Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2022ko apirilaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
1492

1/2022 FORU ARAUA, martxoaren 10ekoa, 2022. urterako zenbait zerga aldaketa onesten dituena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onetsi dutela «1/2022 Foru Araua, martxoaren 10ekoa, 2022. urterako zenbait zerga aldaketa onesten dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2022ko martxoaren 10a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA

COVID-19aren pandemiak markatuta egon den bi urteko epealdiaren ondoren, zeinean larrialdiko zerga neurriak hartu baitira pandemiaren ondorioak ahal den neurrian murrizteko, ohartu gara haren intzidentzia jaitsi izana egoera sozioekonomikoa egonkortzea ahalbidetzen ari dela, eta nolabaiteko suspertze ekonomikoa ere ekartzen ari da sektore jakin batzuetan.

Fase berri honetan, botere publikoei dagokie egonkortasun hori etorkizunari begira bultzatzen eta finkatzen saiatzea, lurralde historikoaren produkzio ehunari oinarri sendoak eskainiz eta haren garapena maila teknologiko eta balio erantsi handiko eremuetara bideratuz, Gipuzkoako gizartearen etorkizuneko ongizatea ziurtatzearren. Horretarako, interesgarria da azken bi urteotan onetsi diren aldi baterako neurrietako batzuk beste urtebetez aplikatzen jarraitzea, osorik edo zati batean, eta, aldi berean, neurri berritzaileak sartzea beste arlo batzuetan.

Horrela, foru arau honek hainbat aldaketa sartzen ditu Gipuzkoako tributuen esparruko figura askotan, eta horien artean nabarmentzekoak dira jarraian azaltzen diren hauek.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, arauan berariaz jasotzen da dagoeneko existitzen den errealitate bat, alegia, errentak esleitzeko araubidean dauden entitateak zergapekotzat hartzen direla informazio betebehar jakin batzuei dagokienez.

Lanaren etekin osoen erregulazioaren barruan, jasota geratzen da urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduak 14. artikuluko 5. apartatuan egiten zuen aurreikuspena, hain zuzen ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren urriaren 14ko 367/2021 epaiak baliogabetu zuena, zergaren foru arauak aurreikuspen hori estaltzen ez duelako. Bestalde, 2. apartatutik 1. apartatura aldatzen da zerga oinarria murrizten duten zenbait errenta eta kontribuzio enpresarial osoa-osorik konputatzeari buruzko erregulazioa.

Kapital higigarriaren etekinen tributazioari dagokionez, bi aldaketa sartzen dira: lehenengoa akzio edo partaidetzen jaulkipen primaren banaketatik datozen etekinei dagokie eta idazketa hobetu eta haren interpretazioa argitzeko egiten da; izan ere, zehazten da ezen jaulkipen primaren banaketaren ondorioz lortzen den zenbatekoak gutxitu egingo duela, deuseztatu arte, akzio edo partaidetza bakoitzak banaka hartuta duen eskurapen balioa; horrek esan nahi du kalkulua ez dela egin beharko akzio edo partaidetza horien eskurapen balio osoaren gaineko konputu globala kontuan hartuta. Bigarren aldaketaren kasuan, helburua da izaera itxiko inbertsio entitate jakin batzuetatik jasotzen diren eskubide ekonomiko berezien tributazioa argiago eta zabalago arautzea.

Ondare irabaziei dagokienez, berariaz xedatzen da gauza erkidea zatitzen denean, ondasun erkidegoak desegiten direnean edo erkideak banantzen direnean, ondarearen osaera aldatu egingo dela alderdietako batek bere partaidetza kuotari dagokiona baino balio handiagoan esleitzen dizkionean bere buruari ondasunak edo eskubideak, izan beste alderdiari konpentsazio bat emanez, izan inolako konpentsaziorik ordaindu gabe. Hori berdin aplikatuko da, zirkunstantzia berberen aurrean, irabazpidezko sozietatea edo ondasunen foru komunikazioa desegiten denean edo ondasunetan parte hartzeko ondare eta ekonomia araubidea azkentzen denean, bai eta administratiboki eratutako izatezko bikoteen ondare eta ekonomia araubidea azkentzean ere, baldin eta ondare eta ekonomia araubide gisa aurrekoetako edozein itundu badute.

Era berean, akzio edo partaidetzen kostu gabeko «inter vivos» eskualdaketak ezkontidearen, izatezko bikotekidearen, aurreko ahaideen edo adoptatzaileen, edo ondorengo ahaideen edo adoptatuen alde egiten diren kasuetan, aldatu egiten da ondare irabazi edo galera bat halakotzat ez hartzeko tratamendua, akzioak edo partaidetzak jarduera ekonomikoa garatzeko beharrezkotzat diren erabakitzeari begira.

Lekualdatutako pertsonen araubide berezia zabaldu egiten da, eta, horrela, atzerritik Gipuzkoara lekualdatutako pertsonak haren eremu subjektiboan sartzen dira, etortzeko bi arrazoi berri hauek ere gertatzen direnean: sorrera berriko entitate berritzaile bat sortu eta haietan inbertitzea, eta arrisku kapitaleko sozietateak edo funtsak eratzea. Lehenengo kasuan, araubide bereziaren aldeko hautua egin ahal izateko, entitate berritzailea eratuz edo haren akzioak edo partaidetzak lehen merkatuan eskuratuz egin behar da inbertsioa, eta, beste baldintza batzuen artean, lekualdatutako pertsonak lan harreman bat, edo kontseilari edo administratzaile bati dagokiona, eduki behar du entitate horrekin. Bigarren kasuan, lekualdatutako pertsonak arrisku kapitaleko sozietate edo funts bat eratu behar du, eta langile edo goi zuzendaritzako kide izan behar du eratutako arrisku kapitaleko funtsa kudeatzen duen inbertsio entitate itxien sozietate kudeatzailean edo eratutako arrisku kapitaleko sozietatean bertan, sozietate horrek sozietate kudeatzaile gisa jarduten duenean.

Horrez gain, lekualdatutako pertsonak egindako lan bereziki kualifikatuak erlazionatzeko jardueren katalogoa zabaltzen da, haren barruan hiru hauek sartzeko: antolaketako jarduerak, gerentziakoak eta kontrol ekonomiko-finantzariokoak.

Lan etekinen kasuan, aldatu egiten da exijigarriak diren zergaldietan jasotzen ez diren lan etekinak denboran egozteko erregela berezia. Izan ere, gaur egun, erregela horrek dio etekin horiek zergaldi horiei egozteko autolikidazio osagarriak aurkeztu behar direla. Arauketa berriak etekinak kobrantza egiten den zergaldiari egoztea aurreikusten du lehen-lehenik, baina etekin horiek exijigarriak ziren zergaldiei egozteko aukera ematen dio zergadunari. Etekinak exijigarriak ziren zergaldiei egozteko aukera hori kobrantzako zergaldiari dagokion autolikidazioa aurkeztean egin beharreko aukeren artean sartzen da.

Energia berdearen iturriak bultzatzeko asmoz eta, horrela, klima aldaketari aurre egiten laguntzen saiatzeko, kenkari berri bat ezartzen da zerga honetan, zergadunaren ohiko etxebizitzan eguzki energia elektrikoa hornitzeko egindako inbertsioengatik. Zehazki, bi motatako inbertsioak izango dira kengarriak: eguzki energia elektriko fotovoltaikoa ekoizteko balio duten elementu osoen eskurapenean egindakoak, eta eguzki energia elektriko fotovoltaikoko iturriak aprobetxatzea xede sozial nagusia duten entitateetako partaidetzak eskuratzeko egindakoak, betiere zergadunaren ohiko etxebizitza energiaz hornitzeko egiten direnean. Kenkaria egindako inbertsioen 100eko 15ekoa izango da, eta zergadun bakoitzak hurrengo zergaldietan zehar aplikatzen dituen kenkarien batura ezin izango da 3.000 eurotik gorakoa izan.

Aldaketak sartzen dira ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta bidalketa bermatzea helburu duen sistema informatiko baten ezarpena sustatzeko kenkariaren erregulazioan, TicketBAI betebeharraren ezarpen egutegia aldatzen duen eta erretiroa hartzeko adinetik hurbil dauden pertsona fisiko jakin batzuk hura betetzetik salbuesten dituen azaroaren 9ko 608/2021 Foru Aginduak ezarpen egutegian egin duen aldaketara egokitzeko. Kenkari hori hogeita hamaseigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako dago, eta TicketBAI kenkari gisa ere da ezaguna. Horrek esan nahi du haren aplikazioa 2023ko abenduaren 31ra arte luzatzen dela zerga honetan. Era berean, arrazoi beragatik aldatu egiten da Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauko hogeita bigarren xedapen gehigarrian jasotzen den TicketBAI kenkaria.

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, lehenengo aldaketak ondare sozietateei eragiten die, eta haren xedea da ondasun higiezinen kontsiderazioa doitzea, ondasun horiek edo haien gaineko eskubide errealak zergaren foru arauaren 42. artikuluan aipatzen diren pertsona edo entitate lotuen artean edo Merkataritza Kodearen 42. artikuluko baldintzetan eratutako talde bateko pertsona edo entitateen artean lagatzen edo eratzen direnean, sozietate bat ondare sozietatetzat hartzeari begira.

Zuzendu egiten da kapitala ekarpenak itzuliz murrizten den kasuetan aplikatzen den balorazio erregela. Izan ere, itzulketa horietan sortutako errentaren integrazioa jasotako elementuen merkatuko balioaren eta partaidetzaren balio fiskalaren arteko aldeari lotzen zaio orain, ez da kontuan hartzen kontabilitate balioa.

Enpresen kapitalizazioa handitu eta pandemiak ekarritakoa bezalako krisi egoerei errazago aurre egin ahal izateko, hobekuntzak ezartzen dira bai enpresen kapitalizazioa sustatzeko konpentsazioaren araubidean bai mozkinak nibelatzeko erreserba bereziaren araubidean. Lehenengo kasuan, zerga ondorioetarako aintzat hartzen den ondare garbiaren gehikuntza kengarria 100eko 10etik 100eko 15era igotzen da oro har, aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan, 100eko 14tik 100eko 20ra igotzen da kenkaria. Bigarren kasuan, erreserbaren saldoak zerga ondorioetarako ondare garbiarekiko izan dezakeen muga 5 puntu handitzen da (100eko 20tik 25era pasatzen da muga arrunta, eta, 100eko 25etik 30era mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan). Gainera, azken erreserba horren kasuan, aplikatzeko denbora tartea bost urtetik hamar urtera zabaltzen da, ziklo ekonomikoekin bat etorriz, eta aipatutako epean aurreikusitako helbururako aplikatu ez diren erreserbako zuzkiduren kasuan 100eko 10etik 30era igotzen da zuzenketa positiboaren portzentajea.

Ingurumena hobetzeko eta klima aldaketari aurre egiteko proiektuen alde egite aldera, hobetu egiten da garapen jasangarria, ingurumenaren kontserbazioa eta hobekuntza eta energia iturrien aprobetxamendu eraginkorragoa bultzatzea xede duten proiektuen inbertsio eta gastuengatik aplikatzen den kenkariaren tratamendua. Izan ere, kuota likidoaren gehieneko kenkaria 100eko 50era igotzen da, orain arte 100eko 35ekoa izan denean. Muga berri hori benetan aplikatu ahal izan dadin, gainera, beharrezkoa da gutxieneko tributazio arauak egokitzea kenkari horri dagokionez.

Berrikuntza teknologikoaren eta software aurreratuaren kontzeptuak aldatzen dira, haien definizioak Osloko Eskuliburu berriaren arabera zabaltzeko. Bestalde, aipatzen da zer gastu ez diren ikerketa eta garapen jarduerengatik eta berrikuntza teknologikokoengatik aplikatzen diren kenkarien oinarriaren parte.

Enplegua sortzeagatik egiten den kenkarian bi aldaketa sartzen dira. Alde batetik, urteko soldata gordinarekiko proportzionala den gehieneko kenkariaren ordez (5.000 eurokoa) 7.000 euroko zenbateko finkoa duen kenkaria ezartzen da; eta horrek, aldi berean, berekin dakar lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboetako pertsonak kontratatzeagatik aplikatzen den kenkariak ere zenbateko finko bat izatea, kasu honetan 14.000 eurokoa. Bestetik, ezartzen da lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboak zeintzuk diren erregelamendu bidez garatuko dela. Eta erregelamenduzko garapen hori onartzen ez den bitartean, foru arau honen xedapen iragankor bakarrak aurreikusten du kolektibo horiek Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen araudiaren arabera zehaztuko direla, hura baita aldaketa hau egin aurretik indarrean zegoen araudia.

Arrisku kapitaleko sozietate eta funtsen araubide berezian, ondoren adierazten diren bi berrikuntza hauek sartzen dira. Alde batetik, aurreikusten da akzio bihur daitezkeen obligazioen bihurketan sozietate edo funts horietarako agerian jartzen den errenta geroratu daitekeela akzio horiek eskualdatu arte. Horrela, ezartzen da bihurketatik eratorritako errenta ez dela integratuko zerga oinarrian, eta arrisku kapitaleko entitateak harpidetutako akzio berriek obligazio bihurgarrien eskurapen balioa eta data gordetzen dituztela. Era horretan, obligazioen jabetza eta, ondorioz, akzioen edukitza egitate bakar eta linealtzat hartzen dira zerga ondorioetarako, eta bihurketak ez du distortsiorik eragiten zentzu horretan.

Bestalde, mikroenpresa, enpresa txiki edo enpresa ertaintzat hartzen diren entitateen finantzaketa iturriak errazte aldera, berezitasun bat aurreikusten da horrelako entitateek arrisku kapitaleko funts eta sozietateekin formalizatzen dituzten finantza kontratuetarako, haien ordainsariak bi osagai dituenean: diruzko zati bat eta gauzazko beste bat, azken hori entitate finantzatuaren akzio edo partaidetzak erosteko eskubide moduan eratua. Tratamendu fiskal hori aplikatu ahal izateko, alderdi guztiek haren aplikazioa hautatu behar dute, eta aukera hori Ogasun eta Finantza Departamentuari jakinarazi behar diote ondorioak izan behar dituen lehen zergaldia amaitu baino lehen.

Kontsolidazio fiskaleko araubide berezia osatze aldera, entitateak talde fiskalean sartu edo taldetik irtetean sortzen diren partida fiskal batzuen tratamendua argitzen da.

Ikus-entzunezko industriaren jarduera sustatzeko, handitu egiten da bai kenkari aplikagarriaren portzentajea eta bai kenkariaren gehieneko zenbatekoa; gainera, aurreko erregulazioan haren aplikaziori buruz ezartzen ziren zenbait muga murrizten dira. Laguntza araubide hau Europako Batzordeari jakinarazteko obligaziotik salbuetsita dago, eta bateragarria da barne merkatuarekin Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 3. apartatuaren arabera, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014/EB Erregelamenduaren 54. artikuluko eta I. kapituluko baldintza guztiak betetzen dituelako. Erregelamendu horren bidez, laguntza kategoria jakin batzuk bateragarritzat jotzen dira barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Xedapen gehigarri bat gehitzen zaio foru arauari, hogeita hirugarrena, honako hau argitze aldera, alegia, zerga araudiak ezartzen badu araututa dauden kenkariak foru arau horren 67. artikuluan aurreikusitako mugen edo arau komunen mende daudela, zehaztapen gehiagorik gabe, kenkari horiek 100eko 35eko muga orokorrari lotuta geratzen direla, espresuki besterik esaten ez bada.

Azkenik, zergaren foru arauari hogeita bederatzigarren xedapen iragankorra gehitzen zaio, eta haren helburua da zergaren foru araudira ekartzea kapital aldakorreko inbertsio sozietate jakin batzuetako bazkideek (SICAV izenaz ere ezagutzen diren horietako zenbaitetako bazkideek) estatuan aplikatu behar duten araubide iragankorra. Araubide hori onartzearen arrazoia da, alde batetik, lurralde erkidean betekizun objektibo fiskal murriztaileagoak ezarri direla entitate horietako bazkideentzat, eta, bestetik, entitate horiek badutela desegin eta likidatzeko erabakia hartzea. Izan ere, entitateen desegite eta likidazio horretan, bai likidatzen den sozietateak eta bai bertako bazkideek araubide iragankor bat dute aplikagarria lurralde erkidean. Hala ere, araubide hori osatu gabe geratzen da bazkideak Gipuzkoako pertsonak edo entitateak direnean, haiek ez baitaude lurralde erkideko araudiaren mende, eta horrek distortsioak eragiten ditu zerga ordainketan. Hori dela eta, araubide iragankorra egokitzen da entitate horietako pertsona eta entitate bazkideak Gipuzkoarrak diren kasurako.

Ondarearen gaineko zergan, Euskal Kultur Ondarea osatzen duten ondasunen salbuespenen erregulazioa maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitako erregulazio berrira egokitzen da. Erregulazio berri horren arabera, zergan salbuetsita egongo dira Euskal Kultur Ondarean babes ertain edo bereziko kultur ondasun gisa sartuta dauden ondasunak.

Bestalde, arte-gaien eta zaharkinen salbuespena egokitzen da, Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen erregelamenduzko garapenean aurreikusitako balioei soilik aplikatzeko; izan ere, aipatutako 6/2019 Legeak, berak indargabetutakoak ez bezala, ez du horri dagokionez xedapen baliokiderik jasotzen.

Museoei edo irabazi-asmorik gabeko erakundeei jendaurrean erakusteko eta gordailu iraunkorrean lagatzen zaizkien artelanei eta zaharkinei dagokienez, salbuespen hori entitateetako partaidetzei dagokienez ere ezartzen da; salbuespen hori lagatako artelanen eta zaharkinen balioaren eta entitatearen aktibo osoaren arteko proportzioari aplikatuko zaio. Gainera, lagatako artelan eta zaharkin horiek ez dira hartuko jarduera ekonomikoei atxiki gabeko ondasuntzat, lagatako objektuen titulartasuna duten entitateen kapital edo ondareko partaidetzei salbuespena aplikatzeko baldintzak betetzearen ondorioetarako.

Lurraldeko enpresa sarean berrikuntza garatzen jarraitzeko eta langileen parte hartzeak ere jarraipena izateko, ezartzen da sorrera berriko entitate berritzaileen akzio eta partaidetzen gaineko aukera eskubideak entitate horietako langileek jasotzen dituztenean salbuetsita geratzen direla, 2021erako zerga aldaketa jakin batzuk onesten dituen apirilaren 15eko 3/2021 Foru Arauan egindako aldaketarekin bat etorriz.

Salbuespenak ukitutako entitateen kapital edo ondare partaidetzen balioaren proportzioa kalkulatzean, gerora etorritako ondaretasuna hartzen da kontuan. Erregela hori, salbuespenaz gozatzeko jada aurreikusita dagoena, haren irismenari dagokionez ere arautzen da orain. Horrela, salbuespen hori entitatearen ondare elementuei dagokien akzio edo partaidetzen balioaren zatira ere iritsiko da, baldin eta horien eskurapen prezioak ez badu gainditzen entitateak lortu dituen mozkin banatu gabeen zenbatekoa, betiere mozkin horiek jarduera ekonomikoetatik badatoz. Urtean bertan eta aurreko hamar urteetan lortutako mozkinen zenbatekoa izango da muga.

Azkenik, sozietateen gaineko zergan ondare sozietateetarako egindako aldaketarekin bat etor dadin, egokitu egiten da ondasun higiezinekin zer ikusia duten partaidetzen salbuespenaren irismena.

Orain arte aipatutako hiru zergen ohar amankomun gisa, esan behar da eguneratu egiten direla zerga horien foru arauetan balore merkatuei egiten zaizkien erreferentziak. Negoziazio sistema aldeaniztunak gero eta garrantzi handiagoa izaten ari direlako gertatzen da hori. Aldaketa horien bitartez, koherentzia ematen zaio balore merkatuen zerga erregulazioari.

Kooperatiben zerga araubidearen esparruan, bertan sartzen diren aldaketetako asko Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legea onartzearen eta Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legea eta Euskadiko Kooperatiba Sozietate Txikiei buruzko ekainaren 25eko 6/2008 Legea indargabetzearen ondorio dira. Legegintzan izan den berritasun horrek beharrezko egiten du kooperatiben zerga araudia egokitzea eta bertan hainbat doikuntza egitea kooperatiben araudi substantibo berria eta haien zerga tratamendua bateragarri egiteko.

Hala, lan elkartuko eta ustiapen komunitarioko kooperatiba txikiak bereziki babestutzat jotzeko beharkizuna abenduaren 20ko 11/2019 Lege horretan besteren konturako langileak kontratatzeko aurreikusitako mugetara egokitzen da.

Bestalde, argitzen da nekazaritza ustiategien titulartasun partekatuari buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legean aurreikusten diren titulartasun partekatuko entitateak bereziki babestutako nekazaritza eta elikagaigintzako kooperatibetako bazkide izan daitezkeela.

Etxebizitza kooperatibak bereziki babestutzat jotzeari dagokionez, doikuntzak egiten dira kontsiderazio hori mota horretako kooperatiben araudi substantibo berrira egokitzeko: alde batetik, zerga eremuan ere onartzen da kooperatibistak ez diren hirugarrenei etxebizitzen 100eko 30eraino saldu ahal izatea finantza arrazoiengatik, eta, bestetik, kooperatiba desegiteko atalaseari buruzko baldintzak atalase handiago bat aurreikusten du baldin eta ezkutuko akatsei entitate sustatzaile gisa erantzuteko aurreikusitako berme epeak eta legezko epeak, edo estatutuek edo entitate publikoekin sinatutako lankidetza hitzarmenek, hala aurreikusten badute.

Kooperatibak entitate ez-kooperatiboen kapital sozialean parte hartzeagatik fiskalki babestutako kooperatibaren izaera galtzeko erregulazioan, zehazten da nola kuantifikatu behar den partaidetza hori, holding sozietateen bidez gauzatzen denean. Aldaketa hori foru arau hau indarrean jarri ondoren egiten diren partaidetza eskurapenei aplikatuko zaie, Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauari gehitzen zaion bigarren xedapen iragankorrari jarraituz.

2021. urterako zerga aldaketa jakin batzuk onesten dituen apirilaren 15eko 3/2021 Foru Arauan aipatu gabe utzi zen ńabardura bat sartzen da oraingo foru arauan, eta helburua da argitzea ezen kooperatibetan partaidetza bereziak ordaintzera bideratutako kopuruak ez direla kengarriak izango haien titularrak kooperatibetako bazkide edo elkartekide ez badira, partaidetza horiek kapital sozialtzat hartzen direnean.

Aldaketak sartzen dira sozietateen gaineko zergari lotutako entitate bazkideek jasotako kooperatiba itzulkinen zergapetze bikoitza ezabatzeko erregulazioan, eta, horrela, kuotan kenkaria aplikatu beharrean itzulkinak zerga oinarrian ez integratzea ezartzen da; horrekin homogeneizatzen da zergapetze bikoitzak sozietateen gaineko zergan duen tratamendua, eta gainerako lurralde historikoekin harmonizatzen da.

Bestalde, Euskal Kultur Ondarea osatzen duten ondasunek maiatzaren 9ko 6/2019 Legean duten erregulazio berrira egokitzen dira bai apirilaren 7ko 3/2004 Foru Araua, irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzkoa, bai uztailaren 5eko 12/1989 Foru Araua, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzkoa. Gainera, azken foru arau horri dagokionez, arrazionalizatu egiten da sektore publikoko entitateek katastroko informazio babestua eskuratu ahal izateko prozedura, haien gainetik dagoen Administrazioaren bitartez egin behar izan ez dezaten.

Jarduera ekonomikoen gaineko zergan, talde berri bat sortzen da zergaren tarifetako bigarren sekzioan, kazetariek eta informazioaren eta komunikazioaren beste profesional batzuek egiten duten jarduera berariaz sailkatzeko. Izan ere, orain arte jarduera horrek ez zuen halako sailkapenik. Horrez gain, beste bi aldaketa egiten dira, teknikoak biak.

Zergen Foru Arau Orokorraren esparruan, ahalbidetzen da ordainketak geroratu eta zatikatzeko prozedura ebazteko ohiko epea luzatzea, tasatuta dauden zirkunstantzia jakin batzuek prozedura hori ebaztea eragozten dutenean. Aurreikusitako zirkunstantzietako bat gertatzen denean, epea hamabi hilabetez luzatu ahal izango da gehienez.

Jarduera ekonomikoaren jarraipena errazteko eta enplegua suntsitzea saihesteko, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua, Zerga Administrazioko organo gorena den aldetik, gaituta geratzen da gerorapenak ebazteko, baldin eta, jarduera ekonomikoaren produkzio ahalmenari edo enplegu mailari nabarmen eragiteagatik edo Ogasun Publikoaren interesei kalte larriak sortzeagatik, gerorapen horiek eman behar badira zordunaren aldeko kredituekin ofizioz konpentsatu gabe, betiere zerga zorra epe exekutiboan dagoenean.

Informazioa emateko betebeharra ezartzen da akzioen azken onuradunen identifikazioa ezagutzen duten edo ezagutzeko moduan dauden pertsona eta entitateentzat, apirilaren 12ko 5/2021 Legeak sartu duen aldaketaren ildotik (5/2021 Legea, apirilaren 12koa, zeinaren bidez aldatzen baitira Kapital Sozietateen Legearen testu bategina, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia, eta finantza arloko beste arau batzuk, sozietate kotizatuetan akziodunek epe luzera inplikatzea sustatzeari dagokionez).

Atzerriko ondasun eta eskubideei buruz informatzeko betebeharrari dagokionez, zerga arloko arau-hausteen zehapen araubidea argitzen da.

Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan beste salbuespen objektibo bat sartzen da, azaroaren 2ko 24/2021 Errege Lege-Dekretuan araututa dauden bonu bermatuak, hipoteka partaidetzak eta hipoteken eskualdaketari buruzko ziurtagiriak jaulki, eskualdatu, amortizatu eta itzultzeari dagokionez. Errege lege-dekretu horren bidez, Europar Batasunaren zuzentarauen transposizioa egiten da honako gai hauetan: bonu bermatuak, inbertsio kolektiboko erakundeen mugaz gaindiko banaketa, datu irekiak eta sektore publikoaren informazioaren berrerabilera, lineako zenbait eskualdaketatan eta irrati eta telebista bidezko programen emanaldietan aplikatzekoak diren egile eskubideak eta horien kidekoak erabiltzea, inportazio eta hornidura jakin batzuen aldi baterako salbuespenak, pertsona kontsumitzaileak, eta errepide bidezko garraio ibilgailu garbi eta energetikoki efizienteen sustapena. Salbuespen horren barruan sartzen dira, halaber, entitate jaulkitzailea konkurtso egoeran sartzen den kasurako aurreikusten den ondare bereizia eratzeko aktiboen eskualdaketa, eta jaulkipenak batera finantzatzeko asmoz beste kreditu entitate baten alde egiten den mailegu eskualdaketa, biak ere aipatutako 24/2021 Errege Lege-Dekretuan arautuak.

Hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergan, ikusi da zerga oinarriaren kuantifikazioa nabarmen murriztu dela hura kalkulatzeko metodologian duela gutxi sartu den aldaketagatik. Hain zuzen ere, aldaketa hori azaroaren 16ko 7/2021 Foru Dekretu-Arauak sartu zuen, Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 16/1989 Foru Araua Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziara egokitzekoak. Horren ondorioz, zerga honen bidez lortzen diren diru-sarrerak jaitsi egin dira, eta horrek eragin negatibo handia du udalen finantzaketan.

Ondorio horiek arintzeko, aukera ematen da udalek ezarri beharreko karga tasa 100eko 30era arte iritsi ahal izan dadin. Karga hori aplikatuko da betiere, baldin eta lursailek balio gehikuntza bat badute haien jabetza edozein titulu bidez eskualdatzeagatik edo haien gaineko edozein gozamen eskubide erreal, jabaria mugatzen duena, eratu edo eskualdatzeagatik.

Xedapen gehigarrietan, 2020rako eta 2021erako ere ezarri ziren zenbait pizgarri sustatzen dira 2022ko ekitaldirako, baina 2022an aplikatzekoak diren pizgarriak ez datoz bat kasu guztietan 2020an eta 2021ean aplikatu zirenekin.

Horrela, lehen xedapen gehigarrian, 2022ko zergaldirako igotzen da langileek entitate enplegatzailean izan dezaketen gehieneko partaidetza muga, entitate enplegatzailean parte hartzeagatik araututako kenkaria aplikatu ahal izateko. Muga hori 100eko 20koa izan da orain arte eta 100eko 40ra igotzen da. Horrez gain, kenkaria aplikatzeko lan egin behar den gutxieneko urte kopurua jaisten da eta hiru urte exijitu beharrean bi exijitzen dira orain.

Bigarren xedapen gehigarrian, indartu egiten da, 2022rako, langileek entitateak eratzeagatik aplikatzen den kenkaria, eta, besteak beste, handitzen dira kenkariaren portzentajea (100eko 15etik 20ra), eta zergaldietan zehar aplika daitezkeen kenkari mugak (1.200 eurotik 6.000 eurora eskuratzaileak gizonak direnean eta 1.800 eurotik 8.000 eurora emakumeak direnean). Gainera, kuota nahikoa ez izateagatik kendu gabe geratzen diren kopuruak hurrengo lau zergaldietako autolikidazioetan aplikatzea ahalbidetzen da.

Bestalde, 2022ko ekitaldirako luzatzen da pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga autolikidatzeko obligazioa, abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzkoak, 2020 eta 2021eko zergaldietarako ezarritako terminoetan. Horrela, lan etekin gordinetarako ezarrita dagoen muga, haren kopurutik behera egonez gero aitortzeko obligaziotik salbuesten duena, 14.000 eurokoa izango da. Gainera, zergadunek aitortzeko obligazioa badute ordaintzaile batetik baino gehiagotik 14.000 eta 20.000 euro bitarteko lan etekin gordinak jasotzeagatik, ezartzen da betebehar horretatik salbuetsita geratzen direla baldin eta bigarren eta gainerako ordaintzaileetatik jasotako zenbatekoen batura, zenbatekoaren hurrenkerari jarraituta, urtean 2.000 eurotik gorakoa ez bada. Hau da, horrelakoetan, 20.000 euro bitarteko lan etekin gordinak jasotzen dituzten zergadunek ez dute aitorpena aurkeztu beharrik izango.

Gainera, 2022ko zergaldira zabaltzen da norberaren konturako langileei edo langile autonomoei emandako aparteko laguntza jakin batzuen salbuespena, hain zuzen ere, abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzkoak, 2020 eta 2021. zergaldietarako aurreikusitakoa (7. artikuluan). Osasun krisia luzatu izanak eta sektore ekonomiko jakin batzuetan hark izan duen eragin bereziak berekin ekarri dute aparteko laguntza horiei jarraipena ematea baita 2021eko abenduaren 31tik haratago ere, eta horrexegatik da beharrezkoa salbuespen horren denbora eremua zabaltzea.

Era berean, jarraipena ematen zaio, 2020. eta 2021. urteetarako onartutako termino berberetan, mikroenpresetan eta enpresa txiki eta ertainetan inbertitzeagatik aplikatzen den aparteko kenkariari, halako moduz non, praktikan, hiru kenkari biltzen baititu, intentsitate desberdinekin, inbertitzen den entitatearen tipologiaren arabera.

Era berean, 2022rako malgutu egiten da ikerketa eta garapeneko eta berrikuntza teknologikoko proiektuen finantzaketan parte hartzeagatik aplikatzen den kenkariaren erregulazioa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 64 bis artikuluan jasotakoa.

Halaber, 2022rako luzatzen da udalek udal tasak hobaritzeko duten ahalmena.

Enplegua sortzeagatik araututako kenkaria aplikatzeari begira, eta, betiere, kenkari hori arautzen duen artikuluan aurreikusitako erregelamenduzko garapena onartzen ez den bitartean, xedapen iragankorrak ezarrita uzten du, gorago adierazi bezala, zeren arabera erabakiko den zein diren lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboak.

Amaitzeko, bi xedapen jasotzen dira bukaeran: xedapen indargabetzaile orokorra batetik, eta azken xedapen bakarra bestetik, foru araua noiz sartuko den indarrean eta zer ondorio izango dituen arautzen duena.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauak 27. artikuluan xedatutakoa betez, foru arauaren edukiaren genero eragina ebaluatu da, eta ondorioa izan da eduki horretan genero ikuspegitik eragin positiboa duten neurri jakin batzuk sartu direla gai hauetan: lekualdatutako pertsonen araubide berezia, aitortzeko obligazioa, langileek beren entitate enplegatzailean parte hartzeagatik aplikatzen den kenkaria, langileek enpresak eratzeagatik araututako kenkaria, laguntza jakin batzuk, eta ikus-entzunezko industriari aplikatzen zaion kenkaria.

1. artikulua.– Urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena, aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:

Lehenengoa.– 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 41.2 artikuluaren c) letrako azken aurreko paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«c) letra honetan aurreikusitakoa gorabehera, akzioak eta partaidetzak eskualdatzen direnean, ondare irabazi edo galera bat egongo da jarduera ekonomikoa garatzeko beharrezkoak ez diren aktiboen balioak, jardueratik ondorioztatzen ez diren zorrekin gutxituak, eta entitatearen ondare garbiaren balioak elkarren artean duten proportzioari dagokion zatian. Hala badagokio, erregela horiek berak partaidetutako entitateen akzio eta partaidetzen balorazioan ere aplikatuko dira, entitate edukitzailearen partaidetzen balioa zehazteko. Aktibo bat jarduera ekonomiko bat garatzeko beharrezkoa den ala ez erabakitzeko, Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauaren 6. artikuluko laugarren apartatuan xedatutakoari jarraituko zaio.»

Bigarrena.– 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, honako aldaketak sartzen dira:

Bat.– 2. artikuluari 3. zenbakia gehitzen zaio, eta honela dio:

«3.– Errentak esleitzeko araubidean dauden entitateei, foru arau honetan eta, bereziki, 56. eta 112 bis artikuluetan aurreikusitako informazio betebeharrak dituztenean.»

Bi.– 9. artikuluaren 5. zenbakiko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«5.– Langilea kaleratu edo kargugabetzeagatik ematen diren kalte-ordainak, Langileen Estatutuan, haren erregelamenduzko garapenean edo, halakorik balego, epaiak betearazteko araudian derrigorrezko izaeraz ezarritako zenbatekoan; hitzarmen, itun edo kontratu bidez finkatutakoa ezingo da hartu halakotzat. Era berean, salbuetsita egongo dira bazkide langileak edo lan bazkideak Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 30. artikuluko 2. apartatua aplikatuta kooperatiban baja hartzeagatik jasotzen dituen kalte-ordainak, betiere lan arloko araudiak Langileen Estatutuaren 52. artikuluaren c) letrako kargugabetze kasuetarako derrigorrezko izaeraz ezartzen duen zenbateko berean.»

Hiru.– 9. artikuluaren 12. zenbakiko b) letrari bigarren paragrafoa gehitzen zaio, eta honela dio:

«Salbuetsita egongo dira, halaber, funtzionarioek lan egiten duten organo edo entitatetik jasotzen dituzten ordainsariak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Testu Bateginak, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsiak, 48. artikuluko f) letran bularra emateagatik aitortzen duen baimenari dagozkionean. Zenbateko salbuetsiaren muga honako hau izango da: Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsiak, bularreko haurraren zaintza erantzukideari buruzko VII. kapituluan aurreikusten duen prestazio ekonomiko gisa Gizarte Segurantzak aitortzen duen gehieneko prestazioaren zenbatekoa.»

Lau.– 9. artikuluaren 24. zenbakiko bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Salbuespen hau ez zaie aplikatuko inbertsio kolektiboko erakundeek banatutako dibidendu eta mozkinei, ez eta horiek ordaindu aurreko bi hilabeteetan eskuratutako balore edo partaidetzetatik datozenei ere, baldin eta, data horren ondoren, baina epe berberaren barruan, balore homogeneoak eskualdatzen badira. Baloreak edo partaidetzak ez badira negoziagarriak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/65/EB Zuzentarauak, finantza tresnen merkatuei buruzkoak, definitzen dituen bigarren mailako balore merkatu ofizialetako batean, epea urtebetekoa izango da.»

Bost.– 19.2 artikuluko azken aurreko paragrafoa ezabatzen da, eta artikulu horretako 1. apartatua aldatzen da, jarraian zehazten den eran:

«1.– Lanaren etekin osoa kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekin guzti-guztiek osatzen dute oro har.

Foru arau honen 18.a) artikuluan aipatzen diren prestazioak errenta moduan jasotzen direnean eta egotzitako kontribuzio enpresarialek zerga oinarria murrizten dutenean, oso-osorik konputatuko dira. Era berean, osorik konputatuko dira langilea kaleratu edo kargugabetzeagatik ematen diren kalte-ordainak, errenta moduan jasotakoak, zerga honetatik salbuetsita dauden zenbatekoak gainditzen badituzte, hurrengo 19 bis artikuluan aurreikusitakoa eragotzi gabe.»

Sei.– 34. artikuluaren e) letrako lehen eta bigarren paragrafoak honela geratzen dira idatzita:

«e) Akzio edo partaidetzen jaulkipen primaren banaketa. Lortutako zenbatekoak, ukitutako akzio edo partaidetza bakoitzak banaka hartuta duen eskurapen balioa gutxituko du, hura deuseztatu arte, eta, soberakina agertuz gero, kapital higigarriaren etekin gisa zergapetuko da.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, banatzen den jaulkipen prima Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/659/EB Zuzentarauan, finantza tresnen merkatuari buruzkoan, araututako balore merkatuetako batean negoziatzeko onartuta ez dauden baloreei badagokie, balore horiek sozietate edo entitateen funts propioetan parte hartzea adierazten badute, eta prima banatu aurretik itxitako azken ekitaldian akzio edo partaidetza horien funts propioek duten balioaren eta haien eskurapen balioaren arteko diferentzia positiboa bada, lortutako zenbatekoa edo jasotako ondasun edo eskubideen merkatu balio normala kapital higigarriaren etekintzat hartuko da, diferentzia positibo horren mugarekin.»

Zazpi.– 34. artikuluko f) letra honela geratzen da idatzita:

«f) Letra honetan zerrendatutako entitateetako batean eskubide ekonomiko bereziak ematen dituzten partaidetza, akzio edo bestelako eskubideetatik ondorioztatzen diren etekinak, entitate horietako, horien entitate kudeatzaileetako edo taldeko entitateetako administratzaileek, kudeatzaileek edo enplegatuek lortutakoak direnean, betiere letra honen barruan ezartzen diren baldintzak betetzen badira.

a') f) letra honetako lehen paragrafoan aipatzen diren entitateak honako hauek dira:

1.a Izaera itxiko inbertsio alternatiboko funtsak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko ekainaren 8ko 2011/61/EB Zuzentarauan definituak, kategoria hauetako batean sartzen direnean (2011/61/EB Zuzentaraua, inbertsio funts alternatiboen kudeatzaileei buruzkoa, 2003/41/EE eta 2009/65/EE Zuzentarauak eta 1060/2009 (EE) eta 1095/2010 (EB) Erregelamenduak aldatzen dituena):

i) Azaroaren 12ko 22/2014 Legean araututako entitateak. Lege horren bidez arrisku kapitaleko entitateak, inbertsio kolektiboko bestelako entitate itxiak eta inbertsio kolektiboko entitate itxien entitate kudeatzaileak arautzen dira, eta inbertsio kolektiboko erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legea aldatzen da.

ii) Europako arrisku kapitaleko funtsak, Europako arrisku kapitaleko funtsei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko apirilaren 17ko 345/2013 (EB) Erregelamenduan arautuak.

iii) Europako gizarte ekintzailetzako funtsak, Europako gizarte ekintzailetzako funtsei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko apirilaren 17ko 346/2013 (EB) Erregelamenduan arautuak.

iv) Europako epe luzerako inbertsio funtsak, Europako epe luzerako inbertsio funtsei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko apirilaren 29ko 2015/760 (EB) Erregelamenduan arautuak.

2.a Aurrekoen pareko beste inbertsio erakunde batzuk.

b') f) letra honetako lehen paragrafoan aipatzen diren baldintzak honako hauek dira:

1.a Partaidetza, akzio edo eskubide horien eskubide ekonomiko bereziak gauzatu daitezen, ezinbesteko baldintza da aurreko a') letran aipatutako entitateko gainerako inbertsoreek entitatearen erregelamenduan edo estatutuan zehaztutako gutxieneko errentagarritasun bermatua lortzea.

2.a Partaidetzak, akzioak edo eskubideak bost urtez mantendu behar dira gutxienez, salbu eta aurretiaz likidatzen direnean, baliorik gabe geratzen direnean edo, entitate kudeatzailea aldatzeagatik, osorik edo partez galtzen direnean. Horrelakoetan, etenik gabe mantendu beharko dira, zirkunstantzia horiek gertatu dira.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa f) letra honetako a') letran aipatzen diren entitateei exijitu ahal izango zaie, baldin eta entitate horiek partaidetza, akzio edo eskubideen jabetza badute.

f) letra honetan aurreikusitako tratamendua ez da aplikagarria izango baldin eta eskubide ekonomiko bereziak, zuzenean edo zeharka, jurisdikzio ez-kooperatibo gisa kalifikatuta dagoen herrialde edo lurralde batean egoiliartutako entitate batetik badatoz edo lurralde edo herrialde horrekin ez bada hitzartu elkarlaguntzari buruzko inolako araudirik zerga arloko informazioa trukatzeko, betiere Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak ezarritako terminoetan.»

Zortzi.– Azken paragrafo bat gehitzen zaio 41.1 artikuluari, honela dioena:

«Nolanahi ere, ulertuko da ondarearen osaera beti aldatzen dela alderdietako batek bere partaidetza kuotari dagokiona baino balio handiagoan esleitzen badizkio bere buruari ondasunak edo eskubideak, izan besteari edo bestei konpentsazio bat emanez, izan inolako konpentsaziorik ordaindu gabe. Horrelakoetan, beharrezkoa izango da soberan jasotako ondasun edo eskubideen balioak eguneratzea.»

Bederatzi.– 41.2 artikuluaren a) letrako hirugarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, kapital murriztapenetan helburua ekarpenak itzultzea bada, banatu gabeko mozkinetatik egin gabe, kapital hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/659/EB Zuzentarauan, finantza tresnen merkatuari buruzkoan, araututako balore merkatuetako batean negoziatzeko onartuta ez dauden baloreei badagokie –sozietate edo entitateen funts propioetan parte hartzea adierazten duten baloreei–, eta prima banatu aurretik itxitako azken ekitaldian akzio edo partaidetza horien funts propioek duten balioaren eta haien eskurapen balioaren arteko diferentzia positiboa bada, lortutako zenbatekoa edo jasotako ondasun edo eskubideen merkatu balio normala kapital higigarriaren etekintzat hartuko da, diferentzia positibo horren mugarekin.»

Hamar.– 43. artikuluko g) eta h) letrak honela geratzen dira idatzita:

«g) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/65/EB Zuzentarauan, finantza tresnen merkatuei buruzkoan, definituta dauden bigarren mailako balore merkatu ofizialetako batean negoziatzeko onarturiko balore edo partaidetzak eskualdatzetik datozenak, baldin eta eskualdaketa horien aurreko edo ondorengo bi hilabeteetan zergadunak balore homogeneoak eskuratu baditu.»

«h) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/65/EB Zuzentarauan, finantza tresnen merkatuei buruzkoan, definituta dauden bigarren mailako balore merkatu ofizialetako batean negoziatzeko onartzen ez diren balore edo partaidetzak eskualdatzetik datozenak, baldin eta eskualdaketa horien aurreko edo ondorengo urtean zergadunak balore homogeneoak eskuratu baditu.»

Hamaika.– 47.1 artikuluko a) eta b) letren lehen paragrafoa eta d) letraren bigarren paragrafoko bigarren marratxoa honela geratzen dira idatzita:

«a) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/65/EB Zuzentarauan, finantza tresnen merkatuei buruzkoan, definituta dauden balore merkatu antolatuetako batean negoziatzeko onartutako baloreak, sozietate edo entitateen funts propioetan parte hartzea adierazten dutenak, kostu bidez eskualdatzeagatik, irabazia edo galera eskurapen balioaren eta eskualdaketa balioaren arteko aldea izango da. Eskualdaketa balio hori eskualdaketaren egunean balore horiek merkatuan duten kotizazioa izango da edo, hitzartutako prezioa, prezio hori kotizazioa baino handiagoa bada.»

«b) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/65/EB Zuzentarauan, finantza tresnen merkatuei buruzkoan, definituta dauden balore merkatu antolatuetako batean negoziatzeko onartu gabeko baloreak, sozietate edo entitateen funts propioetan parte hartzea adierazten dutenak, kostu bidez eskualdatzeagatik, irabazia edo galera eskurapen balioaren eta eskualdaketa balioaren arteko aldea izango da.»

«– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/65/EB Zuzentarauan, finantza tresnen merkatuari buruzkoan, definitutako bigarren mailako balore merkatu ofizialetako kotizazio balioa eta, bereziki, urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Balore Merkatuari buruzko Legearen testu bategineko 43. artikuluko 4. apartatuan aurreikusitakoarekin bat etorriz baimendutako baloreak negoziatzeko sistema antolatuetako kotizazio balioa, eskualdaketaren egunean.»

Hamabi.– IV. tituluko VI bis kapitulua honela geratzen da idatzita:

«VI BIS KAPITULUA.

LEKUALDATUTAKO LANGILEEN ARAUBIDE BEREZIA

56 bis artikulua.– Lekualdatutako langileen araubide berezia.

1.– Espainiako lurraldera etorri aurreko 5 urteetan Espainian bizi izan ez diren pertsona fisikoek lekualdatze horren ondorioz egoitza fiskala Gipuzkoan kokatzen badute, artikulu honetan aurreikusitako araubide bereziaren arabera tributatu ahal izango dute egoitza aldaketa egiten den zergaldian eta hurrengo hamar zergaldietan, baldin eta, erregelamenduz ezarriko diren modu eta baldintzetan, honetarako etortzen badira Espainiako lurraldera:

a) Kualifikazio bereziko lanak egiteko. Kasu honetan, baldintza hauek bete beharko dira:

a´) Lan horiek zerikusia izatea, zuzenean eta nagusiki, ikerketa eta garapen jarduerekin, jarduera zientifikoekin, antolaketa edo gerentzia jarduerekin, kontrol ekonomiko-finantzarioarekin, edo izaera tekniko, finantzario edo komertzialeko jarduerekin.

b´) Lekualdaketa hori lan kontratu baten ondorio izatea. Baldintza hori betetzat joko da Espainian enplegu-emailea den pertsona edo entitate batekin lan harreman bat, arrunta zein berezia, hasten denean, edo lekualdaketa enplegu-emaileak agintzen duenean eta lekualdaketa gutun bat dagoenean, baldin eta zergadunak ez baditu lortzen Espainian kokatutako establezimendu iraunkor bidez lortutzat joko liratekeen errentak.

c´) Lanak benetan Espainian egitea. Baldintza hori betetzat joko da, nahiz eta lanen zati bat atzerrian egin, baldin eta lan horiei dagozkien ordainsarien batura ez bada urte natural bakoitzean jasotako lan kontraprestazio guztien 100eko 15etik gorakoa, ordainsari horiek Espainiako lurraldean lortutako errentatzat hartu edo ez Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren Legearen Testu Bateginak 13. artikuluaren 1. apartatuko c) letran jasotakoaren arabera. Lan kontratuan ezarritakoagatik, zergadunak funtzio batzuk hartzen baditu bere gain taldeko beste enpresa batean Espainiako lurraldetik kanpo, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan jasotako terminoetan, aurreko muga 100eko 30ekoa izango da.

Atzerrian egindako lanengatik jasotako ordainsarien zenbatekoa frogatzerik ez dagoenean, langileak atzerrian eman duen egun kopurua hartuko da kontuan lan horiei dagokien ordainsaria kalkulatzeko.

d´) Lan horiek egitea egoitza Espainian duen enpresa edo entitate batentzat, edo Espainiako lurraldean egoitzarik ez duen entitate batek Espainian duen establezimendu iraunkor batentzat. Baldintza hori betetzat joko da zerbitzu horien onuradunak honako hauek direnean: egoitza Espainian duen enpresa edo entitate bat edo, bestela, lurralde espainiarrean egoiliarra ez den entitate batek bertan kokatua duen establezimendu iraunkorra. Lekualdaketa enpresa talde baten barruan gertatzen bada, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritako eran, eta ondorio horietarako bakarrik, beharrezkoa izango da langilea egoitza Espainian duen taldeko enpresak kontratatzea edo lurralde espainiarrera egin beharreko lekualdaketa enplegu-emaileak agintzea.

b) Sorrera berriko entitate berritzaileetan inbertitzeko. Kasu honetan, baldintza hauek bete beharko dira:

a´) Sorrera berriko entitate berritzaileak izan behar dute, hain zuzen ere, foru arau honen 89 ter artikuluko 1. aipatutakoak, eta artikulu horren 4. paragrafoan xedatutakoa bete.

b´) Inbertsio hori entitate berritzailea eratuz edo haren akzioak edo partaidetzak lehen mailako merkatuan eskuratuz egin behar da.

c´) Lekualdaketa egin eta hurrengo 2 urteetan gauzatu behar da inbertsioa.

d´) Lekualdatutako pertsonak inplikazio pertsonal bat izan behar du entitatearekin, lan harreman arrunt edo berezi baten bidez, edo kontseilari edo administratzaile bati berez dagokiona.

c) Arrisku kapitaleko sozietate edo funtsak eratzeko. Kasu honetan, baldintza hauek bete beharko dira:

a´) Lekualdaketa egin eta 2 urteko epean, lekualdatutako pertsonak arrisku kapitaleko sozietate edo funts bat eratu behar du, eta sozietate edo funts horri aplikagarri izan behar zaio Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren VI. tituluko IV. kapituluan jasotzen den araubide berezia.

b´) Lekualdatutako pertsonak langile edo goi zuzendaritzako kide izan behar du eratutako arrisku kapitaleko funtsa kudeatzen duen inbertsio entitate itxien sozietate kudeatzailean edo eratutako arrisku kapitaleko sozietatean bertan, sozietate horrek sozietate kudeatzaile gisa jarduten duenean.

Ondorio horietarako, goi zuzendaritzako kideak izango dira azaroaren 12ko 22/2014 Legearen 45.2 artikuluan aipatzen diren pertsonak (22/2014 Legea, arrisku kapitaleko entitateak, inbertsio kolektiboko bestelako entitate itxiak eta inbertsio kolektiboko entitate itxien entitate kudeatzaileak arautzen dituena, eta azaroaren 4ko 35/2003 Legea, inbertsio kolektiboko erakundeena, aldatzen duena).

c') Lekualdatutako pertsonak arrisku kapitaleko sozietatean edo funtsean egiten duen inbertsioak eskubide ekonomiko bereziak jasotzeko eskubidea eman behar dio, foru arau honen 34. artikuluko f) letran aipatzen diren terminoetan.

2.– Artikulu honetan ezarritako araubidea aukeratzen duten zergadunek foru arau honetan jasotakoari jarraituz kalkulatu behar dute zerga zorra, hurrengo berezitasunak kontuan hartuta.

a) Salbuetsita egongo da aurreko a.b´), b.d´) eta c.b´) letretan adierazitako harremanetatik ondorioztatzen diren lan etekinen 100eko 30.

b) Aurreko letran aipatzen den salbuespena behin aplikatuta, lan pertsonalaren etekin garbia kalkulatzeko, gastu kengarritzat joko dira, foru arau honen 22. artikuluan aurreikusitakoez gain, erregelamenduz ezartzen diren bestelakoak, betiere lanpostu hori betetzean lortutako etekin osoen 100eko 20ko mugarekin.

Gastu horiek aplikatzeko, ezinbestekoa izango da beti haiek agiri bidez justifikatzea.

Pertsona edo entitate enplegatzaileak kopuruak ordaintzen baditu b) letra honetan aipatzen diren gastu gehigarriei aurre egiteko, kopuru horiek ez dira gauza bidezko ordainketatzat hartuko, aipatutako lanpostua betetzean lortutako etekin osoen 100eko 20ko mugarekin.

c) Zergadunak atzerrian dituen ondare elementuetatik eratortzen diren errentak salbuetsita egongo dira baldin eta errenta horiei zerga honen berdina edo antzekoa den beste bat aplikatu bazaie atzerrian, eta herrialde edo lurralde hori ez badago hartuta paradisu fiskaltzat edo tributazio deusezekotzat martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian ezarritako eran.

Letra honetan aurreikusitako salbuespena aplikatzen duten zergadunek ezingo dute aplikatu foru arau honen 91. artikuluan errenta berdinetarako aurreikusten den kenkaria.

d) Aurreko c) letran xedatutakoa berdin aplikatuko zaie araubide berezi hau aukeratzen duen zergadunaren ezkontideari edo izatezko bikotekideari eta familia unitateko kideei, baldin eta, lekualdatzearen ondorioz, Gipuzkoan kokatzen badute zerga egoitza, eta lurralde espainiarrera etorri aurreko 5 urteetan Espainian bizi izan ez badira.»

Hamahiru.– 57.2 artikuluko b) letra honela geratzen da idatzita:

«b) Zergadunari leporatu ezin zaizkion zirkunstantzia justifikatuengatik gertatzen bada lanaren etekinak ez direla jasotzen exijigarriak ziren zergaldietan, beste batzuetan baizik, horiek kobratzen diren zergaldiari egotziko zaizkio, foru arau honen 19. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoa aplikatuta, hala badagokio.

Dena den, zergadunak beti aukeratu ahal izango du etekin horiek exijigarriak ziren zergaldiei egoztea, autolikidazio osagarri bat aurkeztuta, zehapenik, errekargurik eta berandutze interesik zertan ordaindu gabe. Autolikidazio osagarri hori aurkezteko epea etekinak jasotzen diren egunetik zerga honen hurrengo autolikidazioa egiteko epea amaitu arte joango da.»

Hamalau.– 63. artikuluko b) letra honela geratzen da idatzita:

«b) Foru arau honetako 34., 35. eta 36. artikuluetan aipatzen diren kapital higigarriaren etekinak. Hala ere, erregelamendu bidez ezartzen diren kasuetan izan ezik, 35. artikuluan aurreikusitako kapital higigarriaren etekinak –zergadunarekin lotuta dauden entitateetatik datozenean Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 42. artikuluan jasotako zentzuan–, eta foru arau honen 54. artikuluko hirugarren paragrafoan aipatzen direnak, errenta orokorraren parte izango dira.»

Hamabost.– 66. artikuluko 1. apartatuaren euskarazko bertsioa honela geratzen da idatzita:

«1.– Aurrezpenaren zerga oinarria saldo hauek batuta lortzen den saldo positiboa izango da:

a) Zergaldi bakoitzean, foru arau honetako 63. artikuluaren a) eta b) letretan aipatzen diren etekinak euren artean soil-soilik integratuz eta konpentsatuz lortutako saldo positiboa.

Apartatu honen a) letran aipatzen diren errentak integratu eta konpentsatu ondoren, emaitza saldo negatiboa bada, zenbateko hori a) letra honetan aipatzen diren etekinen saldo positiboarekin baino ezingo da konpentsatu, hain zuzen ere, ondorengo lau urteetan agerian jartzen direnekin.

b) Zergaldi bakoitzean, foru arau honetako 63. artikuluaren c) letran aipatzen diren zergaldi bereko ondasun irabaziak eta galerak euren artean soil-soilik integratuz eta konpentsatuz lortutako saldo positiboa.

b) letra honetan aipatzen diren errentak integratu eta konpentsatu ondoren, emaitzak saldo negatiboa ematen badu, zenbateko hori letra honetan aipatu eta hurrengo lau urteetan agerian jartzen diren irabazi eta galeren saldo positiboarekin baino ezingo da konpentsatu, salbu eta entitate berritzaileen akzioak edo partaidetzak kostu bidez eskualdatzeagatik sortutako ondare galerak badira, eta haien harpidetzak foru arau honen 89 ter artikuluko 1. apartatuan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko eskubidea eman badu (entitate berritzaileak eratzeagatik araututako kenkaria). Kasu horretan, epea hurrengo hamar urtekoa izango da, b) letra horretan aurreikusitako baldintzetan.»

Hamasei.– 87 bis artikulua gehitzen da, eta honela dio:

«87 bis artikulua.– Ohiko etxebizitzan eguzki energia elektrikoa hornitzeko inbertsioen kenkaria.

1.– Zergadunek zergaldian ordaindutako kopuruen 100eko 15eko kenkaria aplikatu ahal izango dute, kopuru horiek elementu hauek eskuratzeko erabili direnean:

a) Teknologia Garbien EAEko Zerrendari buruz Eusko Jaurlaritzako dagokion sailak onartutako Aginduan definitzen diren ekipo osoak, betiere eguzki energia elektriko fotovoltaikoa ekoizteko moduko ekipoak badira.

b) Entitateen funts propioetan bazkide, akziodun, elkartekide, partaide edo antzeko eran parte hartzea dakarten akzioak, partaidetzak edo beste edozein eratako tresnak, baldin eta entitate horien xede soziala, nagusiki, energia iturrien aprobetxamendu eraginkorragoa bilatzen duten proiektuak egitea bada aurreko a) letran aipatutako inbertsioak direla medio.

Bi unetan harpidetu beharko dira b) letra honetan aurreikusitako tresnak: entitatea eratzeko unean, edo, bestela, eraketa horren ondorengo bost urteetan egindako kapital zabalkuntza batean.

2.– Kenkariaren oinarria honako hau izango da:

a) Aurreko 1. apartatuko a) letran aurreikusitako kasuan, egindako inbertsioen zenbatekoa.

b) Aurreko 1. apartatuko b) letran aurreikusitako kasuan, aipatutako entitateen funts propioetan parte hartzea dakarten tresnen eskurapen kostua.

Aurreko a) eta b) letretan xedatutakoaren arabera kalkulatutako kenkariaren oinarritik murriztu egingo da, hala badagokio, zergadunak elementu horiek eskuratzeko jaso dituen dirulaguntzen zenbatekoa.

Energiaren kontsumoak eragindako gastuak ez dira inola ere kengarriak izango.

3.– Aurreko 1. apartatuan aipatutako kontzeptuengatik zergadun bakoitzak hurrengo zergaldietan zehar kendutako zenbatekoen batura ezingo da izan 3.000 eurotik gorakoa.

4.– Kuota osoa nahikoa ez izateagatik kentzen ez diren zenbatekoak hurrengo lau zergaldietan aplikatu ahal izango dira, betiere aurreko 3. apartatuan aurreikusitako mugak errespetatuz.

5.– Artikulu honetan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira, gutxienez bost urteko epean:

a) 1. apartatuan aipatutako elementuetatik lortzen den energia zergadunaren ohiko etxebizitza energiaz hornitzeko erabili beharko da.

b) Aurreko 1. apartatuan jasotako elementuek kenkarirako eskubidea sortu badute, zergadunaren ondarean mantendu beharko dira.

c) 1. apartatuko b) letran aurreikusitako kasuan, zergadunak apartatu honetan adierazitako epean eduki dezakeen partaidetza, zuzenekoa zein zeharkakoa, ezingo da izan entitatearen kapital sozialaren edo haren boto eskubideen 100eko 10a baino handiagoa. Zergaduna familia unitate batean integratuta badago, muga hori aplikatzeari dagokionez, unitateko kide guztien partaidetzak hartuko dira kontuan.

Apartatu honetan aurreikusitako bost urteko epea kontatzen hasiko da a) letran definitutako ekipo osoak abian jartzen diren egunetik edo 1. apartatuko b) letran aurreikusitako tresnak eskuratzen direnetik, dagokionaren arabera.

6.– Aurreko apartatuan aipatutako baldintzak ez betetzeak bidegabeki kendutako zenbatekoak ordaindu beharra ekarriko du berekin, berandutze interesak barne, heriotza kasuan izan ezik. Ordaindu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, kendutako kopurua gehitu beharko zaio ez-betetzea gertatu den zergaldiko kuota diferentzialari. Hala ere, zergadunak aukeran izango du ordainketa hori lehenago egitea.

Aurreko apartatuan ezarri den bost urteko epea amaitu baino lehen a) eta b) letretan aurreikusitako baldintzetako bat bete gabe geratuz gero, aurreko paragrafoan aurreikusitako erregularizazioa ez da egingo, baldin eta, ez-betetzea egin aurreko edo egin ondorengo bi urteko epean, bi baldintza hauek betetzen badira: zergadunak gutxienez aurreko inbertsioaren –ez-betetzea izan duen inbertsioaren– pareko zenbateko bat inbertitzea berriro 1. apartatu horretan aipatzen diren elementuetan, eta inbertsio horiek aurreko apartatu horretan aurreikusitako epea osatzea, artikulu honetan jasotzen diren beharkizun eta baldintzekin.

Ondorio horietarako, ulertuko da ez-betetzea gertatzen dela zergadunarentzat ohiko etxebizitzak izaera hori galtzen duenean, hornidura amaitzen denean edo elementuak eskualdatzen direnean.

Inbertsio berriak ez du artikulu honetan aurreikusitako kenkarirako eskubiderik emango, salbu eta, hala badagokio, lehendik egindako inbertsioagatik kendu ez den zatian.»

Hamazazpi.– 89. artikuluaren 5. apartatuko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«5.– 4. apartatuaren b), c), d) eta e) letretan aurreikusitako baldintzak edo 1. apartatuko c) letran aktiboaren osaerari buruz aipatzen den portzentajea bost urteko epearen edozein egunetan ez betetzeak, kendutako kopuruak ordaindu beharra ekarriko du berekin, berandutze interesak barne. Ordaindu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, kendutako kopurua gehitu beharko zaio ez-betetzea gertatu den zergaldiko kuota diferentzialari. Dena den, zergadunak beti izango du aukeran kendutako kopuruak eta dagozkien berandutze interesak lehenago ordaintzea.»

Hemezortzi.– 89 bis artikuluaren 2. apartatuko a) letra aldatzen da, eta d) letra gehitzen zaio apartatu horri, jarraian zehazten eran:

«a) Sozietate anonimoa, erantzukizun mugatuko sozietatea, lan sozietate anonimoa edo erantzukizun mugatuko lan sozietatea izatea, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuan eta Lan sozietateei eta partaidetutako sozietateei buruzko urriaren 14ko 44/2015 Legean ezarritako baldintzetan.»

«d) Akzioak edo partaidetzak harpidetzeko unean ez egotea bigarren mailako merkatu antolatuetan negoziatzeko onartuta, eta akzioak edo partaidetzak edukitzen diren bitartean ere ez egotea bigarren mailako merkatu ofizial batean negoziatzeko onartuta.»

Hemeretzi.– 89 ter artikuluaren 4. apartatuko d) letra eta azken paragrafoa honela geratzen dira idatzita:

«d) Akzioak edo partaidetzak harpidetzeko unean ez egotea bigarren mailako merkatu antolatuetan negoziatzeko onartuta, eta akzioak edo partaidetzak edukitzen diren bitartean ere ez egotea bigarren mailako merkatu ofizial batean negoziatzeko onartuta.»

«Apartatu honetan ezarritako baldintzak hurrengo 5. apartatuko d) letran aipatzen den gutxieneko edukitze-aldian bete beharko dira, b), c) eta d) letretan jasotakoak izan ezik, horiek letra horietan ezarritakoaren arabera arautuko baitira.»

Hogei.– 89 quater artikuluaren 2. apartatuko azken paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Baldintza horiek, a), c) eta e) letretakoak izan ezik, entitatea eratu eta gutxienez hurrengo bost urteetan bete beharko dira. Entitate eratu eta lehen sei hilabeteetan ez da exijituko g) letran arautako baldintza betetzea.»

Hogeita bat.– 96. artikuluko 4. apartatua honela geratzen da idatzita:

«4.– Zergadunek ez badute dagokien autolikidazioa aurkeztu horretara behartuta egon arren, banaka tributatzen dutela joko da.»

Hogeita bi.– 102.3 artikuluko a) letra honela geratzen da idatzita:

«a) Euskal Kultur Ondareko ondasunak, baldin eta babes ertain edo bereziko kultura ondasunak badira Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitakoaren arabera.»

Hogeita hiru.– 104.1 artikuluko c) letra aldatzen da, eta i) letra gehitzen da, jarraian zehazten den eran:

«c) Langile lekualdatuen araubide berezia, 56 bis artikuluan arautua.»

«i) Lanaren etekinak exiigarriak ziren zergaldiari egozteko aukera, 57.2 artikuluko b) letran arautua.»

Hogeita lau.– Hogeigarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatua honela geratzen da idatzita:

«Bi.– Karga bereziaren aplikaziotik ondorioztatzen den zenbatekoa ez da integratuko foru arau honen 66. artikuluan aipatzen den aurrezpenaren zerga oinarrian, eta kuota osoari gehituko zaio, foru arau bereko 74. artikuluan ezarritakoaren arabera.»

Hogeita bost.– Hogeita zortzigarren xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:

«Hogeita zortzigarrena.– Euskadiko Kooperatiben Legean aurreikusita dauden mendeko ekarpen finantzarioen ondorioz pertsona fisikoek lortutako etekinei aplikatu beharreko zerga araubidea.

1.– 2015eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 57. artikuluko 5. apartatuan edo, hala badagokio, Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 60. artikuluko 6. apartatuan aipatzen diren mendeko ekarpen finantzarioetatik eratorritako errentak, kapital propioak hirugarrenei lagatzeagatik lortutako etekintzat hartuko dira, foru arau honen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2.– Aplikatuko den zerga tratamendua honako hau izango da, ondoren aipatzen diren egoerak zein egunetan gertatzen diren edo gertatu diren alde batera utzita:

a) Balore horiek eskualdatu, itzuli, amortizatu, trukatu edo bihurtzeko eragiketen kasuan, lortutako etekinak aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera kalifikatuko dira.

Entitate merkaturatzaileekin adostutako akordio estrajudizialen ondorioz egiten diren transakzioek ere tratamendu bera izango dute, dagozkien ordainketei konturako atxikipena aplikatu edo ez.

b) Tituluen harpidetza deusez deklaratzen duten epaiak ematen direnean, titularrak ondare irabazi edo galera bat izan duela joko da, eta bata edo bestea epaia irmo bihurtzen den ekitaldiari egotzi beharko zaio. Irabazi edo galera hori diferentzia honen emaitza garbia izango da: titularraren alde aitortutako berandutze interesak ken hark ordaindu behar dituen kopuruak gehi dagozkien berandutze interesak. Horrek ez du zertan ekarriko autolikidazioak zuzentzea.

c) Tituluak jaulki dituzten kooperatibak konkurtso egoeran deklaratu badira eta titulu horiek kreditu konkurtsal bihurtzen badira, zergadunek bi aukera izango dituzte: batetik, kreditu horrek eragindako ondare aldaketa errenta orokorrean sartzea, foru arau honen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta, bestetik, xedapen gehigarri honetako 1. apartatuan ezarritako kalifikazioa aplikatzea.

3.– Xedapen gehigarri honetan xedatutakoak ez du aldatuko mendeko ekarpen finantzarioen zerga tratamendua kooperatiba jaulkitzaileei dagokienez. Izan ere, kooperatiba horiei Kooperatiben zerga erregimenari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauaren 16.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie beti.»

Hogeita sei.– Hogeita bederatzigarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«1.– Foru arau honen 66. artikuluko 1. apartatuan ezarritakoa gorabehera, apartatu horretako a) eta b) letretan aipatzen diren saldo negatiboetan zatiren bat baldin badagokie Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 60.6 artikuluan aipatzen diren mendeko ekarpen finantzarioetatik datozen ondare galerei edo kapital higigarriaren etekin negatiboei, zati hori letra horietan aipatzen den saldo positiboarekin konpentsatu ahal izango da –letra batekoarekin zein bestekoarekin–, betiere foru arau honen 66.1 artikuluan aurreikusita dagoen lau urteko epea igaro ez bada. Konpentsazioa egiteko, ez da kontuan hartuko galerak edo etekin negatiboak noiz gertatzen diren edo gertatu diren.»

Hogeita zazpi.– Hogeita hamaseigarren xedapen gehigarriaren 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– 2020ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean, jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunek zilegi izango dute aplikatzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak hogeita bigarren xedapen gehigarrian ezartzen duen kenkaria, bertan ezarrita dauden baldintzen eta eskakizunen arabera, eta xedapen gehigarri honetan jasotako berezitasunak kontuan hartuta.»

Hogeita zortzi.– Lehen xedapen iragankorraren lehen apartatuko 1. erregelaren c) letra honela geratzen da idatzita:

«c) Eskualdatutako ondare elementuak baldin badira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/65/EB Zuzentarauan, finantza tresnen merkatuei buruzkoan, definituta dauden bigarren mailako balore merkatu ofizialetako batean negoziatzeko onartutako akzioak, sozietate edo entitateen funts propioetan parte hartzea adierazten dutenak, kanpoan utzita ondasun higigarri eta higiezinetan inbertitzeko sozietateen kapitalaren akzioak, murriztapena 100eko 25ekoa izango da aurreko a) letran adierazitako iraupen aldiko urte kopurua bi baino handiagoa den urte bakoitzeko.»

2. artikulua.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarena, aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:

Lehenengoa.– 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioekin, 77. artikuluari 9. apartatua gehitzen zaio, eta honela dio:

«9.– Akzio bihur daitezkeen obligazioak bihurtzen dituzten arrisku kapitaleko entitateek ez dute zerga oinarrian integratuko bihurketa horretan agerian jartzen den errenta.

Eragiketa horren ondorioz arrisku kapitaleko entitateak harpidetutako akzio berriek jatorrizko obligazio bihurgarrien eskurapen balioa eta data gordeko dituzte.»

Bigarrena.– 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira:

Bat.– 14.2 artikuluko c) letraren lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«c) Era berean, ondasun higiezinak ez dira hartuko jarduera ekonomikoei atxikitako ondasuntzat, haien gaineko eskubide errealak laga edo eratu direnean, barruan sartuta haien errentamendua, azpierrentamendua edo erabilera nahiz gozamen eskubide edo ahalmenen eraketa edo lagapena, edozein izanda ere duten izena edo izaera, ezta aktibo korrontetzat jotzen direnak ere, salbu eta zirkunstantzia hauetako edozein gertatzen bada:

– Ondasun horien gaineko eskubide errealak lagatzeko edo eratzeko eragiketa horiek foru arau honen 42. artikuluan aipatzen diren pertsona edo entitate lotuen alde egitea edo Merkataritza Kodearen 42. artikuluan xedatutakoari jarraituz osatutako talde bateko entitateen artean gauzatzea.

– Higiezinen errentamendu, salerosketa, eraikuntza edo sustapen jarduera ekonomiko bati atxikita egotea, entitatearen urteko batez besteko plantilla gutxienez besteren konturako bost langilekoa izan dadin lanaldi osoan eta dedikazio osoarekin. Ondorio hauetarako, foru arau honen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera zergadunari lotutzat hartzen diren langileak konputatu gabe utziko dira.»

Bi.– 23. artikuluaren 1. apartatuko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«1.– Bigarren mailako merkatu antolatu batean kotizatzen ez duten entitateen kapitalean parte hartzea adierazten duten baloreek, edo, entitate horiek kotizatuta, taldeko entitateen, talde anitzekoen edo entitate elkartuen kapitala adierazten dutenek (merkataritza arloko legerian definituta dauden terminoetan) balio narriadura badute eta bidezko kenkaria aplikatzea badagokie, kenkari horrek ezingo du gainditu funts propioek ekitaldiaren hasieran eta amaieran duten balioaren arteko diferentzia, beren partaidetzaren proportzioan, ekitaldian egindako ekarpenak edo ekarpen itzulketak kontuan hartuta.»

Hiru.– 24. artikuluaren 4. apartatuko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«4.– Bigarren mailako merkatu antolatu batean eskuratu ez diren partaidetzak direnean, artikulu honetan xedatutakoa aplikatuko da baldin eta partaidetza eskuratu duen entitatea ez badago, eskualdatzaileari dagokionez, Merkataritza Kontseiluaren 42. artikuluan aurreikusitako kasuetan.»

Lau.– 31. artikuluaren 1. apartatuko j) letrari edukia ematen zaio jarraian azaltzen den eran:

«j) Finantzaketa kontratuetatik eratorritakoak, baldin eta haiei lotutako ordainsaria diruzko zati batek eta gauzazko beste batek osatzen badute, azken kasu horretan entitate finantzatuaren akzioak edo partaidetzak erosteko eskubide gisa, foru arau honen 77. artikuluko 10. apartatuan aurreikusitako moduan eta baldintzetan.»

Bost.– 40. artikuluko 4. apartatua honela geratzen da idatzita:

«4.– Kapital murriztapena ekarpenak itzuliz egiten denean, bazkideen zerga oinarrian integratuko da jasotako elementuen merkatuko balio normalak partaidetzaren balio fiskalarekiko duen soberakina.

Arau bera aplikatuko da akzio edo partaidetzen jaulkipen prima banatzen denean.»

Sei.– 43.5 artikuluaren g) letrako 3. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«3.a Eragiketaren xedea honako hauek eskualdatzea denean: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/65/EB Zuzentarauan, finantza tresnen merkatuari buruzkoan, araututako balore merkatuetako batean negoziatzeko onartuta ez dauden negozioak, baloreak edo partaidetzak, edozein motatako entitateetako funts propioetan parte hartzea adierazten dutenean.»

Zazpi.– 43.10 artikuluko b) letra eta azken hirugarren paragrafoa honela geratzen dira idatzita:

«b) Entitate ez-egoiliar horren zerga egoitzako herrialde edo lurraldearekin nazioarteko akordio bat egonik ere Kontseiluaren 2016ko maiatzaren 25eko 2016/881/EB Zuzentarauaren zentzuan –zuzentarau horrek 2011/16/EB Zuzentaraua aldatzen du fiskalitate alorrean informazioa automatikoki trukatzeko derrigortasunari dagokionez–, informazio horri dagokionez ez egotea agintaritza eskudunen artean informazioa automatikoki trukatzeko akordiorik aipatutako herrialde edo lurraldearekin.»

«Orobat, apartatu honetako bigarren paragrafoan aurreikusitako kasuaren barruan, informazioa herrialdez herrialde aurkezteko obligazioa duen Espainiako entitate egoiliarrak edo bertan kokatutako establezimendu iraunkorrak taldeari buruzko informazioa eskatu beharko dio entitate ez-egoiliarrari. Entitate ez-egoiliarrak uko egiten badio informazio hori osorik edo partez emateari, Espainiako lurraldean egoiliar den entitateak edo bertan kokatutako establezimendu iraunkorrak eskuan duten informazioa aurkeztu beharko dute, eta Zerga Administrazioari uko horren berri eman beharko diote.»

Zortzi.– 51. artikuluko 1. eta 5. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«1.– Zergadunek zerga oinarritik kendu ahal izango dute zerga ondorioetarako ondare garbiak aurreko ekitaldikoaren aldean izandako gehikuntzaren 100eko 15. Kenkaria aplikatzen bada, gehikuntza horren pareko zenbateko bat erabili beharko dute erreserba bat hornitzeko, eta erreserba hori erabiltezina izango da gutxienez bost urte igaro arte kenkaria aplikatu duten zergaldia amaitzen denetik zenbatuta, kapitalera eraman den gehikuntzaren zatian izan ezik.

Bost urteko epe horretan, ezinbestekoa da entitatearen zerga ondorioetarako ondare garbiaren zenbatekoa konstante mantentzea edo gora egitea, kontabilitateko galeren ondorioz jaitsiera bat gertatzen denean izan ezik.

Sorrera berriko entitateen kasuan, lehenengo ekitaldian, aurreko ekitaldiko zerga ondorioetarako ondare garbitzat honako hau hartuko da: entitatea eratu zenetik igaro den denboran zerga ondorioetarako ondare garbiak izandako batez besteko zenbatekoa.

Zerga ondorioetarako ondare garbiaren gehikuntza lege edo estatutuetan agindutako erreserbetarako zuzkiduratik ondorioztatzen bada, gehikuntza horrek ez du eskubiderik emango artikulu honetan xedatutakoa aplikatzeko.»

«5.– Foru arau honetako 13. artikuluan aipatzen diren mikroenpresek eta enpresa txikiek 5 puntu gehitu ahal izango dute artikulu honetako 1. apartatuan ezarritako portzentajea, eta haiek ere artikulu honetako aurreko apartatuetan ezarritako baldintza eta beharkizunen mende egongo dira.

Foru arau honen 32. artikuluko 4. apartatuan ezarritakora biltzen diren mikroenpresek ezingo dute aplikatu artikulu honetan xedatutakoa.»

Bederatzi.– 52. artikuluko 1. eta 2. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«1.– Zergadunek mozkinak nibelatzeko erreserba berezi bat zuzkitzera bideratzen duten kontabilitate emaitza positiboaren zenbatekoa murriztu dezakete beren zerga oinarritik, betiere muga hau gainditu gabe: merkataritza legeriaren eta estatutuetako aurreikuspenen arabera emaitzatik libreki balia dezaketen zatiaren 100eko 10.

Artikulu honetan xedatutakoa aplikatuz zerga oinarrian egiten den murriztapenak ezingo du gainditu zergaldiko zerga oinarriaren zenbatekoaren 100eko 15. Zerga oinarri hori kapitulu honetan aurreikusitako zuzenketak eta 55. artikuluan aipatzen diren konpentsazioak aplikatu aurrekoa izango da.

Halaber, mozkinak nibelatzeko erreserba bereziaren saldoak ezingo du inoiz gainditu zergadunaren zerga ondorioetarako ondare garbiaren 100eko 25, ondare garbitzat hartuta foru arau honetako 47. artikuluko 2. apartatuan hala definitutakoa.

2.– Artikulu honetan xedatutakoaren arabera kendutako zenbatekoek zerga oinarria handituko dute, baldin eta mozkinak nibelatzeko erreserba bereziaren zuzkidura egiteko erabili den kontabilitate emaitza positiboari dagokion zergaldiko azken egunaren hurrengo hamar urteetan amaitzen diren zergaldietakoren batean zergadunak zerga oinarri negatiboa aurkezten badu, zerga oinarri negatibo horren zenbatekoraino.

Apartatu honetan ezarritako epea amaitzen bada zergadunak zerga oinarri negatiborik aurkeztu gabe, edo aurkeztutakoen zenbatekoa ez bada nahikoa artikulu honetan xedatutakoaren babesean kendutako zenbateko osoak aplikatzeko, gainerako zenbatekoa epe hori betetzen den zergaldiko zerga oinarriari gehituko zaio, eta zuzenketa positibo gehigarri bat egingo da, zenbateko horren 100eko 30ekoa, hain zuzen.»

Hamar.– 59. artikuluko 3. apartatuko lehenengo paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«3.– Zerga oinarri positiboak lortzen dituzten zergadunen kuota efektiboa kalkulatzeko kuota likidoaren gainean aplikatzen diren kenkariek, salbu eta foru arau honen 62tik 64ra bitarteko artikuluetan eta 65. artikuluan jasotakoak, ezingo dute berekin ekarri kuota efektiboa, oro har, zerga oinarriaren zenbatekoaren 100eko 17 baino txikiagoa izatea. Foru arau honen 56.1 artikuluko c) letran aipatzen diren entitateen kasuan, portzentaje hori 100eko 13koa izango da.»

Hamaika.– 62. artikuluaren 2. apartatuko d) letra honela geratzen da idatzita:

«d) Software aurreratua asmatu, sortu, konbinatu eta konfiguratzea, teorema eta algoritmo berrien bitartez edo produktu, prozesu edo zerbitzu berri eta hobeak gauzatzera xedaturiko sistema eragile, hizkuntza, interfaze eta aplikazioen bidez, betiere aurrerapen zientifiko edo teknologiko esanguratsua badakar eta haren xedea informatikaren eta zientzia konputazionalen arloan ziurgabetasun zientifiko edo tekniko bat argitzea bada.

Kontzeptu horrekin parekatzen da desgaitasuna duten pertsonei informazioaren gizarteko zerbitzuak helaraztera bideratutako softwarearen kontzeptua, irabazi-asmorik gabe egiten denean.

Jakintzaren aurrerapena eta ekarpena zientziaren eta teknologiaren beste arlo batzuetan gertatzen bada, "softwarea" oinarrizko ikerketako, ikerketa aplikatuko edo garapen esperimentaleko jardueren parte izan ahal izango da, artikulu honetan zehaztutako terminoetan.

d) letra honetan aurreikusitako kontzeptutik kanpo geratzen dira:

– Softwarearen erabilera berriak, aurrerapen zientifiko edo teknologiko esanguratsurik ez dagoenean eta jakintzari ekarpenik egiten ez zaionean.

– Softwarea mantentzearekin edo eguneratzearekin zerikusia duten ohiko jarduera arruntak.»

Hamabi.– 63. artikuluaren 2. apartatuko lehenengo paragrafoa ezabatu egiten da, eta haren ordez bi paragrafo berri gehitzen dira. Horrez gain, artikulu horren 3. apartatuko b), c) eta d) letrak aldatzen dira, hori guztia jarraian zehazten den eran:

«2.– Berrikuntza teknologikoa da ondasun edo zerbitzu berriak edo hobetuak merkaturatzea ahalbidetzen duen aurrerapen teknologikoa, edo enpresaren lehiakortasuna hobetze aldera negozio prozesu berriak edo hobetuak ezartzera bideratutakoa.

Ondorio horietarako, ondasun, zerbitzu edo negozio prozesuak berriak edo hobetuak izango dira haien ezaugarriak edo aplikazioak, teknologiaren ikuspegitik, nabarmen desberdinak direnean lehendik zeudenen aldean, dela teknologia berriak erabili direlako, dela existitzen diren teknologikoek erabilera edo konbinazio berriak izan dituztelako, erregelamenduz ezartzen diren terminoetan.»

«b) Software ingeniaritza, industria diseinua, eta produktu edo negozio prozesu berrien ingeniaritza eta diseinua. Horien barruan sartuko da produktu edo prozesu bat fabrikatu, probatu, instalatu eta erabiltzeko behar diren elementu deskriptibo, zehaztapen tekniko eta funtzionamendu ezaugarriak definitzea helburu duten plano, marrazki eta euskarriak asmatu eta prestatzea, baita ehungintzako erakusgaiak egitea ere.

c) Teknologia aurreratua eskuratzea, patente, baimen, know-how eta diseinu moduan. Apartatu honetan sartuko dira patente eta diseinu industrialen eskaerengatik sortzen diren gastuak.

Zergadunarekin lotutako pertsona edo entitateei ordaindutako kopuruek ez dute kenkarirako eskubiderik emango.

Kontzeptu honi dagokion oinarria ezingo da izan milioi bat euro baino handiagoa.

d) Berrikuntzaren kudeaketarekin lotuta dauden ISO 56002, UNE 166000 arauak edo haren gisakoak betetzeari buruzko ziurtagiria lortzea, arau horiek ezartzeko gastuak sartu gabe.»

Hamahiru.– 64. artikuluari 2. apartatu bat gehitzen zaio, jarraian azaltzen den edukiarekin, eta orain arteko 2. apartatua 3. apartatu bihurtzen da.

«2.– Aurreko 62. eta 63. artikuluetan aipatzen diren kenkarien oinarrian ez dira sartuko gastu hauei dagozkien zenbatekoak, besteak beste:

a) Bidaia, dieta, egonaldi eta joan-etorri gastuak.

b) Prestakuntza gastuak.

c) Proiektuen dokumentazio gastuak.

d) Proiektuaren kudeaketa eta ziurtapenarekin lotutako aholkularitza eta ziurtapen gastuak.

e) Administrazio gastuak eta bulegoko materialak sortutakoak.

f) Proiektuari jasanarazitako enpresa gastu orokorrak, eta, oro har, ikerketa eta garapen jarduerekin edo berrikuntza arlokoekin zuzenean lotuta ez daudenak, baldin eta jarduera horiek egiteko aplikatzen badira.»

Hamalau.– 66. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Zergaldian zehar kontratatzen den pertsona bakoitzeko, hurrengo paragrafoan ezarritako kopurua kendu ahal izango da kuota likidotik, betiere pertsona horrek lan kontratu mugagabea badu, eta haren soldata kontratazioaren unean indarrean dagoen lanbidearteko gutxieneko soldata baino 100eko 70 handiagoa bada.

Aurreko paragrafoan esandako kenkaria 7.000 eurokoa izango da kontratatutako pertsona bakoitzeko.

Kontratatzen den pertsona lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten taldeetakoa bada erregelamenduz ezartzen diren terminoetan, kopuru kengarria gorago adierazitakoari jarraituz kendu daitekeenaren bikoitza izango da.

Lanaldi partzialeko kontratua duten langileen kasuan, kenkariaren muga langileak lanaldi osoarekiko egiten duen lanaldiaren proportzioan joango da.»

Hamabost.– 67. artikuluko 1. eta 7. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«1.– Kapitulu honetan aurreikusitako kenkarien batura ezingo da izan, batera hartuta, kuota likidoaren 100eko 35 baino handiagoa, kenkari hauek aparte utzita:

a) 62. artikulutik 64.era bitartean jasotakoak, zeinen muga kuota likidoaren 100eko 70 izango baita.

b) 65. artikuluan jasotakoak, zeinen muga kuota likidoaren 100eko 50 izango baita.

Muga desberdinen eraginpean dauden kenkariak aldi berean gertatzen badira, 100eko 70eko muga aplikatuko zaio 100eko 35eko muga bateratua aplikatu ondoren ateratzen den kuota likidoaren soberakinari; aldiz, 100eko 50eko muga 100eko 35eko eta 100eko 70eko kenkari mugak aplikatu ondoren ateratzen den kuota likidoaren soberakinari aplikatuko zaio.»

«7.– Kuota likidoaren kenkariak aplikatzerakoan, hurrenkera honi jarraitu beharko zaio:

a) Aurrenik, aurreko ekitaldietan sortu diren eta artikulu honen 1. apartatuan ezarritako 100eko 35eko muga aplikagarri duten kenkariak aplikatuko dira.

b) Bigarrenik, artikulu honen 1. apartatuan ezarritako 100eko 35eko muga aplikatu behar zaien ekitaldiko kenkariak aplikatuko dira.

c) Hirugarrenik, aurreko ekitaldietan sortu diren eta artikulu honen 1. apartatuan ezarritako 100eko 70eko muga aplikagarri duten kenkariak aplikatuko dira.

d) Laugarrenik, artikulu honen 1. apartatuan ezarritako 100eko 70eko muga aplikatu behar zaien ekitaldiko kenkariak aplikatuko dira.

e) Bosgarrenik, aurreko ekitaldietan sortu diren eta artikulu honen 1. apartatuan ezarritako 100eko 50eko muga aplikagarri duten kenkariak aplikatuko dira.

f) Azkenik, artikulu honen 1. apartatuan ezarritako 100eko 50eko muga aplikatu behar zaien ekitaldiko kenkariak aplikatuko dira.»

Hamasei.– 77. artikuluaren 1. apartatuko lehen paragrafoa aldatzen da, eta beste apartatu bat gehitzen zaio artikuluari, 10.a, jarraian zehazten den eran:

«1.– Arrisku kapitaleko entitateek, zeinak araututa baitaude azaroaren 12ko 22/2014 Legean (arrisku kapitaleko entitateak, inbertsio kolektiboko bestelako entitate itxiak eta inbertsio kolektiboko entitate itxien entitate kudeatzaileak arautu eta Inbertsio kolektiboko entitateen azaroaren 4ko 35/2003 Legea aldatzen du lege horrek), foru arau honen 34. artikuluko 1. apartatuan ezarritako araubidea aplikatu ahal izango diete lege horren 3. artikuluetan adierazten diren arrisku kapitaleko enpresa edo entitateen kapitalean edo funts propioetan parte hartzearen balore adierazgarriak eskualdatzeagatik lortzen dituzten errentei, foru arau honen 33.1 artikuluko a) eta c) letretan jasotakoa bete edo ez, baldin eta partaidetza eskuratu denetik hamabost urte igaro ez badira.»

«10.– Arrisku kapitaleko entitateen zerga oinarrian ez dira integratuko finantza kontratuetatik datozen errentak, baldin eta kontratu horien ordainsaria diruzko zati batek eta gauzazko beste batek osatzen badute, azken kasu horretan entitate finantzatuaren akzioak edo partaidetzak erosteko eskubide gisa, betiere baldintza eta beharkizun hauek betetzen badira:

a) Kontratu horien bidez finantzaketa jasotzen duten entitateek, kontratua formalizatzeko unean, mikroenpresatzat, enpresa txikitzat edo enpresa ertaintzat hartuta egon behar dute, foru arau honen 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Akzioak edo partaidetzak erosteko eskubidea baliatzeak ezin izango du berekin ekarri entitate mailegu hartzailearen kapital sozialetik eskuratzen den partaidetza 100eko 25ekoa edo handiagoa izatea.

c) Finantzaketa kontratua indarrean dagoen bitartean, haren alderdiak ezin dira lotuta egon foru arau honen 42. artikuluko 3. apartatuan ezarritako terminoetan.

d) Finantzaketa kontratuan, alderdi guztiek aukeratu beharko dute apartatu honetan eta foru arau honen 31.1.j) artikuluan aurreikusitako tratamendua aplikatzea, edo, hala badagokio, espresuki uko egin beharko diote tratamendu horretatik ondorioztatutako gastu fiskalaren aplikazioari. Aukera edo uko hori Ogasun eta Finantza Departamentuari komunikatu beharko zaio ondorioak izan behar dituen lehen zergaldia amaitu baino lehen.

Finantzaketa kontratu batean apartatu hau aplikatzeko baldintzak eta beharkizunak betetzen ez badira, honela jokatuko da:

– Ez-betetzearen zergaldian eta hortik aurrera, ez da aplikatuko apartatu honetan eta foru arau honen 31.1.j) artikuluan kontratu horretarako aurreikusitako tratamendu fiskala.

– Ez-betetzearen zergaldian, zerga oinarrian sartu beharko dira finantzaketa kontratua indarrean egon den bitartean sartu ez diren kopuruak, eta haien zenbatekoaren 100eko 100 gehitu beharko zaie.

Apartatu honetan xedatutakoa aplikatzen duten entitateek komunikazio bat igorri beharko diote urtero Zerga Administrazioari, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan.»

Hamazazpi.– 89. artikuluko 5. eta 6. apartatuak aldatzen dira, eta 9. apartatua gehitzen zaio, ondoren zehazten den eran:

«5.– Emaitzaren aplikazioan egin beharreko zuzenketa, foru arau honen 51. artikuluan arautua, egin duten entitateek talde fiskalean sartu baino lehen egin badute zuzenketa hori, eta entitate horiek, taldearen parte diren zergaldietan, 51. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoarekin bat, beren zerga oinarria gehitu behar badute, kopuru horiek guztiek talde fiskalaren zerga oinarria handituko dute.

Halaber, entitate batzuek talde fiskal batean integratu aurretik zuzkitu badute foru arau honetako 51. artikuluan emaitzen aplikazioa dela-eta aurreikusten den zuzenketari dagokion erreserba eta, gainera, zerga oinarri nahikorik ez izateagatik kendu ez diren zenbatekoak badituzte 51. artikuluko 4. apartatuan ezarritako baldintzetan, bada, orduan, talde fiskalak zerga oinarritik murriztu ahal izango ditu zenbateko horiek, entitateak zergaldian lortzen duen zerga oinarri positibo indibidualaren mugarekin, betiere entitate horri dagozkion ezabapenak eta txertaketak kontuan hartuta, foru arau honetako 90. eta 91. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

6.– Talde fiskal batean sartzen diren entitateek kopuruak bideratu badituzte foru arau honen 52. artikuluan araututako erreserbarako –mozkinak nibelatzeko erreserba berezirako–, eta kopuru horiek ez badute oraindik gehitu entitatearen zerga oinarria, taldearen zerga oinarria gehituko dute 52. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako zirkunstantziak gertatzen direnean, emaitzaren aplikazioan zuzenketa egin duen entitatearen banakako zerga oinarriaren zenbatekoari erreparatuta, betiere entitate horri dagozkion ezabapenak eta txertaketak kontuan hartuta, foru arau honetako 90. eta 91. artikuluetan ezarritakoarekin bat.»

«9.– Talde fiskaleko kide izateari uzten dion entitate baten partaidetza eskualdatzean sortutako errenta negatiboen zenbatekoa murriztu egingo da eskualdatutako entitateak talde fiskalaren barruan sortu dituen zerga oinarri negatiboei dagokien zatitik, bertan konpentsatuak izan badira.»

Hamazortzi.– 92. artikuluko 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«2.– Talde fiskalean sartzean entitate batek konpentsatu gabe dituen zerga oinarri negatiboak taldearen zerga oinarrian konpentsatu daitezke, gehienez zergaren foru arauaren 55. artikulua entitatearen beraren banakako zerga oinarriaren gainean aplikatuz ateratzen den mugaraino, betiere entitate horri dagozkion ezabapenak eta txertaketak kontuan hartuta, foru arau honetako 90. eta 91. artikuluetan ezarritakoarekin bat.»

Hemeretzi.– 96. artikuluko 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«2.– Talde fiskalean sartzeko unean entitate batek aplikatu gabe dituen kenkariak talde fiskalaren kuota osotik kendu ahal izango dira entitate horrek banakako tributazio araubidean izango lukeen mugarekin, betiere entitate horri dagozkion ezabapenak eta txertaketak kontuan hartuta, foru arau honetako 90. eta 91. artikuluetan ezarritakoarekin bat.».

Hogei.– Hamabosgarren xedapen gehigarriaren lehen apartatuko 1. eta 4. zenbakiak honela geratzen dira idatzita:

«1.– Film luze zinematografikoen eta fikzio, animazio edo dokumentalei buruzko ikusentzunezko serieen produkzio espainiarretan egiten diren inbertsioek, serieko ekoizpen industrialaren aurretik euskarri fisikoa egitea ahalbidetzen badute eta bat apartatu honetan xedatutako baldintzak betetzen badituzte, eskubidea emango diote ekoizleari kuota likidotik 100eko 35eko kenkaria aplikatzeko; euskaraz filmatutako obren kasuan, kenkari hori 100eko 45ekoa izango da.»

«4.– Kenkari honen zenbatekoa ezingo da izan 10 milioi eurotik gorakoa, egindako ekoizpen bakoitzeko.»

Hogeita bat.– Hamabosgarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuko 1., 3., 4. eta 5. zenbakiak honela geratzen dira idatzita:

«1.– Kultura eta Kirol Ministerioaren Zinema eta Ikus-Entzunezko Enpresen Administrazio Erregistroan izena emandako ekoizleek, film luze zinematografikoen edo ikus-entzunezko obren atzerriko ekoizpenaz arduratzen badira, eta ekoizpen horiek ahalbidetzen badute euskarri fisiko bat prestatzea serieko ekoizpen industrialaren aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako gastuen 100eko 35 kendu ahal izango dute kuota likidotik.»

«3.– Kenkariaren oinarria Euskal Autonomia Erkidegoan egindako eta ekoizpenarekin zuzenean erlazionatutako gastu hauek osatuko dute:

1.a Sorkuntza arloko langileen gastuak, baldin eta haien zerga egoitza Espainian edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kide batean badago, 100.000 euroko mugarekin pertsona bakoitzeko.

2.a Industria teknikoak eta bestelako hornitzaileak erabiltzeagatik izandako gastuak.»

«4.– Xedapen gehigarri honetako zazpigarren apartatuan xedatutakoa gorabehera, kenkariaren oinarritik gutxituko da kenkarirako eskubidea ematen duten inbertsioak finantzatzeko jasotako dirulaguntzen zenbatekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoan egindako gastuek ezin izango dute ekoizpen globalaren aurrekontuaren % 80 gainditu.»

«5.– Kenkari honen zenbatekoa ezingo da izan 10 milioi eurotik gorakoa, egindako ekoizpen bakoitzeko.»

Hogeita bi.– Hogeita bigarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuaren sarrera honela geratzen da idatzia:

«1.– Foru arau honen 122 bis artikuluan aipatutako beharkizunak betetzen dituen sistema informatiko bat erabiltzera behartutako zergadunek 2020., 2021., 2022. eta 2023. urteetan egindako inbertsio eta gastuen 100eko 30 kendu ahal izango dute beren kuota osotik, sistema horren ezarpenarekin erlazionatuta badaude. Inbertsio eta gastu horiek honako hauek izan beharko dute:»

Hogeita hiru.– Xedapen gehigarri bat gehitzen da, hogeita hirugarrena, honako hau dioena:

«Hogeita hirugarren xedapen gehigarria. 100eko 35eko muga orokorra kuota likidoaren kenkarietan.

Zerga araudian jasota dauden kenkariei foru arau honen 67. artikulua aplikagarri bazaie, 100eko 35eko muga orokorra izango dute, espresuki besterik esaten denean salbu.»

Hogeita lau.– Beste xedapen iragankor bat gehitzen da, hogeita zortzigarrena, honako hau dioena:

«Hogeita zortzigarren xedapen iragankorra. Garapen jasangarria, ingurumenaren kontserbazioa eta hobekuntza eta energia iturrien aprobetxamendu eraginkorragoa bultzatzeko proiektuekin lotuta 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenago egindako inbertsio eta gastuen kenkaria.

Garapen jasangarria, ingurumenaren kontserbazioa eta hobekuntza eta energia iturrien aprobetxamendu eraginkorragoa bultzatzeko proiektuen inbertsio eta gastuen kenkariak aplikatu gabe badaude 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten den lehen zergaldia abiatzean, foru arau honen 67. artikuluan xedatutakoari jarraituz aplikatuko dira, artikulu horrek 2021eko abenduaren 31n zeukan idazkera kontuan hartuta, eta ez dira salbuetsitzat hartuko foru arau bereko 59. artikuluaren 3. apartatuan aurreikusitako erregelaren ondorioetarako.»

Hogeita bost.– Beste xedapen iragankor bat gehitzen da, hogeita bederatzigarrena, honela dioena:

«Hogeita bederatzigarrena xedapen iragankorra. Sozietateen gaineko zergaren karga tasa orokorra aplikatzen ez duten kapital aldakorreko inbertsio sozietate jakin batzuk desegin eta likidatzea.

1.– Sozietateen gaineko Zergari buruzko azaroaren 27ko 27/2014 Legearen berrogeita batgarren xedapen iragankorraren 1. apartatuan ezarritakoaren arabera desegin eta likidatzen diren kapital aldakorreko inbertsio sozietateetako bazkideek honako zerga araubide hau izango dute:

a) Salbuetsita egongo dira ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan, "sozietate eragiketak" kontzeptuan, eta, zehazki, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauaren 18.1.1 artikuluko "sozietateen desegitea" zerga egitatean.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren ondorioetarako, likidazioan dagoen sozietateko bazkideek ez dituzte sartuko zerga oinarrian entitatearen likidaziotik ondorioztatzen diren errentak, baldin eta likidazioaren kuota gisa dagokien dirua edo ondasun multzoa aipatutako 27/2014 Legearen 29. artikuluko 4. apartatuko a) edo b) letretan aurreikusitako inbertsio kolektiboko erakunderen batean akzioak edo partaidetzak eskuratu edo harpidetzeko berrinbertitzen bada hurrengo paragrafoetan aurreikusitako moduan eta baldintzetan. Horrelakoetan, eskuratutako edo harpidetutako akzio edo partaidetza berriek likidatzen den sozietateko akzioen eskurapen eta balio data gordeko dituzte.

Bazkidearen obligazioa izango da likidazioan dagoen sozietateari jakinaraztea b) letra honetako aurreko paragrafoan aurreikusitakoari atxikitzea erabaki duela, eta, kasu horretan, likidazioan dagoen entitateak ez dio bazkideari inolako diru ordainketarik edo ondasun entregarik egingo likidazioaren kuota gisa. Era berean, bazkideak akzioen eskurapen data eta balioa frogatzen dituen dokumentazioa eman behar dio sozietateari, azken horrek halako informaziorik ez badu.

Berrinbertsioaren xedea bazkidearen likidazio kuota osatzen duen diru edo ondasun multzo osoak izan behar du, ezin izango da berrinbertsio partzialik egin, baina bai inbertsio kolektiboko erakunde batean baino gehiagotan berrinbertitu.

Bazkideak bere identifikazio datuak jakinarazi behar dizkio berrinbertsioa jasoko duen inbertsio kolektiboko erakundeari, baita likidazioan dagoen sozietatearenak, haren entitate kudeatzailearenak eta entitate gordailuzainarenak ere. Orobat, adieraziko dio xede erakundean berrinbertitu beharreko likidazio kuota zer diru kopuruk edo zer ondasunek osatzen duten. Ondorio horietarako, bazkideak harpidetza edo eskuratze agindua bete behar du, eta erakunde horri baimena eman behar dio agindu hori likidazioan dagoen sozietatearen aurrean izapidetzeko.

Likidazioan dagoen sozietateak behin agindua jaso ondoren, berrinbertsioa egin beharko da azken horrek bere entitate gordailuzainari aginduta berrinbertitu beharreko dirua edo ondasunak bazkidearen izenean eta kontura transferitu ditzala likidazioan dagoen sozietatearen kontuetatik berrinbertsioa jasotzen duen inbertsio kolektiboko erakundearen kontuetara. Transferentzia horrekin batera, likidatzen den sozietateko akzioen eskurapen balioei eta datei buruzko informazioa bidaliko da.

b) letra honetako lehen paragrafoan aurreikusitako tratamendua aplikatu ahal izateko, berrinbertsioa egin beharko da 27/2014 Legearen berrogeita batgarren xedapen iragankorraren 1. apartatuan likidazioarekin desegiteko erabakia hartzeko ezarritako epea amaitu eta zazpi hilabete igaro baino lehen.

2.– Xedapen iragankor honetan aipatzen diren kapital aldakorreko inbertsio sozietateen likidazioetatik ondorioztatzen diren errenten gainean ez da bazkidearen zerga pertsonalaren konturako ordainketarik egiteko betebeharrik egongo, bazkideek aurreko 1. apartatuko b) letran araututako berrinbertsio araubidea aplikatzen dutenean.

3.– Xedapen iragankor honetan aurreikusitakoa ez da aplikatuko ez Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legearen 33 bis artikuluan aipatzen diren inbertsio libreko sozietateak desegin eta likidatzen direnean, ezta kapital aldakorreko inbertsio sozietate indize kotizatuak desegin eta likidatzen direnean ere, hain zuzen, Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legea garatzen duen Erregelamenduak, uztailaren 13ko 1082/2012 Errege Dekretuaren bidez onetsiak, 79. artikuluan aipatutakoak.»

3. artikulua.– Ekainaren 11ko 2/2018 Foru Araua, Ondarearen gaineko Zergarena, aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauan:

Lehenengoa.– 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, honako aldaketak sartzen dira:

Bat.– 5. artikuluari hamahirugarren apartatua gehitzen zaio, eta honela dio:

«Hamahiru.– Langileek beren entitate enplegu-emailetik jasotzen dituzten akzio edo partaidetzen gaineko aukerak, baldin eta horiek emateko unean entitate hori sorrera berriko entitate berritzaile bada Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 1. apartatuan xedatutako moduan, eta artikulu horren 4. apartatuko baldintzak betetzen baditu.»

Bi.– Bigarren paragrafo bat gehitzen zaio 6.Bi artikuluko a) letrari, eta oraingo bigarren paragrafoa aldatu eta hirugarren paragrafo gisa geratzen da, jarraian zehazten den eran:

«Ondorio horietarako, entitatea foru arau honen 5. artikuluko bosgarren apartatuan adierazitako baldintzak betetzen dituzten artelanen eta zaharkinen titularra bada, ulertuko da ondasun horiek ez direla joko jarduera ekonomikoei ez atxikitzat.

Entitateak beste entitate batzuetan ere parte hartzen duenean, letra horren lehen paragrafoan aurreikusitako betekizuna betetzearen ondorioetarako, bertan ezarritakoari ere erreparatuko zaio ulertzeko partaidetutako entitateek ez dutela jarduera nagusi gisa ondare higigarri edo higiezin bat kudeatzea.»

Hiru.– 6. artikuluko laugarren apartatuaren bukaeran bi paragrafo gehitzen dira, eduki honekin:

«Aktiboak ez dira hartuko jarduera ekonomiko bat garatzeko ez-beharrezkotzat haien eskurapen prezioak entitateak lortu dituen mozkin banatu gabeen zenbatekoa gainditzen ez duenean, betiere baldin eta mozkin horiek jarduera ekonomikoetatik baldin badatoz; urtean bertan nahiz aurreko azken 10 urteetan lortutako mozkinen zenbatekoa izango da muga. Paragrafo honetan xedatutakoa aplikatzeagatik aktibo ez-beharrezkotzat hartzen ez diren elementuek ezin izango dute aktibo osoaren 100eko 75 gainditu.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 14. artikuluko 2. apartatuaren a) letrako azken bi marratxoetan aipatzen diren balioetatik datozen dibidenduak, bai eta partaidetza horiek eskualdatzeagatik lortutako gainbalioak ere, jarduera ekonomikoetatik datozen mozkinekin parekatzen dira, baldin eta entitate partaidetuak lortutako diru-sarrera guztien 100eko 80 gutxienez jarduera ekonomikoetatik baldin badator.»

Lau.– 6. artikuluaren seigarren apartatuaren sarrera honela berridazten da:

«Sei.– Salbuespena ez zaie aplikatuko hurrengo letretan aipatzen diren ondasunei eta partaidetzen balioaren zatiari, salbu eta aurreko laugarren apartatuko azken bi paragrafoetan xedatutakoa aplikatu behar bazaie:»

Bost.– 6. artikuluaren seigarren apartatuko c) letra honela geratzen da idatzita:

«c) Aurreko bigarren apartatuan aipatu diren partaidetzen balioan bigarren mailako merkatu ofizialetan kotizatutako baloreei, inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetzei eta foru arau honen 20. artikuluko ibilgailu, ontzi eta aireontziei dagokien zatia, foru arau honen 18. artikuluko lehen apartatuaren azken paragrafoan aurreikusitakoarekin bat.

Letra honetan aurreikusitako esklusioa ez da aplikatuko partaidetzen balioaren zatia ondoko hauei dagokienean:

a´) Bigarren mailako merkatu ofizialetan kotizatutako baloreei, baldin eta zergadunak gutxienez boto eskubideen 100eko 5 badu eta partaidetzok baliabide pertsonal eta materialak egoki antolatuz zuzendu eta kudeatzen baditu.

b´) Ibilgailu, itsasontzi eta aireontziei, betiere, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 31. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarengatik, eta, kasua bada, gehieneko eskurapen balio kengarriari erreparatuta, haien errentamendu, lagapen edo balio-galerarekin erlazionatutako gastuak kengarriak diren proportzioan.»

Sei.– 6. artikuluari zortzigarren apartatu berria gehitzen zaio, eta honela dio:

«Zortzi.– Zerga honetatik salbuetsita egongo dira, halaber, artelanak eta zaharkinak dituzten entitateen kapital edo ondareko partaidetzen gaineko jabetza osoa, jabetza soila eta biziarteko gozamen eskubidea, baldin eta entitate horiek, gutxienez hiru urtez, gordailu iraunkor moduan lagatzen badizkiete museoei edo irabazi-asmorik gabeko kultur erakundeei jendaurrean erakusteko, gordailupean dauden bitartean. Apartatu honetan aurreikusitako salbuespena ondasun horien balioaren eta entitate partaidetuaren aktibo osoaren arteko proportzioari dagokion balio zatiari aplikatuko zaio.»

Zazpi.– 17. artikuluko bigarren apartatua honela geratzen da idatzita:

«Bi.– Merkatu antolatuetan kotizatzen duten entitate juridikoek jaulki bai baina oraindik kotizatzeko onartuta ez dauden akzio edo partaidetza berriak harpidetzen direnean, akzio edo partaidetza horien balioa harpidetzaldiaren barruan titulu zaharrek izan duten azken negoziazio balioa izango da.»

Bigarrena.– 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, honako aldaketak sartzen dira:

Bat.– 5. artikuluko lehen apartatua honela geratzen da idatzita:

«Bat.– Euskal Kultur Ondareko ondasunak, baldin eta babes ertain edo bereziko kultura ondasunak badira Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitakoaren arabera.»

Bi.– 5. artikuluko laugarren apartatua honela geratzen da idatzita:

«Lau.– Arte-gaiak eta zaharkinak, baldin eta haien balioa ez bada iristen Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 26.4 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako ezartzen diren zenbatekoetara.»

Hiru.– 6. artikuluaren seigarren apartatuko b) letraren hirugarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«b) Ustiapen ekonomikoei atxiki gabeko ondasun higiezinei partaidetzen balioan dagokien zatiari. Era berean, salbuespena ez zaio aplikatuko aurreko bigarren apartatuan aipatzen diren eta ondasun higiezinei partaidetzen balioan dagokien zatiari, foru arau honen 18. artikuluko lehen apartatuaren azken paragrafoan jasotakoaren arabera, higiezin horiek hirugarrenei lagatzen zaizkienean edo haien gainean eskubide errealak eratzen direnean, horren barruan sartuta ondasun horiek errentan edo azpierrentan ematea edo ondasunok erabiltzeko edo gozatzeko eskubideak edo ahalmenak eratu edo lagatzea, izena edo izaera edozein dutela ere, salbu eta zirkunstantzia hauetako edozein gertatzen bada:

– Ondasun higiezinak lagatzeko edo haien gaineko eskubide errealak eratzeko eragiketak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 42. artikuluan aipatzen diren pertsona edo entitate lotuen alde egitea edo Merkataritza Kodearen 42. artikuluan xedatutakoari jarraituz osatutako talde bateko entitateen artean gauzatzea.

– Urteko batez besteko plantillan entitateak gutxienez besteren konturako bost langile izatea soldatapean, lanaldi osoan eta dedikazio osoarekin. Ondorio horietarako, konputatu gabe utziko dira artikulu honen 2. apartatuko c) letran aipatutako zergadunarekin harremana duten langileak edo Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 42. artikuluan jasotako eran lotutakoak.»

4. artikulua.– Maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Araua, Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzkoa, aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauan:

Bat.– 6. artikuluko 3. baldintza honela geratzen da idatzita:

«3.– Besteren konturako lan kontratua duten langileek urtean egindako ordu kopuruak ez gainditzea Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legeak 103. artikuluko 4. apartatuan ezarritako mugak. Hala ere, lan elkartuko kooperatiba txikien kasuan, besteren konturako langileak kontratatzeko mugak Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 138. artikuluan aurreikusitakoak izango dira.»

Bi.– 7. artikuluko 1. beharkizunaren bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Era berean, bazkide izaten ahalko dira nekazaritza eta elikagaigintzako beste kooperatiba babestu batzuk, ustiapen komunitarioko kooperatiba babestuak, foru arau honen lehen xedapen gehigarrian aipatzen diren eraldaketako nekazaritza sozietateak, ente publikoak, kapital sozialean gehienbat ente publikoek partaidetuta dauden sozietateak, aurreko paragrafoko baldintzak betetzen dituzten ondasun eta eskubideen erkidegoak (pertsona fisikoek bakarrik osatuak), eta titulartasun partekatuko entitateak, nekazaritzako ustiategien titulartasun partekatuari buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legean aipatuak.»

Hiru.– 7. artikuluko 2.a) beharkizunaren bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Nekazaritza eta elikagaigintzako kooperatibek petrolioko produktuak banatu ahal izango dizkiete, txikizka, bazkide ez diren hirugarrenei, Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 113. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako mugen barruan.»

Lau.– 7. artikuluko 3. beharkizunaren hirugarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Muga horiek aplikatzearen ondorioetarako, bazkide gisa beste kooperatiba, beste sozietate edo beste ondasun erkidego batzuk ageri direnean, haien zerga oinarriak edo salmenta bolumena bazkide bakoitzari egotziko zaizkio estatutuetan dagokien proportzioan. Nekazaritzako ustiategien titulartasun partekatuari buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legean aipatzen diren titulartasun partekatuko entitateen kasuan, entitatea bera hartuko da bazkidetzat.»

Bost.– 8. artikuluko 2. baldintza honela geratzen da idatzita:

«2.– Besteren konturako lan kontratua duten langileek urtean egindako ordu kopuruak ez gainditzea Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legeak 103. artikuluko 4. apartatuan ezarritako mugak. Hala ere, lan elkartuko kooperatiba txikien kasuan, besteren konturako langileak kontratatzeko mugak Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 138. artikuluan aurreikusitakoak izango dira.»

Sei.– 10 bis.1 artikuluko b) eta c) letrak honela geratzen dira idatzita:

«b) Kooperatiben xede diren etxebizitzak kooperatibetako bazkideen ohiko etxebizitza izateko erabiltzea, eta bazkideek erosketaren dokumentuan adieraztea zirkunstantzia hori. Hala ere, zilegi izango dute sustatzen diren etxebizitzak bazkide ez diren hirugarrenei ere besterentzea, baldin eta sustapen kooperatiboa finantzatzeko beharrezkoa bada, Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 117. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitako baldintzetan.

Ondorio horietarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 87.8 artikuluan halakotzat hartutakoa.

c) Kooperatiba ez desegitea eraikitako etxebizitzak adjudikatu edo eskualdatu ondorengo bost urteen barruan, non eta ezkutuko akatsei entitate sustatzaile gisa erantzuteko aurreikusitako berme epeak eta legezko epeak, adjudikazioaren edo eskualdaketaren egunetik aurrera kontatuta, edo entitate publikoekin izenpetutako estatutuek edo lankidetza hitzarmenek ez duten ezartzen epe luzeago bat, horrelakoetan azken hori hartuko baita kontuan.»

Zazpi.– 12. artikuluko 9. apartatua honela geratzen da idatzita:

«9.– Kooperatibak 100eko 25etik gorako partaidetza edukitzea entitate ez-kooperatiboen kapital sozialean.

Hala ere, partaidetza hori 100eko 50era iritsi ahal izango da entitate horiek egiten dituzten jarduerak kooperatibaren jarduerak prestatzeko edo osatzeko egiten badira edo haren jardueren menpeko badira.

Partaidetza horiek ezingo dira, guztira hartuta, kooperatibaren baliabide propioen 100eko 50etik gorakoak izan.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak, baimendu ahal izango du, aurretik hala eskatuta, partaidetzak handiagoak izatea, kooperatibak fiskalki babestutako kooperatibaren izaera galdu gabe, baldin eta justifikatzen bada partaidetza handiago hori lagungarria dela kooperatibaren helburu sozialak betetzeko eta horrek ez dituela urratzen entitate horien funtsezko jokabide arauak.

Kooperatiba batek zeharkako partaidetzak eskuratzen baditu berak 100eko 50etik gorako portzentajean parte hartzen duen entitate ez-kooperatibo baten bitartez, eta entitate horren aktibo nagusia beste entitate ez-kooperatibo batzuen kapitalean dituen partaidetzak badira, partaidetzen eta kooperatibaren baliabide propioen baterako balioa zehazteko, urteko kontu bateratuetatik ateratzen diren zenbatekoak hartuko dira kontuan.

Eskaera aurkeztu eta hiru hilabeteko epean kooperatibari ez bazaio ebazpena berariaz jakinarazi, baimena eman dela ulertuko da.»

Zortzi.– 15. artikuluko 3. apartatua honela geratzen da idatzita:

«3.– Aurreko zenbakian xedatutakoa gorabehera, kooperatibak kontsumokoak, etxebizitzakoak edo nekazaritza eta elikagaigintzakoak direnean, edo beren estatutuen arabera beren bazkideei zerbitzuak edo hornidurak egiten dizkietenean, eragiketen preziotzat eragiketen benetako prezioa hartuko da, betiere baldin eta prezio hori ez bada txikiagoa zerbitzu edo hornidura horien kostua baino, entitatearen gastu orokorren zatia barne. Txikiagoa izanez gero, azken hori aplikatuko da. Nekazaritza eta elikagaigintza kooperatibetan, sistema hori aplikatuko da bai kooperatibak bazkideei egiten dizkien zerbitzu eta horniduretarako, bai bazkideek kooperatibari egiten edo entregatzen dizkiotenetarako.»

Bederatzi.– 16. artikuluko 4. apartatuari bigarren paragrafo bat gehitzen zaio, eta honela dio:

«Ez dira kengarriak izango kooperatibako partaidetza bereziak ordaintzeko ematen diren kopuruak, baldin eta partaidetza horien titularrak ez badira kooperatibako bazkideak edo kide elkartuak eta partaidetzak kapital sozialtzat hartzen badira.»

Hamar.– 25. artikulua honela geratzen da idatzita:

«25. artikulua.– Kooperatiba itzulkinen tratamendua sozietateen gaineko zergan zergapetze bikoitza ezabatzeko.

Kooperatiba babestuetako bazkideak sozietateen gaineko zergaren zergadun badira, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 33. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan xedatutakoa aplikatu behar diete jasotzen dituzten kooperatiba itzulkinei, zergapetze bikoitza ezabatzeko. Baldin eta, bereziki babestutako kooperatiba izateagatik, etekin horiek foru arau honen 27.2 artikuluan aurreikusitako kenkaria izan badute, itzulkin horiei Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 33.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuko diete.»

Hamaika.– 26.4 artikuluko b) letra honela geratzen da idatzita:

«b) Ondasun higiezinen gaineko zergan, nekazaritza eta elikagaigintzako eta ustiapen komunitarioko kooperatiben landa lurreko ondasunei dagokienean.»

Hamabi.– 27.2 artikuluko bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Elkarte modura eratutako lehentasunezko ustiategiak, nekazaritzako ustiategien modernizazioari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legearen 5. artikuluan aipatuak, bereziki babestutako nekazaritza eta elikagaigintzako kooperatibak badira foru arau honen arabera, 100eko 75eko kenkaria izango dute kuotan.»

Hamahiru.– 41. artikuluko c) letra honela geratzen da idatzita:

«c) Ez bazkideak eta ez haiekin Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 42.3 artikuluan sar daitekeen loturazko harreman bat duten pertsonak eta entitateak ez izatea egindako jardueren hartzaile nagusiak, eta horiek guztiek ez edukitzea prestazio edo baldintza berezirik onurak lortzeko. Letra honetan ezarritako baldintza ez zaie aplikatuko ikasleen gurasoak, haien legezko ordezkariak edo ikasleak berak elkartzen dituzten irakaskuntza kooperatibei.»

Hamalau.– 43.1 artikuluko c) letra honela geratzen da idatzita:

«c) Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 72. artikuluan ezarritako kontribuziora bideratzen diren ondasun eta eskubideak eskuratzea, artikulu horretan aurreikusitako xedeak betetzeko bada.»

Hamabost.– Bigarren xedapen iragankor bat gehitzen da, aurreko xedapena lehenengo bihurtzen duena, eduki honekin:

«Bigarren xedapen iragankorra. Entitate ez-kooperatiboen bidez eskuratzen diren zeharkako partaidetzak.

Foru arau honen 12. artikuluko 9. apartatuan xedatutakoa, 2022. urterako zenbait zerga aldaketa onesten dituen martxoaren 10eko 1/2022 Foru Arauak emandako idazketan, foru arau hori indarrean jartzen denetik aurrera egiten diren eskurapenei aplikatuko zaie.»

5. artikulua.– Apirilaren 7ko 3/2004 Foru Araua, irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzkoa, aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauan:

Bat.– 5. artikuluko 3. beharkizuna honela geratzen da idatzita:

«3.– Fundatzaileak, bazkideak, patroiak, estatutu ordezkariak, gobernu organoetako kideak eta ezkontideak, maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutako izatezko bikoteko kideak edo haietako edozeinen laugarren mailara arteko ahaideak, horiek barne, ez izatea entitateek egiten dituzten jardueren hartzaile nagusiak, eta haien zerbitzuak erabiltzeko baldintza berezirik ez edukitzea.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez zaie aplikatuko ez ikerketa zientifikoko eta garapen teknologikoko jarduerei, ez abenduaren 29ko 102/1992 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga araudia Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legera egokitzekoak, 20. artikuluaren lehen apartatuko 8. eta 13 zenbakietan hurrenez hurren aipatzen dituen gizarte laguntzako eta kirol arloko jarduerei, ezta Euskal Kultur Ondarea edo Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasunak artatu eta zaharberritzea helburu duten fundazioei ere, azken horien kasuan baldin eta Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean, Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legean edo kasuan kasuko Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den legean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.»

Bi.– 19. artikuluaren 1. apartatuko d) letra honela geratzen da idatzita:

«d) Euskal Kultur Ondarearen Erregistroan, maiatzaren 9ko Legean aipatutakoan, babes berezi eta ertaineko ondasun gisa inskribatuta dauden ondasunen dohaintzak edo emariak, Espainiako Ondare Historikoko ondasunen dohaintzak edo emariak, baldin eta horiek Espainiako Ondareari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legean aipatuta dagoen kultur intereseko ondasunen Erregistro Orokorrean edo Inbentario Orokorrean inskribatuta badaude, eta autonomia erkidegoek beren araudien arabera izendatu edo inskribatu dituzten kultur ondasunen dohaintzak edo emariak.»

Hiru.– 28. artikuluaren 2. apartatuko a) letraren bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Dohaintzan emandako artelanak babes bereziko eta babes ertaineko ondasun gisa inskribatuta badaude maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak aipatzen duen Euskal Kultur Ondarearen Erregistroan, aipatutako txostena Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eskatu beharko zaio. Artelan horiek ekainaren 25eko 16/1985 Legean aipatzen den Ondare Historikokoak badira edo edozein autonomia erkidegotako Ondare Historikoko parte badira, txostena organo eskudunei eskatu beharko zaie, haien araudian ezarritako arauei jarraituz.»

6. artikulua.– Uztailaren 5eko 12/1989 Foru Araua, Ondasun Higiezinen gaineko Zergarena, aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauan:

Bat.– 4.2 artikuluko e) letra honela geratzen da idatzita:

«e) Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 9.1 artikuluko a) letraren arabera, monumentu diren ondasun higiezinak. Salbuespen hau Euskal Kultur Ondarearen Erregistroan inskribatuta dauden babes bereziko zein babes ertaineko ondasunei aplikatuko zaie.

Era berean, salbuetsita egongo dira Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 9.1 artikuluko b) letraren arabera, monumentu multzo baten parte diren ondasun higiezinak. Salbuespen hau Euskal Kultur Ondarearen Erregistroan inskribatuta dauden babes bereziko zein babes ertaineko ondasunei baino ez zaie aplikatuko.

Orobat, salbuetsita egongo dira Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 9.2 artikuluan aipatzen den eremu arkeologiko batean aurkitzen diren ondasun higiezinak, baldin eta babes bereziko eta ertaineko kultur ondasun izendatu badira, eta, gainera, esku-hartze arkeologikoren bat izan eta gero, Eusko Jaurlaritzako sail eskudunak erabakitzen badu aurkitutako aztarnak bertan geratu behar direla eta ezin direla ez suntsitu ez beste leku batera eraman.»

Bi.– 21.2 artikuluko d) letra honela geratzen da idatzita:

«d) Sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateak, beren funtzioak betetzeko, baldin eta aurreko a) letran ezarritako baldintzak betetzen badira.»

7. artikulua.– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bategina, apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bidez onetsia, aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateginean, apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bidez onetsitakoan:

Bat.– 151.6 epigrafea, «Tarifak» izeneko I. eranskinaren lehen sekzioaren 15. multzoko 151. taldekoa, honela geratzen da idatzita:

«151.6 epigrafea. Energia elektrikoa merkaturatzea.

Kuota.

Gutxieneko udal kuota:

1.000 abonatuko edo zatiki bakoitzeko: 64,06 euro.

Probintziako kuota:

1.000 abonatuko edo zatiki bakoitzeko: 141,60 euro.

Estatuko kuota berezia:

1.000 abonatuko edo zatiki bakoitzeko: 141,60 euro.»

Bi.– 152.2 epigrafea, «Tarifak» izeneko I. eranskinaren lehen sekzioaren 15. multzoko 152. taldekoa, honela geratzen da idatzita:

«152.2 epigrafea. Gasa merkaturatzea.

Kuota.

Gutxieneko udal kuota:

1.000 abonatuko edo zatiki bakoitzeko: 64,06 euro.

Probintziako kuota:

1.000 abonatuko edo zatiki bakoitzeko: 141,60 euro.

Estatuko kuota berezia:

1.000 abonatuko edo zatiki bakoitzeko: 141,60 euro.»

Hiru.– Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifetako bigarren sekzioan (Tarifak izeneko I. eranskinean) dagoen 86. Multzoaren barruan 863. talde berria gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«863. TALDEA. KAZETARIAK ETA INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN BESTE PROFESIONAL BATZUK.

Kuota: 115 euro.

Oharra: epigrafe honetan sailkatutako subjektu pasiboek ahalmena dute informazioak edo edukiak lortu, tratatu, interpretatu eta zabaltzeko, edozein bitarteko erabiliz, dela idatzizkoa, ahozkoa, ikusizkoa, digitala edo grafikoa, bai eta komunikazio instituzional edo korporatiboko planetan aholku emateko eta horiek exekutatzeko ere.»

8. artikulua.– Martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra, aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean:

Bat.– 64. artikuluari 9. apartatu bat gehitzen zaio, eta honela dio:

«9.– 100.1 artikuluan jasotakoa jasota ere, ebazpena jakinarazteko gehieneko epea luzatu ahal izango da, zirkunstantzia hauetako bat gertatzen denean:

a) Konplexutasun bereziko kasuak. Bereziki, zorduna sozietate talde bateko kide izatea edo, prozedura izapidetzen den bitartean, kautelazko neurriak hartzea edo enpresa berregituratu edo zorra birfinantzatzeko eragiketak egitea.

b) Prozedura judizial bat egotea irekita aurkeztutako bermearekin lotuta.

c) Bermatzen diren ondasunen balorazioa konplexutasun berezikoa izatea edo ondasun horiek Gipuzkoako Lurralde Historikotik kanpo egotea.

d) Prozedura behin hasitakoan ezinezkoa izatea ondasun jakin baten gainean bermea aurkeztea, beste berme bat aurkeztea beharrezkoa denean.

e) Prozedura izapidetzen ari den bitartean gerora sortutako inguruabarrak gertatzea, eta, horren ondorioz, prozedurarekin ezin jarraitzea.

Apartatu honetan aurreikusitako epe luzatzeko, Zerga-bilketako zuzendariordearen ebazpen arrazoitua beharko da. Ebazpen horretan, zehaztuko da zenbat denboraz luzatzen den epea, baina epe hori ezin izango da hamabi hilabetetik gorakoa izan.

Ebazpena zordunari jakinaraziko zaio, eta haren aurka ezin izango da errekurtso edo erreklamaziorik aurkeztu; hala ere, horrek ez du kentzen bukaeran ematen den ebazpenaren aurka errekurtso eta erreklamaziorik aurkeztuz gero epea luzatzea bidezkoa edo bidegabea den planteatzea.»

Bi.– 72. artikuluko 4. apartatua honela geratzen da idatzita:

«4.– Salbuespenezko kasuetan, Zerga Administrazioak erabaki dezake, Zerga-bilketako Zuzendariordetza Nagusiaren txostena jaso eta gero, epe exekutiboan dauden zerga zorren gerorapen edo zatikapenetan ofiziozko konpentsazioa ez aplikatzea, baldin eta konpentsazio horrek nabarmen eragin badezake jarduera ekonomikoaren produkzio ahalmenean edo enplegu kopuruan, edo Herri Ogasunaren interesetarako kalte handiak ekar baditzake. Erregelamenduz ezarri ahal izango da zer baldintza bete behar diren horrelako erabakiak hartzeko.»

Hiru.– 90.1 artikuluari e) letra gehitzen zaio, eduki honekin:

«e) Indarrean dagoen araudia aplikatuz, akzioen azken onuradunen identifikazioa ezagutzen duten edo ezagutzeko moduan dauden pertsona eta entitatek identifikazio horri dagokionez erregelamenduz ezartzen diren eskakizun edo informazio betebeharrak bete beharko dituzte Zerga Administrazioaren aurreran.»

Lau.– Hamaikagarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuko a) eta b) letrak honela geratzen dira idatzita:

«a) Betebeharra epe barruan betetzen ez bada, zehapena jarriko da foru arau honetako 202.1.c) artikuluan jasotakoaren arabera.

b) Aurreko a) letran xedatutakoa gorabehera, betebeharra epez kanpo betetzen bada Zerga Administrazioak aurretiazko errekerimendurik egin gabe, zehapena jarriko da foru arau honetako 202.2 artikuluaren lehen paragrafoan jasotakoaren arabera.»

Bost.– Hemezortzigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuko bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Xedapen gehigarri hau urratuz gero, 600 euroko isun finkoa ezarriko da.»

9. artikulua.– Aldatzea Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 18/1987 Foru Araua.

2021eko azaroaren 4tik aurrerako ondorioekin, 44. zenbaki bat gehitzen zaio Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauaren 41.I.B) artikuluari. Hona hemen edukia:

«44.– 1.– Azaroaren 2ko 24/2021 Errege Lege-Dekretuan araututa dauden bonu bermatuak, hipoteka partaidetzak eta hipoteken eskualdaketako ziurtagiriak jaulki, eskualdatu, amortizatu eta itzultzea. Errege lege-dekretu horren bidez, Europar Batasunaren zuzentarauen transposizioa egiten da honako gai hauetan: bonu bermatuak, inbertsio kolektiboko erakundeen mugaz gaindiko banaketa, datu irekiak eta sektore publikoaren informazioaren berrerabilera, lineako zenbait eskualdaketatan eta irrati eta telebista bidezko programen emanaldietan aplikatzekoak diren egile eskubideak eta horien kidekoak erabiltzea, inportazio eta hornidura jakin batzuen aldi baterako salbuespenak, pertsona kontsumitzaileak, eta errepide bidezko garraio ibilgailu garbi eta energetikoki efizienteen sustapena.

2.– Entitate jaulkitzailea konkurtso egoeran sartzen den kasurako aurreikusten den ondare bereizia eratzeko aktiboen eskualdaketa, eta jaulkipenak batera finantzatzeko asmoz beste kreditu entitate baten alde egiten den mailegu eskualdaketa, azaroaren 2ko 24/2021 Errege Lege-Dekretuaren 14. artikuluan arautua. Errege lege-dekretu horren bidez, Europar Batasunaren zuzentarauen transposizioa egiten da honako gai hauetan: bonu bermatuak, inbertsio kolektiboko erakundeen mugaz gaindiko banaketa, datu irekiak eta sektore publikoaren informazioaren berrerabilera, lineako zenbait eskualdaketatan eta irrati eta telebista bidezko programen emanaldietan aplikatzekoak diren egile eskubideak eta horien kidekoak erabiltzea, inportazio eta hornidura jakin batzuen aldi baterako salbuespenak, pertsona kontsumitzaileak, eta errepide bidezko garraio ibilgailu garbi eta energetikoki efizienteen sustapena.»

10. artikulua.– Uztailaren 5eko 16/1989 Foru Araua, Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergarena, aldatzea.

Aldaketak sartzen dira Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 16/1989 Foru Arauaren 5. artikuluko 1. apartatuan, eta honela geratzen da idatzita:

«1.– Zergaren karga tasa udal bakoitzak finkatuko du, eta tasa hori ezingo da inoiz izan 100eko 30etik gorakoa.

Aurreko paragrafoan adierazitako mugaren barruan beti, udalek zilegi izango dute karga tasa bakarra finkatzea edo tasa bana ezartzea aurreko artikuluko 3. apartatuan adierazitako balio gehikuntzaren sorreraldi bakoitzerako.»

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kenkaria langileek beren entitate enplegatzailean parte hartzeagatik.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek zilegi izango dute 2022an kenkaria aplikatzea langileek beren entitate enplegatzailean parte hartzeagatik, hain zuzen ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 89 artikuluan aurreikusitakoa, artikulu horretan ezarritako terminoetan, berezitasun hauek kontuan hartuta:

a) 89 artikulu horren 1. apartatuan aipatzen diren hiru urteko epeak 2 urtekoak izango dira.

b) 4. apartatuko e) letran aipatzen den muga 100eko 40koa izango da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kenkaria langileek entitateak eratzeagatik.

Langileek entitateak eratzeagatik Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 89 quater artikuluan araututa dagoen kenkaria aplikatzearen ondorioetarako, berezitasun hauek hartuko dira kontuan:

a) Kenkari portzentajeak 5 puntu gehituko dira.

b) 89 quater artikuluaren 1. apartatuko bigarren paragrafoan aipatzen diren kopuruak 6.000 eta 8.000 izango dira hurrenez hurren.

c) Kuota nahikoa ez izateagatik kendu ez diren kopuruak hurrengo lau zergaldietako autolikidazioetan aplikatu ahal izango dira, betiere aurreko muga errespetatuz.

d) Lehen aipatu den 89 quater artikuluaren 2. apartatuko g) letran aurreikusitako baldintza, entitatean langile guztiek parte hartzeari buruzkoa, 100eko 40koa izango da gutxienez.

e) Entitatea eratzeko akzio edo partaidetzen harpidetzan gutxienez zortzi langilek hartu behar dute parte.

Dena den, baldin eta eratutako entitatea sorrera berriko entitate berritzailetzat hartuta badago 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 1. apartatuan xedatutakoaren arabera, nahikoa izango da harpidetzan hiru langilek parte hartzea.

f) Eratutako entitatea sorrera berriko entitate berritzailetzat hartuta badago aipatutako 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 1. apartatuan xedatutakoarekin bat, 89 quater artikuluaren 2. apartatuko f) letran aurreikusitako betekizuna 100eko 40raino gehitu ahal izango da.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga 2022an autolikidatzeko betebeharra.

2022ko zergaldian, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek 2020ko eta 2021eko zergaldietarako aurreikusitako arauak aplikatuko dituzte autolikidatzeko obligazioari dagokionez. Hori horrela, 2022ko ekitaldira zabaltzen dira abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzkoak, I. kapituluaren 1. sekzioko 5. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan xedatutakoaren ondorioak eta aplikazioa.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Norberaren konturako langileei edo langile autonomoei zuzendutako aparteko laguntza jakin batzuk salbuestea.

Abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzkoak, norberaren konturako langileei edo langile autonomoei zuzendutako aparteko laguntza jakin batzuei dagokienez 7. artikuluan aurreikusten duen salbuespena 2022ko zergaldira ere zabaltzen da, eta salbuetsita geratzen dira, bereziki, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2021eko irailaren 7ko Aginduaren indarrez emandako laguntzak. Agindu horren bidez, Euskadiko gaueko aisialdirako establezimendu titularrei zuzendutako laguntza programa arautu eta deitzen da.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aparteko kenkaria mikroenpresetan eta enpresa txiki eta ertainetan inbertitzeagatik.

1.– Sozietateen gaineko zergaren zergadunek 2022ko ekitaldian ordaindutako kopuruen 100eko 10 kendu ahal izango dute zerga horren kuota likidotik, enpresen akzio edo partaidetzak harpidetu edo eskuratzeagatik, baldin eta enpresa horiek mikroenpresak, enpresa txikiak edo enpresa ertainak badira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Kenkariaren gehieneko oinarria 100.000 eurokoa izango da, eta eskuratu edo harpidetutako akzio edo partaidetzen eskuratze balioak osatuta egongo da.

2.– Aurreko apartatuan ezarritako kenkaria 2022an ordaindutako kopuruen 100eko 15ekoa izango da akzioak edo partaidetzak enpresa berrietan edo sortu berrietan harpidetzen edo eskuratzen direnean, betiere enpresa horiek mikroenpresa, enpresa txiki edo enpresa ertainak badira aipatutako urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat. Kapitalari egindako ekarpenaz gain, inbertitzen duten entitatea garatzeko egokiak diren ezagutza enpresarial edo profesionalak ere jar ditzakete haren esku.

Kenkari hau aplikatzeko, jarduera ekonomiko berria garatzeko behar diren bitarteko pertsonal eta materialak eduki behar ditu enpresak. Baldintza hau ez dela betetzen ulertuko da sozietateak bat-egiteen, zatiketen, aktibo ekarpenen, aktibo eta pasibo osoaren lagapenen, jarduera adarren ekarpenen, interes ekonomikoko taldeen edo aldi baterako enpresa elkarteen bidez sortutakoak direnean, edo jarduera ekonomiko berri bat benetan eta eraginkortasunez agertzea ez dakarren beste edozein modu edo eragiketaren ondorio direnean.

Entitate baten akzioak edo partaidetzak harpidetu edo eskuratzeak ez du kenkari hau aplikatzeko eskubiderik emango, baldin eta, entitate horren bitartez, aurretik beste titulartasun baten bidez egiten zen jarduera bera egiten bada.

Apartatu honetan aurreikusitako kasuetan, kenkariaren gehieneko oinarria 150.000 eurokoa izango da, eta eskuratu edo harpidetutako akzio edo partaidetzen eskuratze balioak osatuta egongo da.

3.– Eskuratu edo harpidetutako akzio edo partaidetzak entitate berritzaileenak edo hazkunde prozesuan dauden entitateenak direnean, aurreko apartatuan ezarritako kenkaria 2022an ordaindutako kopuruen 100eko 20koa izango da, baldin eta, eskurapen edo harpidetzaren urtean, enpresa horiek mikroenpresak, enpresa txikiak edo enpresa ertainak badira aipatutako urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat. Ondorio horietarako, hauxe ulertuko da:

a) Entitate berritzaileak: partaidetza hartzen den ekitaldian, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 1. apartatuaren a) letran xedatutakoa betetzen dutenak.

b) Hazkunde prozesuan dauden entitateak: partaidetza hartzen den ekitaldian, aipatutako 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 2. apartatuaren bigarren paragrafoan xedatutakoa betetzen dutenak.

Apartatu honetan aurreikusitako kasuetan, kenkariaren gehieneko oinarria 200.000 eurokoa izango da, eta eskuratu edo harpidetutako akzio edo partaidetzen eskuratze balioak osatuta egongo da.

4.– Zergadunaren ekitaldi ekonomikoa ez badator bat urte naturalarekin eta ordaintzen diren kopuruek kenkarirako eskubidea eman badezakete abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzkoak, 11. artikuluan jasotakoarekin eta artikulu honetan xedatutakoarekin bat, bi artikuluotan ezartzen diren hiru kenkarien gehieneko oinarriak batera konputatuko dira zergaldi berean ordaintzen diren kopuruetarako.

5.– Aurreko 1., 2. eta 3. apartatuetan ezarritako kenkariak aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira 6. apartatuan aipatzen den gutxieneko edukitze-aldian:

a) Akzioak edo partaidetzak eskuratu edo harpidetzen zaizkion entitateak sozietate anonimoa, erantzukizun mugatuko sozietatea, kooperatiba, lan sozietate anonimoa edo erantzukizun mugatuko lan sozietate anonimoa izan behar du, Kapital Sozietateen Legearen testu bateginak, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsiak eta Lan sozietateei eta partaidetutako sozietateei buruzko urriaren 14ko 44/2015 Legeak ezarritako baldintzetan.

b) Akzioak edo partaidetzak eskuratu edo harpidetzen zaizkion entitatea ezin da egon negoziatzeko onartuta ezein merkatu antolatutan.

c) Zergadunak entitatean duen partaidetza, izan zuzenekoa izan zeharkakoa, gehi urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 42.3 artikuluan ezarritako eran zergadunarekin lotuta dagoen beste edozein pertsonak edo entitateak entitate berean izan lezakeena, ezin da izan entitatearen kapital sozialaren edo boto eskubideen 100eko 25 baino handiagoa.

6.– Aurreko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako kenkariak aplikatzeko, entitatea eratzen den unean bertan edo hura eratu ondorengo bost eta zazpi urte bitartean eskuratu behar ditu zergadunak akzioak edo partaidetzak, dela eraketaren bidez, dela kapital zabalkuntzaz, dela bigarren mailako merkatu batean eskuratuz.

Hazkunde prozesuan dauden entitateei, zeinak aipatu baitira aurreko 3. apartatuko b) letran, ez zaie aplikatuko zazpi urteko epe hori.

7.– Eskuratu edo harpidetutako akzio edo partaidetzek gutxienez bost urtez egon behar dute zergadunaren ondarean, salbu eta zergaduna edo entitate partaidetua konkurtso prozedura baten ondorioz likidatzen bada.

8.– Kenkari hau ez zaie aplikatuko inbertsioei, horiek jaso dituztenak entitate hauek direnean:

a) Berreskuratze agindu baten mende dauden enpresak, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa dela eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

b) Krisian dauden enpresak, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014/EB Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu horren bidez, laguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

c) Artikulu honetako 1. 2. eta 3. apartatuetan aipatzen diren akzioak edo partaidetzak jaulkitzean Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014/EB Erregelamenduaren 21. artikuluko 9. apartatuan aipatzen den arriskuko finantzaketaren zenbateko osoa gainditu duten edo gainditzen duten enpresak. Erregelamendu horren bidez, laguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, 107. artikulua eta 108. artikuluak aplikatuz.

9.– Kenkari hau aplikatu ahal izateko, akzioak edo partaidetzak harpidetu edo erosi zaizkion entitateak ziurtagiri bat luzatu behar du eta bertan adierazi entitateak bete egiten dituela akzio edo partaidetzak eskuratu ziren zergaldian kenkaria aplikatzeko eskatu zaizkion beharkizunak.

10.– Aurreko 1etik 7ra arteko apartatuetan ezarritako betekizunak betetzen ez badira, ez-betetzea gertatu den zergaldiko autolikidazioan zergadunak sartu beharko ditu kenkaritik ondorioztatzen den kuota gehi bidezkoak diren berandutze interesak.

11.– Kenkari hau aplikatzeko, urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 59. eta 67. artikuluetan xedatutakoa hartuko da kontuan, eta, ondorio horietarako, foru arau horren V. tituluko III. kapituluan araututako kenkarietarako jasotzen diren erregela orokorrak aplikatuko zaizkie.

Zehazki, urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 67.6 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, funts berberek ezingo dute kenkarirako eskubiderik sortu pertsona edo entitate batentzat baino gehiagorentzat.

12.– Artikulu honetan aipatzen diren kenkariak aplikatzea aukerakoa da, eta aukera hori baliatu nahi izanez gero, aintzat hartu beharko da martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 115. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa eta urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 128. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoa.

13.– Artikulu honetan araututako kenkariak aplikatu ahal izango dituzte, halaber, establezimendu iraunkor bidez diharduten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Araua aplikagarri bazaie, baldin eta zergadun horien zerga egoitza ez badago kokatuta paradisu fiskaltzat edo tributazio deusezekotzat jotzen den herrialde edo lurralde batean, martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraituz.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Mikroenpresek edo enpresa txikiek garatutako ikerketa eta garapen proiektuetan edo berrikuntza teknologikokoetan parte hartzea.

1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauren 13. artikuluan jasotakoari jarraituz 2022an mikroenpresatzat edo enpresa txikitzat hartzen diren entitateek garatutako ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuen finantzaketan parte hartzen duten sozietateen gaineko zergaren zergadunek foru arau horren 64 bis artikuluan jasotako kenkaria aplikatu ahal izango dute, bertan xedatutakoaren arabera eta berezitasun hauek kontuan hartuta:

a) Zergaren foru arauak 64 bis artikuluaren 2. apartatuko c) letran xedatutako betebeharra ez da aplikatuko.

b) Artikulu horretako 5. apartatuaren lehen paragrafoan xedatutako muga ez da aplikatuko.

c) Artikulu horretako 5. apartatuaren bigarren paragrafoan xedatutako muga 1.000.000 eurokoa izango da proiektu bakoitzeko.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikoko proiektu hauei aplikatuko zaie:

a) 2022an hasitakoei.

b) 2023an hasitakoei, 64 bis artikuluko 2. apartatuaren d) letran aipatutako finantzaketa kontratua 2022an formalizatzen denean.

c) 2020a baino lehen hasitakoei, baldin eta finantzaketa kontratua aldatua izan bada abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzkoak, 20.Bat artikuluko 8. apartatuan xedatutakoari jarraituz.

3.– Halaber, artikulu honetan araututako kenkaria aplikatu ahal izango dute establezimendu iraunkor bidez diharduten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Araua aplikatu behar bazaie, baldin eta zergadun horien zerga egoitza ez badago kokatuta zergarik gabeko edo paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean, martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraituz.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Tasen hobariak.

2022an zehar, toki entitateek aparteko hobariak onartu ahal izango dituzte Gipuzkoako Toki Entitateei buruzko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak II. tituluaren III. kapituluaren 3. sekzioan jasotakoari jarraituz ezarrita dauden udal tasen zenbatekoaren gainean.

Hobari horiek COVID-19aren osasun krisiaren ondorio izan beharko dute, eta krisiak bereziki eragindako kolektiboei aplikatu ahal izango zaizkie.

Artikulu honetan aipatutako hobarien ondorioek 2022ko urtarrilaren 1era arte izaten ahalko dute atzeraeragina.

ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jurisdikzio ez-kooperatiboa.

Foru araudiak berariazko erregulaziorik ezartzen ez duen bitartean, «jurisdikzio ez-kooperatibotzat» joko dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren hamargarren xedapen gehigarrian aipatzen diren herrialde, lurralde eta araubideak.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboak 2022tik aurrera.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 66.1 artikuluan aurreikusitakoa erregelamendu bidez garatzen ez den bitartean, lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboak zein diren zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen araudian xedatutakoari jarraituko zaio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen dira foru arau honetan jasotakoarekin bat ez datozen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea eta ondorioak.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean foru arau hau, bere xedapenetan jasotako ondorio espresuak eragotzi gabe.


Azterketa dokumentala