Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2022ko maiatzaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2046

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 2koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio 36 zuzkidura-bizitoki esleitzeko prozedurari Basauriko udalerrian, Ramon eta Kareaga kalean.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Zuzkidura-bizitoki horiek esleitzeko prozedurak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak xedatutakoa jarraituko du (agindu hori etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa da), hala xedatuta baitago Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan. Aipatutako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak aldaketak izan ditu III. kapituluan (batik bat alokairuko etxebizitzen esleipen-prozedurari dagokion atalean) abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuaren azken xedapenetako zazpigarrenak eraginda; dekretu horrek kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetza ezarri zuen, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatu zituen.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zuzenean sustatu ditu araubide autonomikoko 36 zuzkidura-bizitoki Basauriko Ramon eta Kareaga kalean, eta bera da titularra. Sustapenaren espediente-zenbakia EB2-0418/16-11-000 da.

Hirugarrena.– 36 zuzkidura-bizitoki horietako 1 mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat egokituta dago, logela bakarrekoa da eta 46,00 m2-ko azalera du; gainontzeko 35 zuzkidura bizitokietatik 31 bizitoki logela bakarrekoak dira eta 29,15 m2 eta 33,15 m2 arteko azalera dute; gainerako 4 zuzkidura-bizitokiak bi logelakoak dira eta 44,10 m2 eta 49,10 m2 arteko azalera dute. Zuzkidura-bizitoki hauek seigarren ebazpen-zatian zehazten diren kupoetan banatuko dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari dagokio agindu hau ematea, araudi hauetan ezarritakoak ahalbideturik: Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua –hirugarren xedapen gehigarria, zehazki– (aurrerantzean, 39/2008 Dekretua); eta etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Agindua –48. artikulua, zehazki– (aurrerantzean, 2012ko urriaren 15eko Agindua).

Bigarrena.– 2016ko urriaren 31n, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Basauriko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu zuten mendebaldeko San Miguel eremuan zuzkidura-bizitokien sustapenari heltzeko. Hitzarmen horren laugarren klausulan, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak konpromisoa hartu zuen Basauri deklaratzeko zuzkidura-bizitokien sustapeneko udalerri interesdun bakarra. Gauzak horrela, udalerri horretako herritarrak izango dira lehentasunezko hartzaileak.

Hirugarrena.– Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 23.4 artikuluak ezartzen du zuzkidura-bizitokiak titulartasun publikokoak izango direla eta erabiltzaileek aldi baterako okupatuko dituztela.

Laugarrena.– Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 23.3 artikuluaren arabera, zuzkidura-bizitokiak izango dira etxebizitza bat legez okupatzeko zailtasunak dauzkatenentzat, hala nola gazteentzat, migratu duten pertsonentzat, etxebizitza partekatua erabiltzeko eskubidea galdu duten pertsona bananduentzat edo dibortziatuentzat, hirigintzako eragiketak direla-eta beste bizitoki baten zain daudenentzat eta antzeko beste pertsona batzuentzat. Erabili ahal izango dira, halaber, aldi baterako bizitokia eskaintzeko bai birgizarteratzen ari diren pertsonei, bai babes berezia behar dutenei, hala nola genero-indarkeria jasan duten emakumeei, adineko pertsonei, etxegabeei, desgaitasun fisiko, psikiko edo intelektuala dutenei eta antzeko egoeretan dauden beste batzuei.

Bosgarrena.– 39/2008 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak arautzen ditu, eta honako hau ezartzen du: bizitokiak eskuratuko dira hilez hile, gehienez urtebeterako, eta epe hori urtero luzatu ahal izango da, gehienez lau alditan. Bizitoki horien truke erabiltzaileek kanon bat ordaindu beharko dute hilero. Esleitzeko moduari eta eskuratzeko baldintzei dagokienez, babes publikoko etxebizitzen arloan ezarritakoa aplikatuko da, hau da, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. tituluan araututako prozedura, kontuan izanda abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak titulu hori aldatu zuela alokairuko etxebizitzen esleipen-prozedurari dagokionez.

Seigarrena.– Abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak, kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoak eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoak, bere azken xedapenetako zazpigarreneko 4. puntuan aldatzen du Etxebitzitza, Herri-lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. tituluko III. kapitulua, zeinek babes ofizialeko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien esleipen prozedura arautzen duen. Aipatutako dekretuak 2012ko urriaren 15eko Aginduari txertatutako 47 bis artikuluan esaten da sustapen guztietan –kolektibo jakin bati berariaz bideratutako araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak izan ezik–, etxebizitza-kupo batzuk gordeko direla kolektibo hauen premiei erantzuteko: desgaitasun fisikoa duten pertsonak, 36 urtetik beherako pertsonak (adin horretatik beherako gutxienez titular bat duten bizikidetza-unitateak barne), etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonak, etxebizitza-premia berezia duten pertsonak, gainerako eskatzaileak, edo kupo orokorra.

Zazpigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluak, egungo erredakzioan, esaten du etxebizitzen esleipena eta, horrela erabakitzen bada, zuzkidura-bizitokien esleipena 47 bis artikuluan aipatzen diren irizpideen arabera egingo direla, hots, kupoen arabera, etxebizitzen egokitasunaren arabera eta 51. artikuluan aipatzen den baremoa aplikatutakoan pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera. 51. artikulu horrek baremoa arautzen du hau kontuan izanik: eskatzaileen diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko kide-kopurua, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan duten antzinatasuna, eta etxebizitza-premia berezia.

Bizikidetza-unitateko kide-kopuruagatik ematen den puntuazioa izango da sustapeneko etxebizitzek edo zuzkidura-bizitokiek duten logela-kopuruaren arabera. Hala, logela bateko etxebizitza edo zuzkidura-bizitokietarako, puntu 1 emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei; 2 logelako etxebizitza edo zuzkidura-bizitokietarako, 3 puntu emango zaizkie hiru kidez osatutako bizikidetza-unitateei, puntu 1 bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei.

Zortzigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluak zehazten du etxebizitza edo zuzkidura-bizitoki bat noiz den egokia, bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta esleitu beharreko etxebizitzak dituen logelen arabera.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikagarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea prozedurari Basauriko Ramon eta Kareaga kalean Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko 36 zuzkidura-bizitoki esleitzeko erabilera-lagatzearen erregimenean. Sustapen horren espediente-zenbakia EB2-0418/16-AA-000 da.

Bigarrena.– Zuzkidura-bizitoki horien lagapena aldi baterako izango da. Hilez hile emango da eta gehienez urtebeterako eskuratu ahal izango da, nahiz eta epe hori urtero luzatu ahal izango den, gehienez lau alditan.

Hirugarrena.– Hileko kanona babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak zehazteari buruzko 2010eko azaroaren 3ko Aginduaren arabera kalkulatuko da. Kanon hori ezin izango da bizikidetza-unitatearen diru-sarrera haztatuen % 30 baino gehiagokoa izan.

Laugarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluari jarraituz, sustapenean ezin izango dute parte hartu 4 kideko baino gehiagoko bizikidetza-unitateek.

Bosgarrena.– 36 zuzkidura-bizitoki horien esleipen-prozeduran parte hartu ahal izango dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan altan dauden pertsonek edo bizikidetza-unitateek, baldin eta betetzen badituzte, betiere, honako baldintzak:

a) Etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien eskatzaileen erregistroan alta emanda egotea alokairuko eskatzaile gisa Basauriko udalerrian edo Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionaleko udalerriren batean (Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Alonsotegi, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Barakaldo, Barrika, Basauri, Berango, Bilbao, Derio, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gorliz, Larrabetzu, Leioa, Lemoiz, Lezama, Loiu, Muskiz, Ortuella, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopela, Ugao-Miraballes, Urduliz, Valle de Trápaga-Trapagaran, Zamudio, Zaratamo, Zeberio eta Zierbena).

b) Etxebizitza-eskaeraren titularretako batek Basauri udalerrian erroldatuta egotea agindu hau argitaratzen den datan. Dena dela, genero-indarkeria pairatu duten emakumeek eta mugikortasun urri iraunkorra egiaztatu duten pertsonek ez dute baldintza hau bete behar, izatez nahikoa izango dute titular bat EAEn erroldatuta dagoela egiaztatzea.

c) 2020. urteko errenta aitorpenaren zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea. Baldintza egiaztatzeko, izen-ematearen titular guztien diru-sarreren batura kontuan hartuko da. Mugikortasun urria duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko. Etxebizitza-eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonek ere ez dute diru-sarrerarik egiaztatu behar izango.

d) Ez edukitzea etxebizitzarik jabetzan, azalera eskubidean edo gozamenean agindu hau argitaratzen den egunaren aurreko bi urteetan. 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 9. artikuluan jasotako etxebizitza-premiaren baldintzaren salbuespenak ezarriko dira.

e) Bizikidetza-unitateak ez izatea 4 kide baino gehiago.

Seigarrena.– Agindu honen bosgarren ebazpen-zatian aipatutako eskabideen artean esleitu beharreko 36 zuzkidura-bizitoki horietatik, kupo hauek gordeko dira:

a) Zuzkidura-bizitoki bat, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokitutakoa. Zuzkidura-bizitoki hori esleitzeko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 52. artikuluko egungo ezarpenei jarraituko zaie, hau da: lehenik eta behin, desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean A letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei esleituko zaizkie etxebizitzak; gero, 2. eranskin horretan B letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei, eta, azkenik, 7 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenei, eranskin bereko Dtik Hrako letretan ezarritakoak batuz.

b) Beste 35 zuzkidura-bizitokiak gainerako eskatzaileen artean banatuko dira, kupo hauek errespetatuta:

14 zuzkidura-bizitoki (sustapen honetan esleituko direnen % 40,00) esleituko zaizkie 36 urtetik beherako titularren bat duten bizikidetza-unitateei.

4 zuzkidura bizitoki (sustapen honetan esleituko direnen % 11,42) agindu hau argitaratzeko egunean etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonen artean esleituko dira.

8 zuzkidura bizitoki (sustapen honetan esleituko direnen % 22,85) etxebizitza-premia berezia duten pertsonen artean esleituko dira.

9 zuzkidura bizitoki (sustapen honetan esleituko direnen % 25,71) gainerako eskatzaileen artean (kupo orokorra) esleituko dira.

Kupo horietako batean zuzkidura-bizitokirik esleitu gabe geratuko balira, zuzkidura-bizitoki horiek handitu egingo lukete kupo orokorrera bideratutako etxebizitzen kupoa.

Era berean, kupo orokorreko zuzkidura bizitokirik esleitu gabe geratuko balira, soberako zuzkidura-bizitoki horiek esleituko lirateke kupo bakoitzean eskainitako bizitokien zenbakiaren araberako eskaera gehien izan dituen kupoko pertsonen artean.

Zazpigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 47 bis 2. artikuluak egungo erredakzioan esaten duenari jarraituz, kolektibo bateko baino gehiagoko kide diren pertsonak edo bizikidetza-unitateak etxebizitzen kopuru handiena gordeta duen kupoan sartuko dira.

Zortzigarrena.– Aipatutako baldintzak eta aplikatu beharreko gainerako arauak betetzen dituzten pertsonek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, eskabidea aurkeztu beharko dute maiatzaren 16tik 27ra (biak barne), leku hauetan:

– Aurrez aurre: Zuzenean zerbitzua (aurrez hitzordua hartuta), Kale Nagusia 85, beheko solairua. 48011 Bilbao. Bizkaia.

– Postaz: Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritza, Kale Nagusia 85, 6. solairua. 48011 Bilbao. Bizkaia.

– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez.

Bederatzigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluaren bertsio eguneratuan ezarri bezala, etxebizitzak esleitzeko orduan kontuan hartuko dira 47 bis artikuluan aipatutako kupoak, etxebizitzen egokitzapena eta prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordena, betiere 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikatzetik datorrena.

Agindu honen argitaratze-data kontuan hartuta kalkulatuko da baremazioa. Berdinketarik badago, antzinatasun handiena duen eskaeraren alde egingo da eta, antzinatasuna ere berdina bada, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan lehenengo sartu zena aukeratuko da.

Hamargarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 51. artikuluak dioenari jarraituz, onartutako eskaerek honako lerro hauetan jasotako barematze-irizpideen araberako puntuazioa jasoko dute:

a) Diru-sarrerak: 10 puntu emango zaizkie 0 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 9 puntu 9.001 eta 15.000 euro bitartekoak dituztenei; 8 puntu 15.001 eta 25.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; eta 5 puntu 25.001 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei.

b) Bizikidetza-unitateko kide-kopurua: bizikidetza-unitateko kide-kopurua puntuatuko dira sustapeneko etxebizitzen logela-kopurua kontuan hartuta.

Logela bakarreko zuzkidura-bizitokiak: puntu 1 emango zaie 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako zuzkidura-bizitokiak: 3 puntu emango zaizkie hiru kide dituzten bizikidetza-unitateei, puntu 1 bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei.

c) Antzinatasuna etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioan: puntu 1 emango da antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen inskripzio-urte bakoitzeko; 7 puntu emango dira gehienez ere.

d) Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei. Desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonak eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonak badira, 4 puntu emango zaizkie hori egiazta dezaketen bizikidetza-unitateko kideren bat duten espedienteei. Kolektibo bateko baino gehiagoko kide direnei, 4 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko; 8 puntu emango dira gehienez ere.

Hamaikagarrena.– Sustapen honetako logela bakarreko zuzkidura-bizitokiak esleitzerakoan gehienez bi kideko bizikidetza unitateei esleituko zaizkie, eta bi logelako zuzkidura-bizitokiak esleitzerakoan gehienez lau kide duten bizikidetza unitateei esleituko zaizkie, hau guztia Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluari jarraituz.

Hamabigarrena.– Esleipenaren ondoren, zenbat kupo egon, hainbat itxarote-zerrenda egingo da zuzkidura-bizitokirik eskuratu ez dutenentzat, baremazioaren ordenaren arabera; esleipendunek uko egiteagatik edo esleipena baliogabetzeagatik hutsik geratzen diren zuzkidura-bizitokiak esleitzeko erabiliko da itxarote-zerrenda hori. Itxarote-zerrenda agortzen bada, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz esleituko dira etxebizitzak.

Hamahirugarrena.– Esleipendunen zerrendak, egokitutako zuzkidura-bizitokiak barne, eta itxarote-zerrendak toki hauetan argitaratuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/).

Hamalaugarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Errekurtso biak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 2a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana