Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2022ko maiatzaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2134

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 4koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez deitzen eta arautzen baitira, 2022ko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko klusterren antolakunde dinamizatzaileentzako babes-laguntzak.

Lehiakortasunaren eta hazkundearen arloko Europako estrategien barruan, klusterrak berrikuntza- eta eraldaketa-eragile garrantzitsutzat jotzen dira, eta klusterren antolakunde dinamizatzaileei klusterren lehiakortasuna hobetzeko funtsezko eginkizuna aitortzen zaie, lankidetzaren bidez eta trantsizio handiek dakartzaten erronka handiez baliatuz (hau da, energia eta ingurumenekoa, teknologiko-digitala eta demografiko-sozialak); izan ere, garapen jasangarrirako helburuekin eta Europako Agenda Berdearekin bat eginda, garapen ekonomikorako funtsezko aukerak sortzen dituzte.

Hiru trantsizioek aukera ematen dute Euskadiren lehiakortasuna berritzeko, eta, aldi berean, etorkizunerako industria-aukera berriak sortzen dira.

Klusterren antolakunde dinamizatzaileak (KAD) «helize hirukoitzaren» ikuspegian, berrikuntza irekian eta lankidetza publiko-pribatuan oinarritzen dira. Horregatik, enpresak, batez ere ETEak, lehiakor bihurtzen laguntzen dute, eta horiek balio-kate globaletan txertatzen. Halaber, eskualde-garapenean eta lurraldeko eraldaketa ekonomikoan laguntzen dute, bai eta Jaurlaritzaren berrikuntza, lehiakortasun eta jasangarritasunerako planak, estrategia sektorialak eta politika publikoak ezartzen.

Klusterren antolakunde dinamizatzaileak (KAD), oro har, tamaina txikikoak dira, eta, barne hartzen dituzten ETEak bezala, erakunde dinamizatzaileek elkar indartu behar dute elkarrekin eta klusterraren antzeko beste elkarte batzuekin lankidetzan arituz; hori horrela, bat egiteko, taldekatzeko eta finkatzeko prozesuak egin behar dituzte, eta baliabide eta gaitasun handiagoak lortu behar dituzte, aurre egin beharreko erronkei heltzeko eta beren lehentasunak birbideratzeko.

Bestalde, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiaren eraginpean egon da oraintsuko errealitatea. Krisi horrek agerian utzi du beharrezkoa dela hiru trantsizioak (berde, digital eta demografiko-soziala) bizkortzea, horietako bakoitzarekin lotuta sortzen diren aukerak aprobetxatzea eta epe ertain eta/edo luzerako apustu industrial eta teknologikoa egitea.

Ildo horretatik, «Euskadi Martxan» 2020-2024 Gobernu Esparru Programak ekonomia eta enplegua suspertzea du ardatz nagusietako bat, industria aurreratuan, inbertsioan, berrikuntzan eta nazioartekotzean oinarritutako estrategia baten bidez. Programa horrek Kluster politikaren jarduketa-konpromiso gisa jasotzen du Euskadin eraldaketa industriala sustatzea eta trakzio-proiektuak garatzea, ekosistema industrialetan eta balio-kate globaletan integratuta.

Halaber, Esparru Programaren Oparotasunaren I. ardatzaren barruan, Industria Garatzeko eta Nazioartekotzeko Plana sartzen da jarduketa gisa, eta haren konpromisoetako bat da EAEko klusterretako eragileen arteko lankidetza bultzatzea.

– Klusterren antolakunde dinamizatzaileei (KAD) laguntza ematea lankidetza-dinamikak errazteko egiten duten lanean, enpresek hiru trantsizioen inguruan sortzen diren aukera eta balio-kate berrien aurrean egokitzeko eta kokatzeko aukera izan dezaten.

– KADen lana bultzatzea, gure industriaren garapen teknologikorako eta nazioartekotzerako motor gisa.

– Kluster-politika birbideratzea, Euskadin industria-birlokalizazioa eta proiektu traktoreen garapena bultzatzeko, industria-ekosistemetan eta Europako balio-kateetan integratuta, eta eurentzako finantzaketa bilatzea Europako funtsen bidez.

Ildo horretan txertatzen da laguntzei buruzko Agindu hau, Dirulaguntzei buruzko Plan Estrategikoan jasotzen dena. Plan hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu zuen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Jarraibide horien arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko printzipio arauemaileei buruzko Legearen IV. eta VI. tituluetan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean) eta aurreko legearen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Dirulaguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, 2021eko abenduaren 23ko 11/2021 Legeko (Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartu dituena) aurrekontu-kredituen kontura finantzatuko da Aginduko deialdi hau.

Era berean, Agindu honi 651/2014 Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko ekainaren 17koa, aplikatuko zaio, EBko Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeari buruzkoa (AO, L 187 seriea, 2014ko ekainaren 26koa) (aurrerantzean, salbuespen-erregelamendua), enpresa talde berritzaileentzako laguntzei dagokienez, 27. artikuluan deskribatzen den moduan.

Eta, horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko klusterren antolakunde dinamizatzaileentzako (KAD) 2022ko ekitaldirako laguntzak arautzea eta haien deialdia egitea, hurrengo artikuluetan jasotzen diren terminoetan, ETEen eta, orokorrean, EAEko ekonomiaren lehiakortasuna sustatzeko.

2.– Klusterraren antolakunde dinamizatzaile (KAD) batek enpresa bultzatzaileak, ETEak, eragile zientifiko-teknologikoak eta hezkuntza- eta prestakuntza-zentroak biltzen ditu. Eta bere helburua klusterraren lehiakortasuna hobetzea da, batez ere ETEena, lankidetzaren bidez.

Klusterraren Antolakunde Dinamizatzailetzat (KAD) honako hauek hartuko dira:

– Irabazi asmorik gabeko eta berezko nortasun juridikoa duten elkarteak (aurrerantzean, elkartea), edo

– elkarte horien federazioak (aurrerantzean, federazioa), berezko nortasun juridikoa dutenak, eta,

– elkarte-taldeak (aurrerantzean, taldea), berezko nortasun juridikoa dutenak edo ez dutenak.

Klusterraren antolakunde dinamizatzaileak (KAD) erronka komunak identifikatzen lagundu behar du eta klusterreko kideen baterako jarduketak sustatu behar ditu nazioartekotzeko eremu estrategikoetan, berrikuntza teknologikoaren eta enpresa-berrikuntzaren alorretan, eta I+Gn, eta hori guztia RIS3 estrategiaren espezializazio-lehentasunekin eta/edo aukera-nitxoekin bat etorriz, interes-talde desberdinen premiak kontuan hartuta eta Eusko Jaurlaritzaren politikek eskatzen dutenari erantzunez.

3.– Agindu honen ondorioetarako, honako hau hartzen da klustertzat: erakundeen, hala nola enpresak (handiak, ertainak eta txikiak), eragile zientifiko-teknologikoen, ikastetxeen eta prestakuntza-zentroen, erakunde publikoen eta haien elkarteen multzo bat, hurbileko eremu geografiko batetik jardunda elkarrekin erlazionatuta daudenak balio-kate bateko edo produkzio-eremu bateko eta zerbitzu-eremu bateko kide direlako, antzeko ezagutzak edo teknologiak dituztelako, azken merkatu berera edo merkatuko segmentu berera bideratuta daudelako eta abar.

4.– Deialdi honen xede diren laguntzei 651/2014 Erregelamendua (EB), Europako Batzordearena, 2014ko ekainaren 17koa, aplikatuko zaie (L 187 Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratua, 2014ko ekainaren 26an); horren arabera zenbait laguntza-kategoria bateragarri jotzen dira barne-merkatuarekin, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, enpresa talde berritzaileentzako laguntzen 27. artikuluan sartuta daudelako eta aipatutako Erregelamenduaren I. eta II. kapituluetan ezarritakoa bete beharko dute (aurrerantzean, kategorien araberako salbuespen-erregelamendu orokorra).

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutakoaz gain, beren jarduera ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten eta ondoren aipatuko diren baldintzak betetzen dituzten 1.2 artikuluko klusterren antolakunde dinamizatzaileek (KAD) eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Baldintzak honako hauek dira:

a) Klusterraren zenbait urtetarako Plan Estrategikoa (KPE) izatea, eguneratua eta erakunde onuradunen gobernu-organoek onartua, «Klusterren Plan Estrategikoak Egiteko Gidaren» arabera garatua eta www.euskadi.eus orrialdean argitaratua.

b) Klusterraren urteko Jarduketa Plana (KJP) izatea, honako hauek barne hartuko dituena: egin beharreko ekintzak, bideratu beharreko baliabideak eta Klusterraren Plan Estrategikoa hedatzeko eta ezartzeko lortu nahi diren emaitzak, hala badagokio, urteko nazioartekotze-proiektua identifikatuz.

c) Masa kritiko nahikoa izatea. Antolakunde dinamizatzailera (KAD) kuotarekin atxikitako enpresen kopuruak 30etik gorakoa izan behar du, eta atxikitako enpresen fakturazio osoak Euskal Autonomia Erkidegoko barne-produktu gordinaren % 1etik gorakoa.

d) Enpresa txikiek eta ertainek parte hartzea. Bildutako erakundeen % 60 enpresa gutxienez txiki eta ertainak izatea. Enpresa txiki eta ertaintzat hartzeko, baldintza hauek bete behar dituzte:

– 250 langile baino gutxiago izatea.

– Urteko negozio-bolumena gehienez 50 milioi euro izatea, edo, bestela, urteko balantze orokorra gehienez 43 milioi euro izatea.

Atxikitako enpresa elkartuen kasuan, 651/2014 Erregelamenduaren, Batzordearenaren, ekainaren 17koaren, 4., 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoa kontuan hartuta egingo da langileen eta mugen zenbaketa.

e) Bere kideen artean alderdi interesdun guztien eta klusterra osatzen duten balio-kateen ordezkaritza izatea: enpresa bultzatzaileak edo integratzaileak, hornitzaile ertain eta txikiak, eragile zientifiko-teknologikoak, prestakuntza-zentroak, unibertsitateak eta abar.

f) Nazioartekotze-poltsan sartzeko egitura espezializatuak izatea: nazioartekotze-batzordea, nazioartekotze-taldea edo antzekoa.

g) Bere jarduera-eremua, lurraldeari dagokionez, gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoa izatea.

h) Klusterraren zenbait urtetarako Plan Estrategikoa (KPE), Klusterraren urteko Jarduketa Plana (KJP) eta lankidetzaren bidez enpresen lehiakortasuna sustatzeko egiten diren jarduketak behar bezala egokitu daitezela Eusko Jaurlaritzaren Lehiakortasun, Teknologia eta Berrikuntza Estrategiara eta XII. Legealdiko Industria eta Nazioartekotze Planera, horiekin bat etortzea, eta haiek ezartzen laguntzea.

i) Taldeek elkartutako erakundeak ordezkatuko dituen zuzendaritza-batzorde bat izatea, eta proposatutako jarduerak Plan Estrategikoarekin bat etorriz gauzatzeko erantzukizuna bere gain hartzea.

j) Kudeatzailearen kontratua eta lanaldi osoan ariko den pertsona bat izatea; hark erantzukizun exekutibo gorena izan beharko du Klusterraren urteko Jarduketa Plana (KJP) koordinatzeko eta gauzatzeko orduan.

Federazio eta taldeetan, kontuan hartuko da kide den elkarte horietako bakoitzaren magnitudeen batura, paragrafo honetan aipatzen diren baldintzak betetzeko.

2.– Klusterren antolakunde dinamizatzaile onuraduna erakundeen elkarte bat denean bakarrik, horietako bat, erakunde eskatzailea, izango da ekintzak gauzatzea koordinatzeko ardura izango duena; era berean, hark hartuko du bere gain ordezkaritza, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin egin beharko diren elkarrizketa eta harremanetarako. Federazio bat bada, federazio horrek hartuko du bere gain eginkizun hori.

Eskabidean berariaz adierazi beharko dira federazioa eta elkartea osatzen duen elkarte bakoitzak bere gain hartutako gauzatze-konpromisoak.

Taldeak ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko du, elkartutako KADari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahalmen nahikoa izango duena, eta ez du hura desegin beharko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

Klusterren antolakunde dinamizatzaileek (KAD) eta federazioak eta taldeak osatzen dituzten erakundeek itzultze-obligazioak bete beharko dituzte hala badagokio, Dirulaguntzei buruzko Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honetan jasotzen diren dirulaguntzak Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ez ezik, dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik ordainduta dauzkaten erakundeek soilik eskuratu ahal izango dituzte.

4.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte soilik elkarteen erregistro publikoan inskribatuta dauden erakundeek, hau da, elkarteek, federazioek eta horien partaideek, bai eta talde guztiek eta horien kideek ere. Horiek baino ezin izango dira onuraduntzat hartu.

5.– Honako hauek ezin izango dute laguntza hau lortu:

a) Zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden erakundeek, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean daudenek, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak dituztenek barne, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolamendurako Printzipioen Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, bai eta gardentasun eta lansari-berdintasunaren printzipioa urratzeagatik zigorra jaso dutenek ere.

b) Laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela deklaratu duen Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu artean bete gabe baten mende dauden erakundeak.

c) Krisian dauden enpresak, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako kasuren batean dauden erakundeak.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoek Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean zehaztutako aurrekontu-kredituetan izango dute jatorria (3.568.000,00 euro zehazki).

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketatzat hartzen dira klusterren antolakunde dinamizatzaileek (KAD) lankidetzaren bidez enpresen lehiakortasuna hobetzeko 2022ko ekitaldian egiten dituztenak, eta jarduketak eskabidea aurkezten duten egunaren ondoren hasten dituztenak.

Dena den, eskabidea edo, hala badagokio, aurre-eskabidea aurkeztu aurretik egiten diren jarduerak kontuan izango dira, baldin eta eskatzaileak, ekintzak hasi aurretik, idazkiaren bidez, laguntzaren aurre-eskabide bat aurkeztu badu. Aurre-eskabide horretan, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Salbuespen Erregelamendu Orokorraren 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, honako informazio hau azalduko da: klusterraren antolakunde dinamizatzailearen (KAD) izena, egingo diren ekintzak deskribatzen dituen urteko jarduera-plana (planaren hasiera- eta amaiera-datak barne), ekintzen kokapena, kostuen zerrenda eta eskatutako laguntza mota. Kasu horretan, eskabidea aurkezteko epea ireki ondoren, interesdunak behin betiko eskabidea aurkeztu beharko du agindu honen 9. eta 10. artikuluetan adierazten dena kontuan hartuta.

2.– Klusterraren Plan Estrategikoa garatzeko jarduerak lagundu ahal izango dira. Jarduera horiek klusterraren antolakunde dinamizatzailearen (KAD) Klusterraren urteko Jarduketa Planean (KJP) jasoko dira, eta jarduera estrategikoko arlo hauen barruan izan beharko dira: Nazioartekotzea, Teknologia, Berrikuntza eta Estrategia, eta Agindu honen I. eranskinean deskribatzen diren jarduerak gauzatzea.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Dirulaguntzak jaso ditzaketen gastuak izango dira: klusterren antolakunde dinamizatzaileek (KAD) aurreko artikuluan aipatzen diren jarduerak garatzeko ordaindu beharko dituztenak, barnekoak (soldatak, gizarte-segurantza eta egiturako ohiko gastuak) zein kanpokoak (azterketak edo bestelako zerbitzuak azpikontratatzea).

1.– Barneko gastuak.

a) Klusterraren antolakunde dinamizatzaileko (KAD) langileen gastuak, aurkeztutako ekintzak egiteko beharrezkoak direnak, eta soldatak nahiz gizarte-segurantza aintzat hartuko dira. Langileei dagozkien gastuak benetako zenbatekoaren arabera xedatuko dira, eta, hala balegokio, justifikatuko dira (enpresaren soldata gordina eta gizarte-segurantza).

Elkartean indarrean dagoen hitzarmenean ezarritako urteko benetako lanaldia hartuko da kontuan dagokion ordu-tasa lortzeko; gehienez ere, orduko 68,35 euroko kostua izango du.

b) Klusterraren antolakunde dinamizatzailearen (KEB) egituraren gastuak, langileen gastuen gaineko ehuneko finko gisa kalkulatuko direnak (soldata-kostua gehi gizarte-segurantzako kuotak), dokumentu bidez justifikatu beharrik gabe. Ehuneko hori % 15 da.

2.– Kanpoko gastuak. Aurkeztutako ekintzak garatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak emateko, kontsultoretzetako, hainbat formatutako promozio-ekintzetarako (formatu birtualak barne), nazioartean laguntzeko ekintzetarako eta abarretako kontratazio-gastuak eskatu ahal izango dira.

3.– Ez da onartuko Administrazio instituzionaleko edo sektore publikoko erakundeek egindako gasturik, ez eta Basque Trade & Investmenteko bulego-sareak emandako zerbitzuei dagozkienak ere.

4.– Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzen badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren (dirulaguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen duena) 68. artikuluan xedatutakoa beteko da. Onuradun batek azpikontratatu egin duela ulertuko da hirugarren batzuekin hitzartu duenean dirulaguntzaren xede den jarduera guztia edo haren zati bat haiek egitea. Onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, kontzeptu honetatik kanpo geldituko da horretarako behar diren gastuen kontratazioa.

Proiektuaren zati bat azpikontratatu egiten denean, onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 azpikontratatu ahal izango du gehienez.

Inola ere ezingo dira dirulaguntzaren kostua handiagotzen duten jarduerak azpikontratatu, jardueraren edukiari balio erantsirik gehitzen ez badiote.

Azpikontratazioak dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko 20tik gora hartzen badu eta kopuru hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Kontratua idatziz egitea.

b) Dirulaguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea.

Ezingo da kontratua zatikatu haren zenbatekoa murrizteko eta aurreko apartatuan zehaztutako baldintzak ez betetzeko.

Kontratistak onuradunaren mende soilik egongo dira, eta hark hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean.

Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunei dagokie dirulaguntza jasoko duen jarduera gauzatzeko beste inorekin ezer itunduz gero, beste horrek ere dirulaguntzak arautzen dituen araudiak ezarritako mugak errespetatuko dituela ziurtatzea, diruz laguntzeko modukoak diren gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; kontratistek lankidetza-betebeharra bete behar dute, muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera emateko.

Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako debekuetako bat duten pertsona edo erakundeekin.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeekin.

c) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakin bat badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Erakunde onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsona fisikoekin edo juridikoekin, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:

1.– Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin izana.

2.– Aldez aurretik erakunde emailearen baimena lortzea oinarri arautzaileetan finkatutako baldintzetan.

e) Deialdi edo programa berean laguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsonekin edo erakundeekin.

5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokituko dira. Diruz lagundutako inbertsioen edo gastuen kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko. Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikietarako ezartzen diren kopuruak gainditzen dituenean (15.000 euro BEZa gabe zerbitzu eta horniduretarako), onuradunak erakunde hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, zerbitzu edo ondasun horren ezaugarri bereziengatik merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen duen behar besteko erakunderik ez dagoenean izan ezik edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada izan ezik.

Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (inbertsioak justifikatzeko fasean edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia eta ekonomiako irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

6. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak itzuli ezingo diren dirulaguntzak dira eta honako laguntza-muga hauek dituzte:

a) Nazioartekotze-prozesurako laguntza-zerbitzuak eta jarduketak: onartutako gastuen % 40, gehienez.

BasqueTrade & Investment agentziarekin elkarlanean egindako proiektuak eta jarduketak izanez gero, laguntzaren gehieneko intentsitatea onartutako gastuen % 50era arte handituko da.

b) Enpresek proiektuetan parte hartzeko eta haiei laguntzeko zerbitzuak (nazioartekotzean salbu): onartutako gastuen % 40, gehienez.

c) Zaintza-zerbitzuak, informazioa, benchmarking eta estrategia: onartutako gastuen % 40, gehienez.

d) Hedapen-zerbitzuak, jardunaldiak, topaketak eta ekitaldiak (nazioartekoak salbu): onartutako gastuen % 40, gehienez.

e) Foroak dinamizatzea, jarduketa-ildoak eta lankidetza-proiektuak zehazteko: onartutako gastuen % 50, gehienez.

f) Erronka partekatuko proiektu-taldeak dinamizatzea (aurrez garatu da, DIN1ean): onartutako gastuen % 50, gehienez.

g) Elkarteko talde teknikoaren gaitasunak garatzea: onartutako gastuen % 40, gehienez.

h) Klusterraren sustapena eta garapena, bazkideak erakartzea, komunikazioa (webguneak, buletinak eta abar): onartutako gastuen % 40, gehienez.

i) Ekintza pilotuak: onartutako gastuen % 50, gehienez.

2.– Kanpoko gastuek honako laguntza-muga hauek dituzte:

a) Eginkizun komertzial zuzenak: 2. eranskinaren arabera helmugako herrialderako ezarritako bidaia-poltsen zenbatekoaren % 50 gehienez ere.

b) Eginkizun komertzial zuzenak: misioa behar bezala garatzeko beharrezkoak diren gastuen % 50 gehienez ere. Misioko kideen bidaiak, egonaldiak eta mantenuak eragindako gastuetarako, laguntzaren gehieneko muga pertsona bakoitzeko honako hau da: jatorrizko herrialdeari buruzko bidaia-poltsaren zenbatekoa, 2. eranskinaren araberakoa.

c) Azokak kanpoaldean: 2. eranskinaren arabera helmugako herrialderako ezarritako bidaia-poltsen zenbatekoaren eta standak eta dekorazioak eragindako gastuen % 50 gehienez ere.

d) Nazioarteko sustapen- eta hedapen-elementuak: proiektu bakoitzaren % 50 gehienez ere.

e) Klusterraren komunikazio-jarduerak (webguneak, buletinak eta abar), sustapena eta bazkideak erakartzea: beharrezkoak diren gastuen % 50 gehienez ere, 6.000,00 euroko mugarekin urteko eskabide bakoitzeko.

f) Jardunaldiak, mintegiak eta ekitaldiak: beharrezkoak diren gastuen % 50 gehienez, urteko eskaera bakoitzeko 8.000,00 euroko mugarekin.

Laguntza-zerbitzuei eta nazioartekotze-jarduketei dagozkien kanpoko gastuen kasuan –a), b), c) eta d) apartatuetan deskribatzen dira–, 50.000,00 euroko dirulaguntza emango da gehienez ere, banaka egingo diren azoka, misio edo jarduketa bakoitzerako, eta 180.000,00 euro urteko eskabidean aurkeztutako jarduketa guztietarako.

3.– Deialdi honetako baliabide ekonomikoak lau poltsatan banatuko dira. Poltsa horien zuzkidura KADen artean banatuko da, III. eranskinean xedatutakoaren arabera horietako bakoitzerako ezarritako irizpideen pisua kontuan hartuta:

– 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) gehitzeko jarduketetarako poltsa, 150.000 eurokoa.

– Nazioarteko laguntza-jardueretarako poltsa, 950.000 eurokoa.

– Teknologia eta trantsizioen arloko jardueretarako poltsa, 1.500.000 eurokoa.

– Berrikuntza eta estrategiako jardueretarako poltsa; 968.000 eurokoa.

III. eranskineko lan-poltsa bakoitzaren diru-zuzkidura poltsa horietan jarduerak egiten dituzten KAD eskatzaileen artean banatuko da, III. eranskinean adierazitako parametro sozioekonomikoen pisuaren arabera.

Poltsa bakoitzean ateratzen den kopurua honela banatuko da:

Eskatzaile bakoitzari aurkeztutako jarduketetan onartutako gastuei dagokien dirulaguntza esleituko zaio, poltsa bakoitzean, artikulu honetako 1. eta 2. apartatuetan ezarritako laguntzen mugen arabera eta eskabidean adierazitako lehentasun-hurrenkeraren arabera.

Proposatutako jarduera guztiak babesteko kopurua lortu bada, hori izango da poltsa bakoitzean KADari eman beharreko dirulaguntza. Diferentzia, egonez gero, ondoz ondoko txandetan eta irizpide berberekin esleitu ahal izango zaie poltsa bakoitzean aurkeztu dituzten jarduera guztiak babesteko aski lortu ez duten eskatzaileei. Eta, agortzen ez bada, azkenekoz banatuko den Estrategia eta Berrikuntza poltsara erantsiko da.

Erakunde dinamizatzaile bakoitzari (KAD) emango zaion dirulaguntza III. eranskineko poltsa bakoitzean jasotakoaren batura izango da.

4.– Onuradun bakoitzak 450.000,00 euroko laguntza jaso ahal izango du gehienez.

7. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere guztira jasotako dirulaguntzek onartutako gastu guztien % 60 gainditzen ez badute. Laguntza guztien baturak esandako muga gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.

8. artikulua.– Dirulaguntzak emateko eta eskabideak aurkezteko epea.

1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira dirulaguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira prozedura bakar batean.

2.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da; amaitu, berriz, 2022ko ekainaren 22ko 15:00etan amaituko da.

9. artikulua.– Eskabideak.

1.– Klusterren antolakunde dinamizatzaileek (KAD), elkartea, federazioa edo taldea izan, agindu honetan ezarritakoaren arabera, aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko baldintzak betetzen badituzte, eskabide bat aurkeztu beharko dute baliabide elektronikoen bitartez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa –hor daude jasota tramitaziorako jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta horren bidez sar daiteke eskabide-formulariora– helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1012910

Eskabidea elektronikoki aurkeztu ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne hartuta– «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, zeina helbide honetan baitago: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Behar bezala beteta aurkeztu beharko da eskaera –bakarra izango da erakunde eskatzaileak egitea aurreikusten dituen jarduketa guztietarako–, eta, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinaduraz gain, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

4.– Laguntza-eskabidea, eskatzen den dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, dirulaguntza eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

5.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Administrazioak badauzkan indarreko dokumentuak. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiriok zer datatan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu ziren.

6.– Dirulaguntzarako eskabiderik aurkezten bada, klusterraren antolakunde dinamizatzaile (KAD) eskatzaileak, eta bere kideek, federazioa edo taldea bada, baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, berariaz ukatu ahal izango da baimen hori, eta, halakorik gertatzen bada, betebehar horiek bete dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzen zaizkion bakoitzean.

7.– Orobat, dirulaguntzarako eskabiderik aurkezten bada, klusterraren antolakunde dinamizatzaile (KAD) eskatzaileak elkarteak, taldeak eta federazioak eta horiek osatzen dituzten kideek, hala badagokio, baimena emango diote organo emaileari zuzenean eskura ditzan Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzen egiaztapena eta dagozkion egiaztagiriak.

10. artikulua.– Eskabideen edukia.

1.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte klusterren antolakunde dinamizatzaileek (KAD):

a) Klusterraren Plan Estrategikoa (KPE). Plan horretan, erronka komunak identifikatuko dira, erantzunak lankidetzatik planteatzen zaizkienak alegia. Klusterren Plan Estrategikoa Klusterren Plan Estrategikoak Egiteko Gidan jasotako jarraibideen arabera egingo da, eta taldeak zehaztutako lehentasunei eta Eusko Jaurlaritzaren lehiakortasun- eta teknologia-estrategiaren ezarpenarekiko zein posizionamendu eta ekarpen dituen islatuko ditu.

b) Klusterraren urteko Jarduketa Plana (KJP), aurreko puntuan deskribatutako KPEtik eratorria. Bertan, 2022ko ekitaldirako aurreikusi diren jarduketak xedatuko dira eta aurrekontua jasoko da, ekintzen, gastuen eta finantzaketa-iturrien banakapenarekin, eta ekintza horietan lanean diharduten langileen zerrenda.

c) Aurreikusitako finantza-egoerak eta ikuskatutako azkenak.

d) Parametro sozioekonomikoen egiaztagiria, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialeko (KAEO) auditore batek egina, klusterraren antolakunde dinamizatzailean (KAD) kuotarekin elkartutako enpresak enpresa txiki eta ertainak direla egiaztatzeko. Egiaztagiri horretan ondorengoa zehaztuko da:

– Atxikita dauden eta elkartze-kuota ordaintzen duten zuzenbide osoko erakundeen kopurua; horietatik EAEkoak eta ETEak zenbat diren adierazi beharko da, agindu honen 2.1.c) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

– Elkartze-kuotengatiko diru-sarrerak.

– Ekintza Planari egindako ekarpenengatiko diru-sarrerak.

e) Identifikazio Fiskaleko Txartela.

f) Pertsona eskatzailearen, elkartearen, federazioaren edo taldearen ordezkatzeko ahalmena. Taldeek ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, eta nahiko ahal izan behar du taldeari onuradun gisa dagozkion obligazioak betetzeko.

g) Eskritura edo eratze-akta eta ondorengo aldaketak eta inskripzioa dagozkion erregistroetan.

h) Sozietateen gaineko zergaren azken aitorpena.

i) Antolakunde dinamizatzaileari (KAD), elkarteari, federazioari edo taldeari dagozkion klusterreko enpresen eta kideen zerrenda, eta horiek ordaindutako kuotei eta parametro sozioekonomikoei buruzko informazioa (enplegua, fakturazioa, esportazioen ehunekoak, I+G eta abar).

j) Antolakunde dinamizatzailea federazio edo talde bat bada, Klusterraren Plan Estrategikoan sinergien aprobetxamendua justifikatu beharko da, baita kideen osagarritasuna ere, Klusterraren urteko Jarduketa Plana egiteko. Era berean, taldeetan, kideek horietako bat izendatuko dute antolakunde koordinatzaile gisa eta, programaren ondoreetarako, hura arduratuko da elkarteak aurkeztutako proposamena gauzatzeaz eta programari dagozkion kudeaketa-organoekiko harreman eta elkarrizketez.

k) Erantzukizunpeko adierazpena –datu-faltsutzerik gertatuz gero, indarreko zehapen-araubidearen mende geratuko da, dela administratibo dela penal– alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoa:

– Erakunde eskatzaileak, elkarteak, taldeak eta kideek eta federazioak eta kideek ez dutela jaso dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera eragozten dien zehapen administratiborik edo penalik, eta ez dutela horretarako desgaitzen duen legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

– Erakunde eskatzaileak, elkarteak, taldeak eta kideek eta federazioak eta kideek Europar Batasuneko Batzordeak legez kanpokotzat edo merkatu erkidearekin bateraezintzat jotako laguntzarik ez dutela jaso, edo, jaso badute, hura itzuli izana edo itzuli ez izana.

– Erakunde eskatzailea, elkartea, taldea eta kideak eta federazioa eta kideak ez direla krisian dauden enpresak, krisian dauden eta finantzarioak ez diren enpresen salbamendu eta berregituraketarako estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan ezarritakoaren arabera.

– Erakunde eskatzaileari, elkarteari, taldeari eta kideei eta federazioari eta kideei ez zaie, epai irmo baten bidez, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor bat ezarri edo ez dira delitu hauetakoren bat egitearen erruduntzat jo: prebarikazioa, eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Erakunde eskatzaileak, elkarteak, taldeak eta kideek eta federazioak eta kideek ez dutela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez direla jo, konkurtsoan deklaratuta ez daudela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez daudela edota ez dituztela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.

– Erakunde eskatzaileak, elkarteak, taldeak eta kideek eta federazioak eta kideek ez dutela administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratu dituztelarik.

– Erakunde eskatzailea, elkartea, taldea eta kideak eta federazioa eta kideak, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoan (ekainaren 19ko 5/1985 Legean) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Erakunde eskatzaileak, elkarteak, taldeak eta kideek eta federazioak eta kideek, ez dutela zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

– Erakunde eskatzailea, elkartea, taldea eta kideak eta federazioa eta kideak, eta partaideak, egunean daudela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan.

– Erakunde eskatzaileak, elkarteak, taldeak eta kideek eta federazioak eta kideek dirulaguntzak jasotzeko debekurik jaso ez dutela, halaber, honako enpresa hauei dagokienez: eraldatze, bat-egite edo ondorengotza bitartez, debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direlako susmoa eragiten duten enpresak, zuzendaritzan dauden pertsonak edo bestelako inguruabarrak direla eta.

– Klusterraren antolakunde dinamizatzaileak (KAD) lanaldi osoko kudeatzaile bat eta langile kualifikatuz osatutako talde bat dituela, parte hartzen duten enpresen kopuruarekin eta dinamizatu asmo dituzten jarduketekin bat datozenak.

l) Erakunde publiko edo pribatu batzuei helburu bererako eskatutako eta/edo haiengandik jasotako laguntzen zerrenda.

2.– Klusterren antolakunde dinamizatzaileek (KAD) artikulu honetan zerrendatutako dokumentazioa aurkeztu behar dute. Klusterren antolakunde dinamizatzaileak taldeak badira, taldeko kide diren erakundeen arteko akordioa erantsi beharko dute, koordinatzailea zein izango den eta akordio hori zer ekintzatarako sinatu duten adierazita. Federazioak badira, horiek lider gisa jardungo dute, eta federazio gisa zer ekintza egingo dituzten eta kide den elkarte bakoitzak bere aldetik zein egingo dituen azalduko dituzte.

3.– Eskatzaileak edo erakundea osatzen duten kideek baimena ukatzen badute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak zuzenean betetzen dituztela egiaztatzeko, betebehar horiek betetzea egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera, bai eta eskatzen zaien bakoitzean ere.

4.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

5.– Nolanahi ere, laguntza hauen organo kudeatzaileak (Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendaria) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

11. artikulua.– Eskabideak balioestea.

1.– Horretarako sortutako ebaluazio-organoaren egitekoa izango da aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, baita laguntzak emateko proposamenak egitea ere.

2.– Ebaluazio-organoaren osaera:

Burua: Rosa M.ª Murillas Maza, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako teknikari arduraduna (ordezkoa: Agustín García Pérez, zuzendaritza horretako teknikari arduraduna).

Kideak:

Juan Domingo Olabarri, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Klusterrak Dinamizatzeko arduraduna (ordezkoa: Mikel Oregui, SPRILUReko teknikari arduraduna).

Maite Subiñas, Basque Trade & Investmenteko Zerbitzu eta Programen arduraduna (ordezkoa: Azucena Castro, Basque Trade & Investment-eko arduraduna).

Idazkaria: David Fernández, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren teknikari arduraduna (ordezkoa: Susana Larrea, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren teknikari arduraduna).

3.– Aurkeztutako eskabideetan bildutako agiriak aztertuko ditu ebaluazio-organoak, eta Agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen diren ikusiko du. Agindu honen 15. artikuluko terminoetan, SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak txosten tekniko bat egingo du, eta BasqueTrade & Investment agentziaren balorazio teknikoa izango du horretarako, nazioartekotze-jarduketa espezifikoetarako.

4.– Ebaluazio-organoaren osaera baliozkoa izango da bilerak eta deliberazioak egiteko eta erabakiak hartzeko, eta, funtzionamenduari dagokionez, arau honetan aurreikusita ez dagoenerako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

5.– Aurkeztutako jarduketen proiektuen analisian honako alderdi hauek kontuan hartuko dira:

a) Urteko Jarduketa Planean proposatutako jarduketak 1. eranskinean xedatzen direla 4.2 artikuluko eremuetan koka eta hauta daitezkeela.

b) Jarduketen eta Klusterraren Plan Estrategikoaren artean koherentzia dagoela, baita Eusko Jaurlaritzaren Lehiakortasun eta Teknologia Estrategiarekin lerrokatuta daudela, behar bezala egokitzen direla eta ekarpena egiten dutela ere.

c) Aurreikusitako gastuak jarduketetara egokitzen direla eta, bere izaera kontuan hartuta, hautagarriak direla, baita agindu honetan ezarritako zenbatekoak, ehunekoak eta mugak ere.

d) Eskatzaileak proposatu dituen ekintzen lehentasun-ordena egokia dela, honako hauek kontuan hartuta: ekintza plan estrategikoarekin bat datorrela eta aurreikusten den eragina, enpresen parte-hartzearen maila eta kalitatea, eta behar diren baliabideen eta proposatutako finantzaketaren arteko oreka.

12. artikulua.– Laguntzak emateari buruzko ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Prozedura horren ebazpena, ebaluazio-organoak proposatuta, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari dagokio, zuzendaritza hori izango baita laguntza horiek kudeatuko dituen organoa.

Laguntzak puntuazio-ordenaren arabera emango dira, agindu honen 5. eta 6. artikuluetako mugak errespetatuz, deialdi honen 3. artikuluan esleitutako kreditua agortu arte.

2.– Ebazpenean erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo ukatzen diren, eta honako hauek zehaztuko dira:

– Dirulaguntzen onuradun zer elkarte, federazio edo talde diren, erakunde eskatzaile bakoitzaren izena eta kideak (halakorik badago) adierazita, bai eta eskatzaile eta kide bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere.

– Ukatutako eskabideen zerrenda, eta interesdun bakoitzari horretarako arrazoiak adieraziko zaizkio.

Onuradun bakoitzari honako hauek erantsiko zaizkio: babestutako jarduketa-plana, plan horretako partaidetza eta jarduera bakoitzean esleitutako zenbatekoa.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpenak bakarka jakinaraziko zaizkio interesdun bakoitzari, betiere alde batera utzi gabe esleipendunen zerrenda bat eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako laguntzen zenbatekoak urtero argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

5.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, baldin eta egintza espresua bada, edo edozein momentutan aurkeztu ahal izango da, presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluekin bat etorriz. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan jarri ahal izango da, bi hilabeteko epean, egintza espresua bada, edo edozein momentutan aurkeztu ahal izango da, presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.

13. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Dirulaguntza ordaintzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubidea arautzen duena. Erakunde onuradunari bi ordainketa egingo zaizkio, organo kudeatzaileak aginduta, modu honetara:

a) Lehen ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 50 ordainduko da; onuradun bakoitzari (elkarteei, federazioei eta kideei, eta taldeei eta kideei) egingo zaio ordainketa, hura emateko ebazpena jakinarazi eta hamabost eguneko epea igaro ondoren, berariaz uko egin ezean.

b) Bigarren ordainketa, dirulaguntzaren gainerako zatiari dagokiona, onuradun bakoitzari (elkarteei, federazioei eta kideei, eta taldeei eta kideei) egingo zaio, eta honako agiri hauek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ondoren likidatuko da:

– Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko jardueren memoria bat, elkarte onuradun bakoitzarena (banakakoa bada), federazio bakoitzarena (partaideena ere barne hartuta) eta talde bakoitzarena (kasu honetan kideena ere jasota). Memoria horretan horietako bakoitzak egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adieraziko dira.

– Memoria ekonomiko laburtua. Memoria horretan, elkarte onuradun bakoitzari (banakakoa bada), federazio bakoitzari (partaideena ere barne hartuta) eta talde bakoitzari (kasu honetan kideena ere jasota) dagokienez, diruz lagundutako jarduerak gauzatzean izandako gastuen egoera-orri adierazgarria, behar bezala multzokatuta, eta, hala badagokio, hasieran aurrekontuan zehaztutako zenbatekoak eta izandako desbideratzeak.

– Kontu-auditoretzaren txostena, Kontabilitate eta Kontu Ikuskaritza Institutuaren mendeko Kontu Ikuskarien Erregistro Ofizialean jardule gisa inskribatutako pertsona batek egina eta sinatua. Txosten horrek egindako jarduketak berrikusi beharko ditu, maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduan xedatutakoaren arabera (Agindu horrek kontu-ikuskariek jarduteko araua onesten du Estatuko sektore publikoaren esparruan dirulaguntzak justifikatzen dituzten kontuak berrikusteko lanak egitean, zeinak aurreikusita baitaude 2003ko azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Legearen 74. artikuluan, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoan), eta haien kostua, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72.2 artikuluaren arabera.

Txostena elkarte onuradun bakoitzeko (banakoa bada), federazio bakoitzeko (haren partaideenak ere barne hartuta) eta talde bakoitzeko (oraingoan ere kideenak jasota) egingo da, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera emango diren jarraibideen arabera, eta honako hau ziurtatuko du:

a) Onuradunak egindako gastuak diruz laguntzeko modukotzat jotzen direla agindu honen eranskinean, eta bat datozela Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoarekin.

b) Aurkeztutako gastuen kontzeptuak bat datozela diruz lagundutako jarduerekin.

c) Fakturetan eta gastuen gainerako egiaztagirietan jasotako gastuak benetan gauzatu eta ordaindu direla.

Berrikusitako faktura guztien zerrenda jaso beharko dute, eta, hala badagokio, diruz lagundu ezin diren gertakari edo zenbateko partzialak edo guztizkoak adierazi beharko dituzte.

d) Aurkeztutako gastuen faktura eta egiaztagiri guztiak bat datozela aplikatzekoa den zerga- eta gizarte-legeriarekin, honako hauek adierazita: zenbatekoa, BEZaren banakapena, hala badagokio, data, kontzeptua, zenbakia eta hornitzailea.

e) Hirugarren pertsonei eta/edo erakunde hornitzaileei azpikontratatutako jarduerak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera egin direla.

f) Eskatzaileak jatorrizko fakturak dituela, eta horiek egindako gastuak egiaztatzen dituztela eta onuradunaren kontabilitate-erregistroetan jasota daudela.

g) Bidaia-poltsetan jasotako jardueren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egin dituzten joan-etorri guztiek dagozkien egiaztagiriak dituztela.

h) Langileen gastuek dagozkien egiaztagiriak dituztela, gizarte-segurantzari ordaintzekoak barne hartuta, egindako jarduketetan emandako denboragatik horietara bideratutako orduak adierazita.

i) Justifikatutako jarduketa guztiak eskabidea edo, halakorik badago, aurre-eskabidea aurkezten denetik 2022ko abenduaren 31ra arte egin direla.

Justifikatzeko aldia 2023ko otsailaren 28an bukatuko da. Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

Onuradun guztien justifikazioak onartuko dira, bai elkarteenak, bai federazioenak eta horien kideenak, bai elkarteenak eta horien kideenak.

2.– Ezin izango da dirulaguntzaren ordainketarik egin, baldin eta erakunde onuradunak –aurreko paragrafoan zehaztuetako edozeinek– ez baditu egunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean zordun bada. Onuraduna federazio edo talde bat bada, ezin izango da dirulaguntzaren ordainketa egin, harik eta kide guztiak betebehar horiek egunean dituzten arte.

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuraduna Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko da. Alta eman edo hirugarren interesduneko datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro elektronikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

3.– Organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide osagarriak eska ditzake edozein momentutan, onuradunak aurkeztutako agirien eta datuen egiatasuna frogatze aldera.

14. artikulua.– Dirulaguntza emateko baldintzen eta dirulaguntzaren aldaketa.

1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetakoren bat aldatzen bada, edota beste laguntza edo dirulaguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina horretarako, dirulaguntzaren Aginduak onuradun izateko ezarritako betekizunak bete behar dira. Horrelakoetan, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak dagokion ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egoera berrira egokitzeko.

2.– Jarduketek dirulaguntza emateko ebazpenean 2022ko ekitaldirako jasotako jarduketak barne hartuko dituzte; dena den, aldaketak onartu ahal izango dira aurreikusitako jarduketak egiten diren bitartean, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariaren berariazko baimena lortu bada. Horien justifikazioa zuzendaritza kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio, horien berri izan bezain laster, baita laguntza ematea ebatzi gabe geratu bada ere.

3.– Aldaketek kasuan kasuko egokitzapena ekarriko dute jarduketei eta emandako dirulaguntzari dagokienez, eta horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzea.

15. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz ematen diren dirulaguntzen ondoreetarako, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia erakunde laguntzaile izendatzen da, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako terminoetan. Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 15. eta 46. artikuluetan ezarritako betekizunak eta elkarlanean aritzeko betebeharra izango ditu, eta artikulu honetan eta lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenei jarraitu beharko die.

2.– SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako funtzio hauek izango ditu:

a) Antolakunde dinamizatzaileak (KAD) aurkeztutako Klusterraren Plan Estrategikoa aztertzea, hauek baloratzeko: «Klusterren Plan Estrategikoak Egiteko Gidaren» araberakoa den, XII. Legealdiko Industria, Teknologia eta Nazioartekotze Estrategiarekin bat datorren eta zer ekarpen egiten dion, eta proposatzen den jarduketa-plana plan estrategikoarekin bat datorren.

b) Txosten tekniko bat egitea Ebaluazio Organoarentzat garrantzitsuak diren azterketa indibidualekin eta erantsiekin, eta agindu arautzailearen 11. artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz.

c) Klusterren Antolakunde Dinamitzaileekiko lotura-lanak egitea.

d) Diruz lagundutako jarduerak egin direla egiaztatzea, bigarren ordainketa ordaintzeko, eta horren proposamena egitea zuzendaritza kudeatzaileari.

3.– SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen kudeaketan erakunde kolaboratzailea denak, honako hauetan ezarritako betekizunak eta ardurak izango ditu: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duten arauak; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horren ildotik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko komunikazioa jaso eta hamabost eguneko epean onuradunak dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio aplikazio informatikoaren bitartez, onartu egiten duela ulertuko da.

2.– Laguntza hori eman den helbururako erabiltzea.

3.– Elkartutako enpresen parte-hartzea modu eraginkor, adierazgarri, aske eta informatuan bermatzea, lankidetzan jorratu beharreko erronka komunak zehazteko eta lehenesteko. Baita Klusterraren Plan Estrategikoa (KPE) zehaztean eta hura ezartzeko jarduerak egitean ere, horiekin osatu behar baita Klusterraren urteko Jarduketa Plana (KJP).

4.– Klusterraren urteko Jarduketa Plana (KJP) eta dirulaguntzak jaso dituzten jarduketak betetzea eta bete direla egiaztatzea. Jarduketak egiten diren bitartean, erakunde onuradunak Klusterraren urteko Jarduketa Planaren (KJP) aurrerapen-mailari eta exekuzioaren aurreikuspenari buruzko informazioa eman ahal izango dio kudeaketa-organoari, hark jarduketa horiek garatzen ari direla frogatzeko eta, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean kasuan kasuko aldaketak egin beharra ebaluatzeko.

5.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzak eskatzen duen informazioa ematea, jasotako dirulaguntzen erabilerari, ekintzetan parte hartzen dutenei, jasotako emaitzei eta abarri dagokionez. Horrela, administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu, dirulaguntzak jaso dituzten ekintzak eta plana garatzeari eta betetzeari dagokionez.

6.– Helburu berarekin edo antzekoarekin beste edozein Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.

7.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.

8.– Jarduketa-planarekin eta planaren ekintzekin lotutako behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku mantentzea 5 urtez.

9.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.

10.– Dirulaguntzaren xede diren jardueretan, ageriko egitea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak parte hartzen duela. Horretarako, lehentasunezko lekuan jarri behar dira, eta ikusizko identifikazio-elementuek bat etorri beharko dute abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak ezarritakoarekin (Dekretu horrek Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen du). Era berean, KADaren irudi korporatiboa txertatu beharko da, lankidetzarako antolamendu-izaerarekin bat etorriko dena. Talde baten kasuan, zatiketa saihestuko da, alegia, partaide bakoitzaren irudi korporatiboen erabilera; irudi korporatibo komun bat hartuko da, estrategia partekatu baten eta kluster kohesionatu baten isla gisa.

11.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginean, azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta horien garapen-arauetan ezarritakoari jarraikiz eska daitekeen beste edozein betebehar.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak betetzen ez baditu agindu honetan eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako betekizunak, eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoak, eta, era berean, dirulaguntzak emateko ebazpenean, hala badagokio, ezartzen diren baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari entzun eta gero, administrazio-ebazpenaren bidez deklaratuko du onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntzaren tronkoa eta berandutze-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean itzuli behar dizkiola, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

Federazioek eta federazio horietako kide bakoitzak, bai eta taldeek eta haien kideek bete beharko dute haiek osatzen dituzten onuradunen itzultzeko betebeharra.

2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakari horiek, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 4a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala