Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2022ko ekainaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2736

AGINDUA, 2022ko ekainaren 8koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez araubidea ezartzen baita toki-erakundeei beren artxibo-sistema martxan jartzera eta/edo sendotzera bideratutako dirulaguntzak emateko, eta 2022ko ekitaldiko deialdia egiten.

Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez –zeina zati batean indargabetzen baitu Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen xedapen indargabetzaileak; baina indarrean geratzen dira III. tituluaren VI. kapitulua, dokumentu-ondarearena, eta IV. tituluaren I. kapitulua, artxibo-zerbitzuena–, Euskadiko Artxibo Sistema Nazionala (EASN) sortu zen, zeinari baitagokio hura osatzen duten artxibo-zerbitzuen planak homologatzea eta koordinatzea. Aipatu legearen 74. artikuluaren arabera, aplikazio-eremutik kanpo daude Estatuaren titulartasuneko artxibo-zerbitzuak, eta lurralde historikoetakoak. Bestalde, Artxibo-zerbitzuetako araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentazio-ondarea erregulatzeko arauak onartzen dituen azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak 3. artikuluan ezartzen du euskal herritarren dokumentu-ondarearen eremua, dokumentuok diren garaikoak direla, eta hor sartzen ditu toki-erakundeek beren funtzio edo zereginetan dihardutela sortu, bildu edo kontserbatutako dokumentuak; alegia, udalerriek, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeek eta udalerria baino lurralde-eremu handiagoko erakundeek sortu, bildu eta kontserbatzen dituztenak. Dekretu horrek berak, halaber, Euskadiko Artxibo Sistema Nazionalaren egitura, onurak, atxikipena eta funtzioak ezartzen ditu, eta, 22. artikuluan, EAEko udal- eta toki-administrazioko artxibo-zerbitzuak Euskadiko Artxibo Sistema Nazionalean nola sar daitezkeen xedatzen du.

Administrazioko erakunde bakoitzean artxibo-sistema bat ezartzea eta martxan jartzea hura egoki jarduteko oinarrizko baldintza da, bai eta informazio-baliabideak egoki kudeatzeko eta herritarren oroimena sortzeko bermea ere.

Agindu honen asmoa da epe luzeko prozesu batekin jarraitzea, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioari artxibo-sistema sendo eta efikazak emateko, toki-administrazio bakoitzak ondare horren gain duen erantzukizuna egoki betetzen duela ziurtatzeko. Artxiboaren ikusmolde orokorra sustatu nahi da, halaber, administrazio-, informazio- edo kultura-mailako hainbat premiari arreta emateko zerbitzua izateko.

Hori dena aintzat hartuta, beharrezkotzat jotzen da helburu horiek dituzten ekimenak diruz laguntzea, batez ere, dokumentu-funts guztiak antolatzen hasteko, eta artxibo-zerbitzu publiko egonkorra sendotu eta finkatzerakoan eragindako administrazio guztiak elkarrekin jarduteko.

Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen IV. tituluaren I. kapituluko («Artxibo-zerbitzuak») 73. eta 75. artikuluek, batetik, eta Artxibo-zerbitzuetako araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentu-ondarea erregulatzeko arauak onartzen dituen 232/2000 Dekretuaren II. kapituluak («Artxibo-zerbitzu publikoak»), bestetik, artxibo-zerbitzuaren definizioari eta egitekoei buruz xedatzen dutenaz gain, eta agindu hau egoki aplikatu eta garatzeko, artxibo-sistematzat hartzen da artxibo historikora heldu bitartean administrazio-kudeaketaren artikulazioaren eta udal dokumentazioaren fluxuen emaitza. Bestalde, artxibo-sistemaren proiektutzat hartuko da eskatzaile bakoitzak proposatuko duen definizioa, artxibo-sistema bat edukitzeko egin behar diren jarduerei buruzko ikuspegi orokor eta osoa emate aldera. Eta, azkenik, honako hau hartuko da artxibo-programatzat: udal artxibo-sistemaren proiektuari jarraituz, urtebeteko epean edo epe laburragoan, osorik edo zati batean, behin betiko proiektuaren helbururen bat edo batzuk lortzera bideratutako programa.

Halaber, kontuan hartu da dirulaguntzen arloko hiru arau nagusietan jasota dagoena: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, lege horren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua (oinarrizkoak biak), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua.

Dirulaguntza lerro hau Kultura Sailaren 2021-2024 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartua), bai eta Kultura Sailaren Dirulaguntzen Urteko Planean ere (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko otsailaren 16ko Aginduaren bidez onartua).

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-zuzkidura.

1.– Agindu honen xedea da dirulaguntzak emateko erregimena arautzea, 2022ko ekitaldian zenbait programa garatzeko. Programa horiek artxibo-sistemaren proiektu batean sartuta egon beharko dira, artxibo-sistema propio bat ezartzea eta/edo sendotzea izan beharko dute helburu, edo artxibo-sistema propio bat edukitzeko proiektuak lantzea.

2.– Agindu honen ondoreetarako, honako hauek ulertuko dira artxibo-sistematzat, artxibo-sistemaren proiektutzat eta artxibo-programatzat:

a) Artxibo-sistema: artxibo historikora iritsi bitarteko administrazio-kudeaketaren artikulazioaren eta udal dokumentazioaren fluxuen emaitza.

b) Artxibo-sistemaren proiektua: eskatzaile bakoitzak proposatuko duen definizioa izango da, artxibo-sistema bat edukitzeko egin behar diren jarduketei buruzko ikuspegi orokor eta osoa emango duena.

c) Artxibo-programa: artxibo-sistemaren proiektuarekin bat, aurtengo ekitaldian, osorik zein zati batean, artxibo-sistemaren proiektuaren helbururen bat edo batzuk lortzera bideratutako jarduketa edo jarduketen multzoa.

3.– Dirulaguntza horietarako, guztira, berrehun eta laurogeita hemezortzi mila (298.000) euro erabiliko dira.

2. artikulua.– Erakunde onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honen xede diren dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira EAEko toki-erakundeak; Toki-erakundetzat hartuko dira Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 2. artikuluan ezarritakoak.

2.– Ezingo dituzte deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu zehapen administratiboa edo penala ezarrita dutelako dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten erakundeek, ez eta horretarako desgaitzen duen legezko debekuren bat ezarrita dutenek ere, dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan ezarritakoaren arabera; eta barnean hartuta sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatiko debekuak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren arabera; Eta Emakumeen eta Gizonen Legea bigarrenez aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenean jasotakoaren arabera.

3.– Ezingo dira erakunde onuradun izan zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak, ez eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordaindu ez dituztenak ere.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Dirulaguntza jaso ahal izango dute proiektu eta/edo programa mota hauek:

a) Udal- eta kontzeju-artxiboen funtsen antolamendua (kontzeju-artxibo deritze nortasun juridikoa eta jarduteko ahalmena duten udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakunde publikoenei).

b) Berezko artxibo-sistemak ezartzea eta sendotzea, artxibo-proiektu baten bidez.

c). Tresna deskribatzaileak sortzea edo hobetzea dokumentuak kudeatzeko eta hedatzeko politika eraginkorra lortze aldera: hala funtsen deskribapena sustatzen duten programen bidez; nola tresna deskribatzaileak informatizatzea, artxiboak kudeatzeko sistema integralak ezartzea edo artxibo hibrido/digitaletan integratzea helburu duten programen bidez.

d) Dokumentu-funtsak balioestea eta aukeratzea, betiere funtsak kontserbatzeko edo suntsitzeko politika orokor baten atal gisa.

e) Kultura-hedapenerako artxibo-jarduerak.

f) Artxibo-zerbitzu mankomunatuen mantentze-lanak.

g) Artxibo-dokumentuak, artxibo-funtsak eta dokumentu-bildumak digitalizatzeko jarduerak (8.2 artikuluan adierazitakoaren arabera eta 1. eranskinean zehaztutako Preskripzio Teknikoen arabera)

h) Dirulaguntzen xede diren proiektu eta/edo programak 2022an gauzatu beharko dira, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondoreetarako, artxibo-dokumentuaren, artxibo-funtsaren eta dokumentu-bildumaren definizioak Euskal Kultur Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 56., 57., eta 58. artikuluetan jasotakoak izango dira, hurrenez hurren.

3.– Ezingo dute deialdi honetan parte hartu ezaugarri hauetakoren bat duten proiektuak eta/edo programak:

a) Dokumentu-funtsak zaharberritzekoak.

b) Dokumentu-funtsak transkribatzekoak.

c) Orain eta etorkizunean artxibo-funtsak kontserbatzeko edo haietara irispidea izateko gutxieneko baldintzak bermatzen ez dituztenak.

d) Artxibatzeko lokalak hobetzekoak (obrak, apalategiak erostea, etab.).

e) Sexu bientzako tratu-berdintasuna bermatzen ez dutenak.

4.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluaren arabera, erakunde onuradunek azpikontratatu ahal izango dute diruz lagundutako jardueren zenbatekoaren ehuneko ehun. Kasu guztietan, aipatu legearen 31.3 artikuluan xedatutakoa hartu beharko da kontuan.

4. artikulua.– Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Deialdi honetan parte hartzeko eskabideen aurkezpen-epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoz soilik aurkeztu ahal izango dira, eta kontsultak eta prozedura honi loturiko gainerako izapideak ere bitarteko horiez egingo dira:

a) Eskabideak bitarteko elektronikoz izapidetzeari buruzko jarraibideak, eskabide-inprimakia, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, url honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/95809

b) Eskabidea aurkeztu osteko izapideak egoitza elektronikoko «nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta)

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskura daitezke: https://euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://euskadi.eus/ordezkariak

4.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan eta eskabidetik eratorritako jarduketetan, hala xedatzen baitute Euskararen Erabilera Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek.

5.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Memoria xehatua, aurkezten den programaren eta/edo proiektuaren helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu xehatuak eta justifikazioa adierazita.

b) Aurkeztutako proiektua eta/edo programa eta artxibatzeko lokalen deskribapena, eta artxibo-zerbitzuan gordeta dauden funtsen identifikazioa (berezkoak nahiz kanpokoak). Horretarako, 2. eranskinaren formularioa («Aurkeztutako programa») bete beharko da, zeina eskuragarri baitago url honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/95809

c) Beste edozein erakunde publiko zein pribaturi helburu berberaz eskatutako laguntzen zerrenda, laguntzaren egoera aipatuta; alegia, ezetsita, ebazteke edo emanda dauden, eta zenbatekoak. Horretarako, 3. eranskinaren formularioa («Beste finantzaketa-iturri batzuk») erabil daiteke, zeina eskuragarri baitago url honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095809. Dokumentu hori aldez aurretik beste administrazio bati aurkeztu bazaio, ez da beharrezkoa izango hura aurkeztea, baina zein unetan eta zein organoren aurrean aurkeztu zen adierazi beharko da.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen) adierazitako dirulaguntza publikoen onuradun izateko debekurik ez duela –eta, espezifikoki, zorduna ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak direla eta– egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena; eta, era berean, sexuagatiko diskriminazioa egiteagatik –Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera– legezko debekurik edo zehapenik ez duela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena (adierazpena sartuta dago eskaeraren formularioan).

5. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritza arduratuko da deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeaz.

6. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetzeko onartu ahal izateko eskatzen diren agirietatik batzuk falta badira edo horietan forma-akatsak badaude, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak badaude, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa konpontzeko edo falta diren agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela, betiere, dagokion ebazpena aldez aurretik emanda. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, erakunde eskatzaileetako batek modu presentzialean aurkezten badu eskabidea, hura bitarteko elektronikoz zuzentzea aginduko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zen eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

7. artikulua.– Kalifikazio-batzordea.

1.– Kalifikazio-batzorde batek egingo du aurkeztutako eskabideen eta horien onargarritasunaren aurretiazko azterketa. Batzorde berak ebaluatuko ditu, halaber, agindu honetako hurrengo artikuluan ezarritako parametroei jarraikiz. Batzorde horrek dagokion ebazpen-proposamena egin eta Kulturako sailburuordeari helaraziko dio. Proposamen horretan, hala badagokio, honako hauek jasoko dira: dirulaguntzaren zenbatekoa, erakunde onuradun bakoitzeko; dirulaguntzaren xedea; ezetsitako eskabideak eta ezesteko arrazoiak; onartu ez diren dirulaguntzak eta ez onartzeko arrazoiak.

2.– Kalifikazio Batzordeak kide hauek izango ditu:

– Mikel Aizpuru Murua jauna, Kultura Ondarearen zuzendaria, batzordeburua izango dena.

– Borja Aguinagalde Olaizola jauna, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Artxibo Historikoaren arduraduna.

– Itziar de Azua Brea andrea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Euskadiko Artxibo Historikoaren teknikaria.

Batzordeko idazkaria Juan Carlos Soto Pérez jauna izango da, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoaren arduraduna, eta hitza izango du, baina botorik ez. Kide anitzeko organoaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaindu beharko du, haren jarduketak ziurtatu, eta eratzeko eta erabakiak hartzeko prozedurak eta arauak errespetatzen direla bermatu.

3.– Kulturako sailburuordearen ebazpen bidez aldatu ahal izango da kalifikazio-batzordearen osaera, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

8. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta esleipen-irizpideak.

1.– Lehiaketa izango da dirulaguntzak emateko prozedura, eta, beraz, aurkeztutako eskabideak alderatu egingo dira, eskabideak hurrenkeran ipini ahal izateko, artikulu honetan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta. Horretarako, lortutako puntuazioaren arabera antolatuko dira eskabideak, eta dirulaguntzak esleituko dira puntuazio altuena lortu duen eskabidetik hasita, eta puntuazioari jarraikiz, harik eta 1. artikuluan xedatutako aurrekontu-kreditua agortu arte. Halaber, gutxienez 50 puntu lortu dituzten proiektuei eta/edo programei bakarrik emango zaie laguntza.

2.– Dirulaguntza-eskabideen ebazpen-proposamena egiteko eta dirulaguntzon zenbatekoa zehazteko, Kalifikazio Batzordeak kontuan hartuko ditu irizpide hauek (dagozkien haztapenekin):

a) Sendotasun zientifikoa duen programa eta/edo proiektua izatea, epe luzera diseinatutako ekimena sendotzea aurreikus dezan; lan-faseen sekuentzia bat diseinatuko da, horietako bakoitzean parte hartzen duten elementuak balioetsiko dira eta gastua osatzen duten elementuen zenbatespen zehatza planteatuko da (50 puntu, gehienez).

Proiektua eta/edo programa oinarritzen eta garatzen duten irizpideek bermatu behar dute artxiboa behar bezala zaintzen eta kudeatzen dela, eta, kasuan kasu, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Deskribapen-tresnak informatizatuta egongo dira eta estandar deskribatzaile artxibistikoak erabiliko dituzte.

– Digitalizazio-proiektuen kasuan, artxiboak aldez aurretik antolatuta egon beharko du, eta inbentario bat eduki euskarri informatikoan. Proiektuek kontserbazio iraunkorreko artxibo digital bat eta dagozkien kopia digitalak sortu beharko dituzte. Kopia horiek agindu honen 1. eranskinean agertzen diren baldintza teknikoak bete beharko dituzte.

– Euskarri informatikoa aldatzea edo artxibo-sistema hibridoak edo elektronikoak ezartzea dakarten proiektuetan, sistema malguak izan beharko dute, artxiboaren kudeaketa integralerako baliozkotuak, eta bermatuko dutenak dokumentuak ingurune seguruetan kontserbatzea eta dokumentazioaren kudeaketa eta irisgarritasuna ahalbidetzen duen antolamendu egokia.

Irizpide hauen arabera puntuatuko da:

– 40 punturaino, artxibo-zerbitzuaren mantentze-lanak egiteko urteko proiektuetarako eta/edo programetarako: funtsaren zati baten antolaketa, inbentarioak egitea, dokumentu-funtsak digitalizatzeko proiektuak; tresna deskribatzaileen hobekuntza eta abar.

– 50 punturaino, artxibo-sistemak ezartzeko edo epe luzera sendotzeko proiektuetarako eta/edo programetarako (aurrera begirako hainbat urtetako lan-faseak ezarrita, gastuaren zenbatespen zehatza eta abar), hauek hartzen badituzte barnean: dokumentu-funtsak balioesteko/ezabatzeko politiken programak, dokumentu-funtsak digitalizatzeko proiektuak, artxiboetako dokumentuak web-atarien bidez hedatzea...

b) Artxibo-zerbitzu askotarikoek esku hartzen duten eta elkarlanean diharduten proiektua eta/edo programa izatea (15 puntu, gehienez).

Irizpide hauen arabera puntuatuko da:

– 0 puntu, esku-hartze bateraturik ez duten proiektuei eta/edo programei.

– 5 puntu, kontzejuetarako artxibo-sistema propioan sartutako proiektuei eta/edo programei.

– 7 puntu, bi udaletako artxibo-zerbitzuk esku hartzen duten proiektuei eta/edo programei.

– 10 puntu, eskualdeko edo mankomunitateko artxibo-zerbitzuen proiektuei eta/edo programei, kasuan kasuko eskualdeko edo mankomunitateko hiruzpalau artxibo-zerbitzu barne hartzen dituztenei.

– 15 puntu, eskualdeko edo mankomunitateko artxibo-zerbitzuen proiektuei eta/edo programei, kasuan kasuko eskualdeko edo mankomunitateko bost artxibo-zerbitzu edo gehiago barne hartzen dituztenei.

c) Proiektuaren xede den funtsaren edo dokumentu-multzoaren datazioa (15).

Irizpide hauen arabera puntuatuko da:

– Gehienez 10 puntu 50 urtetik beherako antzinatasuna duten proiektu eta/edo programetarako.

– Gehienez 15 puntu 50 urtetik gorako antzinatasuna duten proiektu eta/edo programetarako.

Proiektu/programetan, kronologia-aldi desberdinetako dokumentazioa denean, zenbatespen bat egingo da dagokion puntuazioa ezartzeko.

Proiektu/programaren memorian argi eta garbi adierazi beharko da aztertu beharreko dokumentazioaren datazioa.

d) Proiektuak edo programak barne hartzea estandar deskribatzaileen garapena indartuko duten elementuak, edo artxibo-interesa duen euskarazko beste edozein elementu (20 puntu, gehienez).

Adierazle hauen arabera puntuatuko dira:

– 0 puntu, euskara erabiltzen ez duten proiektuei eta/edo programei.

– 5 puntu, softwarea euskaraz erabilgarri duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...)

– 10 puntu, softwarea euskaraz erabilgarri izan eta erabiltzaileentzako arreta-zerbitzuan euskara erabiltzen duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...)

– 15 puntu, softwarea euskaraz erabilgarri izan, eta erabiltzaileentzako arreta eta artxiboetarako interesgarria den beste edozein osagai (edukien hedapena, erregelamenduak, erakusketak, bisitaldi gidatuak) euskaraz duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...)

– 20 puntu, euskara bada deskribapenetarako hizkuntza (inbentarioak, gidaliburuak, iraulketak, aurkibideak...), eta, horretaz gain, aurreko irizpidean ezarritakoa betetzen bada.

Proiektu/programaren memorian berariaz egiaztatu beharko da, irizpide hau baloratu ahal izateko.

3.– Datu ofizial berrienen arabera 1.500 biztanle baino gutxiago duten toki-erakundeen proiektuen kasuan, 5 puntu gehituko zaizkio haztapen-irizpideen arabera lortutako puntuazioari.

4.– Halaber, genero-ikuspegia berariaz txertatzen duten proiektuei –beraien helburua dela eta edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako jardueretan duten eragina dela eta (emakumeek, emakume-taldeek edo emakume-elkarteak sortutako artxiboak, emakumeekin lotutako gai espezifikoei buruzko funtsak...)–, eman ahal izango zaizkie 5 puntura arte gehiago.

9. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Proiektu eta/edo programa bakoitzak diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren % 50eko dirulaguntza jasoko du gehienez (BEZa barne).

2.– Artikulu honen aurreko zenbakian zehaztutakoa gorabehera, proiektu eta/edo programa bakoitzeko ezin izango da 20.000,00 euro baino gehiagoko dirulaguntza eman, inolaz ere.

10. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak ematea bateragarria izango da helburu bererako beste administrazio batzuek emandako dirulaguntzekin edo laguntzekin, eta beste edozein erakunde publiko zein pribatuk eman litzakeen beste diru-sarrera publiko edo pribatu batzuekin, betiere horren ondorioz gainfinantzaketarik ez badago. Gainfinantzaketarik izanez gero, dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

11. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Kulturako sailburuordeari dagokio, Kalifikazio Batzordeak proposatuta.

2.– Ebazpenean zehaztuko da laguntza eman den edo ez, eta bertan datu hauek jasoko dira: baietsitako eskaeren zerrenda, ezetsitako eskaeren zerrenda eta, hala badagokio, ordezkoak eta ez-onartuak. Laguntza eman bada, honako hau adieraziko da: zein erakundek jasoko duen, zein den aurrekontua onartu eta laguntza jasoko duen proiektua eta zenbateko laguntza jasoko duen. Eskabide ezetsien kasuan, ezespenaren zergatiak adierazi beharko dira. Halaber, oinarri arautzaileetan onuradun izateko ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren, deialdian zehaztutako gehieneko kreditu-zenbatekoa gainditzeagatik onetsi ez diren eskabide guztiak ordezkoen zerrenda ordenatuan jasoko dira, eta eskabide horietako bakoitzari deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera eman zaion puntuazioa adieraziko da. Onartu ez den dirulaguntzarik badago, ez onartzeko arrazoiak adieraziko dira.

3.– Ebazpena egoitza elektronikoko (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa) taula elektronikoan argitaratuko da, eta bitarteko elektronikoz jakinaraziko zaie banaka-banaka prozeduran interesa duten erakundeei. Era berean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko da ebazpen hori. Ebazpenaren jakinarazpena bide batetik baino gehiagotatik egiten denez, lehenbizi egin denaren eguna hartuko da jakinarazpen-datatzat.

4.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

5.– Ildo horretan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluaren arabera, abisu bat bidaliko da interesdunak adierazitako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora, eta jakinaraziko zaio jakinarazpen bat ikusgai duela –«nire karpeta» aplikazioaren bidez– EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta). Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da. Interesdunari beste bitarteko batez egiten bazaio jakinarazpena, lehenbizi egin zaionaren eguna hartuko da jakinarazpen-datatzat.

6.– Entitate onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, agindu honen 12.a) artikuluan ezarritako 10 eguneko epean, dirulaguntza ematen duen organoak erabakiko du –Kalifikazio Batzordea berriz deitu beharrik gabe– zerrendan –puntuazioaren arabera– hurrena dagoen erakunde eskatzaileari edo eskatzaileei ematea dirulaguntza, baldin eta erakundeak onartzen badu. Ordezko erakundeari eman beharreko laguntzak ez du gaindituko hautaketa-fasean puntuazio-irizpidea aplikatuta izan zezakeena, deialdian behar besteko zuzkidura izan balitz. Dirulaguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die erakunde interesdunei, dirulaguntza-proposamen horri hel diezaioten 10 eguneko epe luzaezinean. Behin erakunde eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak dirulaguntza emateko egintza gauzatuko du.

7.– Gehienez ere, hiru hilabetekoa izango da dirulaguntzei buruzko prozedura ebazteko eta erabakitakoa interesdunei jakinarazteko epea, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Ebazpen-epea igarota, interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan xedatzen diren ondoreetarako.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak dira:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Agindutako xede zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.

c) Jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

d) Laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera gauzatu dela.

e) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

f) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.

g) Beste erakunde publiko zein pribatuei xede berberarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren dirulaguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera jakinaraztea, halaber.

h) Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman duen erakundeari.

i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskadiko Artxibo Historikoaren babesa beren-beregi adieraztea, dirulaguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.

j) Edozein formatutan argitaratutako materialek, horien iragarkiek eta dirulaguntzaren bitartez gauzatzen diren jardueren iragarkiek Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetan egon beharko dute. Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak hartu beharko dira kontuan, hizkuntza-kalitatea bermatzeko.

k) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutako betez, ez da hizkuntza modu sexistan erabiliko eta ez da sexuaren araberako rolik eta estereotiporik egongo diruz lagundutako proiektuetan eta programetan.

l) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua), dirulaguntza-arloan aplikatu behar diren gainerako lege-xedapenetan eta, batik bat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak.

13. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.

1.– Dirulaguntza zati bakar batean ordainduko da, justifikatu eta gero.

2.– Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin, baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo egunean ez badago dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak zehazten duen moduan).

14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

Justifikazioak bitarteko elektronikoak erabiliz soilik aurkeztu ahal izango dira, «nire karpeta» aplikazioaren bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

Kasu guztietan, eskabidean aurkeztutako jarduera osoa egin dela justifikatu beharko da, azkenean diruz lagundutako aurrekontuaren ehunekoa edozein dela ere.

15. artikulua.– Justifikatzeko eta justifikazio-agiriak aurkezteko epea.

1.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren erakundeek 2023ko urtarrilaren 10era arte aurkeztu ahal izango dituzte justifikazio-agiriak; tartean, hauek:

a) Diruz lagundutako programa eta/edo proiektu bakoitzaren helburua betetzeari buruzko justifikazio-memoria.

b) Gastuak justifikatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako, egindako gastuen zerrenda aurkeztu beharko da, banakatutako zenbatekoarekin eta dagozkien fakturekin; edo egindako gastuei buruzko kontu-hartzailetzaren edo dagokion idazkaritzaren ziurtagiria, url honetan eskuragarri dagoen 4. eranskina ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/95609

c) Hala egokituz gero, diruz lagundutako proiektu eta/edo programa bakoitzaren garapenean sortutako material zientifikoak (inbentarioak, katalogoak eta abar). Material horiek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren mende dauden informazio-sistemetan sartu ahal izango dira.

d) Xede bererako gainerako laguntzen zerrenda, agindu honi loturiko dirulaguntzaren eskabidea aurkezteko unean jada eman zitzaizkiola ez bazekien, b) apartatuan jasotako url helbidean ageri den ereduarekin bat.

2.– Laguntzen justifikazioari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. eta 31. artikuluetan eta lege horrekin eta berorren erregelamenduarekin bat datozenetan ezarritakoa aplikatuko da.

3.– Justifikazioa aurreikusitako epean aurkezten ez bada, pertsona edo erakunde interesdunari errekerimendua egingo zaio hamabost eguneko epean aurkez dezan. Epe hori amaituta justifikaziorik aurkeztu ez badu, dirulaguntza likidatzeko prozedura hasiko da.

16. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuen eta programen jarraipena.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak diruz lagundutako programa edo proiektua zer nola gauzatzen ari den ikuska dezake eta, horretarako, lantokietara sartzeko modua izateaz batera, nahi beste argibide eskatzeko eskubidea izango du.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Hauek dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, dagokion kasuan, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak ez betetzea.

Jardueraren gauzatzearen ez-betetze partzialak onartu ahal izango dira, baldin eta diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzera bideratutako jarduketa zalantzarik gabe egiaztatzen bada, eta jardueraren betetze-maila eskabidean aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 65era iristen bada, gutxienez. Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, eta azkenean emandako zenbatekoa murriztu egingo da, aurrekontu osoarekiko benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan.

Salbuespen gisa, proiektua gauzatzen ez bada aurrez ezarritako ehunekoan, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak ez-betetze partzialak egin direla jo ahal izango du, baldin eta dirulaguntzaren erakunde onuradunak egindako lanek berezitasun- eta espezifikotasun-ezaugarri objektiboak badituzte, eta, berez, diruz lagundutako proiektuaren xedeari eta helburuari balio erantsia ematen badiote.

c) Dirulaguntzen arloan aplikatu daitekeen beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea, eta, bereziki, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoak.

Baldintza horietarik bat egiaztatzen bada, jaso diren kopuruak eta sortu diren berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, honako hauek aurretiaz betez: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena; eta 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

18. artikulua.– Datu pertsonalak babestearen arloko oinarrizko informazioa.

– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba.

Telefono-zenbakia: 945 01 80 00.

Webgunea: http://euskadi.eus.

– Xedea: Kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean egiten den misioa edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.

– Oinarri juridikoa:

• 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

• 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratu, zuzendu eta ezerezteko, bai eta tratamendua mugatu zein aurkaratzeko ere. Ikus informazio gehigarria.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke honako web helbide honetan: https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren-erregistroa-tje/web01-a2datuba/eu/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0261_eu.html

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; beronen aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 8a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

1. ERANSKINA
PRESKRIPZIO TEKNIKOAK

1.– Soilik datu-baseetan deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatuko dira; deskribapen-fitxa bakoitzari –digitalizazio-unitatetzat hartuko da– bilduma- eta item-kodearen metadatuak gehituko zaizkio. Datu-basearen formatua Euskadiko Artxibo historikoarekin koordinatuko da, eta FileMaker programa hobetsiko da. Fitxategiek erreprodukzio-gailuen kapturako jatorrizko metadatu teknikoak izango dituzte. Fitxategi digitalek metadatu teknikoak izango dituzte, EXIF 2.2 estandarraren arabera, digitalizazio-prozesuari dagokion informazioarekin.

2.– Digitalizazioa nagusiki aireko eskanerrarekin edota argazki-kamerarekin egingo da, horrela agindu honetan eskatutako kalitatea eta baldintza teknikoak bermatuko dira eta.

3.– Dokumentu guztiak tonu jarraituko irudi gisa hartuko dira, eta, beren edukia eta egoera fisikoa zehaztasun handienaz erreproduzitzeko, kolore errealean digitalizatuko dira; kolorearen bizitasuna, gutxienez, 24 bitekoa izango da.

4.– Digitalizatzerakoan gutxieneko bereizmena 5.600 x 3.700 pixelekoa izango da, 300 ppp-tan, dokumentua beti kalitate fotografikoarekin inprimatu ahal izateko, gutxienez jatorrizko neurrian. Adierazitakoa baino bereizmen handiagoa erabiltzea hobekuntzatzat hartuko da edota digitalizazio kalitatearen balio erantsi gisa. Ezaugarri bereziak dituzten dokumentuak –hala nola paperezko argazkiak, gardenkiak, planoak, entzunezko dokumentuak etab.– era berezian digitalizatu beharko dira, haien ezaugarriak eta Euskadiko Artxibo Historikoak ezarritako preskripzio teknikoak kontuan izanda.

5.– Digitalizazioa (dokumentu berezi, grafiko, argazki, marrazki, plano eta abarrena izan ezik) «orrialde bikoitza» sistema erabilita egingo da beti; hots, dokumentu edo espedientearen aurreko ifrentzua eta hurrengo aurkia irudi bakoitzean. Espediente bakoitzaren eskuinaldean geratzen den lehen folioan (aurkia) eta ezkerrean geratzen den azken folioan (ifrentzua) izan ezik, kasu horretan hasierako eta bukaerako fotograma bana egingo baitira. Item bakoitza bereizita digitalizatuko da.

6.– Digitalizazioaren emaitza gisa, honako hauek emango zaizkio Euskadiko Artxibo Historikoari digitalizatutako irudi bakoitzeko:

1) Fitxategi bat TIFF 6/0/ISO formatuan, konprimatu gabe eta kapturako gehieneko bereizmenarekin. Artxibo hori segurtasun-fitxategitzat hartuko da.

2) Segurtasun-fitxategiaren bereizmen bereko eta konpresiorik gabeko JPG formatuko fitxategi bat, dagokion jatorrizko kaptura-fitxategitik edo, halakorik ezean, segurtasun-fitxategitik eratorria. Artxibo hori digitalizazio-mastertzat hartuko da.

3) Fitxategi bat JPG formatuan (hedatzeko kopia izango da), hori ere jatorrizko kaptura-fitxategitik edo digitalizazio-masterretik eratorria, bereizmena 3.266 x 2.100 pixelekoa izango da 175 ppp-tan, eta jatorrizko kalitatea edo konpresioa % 60koa, eta Interneten hedatzeko optimizatua.

4) Artxibo-funtsek argazkiak badituzte, argazki bakoitzeko kaptura-fitxategi bat gehituko da RAW formatuan, arau orokorretan zehaztutakoez gain.

7.– Artxibo-funtsek entzunezko edo ikus-entzunezko dokumentuak badituzte, honako hauek entregatuko zaizkio Euskadiko Artxibo Historikoari:

1) Lehen kopia digital bat AIFF formatuan, segurtasun-fitxategi gisa.

2) Bigarren kopia digital bat WAV formatuan, digitalizazio-master gisa.

3) Hirugarren kopia digital bat MP3 formatuan (128 KB/s), hedapen- edota kontsulta-fitxategi gisa.

8.– Euskadiko Artxibo Historikoari kopiak entregatzeko/biltegiratzeko formatua:

1) Kontserbazio- eta kontsulta-kopia bana, gutxienez 500 GB-eko edukiera duten disko gogorretan, eta USB 3.0 edo Firewire 400/800 ataka bidez konektatu ahal izateko moduan. Halaber, fitxategi guztiak zuzen irekitzen edota irakurtzen direla ziurtatu beharko da, balizko grabazio-akatsak ezabatzeko.

2) Disko gogorra grabazio-formatu hibridoan grabatuko da, hau da, formateatuta, fitxategiak irakurtzeko moduan bai Windows sistema eragileetan, bai Appleren MacOSen, bai Linux/Unix-en.

3) Biltegiratze-euskarriek, jatorria zein den jakiteko, erakundearen identifikazio-datuak eraman beharko dituzte eta, hala badagokio, irudien titulartasuna. Euskarri guztietan, edukia zein den jakiteko behar den informazioa jasoko da: zenbakia, izenburua, edukia eta sorrera-data.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana