Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2022ko apirilaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
1571

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 17koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita, 2022an euskal kultura kanpoan zabaltzeko, arte plastiko eta ikusizkoak, musika, dantza, eta antzerki arloko sortzaileen mugikortasuna sustatzeko dirulaguntzak emateko Zuzendaritza Kontseiluak onartutako deialdia.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du Institutu horren eskumenekoa dela Euskal Kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu honek bere 19. artikuluaren 2. atalean dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinea, arkitektura eta diseinua hartzen dituela bere baitan. Bestalde, artikulu horren f) zatiak Institutuaren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.

Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskararen eremu geografikotik kanpo arte plastiko eta ikusizkoen, musikaren, dantzaren eta antzerkiaren inguruan antolatzen diren jardueretan parte hartzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea.

2022ko martxoaren 16an, Zuzendaritza Kontseiluak dirulaguntza deialdi hau onartu zuen, haren irizpideekin batera eta Hizkuntza Politika Saileko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barnean dago. Plan estrategikoa Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu da 2021-2024 urteetarako eta Sailaren web orrian argitaratu da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/).

Ondorioz, hauxe

EBATZI DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da, euskal kultura 2022. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo zabaltzeko, arte plastiko eta ikusizkoak, musika, dantza, eta antzerki arloko sortzaileen mugikortasuna sustatzeko dirulaguntzak emateko Zuzendaritza Kontseiluak onartutako baldintzak arautzen dituen deialdia argitaratzea.

2. artikulua.– Deialdiko modalitateak:

II. Kapitulua: Arte plastikoak eta ikusizkoak.

III. Kapitulua: Musika.

IV. Kapitulua: Dantza.

V. Kapitulua: Antzerkia.

3. artikulua.– Diru baliabideak.

1.– Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra laurehun eta hogeita hamabi mila (432.000) eurokoa izango da, eta modalitate bakoitzari dagokion zenbatekoa honakoa izango da:

a) Arte plastiko eta ikusizkoetarako hirurogeita hamabost mila (75.000) euro.

b) Musika biretarako ehun eta berrogei mila (140.000) euro.

c) Dantzarako laurogeita bat mila (81.000) euro.

d) Antzerki bira eta denboraldietarako ehun eta hogeita hamasei mila (136.000) euro.

2.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, modalitate baterako dirulaguntzen zenbatekoa handitu ahal izango da beste modalitatearen soberakinaren bitartez, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago. Honetarako, EEIko zuzendariak ebazpena emango du. Kasu honetan, eskaera kopuruaren eta dagoen diru-kantitatearen arteko desoreka handiena duen modalitateak lehentasuna izango du.

4. artikulua.– Dirulaguntzak emateko modua, zenbatekoa eta mugak.

1.– Ebazpen honen bidez emango diren dirulaguntzak baldintzak betetzen dituzten eskabideen artean banatuko dira, aurrekontuko zuzkidura agortu arte. Beraz, ebazpena emateko, eskabideak zein hurrenkeratan aurkeztu diren hartuko da kontuan zorrotz, dauden funtsak agortu arte. Ondorio horretarako, eskabidea erregistroan sartzen den eguna eta ordua hartuko dira kontuan.

Ebazpen honen ondorioetarako, aurrekontua agortu egiten bada, EEIko zuzendariak amaitutzat joko du eskabideak aurkezteko epea. Horretarako, dagokion ebazpena argitaratuko du Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan. Ezarritako xedera bideratutako diru-funtsak agortzeak arrazoituko du erabaki hori.

Funtsa agortu eta ebazpena argitaratu bitartean eskabideren bat epean jasotzen bada, hasiera batean kanporatua izango bada ere, erreserba egoeran geldituko da esleitutako dirulaguntzak onartzen ez diren kasuetarako. Ondorio honetarako ere, erregistroaren hurrenkera hartuko da kontuan.

2.– 12. artikuluan finkatutako baldintzak eta II. Kapituluko modalitate bakoitzean ezarritako irizpideen arabera banatuko dira dirulaguntzak, baldintzak betetzen dituen eskatzaile bakoitzari, proportzionalki dagokion puntuazioaren araberako laguntza esleituz.

3.– Dirulaguntza esleitzeko orduan, eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuan EEIk diruz laguntzen dituen gastuen atala soilik hartuko da kontuan.

4.– EEIk diruz laguntzen dituen gastuak:

1) Dagokion jaialdi edo jardueran parte hartzekoak: joan-etorria, artelanen, eszenografiaren edo materialaren garraioa, ostatua eta dietak. Antzerki denboraldietan, promozio gastuak ere bai.

– Artisten katxetak eta nominak ez dira diruz lagunduko. Ez da gastu amortizagarririk diruz lagunduko.

5.– Laguntzen zenbatekoak:

a) Ostatu eta otorduetarako gehienezko gastuak, pertsonako eta eguneko: Espainiar Estatuan, hirurogeita hamabost (75) euro ostaturako eta berrogei (40) euro dietarako. Estatutik kanpora, ehun eta hogei (120) euro ostaturako eta hirurogei (60) euro dietarako.

b) Ondorengo dietak onartuko dira: emanaldi egunetakoak, eta joan-etorrietarako beste egun bat.

Arte plastiko eta ikusizkoen erakusketen kasuan, soilik joan-etorrietako, muntaia eta inaugurazio egunetarako dietak onartuko dira. Lau egunetako dietak onartuko dira gehienez ere.

Eskaerako aurrekontuan, dieta kontzeptuan eskatzen den kopurua ez da gastu lagungarrien % 50 baino gehiagokoa izango, eta ezta 2.000 euro baino handiagoa ere.

c) Automobila erabiliz gero, zero koma hogeita bost (0,25) euro km-ko gehi autopista eta parkinga. Furgoneta erabiliz gero, zero koma hogeita hamabost (0,35) euro km-ko gehi autopista eta parkinga. Kilometro kopurua kalkulatzeko, dirulaguntza eskaera egin duen pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren sozietate egoitza hartuko da abiapuntutzat.

d) Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren faktura, erregaia, autopista eta parkinga.

e) Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, soilik maila arrunteko txartela onartuko da.

6.– Hori guztia, 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorrak, azaroaren 17koak, 31. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin jasotakoaren kalterik gabe.

5. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna:

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publikoek edo pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Gain-finantzaketarik badago, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

6. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.

1.– Ebazpen honek araututako dirulaguntzen onuradun izateko honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Pertsona fisiko edo juridiko pribatua izatea eta errolda edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Zabaldu nahi den obraren edo lanaren komunikazio-hitza nagusiki euskara denean, errolda edo egoitza soziala euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira. Pertsona fisikoek errolda agiria aurkeztu beharko dute hau ziurtatzeko eta pertsona juridikoek dagozkien agiriak.

Ondokoa joko da euskararen eremu geografikotzat: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea, eta Euskal Hirigune Elkargoa.

b) Eskaerak aurkezten duenean alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, egingo den jarduerari dagokion epigrafean, arte plastiko eta ikusizkoak modalitatean salbu.

2.– Ez da onartuko nagusiki kapital ekarpen publikoa duten entitate pribatuen, fundazioen, eta dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteen eskaerarik.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunera izatea.

4.– Ezingo dute ebazpen honetako dirulaguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona edo erakunde eskatzaileek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoaren indarrez.

5.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

6.– Halaber, aplikagarria izango da dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11, 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

7.– Baldintza guzti horiek, onuradun izateko ezezik, jasotako dirulaguntzaren kitapena eman arte bete beharko dira.

7. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesatuak eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein Administrazio batek egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, interesatuak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

Eskatzaileak Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

Errolda edo egoitza soziala Euskal Hirigune Elkargoan dutenek dagozkien Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, baita eskatutako beste edozein agiri ere.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren baitan, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «de minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

Halaber, eskatzaileak honakoak adieraziko ditu eskabidean: dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

3.– Eskaera beste pertsona baten izenean egiten denean, legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritza ahalmenaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

8. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatuko dituen organoa.

Etxepare Euskal Institutuaren Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzea.

EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerei erantzutera.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epeak eta modua.

1.– Bira edo proiektuko eskabide bat aurkeztuko da. Eskatzaile berak eskabide bat baino gehiago aurkeztuko badu, nahikoa izango da eskatzaileari buruzko administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.

2.– Eskabideak aurkezteko bi epe egongo dira:

2.1.– Lehenengo epea:

2022ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era egiteko diren jarduerentzat, eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta maiatzaren 31n amaituko da. Halaber, epe hori amaitutzat joko da deialdiaren diru-zuzkidura agortzen denean.

2.2.– Bigarren epea:

2022ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra egiteko diren jarduerentzat, eskabideak aurkezteko epea uztailaren 1ean hasiko da, eta urriaren 31n amaituko da. Halaber, epe hori amaitutzat joko da deialdiaren diru-zuzkidura agortzen denean.

3.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Andre zigarrogileen Plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, Donostia (20012), goizeko 8:30etatik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 5. atalean adierazitako helbidean.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero-presentziala edo elektronikoa-, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

Aurrez aurreko eskaerak aurkezteko aurretiazko hitzordua eskatu beharko da.

4.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 5. atalean adierazitako helbidean. Euskal Hirigune Elkargoko pertsona juridikoen kasuan, eskatzaileek bide presentziala ere aukeratu ahal izango dute.

5.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukizun peko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai:

Arte plastiko eta ikusizkoak: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1032524

Musika: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1032525

Dantza: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1032526

Antzerkia: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1032527

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egin daitezke:

https://www.euskadi.eus//nirekarpeta

6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7.– Identifikazio elektronikorako, onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuta dagoen bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.

8.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

10. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Eskaera onartua izateko, honakoak aurkeztu beharko dira:

*Eskaera formularioa, atal guztiak dagokion bezala beteta eta sinatuta, eta modalitate bakoitzeko formularioan galdegiten diren dokumentuak erantsita.

*Dagokion jaialdi, azoka, antzoki, erresidentzia, edo birako emanaldiak hartuko dituzten areto guztien kontratua, gonbidapen ofiziala edo ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, antolatzaileak sinatuta. Agiri honek, gutxienez, honakoak zehaztuko ditu: ekitaldiaren data, lekua, baldintza ekonomikoak eta antolatzailearen kontakturako informazioa.

11. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela, aurretiazko ebazpen bidez.

12. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.

1.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta dirulaguntzen kopuruak zehazteko irizpide-ardatzak honakoak izango dira:

a) Deialdiaren baldintzak betetzea: 50 puntu. Deialdiaren gutxieneko baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiek 50 puntu jasoko dituzte.

b) Euskararen presentzia proiektuan: 10 puntu. Proiektuaren hizkuntza euskara bada 10 puntu. Elebiduna bada euskara eta beste hizkuntza bat, 5 puntu. Hitzik gabeko proiektuetan, obraren izena, musikaren hizkuntza, taldearen izena, eta egon daitezkeen gainontzeko euskarrien hizkuntzak hartuko dira kontuan.

c) Genero irizpidea: Gehienez, 10 puntu. Sortzailea edo taldeko kide nagusia emakumea bada, parte hartzen duten kideen artean genero-berdintasuna edo emakumeen gehiengoa badago, edo lanak genero-berdintasunari buruzkoa bada: 10 puntu. Gainerako kasuetan, proportzionalki puntuatuko da, parte-hartzaileen generoaren arabera.

d) Proiektuaren autofinantziazio maila: 10 puntu. Autofinantziazioa + % 80 = 10 puntu. Bestela, proportzionalki.

e) Zein espaziotan/gertakizunetan garatuko diren jarduerak: ekintza burutuko den aretoaren ezaugarriak, edukiera eta nazioarteko programazioa. 10 puntu.

f) Eskatzailearen ibilbide profesionala: Gehienez, 5 puntu.

* Azken hiru urteotan kanpoan proiektu bat landu izana 5 puntu. Azken hiru urtetik bitan kanpoan proiektu bat garatu izana 3 puntu. Azken hiru urtetik batean kanpoan proiektu bat garatu izana 1 puntu.

g) Eskatzailearen presentzia digitala: 5 puntu. Web-orri, sare sozial, edo gainontzeko euskarri digitalak euskaraz, gazteleraz, eta ingelesez izatea 5 puntu. Euskaraz izatea 3 puntu. Gazteleraz izatea 1 puntu. Ingelesez izatea 1 puntu.

2.– Ez da 500 eurotik beherako dirulaguntzarik emango, arte plastikoan izan ezik. Jasotako puntuazioari dagokiona muga honetatik beherakoa bada, proiektu horrek ez du laguntzarik jasoko.

13. artikulua.– Ebazpenak.

1.– EEIko Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko Arloari dagokio dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzea eta eman beharreko laguntza kalkulatzea, EEIren zuzendariak dagokion ebazpena eman dezan.

2.– Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena banaka jakinaraziko zaie interesdunei eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan ere argitaratuko dira, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Ebazpenak gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira, eskaera behar bezala aurkeztu ondoren. Epe hori igaro eta jakinarazpenik ez badago, eskabideak ezetsitzat joko dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.9 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

4.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren Sektore Publikoak emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura. Prozeduraren amaieran laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezartzen bada, eta itzulketa ordainketa egiteko borondatezko epean egiten ez bada, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakartelako.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren onarpena.

Ebazpena jakinarazten den egunetik kontatzen hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu egin dela ulertuko da.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Dirulaguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2022. urtean burutzea.

2.– Esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, dirulaguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren eta gastuen gauzatzea justifikatu behar du. Justifikazioari ekiteko, dirulaguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.

3.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan edo aurrekontuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz jakinarazi beharko dio EEIri edo «nire kudeaketak» helbidearen bitartez izapide elektronikoaren kasuan. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ematen ez badu, aldaketa onartutzat joko da, baldin eta dirulaguntzaren onuradun izateko arauak ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

4.– Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.

5.– Esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan, Etxepare Institutuaren logoaren bitartez babesa jaso dutela adieraztea. Nolanahi ere, dirulaguntza esleituz eman beharreko ebazpena eman aurretik gauzatutako egitasmoak betebehar hori betetzetik kanpo egongo dira.

6.– Onuradunak, diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.

7.– Halaber, aplikagarria izango da, dirulaguntzei buruzko azaroak 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

16. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Ebazpen honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunek jarduera amaitu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dituzte artikulu honetako 5. atalean zerrendatzen diren agiriak, jarduera, deialdi hau argitaratu aurretik amaitu den kasuetan izan ezik. Kasu horretan, hilabeteko epea izango dute, dirulaguntza onartzen denetik aurrera.

2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte hurrengo helbidean:

Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen Plaza 1, Tabakalera eraikina, Donostia (20012). Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte hurrengo gunean: https://www.euskadi.eus//nirekarpeta

3.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan. Euskal Hirigune Elkargoko pertsona juridikoek justifikazioak, bide presentzialaz ere aukeratu ahal izango dute.

4.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 9.5 artikuluan adierazitako helbidean.

5.– Justifikazio modua justifikazio xinpletua izango da. Jarraian zerrendatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira:

a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.

b) Justifikaziorako eredu-orriak jarraituz zehaztuko dira egindako gastuak, eta halakorik balego, jasotako beste dirulaguntzak.

c) Gastuen justifikaziorako, aurrekontu onartuan Etxeparek diruz-laguntzen dituen kontzeptuetako gastu guztiak egiaztatu beharko dira. Horrekin batera gastu eta diru-sarreren balantzeari buruzko zinpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

EEIk ausaz eta zozketaz, onuradunetako batzuei aurkeztutako aurrekontua bere osotasunean justifikatzeko agiriak eskatuko dizkie.

d) Gastu guztien zerrenda ordenatua jasotzen duen taula sinatua.

Etxepare Institutuak edozein momentutan eskatu ahalko ditu goian aipaturiko gastuak justifikatzeko fakturak. Fakturek eskatzailearen izenean egon beharko dute, eta indarrean dagoen araudi fiskalaren arabera baliozkoak izan beharko dute. Bestelako monetatan egindako fakturen kasuan, gastua eurotan zenbatekoa izan den adierazi beharko da, horretarako erabilitako kanbio-tasa adieraziz.

e) Dietak justifikatzeko, aski izango da dagokion formularioan jasotzen den taula bete eta sinatzearekin. Halere, dieten taularen bidez zuritutako laguntza ezingo da jasotako laguntzaren % 50 baino gehiago izan, eta ezta 2.000 euro baino handiagoa ere.

f) Norberaren ibilgailuan egindako bidaietarako, nahikoa izango da onuradunak dagokion kilometraje taula bete eta sinatzearekin. Honela kalkulatuko da kilometro kopurua: jarduera egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen sozietate egoitzara edo establezimendura dagoen joan etorriko distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Bidesari eta parking gastuen ticketak edo fakturak aurkeztu beharko dira.

g) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinudunen ale bana, hala badagokio.

h) Helburu berbererako jasotako bestelako dirulaguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste dirulaguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko du, onuradunak izenpetua.

i) Kontratu ala ziurtagiriak, antolatzaileek sinatuak, egindako emanaldien baldintzak jasotzen dituztenak.

j) Halaber, aplikagarria izango da dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. Artikuluan eta horren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

17. artikulua.– Likidazio ebazpena.

1.– Dirulaguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean. Ebazpen honetan dirulaguntzaren itzulpena aginduk balitz, hau jasotzen denetik bi hilabeteko epea egongo da itzulketa egiteko.

2.– Ez betetze partzialaren kasuetan, itzuli beharreko diru-kopurua finkatzeko proportzionaltasun-printzipioa gidari izango da.

3.– Salbuespen gisa, esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa ez da gutxituko baldin eta jarraian azaltzen diren hiru baldintzak aldi berean gertatzen badira:

a) Aurreikusitako gastu-aurrekontuaren eta behin betikoz exekutatutakoaren arteko aldea % 15etik beherakoa izatea.

b) Esleitutako dirulaguntzak behin betikoz exekutatutako gastuaren % 60 ez gainditzea.

c) Gain-finantziaziorik ez gertatzea.

18. artikulua.– Ordainketa.

Deialdi honetan oinarrituz emandako dirulaguntzen ordainketa bi zatitan egingo da honako prozedurari jarraituz:

– % 50, dirulaguntza onartzen den egunetik aurrera, hilabeteko epean.

– % 50, jarduera amaitu, justifikazioa egin eta beranduenez ere bi hilabeteko epean.

Dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio, indarrean dagoen araudiaren baitan dagozkion atxikipen eta konturako ordainketak.

Kasua bada, jarduera hasteagatik aplikagarria den atxikipena, onuradunak eskatu beharko du. Eskaera hori, deialdi honetako 15. artikuluak dirulaguntza onartzeko ezartzen duen 15 eguneko epean aurkeztu behar da.

19. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako dirulaguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.

4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

5.– Halaber, aplikagarria izango da dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokokorraren 37 eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

II. KAPITULUA
ARTE PLASTIKOAK ETA IKUSIZKOAK

20. artikulua.– Xedea.

2022. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo arte garaikideko erakusketak edo gertakizunak antolatzea eta/edo beraietan parte hartzea (lehiaketak, jaialdiak, erakusketak, egoiliar gisako proiektuak...).

Xede honetarako, ez dira aintzat hartuko urteko programazioak, ezta ohiko jarduntzat hartzen direnak ere, erakusketa iraunkorrak kasu. Hortaz, ohiz kanpokotzat jo daitezkeen proiektu edo ekimen zehatzak onartuko dira soilik.

Ez dira onartuko obraren salerosketarekin zerikusia duten eskaerak, ezta nazioarteko arte-azoketan parte hartzearekin zerikusia dutenak ere.

Ez dira onartuko arlo akademikoarekin edo unibertsitate ikasketekin zerikusia duten eskaerak.

21. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura hirurogeita hamabost mila (75.000) eurokoa izango da, bi epeetan banatuta:

a) 37.500 euro urtarrilaren 1etik ekainaren 30era burutuko diren jardueretarako.

b) 37.500 euro uztailaren 1etik abenduaren 31ra burutuko diren jardueretarako.

Salbuespenez, ekainaren 30a baino lehen hasi eta bigarren epean garatzekoak diren proiektuak, lehen epean aurkeztu beharko dira.

Lehen epean agortzen ez den dirua bigarren epera pasatuko da automatikoki.

22. artikulua.– Eskabideen aurkezpena eta dokumentazioa.

a) Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina urte osoan jasotako dirulaguntza guztien batura ez da inoiz izango hamabi mila eta bostehun (12.500) euro baino handiagoa.

b) Hainbat pertsonak parte hartzen duten proiektu artistiko kolektiboen kasuan, bakoitzak bere eskabidea egingo du pertsona fisiko gisa era indibidualean.

c) Ezinbestekoa da arte-ekintza hartuko duen espazioaren arduradunak sinatutako kontratu, gonbidapen edo ziurtagiri bat aurkeztea, ekintza hori zein baldintza ekonomikotan garatuko den adieraziz, hau da, zenbatekoa den artistak jasoko duen ordainsaria, edo, hala badagokio, artistari gauzatan ordaintzen bazaio, zenbat ordainduko zaion bidaia-gastuak, ostatua, materialak, muntaia-gastu edo antzeko kontzeptuetan.

Arte-ekintza hartuko duen espazioak ekintzaren finantziazioan parte hartu beharko du. Ez da onartuko Etxepare Euskal Institutua eta laguntza eskatzen duen pertsonaren ekarpen ekonomikoarekin osoki finantziatutako proiekturik.

Ez da laguntzarik emango beren jarduerei buruzko on line informazio eguneraturik ez duten guneetan garatu beharreko proiektuetarako.

d) Ez da inbertsio amortizagarririk onartuko.

e) Ez da onartuko artista laguntzera joandako aholkulari edo laguntzeen gasturik.

f) Ez da muntaia gasturik onartuko.

23. artikulua.– Egoiliar proiektuak.

1.– Erresidentzia-proiektutzat hartuko dira bai ikerketa artistikora bideratutako egonaldiak, baita proiektu artistiko bat gauzatzera bideratutakoak ere.

Egoitza-zentroak horretarako prestatutako zentroa izan beharko du, eta on line eskura izan beharko du bere erresidentzia artistikoen programari buruzko informazioa.

Egonaldiaren gutxieneko iraupena bi astekoa izango da.

2.– Eskaerarekin batera, zentroko arduradunak sinatutako ziurtagiri edo dokumentu bat aurkeztu beharko da, honako hauek adieraziz:

– Egoitzaren helburuak: egin beharreko ikerketaren edo garatu beharreko proiektuaren deskribapena eginez.

– Artista zein baldintza ekonomikotan hartuko den ostatuari, janariei, materialei eta erabili beharreko azpiegiturari dagokienean.

– Egonaldiaren iraupena eta arduradunaren harremanetarako informazioa.

Dokumentu honen baliokide gisa ez da onartuko arte-egoitzetarako deialdietan izena eman izanaren ziurtagiririk edo antzekorik.

Ez da onartuko unibertsitate-prestakuntzaren esparruko egoitza-proiekturik, karrera-amaierako proiekturik eta antzekorik.

3.– Joan-etorri bati dagozkion gastuez gain, egoiliar proiektu bakoitzeko eman daitekeen gehienezko zenbatekoa 800 eurokoa izango da hilabeteko.

Erresidentziaren gehienezko iraupena sei hilabetekoa izango da.

III. KAPITULUA
MUSIKA

24. artikulua.– Diru-baliabideak.

Honakoak izango dira dirulaguntza hauetarako aintzat hartuko diren jarduerak: musika birak.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura ehun eta berrogei mila (140.000) eurokoa izango da, bi epeetan banatuta:

a) 70.000 euro urtarrilaren 1etik ekainaren 30era burutuko diren Musika Biretarako.

b) 70.000 euro uztailaren 1etik abenduaren 31ra burutuko diren Musika Biretarako.

Lehen epean agortzen ez den dirua bigarren epera pasatuko da automatikoki.

2.– Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete. Halere, musika talde bakoitzeko bira bakarra hartu ahal izango da kontuan epe bakoitzean, eta urte osoan jasotako dirulaguntza guztien batura ez da inoiz izango ondoko kopuruak baino handiagoa:

– Hamabi mila bostehun (12.500) euro taldeko.

3.– Musika birako jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa honakoa izango da:

– Espainia penintsularrean eta Frantzia kontinentalean egiten diren biretarako: hiru mila eta bostehun (3.500) euro.

– 5.000 km arteko tokietarako: sei mila eta bostehun (6.500) euro.

– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabi mila eta bostehun (12.500) euro.

4.– Ez da 500 euro baino gutxiagoko dirulaguntza eskaerarik onartuko.

5.– Artikulu honetan ezarritako distantziak honelaxe kalkulatzen dira: emankizuna egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen egoitzara zuzenean dagoen distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Distantzi hori neurtzeko, ondorengo, web orrialdea erabiliko da: http://www.distancefromto.net/

25. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Musika birak.

Deialdi honen ondorioetarako, musika-biratzat hartuko da euskararen eremu geografikotik kanpo gutxienez kontzertu bat ematea dirulaguntzaren xede den seihilekoan.

Taldeko musikariez gain, gehienez bi laguntzailerentzako (teknikari, manager...) gastuak onartuko dira eskaeran.

2.– Ondokoetarako ez da dirulaguntzarik emango:

a) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako.

b) Kalean kontraturik gabe egiten diren emanaldietarako.

c) Katxetik edo takilarik trukean jaso gabe egiten diren emanaldietarako.

d) On line informazio eguneraturik ez duten espazioetan egitekoak diren emanaldiak.

e) Kanpoan geratuko dira hamabi lagun edo gehiagoko birak diruz laguntzeko eskaerak.

IV. KAPITULUA
DANTZA

26. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura laurogeita bat mila (81.000) eurokoa izango da, bi epetan banatuta:

a) 40.500 euro 2022ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era burutuko diren Dantza Biretarako.

b) 40.500 euro 2022ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra burutuko diren Dantza Biretarako.

Lehen epean agortzen ez den dirua bigarren epera pasatuko da automatikoki.

2.– Eskatzaile bakoitzak nazioarteko birako eskabide bakarra aurkez dezake epealdi bakoitzean. Dirulaguntza guztien batura ez da inoiz izango urtean hamabi mila bostehun (12.500) euro baino handiagoa.

3.– Distantziaren arabera, honakoa izango da dantza bira bakoitzeko jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa:

– Espainia penintsularrean eta Frantzia kontinentalean egiten diren biretarako: hiru mila eta bostehun (3.500) euro.

– 5.000 km arteko tokietarako: sei mila bostehun (6.500) euro.

– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabi mila eta bostehun (12.500) euro.

4.– Ez da 500 euro baino gutxiagoko dirulaguntza eskaerarik onartuko.

5.– Artikulu honetan ezarritako distantziak honelaxe kalkulatzen dira: emankizuna egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen egoitza edo establezimendura zuzenean dagoen distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Distantzi hori neurtzeko, ondorengo, web orrialdea erabiliko da: http://www.distancefromto.net/

27. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Aintzat hartuko den formatua honakoa izango da: dantza-bira.

Dantza-biratzat hartuko da euskararen eremu geografikotik kanpo gutxienez emanaldi bat egitea dirulaguntzaren xede den seihilekoan.

Taldeko dantzariez gain, gehienez bi laguntzailerentzako (teknikari, zuzendari...) gastuak onartuko dira eskaeran.

2.– Ez da dirulaguntzarik emango ondokoetarako:

a) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako.

b) Kalean kontraturik gabe egiten diren emanaldietarako.

c) Katxetik edo takilarik trukean jaso gabe egiten diren emanaldietarako.

V. KAPITULUA
ANTZERKIA

28. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura ehun eta hogeita hamasei mila (136.000) eurokoa izango da, bi epetan banatuta:

a) 68.000 euro 2022ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era burutuko diren Antzerki Biretarako.

b) 68.000 euro 2022ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra burutuko diren Antzerki Biretarako.

Salbuespenez, ekainaren 30a baino lehen hasi eta bigarren epean amaitzen diren antzerki denboraldietarako eskaerak, lehen epean aurkeztu beharko dira.

Lehen epean agortzen ez den dirua bigarren epera pasatuko da automatikoki.

2.– Dirulaguntzen zenbatekoak eta mugak.

Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina eskatzaile bakoitzak jasotako dirulaguntza guztien batura ez da inoiz izango urtean hamabi mila bostehun (12.500) euro baino handiagoa.

Taldeko antzezleez gain, gehienez bi laguntzailerentzako (teknikari, zuzendari...) gastuak onartuko dira eskaeran.

3.– Distantziaren arabera, honakoa izango da antzerki-bira bakoitzeko jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa:

– 5.000 km-ra arteko tokietarako: sei mila bostehun (6.500) euro.

– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabi mila eta bostehun (12.500) euro.

Artikulu honetan ezarritako distantziak honelaxe kalkulatzen dira: emankizuna egiten den herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen egoitza edo establezimendura zuzenean dagoen distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Distantzia hori neurtzeko, ondorengo, web-orrialdea erabiliko da: http://www.distancefromto.net

4.– Gehienezko zenbatekoa antzerki-denboraldi bakoitzeko zortzi mila (8.000) eurokoa izango da.

5.– Ez da 500 euro baino gutxiagoko dirulaguntza eskaerarik onartuko.

6.– Euskal konpainia eta kanpokoen arteko koprodukzioetan, gehienezko dirulaguntza kopuru hauek murriztuko dira, euskal konpainiak koprodukzio horretan duen ehunekoa aplikatuta. Salbuespenez, hiru baldintza hauetatik bi betetzen direnean, ez da murrizketa hau aplikatuko:

a) Zuzendaria euskal herritarra izatea.

b) Aktoreen herena baino gehiago euskal herritarra izatea.

c) Jatorrizko testua ala moldaketa egile euskaldun batena izatea.

29. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak:

2022ko urtarrilak 1etik abenduak 31 arteko jarduerak.

1.– Antzerki-bira:

a) Antzerki-biratzat hartuko da euskararen eremu geografikotik kanpoko antzokietan gutxienez emanaldi bat egitea dirulaguntzaren xede den seihilekoan.

Antzokiek gutxienez 150 eserleku izan beharko dituzte, edo bestela, prestigio handikoa izan beharko du. Antzokiaren prestigioa baloratzeko, ondorengoak hartuko dira kontuan: programazioaren antzinatasuna; prestigiozko sariak jasotako taldeak programatzea; antzoki sare pribatu edo publikoen partaide izatea; erresidentzia erregimenean garatutako sorkuntza programak; publiko berriak sortzeko ekintza paraleloak edo antzokiak jasotako sari edo errekonozimenduak. Antzokiak kaleko emanaldiak antolatzen dituenean, ez da antzokiaren edukiera kontuan hartuko. Antzokiaren webguneak ondorengoak izan beharko ditu derrigorrez: antzezlanei eta taldeei buruzko informaziodun programazioa, antzokiari buruzko informazioa eta sarrerak on-line erosteko zerbitzua.

b) Nazioarteko antzerki jaialdi edo azoka profesional batean emanaldi bat egitea biratzat onartuko da. Hiru herrialdeetako taldeen presentzia izan behar dute programazioan, eta jaialdi profesionalak izan behar dira. Azoka edo jaialdiaren webguneak ondorengo guztiak izan beharko ditu derrigorrez: antzezlanei eta taldeei buruzko informaziodun programazioa eta jaialdiari buruzko informazioa, ingelesez. Arte diziplina askotariko azoka edo jaialdien kasuan, antzerki programazio lerro osoa izan beharko dute.

2.– Antzerki-denboraldia:

Dirulaguntza eskatzen den seihilabetekoan, antzoki berean gutxienez 7 emanaldi egitea jarraian, euskararen eremu geografikotik kanpo. Antzokiak gutxienez 150 eserleku izan beharko ditu.

Antzokiaren webguneak ondorengo guztiak izan beharko ditu derrigorrez: antzezlanei eta konpainiei buruzko informaziodun programazioa, antzokiari buruzko informazioa eta sarrerak erosteko on-line zerbitzua.

3.– Ez da dirulaguntzarik emango ondokoetarako:

a) Katxetik edo takilarik trukean jaso gabe egiten diren emanaldietarako.

b) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako.

c) Kalean kontraturik gabe egiten diren emanaldietarako.

d) Eskola emanaldietarako.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 3. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste dirulaguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko ebazpena eman aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da, EHAAn argitaratuko dena.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira –erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da–. Dirulaguntza hauek minimis izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru zerga ekitalditan zehar. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko dirulaguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.

Dirulaguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis izaerako dirulaguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena betez, beti ere jasotako dirulaguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Eskatzailearen datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Euskara eta euskal kultura sustatzeko eta zabaltzeko laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Instituto Vasco Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute.

Helburua: Etxepare Euskal Institutuak sustatutako laguntzak eta dirulaguntzak eskatzen eta jasotzen dituzten pertsona fisikoen edo pertsona juridikoen legezko ordezkarien zerrenda bat izatea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da, aplikagarriak diren lege-eginbideak betetzeko.

– Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Apirilaren 20ko 3/2007 Legea, Etxepare Euskal Institutua Sortzeko eta Arautzekoa (EHAA 2007-05-10, 89. zkia.).

Hartzaileak: Ez da daturik lagako.

Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du eskatzaileak, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: Hurrengo web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/057300-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

ID: 0573.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen akordio honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko Zuzendaritza Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Donostiako administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2022ko martxoaren 17a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.


Azterketa dokumentala