Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

86. zk., 2022ko maiatzaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1925

EBAZPENA, 2022ko apirilaren 26koa, Industriako sailburuordearena, zeinaren bidez argitaratzen baita Bilakatu COVID-19 Programaren 2022ko ekitaldiko aurrekontu-kreditua handitzea, helburu honekin: dirulaguntzak ematea COVID-19aren eraginpean dauden eta negozio-, produktu-, zerbitzu- eta merkatu-lerroetan gaitasun berriak garatu eta dibertsifikazio- edo birlokalizazio-jarduerak egiten dituzten enpresei.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko martxoaren 2ko Aginduaren bidez, COVID-19aren eraginpean dauden eta negozio-, produktu-, zerbitzu- eta merkatu-lerroetan gaitasun berriak garatu eta dibertsifikazio- edo birlokalizazio-jarduerak egiten dituzten enpresei dirulaguntzak emateko Bilakatu COVID-19 programa arautu eta 2022rako deialdia egin zen (2022ko martxoaren 10eko EHAA, 50. zk.)–. Agindu horrek 25.000.000,00 euro bideratzen ditu xede horretarako.

Agindu horren 2. artikuluak.– Baliabide ekonomikoak– hau xedatzen du:

1.– 2022ko ekitaldirako EAEko aurrekontu orokorrak onartzeko 2021eko abenduaren 23ko 11/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera, hizpide dugun dirulaguntza-deialdiak aurrekontu-estaldura nahikoa du; izan ere, 1. artikuluaren xedea betetzeko, 25.000.000,00 euro bideratuko dira.

2.– Emango diren dirulaguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatutako kontsignaziotik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz. Aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortzen den unean ezetsi egingo dira ebazteko dauden eskaerak, eta ez dira onartuko kreditua agortu dela argitaratu ondoren aurkeztutakoak.

Azaldutakoa dela bide, ekitaldi honetan Bilakatu COVID-19 Programara aurkeztu diren eskabideetatik ahalik eta kopuru handienari erantzun ahal izateko, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Jakinaraztea 27.000.000,00 euro gehitu zaizkiola Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko martxoaren 2ko Aginduan kontsignatutako aurrekontu-kredituari. Agindu horren bidez, COVID-19aren eraginpean dauden eta negozio-, produktu-, zerbitzu- eta merkatu-lerroetan gaitasun berriak garatu eta dibertsifikazio- edo birlokalizazio-jarduerak egiten dituzten enpresei dirulaguntzak emateko Bilakatu COVID-19 programa arautu eta 2022ko ekitaldirako deialdia egin zen. Agindu horrek 25.000.000,00 euro bideratzen zituen xede horretarako.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 26a.

Industriako sailburuordea,

MIKEL AMUNDARAIN LEIBAR.


Azterketa dokumentala