Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2022ko maiatzaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
2313

62/2022 DEKRETUA, maiatzaren 17koa, zeinaren bidez Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutua (EIEI) sortu eta erakunde horretako lanpostuen zerrenda onartzen baita.

Euskadik eta Europak lehiakortasun handiko merkatuko ekonomia sozial iraunkorra behar dute, aurrerabideari eta kohesio sozialari eutsi eta klima aldaketaren aurka borrokatzea ahalbidetuko duena. Etengabe eraldatzen ari den gizartearen aldeko apustua da, produkzio-ingurune berriak, lanbide berriak, eta aldaketa sozial, teknologiko eta lanari lotutako aldaketa handiak jasaten ari den gizartearen aldekoa. Genero-berdintasunarekin solidarioa eta konprometitua. Eraldaketa horrek aurreko eskemak hautsi, eta lanpostura bideratuta zegoen prestakuntza-eredu batetik lanbide-alorrean kokatuta egon behar duen beste eredu baterantz eboluzionatzera behartzen gaitu. Paradigma-aldaketa horrek pertsona du garapen sozialaren ardatz, eta gaitasun profesionalak eta pertsonalak eskuratu eta finkatzea sustatzen du, gaitasun horiek bermatuko baitituzte beharrezkoak diren balioaniztasuna eta funtzionalitatea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak lanbide-heziketaren eredu konbinatuari buruzko xedapen garrantzitsuak jasotzen ditu, non, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak definitutako lanbide-hezkuntza integratuaren eremua ez ezik, berrikuntza aplikatuari eta ekintzailetzari buruzko ikaskuntzak ere txertatu diren. Horrek guztiak ahalbidetuko digu teknologien eta produkzio-sistemen eboluzio azkarrari aurre egitea; izan ere, eboluzio azkar horrek berekin dakar eguneratze behar etengabea eta enplegagarritasuna hobetzeko eta mantentzeko pertsonek behar dituzten konpetentziak handitzea.

Era berean, Lanbide Heziketako V. Euskal Plana, Gobernu Kontseiluaren akordio bidez onartutakoa 2019ko otsailaren 12ko bilkuran, etengabe eraldatzen ari den gizartearen erronka berriei erantzuteko sortu da. Gizartea gero eta gehiago oinarritzen da aurrerapen teknologikoetan, eta balio sozialak eta gizakiaren esentzia nabarmentzeko premia handia du. Helburua da ardatz gisa hartzea pertsonek duten balioa gizartearen eraldaketarako eta etorkizunerako, 4. industria-iraultzaren erronkei aurre egiteko, ziurgabetasunez eta konplexutasunez betetako testuinguru berriei aurre eginez, etorkizunari buruz ikasteko eta elkarlaneko ikaskuntza sustatzeko. .

4. industria-iraultzaren garapenak sortzen dituen beharrei egokitzeak zentroen antolakuntza-egiturei eta enpresen lehiakortasunari erantzungo dieten estrategia berriak eta mekanismoak eskatzen ditu, eta pertsonen enplegagarritasuna hobetzea. 4. industria-iraultzaren ondorioek, industria-eremuari ez ezik, gizarteari orokorrean eta produkzio-sektore guztiei eragingo diete. Geroraezina da digitalizazioaren eta konektagarritasunaren, robotikaren, adimen artifizialaren eta sistema adimendunen garapenak berekin dakartzan beharrei erantzun bat ematea. Aurrerapen horiek errotik aldaraziko dituzte gauzak, eta, beraz, gure bizitzeko eta lan egiteko modua ere aldatuko dute.

Horregatik, lanbide-heziketan ere aldaketa garrantzitsuak egin behar dira etorkizuneko ikaskuntzen diseinuan, metodologietan eta erabili behar dugun teknologian, zeina askoz aurreratuagoa eta eremu desberdinetara zuzendua izango baita, esaterako honako hauetara: robotika, 3D inprimaketa, dronak, errealitate areagotua eta errealitate birtuala, gauzen interneta eta big data, besteak beste. Lanbide-heziketak aurre egin behar die ikaskuntza-erronka horiei; izan ere, modu horretan, pertsonak prestatu ahal izango ditu, 4.0 Gizartearen produkzio-ingurune berri honetan ondo moldatu daitezen.

Lanbide-heziketak gure produkzio-sarea hobetzen laguntzeko duen konpromisoa kontuan hartuta, gai izan behar dugu, ez soilik produkzioaren eskariei erantzun azkar bat emateko, ezpada haren beharrizanei aurrea hartzeko ere. Egungo egoeran, azkartasuna, malgutasuna, balioaniztasuna eta zeharkakotasuna funtsezkoak dira lehiakortasunerako, batez ere, zientziaren eta teknologiaren aurrerakuntza dela eta, espezializazio-maila handiko profesional berriak behar dituzten inguruneetan.

Ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 21. artikuluak xedatzen duen moduan, legean ezarritako helburuak lortzeko, lanbide-heziketako eskumenak dituzten sailek beharrezkoak diren aholkularitzako erakunde teknikoak izango dituzte, erregelamenduz ezartzen den atxikipenarekin.

Egungo Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua –irailaren 8ko 169/2015 Dekretuaren bidez sortua– organo tekniko gisa eratu zen, eta, lanbide-heziketaren ikuspegitik, bizialdi osoko ikaskuntza eta ezagutzaren garapena sendotzeko estrategiak, programak eta prozedurak zehazteko ardura du.

Ekainaren 28ko 4/2018 Legeak eta Lanbide Heziketako V. Planak proposatutako helburuak lortzeko asmoz, egitura organiko espezializatu berri bat behar da.

Ildo horretatik, dekretu honen bidez, Lanbide Heziketaren Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutua (EIEI) sortu eta erakunde horretako lanpostuen zerrenda onartzen da, Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua ordeztuko duen erakunde gisa, azken hori desagertu egingo baita. Ez da soilik izena ordezkatzea edo aldatzea: lanbide-heziketatik, bizialdi osoko ikaskuntzatik eta ezagutzaren garapenetik talentua indartu eta estimulatuko duten estrategiak, programak eta prozedurak definituko ditu institutu berriak, errendimendu handiko lanbide-heziketaren esparruan, non, gainera, berrikuntzak egin eta etorkizunean beharko diren gaitasunak eta jarrerak esploratzeari lehentasuna emango baitzaio. Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutuak gure enpresen lehiakortasunean eta pertsonen enplegagarritasunean eragina izango duten etorkizuneko joerak identifikatu eta aztertu behar ditu, eta horren arabera prestakuntza-beharrizan berriak ezarri.

Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legearen IV. Tituluko III. Kapituluan hezkuntza babesten duten zerbitzuen funtzioak eta jardute-eremua zehazten dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen II. Tituluko I. Kapituluan, irakaskuntzako funtzio publikoaren egitura eta antolaketari buruzkoan, lanpostuen zerrendetan zehaztu beharreko baldintzak arautzen dira, betiere haien oinarrizko printzipioak eta baldintzok ezartzeko zaindu beharreko prozedura-bideak adieraziz.

Lanpostuen zerrenda hau eratzeko, otsailaren 13ko 25/2001 Dekretuaren bidez ezarritako irizpideei jarraitu zaie. Dekretu horren bidez, Irakaskuntzaren Ikerketa eta Laguntzarako Zerbitzuetako lanpostuetako hizkuntza-eskakizunen eta derrigortasun-daten esleipenari dagokion erregimen espezifikoa ezartzen da.

Harekin bat, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin eta gainerako kontsulta-organo interesdunekin bat, Gobernu Kontseiluak 2022ko maiatzaren 17an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Sorrera eta izaera.

1.– Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutua (EIEI) sortzen da, lanbide-heziketako egungo eta etorkizuneko ikaskuntza-beharrizanei erantzungo dieten lanbide-profil berriak eta beharrezko prestakuntza definituko dituen erakunde tekniko gisa.

2.– Institutua lanbide-heziketako aholkularitza ematen duen erakunde teknikoa da, eta, hezkuntza-sistemaren barruan, lanbide-heziketaren arloko eskumena duen sailburuordetzara geratzen da atxikita modu organikoan. Hala, horri atxikita geratzen da organikoki eta funtzionalki, dekretu honetan zehazten diren xede eta funtzioen garapenerako.

2. artikulua.– Lanpostuen zerrenda.

Lanbide Heziketaren Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutuko (EIEI) lanpostuen zerrenda onartu eta horiek betetzeko eskakizunak finkatzen dira, dekretu honen I. eranskinean zehaztutakoaren arabera.

3. artikulua.– Xedeak eta eginkizunak.

1.– Hauek dira Lanbide Heziketaren Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutuaren (EIEI) xedeak:

a) Ikerketa sustatzea etorkizuneko konpetentzien, espezializazioen eta kualifikazio altuen esparruetan.

b) Gure gizarte- eta produkzio-sareko egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo dien konpetentzien, espezializazioen eta kualifikazio altuen mapa bat finkatzea.

c) Ikerketa sustatzea sortzen ari diren sektoreetako lanbide-profilen esparruan.

d) Ikaskuntza aurreratuen eredu berriak definitu eta horien ezarpena sustatzea.

e) Une bakoitzean eskatzen diren lanbide-profilei erantzungo dieten prestakuntza-edukiak definitzea.

f) Talentuaren esparruan konpetentziak eta profil berriak egiaztatzeko sistema berriak ikertzea.

2.– Horretarako, Institutuak honako funtzio hauek beteko ditu:

a) Prospektiba, elkarlaneko zaintza eta teknologiaren eboluzioa garatzea.

b) Ikaskuntza aurreratuak identifikatzea, lanbide-profil berriak diseinatzea eta egungo eta etorkizuneko prestakuntzari aurrea hartzea.

c) Etorkizunean beharko den prestakuntzaren prospekzioak egitea.

d) Prestakuntza-beharrak identifikatzea, lanbide-heziketako tituluen curriculumak garatzea eta enplegagarritasun hobea eta azkarragoa eta enpleguaren egonkortasun eta kalitate handiagoak lortzeko prestakuntza-ekintzak diseinatzea.

e) Etorkizuneko ikaskuntza berriak definitzea sortzen ari diren sektore ezezagunen beharretan oinarrituta, eta horietara egokitutako prestakuntza-programak sustatzea.

f) Konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura garatzea, tresnak eta beharrezko erregistroak sortuz.

g) Talentuaren esparruan ebaluazio- eta egiaztapen-prozedura koordinatzea.

h) Ezarritako kualifikazio eta konpetentzien arabera, araututako lanbide jakin batzuetako edo lanean aritzeko egiaztagiri jakin bat eskatzen dutenerako eskakizunak aztertzea, prozedurei eta lanbide-erreferenteei buruzko proposamenak eginez, Eusko Jaurlaritzako dagokion sailak onar ditzan.

i) Prestakuntza-zentro eta erakunde baimenduetako pertsonentzako prestakuntza diseinatu eta ematea, konpetentzien eta talentuaren aholkularitza- eta ebaluazio-lanak garatu ahal izan ditzaten.

j) Ikaskuntza-ibilbide espezifikoak proposatzea eta diseinatzea, gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei eta pertsonei egokituak eta zuzenduak, besteak beste desgaitasuna duten pertsonei.

k) Sistema adimendunetan oinarritutako tutoretza-sistema berriak ikertzea.

l) Irakasleentzako ikastaroak, gidak eta eskuliburuak diseinatzea eta argitaratzea.

m) Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 21. artikuluak institutuari ezarritako funtzioekin lotutako eremuetan, gainerako erakunde teknikoekin eta aholkularitza-erakundeekin lankidetzan aritzea, lanbide-heziketaren gaiaren inguruan.

n) Lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzari laguntza ematea atzerritarren tituluak homologatzean edo, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko tituluekin ikaskuntzak baliozkotzean, hura erregulatzeko araudia betez.

o) Lanbide Heziketako euskal sistemaren eta euskal unibertsitate-sistemaren arteko lankidetza sustatzen laguntzea, prestakuntza-ibilbide bateratu posibleak eta mailen arteko baliozkotze posibleak ezartzeko.

p) Lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzak agintzen dizkion eginkizunak betetzea.

4. artikulua.– Plan Estrategikoa eta Urteko Plana.

1.– Plan estrategikoa urte anitzekoa izango da, lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzak ezarritako estrategiekin bat egingo du, eta honako alderdi hauek izango ditu, gutxienez:

a) Egoeraren azterketa.

b) Helburu orokorrak eta espezifikoak, eta zer eginkizun zehatzetara dagoen zuzenduta horietako bakoitza.

c) Planifikatutako helburuak lortzeko ekintzak.

d) Adierazleak.

e) Ezarpen- eta jarraipen-kronograma.

f) Emaitzen ebaluazioa.

2.– Urteko plana da, urteko ekitaldi bakoitzari dagokionez, plan estrategikoaren betearazpena garatzen duen dokumentua.

3.– Plan estrategikoa eta urteko plana lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzaren titularrak onartuko ditu.

5. artikulua.– Antolaketa-egitura.

1.– Berez dagozkion egitekoak eta funtzioak betetzeko, Lanbide Heziketaren Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutuak (EIEI) zuzendari exekutibo bat izango du, bai eta jarduketa-arlo bakoitzeko zuzendariak ere.

2.– EIEI honako jarduketa-arloetan dago egituratuta:

a) Etorkizuneko konpetentzien, espezializazioen eta kualifikazio altuen ikerketa-arloa.

b) Sortzen ari diren lanbide-profilen eta ikaskuntza adimendunen modelizazio-arloa.

c) Talentua egiaztatzeko eta akreditatzeko arloa.

6. artikulua.– Etorkizuneko konpetentzien, espezializazioen eta kualifikazio altuen ikerketa-arloa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemaren barruan lanbide-heziketan diharduen irakasleen kidegoko funtzionario bat izango da etorkizuneko konpetentzien, espezializazioen eta kualifikazio altuen ikerketa-arloko zuzendaria.

2.– Etorkizuneko konpetentzien, espezializazioen eta kualifikazio altuen ikerketa-arloari dagokio:

a) Ikaskuntza aurreratuak eta egungo eta etorkizuneko konpetentziak behatu, aztertu eta identifikatzea.

b) Sortzen ari diren sektoreek eskatzen dituzten konpetentzia berriak diseinatzea (gaur egungoak zein etorkizunekoak).

c) Produkzio-sarearen benetako beharrei erantzuna emango dieten lanbide-profil berriak diseinatzea, prestakuntzaren diseinua aldez aurretik landuz pertsonak prestatuta egon daitezen une bakoitzeko beharrei aurre egiteko.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak ezarritako Lanbide Kualifikazio eta Espezializazioen Euskal Esparruaren prestakuntza-beharrak aztertzea, eta, hala badagokio, esparru horretan ezarritako kualifikazioak handitzea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan ematekoak diren espezializazio-ikastaro eta -programen eta lanbide-heziketako tituluen curriculumen garapena koordinatzea.

f) Enplegagarritasun hobea eta azkarragoa eta enpleguaren egonkortasun handiagoa eta kalitate hobea lortzeko prestakuntza-ekintzak diseinatzea.

g) Ezarritako kualifikazio eta konpetentzien arabera, araututako lanbide jakin batzuetako edo lanean aritzeko egiaztagiri jakin bat eskatzen dutenerako eskakizunak aztertzea, prozedurei eta lanbide-erreferenteei buruzko proposamenak eginez, Eusko Jaurlaritzako sail eskudunak onar ditzan.

h) Ikaskuntza-ibilbide espezifikoak diseinatzea eta proposatzea, gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei eta pertsonei –besteak beste desgaitasuna dutenei– egokituta eta zuzenduta.

i) Arauzko beste xedapen batzuetan zehaztutako edo lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzak agindutako gainerako eginkizun guztiak garatzea.

3.– Etorkizuneko konpetentzien, espezializazioen eta kualifikazio altuen ikerketa-arloko zuzendariaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren Behatokiarekin batera, zeregin hauetan parte hartzea: lanbideen eta enpleguen jarraipena egitea, sortzen ari diren lanbide eta okupazioak identifikatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan kualifikazioari dagokionez dauden premiak hautematea.

b) Kualifikazioen eremu bat zehaztea, ezartzen den prozedurarekin bat etorriz onartu beharrekoa, eta, hala badagokio, erreferente profesionalak zehaztea, Euskal Autonomia Erkidegoko premiei erantzuteko eta prestakuntza-ekintza eraginkor eta efizienteak garatzeko ezinbesteko oinarri gisa.

c) Lanbide Heziketako Euskal Sistema Bateratuari zabalkundea ematea eta, haren barnean, prestakuntza-zentroei, gizarte-eragileei, eta enpresa-elkarte eta -erakundeei laguntza teknikoa ematea, lanbide-kualifikazio berriak konfiguratze aldera.

d) Informazioa eguneratuta izatea eta kontrasteak egitea maila nazionalean eta Europar Batasunaren mailan, kualifikazio eta konpetentzien esparruan ezartzen diren jarraibide eta araudi berriak aztertzeko.

e) Ezarritako kualifikazio eta konpetentzien arabera, araututako lanbide jakin batzuetako edo lanean aritzeko egiaztagiri jakin bat eskatzen dutenen eskakizunak aztertzea eta dagokion sailarekin eztabaidatzea, haien onarpenerako adostutako proposamenak igortzeko.

f) Institutuaren kudeaketan parte hartzea, dituen baliabide-premien berri emanez eta bere kudeaketa-arloan lortu beharreko helburuak proposatuz.

g) Bere eskumenaren arloko baliabideak eta espazioak kudeatzea, ezarritako helburuak lortu ahal izateko.

h) Zuzendari exekutiboarekin lankidetzan aritzea, plan estrategikoaren eta urteko planaren proposamenak lantzen eta ebaluatzen.

i) Urteko plana egikaritzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea, bere kudeaketa-arloari dagozkionak, baita Institutuko zuzendari exekutiboak eskatzen dizkion gainerako nahitaezko txostenak ere.

4.– Dekretu honen 11. artikuluan jasotakoaren arabera aukeratutako pertsona izendatuko da etorkizuneko konpetentzien, espezializazioen eta kualifikazio altuen ikerketa-arloko zuzendari.

7. artikulua.– Sortzen ari diren lanbide-profilen eta ikaskuntza adimendunen modelizazio-arloa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemaren barruan lanbide-heziketan diharduen irakasleen kidegoko funtzionario bat izango da sortzen ari diren lanbide-profilen eta ikaskuntza adimendunen modelizazio-arloko zuzendaria.

2.– Sortzen ari diren lanbide-profilen eta ikaskuntza adimendunen modelizazio-arloari dagokio:

a) Prospektiba, elkarlaneko zaintza eta teknologiaren eboluzioa garatzea, enplegu-beharren egoera, okupazio-eremuak, lan-merkatuaren etorkizuneko erronka eta eskakizunei aurrea hartuz.

b) Prestakuntza-beharren prospekzioak egitea, euskal produkzio-sareko lanbideen etorkizuna ikusi eta baloratzeko.

c) Etorkizuneko ikaskuntza berriak etengabe definitzea, sortzen ari diren sektoreen eta gaur egun ezagutzen ez diren sektoreen beharren arabera, euskal produkzio-sareko enpresa aurreratuenekin lan eginez eta lankidetzan arituz.

d) Ikasleen aurrerapena eta prestakuntza –modu indibidualean zein kolektiboan– ahalbidetuko duten sistema adimendunetan oinarritutako tutoretza-sistema berrien erabilera ikertzea.

e) Une bakoitzeko beharretara egokitutako eta testuinguru horretan kokatutako prestakuntza-programak sustatzea, pertsonen enplegagarritasuna handitzen eta aurrerapenak lortzen lagunduko duten balioak txertatuz.

f) Irakasleen prestakuntza hobetzeko ikastaroak, gidak eta eskuliburuak diseinatu eta argitaratzea, etorkizunean antzemango diren beharrei modu efizientean erantzun ahal izateko.

g) Arauzko beste xedapen batzuetan zehaztutako edo lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzak agindutako gainerako eginkizun guztiak betetzea.

3.– Hauek dira sortzen ari diren lanbide-profilen eta ikaskuntza adimendunen modelizazio-arloko zuzendariaren funtzioak:

a) Lanbide-heziketako maila bakoitzeko tituluen curriculumen garapena koordinatzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren testuinguruan kokatuz eta haren arabera egokituz.

b) Tituluak Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluari aurkeztea, eta egon daitezkeen ekarpenak jasotzea.

c) Tituluak Euskal Autonomia Erkidegoan zabaldu eta ezartzen laguntzea, prestatzaileei laguntzeko materialak nahiz titulu horien garapena kontrolatzeko tresnak finkatuz.

d) Sortzen ari diren teknologia berriekin eta irakaskuntza-metodo aktibo eta integralekin lotuta, irakasleen prestakuntza proposatu eta, hala badagokio, hura kudeatzen laguntzea.

e) Tituluei, espezializazio-programei eta beste programa batzuei zuzendutako beharrezko prestakuntza-ekintzak definitzea.

f) Enpresetatik eskatzen diren lanbide-balio eta -jarrerak ziurtatu eta sendotzea eta ikasleen ikaskuntza-jardueretan zeharkako konpetentziak sustatzea –gaitasun instrumentalak, pertsonen artekoak eta sistematikoak–, laneko eginkizunak modu profesionalean eta lehiakortasunez betetzeko.

g) Tituluak emateko modalitateen ikerketan eta egokitzapenean parte hartzea eta ikasleei protagonismo handia aitortzen dieten irakaskuntza-ikaskuntzako metodologien garapenean parte hartzea; era berean, zenbait prestakuntza-programa dituzten proiektu edota ibilbideekin lotutako proposamenak egitea.

h) Institutuaren kudeaketan parte hartzea, dituen baliabide-premien berri emanez eta kudeaketa-arloan lortu beharreko helburuak proposatuz.

i) Bere eskumenaren arloko baliabideak eta espazioak kudeatzea, ezarritako helburuak lortu ahal izateko.

j) Zuzendari exekutiboarekin lankidetzan aritzea, plan estrategikoaren eta urteko planaren proposamenak lantzen eta ebaluatzen.

k) Urteko plana egikaritzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea, bere kudeaketa-arloari dagozkionak, bai eta Institutuko zuzendari exekutiboak eskatzen dizkion gainerako nahitaezko txostenak ere.

4.– Dekretu honen 11. artikuluan jasotakoaren arabera aukeratutako pertsona izendatuko da sortzen ari diren lanbide-profilen eta ikaskuntza adimendunen modelizazio-arloko zuzendari.

8. artikulua.– Talentua egiaztatzeko eta akreditatzeko arloa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemaren barruan lanbide-heziketan diharduen irakasleen kidegoko funtzionario bat izango da talentua egiaztatzeko eta akreditatzeko arloko zuzendaria.

2.– Talentua egiaztatzeko eta akreditatzeko arloari dagokio:

a) Konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura diseinatzea, tresnak eta beharrezko erregistroak sortuz.

b) Talentuaren esparruan ebaluazio- eta egiaztapen-prozedura koordinatzea.

c) Pertsonek lan-esperientziaz edo prestakuntzako bide ez formalen bitartez lortutako gaitasun profesionalak ebaluatzeko edo egiaztatzeko prozedura koordinatzea.

d) Prestakuntza-zentro eta erakunde baimenduetako pertsonentzat beharrezko prestakuntza diseinatu eta ematea, konpetentzien eta talentuaren aholkularitza- eta ebaluazio-lanak garatu ahal izan ditzaten, betiere, prestakuntza hori gainditu ondoren, lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailburuordetzak egiaztatu eta gero haren aholkulari edo ebaluatzaile izaera.

e) Arauzko beste xedapen batzuetan zehaztutako edo lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzak agindutako gainerako eginkizun guztiak betetzea.

3.– Honako hauek dira talentua egiaztatzeko eta akreditatzeko arloko zuzendariaren eginkizunak:

a) Indarreko araudiarekin bat etorriz, prozedura bat proposatzea, pertsonek ikaskuntza bide ez-formalen zein formalen bitartez eskuratutako konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko.

b) Prozedura garatzeko eta haren trazabilitatea ziurtatzeko beharrezkoak diren tresnen eta erregistroen prestaketa koordinatzea.

c) Aholkulari naiz ebaluatzaileak gaitzeko prestakuntza espezifikoko ikastaroen diseinua koordinatzea, eta Ebaluazio Batzordeetako kideen izendapenak proposatzea, eskumena duten administrazioek izenda ditzaten.

d) Ebaluazio-prozeduraren jarraipena definitu, ezarri eta gauzatzea, ikaskuntzen aitorpenean kudeaketaren kalitatea ziurtatzeko.

e) Pertsonei, euren interesetan eta beharretan oinarrituta, aurrera egiteko ibilbideak finkatzeko aukera emango dieten tresnen diseinua koordinatzea.

f) Pertsonek eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko eta erregistratzeko aukera emango duen aplikazio informatikoaren diseinua eta kudeaketa koordinatzea.

g) Pertsonek lortutako konpetentzien erregistroa eguneratuta mantentzea (lanbide-gaitasunak aitortu, ebaluatu, egiaztatu eta erregistratzeko gailua erabiliz), eta dagokion sailera helaraztea.

h) Institutuaren kudeaketan parte hartzea, dituen baliabide-premien berri emanez eta kudeaketa-arloan lortu beharreko helburuak proposatuz.

i) Bere eskumenaren arloko baliabideak eta espazioak kudeatzea, ezarritako helburuak lortu ahal izateko.

j) Zuzendari exekutiboarekin lankidetzan aritzea, plan estrategikoaren eta urteko planaren proposamenak lantzen eta ebaluatzen.

k) Urteko plana egikaritzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea, bere kudeaketa-arloari dagozkionak, bai eta Institutuko zuzendari exekutiboak eskatzen dizkion gainerako nahitaezko txostenak ere.

4.– Dekretu honen 11. artikuluan jasotakoaren arabera aukeratutako pertsona izendatuko da talentua egiaztatzeko eta akreditatzeko arloko zuzendari.

9. artikulua.– Zuzendari exekutiboa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemaren barruan lanbide-heziketan diharduen irakasleen kidegoko karrerako funtzionario bat izango da Institutuko zuzendaria, eta eginkizun hauek izango ditu:

a) Institutuaren antolaketa, funtzionamendua, alderdi ekonomikoa eta kontu betearazleak kudeatzea.

b) Urteko gastu-aurrekontua proposatzea eta gastuak onartzea.

c) Lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzari bidaltzea kudeaketa-kontuak, kontu horiek kontsolidatzeko eta aurrekontu-ekitaldiari dagozkion itxierako eta likidazioko kontabilitate-betekizunak modu zentralizatuan betetzeko, ogasun eta finantza arloaren eskumena duen sailak urtero ezartzen dituen arauen arabera, aldizkakotasun honekin:

– Lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzari bidaltzea hasierako aurrekontua, onar dezan. Aurrekontu hori aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran bidali beharko dio, behar bezala beteta.

– Sei hilean behin eta, edonola ere, abenduaren 31ko dataz, kudeaketa-kontuak egitea, lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordeak onar ditzan.

– Hezkuntza Sailaren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta, hala badagokio, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren esku izatea sarreren eta gastuen agiri-euskarri guztiak.

d) Arloetako zuzendariekin lankidetzan, proposamenak egitea eta plan estrategikoa eta urteko plana ebaluatzea, eta ebaluazio-txostena aurkeztea lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzaren titularrari.

e) Institutuko arloetan garatu beharreko egitekoak gainbegiratzea eta koordinatzea.

f) Aldaketarako profilen joeren, ikaskuntzen eta etorkizuneko konpetentzien behatokiaren funtzionamendua dinamizatu, sustatu eta koordinatzea.

g) Etorkizuneko ikaskuntzen programa berrien proposamenak, curriculumak eta espezializazio-programen edukiak lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzari aurkeztea, hark onar ditzan, eta ondoren EIEIk diseina ditzan.

h) Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren aurrean eta Lanbide Heziketako Euskal Planaren garapenean parte hartzen duten beste erakunde batzuen aurrean Institutuaren jarduerei buruzko txostenak aurkeztea.

i) Institutuaren urteko plana eta plan estrategikoa betetzeari buruz egin beharreko txostenak egitea.

j) Hezkuntza-sistemaren lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzak esleitutako ekintzak inplementatzea, baldin eta institutuaren funtzio-eremuari badagozkio eta Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-heziketa garatzekoak badira.

k) Lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzari laguntza ematea, Gobernuaren erakundeen arteko edo beste administrazio batzuen arteko kooperaziorako ekintzak finkatzeari dagokionez.

l) Zentroaren ordezkari nagusia izatea izaera bereko erakundeekiko harremanetan, Estatuan zein Europar Batasunean, metodologiak, proiektuak, esperientziak eta lan egiteko sistematikak konparatzeko, ezagutarazteko eta hobetzeko.

m) Institutuak bere zereginen artean egingo dituen argitalpen, publizitate-kanpaina eta bestelako esku-hartzeen betearazpena eta garapena ikuskatzea.

n) Lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzaren titularrak eskatutako gainerako ekintzak burutzea.

2.– Dekretu honen 11. artikuluan jasotakoaren arabera aukeratutako pertsona izendatuko da zuzendari exekutibo.

10. artikulua.– Aurrekontua eta kontratazioa.

1.– Hezkuntza-arloaren eskumena duen sailak, urtero eta bere aurrekontuaren barruan, Institutuari esleitutako funtzioak betetzeko beharrezkoa den zuzkidura ekonomikoa emango du.

2.– Zentroaren funtzionamendurako beharrezkoak diren kontratuei dagokienez, zuzendari exekutiboa izango da kontratazio-organoa, betiere kontratuak txikiak badira, administrazio publikoetako kontratazioari buruzko araudiaren arabera. Ildo horretatik, dagokion gastua baimentzea ere haren eskumena izango da.

Obra-kontratuen kasuan, obra horiek berehala egiteko konponketa-, kontserbazio- edo mantenu-lan txikiak izan beharko dira, fakultatibo eskudunak egindako proiektu teknikoa behar ez dutenak.

Gainerako kontratuen kasuan, dagokion eskaera egin beharko dio hezkuntza arloaren eskumena duen saileko kontratazio-organoari, hura baita dagokion kontratazio-espedientea ireki eta abiatzeko eskumena duena.

3.– Kudeaketa zentralizatuko zerbitzu eta horniduren kontratazioa ez da zuzendari exekutiboaren eskumena.

11. artikulua.– Langileak eta lanpostuen hornidura.

1.– Institutura atxikitako irakasleen erregulazioa ikerketako eta irakaskuntzari laguntza emateko zerbitzuetako langileentzat ezarritakoa izango da.

2.– I. eranskinean zerrendatutako lanpostuak betetzeko sistema merezimendu-lehiaketarena izango da, eta deialdia hezkuntza-arloko administrazioak egingo du, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 33. artikuluak ezartzen dituen baldintzetan.

3.– Aldi baterako atxikipena hiru urterako berritzeko, eta sei urtez jarraian jardun ondoren behin betiko atxikitzeko, karrerako irakasle funtzionarioek egindako lana baloratu beharko da.

4.– Artikulu honen 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoaren ondorioetarako, Balorazio Batzorde bat eratuko da, lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzak izendatuko duena. Batzorde hori honela osatuko da:

a) Lehendakaria: hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordea.

b) Lehendakariordea: hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren eskumena duen zuzendaria.

c) Bokalak: hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren eskumena duen zuzendaritzako teknikariak.

d) Idazkaria: hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren eskumena duen zuzendaritzako teknikari bat izango da; hitza izango du, baina botorik ez.

Balorazio Batzordea osatzean, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera. Ondorio horietarako, lau kide edo gutxiagoko organoetan, ordezkaritza orekatutzat joko da sexu biek ordezkaritza izatea.

5.– Karrerako irakasle funtzionarioek egindako lanaren balorazioa, bai aldi baterako atxikipena berritzeko bai behin betiko atxikipena lortzeko, baxua, ertaina, handia edo bikaina izango da, honako irizpide hauen arabera:

a) Institutuaren urteko planean zerrendatutako helburuen betetze-maila.

b) Institutuak zehaztutako balioekiko portaera.

6.– Hurrenez hurren, hiru urteko balorazioa eta sei urteko balorazioa aintzat hartuta, «handia» eta «bikaina» arteko balorazioa lortzen duten langileei aldi baterako atxikipena berritu eta behin betiko atxikipena onartuko zaie.

7.– Balorazio Batzordeak urtero egin ahal izango du balorazioa, artikulu honen 5. apartatuan ezarritako baldintza berberetan. Balorazio hori kontuan hartuko da hiru urteko eta sei urteko balorazioetan.

Urteko balorazio hori borondatezkoa izango da irakasleentzat, eta ez du berez ondorio kaltegarririk izango atxikitako funtzionarioentzat, harik eta aldi baterako atxikipena berritzeko hiru urteko epea eta behin betiko atxikipenerako sei urteko epea igaro arte.

12. artikulua.– Ondarea.

Institutuak erabilgarri izango ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ondarearen parte izanik, hezkuntza arloaren eskumena duen sailera atxikita dauden eta hark Institutuaren esku jarri dituen ondareak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen lehen xedapen gehigarriaren 4. apartatuan ezarritakoarekin bat etorrita, Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutuak (EIEI) laguntza emateko langileak izan ahal izango ditu zailtasun berezia duten proiektuak edo kualifikazio berezia eskatzen duten proiektuak garatzeko, betiere proiektuek lotura badute lege horretan jasotzen den lanbide-heziketako eredu konbinatuaren atalen batekin. Langile horiek zerbitzu-eginkizunetan jardungo dute dagozkien eginkizunak garatzeko, lanpostua betetzeko berariaz egingo den deialdiaren bidez. Dagokion aurrekontu-legean onartutako aurrekontu-kontsignazioen araberakoa izango da esleipen hori.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren 2. apartatuan ezarritakoarekin bat etorrita, Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutuak (EIEI) lanbide-heziketako zentro integratuen autonomia-erregimena izango du, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 34. artikuluan aurreikusitakoa.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua (EEI) sortu eta bere lanpostuen zerrenda onartzen duen irailaren 8ko 169/2015 Dekretuaren bidez argitaratutako lanpostuen zerrendako plazen eta egungo aldaketatik eratorrien arteko baliokidetasuna II. eranskinean ezartzen da.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Hau da I. eranskinean agertzen diren lanpostuen berariazko osagarria:

a) Zuzendari exekutiboa: 720,60 euro hilean.

b) Arloetako zuzendariak: 576,48 euro hilean.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Desagertu den Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren baliabide material eta pertsonalak Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutuari (EIEI) atxikita geratzen dira.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutuko (EIEI) lanpostuen zerrenda berrian argitaratutako lanpostuekin baliokide ez diren egungo lanpostuen kasuan, behin betiko destinoa izan eta lanpostu horiek betetzen dituzten langileak mugiarazi egingo dira, eta beren jatorrizko ataleko lanpostuak betetzeko deialdietan parte hartuko dute izaera horrekin, aplikagarria den araudian xedatutako moduan; lanpostu horiek zerbitzu-eginkizunetan izendatuta betetzen dituzten langileen kasuan, zerbitzu-eginkizuna amaitu egingo da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten da irailaren 8ko 169/2015 Dekretua, Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua sortu eta Institutuko lanpostuen zerrenda onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

1.– Indarreko legezko araudian Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuari egindako aipamenak, betiere 3. artikuluan jasotzen diren funtzioekin lotura badute, Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutuari (EIEI) egindakotzat ulertuko dira.

2.– Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren 2.D.8 artikuluan eta bigarren xedapen gehigarrian Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuari egiten zaion erreferentzia Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutuari (EIEI) egindakotzat ulertuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko maiatzaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala