Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2022ko apirilaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1567

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 14koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, Aludium Transformación de Productos SLUri Amorebieta-Etxanon aluminioa galdatzeko emandako ingurumen-baimena berrikusi eta aldatzen duena.

AURREKARIAK

1.– Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren bidez, Alcoa Transformación de Productos SLri ingurumen-baimen bateratua eman zitzaion, Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) udal-mugartean aluminioa galdatu zezan.

2.– Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuaren 2008ko abuztuaren 14ko Aginduaren bidez, Alcoa Transformación de Productos SLk 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebatzi zen. Agindu horretan, zati batean baiesten da gora jotzeko errekurtsoa, eta aldatu egiten dira 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren bigarren (B.1.1.2, B.1.1.3, B.1.2.2, B.1.2.3, B.1.2.5, B.1.3.1, C.1, C.2, C.3, D.3 azpiapartatuak) eta hirugarren apartatuak.

3.– Ingurumeneko sailburuordearen 2010eko irailaren 8ko Ebazpenaren bidez aldatu eta eraginkor egin zen 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren bidez Alcoa Transformación de Productos SLri Amorebieta-Etxano (Bizkaia) udal-mugartean aluminioa galdatzeko emandako ingurumen-baimen bateratua. Ebazpen hartan, aipatu den ebazpenaren apartatu hauek aldatu ziren: Lehenengoa, Bigarrena, B.1.1.2, B.1.1.3, B.1.2.1, B.1.2.2., B.1.2.3., B.1.2.4., B.1.2.5., B.1.3., B.1.3.1., B.1.3.2., B.1.4., B.1.5., C.1., C.2. eta C.4. azpi apartatuak, Bosgarrena eta Zazpigarrena.

4.– Ingurumeneko sailburuordearen 2010eko abenduaren 14ko Ebazpenaren bidez aldatu egin zen 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren bidez Alcoa Transformación de Productos SLri Amorebieta-Etxano (Bizkaia) udal-mugartean aluminioa galdatzeko emandako ingurumen-baimen bateratua. Aldaketa horren funtsa isurketa-kontroletan sartutako parametro baten akats bat zuzentzea izan zen.

5.– Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko irailaren 21eko Ebazpenaren bidez, Alcoa Transformación de Productos SLri Amorebieta-Etxano (Bizkaia) udal-mugartean aluminioa galdatzeko emandako ingurumen-baimen bateratua aldatu zen. Ebazpen horretan, 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren bigarren apartatua aldatu zen.

6.– Ingurumen Sailburuordearen 2013ko abenduaren 19ko Ebazpenaren bidez Alcoa Transformación de Productos SLri Amorebieta-Etxano (Bizkaia) udal-mugartean aluminioa galdatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen bateratua aldatu zen, eta hau izan zen aldaketa horren funtsa: jariatze-uretarako hidrokarburo-bereizgailua instalatzea aluminio-muxarrakinak deskargatzeko gunean, eta biozida gisa erabiltzeko kloro dioxidoaren ekoizpenerako ekipamendua instalatzea hozte-sisteman. Halaber, 2008ko apirilaren 25eko Lehenengo, Bigarren, Bosgarren eta Zazpigarren apartatuak aldatu ziren.

7.– Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko apirilaren 30eko Ebazpenaren bidez, Alcoa Transformación de Productos SLri emandako ingurumen-baimen bateratua Aludium Transformación de Productos SLUri eman zitzaion, Amorebieta-Etxano (Bizkaia) udal-mugartean.

8.– Ingurumeneko sailburuordearen 2016ko maiatzaren 30eko Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen eta Aludium Transformación de Productos SLUri emandako ingurumen-baimen bateratua aldatu eta ordeztu, Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) udal-mugartean aluminioa galdatu dezan.

9.– Ingurumeneko sailburuordearen 2017ko abenduaren 27ko Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin eta Aludium Transformación de Productos SLUri Amorebieta-Etxanoko udal-mugartean aluminioa galdatzeko emandako 16-I-01-0000000000086 ingurumen-baimen integratua aldatu zen.

10.– 2020ko otsailaren 21ean, ingurumen-organoak Aludium Transformación de Productos SLUri eskatu zion instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen araberakoaren arteko konparazioa eta lurzoruei buruzko informazio gehigarria bidaltzeko, baimena berrikusi ahal izateko.

11.– 2020ko martxoaren 27an, Aludium Transformación de Productos SLUk AAI00086_MS_2020_001 espedientean sartutako ingurumen-baimena berrikusteko eskatutako dokumentazioa aurkeztu zuen. Halaber, 1., 22., 27., 42. eta 44. fokuen ezaugarriak eta baldintzak aldatzeko eskaera aurkeztu zen, foku ez-sistematiko berri bat sartu, eta kolektorera konektatzeko izapideen berri eman. 2020ko apirilaren 30ean, dokumentazio gehigarria aurkeztu zen.

12.– Aurkeztutako dokumentazioaren askitasuna egiaztatu ondoren, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak maiatzaren 7an eman zuen Iragarkiaren bidez, Aludium Transformación de Productos SLUren ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena jendaurrean jarri zen 30 laneguneko epean, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2020ko maiatzaren 14an, eta emaitza espedientean bildu da.

13.– Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatuta dagoena aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Amorebieta-Etxanoko Udalari eta Uraren Euskal Agentziari 2020ko apirilaren 24an, eta, apirilaren 30ean, Osasun Sailari. Maiatzaren 6an informazio gehigarria bidali zitzaien hiru erakundeei, espedientean ageri den emaitzarekin.

14.– 2020ko ekainaren 25ean, Aludium Transformación de Productos SLUk EAEko ingurumen-organoari bidali zion baimendutako instalazioan aldaketak egiteko eskaera, bai eta aldaketa horien izaera ez funtsezkoa ere, AAI00086_MNS_2020_002 espedientea hasita. Horren bidez, AAI00086_MS_2020_001 espedientean une horretan egiten ari ziren berrikuspenari dagokionez, burdinazkoa ez den metalurgiaren sektorerako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioei dagozkien baldintzak sartzea eskatu zuen.

15.– AAI00086_MNS_2020_002 espedientea Ingurumen Sailburuordearen 2020ko ekainaren 29ko Ebazpenaren bidez ebatzi zen. Ebazpen horren arabera, ingurumen-baimen integratua aldatzea beharrezkoa den instalazioaren ez-funtsezko aldaketa da Aludium Transformación de Productos SLUk Amorebieta-Etxanon aluminioa galdatzeko jarduerarako jakinarazitako aldaketa.

16.– 2020ko uztailaren 23an Aludium Transformación de Productos SLUk aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen 2020ko ekainaren 29ko Ebazpenaren aurka, zenbait aldaketa eskatuz tituluan, egitateen eta zuzenbideko oinarrien ataletan, laugarren apartatuan, I. eranskineko bigarren eta laugarren apartatuan eta II. eranskinean.

Errekurtsoarekin batera dokumentu bat aurkeztu zen, «Ingurumen Sailburuordearen 2020ko ekainaren 30eko Ebazpena berrikusteko dokumentua. Ebazpen horren arabera, ingurumen-baimen integratua aldatzea beharrezkoa den instalazioaren ez-funtsezko aldaketa da Aludium Transformación de Productos SLUk Amorebieta-Etxanon aluminioa galdatzeko jarduerarako jakinarazitako aldaketa» (Ondoan S. Koop-ek egina 2020ko uztailaren 23an).

17.– 2020ko azaroaren 2an, enpresak kloroa 1.– 6., 42. eta 44. fokuetan neurtzeko parametro gisa ezabatzeko eskatu zuen.

18.– 2020ko abenduaren 14an, enpresak 1.– 6. fokuak 03 03 10 03 kodearekin birkatalogatzeko eskatu zuen; neurketa-maiztasunari 3 urtean eusteko 9., 10. eta 11. fokuetan, edo zergatik aldatzen den urtebetera argitzeko; 10. eta 11. fokuetako partikula-emisioen muga-balioen aldaketa hain murriztailea ez izateko, edo zergatik ezartzen den 5 mg/Nm3-an argitzeko; eta gasgabetze-prozesuari buruzko azalpenak eman zituen, baita zuzeneko sugarren eta ihesen fokuei buruzkoak ere.

19.– 2021eko martxoaren 24an, enpresak udal-kolektorera isurtzeko baimenaren aldaketa bidali zuen.

20.– 2021eko irailaren 24an, enpresak bi urteko luzapena eskatu zuen, 2023ko abendura artekoa, Batzordearen 2016ko ekainaren 13ko 2016/1032 (EB) Betearazpen-erabakira egokitzeko. Horren bidez, teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezarri ziren, metal ez-ferrosoen industriei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera, gasak tratatzeko sistema berri bat ezartzeko. Epe horretan, enpresak eskatu zuen 4. fusio-labeko partikula-emisioen muga-balioaren ordez ingurumena babesteko parametro baliokide bat baliatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren 14.2 artikuluan industria-emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) ezarritakoari jarraikiz.

21.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko otsailaren 8ko Aginduaren bidez, enpresak 2020ko ekainaren 29ko Ebazpenaren aurka aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa ebatzi zen.

22.– 2022ko otsailaren 10ean eta 11n, industria-emisioei eta poluzioaren prebentzioari eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 15. eta 16. artikuluak aplikatuz, espedientea Aludium Transformación de Productos SLUren esku jarri zen.

23.– 2022ko otsailaren 11n, Aludium Transformación de Productos SLUk bidalitako ebazpenaren zirriborroarekin ados zegoela adierazteko idazkia bidali zuen, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– 2016ko ekainaren 30ean, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2016ko ekainaren 13ko Betearazpen-erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, metal ez-ferrosoen industrietarako Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (2016/1032/EB Erabakia).

2.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

3.– Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarrita dago zer baldintza behar diren baimena berrikusteko. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion teknika erabilgarri onenen (TEO) inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak bermatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusiko direla eta, beharrezkoa bada, egokituko direla, bai eta instalazioak erreferentziako TEO agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela ere.

4.– 2019ko urriaren 15ean, urriaren 10eko TEC/1023/2019 Agindua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, zeinetan ezartzen baita noiztik aurrera eskatu ahal izango zaien nahitaezko finantza-bermea Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jarduerei –ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatuak–.

5.– 2020ko urtarrilaren 22an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretua, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena.

6.– 2020ko urtarrilaren 27an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 4/2020 Dekretua, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez indargabetu egiten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena.

7.– 2020ko urtarrilaren 22an eta otsailaren 4an, hurrenez hurren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ziren: 209/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, zeinaren bidez garatzen baita Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea; eta 2020ko urtarrilaren 23ko Agindua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez jarraibide tekniko bat onartzen baita, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzkoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotua.

8.– 2020ko martxoaren 14an, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua argitaratu eta indarrean jarri zen. Horren bidez, COVID-19ak eragindako krisi sanitarioaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratu zen. Administrazio-epeak bertan behera utzi ziren, eta berriro hasi ziren 2020ko ekainaren 1ean, maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak aitortutako alarma-egoera luzatu zen.

9.– Ingurumen-baimen integratua eman ondoren, ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu da; beraz, egokia da indarrean dagoen araudi berrira egokitzea, ofizioz, Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren baldintzak, ebazpen horren bosgarren apartatuan ezarritakoari jarraikiz eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10.– Bestalde, erakundeak 2020ko uztailaren 23an aurkeztutako errekurtsoarekin batera aurkeztutako dokumentuan, 7., 8., 9., 10. eta 11. fokuetarako ezarritako partikula-emisioaren balioa (5 mg/Nm3) aldatzeko eskatzen da, honako hau adieraziz: «Aludiumen ingurumen-baimen integratuaren xedeko jarduera aluminio-galdaketa da, eta, horregatik, 2016/1032/EB Betearazpen-erabakiaren arabera, galdaketaren emisio-fokuei 5 mg/Nm3-ko partikula-emisioen muga-balioa aplikatu behar zaie, baina muga-balio hori ez litzaieke aplikatuko ijezketa-prozesuari lotutako gainerako fokuei, eta lotutako fokuetako partikula-emisioen muga-balioa hain murriztailea ez izateko eskatzen da.»

Horri dagokionez, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginak 26.4 artikuluan, ingurumen-baimen integratuaren berrikuspenari buruzkoan, hau ezartzen du:

«4.– Betiere, ingurumen-baimen integratua ofizioz berrikusiko da honako kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako emisioen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murriztu badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteagatik gehiegizko kosturik sortu gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela-eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian ezarritakoaren arabera, irizten badio badirela ingurumen-baimen integratua berrikustea justifikatzen duten inguruabarrak, Estatuaren Administrazio Orokorrak kudeatzen dituen arroetako jabari publiko hidraulikora isurtzeari dagokionez. Kasu horretan, arro-organismoak, txosten lotesle baten bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen bateratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean berrikuspen-prozesua hasteko.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen duenean, edo 22.3 artikuluari jarraikiz ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa denean».

Lehenik eta behin, instalazioan egindako neurketen erregistroek agerian uzten dute baimendutako emisioak nabarmen murriztu daitezkeela.

Alegatutako neurriak, errekurtsoa aurkeztutako ebazpenean adierazten den bezala, foku horien emisioen muga-balioak egokitzen ditu instalazioan jadanik ezarrita dauden teknika erabilgarri onenei lotuta daudenetara; beraz, ez da aldaketarik egin behar.

11.– Era berean, dokumentu horretan urtero ezartzen den 9., 10. eta 11. fokuen neurketa-maiztasuna aldatzeko eskatzen da. Emisioen muga-balioaren, jarioaren eta biek izan dezaketen karga kutsatzailearen bidez baimendutako kontzentrazioaren arabera, beharrezkotzat jotzen da urteko kontrola ezartzea, bat etorriz teknika erabilgarri onenak finkatzeko garapenetan ezartzen den antzeko ingurumen-garrantzia duten fokuetarako kontrol-erregimenarekin.

12.– Bestalde, onargarritzat jotzen dira «Ingurumeneko sailburuordearen 2020ko ekainaren 30eko Ebazpena berrikusteko dokumentua. Ebazpen horren arabera, ingurumen-baimen integratua aldatzea beharrezkoa den instalazioaren ez-funtsezko aldaketa da Aludium Transformación de Productos SLUk Amorebieta-Etxanon aluminioa galdatzeko jarduerarako jakinarazitako aldaketa» (Ondoan S. Koop-ek egina 2020ko uztailaren 23an) dokumentuan jasotako gainerako alderdiak; beraz, emandako baimenean egokitzapena egin behar da.

13.– 2021eko irailaren 24ko eskaerari dagokionez, Kutsaduraren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan hau ezartzen da ingurumen-baimen integratuaren berrikuspenaz

«26. artikulua.– Ingurumen-baimen integratua berrikustea.

(...)

2.– Instalazio bateko jarduera nagusiari dagozkion TEOei buruzko ondorioak argitaratu eta lau urteko epean, honako hauek bermatuko ditu organo eskudunak:

a) Dagokion instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu egin direla, lege hau, eta, bereziki 7. artikulua bete direla bermatzeko, eta

b) Instalazioak baimenaren baldintzak betetzen dituela. Berrikuspenean kontuan hartuko dira instalazioak aplikagarri dituen TEOei buruzko erreferentziako dokumentuei dagozkien ondorio guztiak, baimena eman, eguneratu edo berrikusi zenetik azaldutakoak».

14.– Beraz, ez da baiestekoa Batzordearen 2016ko ekainaren 13ko 2016/1032 (EB) Betearazpen-erabakira egokitzeko epea bi urtez luzatzeko eskaera (2023ko abendura arte). Erabaki horren bidez, teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezarri ziren, metal ez-ferrosoen industriei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

15.– Bestalde, arau horren 7. artikuluan, emisioen muga-balioei eta neurri tekniko baliokideei buruzkoan, hau ezartzen da:

«7. artikulua.– Emisioen muga-balioak eta neurri tekniko baliokideak.

(...)

4.– Organo eskudunak ezarriko dituen emisioen muga-balioekin bermatuta egon beharko da, ohiko funtzionamendu-baldintzetan, emisioek ez gainditzea TEOei buruzko ondorioetan ezarritako teknika erabilgarri onenei loturiko emisio-mailak. Honako aukera hauetakoren bat aplikatuko da:

a) Teknika erabilgarri onenei loturiko emisio-mailak gaindituko ez dituzten emisioen muga-balioak ezartzea. Emisioen muga-balio horiek denbora-tarte berdinentzat edo laburragoentzat ezarriko dira, teknika erabilgarri onenei loturiko emisio-balioen erreferentziako baldintza berdinetan.

b) Balioei, denbora-tarteei eta erreferentziako baldintzei erreparatuta a) letran aipatutakoez bestelakoak diren emisioen muga-balioak ezartzea.

Baldin eta b) letra aplikatzen bada, organo eskudunak urtean behin gutxienez, emisioen kontrolaren emaitzak ebaluatuko ditu; horrela bermatuko da emisioek ohiko funtzionamendu-baldintzetan ez dituztela gainditzen teknika erabilgarri onenekin izango lituzketen emisio-mailak».

16.– Arau horren 22. artikuluan baimenaren edukia ezartzen da:

«22. artikulua.– Baimenaren edukia.

1.– Ingurumen-baimen integratuak honako hau jasoko du, gutxienez:

a) Emisioen muga-balioak, 2. eranskinean zerrendatutako substantzia kutsatzaileetarako eta beste substantzia kutsatzaile batzuetarako, baldin eta dena delako instalazioak kantitate nabarmenean sor baditzake, kontuan hartuz haien izaera eta kutsadura eremu batetik bestera eramateko izan dezaketen gaitasuna. Eta, orobat, hala behar denean, muga-balio horiek osatu edo ordeztuko dituzten parametro edo neurri tekniko baliokideak. Era berean, zehaztu egin beharko da TEOei buruzko ondorioetako teknika erabilgarri onenetako zeintzuk erabiltzen diren instalazioan emisioen muga-balioak ez gainditzeko.

(...)

4.– Baimenaren baldintzak ezartzeko erreferentzia izango dira TEOei buruzko ondorioak, baita dagozkien berrikuspenak eta eguneratzeak ere.

5.– Organo eskudunak TEOei buruzko ondorioetan deskribatu ez den teknika erabilgarri onenen batean oinarritutako baimen-baldintzak jartzen dituenean, honako hau egiaztatu beharko du:

a) Teknika hori 3. eranskinean azaltzen diren irizpideak bereziki aintzat hartuta zehaztu dela.

b) Zazpigarren artikuluko betekizunak betetzen direla.

TEOei buruzko ondorioek ez badute zehazten teknika erabilgarri onenei dagokien emisioen muga-baliorik, organo eskudunak ziurtatu beharko du ezen lehenengo lerrokadan adierazitako teknikak bermatzen duen ingurumen-babesaren maila TEOei buruzko ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenek eskainitakoaren parekoa dela».

17.– Organo honek egiaztatutako eskaeraren xede diren baldintzak eta betekizunak direla eta, arauaren 3. eranskineko eta 7. artikuluko betekizunak kontuan hartuta, Kontseiluaren 2016ko ekainaren 13ko 2016/1032 (EB) Betearazpen-erabakian deskribatutako teknika erabilgarri onenaren pareko ingurumen-babesa dutela egiaztatu zen. Erabaki horren bidez, teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren metal ez-ferrosoen industrietarako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

18.– Hori dela eta, baimenean neurri tekniko bat sartu behar da, instalazioaren egungo konfigurazioan Europako Erabakian zehaztutakoaren ingurumen-babes baliokidea betetzen dela ziurtatzeko; eta Ingurumena Zaintzeko Programan urtero baliokidetasuna egiaztatu behar dela.

19.– Kontuan hartuta, sustatzaileak berak jakinarazitako aurreikuspenaren arabera, emisioak arazteko eta, beraz, gutxiagotzeko iragazte-sistema berri bat instalatuko dela, argi dago badagoela egungoa baino teknika hobe bat 2016/1032 (EB) Betearazpen-erabakian ezarritako emisio-maila baino txikiago bat sortzeko; ondorioz, baimena aldatu, eta instalazioa egiteko epe bat ezarriko da.

20.– Ofizioz egin dira aldaketa hauek: SO2 parametroaren jarraipena egiteko betebeharra kentzea 42. fokuan, ez baita beharrezkotzat jotzen errekuntza mota kontuan hartuta; PCDD/F neurtzeko metodoa egokitzea 1. eta 2. fokuetan, eta CO, berriz, neurtu behar den fokuetan; metalen parametroak banakatzea eta 42. fokuan neurtzeko metodoa egokitzea.

21.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 72. artikuluan, izapideen kontzentrazioari buruzkoan, xedatutakoa aplikatuko da: «Administrazioa sinplifikatzeko printzipioarekin bat, egintza bakar batean erabakiko dira izaeragatik batera bultza daitezkeen eta nahitaez bata bestearen ondoren bete beharrekoak ez diren izapide guztiak».

22.– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak Ebazpen hau emateko eskumena du, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

23.– Honako hauek ikusi dira: 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aludium Transformación de Productos SLUri Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) udal-mugartean aluminioa galdatu dezan emandako ingurumen-baimen integratua berrikustea, Batzordearen 2016ko ekainaren 13ko Betearazpen-erabakian aurreikusitako baldintzetan; hala, bertan jasotako neurri teknikoak eta baldintzak ingurumen-baimen integratuan jaso ziren, 2020ko ekainaren 29ko Ebazpenaren bidez.

Bigarrena.– Aludium Transformación de Productos SLUk 2020ko azaroaren 2an, 2020ko abenduaren 14an, 2021eko martxoaren 24an eta 2021eko irailaren 24an jakinarazitako aldaketak, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera, ingurumen-baimen integratua aldatzea beharrezkoa den instalazioaren aldaketa ez-funtsezkotzat jotzea.

Hirugarrena.– Aludium Transformación de Productos SLUri Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) udal-mugartean aluminioa galdatu dezan emandako ingurumen-baimen integratua aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako moduan, jarraian aipatzen den ingurumen-baimen integratuaren bigarren eta laugarren apartatuak.

Laugarrena.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, aluminioaren industriako hondakinak kudeatzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Aludium Transformación de Productos SLUk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Bosgarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zehapenak ezartzea ekar dezake.

Seigarrena.– Ebazpen hau Aludium Transformación de Productos SLUri jakinaraztea.

Zazpigarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea Amorebieta-Etxanoko Udalari, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, Uraren Euskal Agentziari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondoreak izan ditzan, eta, bereziki, beste lizentzia, baimen, erantzukizunpeko adierazpen eta/edo komunikazio batzuk lortu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENA.– Errekurtsoak.

Egintza honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beraz, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da beronen aurka, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aurrean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 14a.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.

ERANSKINA

Bigarrena.– Aldatzea Aludium Transformación de Productos SLUri (Egoitza soziala: Ibarguren auzoa z/g, Amorebieta-Etxano. IFK: B-83727255) Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) udal-mugartean aluminioa galdatu zezan emandako ingurumen-baimen integratua. Hasiera batean 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren bidez eman zen, Ebazpen honen laugarren apartatuan ezarritako baldintzekin.

Jarduera abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinaren kategorian sartuta dago: 2.5.b) Metal ez-ferrosoak, are aleazioak ere, galdatzea, eta berreskuratzen diren produktuak eta beste prozesu batzuk galdatze-ahalmen honekin: 4 tona berun edo kadmio baino gehiago egunean edo 20 tona baino gehiago gainerako metal guztietan, eguneko. Era berean aplikatu behar da lege horren 2.5.a) apartatua: «Mineralak, kontzentratuak edo bigarren mailako lehengaiak oinarri hartuta prozedura metalurgiko, kimiko edo elektrolitikoen bidez metal ez-ferrosoak gordinean ekoizteko erabiltzen diren instalazioak».

Instalazioa hirigunetik kanpo dago, Amorebieta-Etxano udal-mugarteko Zubieta industrialdetik oso hurbil. Lurzatiak 190.443 m2-ko azalera du, guztira. Azalera horretatik 126.608 m2 urbanizatuta daude eta 69.512 m2 estalkipean daude.

Aludium Transformación de Productos SLUn aluminioa eraldatzeko egiten den prozesua honako honetan datza: kanpotik datozen aluminiozko eta aluminio-aleaziozko xaflak galdatzea eta aluminio berreskuratua galdatzea, beroko eta hotzeko ijezketa-tratamendua jaso behar duten xaflak galdatzea. Hala, prozesuak fase hauek ditu:

1. prozesua. Galdatzea.

1.1.– azpiprozesua Labe birakarian galdatzea (4. fusio-taldeko zati da).

Duplex erako galdatze-labetik datozen aluminiozko zepak, taldeko beste instalazio batzuetatik datozen zepak eta kanpotik datozen aluminiozko txatarrak 40 t-ko edukiera izendatua duen labe birakarian sartzen dira.

Labeak osagai hauek ditu: zama-makina, errekuntza-sistema (oxigenoaren zuzeneko ekarpena duen erregailua), ganbera nagusia eta lekualdaketa mugikorreko kanala. Labea gas naturalezko erregailu batek berotzen du.

Metala urtuta dagoenean, labeko metal likidoa husten da; horretarako bi aukera daude:

a) Metala itxaroteko HE4 labera aldatzea.

b) Labeko atearen aurrean errail batzuen gainean muntatutako plataforma mugikor batean mugitzen diren solidotze-upeletan metala deskargatzea. Gerora, material hori plantako galdatze-labeetako edozeinetan galdatuko da.

Labean sortutako emisioak arazketa-sistemen bitartez atzitu eta tratatuko dira (zikloia, mahuka-iragazkia eta Sorbalit gehigarria injektatzeko sistema) aireratu aurretik.

1.2.– azpiprozesua. Galdaketako labeetan galdatzea.

Aluminiozko barneko muxarrakinak eta itzulkinak eta taldeko beste fabrika batzuetako kanpokoak bereizita jaso eta biltegiratzen dira, aluminiozko osaeraren arabera.

Gero, material hori, labe birakariaren metal urtuarekin, duplex erako galdatze-labeetan sartzen da. Labe horien atalak galdatzeko labe bat eta itxaroteko labe bat dira.

Urteko prozesuan aleazio-elementuak gehitzen dira (Mg, Mn, Cu, etab...). Ganbera askoko galdatze-labe berriaz gain, duplex erako 3 galdatze-labe ere badaude. Horietan galdaketa egiten da, aluminiozko salda bat lortzen da eta hori itxaroteko labeetara (HE2, HE3 eta HE4) aldatzen da. Labe horietan salda hori galdatuta mantentzen eta homogeneizatzen da, maskorrean isuri arte. Labeak gas naturalezko erregailuekin berotzen dira.

Lehengaietan dauden ezpurutasunak zepa gisa desagerrarazten dira, eta zepa horiek labe birakarian autokudeatuko dira.

2. prozesua. Kolada.

Isurketan aluminiozko xaflak sortzen dira eta urarekin hozten dira. Isurketa egiteko aluminio urtua, itxaroteko labeetatik dator.

3. prozesua. Fresaketa.

Isurketa-prozesua amaitu ondoren ateratzen diren xaflak zerratzen dira eta bi aldeetatik fresatzen dira, irregulartasunak eta egiturazko akatsak kentzeko. Fresatzeko eragiketa horretan aluminiozko txirbilak sortzen dira. Horien tamaina eta forma direla-eta, trinkotu egin behar dira galdaketako ekoizpen-prozesuan berrerabili ahal izateko.

4. prozesua. Beroko ijezketa.

Beroko ijezketa egiteko, planta taldeko instalazioekin eta taldeko beste ekoizpen-zentro batzuetatik datozen xaflekin elikatzen da. Hasteko, aluminiozko xaflak berotzen dira, aluminioaren osaeraren arabera ezarritako tenperaturara iritsi arte. Xaflak berotzeko labeetan berotzen dira (hiru labe daude). Labe horien erregaia gas naturala da. Behar den tenperaturara heldutakoan, xaflak beroko ijezketa trenera bidaltzen dira. Bertan xaflaren lodiera murrizten da, eta bobinatan biltzen dira. Ijezketa egiten den bitartean zilindroak etengabe lubrifikatzen eta hozten dira, olio-emultsio bat erabiliz. Prozesu horretan sortzen den muxarrakina galdategian berriro galdatzen da.

5. prozesua. Hotzeko ijezketa.

Bigarren ijezketa bat da, lodiera bezeroak eskatutako parametroetara murrizteko. Etapa horretan bobinen tratamendu termikoa egiten da suberatzeko labeetan. Horri esker, ijezteko lodiera txikiak lortu ahal dira, baita bezeroak nahi duen metalurgia-egoera ere. Bobinen tratamendu termikoa (suberaketa) egiteko bi ijezkailu daude, baita hiru labe elektriko, eta gas naturala erabiltzen duten beste sei labe ere.

6. prozesua. Akabera eta bidalketa.

Atal honetan bobinak desbobinatu, ebaki eta bidalketarako prestatu egiten dira, bezeroaren beharrizanen arabera (xaflak, bobinak, etab...). Prozesu horietan sortzen den muxarrakina galdategian berriro galdatzen da.

7. prozesua. Zerbitzu orokorrak.

Prozesu honek lan osagarriak eta mantentze-lanak biltzen ditu, gainerako prozesuetan eta laborategiko eta bulegoko zenbait jardueratan erabiltzen diren ekipamenduak eta makinak barne hartuta.

Instalazioaren batezbesteko ekoizpena galdatutako 116.000 t-koa da urtean, labe birakaria martxan denean. 3 galdatze-taldearen handitzearekin aurreikusita dago galdatutako 58.000 t gehiago ekoitziko direla. Beraz, guztira 174.000 t ekoitziko dira urtean. Beroko ijezketaren urteko ekoizpen-ahalmena 275.000 tonakoa da gutxi gorabehera (arbastuen ekoizpena barne), arbastuena 75.000 tonakoa da eta erdilanduen ekoizpen-ahalmena 200.000 tonakoa. Urtean 350 egunez 8 orduko ondoz ondoko hiru txandatan lan egiten da.

Ekoizpen-prozesurako erabilitako energia-baliabide nagusiak hauek dira: energia elektrikoa, xurgapen- eta iragazketa-sistemen kontsumorako (2.268.000 kwh); galdatze-labea (2.376.000 kwh); itxaroteko labea (3.300.000 kwh) eta isurketa (792.000 kwh); gas naturala, galdatze-laberako eta erregailuetarako (6.930.000 Nm3) eta itxaroteko laberako (700.000 Nm3) dena. Uste da energia elektrikoaren kontsumo osoa 8.736.000 kwh-koa izango dela urtean, eta gas naturalarena, ordea, 7.630.000 Nm3-koa urtean.

Instalazioak kontsumorako sareko ura kontsumitzen du ur edangarri gisa, eta horrez gain ur sanitarioa, desionizazio-plantarako ekarpen-ura, emultsioaren ura/olioa bereizteko plantarako ekarpen-ura eta beste erabilera batzuetarako ura, adibidez, larrialdiko dutxetarako eta aire giroturako. Urtean 34.743 m3 kontsumitzen da. Beste alde batetik, Ibaizabal ibaiaren ura atzitzen du; industria-ura deitzen den hori batez ere fabrikako makina eta ekipamendu batzuk eta besteak hozteko erabiltzen da (euri-ura ere erabiltzen dute), baina bazterreko erabilera bat ere badago, anodizatua garbitzeko upelean, xukatzeko ponpen probetan eta urontzien lurrunketetan. Gutxi gorabehera, urtean atzituko den ur kontsumoa 54.441 m3 izango da.

Instalazioan sortutako hondakin-urak anodizatze-saiakeren garbiketatik datozen industria-urak dira, malutatze eta dekantazio bidez tratatzen direnak, neutralizatutako erretxina desionizatzaileak birsortzeko urak eta iragazkien garbiketako urak. Horiek, ur sanitarioekin batera, udal kolektorera doaz.

Halaber, hozte-zirkuituak aldizka hustean urak sortzen dira, isurketa-puntu batetik Ibaizabal ibaira isurtzen direnak. Beste alde batetik, xukatzeko ponpen probetan erabilitako urak ere Ibaizabal ibaira isurtzen dira bi puntutan.

Beste alde batetik, gasolioa biltegiratzeko gunean kutsadura arrastaka eramaten duten euri-urak biltzen dira. Ur horiek Ibaizabal ibaira isurtzen dira hidrokarburoen banagailu batetik igaro ondoren (isurketa-puntua hozteko uren puntu berbera da). Bestalde, euri-ur garbitzat jotzen dira xaflen parkeko jariatze-urak, hidrokarburoen banagailutik igaro ondoren, baita txatar-parke berriko jariatze-urak ere, hidrokarburoen banagailutik igaro ondoren.

Instalazioan atmosferara emisioak egiten dituzten 44 foku daude. Horien artean 21 emisio-foku sistematikoak dira, eta 23 emisio-foku ez-sistematikoak.

Instalazioan sortutako hondakin nagusiak galdaketa-prozesuekin (aluminio-zepak eta kearen tratamendurako instalazioko gatz-zepak eta hautsa) eta ijezte-prozesuekin (ur oliotsuak, olio-emultsioak eta lurzoru iragazleak) lotutakoak dira.

Ekoizpen-prozesuek teknika erabilgarri onenak dituzte, Batzordearen 2016ko ekainaren 13ko 2016/1032 (EB) Betearazpen-erabakian jasotakoak. Erabaki haren bidez, teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak metal ez-ferrosoen industrietarako emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera. Halaber, teknika erabilgarri onenak eransten dira, erreferentziako dokumentu hauen arabera: «Reference Document on Best Available Techniques in the Smitheries and Foundries Industry» (2005eko maiatza); metalurgia ez-ferrrosoa, «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for the Non Ferrous Metals Industries», 2017koa; «Reference Document on the application of Best Available Techniques to Industrial Cooling Systems» (2001eko abendua); Europako Batzordearen «Reference Document on Best Available Techniques for Emissions from Storage» (2006ko uztaila); Europako Batzordearen «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for the Non-Ferrous Metals Industries» (2017).

(Ikus .PDF)

Instalazioak baditu behar diren baliabide tekniko eta antolakuntzakoak 2016ko ekainaren 13ko 2016/1032 (EB) Betearazpen-erabakia betetzeko. Erabaki horren bidez ezarri ziren teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak metal ez-ferrosoen industrietarako emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera. Ondorio horietatik, hauek aplikatu behar dira: TEO1-TEO19 eta TEO74-TEO86.

Laugarrena.– Aludium Transformación de Productos SLU enpresak Amorebieta-Etxanoko udal-mugartean sustatutako aluminioaren galdaketa egiteko jarduera ustiatzeko, honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea.

A) Gutxienez seiehun mila euroko (600.000) erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatzen den ingurumena konpondu eta berreskuratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hileko kontsumo-prezioen indizearen (KPI) arabera handituz.

B) Aldaketarik badago Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Aludium Transformación de Productos SLUk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari emandako datuetan, enpresa horrek berak emango du aldaketa horien berri.

C) Babes- eta zuzenketa-neurriak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala ezarriko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz:

C.1.– Hondakinak onartu, hartu, maneiatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

Aludium Transformación de Productos SLUk balorizatuko ditu hondakin ez-arriskutsuak, aluminioa biltegiratuz eta berreskuratuz eta «aluminiozko zepak» hondakin arriskutsua autokudeatuz (R4 eta R13 kudeaketa-jarduerak).

Instalazioan balorizatzeko onar daitezkeen hondakinak ondorengo apartatuetan daude zehaztuta, behar bezala kudeatzeko zehaztapenekin batera.

Biltegiratzeko gehieneko gaitasuna 2.404 m2-ko azalera da hondakin ez-arriskutsuak biltegiratzeko. Azalera horretatik, 234 m2 plantan autokudeatuko diren aluminiozko zepak biltegiratzeko erabiliko dira.

Lantegian tratatu beharrekotzat jotzen den hondakin-jatorri bakoitzeko, eragileak hondakin hori onartzeko eskabidea bidali beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, horrek onets dezan, eta, behar izanez gero, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena erantsiko da.

Hondakin jakin bat onar daitekeela egiaztatu ondoren, Aludium Transformación de Productos SLUk dokumentu horren titularrari onarpena ziurtatzen duen agiria igorriko dio, onarpen horren baldintzak ezarrita.

C.1.1.– Hondakin onargarriak.

Aludium Transformación de Productos SLUk Europako Hondakinen Zerrendako hondakin ez-arriskutsuak tratatu ahal izango ditu. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen. Erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauan xedatutakoa betetzeko, honako epigrafe hauekin:

(Ikus .PDF)

Halaber, autokudeatu egingo dira ingurumen-baimen integratu honen xede den lantokian edo Alacanteko lantokian sortutako honako hondakin arriskutsu hauek, biak B83727255 IFK duen enpresakoak.

(Ikus .PDF)

Instalazioan inola ere ez dira onartuko ebazpen honetan zehaztu ez diren hondakinak, edota, hondakin onargarrien artean adierazitakoak izanik ere, bestelako hondakin mota generikoren batekin kutsatuta daudenak.

Jasotako hondakin ez-arriskutsuek ezingo dute izan 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina ordezten duen Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 Erregelamenduan ezarritako arrisku-ezaugarrietako bat ere.

Hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetatik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

C.1.2.– Hondakin ez-arriskutsuen sarrera kontrolatzea.

Balorizazioa egiteko, instalaziora iristen diren hondakin ez-arriskutsuen kontrola eraman beharko da, bermatzeko ezen ebazpen honetako baldintzen arabera onargarriak direla instalazioan.

Kontrol horretan, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak onartutako tratamendu-kontratuan ezarritako egiaztapena egin beharko da. Agiri horretan, onartzeko parametro mugatzaile eta baldintzatzaileak ezarriko dira. Egiaztatze hori sarrera-kontroleko agiri batean erregistratuta geratuko da.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, hondakin mota gehiago kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izango da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren onarpena lortzea aldez aurretik, eta ebazpen honetako laugarren.C.4 apartatuan ezartzen dena betetzea.

Beste autonomia-erkidego batzuetatik eratorritako hondakinak lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko da.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

C.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta, orobat, behar diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Zamalanak egitean, gai arriskutsuak manipulatzeko eskatutako segurtasun-baldintzak bete beharko dira.

c) Instalazioan egiten diren hondakinen zamalanek eta manipulazioek, baita ekipamenduen estankotasunak ere, emisio lausoak edo kontrolik gabeak saihestu beharko dituzte, edo, saihestu ezin denean, ahalik eta gehien txikitu.

C.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

Hondakinak estankotasun-baldintza egokietan biltegiratuko dira, gerta daitezkeen ihes edo isurien balizko eragina saiheste aldera; hala gertatuz gero, horiek bildu eta karakterizatu egingo dira.

Bi urtekoa izango da balorizatu beharreko hondakin ez-arriskutsuak gordetzeko gehieneko epea.

Balorizatu beharreko «aluminiozko zepak» hondakin arriskutsuak gordetzeko gehieneko denbora sei hilekoa izango da.

Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta egon litezkeen ihes edo isuriei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.

Plantan onartutako hondakinak biltegiratzeko orduan, prezipitazio atmosferikoak sartzea eta haizeak hondakinak arrastatzea saihestu beharko da.

Prozesuan sortutako zepak biltegiratzeko parkea egitura estali baten azpian prestatuko da.

Hautsezko hondakinak eta soltean hartutakoak pabiloiaren barruko piloetan edo hobietan biltegiratuko dira.

C.1.5.– Kudeatutako hondakinen datu-erregistroa.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Aludium Transformación de Productos SLUk fitxategi kronologiko bat izan beharko du, formatu fisikoan edo telematikoan. Fitxategi horretan, datu hauek jasoko dira, ordena kronologikoan: hondakinen kantitatea, izaera, jatorria, destinoa eta tratamendu-metodoa, eta, hala badagokio, onartutako eta kudeatutako hondakinen garraiobidea eta bilketa-maiztasuna ere jasoko dira. Baztertutako hondakinei dagokienez, berriz, kantitatea, baztertzeko arrazoia, baztertutako hondakinaren azken destinoa eta beste gorabehera batzuk jasoko dira. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da.

Artxibo kronologiko hori gutxienez hiru urtez gordeko dituzte eta urtero bidaliko diote Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, ingurumena zaintzeko dagokion urteko programaren barruan, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluarekin bat etorriz.

C.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

Horrez gain, aurreikusten bada hondakindegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen helmugako instalazioan aurreikusitako balorizazio- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte esanguratsuren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020 Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

C.1.7.– Hondakin arriskutsuen lekualdaketa kontrolatzea.

Bai ontziratzeko eta biltzeko baldintzek, bai sustatzaileak hondakin arriskutsuak errepidez garraiatzeko erabili beharreko garraiobideek, gai horiek errepidez garraiatzeari buruzko indarrean dagoen legerian ezarritako xedapenak bete beharko dituzte.

Ebazpen honetan jasotako hondakin arriskutsuak salgai arriskutsutzat jotzen badira Salgai Arriskutsuen Errepideko Nazioarteko Garraioari buruzko Europako Akordioaren (ADR) B. eranskinaren arabera, eta hondakin horiek ibilgailu propioekin garraiatzen badira, ontziratzeko eta biltzeko baldintzek eta sustatzaileak erabili beharreko garraiobideek salgai arriskutsuen errepideko garraioari buruz indarrean dagoen legerian ezarritako xedapenak bete beharko dituzte.

Nolanahi ere, sustatzaileak deklaratutako garraio-unitate bakoitzeko hondakin arriskutsuen kantitatearen eta salgaiak paketatzeko baldintzen arabera, xedapen horiek 1.1.3.6.2. apartatuan (kopuruengatiko salbuespen partziala garraio-unitate bakoitzeko) eta 3.4. kapituluan (bilgarriagatiko salbuespenak kopuru mugatuetan) ezarritakoetara mugatu ahal izango dira, puntu horietan jasotako zehaztapenak betetzen badira.

C.2.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

C.2.1.– Baldintza orokorrak.

Aludium Transformación de Productos SLUren instalazioa ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: atmosferara egingo diren emisioek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar aireratzen den kutsagarri oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, kutsagarrien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Emisio ez-konfinatuek ez dute arau orokor hori bete beharrik izango, horiek biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez bada, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen bada.

Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisioen probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteak giza osasunerako nahiz segurtasun publikorako arriskutsuak ez izateko. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Proiektuan aipatzen diren atmosferako kutsaduraren inguruko neurriak beti beteko dira, bereziki hautsa ez isurtzeko neurriak, hala nola agregakin-multzoak ureztatzea edo bideak garbitzea.

Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

C.2.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Instalazioan, jarduera hauek egiten dira, airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen IV. eranskinean ezarritakoaren arabera katalogatuta:

(Ikus .PDF)

C.2.3.– Fokuak identifikatzea.

Aludium Transformación de Productos SLUren instalazioak eranskin honen amaieran ageri den aire-taulan identifikatutako fokuak ditu.

Gune ez-sistematiko horietako bat urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasako balitz eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago iraungo balu, edo, maiztasuna edozein dela ere, emisioen iraupena orokorrean hartuta instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada, emisio-gune sistematiko gisa araupetu beharko da.

C.2.4.– Emisioen muga-balioak.

a) Lantegia ustiatzean, bermatu beharko da atmosferara egingo diren emisioek ez dituztela gaindituko eranskin honen amaieran jasotako aire-taulan zehaztutako emisioen muga-balioak.

C.2.5.– Gasak bildu eta husteko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximinien gailurrak ez dira egongo laugarren apartatuko C.2.3 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Emisio lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesak antzemateko ekipamenduak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

C.3.– Isurketak egiteko baldintzak.

C.3.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: Aluminioaren ekoizpena eta bigarren eraldaketa.

Jarduera-taldea: Metala.

Mota-taldea-EJSN: 1-2-27.42.

(Ikus .PDF)

Purgaketetako isurketak edo hozte zirkuituen hustuketak baldin badaude, behar bezala adierazi beharko dira eta dagozkien analisiak erantsi.

Bestela, espresuki debekatuta dago ubide publikora isurtzea.

C.3.2.– Gehienez isur daitezkeen emariak eta bolumenak.

– 1. isuria: Industria-urak eta ur sanitarioak.

(Ikus .PDF)

– 2. isuria: Urontzien eta hozte-zirkuituen aldizkako hustuketak.

(Ikus .PDF)

– 3. isuria: Xukatzeko ponpen probak uholdeen aurka, 1., 2., 3. eta 4. zenbakidun putzuak.

(Ikus .PDF)

Uholdeen aurkako xukatze-ponpen probek sorrarazitako isurketak ingurumen-baimen bateratuaren prozeduran aurkeztutako eta baliozkotutako informazioaren arabera egingo dira. Isurketa horiek gehienez 4 minutu iraungo dute.

– 4. isuria: Gasolioa biltzeko eremuko euri-urak.

(Ikus .PDF)

C.3.3.– Isurpenen muga-balioak.

Ondorengo zerrendan ageri dira isurien kutsadura-parametro bereizgarriak, bakoitzerako zehazten diren gehieneko balioarekin:

a) 1. isuria: Industria-urak.

Amorebieta-Etxanoko Udaleko kolektorean isurtzeko erregelamenduan jasotako mugak eta baldintzak bete beharko ditu, erakunde horrek ondo deritzon zehaztapen, aldaketa edo salbuespenekin.

b) 2. isuria: Urontzi eta hozte-zirkuituen aldizkako hustuketak.

(Ikus .PDF)

Tenperatura: Ibilguan 3 ºC-tik beherako gehikuntza.

c) 3. isuria: Xukatzeko ponpen probak uholdeen aurka, 1., 2., 3. eta 4. zenbakidun putzuak.

(Ikus .PDF)

d) 4. isuria: Gasolioa biltzeko eremuko euri-urak.

(Ikus .PDF)

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurien muga-balioak lortzeko.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, aipatutako arauak eta kalitate-helburuak isurketaren ondorioz urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen horrek ez du baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzien isuria onartzen, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege Dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua, abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen, urei buruzkoaren atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituen Jabari Publikoko Urguneen Erregelamendua onartzen duena, aldatzen da.

Hozte-zirkuituak husteko protokoloa, zeina arauketa egoki baten bitartez zehaztu eta bermatu behar baita, hauxe izango da:

1.– Husteko gutxieneko denbora: 24 ordu.

2.– Hondar-kloro askea, erreaktiboak gehituz edo behar den denboran pausagune bidez, etab., ezabatzea, eta zuzeneko in situ kontrol analitikoa, isuri aurretik klororik ez dagoela bermatzeko.

3.– Putzuen hondoan metatutako lohiak kendu eta hustea, hori isurtzea derrigorrez saihestu behar baita.

Ezkutuko purga liratekeen terrazen, gordailuen eta abarren gainezkabideen isurketak ez dira baimenduko. Halako isurketarik gertatuz gero, horren berri eman beharko da, eta dagokion isurketa-baimena eskatu.

C.3.4.– Arazteko instalazioak.

Hondakin-urak arazteko instalazioak edo neurri zuzentzaileak enpresa eskatzaileak aurkeztu dituen eta espedientean jasota dauden agirietara egokituko dira. Funtsean, honako jarduketa hauek egingo dira:

1. isuria: Industria-urak:

– 1 m3-ko edukierako arazteko sistema fisiko-kimikoa anodizatze-urak tratatzeko, polielektrolitoa duen malutatzailea, sodio hidroxidoa edo azido sulfurikoa erabiliz pH doitze bat, eta ondoren dekantazio bat dituena.

– Neutralizazio-putzua, irabiatzea eta 25 m3-ko edukierako pH neurgailua dituena erretxinak birsortzeko prozesuko hondakin-urak tratatzeko.

4. isuria: Gasolioa biltzeko eremuko euri-urak:

– 1,8 m3-ko edukierako hidrokarburo-bereizgailu bertikala.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Aludium Transformación de Productos SLU enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Aurkeztutako agirien arabera, isurketak kontrolatzeko kutxatila bat jarriko da baimendutako hondakin-uren mota bakoitzerako; kutxatila horiek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango dituzte. Administrazioak egoki deritzonean ikuskatzeko sarbide zuzena duen lekuan kokatuko dira kutxatilak.

C.3.5.– Ebakuazio-instalazioak.

Aurkeztutako agirien arabera, isurketak kontrolatzeko kutxatila bat jarriko da baimendutako hondakin-uren mota bakoitzerako; kutxatila horiek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango dituzte. Kutxatilak ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan kokatuko dira, hala behar denean.

Kasu honetan, efluentea kontrolatzeko nahitaezkoa da ondorengo elementuak izatea:

1. isuria: industria-urak eta ur sanitarioak.

– pH-neurgailua.

– Emari-neurgailua.

2. isuria: Urontzi eta hozte-zirkuituen aldizkako hustuketak.

– Ponpen funtzionamendu-orduen kontagailua.

– Test kolorimetrikoa kloroa neurtzeko.

4. isuria: Gasolioa biltzeko estazioko jariatze-urak.

– Emari-neurgailua.

C.3.6.– Isurketen kontrol-kanona.

Urtez urte isuriak kontrolatzeko kanonaren behin behiko likidazioa egiteko, Uren Legearen testu bateginaren 113. artikuluari eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduko 291. artikuluari erreparatuko zaie, eta, zehazki, baimendutako isuri-bolumena bider isuri-kontroleko unitate-prezioa eragiketa egin beharko da, formula hau betez:

(IKK): Isurketak kontrolatzeko kanona = V x Pu

Pu = Pb x Cm

Cm = C2 x C3 x C4

Honela izanik:

V = Baimendutako isurketaren bolumena (m3/urte).

Pu = Isurketaren kontroleko prezio unitarioa.

Pb = Oinarrizko prezioa m3-ko, isuri motaren arabera.

Cm = Isurketaren maiorazio edo minorazioko koefizientea.

C2 = Isurketaren ezaugarrien araberako koefizientea.

C3 = Isurketaren poluzio-mailaren araberako koefizientea.

C4 = Ingurune hartzailearen ingurumen-kalitatearen araberako koefizientea.

2. isuria: Urontzi eta hozte-zirkuituen aldizkako hustuketak:

(Ikus .PDF)

Cm = 1,28 x 0,5 x 1,25 = 0,80000.

Pu = 0,80000 x 0,04207 = 0,033656 euro/m3.

Isurketen kontrol-kanona = 0,033656 x 3.260 = 109,72 euro urtean.

3. isuria: Xukatzeko ponpen probak uholdeen aurka, 1, 2, 3 eta 4 zenbakidun putzuak.

(Ikus .PDF)

Cm = 1,0 x 0,5 x 1,25 = 0,62500.

Pu = 0,625000 x 0,04207 = 0,026294 euro/ m3.

Isurketen kontrol-kanona = 0,026294 x 13.800 = 362,86 euro urtean.

4. isuria: Gasolioa biltegiratzeko eremuko euri-urak:

(Ikus .PDF)

Cm = 1,0 x 0,5 x 1,25 = 0,625000.

Pu = 0,625000 x 0,04207 = 0,026294 euro/ m3.

Isurketen kontrol-kanona = 0,026294 x 70 = 1,84 euro urtean.

Isurketen Kontrol Kanona = 109,72 + 362,86 + 1,84 = 474,42 euro/urte.

Kanonaren zenbatekoa ez da aldatuko isurtzeko baimenaren baldintzak edo isurien kontrol-kanonaren kalkulua osatzen duten faktoreetako bat aldatzen ez den artean.

Urte natural bakoitza amaitu ondoren, administrazio eskudunak baimenaren titularrari urte horri dagokion isurketa-kanonaren likidazioa jakinaraziko dio.

Isurketen Kontrolaren Kanona autonomia-erkidegoek edo tokiko korporazioek saneamendu- eta arazketa-lanak finantzatzeko ezar ditzaketen kanon edo tasekiko independentea izango da (Uren Legearen testu bateginaren 113.7 artikulua).

C.4.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira, euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela. Kogenerazioa-berrerabilera lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek karakterizatu dira, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraikiz, eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –ebazpen honetan daude jasota– orientagarriak dira soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isuriak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita 2008/98/EE Zuzentarauaren, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarenaren, III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da, eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu edo galduko balira, edo ihesak edo jarioak gertatuko balira, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan eta Amorebieta-Etxanoko Udalean.

Sortutako hondakinak beste erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta martxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan hondakinak lekualdatzeari buruz ezarrita dagoena bete beharko da.

C.4.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak hondakin arriskutsuen taulan jaso dira eranskinean.

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodetzea, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020 aldirako Ingurumeneko IV. Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen tratamendu-kontratuetan lagatze- edo deuseztatze-kodeak balorizatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketarik gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Taladrinen hondakinak eta Urontziaren garbiketako hondakin-ura, sortzen den instalazioko gordailutik jaso behar da zuzenean, aurretik ontziratu eta biltegiratu gabe, eta baimendutako kudeatzaileari eman behar zaio.

d) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

e) Berariazko hondakin sanitarioak (II. taldea) manipulatu, ontziratu, etiketatu eta biltegiratzeko baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakin Sanitarioen Kudeaketari buruzko martxoaren 3ko 21/2015 Dekretuan eta hura ondoren garatzeko araudietan ezarritakoak izango dira.

f) Gehienez ere 6 hilabetez eduki ahal izango dira hondakin arriskutsuak biltegian. Honako hondakin hauek dira salbuespen: «Azido agortuak», «disolbatzaile ez-halogenoztatua» eta «laborategiko erreaktiboak izan dituzten beirazko bilgarriak»; hondakin horiek urtebetez egon daitezke biltegian, duten sormen txikiagatik.

g) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

h) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Aludium Transformación de Productos SLUk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

i) Hondakin arriskutsuak baimendutako kudeatzailearen instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatu beharko da.

j) Aludium Transformación de Productos SLUk industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

k) Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan (pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa) xedatutakoa bete beharko dute. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

l) Aludium Transformación de Productos SLUk poliklorobifeniloak (PCB) dituzten edo izan ditzaketen aparatuak dauzkan bitartean, haiek behar bezala kudeatzeko, bete egin beharko ditu abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan –polikrorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten aparatuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen dekretuan– azaltzen diren baldintzak (dekretu hori otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretuak aldatu zuen).

m) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu Aludium Transformación de Productos SLUk, berreskuratu egingo dira, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz deuseztatzeko; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dira, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

n) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Aludium Transformación de Productos SLUk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

o) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluari jarraikiz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumena zaintzako programaren barruan.

p) Hondakin arriskutsuen kudeaketako funtsezko oinarriak bete daitezen, hau da, ahalik eta horrelako hondakin gutxien sortzeko, Aludium Transformación de Productos SLUk neurri babesleak erabiliz hondakin arriskutsuen sorrera gutxitzeko plana aurkeztu beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan, gutxienez lau urtean behin, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluak ezartzen duenez, baldin eta lege horren arau bidezko garapenean Aludium Transformación de Productos SLU hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa katalogatzen ez bada.

q) Baldin eta Aludium Transformación de Productos SLU Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengatik eskuratutako merkataritarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko dio.

r) Apartatu honetako g) eta h) letretan (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta n) letran adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

s) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Aludium Transformación de Productos SLUk bete beharko ditu Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzko 108/1991 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako eskakizunak. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

C.4.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hondakin ez-arriskutsuen taulan jaso dira eranskin honen amaieran.

a) Hondakinen kudeaketako printzipio hierarkikoei buruzko laugarren apartatuaren C.4 azpiapartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, hondakin guztiak balorizatuko dira baimendutako balorizatzaile bati emanez, batez ere «obra-hondakinak», «material erregogorra» eta «labeen estaldura» hondakinak. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina balorizatzeari.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika eta behar bezala bereizi, eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati.

c) Hondakin horiek deuseztatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizatzea denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Aludium Transformación de Productos SLUk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo haien agiri ofizial baliokideak, derrigorrezkoak badira, hiru urtean gutxienez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharko da, Hondakinak zabortegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa.

f) Balorizatzeko edo deuseztatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

g) Baldin eta Aludium Transformación de Productos SLU Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengatik eskuratutako merkataritarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko dio.

h) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Aludium Transformación de Productos SLUk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin ez-arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

i) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumena zaintzako programaren barruan.

j) Apartatu honetako d) eta e) (kudeatzaileak EAEn badaude), f) eta g) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

C.5.– Ontziak merkaturatzea.

Aludium Transformación de Productos SLUk, produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

Era berean, Aludium Transformación de Productos SLUk ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du derrigorrez, zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita. Aludium Transformación de Productos SLUk bere produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, ontzi eta ontzi-hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen Lehen Xedapen Gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Aludium Transformación de Productos SLUk, urte natural baten zehar, ondoren zehazten diren kantitateak baino gehiagoko hondakinak sortu ahalko dituen produktu ontziratuak edota industria- edo merkataritza-ontziak merkaturatzen baditu:

– 250 tona, beira soilik bada.

– 50 tona, altzairua soilik bada.

– 30 tona, aluminioa soilik bada.

– 21 tona, plastikoa soilik bada.

– 16 tona, zura soilik bada.

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soilik badira.

– 350 tona, hainbat material badira, eta bakoitzak, bera bakarrik hartuta, ez baditu lehen aipatutako kantitateak gainditzen.

Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.

C.6.– Lurzorua babesteko baldintzak.

Aludium Transformación de Productos SLUk laugarren E.4. apartatuan aipatzen diren neurriak hartuko ditu, ezohiko jardunaren prebentzioari eta esku-hartzeari buruzkoak, bai eta hondakinak biltegiratzeari eta zamalanei buruzkoak laugarren C.4 apartatukoa ere.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko txostenarekin bat etorriz, eta horretan bildutako gomendioei jarraituz, Aludium Transformación de Productos SLUk behar diren neurriak hartu beharko ditu lurzorua babesteko eta zaintza- eta kontrol-planarekin jarraitzeko, hondakindegi zaharreko lurretan egindako konponketaren eraginkortasuna egiaztatzeko. Kontrol-plan hori hiru urtero lurzoruaren kalitatearen analisiak izango dira, gunean instalatutako MW13, MW14, MW15 eta MW16 piezometroen bidez.

Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurzoruaren egoeraren txostenak aurkeztu beharko dira, gutxienez, 5 urtean behin, lege hori indarrean jartzen denetik aurrera.

Era berean, aurreko lerrokadan aipatutako araudian, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuan ezarrita dauden lurzorua babesteko betebeharrak betetze aldera, sustatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

– Oinarrizko txostena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeak eta maiztasunak beteta.

– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako epeen arabera.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde ezagun batek egina, eta aipatutako txostenak jasoko ditu hor (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak). Emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar diren bakoitzean, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Lur-mugimenduak.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten denari jarraikiz, induskatu beharreko materialak (lurrak, obra-hondakinak, etab.) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, ekintza kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa burutu bitartean gainditze hori antzemango balitz, nahitaezkoa izango da lurzoruaren kalitatea ikertzen eta oneratzen egiaztatutako erakunde batek egindako indusketa selektiborako plan bat aurkeztea. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura gauzatu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketaren pertsona fisiko edo juridiko sustatzailearen eta jarduketa burutuko duen kontratudunaren identifikazioa.

– Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean lurzatia eta jarduketa-eremua zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, baita zolatak ere.

– Ingurumen-segimendurako lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan, erakunde akreditatua izan beharko du.

– Jarduketa hasteko aurreikusitako datak.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurzoruen karakterizazioaren emaitzak adierazi beharko dira; horrez gain, induskatutako materiaren berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotzen diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/argitalpenak/eraikuntza-iraunkorrerako-gidak-eraikin-industriala

f) Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa gauzatzeko, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

g) Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako B-EBA (industria-erabilera) balioaren azpikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

h) Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako A-EBA ebaluazioko balio-adierazleak eta TPHtarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-arloko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Horrez gainera, 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 22. artikuluaren 2. apartatuan dioenaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e apartatuari jarraikiz betiere.

C.7.– Zaratari buruzko baldintzak.

Jarraian adierazitako zarata-mailak ez gainditzeko neurriak jarriko dira:

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen, behar diren neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundos zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB (A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB (A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq, 60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko altueran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko beharrezko altuera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun modu bat baldin badago, jardun modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (L Aeq,Ti). Ti jardun modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Jardueraren funtzionamendutik, zuzenean nahiz zeharbidez, eratortzen diren efektu gehituek gainditzen dituztenean Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak 14. eta 16. artikuluetan zehazten dituen kalitate akustikoko helburuak, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, behar diren neurriak hartu beharko ditu jarduerak gainditze hori gerta ez dadin.

c) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

d) Labe birakariarekin lotuta dauden zarata-iturrietarako (gasen tratamendurako instalazioa eta mahuka-iragazkia) eta 3. galdatze-taldea handitzearekin lotuta dauden hiru zarata-iturri berrietarako (ganbera askoko galdatze-labea, itxaroteko labea, gasen tratamendurako sistema), Aludium Transformación de Productos SLUk behar diren neurriak hartuko ditu fokuek urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak transmititu ez ditzaten kanpoko ingurumenera, betiere horiek aipatu arauaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatuta.

(Ikus .PDF)

Kanpoaldeko muga-balioek lurretik 2 metroko garaiera eta fatxada leihodunen kanpoaldeko eraikuntzaren garaiera guztiak dituzte erreferentziatzat.

D) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

D.1.– Atmosferara eginiko emisioak kontrolatzea.

D.1.1.– Kanpoko kontrolak.

a) Aludium Transformación de Productos SLUk emisioen kontrola egin beharko du, eranskin honen azken zatian dagoen aire-taulan agertzen den informazioaren arabera.

b) Puntu honetako a) letran aipatutako neurketa guztiak administrazioaren II. mailako erakunde laguntzaileren batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 2012/2012 Dekretuan jasotzen den bezala; eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek, berriz, Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

c) Halaber, a) apartatuan azaldutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean bi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute.

d) Neurketa jarraitua.

Aludium Transformación de Productos SLUk partikulen neurketa jarraitua egin beharko du 42. eta 44. emisio-fokuan.

Neurketa-sistema jarraitua Euskal Autonomia Erkidegoko airearen kalitatea zaindu eta kontrolatzeko sarera kateatu beharko da.

Emisioak etengabe neurtzeko sistemen (EENS) instalazioa, kalibrazioa, kontrola, mantentze-lanak eta jakinarazpenak, eta ekipamenduen, neurketa-sekzio eta -tokien ezaugarriak UNE-EN 14181 arauan eta ingurumen-arloko eskumenak dituen Sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritako baldintzen araberakoak izan beharko dute.

Instalazioen titularrek izango dute EENSaren datuak eskuratzeko, tratatzeko eta jakinarazteko ardura, eta EENSak erregistratutako datuak gutxienez 10 urtez gorde beharko dira.

FE42 «Labe birakaria, gatz-zepako karga-hautsa, labe birakari txikia» eta FE44 «Ganbera anitzeko fusio-labea eta itxarote-labea» emisio-fokuetarako, neurtzeko ekipamenduen erabilgarritasuna, hau da, erregistro baliodunak lortzen diren denbora-tarteen proportzioa, urteko jardun-denboraren ehuneko 90ekoa izango da gutxienez, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honen baimen puntuala eta berariazkoa eduki ezean.

EENSa ondoz ondoko 15 egunetan baino gehiagotan ondo ez badabil, Ingurumen Lankidetzako Erakunde batek aldizkako kontrolak (hamabostean behin) egin beharko ditu, gertaera hasi denetik emisioak etengabe neurtzeko sistema behar bezala ibili arte.

Instalazioen titularrak EENSaren funtzionamenduari buruzko urteko txosten bat igorri beharko du, betiere ingurumen-arloko eskumenak dituen Sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoaren arabera.

D.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

D.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

Segidan, isurketa kontrolatzeko baldintzak ezarrita daude, ezertan galarazi gabe arroako erakundeek ezar ditzaketen ebazpenak.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kanpo-kontrol bakoitza, dela laginak hartzea, dela ondorengo analisia, Erakunde Laguntzaile batek egin eta egiaztatuko du (Jabari Publiko Hidraulikoaren 255. artikulua) eta aurreko puntuetan aipatutako parametroen gainean egingo da. Sustatzaileak, isurketa-puntu bakoitzeko, lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua. Urontzi eta hozte-zirkuituen aldizkako hustuketako fluxuaren analisiekin batera, atzipen-uraren analisia ere egin beharko da, OEK eta AOX parametroei dagokienez. Xukatzeko ponpen probetako uraren fluxuaren analisiarekin batera, halaber, atzipen-uraren OEK parametroaren analisia egin beharko da.

Isurketen kontrolen emaitzak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari bidaliko zaizkio laginak hartzen direnetik hilabete bateko (1) epean.

c) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti.

d) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek ebazpen honen laugarren apartatuko B.3.3 azpiapartatuan ezarritako mugak betetzen dituztenean.

e) Titularrak urtero aurkeztu beharko du lehen aipatutako maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak barne hartutako substantzia arriskutsuak dituzten isurketak daudela aitortzen duen agiria. Adierazpen horretan ekoizte-prozesuan manipulatu diren substantzia guztiak adierazi behar dira, nahiz eta isurketan ez detektatu. Datuen igorpen hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera egingo da.

D.3.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru urterik behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako administrazioko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan eta urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren IV. eranskinean ezarritakora egokituko dira.

d) Sustatzaileak proposamen zehatz bat landu beharko du, ebaluazio-puntu zehatzak jasoko dituena. Ebazpen honen laugarrena.C.7 apartatuan aipatzen den ingurumena zaintzeko programaren agiri bateginean sartuko da proposamena.

D.4.– Lurzoruaren eta lurrazpiko uren kontrola.

a) Aludium Transformación de Productos SLUk instalazioaren ohiko nahiz ohiz besteko funtzionamenduaren ondoriozko kutsadura-arriskuaren ebaluazio sistematiko bat egingo du. Kutsadura hori instalazioaren kokalekuan egon daitezkeen substantzia arriskutsuek eragindakoa da. Ebaluazio hori gutxienez bost urtean behin egingo da eta lurrei buruzko dokumentu bateginarekin batera bidaliko da (dokumentu hori ebazpen honen Laugarren C.6 apartatuan aipatzen da).

Lehen esandakoa baztertu gabe, dokumentu bateginean honako datu hauek ere jasoko dira:

– Aintzat hartutako aldian izan diren gorabeherak, substantzia arriskutsuak direla eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak– bai eta larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela egiaztatzen duen adierazpena, teknikari eskudunak sinatua. Tresneria eta azalerak egoera onean daudela egiaztatzen, edo, hala badagokio, horietan antzemandako hutsuneak jasotzen dituen berariazko adierazpena jaso beharko du.

– Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

b) Aludium Transformación de Productos SLU enpresak, gainera, lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola egingo du, gutxienez bi zundaketa eginez honako hauetarako: urak karakterizatzeko, ateratako lur-zutabea karakterizatzeko eta piezometro bana gaitzeko. Haiek lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko erabiliko dira. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatuaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

D.5.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

D.6.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-a2inguru/eu/

Era horretan, programa horretan zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak (ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik) Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarri diren baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik, gertatutakoaren berri izan ondoren, bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, helbide elektroniko hau erabilita: ippc@euskadi.eus

Horrez gain, urtean behin baino gehiagotan egiten diren kontrolak kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira igorriko.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausak eta konponbideak, eta halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.

D.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

E) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.

E.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko lanak eta mantentze-lanetarako programatutako lanak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, sortuko diren emisioen eta hondakinen zenbatespena egin beharko du enpresak, eta, dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bigarren apartatuko C.4 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz (azpiapartatu horren izena: «Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak»), baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

E.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Aludium Transformación de Productos SLU enpresak, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isurketa edo emisio saihesteko.

E.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Aludium Transformación de Productos SLU enpresak, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isurketa edo emisio saihesteko.

E.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere istripuzko jarioak edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikusizko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosfera eta ura kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa eta abar) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «bypass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «bypass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuta. «Bypass» horretan aurreikusi gabeko isurketa bat badago, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidalita (apartatu honetako j) puntuan adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta istripuzko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, orokorrean, instalazioan sortutako hondakinak kudeatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien gainazalak erabat irazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak eduki beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako kondiziotan ezen ez baitira izango ingurunean sakabanatzeko moduan.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezkoak diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta norbera babesteko ekipamendu egokiak.

i) Ontzien hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura bat edukiko dute. Bertan, instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen isuriak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri berehala eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren), horretarako gaitutako helbide elektronikoaren bitartez: ippc@euskadi.eus. Jakinarazpenean, alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorria eta zergatiak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Berehala aplikatutako zuzenketa-neurriak edo eusteko neurriak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.

Gorabehera edo arazo larriren bat edo istripuzko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Amorebieta-Etxanoko Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Istripuzko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako zuzenketa-neurriak.

– Arazoa berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketaren bat gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egin badiezaioke, titularrak berehala etengo du isurketa hori, eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten organismoei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saihesteko neurri gisa, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari honako gertaera hauetakoren bat jazo dela:

1.– Etengabeko neurketa-ekipamenduek 24 ordu baino gehiagoz datu fidagarririk ez ematea eragiten duten matxurak edo akatsak gertatzea. Gorabehera gertatu eta gehieneko 24 orduko epean egingo da jakinarazpena, lanegunak direnean, edo lanegunak ez direnean, gorabehera gertatu den egunaren osteko lehen lanegunean jakinaraziko da.

2.– Gutxienez 15 egun lehenago jakinaraziko dira instalazioaren prozesu jarraitu batean aurrez programatuta egingo diren geldialdiak, aurreikusitako prebentzioko mantentze-lanak barne.

3.– 44. fokuan, analizagailuan modu jarraituan neurtutako datu balidatu baten kontzentrazioak % 100ean muga-balioa gainditzen badu, jakinarazpena gehienez hori gertatu eta 24 orduko epean egingo dute, lanegunetan, edo hori gertatu ondorengo lehen lanegunean, lanegunetatik kanpo.

Edonola ere, enpresak berehala bidaliko dio jakinarazpena, fax bidez (aplikatu beharreko jarraibide teknikoak bestelako biderik adierazi ezean), Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, eta datu hauek zehaztuko dizkio:

– Gorabehera mota.

– Jatorria eta arrazoiak.

– Sortutako ondorioak.

– Hartutako euste-neurriak.

– Epeak.

l) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu, etengabeko prozesu bati badagokio, baita aurreikusitako mantentze prebentiboak ere, betiere ahalik eta aurrerapen handienarekin.

m) Larrialdi-egoeretan, babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

n) Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Betebehar hori betetzen dela egiaztatzeko, erakunde eskudunek emandako egiaztagiriak aurkeztuko zaizkio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari.

o) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

F) Ingurumen-baimen bateratua eta ingurumena zaintzeko programa aldatzea.

Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

G) E-PRTR jakinarazpena.

Urtean behin, otsaileko azken eguna baino lehenago, Aludium Transformación de Productos SLUk aurreko urteko emisio atmosferikoei eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz bidaliko da.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

H) Instalazioan aldaketak egitea.

Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da aldez aurretik:

http://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Organo honen onespena ere beharko da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

(Ikus .PDF)

1.– Laginketa-aldiko batezbestekoak emisioen muga-balioak gainditzen ez baditu, emisioen muga-balioak betetzen direla ulertuko da.

Ondorio horietarako, laginketa-aldiko batezbestekoa honela kalkulatuko da: gutxienez 30 minutuko ondoz ondoko hiru neurketaren batezbestekoa, neurketa bakoitzari baimen honetan zehaztutako metodoari dagokion konfiantza-tartea kenduta, edo, horrelakorik ez badago, jarraian zehaztutakoa.

PCDD/Fen kasuan, laginketa-aldiko batezbestekoa honela kalkulatuko da: gutxienez 6 orduko laginketa-aldi baterako neurketaren batezbestekoa, neurketa horri baimen honetan zehaztutako metodoari dagokion konfiantza-tartea kenduta, edo, horrelakorik ez badago, jarraian zehaztutakoa.

Baimen horretan ezarritako metodoak zehazten ez badu, neurtutako emaitza bakar baten % 95eko konfiantza-tarteen balioek ez dituzte gaindituko emisioen muga-balioen ehuneko hauek:

– Partikula totalak: % 30.

– Karbono monoxidoa: % 10.

– Sufre dioxidoa: % 20.

– Nitrogeno dioxidoa: % 20.

– Guztizko karbono organikoa: % 30.

– Hidrogeno kloruroa: % 40.

– Hidrogeno fluoruroa: % 40.

– Metal astunak: % 40.

– Poliklorodibenzodioxinak eta poliklorodibenzofuranoak: % 40.

2.– Jarraian neurtutako parametroen neurketei dagokienez, aurreko emisioen muga-balioak betetzen direla ebatziko da baliozkotutako eguneko batez besteko balioek ez badute emisioko muga-balioa gainditzen. Baliozkotutako batez besteko eguneko balioak ustiaketa eraginkorraren epean zehaztuko dira (martxan jartzeko eta gelditzeko epeak salbuetsita), neurtutako erdiordutegiko batez besteko balio baliozkoak oinarri hartuta, eta, betiere, ondoren zehaztutako konfiantza-tartearen balioa kendu ostean:

Gehieneko emisio-balioetan zehaztutako 100eko 95eko konfiantza-tartearen balioak ez ditu emisioen muga-balioaren honako ehuneko hauek gaindituko: partikula totalak, 100eko 30.

Ikusten bada emisioen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren zuzenketa-neurriak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, zuzenketa-neurrien eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala