Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2022ko apirilaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1654

40/2022 EBAZPENA, apirilaren 6koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko betekizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko neurrien plana onartzen duen Erabakia argitaratzeko dena.

Gobernu Kontseiluak, 2022ko martxoaren 29an egindako bilkuran, suspertze, eraldatze eta erresilientzia plana gauzatzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko betekizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko neurrien plana onartzen duen Erabakia onartu du, eta behar bezalako publizitatea emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea suspertze, eraldatze eta erresilientzia plana gauzatzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko betekizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko neurrien plana onartzen duen erabakiaren testua, zeina eranskinean jaso baita.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 6a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 6KO 40/2022 EBAZPENARENA
ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ONARTZEN BAITA SUSPERTZE, ERALDATZE ETA ERRESILIENTZIA PLANA GAUZATZEKO ESKATZEN DIREN IRUZURRAREN AURKAKO BORROKARI, INTERES-GATAZKEI, FINANTZAKETA BIKOITZARI ETA ESTATU-LAGUNTZEI BURUZKO BETEKIZUNAK ETA INGURUMENARI KALTE NABARMENIK EZ EGITEKOAK BETETZEKO NEURRIEN PLANA

Gobernu Kontseiluaren 2022ko otsailaren 8ko Erabakiak zortzigarren apartatuaren laugarren paragrafoan jasotzen duenaren arabera, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketen eta proiektuen aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenari, kudeaketari eta jarraipenari dagokienez, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Agintaritza Arduradunaren orientabideekin bat etorriz, neurrien plan bat egingo du Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko betekizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko, eta plan horren berri emango dio Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko informazioa emateko eta haren jarraipena egiteko Sailarteko Batzordeari, ondorio egokiak izan ditzan.

2022ko martxoaren 18an, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko informazioa emateko eta haren jarraipena egiteko Sailarteko Batzordeak erabaki du Gobernu Kontseilura bidaltzea Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko betekizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko neurrien plana, Gobernu Kontseiluak onar dezan.

Plan horretan jasotzen diren prebentzio-tresnen artean dago adierazpen instituzional bat egitea, argi eta irmo azaltzeko iruzurraren aurka borrokatzeko konpromisoa beteko dela.

Horregatik guztiagatik, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko informazioa emateko eta haren jarraipena egiteko Sailarteko Batzordearen erabakiaren arabera, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, eta gaia aztertu ondoren, Gobernu Kontseiluak erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Onartzea erabaki honen eranskinean jaso den adierazpen instituzionala, zeinaren bidez Eusko Jaurlaritzak hitzematen baitu iruzurraren aurka borrokatuko duela.

Bigarrena.– Onartzea Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko betekizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko neurrien plana, haren aplikazio-eremuan ezarritako baldintzetan.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek eta sailek planaren neurriak osatu edo egokitu ahal izango dituzte gerora, baldin eta uste badute nahitaezkoa dela Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak zuzen garatzeko, betiere haien eskumen-eremua errespetatuz eta planaren printzipioen aurka joan gabe.

Laugarrena.– Plana leku hauetan argitaratzea: Euskal Autonomia Erkidegoaren webgunea (https://www.euskadi.eus Eusko Jaurlaritzaren gardentasunaren eta datu-bistaratzeen ataria (https://www.gardena.euskadi.eus Ekonomia eta Ogasun Sailaren web-orria (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ekonomia-ogasun-saila/), eta plana benetan aplikatzeko beharrezkotzat jotzen diren bestelako zabalkunde-kanalak.

Bosgarrena.– Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak onartuko ditu Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko betekizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko neurrien planari gerora egin ahal izango zaizkion aldaketak.

Seigarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emango du.

ERANSKINA

Eusko Jaurlaritzaren adierazpen instituzionala, zeinaren bidez Jaurlaritzak hitzematen baitu Suspertze eta Erresilientzia Mekanismo Europarraren funtsak baliatuz finantzatuko dituen ekimenetan iruzurraren aurka borrokatuko duela.

Eusko Jaurlaritzak, sailen eta organismo atxikien bidez, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (STEP) exekutatzeko eginkizunak betetzen ditu.

Eta hala jasota gera dadin, hitzematen du arau juridiko, etiko eta moralen estandar gorenenak beteko dituela eta osotasun-, objektibotasun- eta zintzotasun-printzipio zorrotzenei lotuko zaiela jarduketa guztietan, eta, jakina, konpromiso horri berari helduko diola Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Europako funtsen bidez finantzatuta egingo dituen jarduketetan.

Jaurlaritzako langileek, enplegatu publiko direnez gero, eginbehar hauek dituzte, besteak beste: «interes orokorrak zaindu beharko dituzte Konstituzioa eta gainerako ordenamendu juridikoa betez; halaber, honako printzipio hauen arabera ere jardun beharko dute: objektibotasuna, osotasuna, neutraltasuna, erantzukizuna, inpartzialtasuna, konfidentzialtasuna, zerbitzu publikoaren aldeko dedikazioa, gardentasuna, eredugarritasuna, austeritatea, irisgarritasuna, eraginkortasuna, zintzotasuna, kulturaren eta ingurumenaren sustapena, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko errespetua» (Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren urriaren 30eko 5/2015 Legearen 52. artikulua).

Horrez gainera, erakundearen buru izateko erantzukizuna duten kargu publikodunek adierazpen bat egingo dute, «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta haren sektore publikoko kargu publikodunen etika- eta jokabide-kodea»ri atxikitzeko (Gobernu Kontseiluak 2016ko azaroaren 22ko bilkuran onartua). Horiek horrela, funtzionarioei eta langile lan-kontratudunei legez ezarritako konpromiso eta balioez gain, kargudunek beren gain hartutako erantzukizunarekin zuzeneko zerikusia duten konpromiso eta balioak ere onartzen dituzte. Ez da deklarazioko kodea edo benetako eraginik ez duen agiria; izan ere, kodean ezarritakoa betetzen ez bada, barneko jarraipen-sistema bat aktibatuko da, eta horrek ekar dezake langilea kargugabetzea edo, kasuan-kasuan, organo eskudunei zenbait gomendio egitea, gertatutako okerrak zuzen daitezen.

Kasu guztietan, helburua da iruzurrezko jarduera oro aldentzeko kultura sustatzea erakundearen barruan, iruzurra prebenitzen eta detektatzen lagunduko duena eta, iruzur-kasuren bat gertatuz gero, kudeaketa-prozedura eraginkorrak garatzea sustatuko duena.

Eusko Jaurlaritzak, STEParen entitate exekutatzaile den aldetik egin behar duen jardunari dagokionez, Batasuneko araudiarekin bat etorriz, plan bat zehaztu du, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko betekizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko neurriak biltzeko. Neurrien plan hori Gobernu Kontseilura bidali du Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko informazioa emateko eta haren jarraipena egiteko Sailarteko Batzordeak, 2022ko martxoaren 29ko bilkuran onartua izan dadin, adierazpen instituzional honekin batera.

Aurretiaz dauden mekanismoak eta esperientzia ahalik eta gehien aprobetxatzen ditu planak; gainera, prozesuak ezartzen ditu iruzur-arriskua ebaluatu eta prebenitzeko, kasuan kasuko erantzukizun-arloetan barne-kontroleko sistema egokia egon dadila ziurtatzeko eta, behar denean, neurri zuzentzaileak behar besteko arretaz aplikatuko direla bermatzeko.

Orobat, neurrien planak administrazio-baliabideak antolatzen ditu, atzeman daitezkeen irregulartasunak eta iruzur-kasu posibleak barneko jakinarazpen-kanalen bidez salatzeko, betiere konfidentzialtasuna eta arlo horretako arauak errespetatuz eta agintaritza arduradunarekin, kontrol-agintaritzarekin, Iruzurraren aurkako Koordinazioko Zerbitzu Nazionalarekin eta Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoarekin lankidetzan arituz.


Azterketa dokumentala