Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2022ko apirilaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1459

AGINDUA, 2022ko martxoaren 15ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2022. urtean literatura argitalpenetarako dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte eta kultura-jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak.

Euskal Autonomia Erkidegoan literatura-lanak argitaratzeko ahalegina sustatzeko xedez, material horiek editatzeko laguntza-bideak ezartzea beharrezkotzat jotzen du sail honek.

Kultura arloko estatu-laguntzei buruzko EB Europar Batasunaren araudian aldaketak egin ziren, 2014ko uztailaren 1etik aurrera honako hau jarri baitzen indarrean: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan zen, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluaren 3. atalean agertzen diren, jakinarazpen beharrik ez daukaten estatu dirulaguntzen kategoriak zabaltzea. Kategoria berrien artean daude ondare eta kulturako dirulaguntzak, eta zehatz-mehatz musika eta literaturaren edizioa.

Beraz, literatura argitalpenetarako dirulaguntzen kasuan, Itunaren 108. artikuluaren 3. atalean ezarritako jakinarazpen beharrik ez dago.

Horregatik, agindu honen bidez literatura-argitalpenetarako dirulaguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendura (53. artikulua eta I. kapitulua) egokituko dira. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187).

Deialdi hau, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren 2021-2024 urteetako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta 2022ko Dirulaguntzen Urteko Plan Estrategikoan dago.

Horiek horrela, hau

EBAzten DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honek euskaraz eta gaztelaniazko literatura argitalpenetarako dirulaguntzetarako deialdia egiten du, eta horiek jasotzeko araubidea ezartzen, 2022. urterako.

Dirulaguntzen helburua literatura edizioa sustatzea da. Eta horretarako 2022. urtean argitalpengintzan diharduten enpresek garatu beharreko euskarazko eta gaztelaniazko literatura-lanen urteko edizio-planaren eta euskarazko audioliburuen argitalpen-kostuen parte bat ordainduko da.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honetan jasotzen diren dirulaguntzak finantzatzeko 700.000 euro gordeko dira, diruz lagun daitezkeen honako jarduera-eremu edo modalitate hauen arabera banatuta:

a) Euskarazko literatura argitalpenak, 515.000 euroko zuzkidura izango duena.

b) Gaztelaniazko literatura argitalpenak, 125.000 euroko zuzkidura izango duena.

c) Euskarazko literaturako audioliburuen argitalpenak, 60.000 euroko zuzkidura izango duena.

2.– Modalitate bakoitzean zehaztutako diru kopuruak direnak direla, eskabiderik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez dituztelako, edo aurkeztutako eskabideek behar adina kalitate-maila ez dutelako, modalitateren batean erabakitako diru kopuru guztia baliatzen ez bada, Kalifikazio Batzordeak proposamen arrazoitu hau egingo dio Kulturako Sailburuordeari: sortutako soberakina beste modalitate baten diru kopuruari gehitzea. a) modalitatearen zuzkidura ez bada agortzen, soberakina c) modalitatera joango da lehendabizi, b) modalitatearen soberakina a) modalitatera joango da lehendabizi, eta c) modalitatean bada soberakina a) modalitatera joango da lehendabizi. Eragiketa hori egiteko, soberakina izan duen eremuaren edo modalitatearen prozedurak aldez aurretik ebatzia egon beharko du, eta soberakina jasoko duen modalitatearen prozedurak, aldiz, ebatzi gabe.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak izateko baldintzak.

1.– Deialdi honetan finkatutako betebeharrak betetzen dituzten argitaletxeek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak. Argitaletxetzat hartuko dira bakarrik, 2020. urtetik 2021. urtera bitartean gutxienez hiru egileren bost liburu paperean edo formatu digital irakurgarrian argitaratu dituzten merkataritza-erakunde pribatuak edo pertsona fisikoak. Erakunde pribatuen kasuetan, bere gizarte xedearen barruan argitalpengintza izatea, eta pertsona fisikoentzat jarduera ekonomikoen zergako edizio-jardueretarako epigrafean alta izan beharko dute. Ez dira emango dirulaguntzak, elkarteek eta fundazioek aurkeztutako eskabideei.

2.– Euskarazko literatura argitalpenen modalitatean eta euskarazko literaturako audioliburuen argitalpenen modalitatean, pertsona eta entitate eskatzaileek Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean egoitza izan beharko dute; eta eskabidea aurkezten duten momentuan hitzeman beharko dute, behin dirulaguntza emanez gero establezimendu egonkor bat izango dutela euskararen eremu geografikoan. Ondokoa joko da euskararen eremu geografikotzat: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea, eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa. Gainera, euskarazko literaturako audioliburuen argitalpenen modalitatean laguntza jaso ahal izateko, pertsona edo erakunde eskatzaileek laguntza deialdi honetako euskarazko literatura argitalpenaren modalitatean jaso behar izan dute laguntza.

Gaztelaniazko literatura argitalpenen modalitatean, pertsona eta entitate eskatzaileek Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean egoitza izan beharko dute; eta eskabidea aurkezten duten momentuan hitzeman beharko dute, behin dirulaguntza emanez gero establezimendu egonkor bat izango dutela Euskal Autonomia Erkidegoan.

Pertsona juridiko batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 21.2 artikuluan dioena hartuko da aintzakotzat.

3.– Pertsona fisiko eta juridikoek, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, zergak eta Gizarte Segurantzako kuotak egunean ordainduta izan beharko dituzte.

4.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona edo erakundeek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute dirulaguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren indarrez.

5.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratzeko, pertsona fisiko eta juridiko onuradunek egunean izan beharko dituzte dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

6.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso krisi egoeran dauden enpresak, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoaren Zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera (DO L 187 de 26.6.2014).

7.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso berreskuratzeko agindu baten pean dauden enpresek, batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

8.– Halaber, pertsona edo entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako beste baldintzak bete beharko dituzte.

4. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen materialak eta oinarrizko betebeharrak.

1.– Argitaletxeek edizio-plan ezberdinak aurkeztuko ahal izango dituzte dirulaguntza deialdi honetako modalitate bakoitzean, lehenengoan 2022. urtean argitaratuko diren euskarazko literatura liburuak paperean edo formatu digital irakurgarriak sartuz, bigarrenean 2022. urtean argitaratuko diren gaztelaniazko literatura liburuak paperean edo formatu digital irakurgarriak, eta hirugarrenean 2022. urtean argitaratuko diren giza ahotsez grabatutako euskarazko literaturako audioliburuak. Modalitate bakoitzari dagozkion baldintzak bete beharko dira. Edizio-planetan sartutako liburuek ezin izan dute dirulaguntza izan aurreko urtetako dirulaguntza hauen edizioetan. Aurkeztutako liburuak genero hauetakoak izango dira: eleberria, ipuinak, poesia, antzerkia, haur eta gazte literatura, komikiak eta literatura saiakera.

Lehenengo bi modalitateetatik bakar baterako –euskarazko literatura argitalpenak edo gaztelaniazko literatura argitalpenak– eskatu ahal izango da dirulaguntza, edo bietarako. Euskarazko literatura audioliburuen argitalpenerako modalitatean dirulaguntza eskatzeko, euskarazko literatura argitalpenen modalitatean ere eskatu beharko da. Modalitate bakoitzean eskatutako baldintzak bete beharko dira.

Liburu kontzeptua zer den ulertzeko, Irakurketa, liburu eta liburutegien ekainaren 22ko 10/2007 Legearen definizioa hartuko da gidari. Liburua, era inprimatuan edo irakurgarria den beste edozein euskarritan argitaratu daiteke.

2.– Aurkezten diren edizio-planeko liburuek ezaugarria hauek bete beharko dituzte:

a) Jabego intelektualari dagokionez indarrean dagoen arautegia bete beharko dute, bai eta ISBN eta lege-gordailua eskuratzeko egin beharreko lege-izapide guztiak ere.

b) Paperean inprimatutako lana denean, euskarazko lanen kasuan gutxienez 800 aleko tirada izatea, itzulitako lanak, poesia, entsegu, antzerki-lanak, eta irakurketa errazeko lanetan izan ezik, horietan 300 alekoa nahikoa izango baita. Eta gaztelaniazko lanen kasuan gutxienez 1.000 aleko tirada izatea, poesia, entsegu, antzerki-lanak eta Irakurketa errazeko lanetan izan ezik, horietan 750 alekoa nahikoa izango baita.

Irakurketa errazeko formatuko obratzat hartzen dira IFLAren (International Federation of Library Associations an Institutions) eta Inclusion Europe-ren nazioarteko jarraibideekin jarraitzen duten edizioak, hizkuntzari, edukiari eta formari dagokienez.

c) Testuak 50 orrialde hartuko ditu gutxienez, komikiak, haurrentzako liburuek, poesia, antzerki-lanak eta irakurketa errezekoek salbu.

d) Paperean inprimatutako lana denean, liburu-dendetan 500 ale gutxienez merkaturatzea, euskarara itzulitako lanak, euskarazko poesia, euskarazko entsegu, euskarazko antzerki-lanak eta irakurketa errazeko beste edozein euskarazko lanetan izan ezik, horietan 200 ale nahikoa izango baita. Eta euskarri digitalean argitaratutako lana denean, plataforma digital batean salgai egotea.

e) Liburuen lehen argitaraldiak izan behar dute. Berrargitalpenak ere izan daitezke, baina aurreko argitaraldia 6 urte baino lehenagokoa bada. Berrargitalpentzat hartzeko, ISBN berria eta laguntzen deialdiari dagokion urteko lege-gordailua izan beharko dituzte.

f) Euskarazko audioliburuen kasuan, obra beraren euskarazko edo aldi berean paperean egingo den aurreko argitalpen bat egon behar da.

5. artikulua.– Bazterketak.

Ez dira diruz lagunduko ondoko sailetariko batean sarturik dauden liburuak:

a) Testuliburuak, zientzia-liburuak, dibulgaziozko liburuak, bidaia edo beste gaietako gidak, sukaldaritza-errezeten liburuak, entziklopediak, hiztegiak eta hezkuntzara zuzendutako argitalpenak.

b) Bibliofilo-liburuak eta argitalpen mugatua eta numeratua dutenak.

c) Eguneratu daitezkeen lanak, atalka argitaratuak eta koadernatu gabeko orrietan argitaratutakoak, lan osoari kalterik egin gabe kendu edo alda daitezkeen zatiak dituztenak.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta bere Erakundeen Administrazioaren ediziorako dirulaguntzak jaso dituzten lanak.

e) Agindu honen dirulaguntzak eskuratzerik ez duten entitateen aginduz (erakunde publikoak, argitaletxe ez diren enpresak, irabazteko asmorik gabeko entitateak...), onuradun izan daitezkeen entitateek egindako argitalpen-lanak.

f) Liburugileak berak argitaratutako lanak, salgarri ez direnak eta argitaratzaileak berak egindako antologiak.

g) Epeka saltzeko argitalpen-lanak, eta liburu-klubek edo antzekoek bazkideentzat eta atxikientzat bakarrik argitaraturikoak.

h) Albumak, ebakigarriak, pintatzeko liburuak, eranskailudunak, denbora-pasakoak eta kaligrafia koadernoak.

i) Urtekariak, aldizkako argitalpenak eta eranskinak edo horien zenbaki monografikoak, dietarioak eta antzekoak.

j) Ale berean hizkuntza bi edo gehiagoko testuak dituztenak, poesia liburuetan jatorrizko testua agertzen den kasuetan izan ezik.

k) Berrinprimatutako obrak

6. artikulua.– Eskabideak.

1.– Agindu honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak Kulturako sailburuordeari zuzenduko zaizkio. Eskabide bat aurkeztuko da modalitate bakoitzeko.

2.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre: eskabideak, Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan (aldez aurretik hitzordua eskatuta https://euskadi.eus/hitzordua-zuzenean), EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkeztu ahal izango dira.

– Bitarteko elektronikoz: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez, artikulu honetako 6. apartatuan adierazten den helbidearen bidez.

3.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honen 6. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan.

4.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan

5.– Datuak ematerakoan gezurretan ibili edo irregulartasunak eginez gero, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak akats hori egin duen argitaratzailearen liburuei dirulaguntzarik ez ematea edo dirulaguntza zati bat kentzea erabaki dezake.

6.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak honako helbide elektroniko hauetan daude ikusgai:

– Euskarazko literatura argitalpenak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094413

– Gaztelaniazko literatura argitalpenak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094414

– Euskarazko literaturako audioliburuak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094415

7.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiltzeak –aurrez aurrekoa edo elektronikoa– ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren hurrengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

8.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Pertsona fisikoentzat, eta aurrez aurreko bidea aukeratzen badute, izapideak eskabidearen leku berberetan egin ahal izango dira.

9.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

8. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betebeharren akreditazioa eta ekarri behar den dokumentazioa.

1.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko ditu, automatikoki, dirulaguntza eskatu duten pertsonen edo entitateen identitateari buruzko datuak, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona edo entitate horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluak. Hala ere, pertsona fisikoen kasuan, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, baina, kasu honetan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

2. – Modalitate bakoitzeko aurkezten den proiektuari buruzko dokumentazioa:

a) Edizio-plan ezberdinak, argitaratuko diren euskarazko literatura liburuen argitalpengintzarako, gaztelaniazko literatura liburuen argitalpengintza eta euskarazko audioliburuentzat. Argitaletxeak, plana emandako ezaugarriekin gauzatzeko dirulaguntza beharrezkoa dela justifikatu beharko du. Planean sartutako liburu bakoitzeko edukia eta ikuspegia, egilearen jarduera eta edizio-epeak adierazi beharko dira. Gainera, euskarazko audioliburuen kasuan, ekoizpen-prozesua, interpreteak eta salmenta-kanalak (dokumentu bakarra formatu digitalean).

b) Modalitate bakoitzerako, argitaletxearen ibilbidea, azken hamar urte bakoitzean argitaratutako lanak, horien formatuak eta horien berrinprimaketak aipatuz. Gainera argitaratu diren euskarazko audioliburuak eta eLiburutegian dauden lanak. https://www.euskadi.eus gunean eskuragai dagoen eredua erabiliz.

c) Argitaletxearen katalogoa (dokumentu bakarra formatu digitalean).

d) Modalitate bakoitzeko marketin-plana, segmentazio-estrategiak eta hartzaileak, komunikazio-estrategia, banaketa-kanalak eta nazioartekotze-estrategia adierazita, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

e) Edizio-planean sartutako liburu bakoitzeko:

– Datu orokorrak, argitalpenaren ezaugarri teknikoak eta edizioaren kostua, https://www.euskadi.eus gunearen eskuragai dagoen eredua erabiliz.

3.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere, ezaugarria hauek izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean, eta ahal bada ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa aurkeztuko da ahal bada PDF formatuan.

c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

d) Katalogoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. 68.4 artikuluaren arabera, eskabide telematikoa egitera behartuta dauden subjekturen batek aurrez aurre aurkezten badu eskabidea, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.

10. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea, eta Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da laguntza horien arduraduna.

11. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Agindu honen 2.1 artikuluaren hiru prozeduretarako, balorazio-batzordeari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea, agindu honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak aintzat hartuta. Era berean, batzorde horrek aurkeztutako edizio-planak baloratuko ditu, landuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kulturako sailburuordeari igorriko. Bertan azalduko dira, hala badagokio, entitate onuradun bakoitzari egokitutako diru-kopurua eta emandako dirulaguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko ongi iritzitako baldintza guztiak, eta baita ukatutako eta ez onartutako eskabideen zerrenda eta horretarako emandako arrazoiak ere.

2.– Balorazio-batzordea osatzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluak xedatutakoa errespetatuko da.

3.– Balorazio-batzordean izango dira:

– Kultura Sustatzeko zuzendaria. Batzordeburua izango da eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko. Bera ez badago, batzordekiderik zaharrena izango da batzordeburua.

– Edizio gaian adituak direnen artean Kulturako sailburuordeak izendatutako 3-5 kide.

Balorazio-batzordekidea izango ez den Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari jardungo du. Hitza izango du, baina botorik ez.

4.– Balorazio-batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, lehenengo bilera egin aurretik.

12. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Balorazio-batzordeak egiaztatuko du edizio-planetan agertzen diren liburuek 4. artikuluko baldintzak betetzen dituztela. Horren ondotik, liburu bakoitzaren argitalpen-kostuak finkatu, honako bi hauen artean baxuena aukeratuz: enpresa eskatzaileak aurkeztutako informazio ekonomikoa, eta deialdi hau argitaratzen den unean Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzuko argitalpenetarako indarrean dauden prezioetan oinarritutakoa. Argitalpen-kostu hori kalkulatzeko, argitalpengintzaren alorreko adituen iritzia bil dezake batzordeak.

2.– Liburu bakoitzaren argitalpen-kostuaren kontzeptuan lehenengo bi modalitatetan sartzen dira: maketazio-kostu mekanikoak, 1.000 ale –edo egin behar direnak hortik beherakoak badira- horiei dagozkien inprimatze- eta koadernatze-kostuak, lanaren digitalizazioa, jatorrizkoak prestatzeko kostuak eta beharrezko argitalpen-diseinuaren kostuak. Euskarazko audioliburuen kasuan, obra bihurtzeko prestatzearen kostua, grabaziorako baliabide teknikoak eta interpreteei ordaintzea. Gainera, diruz lagundu daitezkeen kostuak 2022an egiletza-eskubideengatik (1.000 ale edo egin behar direnak hortik beherakoak badira, edo BEZik gabeko PSParen % 10) egindako ordainketak izango dira.

3.– Balorazio-batzordeak argitaletxe bakoitzak aurkezturiko edizio-planen diruz lagunduko diren kostuak zehaztuko du, hau da, 4. artikuluko baldintzak betetzen dituzten liburu guztien kostuen batuketa, kontuan hartuta a) eta b) modalitateetan lan bakoitzak ezin duela 7.500 euroko kostua gainditu, eta 4.000 euroko kostua c) modalitatean.

4.– Aurkeztutako edizio-planaren diruz lagunduko den kostuen % 70eraino irits daiteke dirulaguntza.

5.– Dirulaguntzak eta horien zenbatekoak zehazterakoan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan modalitate bakoitzean aurkeztutako edizio-planak baloratzerakoan:

a) Edizio-planean sartutako lanen kultura-arloko interesa, gehienez % 50. Alderdi hauek hartuko dira kontuan, plana bere osotasunean begiratuta:

– Lanen kalitatea (% 10).

– Lanen edukia (% 10).

– Egileen ibilbidea (% 10).

– Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean eta Iparraldeko Mankomunitate Bakarrean jaiotako edo bertan bizi diren egileek idatzitako lanen proportzioa (% 10): 10 puntu, baldin eta obren % 60 edo gehiago EAEn edo Nafarroako Foru Komunitatean edo Iparraldeko Elkargoan jaiotako edo bizi diren egileek idatziak badira; eta 5 puntu, obren ehuneko hori % 40ra iristen bada. B) modalitatean, Euskal Autonomia Erkidegoan jaio edo bizi diren egileak bakarrik hartuko dira kontuan. Obrak idazle bat baino gehiago badu, guztiek bete beharko dute baldintza.

– Emakumeek idatzitako lanen proportzioa (% 10). 10 puntu lortuko dira lanen % 60 edo gehiago emakumeek idatzita badira, eta 5 puntu emakumeek idatzitzako lanen ehunekoa % 40ra iristen bada. Lanak idazle bat baino gehiago badu, guztiak izan beharko dira emakumeak.

b) Eskabidea egin duen argitaletxearen katalogoa eta modalitate bakoitzeko ibilbidea, gehienez % 33. Honako hauek hartuko dira kontuan:

– Azken hamar urteetan euskaraz edo gaztelaniaz argitaratutako lanak, modalitatearen arabera (% 10).

– Azken hamar urteetan euskaraz edo gaztelaniaz berrinprimatu diren lanak, modalitatearen arabera (% 5).

– Argitalpen-marketineko plana (% 15): segmentazio-estrategia 3 puntura arte, komunikazio-estrategia 4 puntura arte, banaketa-kanalak 5 puntura arte eta nazioartekotze-estrategia 3 puntura arte.

– Argitaletxearen lanen presentzia Eusko Jaurlaritzaren eLiburutegia liburu digitalen mailegu-plataforman (% 3), 3 puntu lortuz, baldin eta azken hiru urteetan dirulaguntza eskatu den hizkuntzan argitaratutako literatura-lanen % 50 gutxienez eLiburutegian eskuragarri badaude, 2 puntu % 25era iristen bada eta puntu 1 % 5era iristen bada.

c) Proposatzen den edizio-planaren ezaugarri teknikoak gehienez % 17.

a) eta b) modalitateetan, hauek kontuan hartuko dira:

– Euskarri digitalaren erabilera (% 7). 7 puntu lortuko dira urteko Argitalpen Planean jasotako obren % 90 gutxienez digitalean argitaratzen bada, 3,5 % 50 digitala bada eta 1,5 % 20ra iristen bada.

– Paperezko liburuaren formatua, azalaren mota, paperaren gramajea eta inpresio mota (% 10). Paperezko libururik ez badago, liburu digitalen kalitatea.

c) modalitatean kontuan hartuko dira:

– Euskarazko audioliburua ekoizteko prozesua (% 2).

– Interpreteen profesionaltasuna (% 5).

– Audioliburuetan espezializatutako nazioarteko plataforma batean salgai egotea (% 10).

6.– Balorazio-baremotik gutxienez % 60ko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak baztertuta geratuko dira, eta ezin izango dute hautatutako proiektuetan barne hartu.

7.– Dirulaguntzen kopurua zehazteko irizpide proportzionala erabiliko da. Modalitate bakoitzaren baliabide ekonomikoak banatuko dira aurreko atalean ezarritako puntuazio minimoa lortzen duten proiektuen artean, betiere Edizio-Planaren kostuaren arabera. Edizio-plan bakoitzari dagokion dirulaguntzaren kopurua kalkulatzeko, ezarritako irizpideen arabera balorazio fasean lortutako puntuazioari dagokion zuzenketa- koefizientea (1 =>60 eta <70 puntu dagoen kasuetan, 1,5 => 70 eta < 80 puntu dagoenean eta 2 => 80 puntu dagoenean), Edizio-Planen kostu osoari aplikatuko zaio.

13. artikulua.– Bateraezintasunak.

Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraz eta bere Erakundeen Administrazioez bestelako erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berarekin emandako beste edozein dirulaguntzarekin, nahiz eta inolaz ere ezingo den balorazio-batzordeak ezarritako edizio-kostuaren % 70 gainditzen duen dirulaguntzarik eman. Hori gertatuz gero, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzari soberakina kenduko zaio.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– 2.1 artikuluaren prozedura bakoitzean, Kulturako sailburuordeari dagokio aurkeztutako eskabideak ebaztea, 11. artikuluan aurreikusitako balorazio-batzordeak proposatutakoa ikusi eta gero. Hartzen den ebazpenean, interesdun bakoitzari sei hilabeteko epean deialdiaren agindua ondorioak sortzen dituen egunetik kontatuta jakinaraziko zaiona, laguntza eman den edo ez zehaztuko da, hala gertatzen den kasuan, eta eman denean, zein pertsonak edo erakundek jaso duen eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Eskabide ukatuen kasuan, eskatzaileen izena eta ukatze horren zergatiak ere adierazi beharko dira.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

3.– Ebazpena emateko epea igarota, interesdunak bere eskabidea ezetsi dela ulertuko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan jasotako ondorioetarako.

4.– Eskatutako dirulaguntzen gaineko ebazpenak emateko eta horiek jakinarazteko epeak direla eta, baldin aplikagarria bada agindu honen 9. artikuluan aurreikusitakoa, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek behar duen beste denboraz, aintzat hartuta jakinarazpena noiz jasotzen den eta erantzuna emateko zein epe dagoen.

5.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, dirulaguntzaren xedea bete bada– edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik beste dirulaguntzarik jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

6.– Deialdi honen kontura emandako dirulaguntzen zerrenda osoa, pertsona eta entitate onuradunak, kopuruak eta laguntzen xedea zehaztuta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

7.– Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egindako jakinarazpena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

8.– Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» bidez egingo dira.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek betebehar hauek izango dituzte, betiere:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza ematen zaiela jakinarazteko gutuna jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.

b) Ekonomia eta Ogasuna Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.

c) Dirulaguntza eman zaien helbururako erabiltzea. Diruz lagundutako egitasmoaren helburua edo izaera nabarmen aldatzen duen edozein gorabehera gertatuz gero (egileen aldaketa, lanen izenburua, ezaugarri teknikoak, kostuak...), horren berri eman beharko da, idatziz.

d) Dirulaguntza jaso duten liburuetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza espresuki adieraztea.

e) Dirulaguntza eskatzen duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzak Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, eskabidearekin batera Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko agiria, aurkeztu beharko du. Agiria https://www.euskadi.eus/hirugarrenak gunean dago eskuragarri.

Halaber, pertsona eta entitate onuradunek, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak izango dituzte.

16. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, dirulaguntza osoaren % 50, ebazpena jakinarazi ondoren eta 15. a) artikuluan ezarritako epea ukorik gabe igaro eta gero.

b) Dirulaguntzaren beste % 50a, agindu honetan ezarritako baldintzak bete direla justifikatu ondoren, eta, betiere, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Dirulaguntzak ez dira ordainduko onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta ez baditu, edo dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez izatea.

17. artikulua.– Justifikazioa aurkezteko tokia eta modua.

1.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa 2023ko martxoaren 10a arte aurkez daiteke.

2.– Justifikazioak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Arreta Bulegoetan eta Lurralde Ordezkaritzetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organo edo establezimenduetan. Zuzenean zerbitzuan justifikazioak aurkeztu ahal izateko aldez aurretik zita eskatu beharko da https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean.

3.– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dira, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunean. Pertsona fisikoentzat, eta aurrez aurreko bidea aukeratzen badute, izapideak eskabidearen leku berberetan egin ahal izango dira.

18. artikulua.– Dirulaguntza bakoitzaren justifikazioa egiteko, aurkeztu behar den dokumentazioa.

a) Diruz lagundutako edizio-planaren exekuzio gisa argitaratutako liburuen zerrenda, honako hauek adierazita: izenburua, egilea, ISBN, Lege-gordailua eta argitalpen-data, https://www.euskadi.eus -eko egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

b) Diruz lagundutako lan guztiek sortarrazitako gastuen ordainagiri guztiak jasotzen dituen zerrenda zehatza, https://www.euskadi.eus gune elektronikoan agertzen den ereduaren arabera.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.

c) Diruz lagundutako edizio-planeko lan bakoitza argitaratzeko egindako gastuen egiaztagiriak, inprimaketa-fakturetan zenbat ale ekoitzi diren adieraziz.

d) Paperez egindako argitalpenen ale bat eta edizio digitalen eta euskarazko audioliburuen fitxategia.

e) Paperean argitaratutakoen kasuetan, banatzaileak liburu-dendetan zabaltzeko jaso duen liburu kopurua ziurtatzen duen egiaztagiria.

f) Argitalpen-kontratua, testuaren, ilustrazioen eta itzulpenaren egile-eskubideen titularrekin, edo obra jabari publikoko araubidean egotearen justifikazioa.

19. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera, diruz lagundutako jardueraren % 75era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.

2.– Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira editoreak dirulaguntza jaso duen jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

20. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Dirulaguntza ematea eragin zuen edozein baldintza edo betebehar betetzen ez dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio. Betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua), eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotakoak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua, ekainaren 21eko 887/2003 Errege Dekretuaren bidez onartua, bete beharko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIETAKO LEHENENGOA

Laguntza-deialdi hau barne-merkatuarekin Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduak 107. eta 108. artikuluak aplikatuz bateragarritzat jotako laguntza-kategorietan sartzen da.

XEDAPEN GEHIGARRIETAKO BIGARRENA.– Datu pertsonalak

1.– Datu pertsonalen tratamenduek baldintza hauek bete beharko dituzte: datu pertsonalen babesari buruzko egungo araudia; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio eskeari dagokienez, eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

2.– Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz 3/2010 Errege Dekretuak onartutako II. eranskinekoekin (Segurtasun-neurriak) –3/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Administrazio Elektronikoaren eremuan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duena–.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bideari amaiera ematen dion agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaioke interesdunak Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 15a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala