kalte-ordain legala.

Ikastetxeen itxierak ez dira joko dirulaguntzaren xedetzat, ezta irakasleak borondatez birkokatzeari uko egitearekin lotutako kalte-ordainak ere.

Deialdiaren esparruan, antzinatasun- eta kaleratze-gastuak bateraezinak dira subjektu berean.

2.– Plantilla gaztetzea itunpeko ikasgela batean ikasleei curriculum-irakaskuntza ematen dieten eta kontratu mugagabea duten irakasleen errelebo-kontratuarekin lotutako erretiro partzialaren bidez.

Diruz lagunduko den gastua, kontzeptu horregatik, 2021-2022 ikasturteko errelebo-kontratuen eta partzialen Gizarte Segurantzaren kuota patronalaren kotizazioen gainkostua da, erretiro partzialean dagoen pertsonak erretiro osoa hartu arte EAEko Administrazioko langileentzat araututako erretiroen gainkostua gainditu gabe. Hori Funtzio Publikoko sailburuordearen otsailaren 23ko 1/2021 Instrukzioan arautzen da, errelebo-kontratuekin lotutako erretiro partzialari buruzkoa.

5. artikulua.– Diruz lagundutako jarduketak egiteko baldintzak.

Dirulaguntzak lortzeko, diruz lagundutako jarduketekin lotutako baldintza hauek bete behar dira:

1.– Honako arau hauek aplikatzea itunpeko unitateen murrizketak eragindako birkokatze eta kaleratzeei:

a) Itunpeko unitateen murrizketagatik lanpostua galdu duen irakaslea aukeratzeko irizpide hauek aplikatu behar dira:

• Lehenik eta behin, balizko kaltetuen borondatea.

• Bigarrenik, itunpeko ikasgela murriztu duen ikastetxeko antzinatasun txikiena.

b) Ikastetxearen titularrak ikastetxeko batzordeari jakinarazi behar dio lanpostua galdu duen irakaslearen nortasuna, adierazitako irizpideak zuzen aplikatu izanaren egiaztagiriarekin batera.

c) Ikastetxeetako titularrek baldintza hauek bete behar dituzte birkokatzean:

• Plaza hutsak ikastetxeko batzordeari jakinaraztea berehala, ikastetxeak plaza hutsik geldituko den eguna jakitean, edo aurreikusi ezin bada gertatzen denean.

Xede horietarako, plaza huts gisa jotzen da irakasleen behar oro, gutxienez ikasturte bateko iraupenarekin aurreikusten bada, honako hauetatik eratorrita:

• Itunpeko ikasgelak areagotzea.

• Erretiroak.

• Borondatezko bajak.

• Ezintasunak eta heriotzak.

• Plazaren erreserba galdu ondorengo eszedentziak.

• Edonola ere, birkokatzeko titulazioarekin, profilarekin eta espezialitatearekin lotutako baldintzak bete behar dira:

2.– Ikastetxearen batzordea osatzea, osaera honekin eta funtzio hauekin:

a) Batzordea hauek osatuko dute: ikastetxeko titularraren ordezkari batek, ikastetxeko zuzendariak eta langileen ordezkaritzak.

b) Batzordeak funtzio hauek dauzka:

– Kontratazioaren, birkokatzeko langileen eta aurreikusitako erretiro partzialen beharren zerrendak egitea.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Birkokatzearen bidez enplegua mantentzeko dirulaguntzaren zenbatekoa itunpeko ikasgela murriztu duen ikastetxean birkokatutako pertsonak aitortuta duen antzinatasunaren zenbatekoa izango da, honela kalkulatuta:

(Ikus .PDF)

Zenbateko horiek eguneratu egingo dira Hezkuntza Sailaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako langileentzat ezarritako soldata-igoerekiko proportzioan.

Ezin bada birkokatu, eta egiaztatzen bada, eteteagatiko kalte-ordainaren zenbateko legala ordainduko da, hala eskatzen bada.

3.– Errelebo-kontratuarekin lotutako erretiro partzialaren bidez plantilla gaztetxeko dirulaguntzaren zenbatekoa Gizarte Segurantzaren kuota patronalaren gainkostuaren zenbatekoa izango da, eta gainkostu horrek ezingo du gainditu EAEko Administrazioko langileentzat araututako erretiroei dagokiena.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde eskatzaileek dirulaguntza-deialdi honek eskatzen duen izapidetze osoa telematikoki egin beharko dute, eta eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, horretarako eskuragarri dauden txantiloiak erabiliz.

Eskaera izapidetzeko jarraibideak eskuragarri dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskaeraren formulariora sartzeko erabiltzen dena eta erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak dituena, helbide honetan eskura daiteke:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/2022/11017

2.– Eskaeraren osteko izapideak, zuzenketak eta justifikazioak barnean direla, bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta gainerako dokumentuak. Halaber, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Hilabeteko epean, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, ikastetxeek birkokatutako langileak aitortuta duen antzinatasunaren kostua finantzatzeko dirulaguntzak eskatuko dituzte I. eranskineko eskaera-ereduaren bidez.

Birkokatzea aurreko paragrafoan adierazitako epearen ondoren egiten bada, eskaera hilabete bateko epean aurkeztuko da, birkokatzea gertatzen denetik zenbatzen hasita.

Kaleratzeagatiko kalte-ordainen kasuan, dirulaguntzak hilabete bateko epean eskatuko dira, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, betiere ikastetxeak hura ordaindu badio lanpostua galdu duen langileari, I. eranskineko eskaera-ereduaren bidez.

2.– Errelebo-kontratuen eta partzialen Gizarte Segurantzaren gainkostua ordaintzeko kasuetan ikastetxeek dirulaguntzak eskatuko dituzte Aginduaren II. eranskineko ereduaren bidez, hilabete bateko epean Agindua argitaratzen denetik, 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra (kontratu mugagabearekin lan egindako azken eguna) arteko erretiro partzialen kasuan.

9. artikulua.– Eskabidearekin batera nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera artikulu honetan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

2.– Kasu guztietan, erakunde eskatzailearen ordezkari legalaren erantzukizunpeko adierazpena atxikiko da, eskabidean jasotako informazioaren egiazkotasuna egiaztatzeko, Aginduaren 3. artikuluan jasotako baldintzei dagokienez. Adierazpen hori IV. eranskineko ereduarekin bat egingo da.

3.– Eskatzen dena birkokatutako pertsonaren antzinatasunaren kostu erlatiboa bada, hau atxikiko da:

a) Itunpeko ikasgelaren murrizketaren ondorioz lanpostua galdu duen irakaslearen NANa.

b) Birkokatutako pertsonaren lan-kontratu mugagabe berriaren kopia.

c) Lanpostua galdu duen ikastetxean aipatutako a) letran pertsonari aitortutako antzinatasunaren egiaztagiria.

d) Lana galdu aurreko azken hiru nominak.

e) Ikasgelak murriztu dituen ikastetxeko batzordearen ziurtagiria, kide guztiek sinatuta, egiaztatzeko birkokatu behar den irakasleak lana galdu duela; 5.1.a artikuluan ezarritako irizpideen arabera zehaztu da.

f) Irakaslearen birkokatzea ikastetxearen titularraren ordezkariaren eta langileen ordezkarien arteko adostasunarekin egin dela egiaztatzeko ziurtagiria, bi aldeek sinatuta.

4.– Eskatu dena kaleratzeagatiko kalte-ordainak ordaintzea bada, honako hau atxikiko da:

a) Langilearen eskaeraren kopia, kaleratzeagatiko kalte-ordain legala ordaintzeko eskatuz.

b) Enplegatzaileak ordaindutako kalte-ordainaren ordainagiria.

c) Ikastetxearen titularraren ordezkariak eta langileen ordezkariak sinatutako ziurtagiria, non ziurtatzen den ezin izan dela birkokatzea egin.

5.– Eskatu dena Gizarte Segurantzaren kotizazioen gainkostua bada, honako hau atxikiko da:

a) Ikastetxeko batzordearen ziurtagiria, kide guztiek sinatuta, egiaztatzeko jakinarazi zaiela erretiro partzialak eragindako plaza hutsa, diruz lagunduko dena.

b) Erretiro partziala dagoeneko gertatu bada.

– Erretiro partziala hartu duen pertsonaren errelebo-kontratuaren eta kontratazio partzialaren kopia, baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egindako jakinarazpenak ere. Kontratu horiek, horien aldaketak eta kontratu berriak «ikastetxean alta emateko» edo «ikastetxea/lanaldia aldatu» eskaeren bidez bidali behar dira, «Ikastetxe Pribatuen Kudeaketa» aplikazioan.

– Errelebolariaren eta errelebatutako langilearen NANaren kopia.

6.– Ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, Administrazioak aurreko paragrafoetan adierazitakoaz gain informazio gehigarria eska dezake.

10. artikulua.– Prozeduraren izapideak eta dokumentazioa zuzentzea.

1.– Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendaria izango da dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzio-organoa, eta prozedura ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio guztia eskatu ahalko du.

2.– Eskaera epez kanpo aurkezten bada, baztertu egingo da. Epe barruan aurkeztu arren akatsik badu edo dokumenturen bat aurkeztu ez bada, eta hori beranduago aurkez badaiteke, akatsak zuzentzeko eskatuko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan adierazitakoarekin bat.

11. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, ebazteko epea eta errekurtsoak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen eskaerak kudeatu eta izapidetzeko organo eskuduna Hezkuntza Sailaren Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza izango da.

2.– Dirulaguntzak publizitate, norgehiagoka ez eta objektibotasunaren printzipioen arabera emango dira, eta epe barruan eta modu egokian aurkeztutako eskaera guztiei emango zaizkie, betiere deialdian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

3.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eman edo ukatzeko, Hezkuntza Sailaren Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak Ebazpena emango du.

4.– Ebazpenak ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, eskaera bideratzeko eskumena duen organoaren erregistroan eskabide hori sartzen denetik zenbatzen hasita; hura igaro ondoren ez bazaio Ebazpenik jakinarazi interesdunari, eskaera ukatutzat joko da.

5.– Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariaren Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen aurrean, hilabete bateko epean jakinarazi eta hurrengo egunean zenbatzen hasita.

6.– Publizitate-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenak berariaz eta banaka jakinarazteari kalterik egin gabe, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen Ebazpenaren bidez EHAAn argitaratuko da deialdi honen babespean emandako dirulaguntzen onuradunak izan diren ikastetxeen zerrenda, jasotako zenbatekoak eta kontzeptuak adierazita.

12. artikulua.– Bateraezintasunen araubidea.

Deialdi honen bidez jasotako zenbatekoa bateragarria izango da administrazio publikoen mendeko organoen edo hezkuntzan eskumenik ez duten erakunde pribatuen eskutik lortutako beste edozeinekin, betiere guztien baturak ez badu gainditzen ekarpen honen xede-gastuaren % 100. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen dirulaguntzari.

13. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– 6.a) artikuluan aurreikusitako enplegua mantentzeko antzinatasunaren ordainketa 2022ko irailean egingo da, birkokatutako langileei ordaindutako nominak aurkeztu ondoren.

Birkokatu ondoren ordainketa delegatuan alta emandako pertsonen antzinatasuna hilero ordainduko da, ordainketa-sistema horren bidez.

Kaleratzeagatiko kalte-ordain legala emakida ebatzi ondoren ordainduko da.

2.– Gizarte Segurantzaren gainkostuen ordainketa bi seihilekoko ordainketetan egingo da, ekainean eta abenduan, emakida-ebazpenaren ondoren, III. eranskina aurkeztu ondoren eta justifikazio-dokumentazioa egiaztatu ondoren.

a) Erretiro partziala hartu duen pertsonaren errelebo-kontratuaren eta kontratazio partzialaren kopia, baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egindako jakinarazpenak ere. Kontratu horiek, horien aldaketak eta kontratu berriak «ikastetxean alta emateko» edo «ikastetxea/lanaldia aldatu» eskaeren bidez bidali behar dira, «Ikastetxe Pribatuen Kudeaketa» aplikazioan.

b) Errelebolariaren eta errelebatutako langilearen NANaren kopia.

c) Errelebolariari eta errelebatutako langileari ordaindutako nominen kopiak.

d) Gizarte Segurantzaren kotizazio-dokumentu indibidualizatuen kopiak, atzerapen eta kotizazio osagarriei dagozkienak barne, baita langilearen kotizazio-kontu guztienak ere.

Nominak eta Gizarte Segurantzaren kotizazio-dokumentu indibidualizatuak elkarrekin bidali behar dira epe berean, hilero, dokumentu mota adierazita, langile bakoitzeko fitxategi indibidualizatuetan, egitura honekin:

– abizena1_izena_nom_hilabetea_urtea.pdf

– abizena1_izena_rnt_hilabetea_urtea.pdf

14. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko hedapen egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, dirulaguntzei buruzko lege horren 18. artikuluko 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Hortaz, hamabost eguneko epean –ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita– ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko dira.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

3.– Era berean, dirulaguntza ematen duen administrazioak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako egiaztatze-jarduerak onartu beharko ditu ikastetxe onuradunak, EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, sail eskudunaren bitartez, auditoretzak egin ahal izango ditu ikastetxeetan, emandako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko.

4.– Ikastetxeek birkokatutako langileen kontratu mugagabeak mantentzeko betebeharra dute, eta 12 hilabeteko proba-epea finkatzen da; epe horretan zehar, kontratua deuseztatu ahalko da soilik ikastetxe edo ikastolako batzordeak balioztatzen badu. Kasu horretan, langilea berriro birkokatu beharko da.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan ezarritakoak dira ustezko ez-betetzeak; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluaren bidez onartu zen testu bategin hori.

2.– Horrelako ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, osorik edo zati batean, betiere xedapen hauen arabera: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37.1 eta 37.2 artikuluak; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak; eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. artikulua, eta bereziki kasu hauetan:

a) Langilea kaleratzea probako 12 hilabeteak igaro ondoren, betiere kaleratzea ez badu balioztatu ikastetxe edo ikastolako batzordeak, eta ez bada birkokatzen, bi aldeek (patronala eta ordezkaritza sindikala) egiaztatutako ezintasuna egiaztatzen den kasuetan izan ezik.

b) Jasotako dirulaguntzak justifikatzeko betebeharra urratzea.

c) Dirulaguntzen xedea ez betetzea.

d) Baldintzak bete gabe jaso izana dirulaguntzak.

e) Agindu honen 12. artikuluan ezarritako betebehar bat edo batzuk ez betetzea.

16. artikulua.– Dirua itzultzeko jardunbidea.

1.– Dirua itzultzeko jardunbidea Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak abiaraziko du, eta dirulaguntzaren ikastetxe onuradunari jakinaraziko zaio, urraketa eragin duten gertakariak jakinaraziz. Halaber, eskatuko zaio hamabost eguneko epean egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko edo justifikazio-dokumentuak aurkezteko. Dirua itzultzeko jardunbidea abiarazteko ebazpenak egiteke dauden ordainketak eten ahalko ditu kautelaz.

2.– Alegazio-epea igaro ondoren, Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak ebazpena emango du. Hamabi hilabetekoa izango da dirua itzultzeko jardunbidea ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.

3.– Ebazpenak ez-betetzea dagoela baiesten badu, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko du eta, osorik edo zati batean, behar izanez gero, eta interesdunak bidezko diren kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, ebazpena jakinarazten denetik gehienez ere bi hilabeteko epean. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

4.– Borondatezko aldian ez bada ordainketa egiten hura berreskuratzeko izapideak abiaraziko dira, premiamendu-bidetik.

17. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Bekak, laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.

Datu pertsonalen tratamendua honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

Bildutako datuak beharrezkoak dira Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari emandako ahalorde publikoak erabiltzeko eta betebehar legalak betetzeko; halaber, gaian eskumenak dituzten Administrazio Publikoei jakinarazi ahalko zaizkie. Datuen titularrek datuen babesarekin lotutako eskubideak erabil ditzakete esteka honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, 2 hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 14a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala