Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2022ko apirilaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1839

AGINDUA, 2022ko apirilaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako irakaskuntzak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei dei egiten diena dirulaguntza eska dezaten 2022-2023 ikasturtean heziketa-zikloak eskaintza partzialeko modalitatean emateko.

Otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak (2008-03-05eko EHAA) –14/2016 Dekretuak aldatua (2016-02-10)– Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du. Dekretu horren 8. artikuluaren arabera, behar bezala baimendutako ikastetxeek heziketa-zikloak modu partzialean eskaini ahalko dituzte pertsona helduentzat bakarrik. Eskaintza horretan, heziketa-zikloaren lanbide-modulu guztiak eskaini ahal izango dira eta ikasleek lanbide-moduluka egin ahalko dute matrikula, aipaturiko dekretuaren 29. artikuluan adierazten den bezala.

Halaber, Lanbide Heziketako heziketa-zikoak eskaintza partzialeko modalitatean ematea arautzen duen 2010eko martxoaren 22ko Aginduaren (2010-04-12ko EHAA) 7. artikuluaren arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eskaintza hau egiteko egoki deritzon beste deialdi egin ahal izango du, eta ikasturteko gutxienez deialdi bat egin beharko du. Ikastetxe pribatuetarako deialdien kasuan, eskolak emateko baldintzez gain, behar den finantzaketa lortzeko baldintzak ere arautuko dira.

Hori dela eta, agindu honen bidez, alde batetik itunpeko ikastetxe pribatuei 2022-2023ko ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialean irakasteko dirulaguntza eska dezaten dei egiten zaie eta heziketa-ziklo horiek irakasteko baldintzak ezartzen dira.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da dirulaguntzen deialdia egitea, 2022-2023 ikasturtean Lanbide Heziketako eskaintza partziala emateko Lanbide Heziketako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak ematen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuei.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Heziketa-zikloak 2022-2023 ikasturtean eskaintza partzialaren modalitatean diruz laguntzeko erabiliko diren diru-baliabideak 526.000,00 euro izango dira. Aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera.

2.– Esleitutako zenbateko osoa, 526.000,00 euro, honela banatuko da:

– % 70, 368.200 euro ziklo industrialetarako (II. eranskina).

– % 30, 157.800 euro gizarte-zerbitzuetarako eta beste (II. eranskina).

Aurkeztutako eskabideak dagokion prozeduraren bidez izapidetuko dira deialdiaren xede den laguntza-lerro bakoitzean, eta prozedura horren ebazpenak erabakiko ditu erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak.

Laguntza-lerro bakoitzerako adierazitako zuzkidurak alde batera utzi gabe, eskabiderik ez dagoelako edo betekizunak betetzen ez direlako laguntza-lerro horietako batean ezarritako zenbatekoa agortzen ez bada, kreditu-soberakin hori beste laguntza-lerroarentzat ezarritako zenbatekoa handitzeko erabiliko da, betiere azken hori oraindik ebatzi gabe badago.

3. artikulua.– Hartzaileak.

2022-2023 ikasturtean eskaintza partzialeko modalitatean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak irakasteko dirulaguntza eskatu ahal izango dute Lanbide Heziketako heziketa-zikloak irakasteko ofizialki baimenduta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuen pertsona edo erakunde titularrek.

4. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Baliabide elektronikoak erabili behar izango dituzte erakunde interesdunek eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko. Izapidetze elektronikoa araututa dago Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean; ebazpen horren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.

2.– Eskabidearekin, justifikazioarekin eta deialdiarekin zerikusia duten gainerako izapideak egiteko jarraibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, honako helbide honetan:

https://euskadi.eus/zerbitzuak/00508101

3.– Eskabidearen ondoko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpet» atalean egingo dira.

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

5. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskaerak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, aipatutako egoitza elektronikoan sartuta. Eskabideak aurkezteko argibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira, helbide honetan:

https://euskadi.eus/zerbitzuak/0050811

2.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, eta berorri atxikitako dokumentazioa. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen erabilera normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

3.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

4.– Eskaintza partzialaren proposamena ikastetxeko zuzendaritza-taldeak Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzan aurkeztu behar du.

5.– Klaustroak heziketa-zikloen eskaintza partziala eta ondoriozko jarduerak ezagutu behar ditu eta proiektu horrek ikastetxearen barne-antolakuntzan izan dezakeen ondorioaren erantzukizuna bere gain hartu behar du. Halaber, proiektua egiteko behar diren neurriak hartzeko eta ikastetxearen Urteko Plangintzan sartzeko konpromisoa hartu beharko da. Ikastetxeak eskabidearekin batera aipatutako plana aurkeztu beharko du.

6.– Eskabidearekin batera nahitaezko dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Laburpen-fitxa, adierazitako betebeharrak egiaztatzen dituzten erantzukizunpeko adierazpenekin eta ikasturtean garatuko den modulu-eskaintzaren deskribapenarekin (bakar-bakarrik horiek konpetentzia-atalei lotuta ez daudenean). Bertan, oinarrizko argibideak adieraziko dira. «Laburpen-fitxa» inprimaki normalizatuan ezarritako eskemaren arabera egingo da. Inprimaki hau eskuratzeko, jo euskadi.eus helbide elektronikora (ikus I. eranskina)

Moduluak bakar-bakarrik eskatu beharko dira modulu horiek konpetentzia-atalei lotuta ez daudenean.

b) Horrez gain, Eskaintzaren Justifikazioa aurkeztu beharko du euskadi.eus helbidean dagoen «Eskaintzaren Justifikazioa» izeneko formularioak duen eskemari jarraituz (ikus I. eranskina).

6. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

7. artikulua.– Eskabideetako akatsen zuzenketa.

Dirulaguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da.

8. artikulua.– Jarraipena eta ebaluazioa.

1.– Modalitate honetan heziketa-zikloak eskaintza partzialean irakasteko onartutako baldintzetan gauzatzen dela bermatzeko, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak horien jarraipena egingo du Hezkuntza Ikuskaritzaren bidez.

2.– Irakaste-aldian prestakuntza garatzean gorabeherarik egongo balitz heziketa-zikloen eskaintza partziala ematen duten ikastetxeetan, dagokion Ikuskaritzako Lurralde Burutzak txostena igorriko dio Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari, zuzendaritza horrek behar diren neurriak har ditzan.

9. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa. Datu pertsonalak tratatu eta «Lanbide heziketarekin lotutako dirulaguntzak» izeneko tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira.

Arduraduna: Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza, Hezkuntza saila.

Xedea: Itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak ematea, lanbide-heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialeko modalitatean emateko.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean: https:///www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna//047400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Araudi Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from-ES)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

10. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Eskaintza partzialeko modalitatean heziketa-ziklo bat irakasteko dirulaguntza eskatzeko beharrezko baldintza bakarra izango da heziketa-ziklo hori irakasteko baimenduta egotea.

2.– LOE legeak ezarritako heziketa zikloetan bakarrik lagunduko da diruz modalitate hau. Halaber, LOGSE legeak ezarritako zikloak diruz lagundu ahal izango dira, ziklo horiek LOE legeak ordezkatu ez dituenean.

3.– 2022-2023 ikasturtean modalitate honen bidez emango diren moduluak edo moduluek, bermatu beharko dute, gutxienez, LOE legearen konpetentzia-atal bat egiaztatzea, baldin eta konpetentzia-atalei lotutako modulu bat edo zeharkako moduluak geratzen badira eskaintzeko.

4.– Ikastetxeak eskatutako konpetentzia-atalak irakasteak dakar ikastetxearen konpromisoa 2022-2023 ikasturtean irakasteko konpetentzia-atala egiaztatzeko gainditu behar diren modulu guztiak irakasteko.

5.– Eskaintza partzialeko modalitate hau irakasteko baimenak berekin ekarriko du irakaskuntza horiek beraiek ikasten dituzten ikasleentzat ondorio akademikoak izatea, ziurtapenaren ondorioetarako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko martxoaren 22ko Aginduan ezarritakoaren arabera.

6.– Deialdi honen bidez ez dira diruz lagunduko gutxienez 12 ikasle ez dituzten taldeak.

11. artikulua.– Onuradunen betekizunak.

Ezingo dute deialdiko dirulaguntzarik eskuratu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenek, besteak beste:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez izatea.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dien zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako legezko debekurik ez izatea.

– Estatuko araudiaren araberako berdintasun-planik ez izatea, 50 langile baino gehiago dituzten enpresentzat, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana ez egiaztatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.

Baldintza horiek bete beharko dira laguntza-eskabidea aurkezten denetik ematen den dirulaguntza likidatzen den arte.

Administrazioak ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta kasu bakoitzean eskumena duen organoak emandako administrazio-ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

Gainerako betekizunak erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira eta eskabide-inprimakian jasoko dira.

12. artikulua.– Dirulaguntza emateko prozedura.

1.– 2.2 artikuluan ezarritako dirulaguntza lerro bakoitzean, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, 13. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, eta dirulaguntzak 16. artikuluak ahalbidetzen duen zenbatekoan esleituko dira, balorazio-fasean lortutako puntuazioaren beheranzko ordenari jarraituz, hurrenez hurren esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte, hala badagokio.

2.– Agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztien arteko lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko da dirulaguntza ematea.

3.– Balorazio-batzordeak eskaerak aztertuko ditu artikulu honetan adierazitako irizpideen arabera eta puntuak esleituko ditu.

4.– Ondoren, bi zerrenda egingo dira, bat ziklo industrialetarako eta beste bat gizarte-zerbitzuetarako eta beste. Bi zerrendak egingo dira puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera hurrenkeran eta dirulaguntzak hurrenkera horren arabera esleituko dira, eskuragarri dauden aurrekontu-kredituak agortu arte.

5.– Aurkeztutako eskabideak finantzatzeko, lehentasuna izango dute 2020-2021 edo 2021-2022 ikasturtean 3 ikasturteko prestakuntza-plana hasi zuten zikloek. Helburua da ikasleak titulua lortzeko aukera izatea; izan ere, titulua 3 ikasturtean lortzen baita; hori dela eta, ikasturte horietan prestakuntza hasi zutenek izan behar dute lehentasuna.

13. artikulua.– Esleitzeko eta baloratzeko irizpideak.

Eskaerak honako irizpide hauen arabera balioetsiko dira: a) eta b) puntuak baloratzeko datuak ondorengo helbideetatik jasoko dira:

http://www.lanbide.euskadi.eus/ikerketa-estatistikak/

https://www.lanbide.euskadi.eus/estatistika/-/estatistika/lan-egoera-2020ko-abenduan-2017eko-unibertsitate-promozioa/

a) Eskaera/eskaintza. Eskatutako lanbide-arloak lan-merkatuan duen eskaria eta 2021-2022 ikasturtean izandako matrikula kopurua. Gehienez, 20 puntu.

20 puntu: Matrikulak < eskaria.

10 puntu: Matrikulak = eskaria.

0 puntu: Matrikulak > eskaria.

b) Enplegagarritasuna. Eskatutako zikloaren enplegagarritasuna. Gehienez, 10 puntu.

10 puntu: % 100.

c) Esperientzia. Ikastetxeak eskaintza partzialeko heziketa-zikloak irakasten izandako ibilbidea. Gehienez, 20 puntu.

5 puntu eskaintza partziala eskaintzen den ikasturteko.

d) Finkatzea. 2021-2022 ikasturtean heziketa-zikloak eskaintza partzialeko modalitatean ematen finkatutako taldeen ehunekoak. Gehienez, 10 puntu.

10 puntu: % 100.

7 puntu: % 80 <= P < % 100.

4 puntu: % 50 <= P < % 80.

0 puntu: P < % 50.

e) Eraginkortasuna. 2020-2021 ikasturtean KU edo moduluren bat gainditu dutenen ikasleen ehunekoak eta ikasketak utzi dituzten ikasleen ehunekoak. Gehienez, 10 puntu.

10 puntu: % 100

7 puntu: % 80 <= P < % 100

4 puntu: % 50 <= P < % 80

0 puntu: P < % 50

f) Emakumeen parte-hartzea. 2021-2022 ikasturtean KU edo moduluetan matrikulatutako emakumeen ehunekoak. Gehienez, 10 puntu.

10 puntu: % 100.

g) Euskara: D ereduan eskainitako zikloek, gehienez ere, % 20 gehituko dute puntuazio osoa. Puntuazio osoa aurreko irizpideei dagozkien puntuazioak batuta lortzen da. KU edo moduluren bat D ereduan eskainiz gero, puntuazioa igoko da proportzionalki, alegia, moduluetan eskainitako orduen eta zikloak dituen orduen proportzioan, Lan Prestakuntzari dagozkion orduak kontuan hartu gabe (1.650 ordu).

h) Berdinketarik balego, kontuan hartuko da balorazio-irizpideetan lortutako puntuazioa, 11. artikuluko 5. puntuko hurrenkera jarraituta.

14. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

Dirulaguntzaren eskaera berariaz sortutako ebaluazio-batzorde batek balioetsiko du. Batzordea honako hauek osatuko dute:

– Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako bi teknikari; batak batzordeburuaren egitekoak beteko ditu, eta bestea idazkari-lanetan arituko da. Lanbide Heziketako Sailburuordetzak izendatuko ditu.

– Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritza bakoitzeko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak izendatutako pertsona bat, bere lurraldeari atxikitako ikastetxeen eskaintza partzialerako eskaerak dituena.

15. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebatzi eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko era eta publizitate-prozedura.

1.– Deialdian aurkeztutako eskabideak dagokion prozeduraren bidez izapidetuko dira 2.2 artikuluan aurreikusitako laguntza-ildo bakoitzean, eta Plangintza eta Antolaketako zuzendariari dagokio prozedura hori ebaztea, Balorazio Batzordeak proposatuta.

2.– Esleipen-prozedura bakoitzean egingo den ebazpenean, eskatutako dirulaguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu diren zehaztuko da; eman diren kasuetan, erakunde onuradunen izena edo izen soziala eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, zenbatekoa urteka banakatuta. Ukatutako eskabideei dagokienez, erakunde eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko da.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lanbide Heziketako sailburuordeari.

4.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Argitalpen hori egiten den egun berean emango zaie horren berri eskaeran gailu elektroniko bat eta/edo posta elektronikoko helbide bat identifikatu duten interesdunei. Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jende guztiak horren berri izan dezan.

5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota aurreko zenbakian ezarritako argitalpena egin ez bada, dirulaguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

6.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezartzen bada, eta hori ez bada egiten ordainketa egiteko borondatezko epean, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1.– 2022-2023ko ikasturtean eskaintza partzialean irakatsiko diren heziketa-zikloen finantzaketa, baimendutako konpetentzia-atalen edo moduluen iraupen finkoaren arabera zehaztuko da.

2.– Lanbide Heziketako heziketa-zikloen konpetentzia-atalak eta moduluak 2022-2023ko ikasturtean irakasteko ezarritako gehienezko modulu ekonomikoak honako hauek dira:

– Erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloen konpetentzia-atalak eta moduluak: 98 euro/ordua.

– Soldadura eta galdaragintzako erdi-mailako heziketa-zikloaren Giro naturaleko soldadurako eta Babes-giroko soldadurako konpetentzia-atalak: 116,50 euro/ordua.

17.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Diruz lagunduko diren gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31. artikuluak ezarritakoari lotuko zaizkio.

a) Langile-gastuak.

b) Funtzionamendu-gastuak. Funtzionamendu-gastuek ezingo dute gainditu finantzatutako gastuen % 30. Halaber, funtzionamendu-gastu honetatik, bai zuzendaritza, koordinazio, kudeaketa eta administrazio-gastuek eta lokalen alokairuak edo amortizazioak ezingo dute gainditu batera funtzionamendu-gastuen herena.

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntzaren ordainketa epe bitan egingo da.

a) Lehenengoa, jaso beharreko diru guztiaren % 45, 21.e) artikuluan aipatutako epea igarotakoan egingo da, dirulaguntzari uko egin ez bazaio.

b) Eta geratzen den zenbatekoaren bigarren ordainketa, % 55a, 2023an egingo da, 22.a eta 22.b artikuluetan adierazitako agiriak aurkeztu eta horiek ebaluatu ondoren.

19. artikulua.– Ez-betetzea eta itzultzeko prozedura.

1.– Laguntzen erakunde onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezarritako arau-hausteen araubidea bete beharko dute, eta, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikulua aplikatuz, emandako eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, baita aplikatzekoak diren legezko interesak ere, berandutze-interesa barne, honako kasu hauetan:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91-93 artikuluetan jasotako itzulketa-kausaren bat izatea.

b) Dirulaguntza eragin zuen jarduera ez egitea.

c) Ikastetxeak aurkeztutako azken memorian diruz lagundutako jarduerari egiten zaion jarraipenetik ondorioztatzen bada jarduerak ez dituela lortzen diruz lagundutako proiektuan proposatutako gutxieneko helburuak.

d) Ez betetzea, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan, agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betebeharrak.

2.– Itzulketa egiteko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Horrez gain, bestelako ekintzak ere egin ahal izango dira. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.

20. artikulua.– Ebazpena aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketa orok ebazpena aldatzea ekarriko du berekin, dirulaguntza arautzen duen araudian ezarritako moduan, baldin eta, dirulaguntzaren onuradun izateko, dirulaguntzei buruzko araudiak ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

Horretarako, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du eta, han, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.

21. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

a) Erakunde onuradunek xedatutako betebehar guztiak bete beharko dituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua.

b) 2022-2023 ikasturtean finantzatzen den lanbide-heziketako heziketa-zikloen eskaintza partziala ikasturte horretarako Ikastetxearen Urteko Planean sartu beharko da.

c) Ikasketa Burutzak finantzatutako eskaintza partziala abian jartzen dela zaindu eta horretarako jarduerak koordinatu beharko ditu. Lan hori Ikasketa Burutzak berak egingo du edo, bestela, berak eskuordetzen duen irakasleak, modalitate horretako prestakuntza-koordinatzailea izango denak. Hala bada, koordinatzaile horrek, aldiro, eskaintzaren eta jardueren garapenari buruzko informazioa emango dio Ikasketa Burutzari, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da gai horrekin zerikusia duten gaiak aztertzen direnean.

d) Erakunde eskatzaileak ebazpenean kontuan hartu diren inguruabarren edozein aldaketa jakinarazteko konpromisoa hartzen du.

e) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, deialdiaren ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, hamabost eguneko epean, erakunde onuradunek esanbidezko ukapena egiten ez badiote eta idatziz horren berri ematen ez badute, dirulaguntza onartzen dutela ulertuko da.

f) Eman den xede jakinerako erabiltzea dirulaguntza.

g) Onuradunek programa, jarduera, inbertsio edo diruz lagun daitezkeen edozein motatako ekintzen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egin beharko dute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.

h) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jakinaraztea eskatzen dieten informazioa, deialdi honen kargurako jasotako dirulaguntzei buruzkoa.

i) Lanbide Heziketako zikloak eskaintza partzialean irakasteko baimendutako ikastetxeek dituzten baldintza guztiak ere betetzea.

22. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

a) Ikastetxe onuradunek azken txosten bat egingo dute, eta bertan, baimendutako eskaintzan aurreikusitako helburuen garapen-maila eta emaitza partzialen berri emango da. Justifikazio hau bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango da, egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean sartuta http://www.euskadi.eus/nirekarpeta 2023ko uztailaren 31 baino lehenago.

Justifikazioari buruzko zehaztapenak Eusko Jaurlaritzaren ondorengo egoitza elektronikoan daude: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0050811.

b) Txosten ekonomikoa inprimaki normalizatuan ezarritako eskemaren arabera egin eta «nire karpeta» bide elektroniko bidez bidali beharko da. Inprimaki hau eskuragarri dago euskadi.eus orrialdean. Txostenak ondorengo agiriak izan behar ditu: gastu guztien zerrenda exhaustiboa, kapituluak eta kontzeptuak kontuan hartuta ordenatuta, fakturen zerrenda kronologikoki antolatuta eta beste edozein frogagiri, betiere legez onartuta badaude eta emandako dirulaguntzari badagozkio. Eranskin horrekin batera, fakturak eta horien egiaztagiriak aurkeztuko dira, euskarri elektronikoan, edo kopia digitalizatuak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.

Dirulaguntzaz gain, finantzaketaz ere baliatu badira jarduerak bai baliabide propioez bai bestelako dirulaguntzez edo baliabideez, justifikazio horretan, egiaztatu beharko da zenbatekoa, haren jatorria eta funts horiek diruz lagundutako jardueretarako erabili direla.

Ikastetxeek txostena bitarteko elektronikoen bidez 2023ko uztailaren 31 baino lehenago aurkeztuko dute ondorengo helbidean: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Justifikazioari buruzko zehaztapenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honetan xehatzen dira: https://euskadi.eus/zerbitzuak/0050811

Agindu honen bidez deitutako laguntzen erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Jasotako funtsen erabileraren egiaztagiriak gorde beharko dituzte, egiaztatu eta kontrola daitezkeen bitartean.

b) Deialdi honen bidez diruz lagundutako prestakuntza-ekintzek guztiz doakoak direla parte-hartzaileentzat bermatu behar dute.

23. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko eta pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, behar den gehieneko mugaraino.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende daude: urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege orokorrean jasotako oinarrizko erregulazioa, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hileko epean. Epe bi horiek agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 13a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala