Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

46. zk., 2022ko martxoaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1057

30/2022 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jardueren eta proiektuen aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko akordioa argitaratzeko dena.

Gobernu Kontseiluak, 2022ko otsailaren 8an egindako bilkuran, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jardueren eta proiektuen aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko akordioa onartu zuen, eta behar bezalako publizitatea emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea akordioaren testua, Aurrekontua eta kontabilitatea gauzatzeari, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planari lotutako jarduerak eta proiektuak kudeatzeari eta horien jarraipena egiteari buruzkoa. Eranskin gisa ageri da.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 1a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 1EKO 30/2022 EBAZPENARENA
ERABAKIA, SUSPERTZE, TRANSFORMAZIO ETA ERRESILIENTZIA PLANARI LOTUTAKO JARDUEREN ETA PROIEKTUEN AURREKONTU- ETA KONTABILITATE-BETEARAZPENARI, KUDEAKETARI ETA JARRAIPENARI BURUZKOA

Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa, zeinaren erregelamendua 2021eko otsailean onartu baitzen, aukera paregabea da gure herriarentzat, baina baita erronka administratibo handia ere.

Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana egikaritzeko presako neurriak onartzen dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez, berriz (lege-proiektu gisa izapidetzen ari da orain, eta zuzenketak jaso ditzake, horrenbestez), behar ziren xedapen orokorrak ezarri dira Europako funtsen bidez, bereziki Europako Kontseiluak uztailaren 21ean onetsitako Suspertzeko Tresnatik datozen funtsen bidez, finantzatu daitezkeen jardueren programazioa, aurrekontua, kudeaketa eta betearazpena errazteko. Era berean, arau horrek zenbait neurri ezartzen ditu Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana ezartzeko. Plan horren bidez Espainiako Estatuak 70.000 milioi eskura ditzake Suspertze eta Erresilientzia Mekanismo horretatik. Ministro Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onartu du mekanismoa, eta, Europako erakundeen aurrean formalki aurkeztuta, haien ebaluazio positiboa jaso du ekainean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduan aurreikusitakoari jarraikiz (erregelamendu horrek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du).

Errege lege-dekretu horretan diseinatutako gobernantza-eredua –bai eta Espainiako Gobernuaren Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planean bertan diseinatutakoa ere– dela-eta, aipatutako jarduketei lotutako funtsak bereziki kontuan hartu beharko dira jarraipenari, finantzatutako gastuen eraginari eta gastu horiek ez gauzatzeko eta itzultzeko araubideari dagokienez. Horrek, era berean, aldatu egiten du aurrekontuak betearazteko eta kontrolatzeko mekanismoak erabiltzeko ohiko araubidea, eta ondorioz, haiek kudeatu behar dituzten administrazio-organoen erantzukizunei heltzeko beste modu batzuk behar dira.

Hala, errege lege-dekretuak zenbait eskakizun ezartzen ditu Suspertze, Erresilientzia eta Transformazio Planaren bidez finantzatutako proiektuen jarraipenari dagokionez (46. artikulua), bai eta Planaren proiektu edo ekimenei egotzitako gastuen kontabilitate-betearazpenaren jarraipenari buruzko informazioa aldian-aldian igorri beharra ere, Estatuko agintariek ezarritako aldizkakotasun, prozedura eta formatuarekin.

Aurreikuspen horiek garatzeko, honako hauek eman dira: HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen duena, eta HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen dituena Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren ataletako neurrien mugarri eta helburuak zenbateraino betetzen diren jakiteko jarraipena egiteko eta neurrion aurrekontu- eta kontabilitatea-betearazpenaren jarraipena egiteko. Bi xedapen horiek zenbait betebehar jasotzen dituzte, eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jarduerak eta proiektuak gauzatzeko ardura duten entitate publikoek bete behar dituzte horiek, jarduketa eta proiektu horien kudeaketari, jarraipenari eta aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenari dagokienez.

Aldizkako informazio-betebehar horiek Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren beraren eraketaren ondorio dira, osagaietan egituratutako neurri multzo bat egituratzen baitu. Administrazio publikoek gauzatuko dituzte neurri horiek, eta Europako Batzordeko Zerbitzuek balioetsi beharko dituzte. Horretarako, kudeaketaren eta jarraipenaren informazio-sistema bat diseinatu da, eta sistema horri jarraitu behar diote ardurapean dituzten neurriak, proiektuak eta azpiproiektuak betearazteko erantzukizuna duten Estatuko, autonomia-erkidegoko eta tokiko administrazioetako organo guztiek.

Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planak hogeita hamar osagai ditu, eta osagai bakoitzean zenbait neurri aurreikusten dira (erreformak edo inbertsioak); neurriok dagozkien proiektuen edo ekintza-lerroen bidez gauzatuko dira, eta aurrekontu-baliabideak aplikatzea ekarriko dute. Eta lortu beharreko mugarriak eta helburuak zehaztu dira erreforma eta inbertsio horietako bakoitzerako, baita haien betetze-maila egiaztatzeko adierazleak ere.

Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa tresna gisa eratu da, eta bertan, mugarriak eta helburuak betetzeagatik egingo ditu ordainketak Batzordeak; horregatik, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana betearaztean izandako gastuei buruzko kontabilitate-informazioaz gain, adierazleen aurrerapen-mailari buruzko informazio egokia ere behar da, horrek zehazten baitu dagozkion mugarriak eta helburuak bete diren.

Ondorio horietarako, eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren terminologian oinarrituta, «erakunde betearazleari» eta «organo kudeatzaileari», plan hori gauzatzeko orduan, zer eginkizun dagokien zehaztu da, betiere «azpiproiektu» bat gauzatzeko esparruan. Azpiproiektu horri lotutako baliabide-transferentziarekin batera, orobat, zenbait mugarri eta helburu betetzeko konpromisoa ere hartu beharko du hura gauzatzeko ardura duen erakundeak.

Ildo horretan, ministerioek entitate erabakitzaile gisa ez ezik, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren proiektuak eta, batzuetan, azpiproiektuak gauzatzen dituzten entitate gisa jarduten dute. Autonomia-erkidegoek, berriz, azpiproiektuak gauzatzen dituzten entitate gisa jarduten dute, eta aurreproiektu horiek, aldi berean, baliteke beste azpiproiektu batzuk ere hartzea barnean (erakunde betearazle batek baino gehiagok esku hartzen badu), eta, batzuek zein besteek, eta kudeaketari begira, honako hauek hartzea barruan: jarduketak (azpiproiektu baten barneko lehen maila), jarduerak (azpiproiektu baten barneko bigarren maila) eta zereginak (azpiproiektu baten barneko hirugarren maila).

Erakunde betearazleari dagokio (autonomia-administrazioaren sektore publikoko sailak edo entitateak izan), berriz, bere eskumenen eremuan, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren osagai batean jasotako inbertsioen azpiproiektuak gauzatzea. Baliabide ekonomikoak transferitzeko tresna juridiko bat (hitzarmenak edo bestelakoak) izapidetu behar denean, azpiproiektua beste azpiproiektu batzuetan bereizi behar da, eta azpiproiektu horiek, berriz, jarduera, jarduketa, jarduera edo zereginetan, horietako bakoitzaren erakunde betearazlea eta organo kudeatzailea zein den argituta.

Organo kudeatzaileak, bere aldetik, azpiproiektua kudeatzeko txostena egin, sinatu eta izapidetzeko ardura du erakunde betearazlearen esparruan.

Testuinguru horretan, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak, gastuen egoera-orriari buruzko II. tituluaren barruan, V. kapitulua (26.etik 34.era arteko artikuluak) jasotzen du, «Next Generation EU» suspertze-planari lotutako funtsen kudeaketari buruzkoa. Kapitulu horretan zenbait xedapen daude hala funts horiek aurrekontu orokorretan sartzea eta haien aurrekontu-betearazpena errazteko, nola funts horiek finantzatzen dituzten jarduketen eta proiektuen administrazio-izapidetzea errazteko.

Zehazki, abenduaren 23ko 11/2021 Legearen (Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena) 31. artikuluak lehen apartatuan hauxe xedatzen du: «Gobernu Kontseiluak, Ekonomia eta Ogasun Sailak proposatuta, eta bat etorriz Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren araudi erregulatzailean ezarritakoarekin, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik eratorritako funtsen kudeaketari aplikatu beharreko irizpideak finkatu ahal izango ditu, bai eta plan horri lotutako jarduketa eta proiektuetan egindako gastuen aurrekontu-exekuzioari aplikatu beharrekoak ere, ekimen horretan aurreikusitako helburuak lortzen direla bermatzeko».

Bigarren apartatuan, artikulu horrek honako hau ere xedatzen du, orobat: «Jarduketa eta proiektu horiek gauzatzearekin lotutako gastu-baimenek memoria espezifiko bat izan beharko dute, jarduketa edo proiektu bakoitzerako gastu-zenbatespenak kuantifikatu eta justifikatuko dituena, eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planean aurreikusitako helburuak betetzen zer neurritan laguntzen duten azalduko duena».

11/2021 Legearen 33. artikuluak, bestalde, honako hau xedatzen du: «Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketak eta proiektuak gauzatzeko eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko sailetako eta sektore publikoko entitateetako organoek, bat etorriz Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren araudi erregulatzailearekin eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak emandako jarraibideekin, behar den informazioa eman beharko dute mugarri eta helburuak zenbateraino bete diren jakin ahal izateko, alde batetik, eta, bestetik, jarduketa eta proiektuen aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpena behar bezala justifikatu eta ziurtatu ahal izateko». Era berean, organo horiek egin beharreko kontrolak egiteko beharrezkoa den informazioa eman beharko diote Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, eta horien artean garrantzi berezia izango dute Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren funtsen Auditoretza Estrategian ezartzen diren sistemen eta eragiketen auditoretzek.

Azkenik, lege horren hamahirugarren xedapen gehigarriak hainbat neurri jasotzen ditu «Next Generation EU» ekimenetik eratorritako funtsak kudeatu eta gauzatzeko giza baliabideak arrazionalizatzeko. Horretarako, plantillak berrantolatzeko eta, hala badagokio, indartzeko aukera aurreikusten da, baita behin-behineko unitateak eratzeko aukera ere, funts horiekin finantza daitezkeen jarduketak eta proiektuak kudeatu eta gauzatzeko, betiere finantzaketa egokia eta nahikoa badute. Era berean, behar diren neurriak artikulatzea ere aurreikusten da funts horien kargura finantza daitezkeen jarduketak eta proiektuak kudeatu eta gauzatzeko garrantzi berezia duten arloetan enplegatu publikoak prestatzeko.

Erabaki honen bidez, beraz, aurretik azaldutako erregulazioak bateratuta, prozedura-arau batzuk ezarri nahi dira Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari atxikitako funtsak jasotzearen kargura finantzatzen eta gauzatzen diren aurrekontu-gastuek behar besteko aurrekontua, kudeaketa, jarraipena, gauzatzea, kontrola eta ebaluazioa izan ditzaten, plan horretan aurreikusitako mugarriak eta helburuak lortuko direla bermatzeko.

Aurrekontu-araua onartu zenetik, urrats batzuk egin dira dagoeneko erabaki honen oinarriak ezartzeko, gutxienez aurrekontu-tratamenduari eta kudeatzeko eskumen-esleipenei dagokienez.

Hala, alde batetik eta, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz, Ekonomia eta Ogasun Sailak joan den ekainean sail anitzeko aurrekontu-programa berri bat sortu zuen, 99. atalaren barruan, Europar Batasunaren «Next Generation EU» suspertze-planari lotutako funtsak kudeatzeko. 1228 Programa da (12281 azpiprograma), eta «Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa» du izena.

Halaber, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 9. artikuluaren jarraipena egiteko, otsailaren 23ko 69/2021 Dekretua eman da, Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa. Dekretu horren 11. artikuluak Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritza sortu du, eta sail horren esku dago, arloaren arabera eskumena duten sailekin koordinaturik, Europako suspertze- eta erresilientzia-funtsekin finantzatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak kudeatutako jarduketen jarraipena eta ebaluazioa egitea.

Proposatutako arauketarekin, berau Aurrekontu Zuzendaritzari eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzari esleitutako eskumenekin osatuta (69/2021 Dekretuaren 14. eta 18. artikuluak), behin betiko banatzen dira suspertze- eta erresilientzia-funtsen ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketako erantzukizunak, funtsak zentzu zabalean ulertuta, eta, ondorioz, erabaki honek, lehen aipatu bezala, funts horien identifikazioa, jarraipena, kontrola eta ebaluazioa egiteko aukera ematen duten prozedurak ezartzen ditu. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko ordenamenduak eta 36/2020 Errege Lege Dekretuak berak Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari ematen dizkion eginkizunak alde batera utzi gabe.

Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jarduerak eta proiektuak gauzatzeari dagokionez, egokia da zehaztea azpiproiektu bat gauzatzen duen entitate gisa eta organo kudeatzaile gisa zer betebehar dagozkien horiek gauzatzeko ardura duten sailei eta entitateei, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planean aurreikusitako neurrien mugarrien eta helburuen betetze-mailaren jarraipenari eta aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenaren jarraipenari dagokionez.

Gainera, jardun horretan, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari dagokio, finantzaketa berezi horren jarraipena eta ebaluazioa egiteko eginkizunean, behar diren jarduerak bultzatzea, bai Estatuaren aurrean, bai berari dagozkionak, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakunde betearazle eta organo kudeatzaile guztientzat jarduteko jarraibide eta irizpide berak ezartzeko, eta, azken batean, sailei Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari lotutako funtsak kudeatu eta gauzatzeko lan zailean laguntzeko.

Esparru horretan, garrantzi berezia du iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismoak indartzeak, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik datozen funtsak kudeatzen edo betearazten dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organo eta entitateek tresna, neurri eta orientabideak izan ditzaten honako honetarako:

– Iruzurraren agerpena murriztea, bai barnean bai kanpoan, iruzur-arrisku nagusiei helduz eta iruzurraren aurkako zikloaren funtsezko lau elementuak kontuan hartuz: prebentzioa, detekzioa, zuzenketa eta jazarpena.

– Interes-gatazka eragoztea, parte hartzen duten eragile guztiak horren garrantziaz sentsibilizatzen dituen sistema bat ezarriz eta dagozkion prebentzio-, detekzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriz.

– Europako finantzaketa bikoitzik ez dagoela ziurtatzea, estatu-laguntzei buruzko araudia aplikatzen dela bermatuz eta, funtsen jatorria edozein dela ere, gehiegizko finantzaketa publikoa eragotziz.

– Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren funtsekin ingurumenari kalte nabarmenik egiten ez dioten ekimenak baino ez babestea.

Komenigarria da, halaber, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik eratorritako funtsak kudeatzeko eta betearazteko giza baliabideak arrazionalizatzeko neurriak aktibatzea (11/2021 Legean aurreikusita daude). Hori horrela, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoan xedatutakoari jarraikiz, 8/2021 Dekretua, urtarrilaren 19koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa, ematen da, zeinaren 18. artikuluak, beste eskumen batzuekin batera, Funtzio Publikoko Zuzendaritzari esleitzen baitio giza baliabideen politika garatu, kontrolatu eta gauzatzeko eskumena, Jaurlaritzak ezarritako gidalerroen arabera.

Azkenik, Espainiako Gobernuaren Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana onartu ondoren, sail guztiek, «Next Generation EU» suspertze-planari lotutako Europako funtsen kudeaketarik onena lortzeko lan koordinatua egin dezaten laguntzeko, egokia da EAEko Suspertze eta Erresilientzia Programa gauzatu, koordinatu, betearazi, eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiteko Sailarteko Batzordearen izena eta eginkizunak berriz formulatzea, sailek Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako funtsak kudeatzeko egiten dituzten jarduketak lagundu eta koordinatzeko organo bat eratzeko.

Horrenbestez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, gaia aztertu ondoren, Gobernu Kontseiluak honako hau hartu du

ERABAKIA

Lehenengoa.– Xedea.

Erabaki honen xedea da Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik eratorritako funtsen aurrekontu- eta kontabilitate-kudeaketari aplikatu beharreko irizpideak ezartzea, bai eta plan horri lotutako jarduketen eta proiektuen kudeaketari eta jarraipenari aplikatu beharrekoak ere.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkaritza Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren Arloko Biltzarrean.

1.– Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatuko du Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren Arloko Biltzarrean.

2.– Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen zuzendariak Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatuko du Europako Funtsen Koordinatzaileen Batzordean, hura baita Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren Arloko Biltzarrari laguntzeko organoa.

Hirugarrena.– Estatuko Aurrekontu Orokorretan Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana finantzatzeko esleitutako kredituen lurralde-banaketarako arloko biltzarrak.

1.– Arloko biltzarretan parte hartzen duten Eusko Jaurlaritzako sailek etengabe hitz egingo dute Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzarekin eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzarekin, arloko biltzar horiek Estatuko Aurrekontu Orokorretan Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana finantzatzeko esleitutako kredituen lurralde-banaketarako hartutako erabakiei dagokienez.

2.– Horretarako, dagokion arloko biltzarraren bilkura egin aurretik, Estatuko Administrazio Orokorrak bidalitako dokumentazio guztia jakinarazi beharko diete Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzari, bai eta bilkura hori prestatzeko dagokion arloko biltzarrean aurkeztutako dokumentazioa ere. Ildo beretik, dagokion arloko biltzarrak Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako funtsen lurralde-banaketaren inguruan garatzen dituen jardueren berri eman beharko zaie, bai eta, hala badagokio, helburu berarekin sortzen diren lantaldeek egiten dituzten zeregin teknikoen berri ere.

3.– Era berean, dagokion arloko biltzarraren bilkura egin ondoren, bai Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari bai Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzari jakinarazi beharko diete arloko biltzarrek zer erabaki hartu dituzten Estatuko Aurrekontu Orokorretan Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana finantzatzeko esleitutako kredituen lurralde-banaketa egiteko.

4.– Ildo beretik, dagokion arloko biltzarrean kredituen behin betiko banaketa erabaki ondoren, Estatuko Administrazio Orokorreko edo haren mendeko organismoetako organo eskudunek hartutako finantza-konpromisoak formalizatzeko baliatuko dituzten akordioak, hitzarmenak, ebazpenak edo tresna juridikoak jakinarazi beharko dizkiete Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari, Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzari eta Aurrekontu Zuzendaritzari, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari ere.

5.– Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzak, kreditu horiek Euskal Autonomia Erkidegoari igorri ondoren, arloaren arabera eskumena duten sailei, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari, Aurrekontu Zuzendaritzari eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari jakinaraziko die.

6.– Oro har, funtsak banatzen dituzten arloko biltzarrean parte hartzen duen Eusko Jaurlaritzako sailak bere gain hartu beharko du azpiproiektua betearaztea, betiere hura betearaztea bere eskumenen eremuari badagokio, eta, hala ez bada, horren berri eman beharko dio Ekonomiako eta Europako Funtsetako Sailburuordetzari, azpiproiektua gauzatzeko eginkizuna gai horretan eskumena duen sailari eman diezaion, egitura organiko eta funtzionalari buruzko dekretuari jarraikiz.

7.– Baldin eta, kreditu horien bidez finantzatu beharreko azpiproiektua kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako sail batek erakunde betearazle gisa jarduten badu, azpiproiektu hori beste azpiproiektu txikiago batzuetan bereizi behar bada, eta azpiproiektu horiek betearaztea, berriz, Eusko Jaurlaritzako zenbait saili badagokie, sail bakar batek hartu beharko du bere gain azpiproiektuaren erakunde betearazlearen erantzukizuna, eta sail bakoitzak erakunde betearazle gisa eta azpiproiektuaren organo kudeatzaile gisa jardun beharko du, nork bere eskumenen esparruan.

8.– Baldin eta, kreditu horien bidez finantzatu beharreko azpiproiektuak kontuan hartuta, horiek betearazteko eskumenaren gaineko zalantzarik edo eztabaidarik balego, Ekonomiako eta Europako Funtsetako Sailburuordetzak erabakiko du azpiproiektu horiek betearazteko bete beharreko era eta prozedura zein diren, bai eta, hala badagokio, ekarpen-konpromiso irmoak formalizatzeko erabiliko diren hitzarmenak edo tresna juridikoak negoziatzekoak ere, betiere Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko informazioa emateko eta haren jarraipena egiteko Sailarteko Batzorde entzun ondoren.

9.– Baldin eta, kreditu horien bidez finantzatu beharreko azpiproiektua kontuan hartuta, arloaren arabera eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak hura betearazterik ez duela iritziz gero, horren berri eman beharko dio Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari, erabaki horren arrazoiak eta ondorioak balioesteko. Ondoren, Gobernu Kontseiluak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, behin betiko erabakia hartuko du.

Laugarrena.– Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketak eta proiektuak, baldin eta foru-aldundien eskumenekoak badira.

1.– Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik eratorritako funtsak banatzearen ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuko Administraziotik lortzen dituen diru-sarrerak lurralde historikoen artean banatzeko, aldez aurretik hitzartu beharko da foru-aldundiekin edo, bestela, dagokien erakundearteko organoen barruan, betiere diru-sarrera horiek legearen arabera azpiproiektuak finantzatzeko badira, eta lurralde historikoetako foru-organoei badagokie azpiproiektu horiek betearaztea, autonomia-erkidegoko erakunde komunen eta haren lurralde historikoetako foru-organoen arteko eskumen-mugaketari jarraikiz.

2.– Gobernu Kontseiluak, arloaren arabera eskumena duen sailburuak eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, diru-sarrera horiek lurralde historikoen artean banatzeko baimena emango du.

3.– Funts horien transferentziatik eratorritako erakunde-konpromisoek, sarrerakoak zein gastukoak izan, aurrekontu-izaera izango dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontuaren 95. atalean jasota geldituko dira.

4.– Funts horien transferentzia arloaren arabera eskumena duen sailak, erakunde betearazle gisa, jakinaraziko dio dagokion ministerio-sailari, erakunde erabakitzailea den aldetik, bai eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren agintaritza arduradunari ere.

5.– Foru-aldundiek dagozkien azpiproiektuak, beren eskumenen esparruan betearazi beharra izango duten entitateak diren aldetik, beren gain hartuko dituzte Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa erregulatzen duen araudiak erakunde betearazleei esleitzen dizkien konpromiso eta betebehar guztiak.

Bosgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoari zuzeneko dirulaguntzak ematea, Estatuko Aurrekontu Orokorretan Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana finantzatzeko esleitutako kredituen kargura.

1.– Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana finantzatzeko Estatuko Aurrekontu Orokorretan esleitutako kredituen kargura zuzeneko emakida-erregimenean Euskal Autonomia Erkidegoari emandako laguntzak berariaz eta zalantzarik gabe onartzeko, Gobernu Kontseiluak baimena eman beharko du, arloaren arabera eskumena duten sailburuek eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta.

2.– Gobernu Kontseiluaren erabakiak zehaztuko du zein izango den laguntzak eskatu eta onartzeko ahalmena izango duen pertsona, bai eta laguntzak kudeatu eta betearazteaz zer organo edo erakunde arduratuko den ere.

3.– Aurrekontu Zuzendaritzak, ukitutako sailek proposatuta, egoki diren aurrekontu-aldaketak egingo ditu emandako laguntzei lotutako jarduketak behar bezala gauzatzeko.

Seigarrena.– Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik eratorritako kredituen aurrekontu-betearazpenerako irizpideak.

1.– Behin Euskal Autonomia Erkidegoari Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana finantzatzeko Estatuko Aurrekontu Orokorren kontura igorritako kredituak emandakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontuko diru-sarreren egoera-orrian sartuko dira.

2.– Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako funtsekin finantzatzen diren espedienteetan, gastu-espedienteak aldez aurretik izapidetzen hasi ahal izango dira, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoaren– 3.1 artikuluaren c) letrari jarraikiz, funtsen lurralde-banaketa egiteko eskumena duten Estatuko edo Europako organoen hasierako erabakien berri jasotzen denetik aurrera, eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion zenbatekoarekin; gastu-xedapenen eta horien azpiko negozio juridikoen efikazia, baina, ekarpen-konpromiso irmoak egiaztatzeko baliatzen diren behin betiko erabakiak, hitzarmenak, ebazpenak edo tresna juridikoak sinatu edo onesteko baldintza etengarriaren mende egongo da.

3.– Aurrekontu Zuzendaritzak dagozkion ordainketa-kredituak eta, hala badagokio, konpromiso-kredituak gaituko ditu 1228. programan (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa) sartuz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontuko gastuen egoera-orrian, arloaren arabera dagokion organismo autonomoaren edo sektore publikoko partzuergoaren aurrekontuan.

4.– Sortutako ordainketa-kredituak eta, hala badagokio, konpromiso-kredituak atxikita egongo dira ekarpen-konpromiso irmoak formalizatzeko baliatzen diren erabaki, hitzarmen, ebazpen edo tresna juridikoetan aurreikusitako azpiproiektuen berariazko finantzaketari.

5.– Gastu-baimenek eta, oro har, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik eratorritako kreditu edo zuzkidura guztiak edo batzuk erreserbatzeko baliatzen diren erabaki, hitzarmen, ebazpen edo tresna juridikoek memoria espezifiko bat izan beharko dute; memoria horretan jarduketa edo azpiproiektu bakoitzerako gastu-zenbatespenak kuantifikatu eta justifikatuko dira, bai eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planean aurreikusitako helburuak betetzen zer neurritan laguntzen duten ere. Berariazko memoria hori Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari jakinaraziko zaio, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren kargura finantzatutako jardueren jarraipen egokia egin ahal izan dezaten.

6.– Oro har, Aurrekontu Zuzendaritzak beteko ditu ekitaldi bakoitzeko aurrekontu-legeek Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako funtsen tratamendua eta aurrekontu-kudeaketa egiteko ezartzen dituzten berariazko xedapenek Ekonomia eta Ogasun Sailari esleitutako eginkizunak, sailburuak Gobernu Kontseiluak onartu beharreko gaiak proposatzeko dituen eskumenak izan ezik.

7.– Hala ere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, ukitutako sailei kontsulta egin ondoren, kredituak soberazko kreditutzat jo ahal izango ditu, egoki iritzitako zenbatekoan, baldin eta, hasieran Euskal Autonomia Erkidegoko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan jasota egonik ere, ekitaldian zehar Estatuko Aurrekontu Orokorretan Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana finantzatzeko esleitutako kredituen kargura finantzatu ahal diren jarduketak eta proiektuak finantzatzeko badira. Sail bereko inbertsio-proiektuak finantzatzen dituzten beste ordainketa-kreditu batzuen zuzkidura-urritasunei erantzuteko aplikatu ahal izango dira soberazko kreditu horiek. Salbuespenez, Gobernu Kontseiluak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, soberazko kreditu horiek bideratu ahal izango ditu beste ordainketa-kreditu batzuen zuzkidura-urritasunei erantzutera eta kreditu zabalgarriak finantzatzera. Horren berri emango zaio, halaber, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko informazioa emateko eta haren jarraipena egiteko Sailarteko Batzordeari.

8.– Ildo beretik, aurreko apartatuan aipatzen diren kredituen gastua baimentzea erabaki bada, baina ez, ordea, kreditu horiek erabiltzea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, ukitutako sailek proposatuta, kreditu horien zati bat edo kreditu osoa dagokion atalera itzuli ahal izango du, ekonomia eta gizartearen suspertze eta erresilientziarako jarduketak eta proiektuak edo inbertsio-proiektuak finantzatzeko, izatekotan.

9.– Aurrekontu-ekitaldia ixteko eragiketen egutegia urtero arautzen duen Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren Aginduak epe bereiziak aplikatzea xedatu ahal izango du Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako kredituetarako.

Zazpigarrena.– Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik eratorritako kredituen kargura finantzatutako azpiproiektuak gauzatzea eta horien jarraipena egitea.

1.– Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik eratorritako kredituen kargura finantzatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta sektore publikoko entitateek, erakunde betearazle gisa, gauzatu behar dituzten azpiproiektuak gauzatu aurretik, arloaren arabera eskumena duen sailak identifikatu beharko du azpiproiektu horiek zein organok gauzatuko dituen, azken hori saileko organo bat edo horri atxikitako sektore publikoko entitate bat izan, bai eta, azpiproiektuaren organo kudeatzailea zein den ere, zeinak kudeatzeko txostena egin, sinatu eta izapidetzeko ardura izango baitu, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren kudeaketa erregulatzen duen araudiari jarraikiz, eta horren berri emango dio, orobat, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari.

2.– Azpiproiektua betearazteko ardura izango duen organoak sistema informatikoan eguneratua eduki beharko du etengabe Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren azpiproiektuen edo ekintza-lerroen mugarrien eta helburuen aurrerapen-mailaren jarraipenari buruzko informazioa, bat etorriz Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduak xedatutakoarekin.

3.– Azpiproiektua gauzatzeaz arduratuko den organoak Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren azpiproiektuen edo ekintza-lerroen mugarrien eta helburuen aurrerapen-mailaren jarraipenari eta haiei egotzitako gastuen kontabilitate-betearazpenari buruzko informazioa igorri beharko du, honako agindu honetan ezarritako prozedura eta formatuari jarraikiz: HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen dituena Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren ataletako neurrien mugarri eta helburuak zenbateraino betetzen diren jakiteko jarraipena egiteko eta neurrion aurrekontu- eta kontabilitatea-betearazpenaren jarraipena egiteko.

4.– Azpiproiektuaren organo kudeatzailea arduratuko da azpiproiektuaren kudeaketa-txostena egin, sinatu eta izapidetzeaz, bai eta aurreikuspen-txostenak eta azpiproiektuaren mugarri eta helburuen betetze-ziurtagiriak egin eta sinatzeaz ere, HFP/1030/2021 Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz.

5.– HFP/1030/2021 Aginduaren 9.8 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako sailek eta Europako funtsekin finantzatutako azpiproiektuak gauzatzeaz arduratzen diren sektore publikoko entitateek komunikazio-arduradun bat izendatu beharko dute, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa erregulatzen duen araudiak horri buruz ezarritako eskakizunak betetzen direla ziurtatzeko.

6.– Europako funtsekin finantzatutako azpiproiektuak gauzatzeaz arduratzen diren sailetako eta sektore publikoko entitateetako organoek behar den informazioa eman beharko dute mugarrien eta helburuen betetze-mailaren jarraipena egiteko, bai eta egin beharreko kontrolak gauzatzeko ere, hori guztia Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa erregulatzen duen araudian xedatutakoaren arabera eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak ematen dituen jarraibideen arabera. Azken horien artean, garrantzi berezia izango dute Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren funtsen Auditoretza Estrategian ezarritako sistemen eta eragiketen auditoretzek.

Zortzigarrena.– Suspertze, Erresilientzia eta Transformazio Planetik eratorritako funtsen kudeaketa koordinatzea.

1.– Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta sektore publikoko entitateek gauzatu beharreko azpiproiektu guztien betetze-mailaren jarraipena eta ebaluazioa egin beharko du. Agintaritza Arduradunak antolatutako kudeaketa- eta jarraipen-informazioaren sistemarako sarbidea izango du horretarako.

2.– Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak sailarteko elkarrizketa-mekanismoak ezarriko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruan Europako suspertze- eta erresilientzia-funtsen kudeaketa koordinatzeko, bai eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik eratorritako kredituen kargura finantzatutako jarduketen eta proiektuen jarraipena eta ebaluazioa egiteko tresnak ezartzeko, betiere HFP/1030/2021 eta HFP/1031/2021 Aginduetan jasotako xedapenak alde batera utzi gabe.

3.– Halaber, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsetako Zuzendaritzak beharrezkoak diren jarduerak bultzatuko ditu, Estatuko agintariek, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa erregulatzen duen araudiarekin eta hura garatzeko xedapenekin bat etorriz, jarduteko jarraibide eta irizpide erkideak zehaztu ditzaten sektore publikoko erakunde betearazle eta organo kudeatzaile guztientzat. Subsidiarioki, jarduteko jarraibide eta irizpide erkide horiek garatu ahal izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakunde betearazle eta organo kudeatzaile guztientzat, agindutako azpiproiektuak, jarduketak, jarduerak eta zereginak gauzatzeko orduan nahitaez kontuan hartu beharreko printzipioak jorratzeko; honako hauek, adibidez: arriskua aztertzea ingurumenean izan litezkeen eragin negatibo adierazgarriei dagokienez; iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko, antzemateko eta zuzentzeko mekanismoak indartzea; Estatuko laguntzen araubidearekiko bateragarritasuna eta finantzaketa bikoitza prebenitzea, edo komunikazio-jarduketekin lotutako betebeharrak.

4.– Bereziki, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Agintaritza Arduradunaren orientabideekin bat etorriz, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak «neurrien plan bat» egingo du «Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren betearazpenean eskatutako iruzurraren, interes-gatazken, finantzaketa eta estatu-laguntza bikoitzen eta ingurumenari kalte nabarmenik egitearen aurkako betekizunak jasotzeko», eta plan horren berri emango dio Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko informazioa emateko eta haren jarraipena egiteko Sailarteko Batzordeari, ondorio egokiak izan ditzan.

Bederatzigarrena.– Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik eratorritako kredituen kargura finantzatutako azpiproiektuen aurrekontu- eta kontabilitate-kudeaketa.

1.– Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana finantzatzeko Estatuko Aurrekontu Orokorretan esleitutako kredituen kargura finantzatutako azpiproiektuen aurrekontu- eta kontabilitate-kudeaketa, bai eta horien diru-sarrera eta gastuena ere, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak ematen dituen jarraibideen arabera egingo da, kasuan kasuko estatuko kudeaketa-agintaritzak eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Kontrolerako agintaritzak eta horren agintaritza arduradunak ezarritako informazio-eskakizunen arabera.

2.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak beharrezko egokitzapenak egingo ditu bere informazio-sistemetan, eragiketen kontabilitate-erregistroan azpiproiektuak honela identifikatuta egon daitezen: edozein dela eragiketa horien aurrekontu-betearazpeneko fase eta kapitulu edo gastu mota, eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik eratorritako kredituen kargura finantzatutako azpiproiektuei egozteko modukoak badira, betiere 2021eko ekitalditik aurrerakoak badira, dena delako azpiproiektua Europar Batasunaren dagokion programa edo mekanismoa kudeatzen duen estatu-agintaritzak horretarako esleitutako erreferentzia-kode bakarraren bitartez identifikatuko da, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana egikaritzeko presako neurriak onartzen dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 46. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak beharrezko egokitzapenak egingo ditu, orobat, gastu-eragiketa horiek funtsen hartzailea identifikatzeko informazioa eman dezaten, hau da, funtsak laguntza kontzeptuan jasotzen dituen edo kontratista eta azpikontratista den, zer dagokion; eta horri esker, laguntza-onuradunen, kontratisten eta azpikontratisten erregistro bat egingo da Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren barruan egindako jarduketengatik Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen funtsak jaso dituztenekin. Gainera, behar diren neurriak hartuko ditu informazio horren berri «Laguntza-onuradunen, kontratisten eta azpikontratisten datu-basea»ri emateko, zeina aurreikusita baitago Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren kudeaketa erregulatzen dituen araudian.

4.– Kontabilitate Plan Orokorrari lotutako sektore publikoko entitateek, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik eratorritako kredituen kargura finantzatutako azpiproiektuak gauzatzeko ardura badute, behar diren neurriak hartu beharko dituzte azpiproiektu horietan egindako gastua identifikatu ahal izateko eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari apartatu honetan adierazitako informazioa emateko, haren jarraipena eta kontrola egiteko aukera egon dadin, erabaki honetan eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa erregulatzen duen araudian aurreikusitako moduan eta baldintzen arabera.

Hamargarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek parte hartzea Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren betearazpenean.

Arloaren arabera eskumena duten sailburuek eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluaren aldez aurreko baimena beharko da:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateak ekonomia suspertzeko eta transformatzeko proiektu estrategikoetan interesa duten entitateen Estatuko Erregistroan inskribatzeko.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek ekonomia suspertzeko eta transformatzeko proiektu estrategikotzat jotzen diren proiektu eta jarduketak gauzatzen parte hartzeko.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planarekin lotutako jarduketa eta proiektuetarako laguntza-deialdietan parte hartzeko.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek elkartzeko akordioak sinatzea beste pertsona fisiko edo juridiko batzuekin, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planarekin lotutako jarduera eta proiektuetarako laguntza-deialdietarako eskabideak aurkezteko, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 67. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Hamaikagarrena.– Giza baliabideak arrazionalizatzeko neurriak, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eratorritako funtsak kudeatu eta gauzatzeko.

1.– Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik eratorritako Europako funtsekin finantzatutako azpiproiektuak, ahal dela, Eusko Jaurlaritzako saileko edo hura kudeatzeaz arduratzen den sektore publikoko entitateko kideen bitartez gauzatuko dira.

2.– Europako funtsekin finantzatutako azpiproiektuak gauzatzeaz arduratzen diren sailetan edo sektore publikoko entitateetan langileen arloko eskumenak dituen organoko titularrak ahalik eta azkarren bultzatuko ditu Europako funtsak gauzatzea bizkortzeko behar diren jarduerak. Aplikatu beharreko araudiarekin eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzak ematen dituen irizpideekin bat etorriz, lanpostuak berriz atxikitzea, langileak berriz izendatzea edo giza baliabideak arrazionalizatzeko eta antolatzeko beste neurri batzuk proposatu ahal izango ditu, hala nola proiekturako zerbitzu-eginkizunak, programa bakoitzeko bitarteko langileak izendatzea edo lanpostuen zerrendetan behin-behineko unitateak sortzea.

3.– Bereziki, Eusko Jaurlaritzako sailek eta Europako funtsekin finantzatutako azpiproiektuak gauzatzeaz arduratzen diren sektore publikoko entitateek saileko edo sektore publikoko entitateko lanpostu bati esleitu beharko dizkiote Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik eratorritako Europako funtsak kudeatzeko erantzukizunari dagozkion eginkizunak.

4.– Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik datozen funtsak kudeatu, gauzatu eta kontrolatzeko orduan funtzio publikoaren eta ekonomia- eta kontabilitate-kontrolaren arloko organo eskudunei dagozkien eginkizunak kontuan hartuta, behar dituzten giza baliabideak eta baliabide materialak emango zaizkie eginkizun horiek betetzeko, eta horretarako, behin-behineko kudeaketa- eta kontrol-unitateak eratu eta indartuko dira eginkizun horiek dirauten bitartean.

5.– Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari dagozkion eginkizunak betetzeko langile-premia berriei erantzuteko espedienteak izapidetzea lehentasunezkoa izango da.

6.– Neurri horiek guztiek finantzaketa egokia eta nahikoa izan beharko dute, bai eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren eta Aurrekontu Zuzendaritzaren nahitaezko txosten loteslea ere.

7.– Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzarekin lankidetzan, behar diren neurriak hartuko dituzte, enplegatu publikoei Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana gauzatzearekin lotutako zereginak kudeatu eta garatzeko garrantzi berezia duten arloetako prestakuntza emateko. Horretarako, Funtzio Publikoko Zuzendaritzak urgentziaz eta berehala helduko dio Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana gauzatzeko beharrezkoak diren prestakuntza-edukiak diseinatzeari, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzarekin elkarlanean. Prestakuntza-jarduera horiek aurrekontu-finantzaketa egokia izango dute, Jaurlaritzako sailen eta sektore publikoko entitateen aurrekontuan jasotakoaz gain, eta lehentasuna izango dute haien prestakuntza-planetan.

Hamabigarrena.– Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko informazioa emateko eta haren jarraipena egiteko Sailarteko Batzordea sortzea.

1.– Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko informazioa emateko eta haren jarraipena egiteko Sailarteko Batzordea (aurrerantzean, Sailarteko Batzordea) sortzen da, ekimen horri lotutako funtsen kudeaketan sailek egiten dituzten jarduerei laguntzeko eta horiek koordinatzeko organo gisa.

2.– Sailarteko Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

a) Batzordeburua: Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordea, edo berak eskuordetutakoa.

b) Kideak:

– Sail bakoitzeko Zerbitzu Zuzendaritzako burua edo dagokion sailburuak saila ordezkatzeko izendatutako kargudun publikoa. Sailburuak ordezko bat izendatuko du, gainera, kide bakoitzarentzat.

– Funtzio Publikoko zuzendaria.

– Aurrekontuen zuzendaria.

– Erakundeen Baliabideetako zuzendaria.

– Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen zuzendaria; Sailarteko Batzordeko idazkari-lanak egingo ditu, halaber.

3.– Egiten dituzten jarduerengatik edo dituzten ezagutzengatik aholkuak eman ditzaketen beste pertsona batzuk deitu ahal izango dira Sailarteko Batzordearen bilkuretara, gaiak hala eskatzen duenean.

4.– Sailarteko Batzordeak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari lotutako funtsekin finantzatutako azpiproiektuen (programak, jarduketak eta proiektuak) aplikazioari, aurrekontuari eta gauzatzeari buruzko informazioa jasotzea.

b) Ekonomiako eta Europako Funtsetako Sailburuordetzari proposatzea jarraitu beharreko modua eta prozedura zein den baldin eta, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoarekin lotutako funtsekin finantzatzera bideratutako azpiproiektuekin (programak, jarduerak eta proiektuak) lotuta, horiek gauzatzeko eskumenaren gaineko zalantza edo eztabaidatik balego.

c) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari lotutako funtsekin finantzatutako azpiproiektuak (programak, jarduketak eta proiektuak) gauzatzea zailtzea dakarten gatazkak eta arazoak, prozedurazkoak edo bestelakoak, konpontzeko mekanismoak eta formulak erabakitzea.

d) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoarekin lotutako funtsekin finantzatutako azpiproiektuak (programak, jarduketak eta proiektuak) koordinatzeko, gauzatzeko, haien jarraipena egiteko eta ebaluatzeko egoki iritzitako jarduketa guztiak proposatzea Gobernu Kontseiluari.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoari dagozkion jarduerak eta proiektuak proposatzea Gobernu Kontseiluari, baldin eta horiek, arloko sektorialek egiten duten kredituen lurralde-banaketatik kanpo, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari lotutako funtsen finantzaketa edo baterako finantzaketa jasotzeko modukoak badira, eta Euskal Autonomia Erkidegoak horiek kudeatu edo gauzatu ahal baditu.

5.– Sailarteko Batzordeak bere barne-funtzionamendurako arauak eta bileren araubidea finkatuko ditu, batzordeburuak proposatuta, eta bi sailek edo gehiagok eskatzen dutenean edo lehendakariak egoki iritziz gero bilduko da.

6.– Sailarteko Batzordeko idazkaritza teknikoaren eginkizunak betez eta Sailarteko Batzordeak bere eginkizunak behar bezala bete ahal izan ditzan, honako zeregin hauek beteko ditu Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen zuzendariak:

a) Behar den informazioa biltzea.

b) Prestaketa-lanak egitea.

c) Erabaki-proposamenak egitea.

d) Behar den laguntza teknikoa eta administratiboa ematea.

7.– Sailarteko Batzordeak berariazko lantaldeak sortu ahal izango ditu, halaber, gai edo arlo jakin batzuk aztertzeko. Era berean, bere eginkizunak betetzeko egoki iritzitako kargudun publiko eta sailetako teknikari guztien laguntza edukiko du.

8.– Sailarteko Batzordearen funtzionamendu-gastuak Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzaren aurrekontu-kredituen kontura ordainduko dira.

Hamahirugarrena.– Sailarteko batzordea deuseztatzea.

Deuseztatu egiten da EAEko Suspertze eta Erresilientzia Programa gauzatu, koordinatu, betearazi, eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiteko Sailarteko Batzordea, Gobernu Kontseiluaren 2020ko urriaren 27ko Erabakiaren bidez sortua.

Hamalaugarrena.– Garapena eta betearazpena.

1.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren bitartez, behar diren neurriak hartuko ditu erabaki honetan Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eratorritako funtsak kudeatzeko eta gauzatzeko aurreikusitako giza baliabideak arrazionalizatzeko neurriak garatu eta gauzatzeko.

2.– Ekonomia eta Ogasun Sailak, Ekonomiako eta Europako Funtsetako Sailburuordetzaren, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzaren, Aurrekontu Zuzendaritzaren, Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzaren eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren bitartez, behar diren neurriak hartuko ditu erabaki honetan aurreikusitako gainerako neurriak garatzeko eta gauzatzeko.

Hamabosgarrena.– Argitalpena eta eraginkortasuna.

1.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emango du.

2.– Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta ez da aplikatzekoa izango Eusko Jaurlaritzako sailek eta sektore publikoko entitateek Europako funtsekin finantzatutako azpiproiektuak gauzatzearekin lotuta haren aurretik egindako jarduketa guztietan.


Azterketa dokumentala