Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

69. zk., 2022ko apirilaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
1530

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 29koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita zer eragin duen abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuaren lan-erreformak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen dituen dirulaguntza-deialdietan.

Lan-erreformarako, enplegu-egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkatua eraldatzeko presako neurriei buruzko abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuak Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina aldatzen du, zeina urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen.

Besteak beste, prestakuntza-kontratuak arautzen dituen 11. artikulua birformulatu da, honela: prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuaren eta praktikaldiko kontratuaren ordez, txandakako prestakuntza-kontratua eta ikasketa-mailari egokitutako praktika profesionala eskuratzeko prestakuntza-kontratua ezarri dira, hurrenez hurren. Halaber, 15. artikuluan jasotako iraupen jakineko kontratazioen kasuak murriztu dira, eta produkzio-gorabeherek eta langileak ordezkatzeak eragindako lan-kontratuetara mugatu dira. Aldaketa horiek 2022ko martxoaren 30ean jarriko dira indarrean.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen dituen zenbait dirulaguntza-programa eta -deialdi aldaketa horien eraginpean daude. Izan ere, deialdi horietan, prestakuntza-kontratuak aipatzen dira, dela laguntzaren xedea bera halako kontratuak egitea delako, dela halako kontratuak deialdiaren aplikazio-eremutik kanpo uzteko.

Lan-erreformak programa eta deialdietan duen eragina aztertu eta argitu ondoren, segurtasun juridikoa zaintze aldera, azterketa horren berri eman behar zaie pertsona, enpresa eta erakunde interesdunei, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, hala xedatuta baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan.

Horregatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea zer eragin duten Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen dituen laguntza-programa eta -deialdietan urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Langileen Estatutuaren testu bateginean egindako aldaketek (Lan-erreformarako, enplegu-egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkatua eraldatzeko presako neurriei buruzko abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuaren bidez egin dira aldaketa horiek). Hona hemen:

2022ko martxoaren 30etik aurrera, abian diren dirulaguntza-programetan eta -deialdietan:

a) Prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuari buruz egiten diren aipamenak txandakako prestakuntza-kontratuari buruzkoak direla ulertuko da, zeina araututa baitago Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 11.2 artikuluan, eta gutxienez 3 hilabeteko eta gehienez 2 urteko iraupena baitu.

b) Praktikaldiko kontratuari buruzko aipamenak, berriz, ikasketa-mailari egokitutako praktika profesionala lortzeko prestakuntza-kontratuari buruzkoak direla ulertuko da, zeina araututa baitago Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 11.3 artikuluan eta gutxienez 6 hilabeteko eta gehienez urtebeteko iraupena baitu.

Bigarrena.– Ebazpen hau argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 29a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.


Azterketa dokumentala