Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

46. zk., 2022ko martxoaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1067

AGINDUA, 2022ko otsailaren 23koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita euskal kirol-federazioen 2022ko kirol-programak finantzatzeko dirulaguntzetarako deialdia.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, agindu honen bidez, dirulaguntza-lerro bat ezartzen du euskal kirol-federazioen 2022ko kirol-programak finantzatzeko.

Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen arabera, kirola interes publikoko jarduera da, eta herritarrek kirola egiteko eskubidea dute. Hori dela eta, lege horrek printzipio gidarien artean ezartzen du botere publikoek, beren eskumenen esparruan, eskubide hori behar bezala gauzatzen dela bermatuko dutela. Hori guztia kirol-politika baten bidez egingo da, honako printzipio hauetan oinarrituta, besteak beste: kirol-elkartegintza antolatzea eta sustatzea, kirolaren egitura pribatuak aitortzea eta babestea, eta goi-mailako kirola sustatzea.

Lege horren 4.2 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei dagokie kirol-federazioak onartzea, bai eta federazio horiek laguntzea, finantzatzea, esku hartzea eta kontrolatzea ere, beren funtzio publikoak betetzen dituztela bermatzeko.

Sustapen-betebehar hori euskal kirol-federazioen kirol-programak finantzatuz gauzatzen da, abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren bidez araututa. Dekretu horren helburua kirol-federazioen finantzaketa-araubidea arautzea da, haien kirol-programetarako itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak emanez.

Agindu hau, bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago, zeina Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu baten bidez onartu eta sail horren webgunean argitaratu baitzen.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen II. tituluko IV. kapitulua kontuan hartuta, modu aktiboan hartuko da kontuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren helburua, dirulaguntza-programa hau prestatu eta aplikatzean.

Beraz, beharrezkoa da euskal kirol-federazioek erakunde onuradun izateko bete behar dituzten ezaugarriak definitzeko betekizunak eta irizpideak ezartzea, bai eta dirulaguntza horiek eskatzeko, izapidetzeko eta emateko arauak ere.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuan aurreikusitako euskal kirol-federazioen kirol-programak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia egitea. Dekretu horren bidez, euskal kirol-federazioen finantzaketa-araubidea arautu zen.

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

2022ko ekitaldian, bi milioi eta berrehun mila (2.200.000) eurokoa da agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko aurrekontu-zuzkidura.

3. artikulua.– Erakunde onuradun izateko betekizunak.

1.– Euskal kirol-federazioen eraketa eta funtzionamendua arautzen dituen urriaren 9ko 265/1990 Dekretura beren estatutuak egokitu dituzten euskal kirol-federazioek jaso ahal izango dute dirulaguntza hau. Era berean, beren gobernu-organoak izan beharko dituzte, beren estatutuen eta indarreko legediaren arabera.

2.– Ezin izango dute dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako egoeraren batean dauden erakundeek.

Era berean, ezin izango dituzte deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik duten erakundeek, ezta horretarako ezgaitzen dituen legezko debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz, dagokion zehapenak ezartzen duen aldian.

3.– Onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

Egunean izan beharko dituzte dirua itzultzeko betebeharrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Eskatutako laguntzen zenbatekoa norgehiagoka-araubidearen bidez zehaztuko da, eta, horren arabera, agindu honen 2. artikuluan esleitutako zuzkidura ekonomikoa honela banatuko da: eskabideek, agindu honen 10. artikuluan jasotako irizpideak aplikatuz, balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera, ezarritako laguntzaren gehieneko zenbatekoa errespetatuz, edo, txikiagoa bada, eskatutako zenbatekoa aintzat hartuta.

Onuradun bakoitzeko, dirulaguntza ez da inola ere 180.000 eurotik gorakoa izango, eta eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa ere izango da dirulaguntzaren gehieneko muga.

5. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

1.– Erakundeek nahitaez bide elektronikotik izapidetu behar dute dirulaguntza, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da elektronikoki, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

2.– Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak eskuragarri dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskabidearen formulariora sartzeko erabiltzen dena, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0130106

Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Erakundeek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, aukeran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

4.– Eskabideak aurkezteak berez dakar berariaz eta formalki onartzea deialdi honetako oinarrietan zehaztutako baldintzak.

5.– Agindu honen babesean ematen diren laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Dirulaguntzetarako eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira: hizkera inklusiboa eta ez-sexista, eta datu guztiak sexuaren arabera bereizita:

Kirol-proiektuaren azalpen-memoria. Bertan, honako gai hauek aipatu beharko dira (II. eranskina):

– Federazioak antolatutako kirol lehiaketa ofizialak. Espezialitate edo diziplina bakoitzean eta kategoria bakoitzean, zenbat lehiaketa egitea aurreikusten duten, parte hartuko duten kirolarien eta kluben kopurua eta parte hartuko duten kluben ehunekoa adierazita, federazioan afiliatutako klub guztien kopuruaren aldean.

– Federazioak antolatzen laguntzen duen lehiaketak. Espezialitate edo diziplina bakoitzean eta kategoria bakoitzean, zenbat lehiaketa egitea aurreikusten duten, parte hartuko duten kirolarien eta kluben kopurua eta parte hartuko duten kluben ehunekoa adierazita, federazioan afiliatutako klub guztien kopuruaren aldean.

– Kirol-prestakuntzako jarduerak. Garatu beharreko jardueren zerrenda, eta ordu kopuruari eta parte-hartzaile kopuruari buruzko zenbatespena.

– Kirol-selekzioen jarduerak.

– Euskaliten 3K Programako «Kudeaketa Aurreratuaren Diploma», zeinak aintzatesten baititu Euskaliten kanpoko kontraste-zerbitzua jasotzen duten eta Kudeaketa Aurreratua osatzen duten elementuak garatzeko konpromisoa erakusten duten erakundeak, edo haren baliokidea.

Erakundearen urteko aurrekontua, Batzar Nagusiak 2022ko ekitaldirako onartua, V. eranskinean ezarritako ereduaren arabera. Zuzendaritza Batzordeak edo Batzar Nagusiak izendatu duen organoak aurkez dezake aurrekontua, betiere Batzar Nagusiak aurrerago berresteko konpromisoa hartuta. (V. eranskina)

Agindua argitaratzen den egunean federazioan afiliatuta dauden goi-mailako kirolarien zerrenda (Kirol Kontseilu Gorenak eta/edo Eusko Jaurlaritzak onartuak).

Federazioak euskara zenbateraino erabiltzen duen adierazten duen azalpen-memoria (III. eranskina). Honako hauek aipatuko dira:

– Zenbat prestakuntza-ikastaro ematen diren euskaraz.

– Euskararen erabilera federazioaren dokumentu eta argitalpenetan.

– Euskarazko web orririk duen.

– Jendeari euskaraz kasu egiten zaion.

– Federazioaren kanpo-harremanetan euskara erabiltzen den.

– Federazioko kideekin euskara erabiltzen den.

– Federazioko hizkuntza-paisaian euskara erabiltzen den.

Azalpen-memoria (VII. eranskina), federazioak desberdinkeriak ezabatzeko, emakumeen parte-hartzea sustatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko garatutako ekintzak jasotzen dituena.

Lizentzia federatua duten kirolarien kopurua 2021eko abenduaren 31n (IV. eranskina).

7. artikulua.– Eskabideetan eta dokumentazioan dauden akatsak zuzentzea.

Eskaera izapidetzea onartzeko dokumenturik ez dagoela edo akats formalak daudela ikusiz gero, eta baloratzeko alegatutako dokumentazioan akatsak daudela ikusiz gero, hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio erakunde interesdunari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela, ebazpena eman ondoren.

Erakunde eskatzaileren batek aurrez aurre aurkezten badu eskabidea, aurkezpen elektronikoaren bidez zuzentzeko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

8. artikulua.– Dirulaguntza-programa kudeatzea.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak kudeatuko du agindu honetan arautzen den dirulaguntza-programa.

9. artikulua.– Kalifikazio Batzordea.

Kalifikazio Batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu eta baloratzeko. Honako hauek osatuko dute batzordea: Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria (Batzordeburua izango da) eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak izendatutako arlo horretako bi teknikari (horietako bat idazkaria izango da).

Kalifikazio Batzordea eratzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.

Kalifikazio Batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik, interesa duen edozeinek aukera izan dezan errekusatze-eskubideaz baliatzeko, legez ezarritako egoera eta baldintzetan.

Batzorde horrek arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari helaraziko dio.

10. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

Kalifikazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu, eta zehaztutako alderdi guztiak ebaluatuko ditu, irizpide eta baremo hauen arabera:

a) Kirol-proiektua (puntuen % 55).

Aurkeztutako kirol-proiektuaren interesa baloratuko da, honako gai hauek kontuan hartuta:

– Federazioak antolatutako kirol-lehiaketa ofizialak.

– Federazioak antolatzen lagundutako kirol-lehiaketa ofizialak

– Federazioak egindako kirol-prestakuntzako jarduerak.

– Kirol-selekzioen jarduerak.

– Euskaliten 3K Programako «Kudeaketa Aurreratuaren Diploma», zeinak aintzatesten baititu Euskaliten kanpoko kontraste-zerbitzua jasotzen duten eta Kudeaketa Aurreratua osatzen duten elementuak garatzeko konpromisoa erakusten duten erakundeak, edo haren baliokidea.

b) Euskararen erabilera (puntuen % 10). Puntu bana emango zaie euskaraz osoki egindako honako ekintza hauei, eta puntu erdia euskaraz partez egindako ekintza bakoitzari: Guztizko zazpi puntuak lortzen dituenari beste hiru emango zaizkio, eta horrela gehieneko hamarrak lortuko ditu.

– Euskaraz emandako prestakuntza-ikastaroak.

– Euskararen erabilera federazioaren dokumentu eta argitalpenetan.

– Euskarazko web orria izatea.

– Jendeari euskaraz kasu egitea.

– Federazioaren kanpo-harremanetan euskara erabiltzea.

– Federazioko kideekin euskara erabiltzea.

– Federazioko hizkuntza-paisaian euskara erabiltzea.

c) Autofinantzaketa-maila (puntuen % 5), honako banaketa honen arabera:

– % 0,00 – % 49,99: 0 puntu.

– % 50,00 – % 74,99: 2 puntu.

– % 75,00etik gora: 5 puntu.

d) Federazioan afiliatuta dauden goi-mailako kirolarien zerrenda – Kirol Kontseilu Gorenak eta/edo Eusko Jaurlaritzak onartuak – (puntuen % 5), honako banaketa honen arabera:

– 1 eta 3 kirolari bitartean: 2 puntu.

– 4 eta 6 kirolari bitartean: 4 puntu.

– 6 kirolari baino gehiago: 5 puntu.

e) Federazioak desberdinkeriak ezabatzeko, emakumeen parte-hartzea sustatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko garatutako ekintzak. Zuzendaritza Batzordearen osaera (puntuen % 20).

Zuzendaritza Batzordearen osaera (5 puntu, gehienez) Zuzendaritza Batzordean emakumeak % 50 baino gehiago badira, 3 puntu. Zuzendaritza-karguetan emakumeak badaude: puntu 1 kargu bakoitzeko. Ez dira kontuan hartuko lurralde-federazioek emandako karguak. Zuzendaritza Batzordeen datuak Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatuta dauden bezala hartuko dira.

Abusuen aurkako protokoloak (5 puntu, gehienez).

Berdintasunaren arloko prestakuntza-ekintzak (5 puntu, gehienez).

Desberdinkeriak ezabatzeko ekintza zehatzak (5 puntu, gehienez).

Berdintasun-plana (5 puntu, gehienez).

Hizkera berrikustea federazio-dokumentuetan (erregelamenduak, estatutuak, komunikazioak, etab.) (5 puntu, gehienez).

Berdintasuna lortzeko ekintzetarako aurrekontu-partida zehatza (5 puntu, gehienez).

f) Lizentzia federatua duten kirolarien kopurua deialdia argitaratzen den egunean (puntuen % 5).

Laguntzen zenbatekoa norgehiagoka-araubidearen bidez zehaztuko da, eta, horren arabera, agindu honen 2. artikuluan esleitutako zuzkidura ekonomikoa honela banatuko da: eskabideek, agindu honen 10. artikuluan jasotako irizpideak aplikatuz, balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera, ezarritako laguntzaren gehieneko zenbatekoa errespetatuz, edo, txikiagoa bada, eskatutako zenbatekoa aintzat hartuta.

11. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako mugak alde batera utzi gabe, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketen dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabideekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada.

12. artikulu.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman eta jakinaraziko du, Kalifikazio Batzordeak egindako proposamena ikusita, gehienez ere hiru hilabeteko epean, deialdi-agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Ebazteko epea amaitu eta interesdunari jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea ezetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

3.– Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, agindu honen 7. artikuluan aurreikusitakoa aplikatu behar denean, ebazteko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen denboran, jakinarazpena jaso eta erantzuteko epearen arabera.

4.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan eta 39/2015 Legearen 43. artikuluan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena egintzat joko da haren edukia eskuratzen den unean.

Jakinarazpenaren xede den egintza aipatutako dekretuan adierazitako helbide elektronikoan erakunde interesdunaren edo, hala badagokio, legezko ordezkariaren edo pertsona baimenduaren eskura jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igarotakoan erakunde interesdunak ez badu jakinarazpenaren edukia eskuratu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Kasu horretan, izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo pertsona edo erakunde hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela edukira sartzea.

Interesdunak gailu elektroniko bat edota helbide elektroniko bat identifikatu ahal izango du, jakinarazpenen abisuak bidaltzeko balioko dutenak.

5.– Jakinarazten den ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea berariazko ebazpenik eman gabe igarota, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, hargatik eragotzi gabe uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitakoaren arabera administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aukera.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza honela ordainduko da:

1.– Laguntza eskatzen den urtearen aurreko urtean laguntza lortu duten federazioei laguntzaren % 50 ordainduko zaie aldez aurretik. Aurreko urtean laguntzarik jaso ez duten federazioek aurreko urtean dirulaguntza txikiena jaso zuen federazioari emandako laguntzaren % 50 jasoko dute aldez aurretik.

2.– Aurreko urtean emandako dirulaguntzaren justifikazioa aurkeztu eta onartu ondoren, bigarren ordainketa bat egingo da, urte horretako dirulaguntzaren % 25ari dagokiona.

3.– Dirulaguntzaren gainerakoa, dirulaguntza eskatzen den urterako onartutako laguntza osora iritsi arte, aurreratutako ordainketetan emandako zenbatekoak justifikatu ondoren likidatuko da.

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko, edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti bete beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan araututako betebehar-erregimena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 50.2 artikuluan ezarritako betebehar-erregimena; zehazki, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Diruz lagunduko den jarduera egitea.

b) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakitera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean onuradunek ez badiote idatziz eta espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

c) Aurkeztu den aurrekontuan agertzen diren gastuak ordaintzeko erabiltzea dirulaguntza, Kultura, eta Hizkuntza Politikako sailburuaren emate-ebazpenarekin bat etorriaz.

d) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, haiek hala eskatuz gero beren funtzioen jardunean.

e) Jarduera beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin finantzatu dela jakinaraztea dirulaguntza ematen duen organoari. Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

g) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jardueretan eskatu ahal izango baitira.

h) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekitaldi guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

i) Jasotako funtsak itzultzea deialdi honen araudian aurreikusitako kasuetan.

Bereziki, 38/2003 Legearen 18.4 artikulua bete behar da, hau da, dirulaguntza jaso dezaketen programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoaren berri behar bezala jakinaraztea da, erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

Justifikazioak bide elektronikoz aurkeztuko dira, 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen, agindu honen 5. artikuluan ezarritako jarraibideei jarraituz, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30. artikuluan dirulaguntzen justifikazioak aurkezteko ezarritakoa kontuan hartuta.

Bide elektronikoz aurkeztu beharreko egiaztagiriak:

a) Gauzatutako kirol-proiektuari buruzko memoria, eskabidean adierazitako jarduerak garatu izana justifikatzen duten agiriekin batera; datu guztiak sexuaren arabera bereizita aurkeztuko dira.

b) Batzar Nagusiak onartutako 2022ko aurrekontuaren likidazioa (VI. eranskina).

c) Faktura eta ordainagirien bidez gastua justifikatzea. Gastuak justifikatzeko, fakturak aurkezko dira, bai eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten agiriak ere. Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte.

Faktura eta egiaztagiri guztiak espediente elektronikora igo beharko dira.

Aurkezten diren fakturak dirulaguntzaren zenbateko osoa justifikatu behar dute.

d) Egindako gastuen zerrenda zehatza, jardueraren zenbateko osoaren baliokidea (VIII. eranskina edo dokumentu baliokidea).

e) Helburu bererako emandako laguntzen zerrenda, baldin eta eskabideak aurkezteko unean haren eraginkortasunaren berri izan ez bada.

f) Eskabidean bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko konpromisoa agertu duten federazioen kasuan, erabilera hori egiaztatzen duten agirien aleak.

g) Federazioko idazkariak egindako ziurtagiria, lehendakariak sinatua, federazioaren dokumentazio ekonomiko hau jasotzen duena:

1.– Balantzea, 2022ko abenduaren 31n.

2.– Altxortegi garbia, 2022ko abenduaren 31n.

3.– Finantza-erakundeekiko zorrak, 2022ko abenduaren 31n.

4.– Azken bi ekitaldietako mozkin eta galeren kontua.

h) Federazio-lizentzien guztizko kopurua, 2022ko abenduaren 31n.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, hala badagokio, dagoeneko ordaindu den baina itzuli egin behar den zenbatekoa adieraziko du, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin bat etorrita.

16. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoak, baldin eta 2022an egiten badira.

17. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –dirulaguntzaren xedea bete bada, betiere– edo, hala badagokio, beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik bestelako dirulaguntza eta laguntzaren bat jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da dirulaguntzaren, araudi erregulatzailean ezarritako baldintzetan, eta dirulaguntzen arauak onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-ebazpena emango du, zeinetan doituko baitira esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoak.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetze kasuak azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak dira.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, betiere arau hauen arabera: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37.1 eta 37.2 artikuluak; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. artikulua.

XEDAPEN GEHIAGARRIA.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

– Arduraduna: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

– Helburua: Euskal kirol-federazioen kirol-programak finantzatzeko dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: Interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko beharrezkoa den tratamendua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina).

– Hartzaileak: Arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: Eskubidea duzu zure datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo hari aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaltzen den bezala.

– Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarria: www.euskadi.eus/rgpd/0130106

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 23a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala