Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2022ko apirilaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1568

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 16koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Markina-Xemeinen (Bizkaia) sustatzen duen Urberuaga-A zundaketaren eraikuntza-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2021eko azaroaren 22an, Uraren Euskal Agentziak eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, Markina-Xemeingo (Bizkaia) Urberuaga-A zundaketaren eraikuntza-proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren txostena eman zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz.

21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2021eko abenduaren 2an kontsulta-izapidea egin zien Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira I. eta II. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak, baldin eta nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete Natura 2000 Sareko eremu babestuei. Ebazpen honen xede den proiektua Artibai ibaia/Artibai (ES2130011) KBEaren barruan dago, Europako Natura 2000 Sarearen barruan. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Markina-Xemeingo Urberuaga-A zundaketaren eraikuntza-proiektuari. Bertan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Markina-Xemeingo (Bizkaia) Urberuaga-A zundaketaren eraikuntza-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea; Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sustatu du proiektu hori. Era honetan:

A) Proiektuaren xedea da esploraziorako 2 zundaketa eraikitzea eta ustiapen-zundaketa baten ekoizpen-probak egitea. Ez da proiektuaren parte zundaketaren ustiapena, ez eta Artibai ibaiaren arroko ur-hornidurako sistemara lotzeko egin daitezkeen hodien trazadura ere.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez Markina-Xemeingo (Bizkaia) Urberuaga-A zundaketaren eraikuntza-proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten den, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorririk:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak ur-hornidurarako hartutako baliabideak handitu nahi ditu, eta Artibai ibaiaren (Bizkaia) arroaren hornidura bermatu. Horretarako, lurpeko ur-baliabide berriak eskuratze aldera, Urberuaga-A izeneko ustiapen-probetarako zundaketa bat egitea proposatu du, Urberuagako bainuetxeko instalazio zaharren inguruan, gaur egun aprobetxatzen ez diren lurpeko ur-baliabideak arautuz.

Ustiapen-zundaketarako leku egokia hautatzeko aurretiazko urrats gisa, bi ikerketa-zundaketa zulatzea proiektatu da. Zundaketa horiek Urberuaga-1 eta 2 izena dute, eta piezometro gisa egokituko dira. Urberuaga-A ustiapen-probetarako zundaketaren azken kokapena bi piezometro horietan lortutako emaitzen arabera definituko da.

Obrarako sarbidea Artibai ibaiaren gaineko zubitik egingo da, bainuetxea zena BI-633 errepidearekin lotzen zuena. 2. ikerketa-zundaketa egiteko, sarbide bat prestatu behar da, bainuetxe zaharraren aurrietatik barrena. Instalazio osagarriak eremu zolatu batean kokatuko dira, BI-633 errepidearen eta Artibai ibaiaren artean, eta, horretarako, 2. 562 m2 hartuko dira aldi baterako.

Proiektu hau egiteak jarduketa hauek eskatzen ditu:

– Ikerketa-zundaketak zulatzea.

Ustiapen-zundaketa egin aurretik, Urberuaga-1 eta 2 izeneko bi ikerketa-zundaketa egingo dira, diametro txikikoak, piezometro gisa hornituko direnak.

Ikerketa-zundaketek 50 metroko sakonera izango dute, baina 70 metrora arte zulatu ahal izango da, zeharkatutako zutabe geologikoak hala gomendatzen badu.

Zulaketa 101 mm-ko gutxieneko diametroarekin egingo da; ondoren, zundaketa 140 mm-ko gutxieneko diametrora zabaltzeko. 6 m-ko sakonerako hasierako ahoa aurreikusten da, 180 mm-ko diametrokoa.

– Urberuaga-A zundaketa zulatzea.

Aurreko fasean lortutako emaitzen arabera, Urberuaga-A ustiapen-zundaketaren behin betiko kokapena berrikusiko da; ikerketa-zundaketatik gertu, eta parametro egokienak dauzkana.

Zundaketa horrek 50 m-ko sakonera izango du gutxienez, eta 90 m-koa gehienez; 500 mm-ko aho-diametroa izango du lehenengo 2-5 metroetan, eta 400 mm-koa gainerakoetan.

– Ponpaketa-saiakuntza edo ekoizpen-proba.

Ustiapeneko zundaketa zulatu eta garbitu ondoren, ponpaketa-saiakuntza edo ekoizpen-proba bat egingo da, ahal dela agorraldiko baldintza hidrologikoetan. Ustiapeneko emariei, akuiferoaren parametro hidraulikoei eta gertuko iturburuen gaineko eraginari buruzko datuak lortzea du helburu.

Oso fase laburra da (10-12 orduko ponpaketa-saiakuntza txandakatua eta berreskuratzea, eta 72 orduko ponpaketa-saiakuntza jarraitua eta berreskuratzea). Ateratako ura Artibai ibaira isuriko da.

Ustiapen-zundaketan maila dinamikoaren bilakaera kontrolatzeaz gain, Urberuaga-1 eta 2 piezometroetan ere kontrolatuko da.

Saiakuntza amaitu ondoren, ekipamenduak desmuntatu eta ingurua leheneratuko da.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektua Artibai ibaiaren eskuineko ertzean egiteko da, Urberuagako bainuetxearen instalazio zaharretan, Markina-Xemeingo udalerrian (Bizkaia); gaur egun erabilerarik gabe eta zati batean eraitsita daude.

Ingurumen-baldintza nagusia zera da: aldi baterako okupazio-eremu ia osoa eta zundaketen kokapena Artibai ibaia/Artibai (ES2130011) KBEaren barruan daudela, Europako Natura 2000 Sarearen barruan. Aldi baterako okupazio-eremuan, gehienbat landaredi erruderal nitrofiloa dago, eta zati txiki batean, harizti azidofiloa eta baso misto atlantikoa.

Halaber, Artibai ibaiaren tartea bisoi europarraren interes bereziko eremuaren barnean dago, bisoi europarraren Bizkaiko Kudeaketa Planaren arabera (Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua, Bisoi Europarraren –Mustela lutreola (Linnaeus, 1761)– Kudeaketa Plana onartzekoa Bizkaiko Lurralde Historikoan, galzorian dagoen espeziea izanik babes-neurri espezifikoak behar baititu).

Proiektuaren eragin-eremuan honako hauek daude: babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko proposamena duten bi eraikin (bainuetxea eta Urberuaga zubia), babes ertaineko kultura-ondasun izendatzeko proposamena duen beste bat (bainuetxeko Frantziako etxea) eta laugarren elementu bat, bigarren bainuetxeko zubia izenekoa, oinarrizko babes-proposamena duena.

Ingurumen-dokumentuan jasotako azterketa arkeologikoak agerian uzten du bainuetxeko instalazioak kontserbazio-egoera txarrean daudela, eta aurri progresiboko prozesuan, eta instalazio batzuetako beheko solairua bakarrik dagoela zutik.

Ez dago kalte litekeen bestelako ingurumen-elementurik. Zona horrek akuiferoak kutsatzeko arrisku txikia du; ez da identifikatu interes geologikoko lekurik, ezta flora mehatxatuko espezierik ere. Obra-eremua kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati baten (48060-00030 kodea) mugakidea da, baina proiektuak ez dio eragingo lurzati horri.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuak aurreikusten dituen ekintzak zulaketa-faseari eta zundaketaren ebaluazio-faseari (saiakuntza) lotutakoak dira. Ez dago proiektuaren barne balizko zundaketa-ustiapena eta ur-hoditeriaren eta ur-hornidurako sarera lotzeko obrak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren barruan, Natura 2000 Sarean izango duen eraginaren ebaluazio egokiari eta sare hori kontserbatzeko helburuei buruzko txosten bat dago. Ondorio gisa esaten da zundaketak eraikitzeak ez diola kalterik eragingo Artibai ibaia/Artibai (ES2130011) KBEri eta ez dela eragin globalik sortuko, gune hau Natura 2000 Sarean sartzea eragin zuten balioen kontserbazio-egoera arrisku larrian jarriko duenik.

Saiakuntza-fasean, arriskua inguruko hidrogeologiari (akuiferoari) eta, ondorioz, iturburuei eta putzuei egin diezaiekeen kaltetik dator. Oso fase laburra da (10-12 orduko ponpaketa-saiakuntza txandakatua eta berreskuratzea, eta 72 orduko ponpaketa-saiakuntza jarraitua eta berreskuratzea); beraz, ez da espero ibai-sistemak eragin garrantzitsurik nozitzea.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, Urberuagako bainuetxeko aurriak kiroptero-espezie batzuen babesleku izan litezke. Arriskuan dauden fauna-espezieei, zehazki, kiropteroei, eragitea saihesteko prebentzio-neurri gisa, ingurumen-dokumentuak bainuetxearen berariazko azterketa bat egitea jasotzen du, babestutako espezierik ez dagoela obrak hasi aurretik egiaztatzeko.

Ingurumen-dokumentuak «Ondare kultural, arkeologiko, etnologiko eta historikoan izango den eraginaren azterketa. Prospekzio arkeologikoa» barne hartzen du, zutik dirauten bainuetxeko egiturei kalterik ez egiteko hartu beharreko neurriak jasotzen dituena.

Proiektuaren kalteberatasunak ingurumen-faktoreetan izan ditzakeen ondorioak aztertu dira, eta ondorioztatu da antzemandako arriskuak txikiak eta oso txikiak direla, eta, beraz, ez dela beharrezkoa neurri espezifiko gehigarririk hartzea.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait neurri babesle eta zuzentzaile ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Markina-Xemeingo (Bizkaia) Urberuaga-A zundaketaren eraikuntza-proiektuaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostena formulatzeko ebazpen honek xedatuko dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Ondoko apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– Natura-interes handiko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.

– Ibilguen gaineko eta bisoi europarren habitataren gaineko eragina kontrolatzea.

– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatea dela bide lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Proiektuaren eragin-esparruko biztanleei zarata eta hautsa direla eta eragindako eragozpenak ekiditea.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Obra Artibai ibaia/Artibai (ES2130011) KBEn garatzen da; beraz, bete egin beharko ditu urriaren 16ko 212/2015 Dekretuan (Eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuarioren kontserbazio bereziko eremuak izendatzekoa) eta martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuan (Ingurune hidrikoari lotuta dauden kontserbazio bereziko eremuetarako (KBE) eta hegaztien babes bereziko eremuetarako (HBBE) arau orokorrak onartzen dituena) datozen helburu, jarraibide eta arauketak.

– Obrak Bizkaiko Foru Aldundiaren flora eta fauna basatiko espazio babestuak kudeatzeko zerbitzu arduradunen onespena izan beharko du; hala badagokio, neurri osagarriak ezarri ahalko ditu obra gauzatzeko.

– Eskumena duen foru-organoak ezartzen dituen baldintzetan burutuko dira Bisoi Europarra (Mustela lutreola) Kudeatzeko Planaren esparruan garatzen diren jarduketak, eta beti bisoi europarra ugaltzeko aldi kritikotik kanpo (maiatzaren 15a eta uztailaren 31 bitartean).

– Artibai ibaia/Artibai (ES2130011) KBEren esparruko lanen zuinketa- eta egikaritze-fasean, obren gunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak behar bezala babestuko dira, istripuzko afekzioak saihesteko.

– Obrak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira, bai eta lursaila okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak ere. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

– Proiektua gauzatzeak eragindako eremu guztiak lehengoratu egin beharko dira, haltzadi kantauriarreko berezko espezieen landaketan oinarrituta (Alnus glutinosa, Fraxinus excelsior, Corylus avellana, Crataegus monogyna, Salix sp., etab.). Landatu beharreko zuhaitzei dagokienez, landaketa-eremu trinkoak sortu behar dira, soilgune gutxi egon daitezen eta soilguneen kopurua eta eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Horretarako, tamaina txikiko landareak landatzea gomendatzen da. Landaketa-esparrua 5 m x 5 m-koa izango da gutxienez zuhaitz-espezieentzat, eta 3 m x 3 m-koa zuhaixka-espezieentzat.

– Lehengoratzeko lanak egin bitartean, landare inbaditzaileen hedapena galarazteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon litekeen lurra.

– Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-eremutik.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

– Lanak ibilgutik kanpo egiteko eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatuko eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

– Artibai ibaira isuri barreiatuak egingo direla aurreikusten den eremuetan, ura iragazteko gailuz eratutako hesiak instalatuko dira (ingurumen-dokumentuak xedatzen dituenak).

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

– Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira aire zabalean erabiltzen diren makinen emisio akustikoei buruz indarrean dauden legeetan ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira, hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa sustatu behar da hondakinak sortzean, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira hondakinak; hau da, prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Sortutako olio erabilia industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Kultura-ondarea babestera zuzendutako neurriak.

– Proiektua gauzatzen den bitartean, Urberuaga bainuetxeko eraikuntza-hondakinen osotasuna eta kontserbazioa bermatzeko beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira, «Ondare kultural, arkeologiko, etnologiko eta historikoan izango den eraginaren azterketa. Prospekzio arkeologikoa» agiriari jarraikiz; ingurumen-dokumentuari erantsi zaio.

– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Markina-Xemeinen (Bizkaia) sustatzen duen Urberuaga-A zundaketaren eraikuntza-proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txostena indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektu hori baimendu. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 16a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala