Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2022ko maiatzaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2330

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 11koa, Kultura Sustatzeko zuzendariarena, zeinaren bidez ebazten baita argitara ematea Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako hitzarmen bat, sozietateen gaineko zergari buruzko foru araudian kultura sustatzeko pizgarriak aplikatzearen inguruko txostenak egiteari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar den publikotasuna emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako hitzarmen bat, sozietateen gaineko zergari buruzko foru araudian kultura sustatzeko pizgarriak aplikatzearen inguruko txostenak egiteari buruzkoa (ikus eranskina).

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 11.

Kultura Sustatzeko zuzendaria,

AITZIBER ATORRASAGASTI CALCEDO.

Lankidetza hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bidez) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren (Ogasun eta Finantza Sailaren bidez) artekoa, sozietateen gaineko zergari buruzko foru araudian kultura sustatzeko pizgarriak aplikatzearen inguruko txostenak egiteari buruzkoa.
ELKARTU DIRA:

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Bingen Zupiria Gorostidi sailburuak ordezkatua.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentua, Jokin Perona Lerchundi foru diputatuak ordezkatua.

Alderdiek hitzarmena sinatzeko behar den gaitasun juridikoa onartu diote elkarri eta, hori dela bide, hauxe azaltzen dute

AZALPENAK

Lehenengoa.– Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 41. artikuluak ezartzen duenez, Estatuaren eta Euskadiren arteko zerga-harremanak Ekonomia Itunaren edo hitzarmenen foru-sistema tradizionalaren bidez arautuko dira, eta Itunaren araubidearen edukiak honako printzipio eta oinarri hauek errespetatu eta beteko ditu: a) Lurralde historikoetako erakunde eskudunek zergaaraubidea mantendu, ezarri eta arautu ahal izango dute euren lurraldeetan, honako hauek kontuan hartuta: Estatuaren zerga-egitura orokorra, itunean bertan Estatuarekiko koordinazio, zerga-harmonizazio eta lankidetzarako jasotako arauak eta Eusko Legebiltzarrak autonomia-erkidegoaren barruan helburu berberetarako ematen dituenak. Ituna legearen bidez onartuko da. b) Foru-aldundi bakoitzak ordainaraziko, kudeatuko, kitatuko, bilduko eta ikuskatuko ditu zerga guztiak nork bere lurralde historikoaren barruan, muga-zergari dagozkionak eta gaur egun zerga-monopolioen bidez biltzen direnak ezik, betiere Estatuarekiko lankidetza eta bere goi-ikuskaritza kontuan izanda.

Eskubide historikoak aitortzeko, babesteko, errespetatzeko eta eguneratzeko, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onartu zen, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez.

Xedapen horrek bere gain hartzen du Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortutako akordioak ordenamendu juridikoan sartzeko zeregina, eta oinarri da, konstituzionaltasun-blokea osatzen duten arauen barruan, lurralde historikoetako zerga-sistemen diseinua eta zergak aplikatzeko, zehapenak ezartzeko eta foru-lurraldeek eremu horretan dituzten eskubide historikoak zehazten dituzten administrazio-egintzak administraziobidean berrikusteko eskumenak baliatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren 1. artikuluko 1. apartatuak ezartzen du lurralde historikoetako erakunde eskudunek lurralde bakoitzeko tributu-araubideari eutsi eta hori ezarri eta arautu ahalko dutela; orobat, lurralde historikoetako tributu-sistema osatzen duten tributuak ordainaraztea, kudeatzea, likidatzea, ikuskatzea, berrikustea eta biltzea foru-aldundiei dagokiela, nori bereak.

Ildo beretik, aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren 1. artikuluko 3. apartatuak ezartzen duenez, lurralde historikoetan tributu itunduak kudeatu, ikuskatu, berrikusi eta biltzeko eskumena duten erakundeek Estatuko Ogasun Publikoak dituen ahalmen eta eskubide berak izango dituzte.

Bestalde, 27/1983 Legeak, azaroaren 25ekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzkoak, xedetzat du autonomia-erkidegoko erakunde erkideen eta bertako lurralde historikoetako foru-organoen arteko eskumenak zedarritzea, haien titulartasunari eta erabilerari dagokienez, eta xedatzen du lurralde historikoetako foru-organoek eskumen esklusiboa dutela, zeina bakoitzaren araubide juridiko pribatiboaren arabera gauzatuko baitute, Autonomia Estatutuaren 41. artikuluan ezarritako gaietan, eta, oro har, Ekonomia Itunaren Legeak eta beste arau eta xedapen batzuek esleituta dituzten guztiak.

Arau horrek adierazten du, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanak lankidetza- eta elkartasun printzipioetan oinarrituko direla.

Bigarrena.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren, azaldutako esparruan onartutakoa, hamabosgarren xedapen gehigarrian kultura sustatzeko pizgarriak arautzen ditu, otsailaren 11ko, 1/2019 Foru Arauaren bidez aldatu zelarik (2019ko otsailaren 20ko GAOan argitaratua).

Arau honen gaur egungo testuarekin, erregelamenduz ezartzen diren txosten arrazoituak aurkeztu behar direla. Txostenon gaia da ikustea ea baldintza batzuk betetzen diren; hain zuzen ere, zinemako film luzeen eta ikus-entzunezko serieen ekoizpenetan egindako inbertsioengatiko kenkariak (bat eta bi apartatuetan xedatuta) aplikatzeko eskatzen direnak.

Areago zehazten denez, txosten arrazoitu horiek kenkarien oinarria osatzen duten gastuen eta inbertsioen zenbatekoa identifikatu beharko dute, eta lotesleak izango dira zerga-administrazioarentzat, adierazitako baldintzak betetzeari dagokionez.

Erregelamendu bidezko garapena kultura sustatzea helburu duten pizgarriak garatzeko, abenduaren 27ko, 57/2019 Foru Dekretuak burutzen du. Bertan, Eusko Jaurlaritzan gaiaren arabera eskumena duen saila edo hari atxikitako organismo edo erakunde bat izango dela txosten arrazoituak egiteko organo eskuduna xedatzen da.

Hirugarrena.– Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak arte- eta kultura-jarduerak eta horien zabalkundea ditu esleituta bere eginkizunen eta jardun-arloen artean, bat etorrita Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuarekin –Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena-.

Laugarrena.– Aurrekoaren ondorioz, erakunde sinatzaileek lankidetzan jardun nahi dute, lankidetza-hitzarmen honen bidez, aurreko xedapenetan aipatutako araudia behar bezala aplikatzeko, zinemako film luzeen eta ikus-entzunezko obren ekoizpenarekin lotutako kultura-jarduerak babesteko eta sustatzeko neurriak eraginkortasunez artikulatze aldera.

Bosgarrena.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3.1.k) eta 141. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita, administrazio publikoen arteko harremanak gidatu behar dituen elkarrekiko lankidetzaren esparruan txertatzen da lankidetza-hitzarmen hau. Hitzarmenaren gaia honako hau da: gorago aipatutako sozietateen gaineko zergaren kenkariak aplikatzeko txostenak egitea, bi administrazioen jarduera koordinatzeko eta haren efikazia eta efizientzia hobetzeko.

Ondorioz, juridikoki bidezko eta operatiboki komenigarri denez, alderdiek hitzarmen hau egitea adosten dute, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Hitzarmenak klausula hauek izango ditu:

KLAUSULAK

Lehengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da oinarrizko harreman-esparru bat ezartzea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren (aurrerantzean, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila) eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuaren (aurrerantzean, Ogasun eta Finantza Departamentua) artean, «zerga-pizgarria aplikatzeko txostena» emateari dagokionez. Txosten hori kenkari hauek aplikatzeko baldintzak betetzeari buruzkoa da:

– Zinemako film luzeen eta ikus-entzunezko serieen Espainiako ekoizpenetan egindako inbertsioengatiko kenkaria.

– Zinemako film luzeen edo ikus-entzunezko lanen atzerriko ekoizpenak egiteagatiko kenkaria.

Bigarrena.– Lankidetzaren eremu objektiboa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren bitartez, txosten arrazoitua emango du, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren hamabosgarren xedapen gehigarrian aipatzen dena eta otsailaren 11ko, 1/2019 Arauak jasotakoaren arabera, eskatutako baldintzak betetzen diren ala ez adieraziko du. Egindako txostenak jarduera horiei egozten zaizkien gastu eta inbertsioen zenbatekoa identifikatu beharko du.

Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak zabalpen txostena emango du, Ogasun eta Finantza Departamentuak eskatuta, kenkaria aplikatzeko beharrezkoa denean.

Finantza Departamentuari dagokio hauek egiaztatzea: inbertsioak eta gastuak benetan egin direla, eta egindako jarduerak bat datozela emandako txostenean jasotakoekin. Horretarako, beharrezkotzat jotzen duen justifikazioa eskatu ahal izango du edozein unetan.

Hirugarrena.– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren betebeharrak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak konpromisoa hartzen du hitzarmen honen ondoriozko jarduketak egingo dituela, hau errespetatuta: sozietateen gaineko zergaren foru-araudi tributarioak aurreikusten duena hitzarmen honen lehenengo klausulan adierazitako kenkarien arlorako.

Bereziki, konpromiso hauek hartzen ditu:

1.– Nahitaezko txosten arrazoitua egitea, pertsona edo erakunde interesdunak eskatu ondoren, eskatutako dokumentazio guztia aurkeztu eta 6 hilabeteko epean.

Txostenik eskatuko balitzaio, ekainaren 16ko 17/2015 Foru Dekretuaren bidez onartutako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren arabera (kultura sustatzea helburu duten pizgarriak garatzeko, abenduaren 27ko, 57/2019 Foru Dekretuaren bidez aldaturik) emango ditu txostenak.

2.– Ogasun eta Finantza Departamentuak hala eskatuz gero, zabalpen-txostena egitea 3 hilabeteko epean, eskaera egin eta gero.

Laugarrena.– Ogasun eta Finantza Departamentuaren betebeharrak.

Oro har, Ogasun eta Finantza Departamentuak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari lankidetza eta laguntza eman behar dio, agindutako jarduerak hobeto egiteko behar den guztia.

Aurreko klausularen azken paragrafoan zehaztutako kasuetan, Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak, luzapen-txostena emateko errekerimenduarekin batera, txosten hori egiteko egokitzat jotako informazioa eta, hala badagokio, dokumentazioa bidaliko ditu.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren finantzaketa.

Hitzarmen honetatik, alderdietako inorentzat ez da sortuko eduki ekonomikoko betebehar espezifikorik hura garatzeko.

Seigarrena.– Koordinazio eta Jarraipen Batzordea.

Hitzarmen honetan adostutakoari kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko, jarraipen-batzorde tekniko bat eratuko da. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak izendatutako bi kidek eta Ogasun eta Finantza Departamentuak izendatutako bi kidek osatuko dute, eta batzorde horren funtzionamendua bat etorriko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren 3. atalaren 1. azpiatalean jasotako arauekin.

Edozein kidek eskatuta bilduko da jarraipen-batzorde teknikoa.

Jarraipen-batzorde teknikoaren eginkizun dira, alde batetik, hitzarmen honen ondoriozko interpretazio- eta betetze-arazoak konpontzea, halakorik sortuz gero, bai eta egoki irizten dien hitzarmen-hobekuntzen formalizazioa proposatzea ere. Era berean, bere eginkizunak betetzeko egoki irizten dien lantaldeak antolatuko ditu.

Hitzarmenaren funtsezko aldaketarik ez dakarren aldaketa teknikorik bada, jarraipen-batzorde teknikoak berak erabaki ahal izango du.

Zazpigarrena.– Indarraldia, aldaketa eta azkentzea.

Hitzarmen honek sinatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta lau (4) urteko iraunaldia izango du. Aurreikusitako epea amaitu aurreko edozein unetan, alderdiek aho batez adostu ahal izango dute hura luzatzea, gehienez ere lau (4) urteko gehiagorako.

Hitzarmena aldatzeko, alderdi sinatzaileen ahobatezko adostasuna beharko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.g) artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita. Hitzarmena azkendu egingo da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluan ezarritako arrazoiren bat gertatzen bada.

Zortzigarrena.– Araubide Juridikoa.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak atariko tituluaren VI. kapituluan xedatutakoarekin bat etorrita, eta 47. artikuluko 2. apartatuko a) letran xedatutako tipologia dauka.

Hitzarmen hau garatzean eta gauzatzean alderdien arteko auzirik sortu eta ezin bada ebatzi seigarren klausulan aurreikusitako batzordean, administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera.

EUSKO JAURLARITZAKO KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIKO OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA.


Azterketa dokumentala