Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

40. zk., 2022ko otsailaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
942

AGINDUA, 2022ko otsailaren 9koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2022an euskara eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko lau bekatarako deialdia arautzen eta onartzen duena.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, 2. artikuluan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen egitura zehazten du, eta sail horien artean Kultura eta Hizkuntza Politika dago. 14. artikuluak, bestalde, honako egiteko eta jardun-arlo hauek esleitzen dizkio sail honi, besteak beste:

a) Hizkuntza-politika.

b) Euskara sustatzea.

Otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du. Bertan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren egitekoak zehazten ditu, eta horien artean honako hauek daude:

13.2.a) Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politika artikulatzea eta jarraipena egitea euskararen erabilera normalizatzeari dagokionez, eta Eusko Jaurlaritzak emanda Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek arlo honetan bete behar dituzten jardun-irizpideak ezarri eta garatzea.

13.2.e) Eusko Jaurlaritzako sailek edo mendeko erakundeek egindako ikerketa soziolinguistikoak edo alderdi soziolinguistikoak jasotzen dituzten bestelako lanak koordinatzea, horien eremua edozein dela ere, Jaurlaritzaren hizkuntza-plangintzak koherentzia eta efizientzia handiagoa izan dezan.

16.2.m) Bestelako hizkuntza-ikerketak egin eta bultzatzea, eta dekretu honen 13.2 artikuluko e) apartatuko ikerketak eta lanak koordinatzea.

Bestalde, genero-ikuspuntua txertatzea nazioartean eta Europan gomendatzen diren lan-estrategietako bat ez ezik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko euskal herri-aginteen jarduera zuzendu eta orientatu behar duten printzipio orokorretako bat ere bada, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.4 artikuluari jarraikiz, zeinak hau baitio: Euskal herri-aginteek genero-ikuspegia txertatu behar dute beren politika eta ekintza guztietan, halako moduz non horietan guztietan ezberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburu orokorra ezarriko duten.

Lege honen ondorioetarako, honako hau da genero-ikuspegia txertatzea: emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan kontuan hartzea, eta, horretarako, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko helburu eta jarduketa zehatzak txertatzea politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza-, egikaritze eta ebaluazio-fase guztietan.

Era berean, kontuan hartu behar da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen II. kapituluan estatistikei eta azterlanei buruz jasotakoa, eta, zehazki, 16. artikuluan estatistiken eta azterlanen egokitzapenari buruz ezarritakoa: genero-ikuspegia eguneroko jardueran benetan integratzen dela bermatzeko, euskal herri-aginteek beren azterlanak eta estatistikak egiterakoan hainbat neurri hartu behar dituzte. Eta horien artean azpimarratzen ditugu honako artikuluak: 16.b «Estatistikako eragiketetan adierazle berriak ezarri eta sartu, hain zuzen ere emakumeen eta gizonen balio, rol, egoera, baldintza, jomuga eta beharretan dauden aldeak, horien guztien adierazpena eta aztertuko den errealitatearekin duten elkarreragina hobeto ezagutzea posible egiteko»; 16.e «esku-hartzearen eremu ezberdinetan emakumeek eta gizonek bizi dituzten egoera, baldintza, jomuga eta premia ezberdinen berri edukitzea».

Era berean Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 15.1 artikuluan jasotakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak plan orokor bat onartu behar du legegintzaldi bakoitzean. Plan orokor hori EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana da, Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an onartua. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana euskal herri-aginteen jarduera zuzentzeko dokumentua da, legegintzaldi honetan emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan aurrera egiteko. Bide horretan, eta 4/2005 Legearen 15. artikuluaren arabera, plan orokorraren jarraibideak eta gidalerroak garatzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren sail bakoitzak bere planak edo jarduketa-programak egingo ditu. Beraz Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailari dagokio esku hartzeko estrategiak definitzea, berdintasun-politikak gauzatzeko bere eskumen-esparruan.

Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2018an onartu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana, eta bertan biltzen dira sailak legealdi honetan berdintasunaren alorrean sustatuko dituen politiken gidalerroak. Gidalerro horiek EAEko VII. Berdintasun Planean eta 4/2005 Berdintasunerako Legean oinarrituta daude. Saileko Planak, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari dagokionez, hainbat helburu eta konpromiso ezartzen ditu, horien artean honako hauek azpimarratu nahi ditugu:

– 7. helburua: azterketa soziolinguistikoan genero ikuspegia txertatu eta generoaren eta hizkuntzaren inguruko ikerketak sustatu.

– 8. helburua: berdintasun politiken (Feminismoa) eta hizkuntza politiken (euskalgintza) ezagutza eta praktika uztartzeko lagungarri izango den marko teorikoa, diskurtsoa, eztabaida guneak eta ezagupena eraiki.

Legegintzaldi honetan bi helburu horiek lortzeko, hainbat jarduera burutu izan dira. Horien artean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egun dituen tresna estatistikoak aztertu dira eta proposamenak eta genero ikuspegia txertatzeko egokitzapenak egin dira.

Baina uste dugu ditugun tresnak egokitzea ez dela nahikoa. Genero eta hizkuntzaren ezagutza-markoa osatzea eta indartzea beharrezkoa dela pentsatzen dugu. Marko horrek balio behar du emakumeen eta gizonen balio, rol, egoera, baldintza, jomuga eta beharretan dauden aldeak antzemateko eta horien guztien adierazpenak hizkuntzarekin duen elkarreragina hobeto ezagutzeko.

Ezagutza-marko berri hori eraikitzeko, honako ildoetan ikertzea ezinbestekoa jotzen dugu: euskararen biziberritze-prozesuak generoari nola eragiten dion ulertzeko ikerketak; generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren euskararen biziberritze-prozesuei buruzko ikerketak; hainbat eremutan (hezkuntza, lan mundua, familia, aisialdia eta kirola...) generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpusen, komunikazioen edo-eta diskurtsoen azterketak; eta azkenik, euskararen biziberritzean emakumeek izan duten paperari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea baliatuz edo-eta ikerketa bibliografikoak eginez).

Ezagupen horiek uztartzen dituzten azterlanak garatzea eta zabaltzea funtsezkoa da eztabaida publikorako eta erabaki politikoak hartzeko, are gehiago genero-ikuspegia, gainerako eremuetan bezala, hizkuntza-politikan txertatu nahi badugu. Politikak planifikatzeko, abiarazteko eta ebaluatzeko erantzukizun politikoa eta teknikoa dutenen artean lan horiek hedatzea onuragarria da, lan-tresna garrantzitsuak izango direlako hizkuntzari eta generoari buruzko alderdiei ekiteko, alderdi horiek aztertzeko eta normalizaziorantz aurrerapausoak emateko neurriak proposatzeko. Gainera, beka-modalitatearen bidezko sustapen-jarduerak onuradunen ibilbide profesionala eta prestakuntza garatzea ahalbidetzen du.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea lau beka ematea da 2022. urtean euskara eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko.

2. artikulua.– Beken edukiak eta ezaugarriak.

1.– Esleituko diren beken ikerketa-gaiak honako hauek izango dira:

a) Euskararen biziberritze prozesuak generoari lotuta ulertzeko ikerketa teoriko edo-eta metodologiko demolinguistikoak.

b) Generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren Euskararen biziberritze prozesuei buruzko ikerketa aplikatuak.

c) Generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpus, komunikazio edo-eta diskurtso azterketak hainbat eremutan (hezkuntza, lan mundua, familia, aisialdia eta kirola...).

d) Euskararen biziberritzean emakumeek izan duten paperari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea baliatuz edo-eta ikerketa bibliografikoak eginez).

2.– Beken xedearen ondoriozko lanak euskaraz egingo dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta ordainketa.

1.– Deialdi honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 2022ko aurrekontu-ekitaldiaren kontura izango dira, eta kopurua guztira 30.000 eurokoa izango da.

2.– Beka bakoitza 7.500 eurokoa izango da, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bekaren helburu den azterlana jaso, aztertu eta ontzat emandakoan ordainduko da.

3.– Beka hartu duen banakoak edo taldeak bekari uko egiten badio, galdu egingo ditu oinarri hauetan adierazitako eskubide guztiak.

Ordainketak indarrean dauden zerga-arauek ezartzen dituzten atxikipenen mende egongo dira.

Gizarte Segurantzari dagokionez, honako beka-deialdi hau ez dago prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko baldintzak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuaren mende, Gizarte Segurantzako sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatzekoa.

4. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetako dirulaguntzak.

5. artikulua.– Ikerketa-beken onuradun izateko baldintzak.

1.– Eskatzaileak pertsona fisikoak izan behar dira, banaka edo taldeka.

2.– Eskatzaileek zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean izan beharko dute, bai bekaren eskabidea egiteko unean, baita egindako lanaren justifikazioa egin eta hari dagokion diru-kopurua jasotzeko unean ere.

3.– Itzultzeagatiko betebeharrak egunean izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

4.– Eskatzaile batek baino gehiagok ikerlan bakarra aurkezten badute, horren titularkideek euren arteko bat izendatu beharko dute Administrazioaren aurrean koordinatzaile eta ordezkari izan dadin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan ezarritako betebeharrei jarraikiz.

5.– Bekak jaso ditzaketen pertsona fisikoak banaka edo pertsona fisikoen taldeak aurrez beste erakunde publiko edo pribaturen baten beka berdinik jaso gabeak izango dira, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan ezarritako gainerako betekizunak bete beharko dituzte.

6.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzez gain, eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Unibertsitateko goi mailako titulazioa edukitzea. Atzerrian edo Espainiako zentro ez-estataletan eskuratu diren tituluek baliozkotuta edo aintzatetsita egon behar dute eskabidea aurkezten denean.

b) Gutxienez, Euskararen C1 ALTE ezagutza-maila ziurtatzen duen honako egiaztagiriren baten jabe izatea: C1 maila HABE; EGA; 3. HE-IVAP; C1 maila HEO.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik eduki berdina edo antzeko edukia duen bekarik jaso gabea izatea.

d) Ez izatea administrazio-zehapenik edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta ez izatea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak edo beste xedapen batzuek ebazpen honetan araututako bekak eskatzeko ezgaitzen duten debekurik zehapenak irauten duen bitartean.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.

1.– Agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona fisikoek banaka bide presentziala zein elektronikoa erabil dezakete deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko. Pertsona fisikoen taldeek, aldiz, ezinbestean bide elektronikoa erabili beharko dute deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

Banaka aurkezten diren pertsona fisikoen kasuan, eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat –presentziala edo elektronikoa– erabiltzeak ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe jasotzen baitu Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak.

– Bide presentziala: eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan edo bulegoetan. Zuzenean Zerbitzuan eskabideak aldez aurretik hitzordua eskatuta baino ez dira aurkeztuko, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidera sartuta, edo 945 01 90 00 aurretiko hitzordua eskatzeko edo baliogabetzeko telefono esklusiboaren bidez.

– Bide elektronikoa: eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztuko dira, artikulu honetako 3. paragrafoan aipatutako helbideetan.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak aurrez aurre eta bide elektronikoz izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, eta honako helbide honetan eskura daitezke: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1091609

Eskabidearen ondoko izapideak bide elektronikoa erabiliz hemen egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Pertsona fisikoek banaka zein pertsona fisikoen taldeek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

5.– Eskabidearekin batera aurkeztuko diren dokumentuak, erabilitako bidea –presentziala edo elektronikoa– edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira, eta ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa ahal bada PDF formatuan aurkeztuko da.

c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

6.– Dena den, diharduen administrazioak dagoeneko bere esku duen agiririk ez aurkezteko eskubidea izango du eskatzaileak. Ondorio horietarako, interesdunak edozein administrazioren aurrean aurkeztutako dokumentuen kasuan, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen dokumentu horiek eta, datu pertsonalak tartean badaude, kontsulta egin ahal izateko berariazko onespena.

7.– Eskabideak aurkezteak, deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

9.– Elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

10.– Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta agiriak.

1.– Pertsona fisikoek banaka edo pertsona fisikoen taldeek, eskabidearekin batera, honako erantzukizunpeko adierazpen hauek aurkeztu behar dituzte:

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena izenpetzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta ez zaiola debekurik ezarri, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen itzalpean, zehapenak irauten duen aldian ebazpen honetan araututako bekak eskatzeko.

– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapenik edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez duela eskatu edo ez duela jaso ebazpen honetan araututako bekaren helburu bera duen dirulaguntza, laguntza, beka, diru-sarrera edo baliabiderik, beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik.

– Erantzukizunpeko adierazpena, beste erakunde publiko edo pribaturen baten beka berdin edo antzekorik ez duela jaso adierazteko.

– Dirulaguntzak itzultzeari lotutako betebeharrak egunean dituztela azaltzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

– Erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adierazteko, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak eta betebeharrak betetzen dituela adierazteko.

2.– Eskabidearekin batera, pertsona bakoitzeko, curriculum-eredua behar bezala sinatuta aurkeztu beharko da.

3.– Interesduna ez dago behartuta Eusko Jaurlaritzaren edo beste edozein administrazio publikoren esku dauden datuak eta dokumentuak aurkeztera. Bestalde, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22.4 artikuluarekin, dirulaguntza-eskabidea aurkezteko unean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari erregelamendu horren 18. eta 19. artikuluetan ezarritako betekizunak zuzenean egiazta ditzan; kasu horretan, eskatzaileak ez du dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko. Eskatzaileek berariaz uka dezakete baimena, dagokion ziurtagiria aurkeztuta, bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoarekin.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetzeko onartua izan dadin eskatutako dokumenturik ez dagoela edo horietan formazko akatsak daudela ikusten bada, eta baloratua izan dadin alegatutako dokumentazioan akatsak daudela ikusten bada, interesdunari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela; betiere, horretako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.

9. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

1.– Hautaketa-batzordea osatuko dutenak honako hauek izango dira:

– Josune Zabala Alberdi andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria (presidentea).

– Susana Carramiñana García andrea, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko berdintasun-teknikaria (bokala).

– Amaia Alberdi Ruiz de Alegría, Mondragon Unibertsitateko irakasle-ikertzailea (bokala).

– Jon Aizpurua Espin jauna, Plangintza eta Azterlanetako zerbitzuburua (bokala).

2.– Idazkaria Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoaren arduraduna den Noemi Angulo Garzaro andrea izango da. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Hautaketa-batzordearen eginkizunak honako hauek izango dira:

– Deialdian ezarritako baldintzak eskatzaileek betetzen dituzten ala ez aztertzea, eta onartuen eta ez onartuen zerrenda osatzea.

– Onartutako eskatzaileen eskabideak baloratzea, deialdian ezarritako irizpideen arabera.

– Balorazio-prozedura bukatutakoan, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari balorazio-txostena bidaltzea.

10. artikulua.– Balorazio-irizpideak eta hautagaitzak hautatzea.

1.– Proiektuak baloratzeko, hautaketa-batzordeak balorazio-irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

A) Ikerlanaren proiektuaren kalitatea, oro har (80 puntu, gehienez):

a) Ikerlanaren esparru teorikoaren planteamendua (20 puntu, gehienez).

– Oinarri teorikoa: lanaren marko teorikoa Ikerketa eta azterlan feministetan oinarrituta egotea.

– Aurrekariak: aurretik egin diren ikerketei buruzko aipamena.

b) Ikerlanaren planteamendu metodologikoa (30 puntu, gehienez).

– Ikergaiaren planteamendua: hipotesia(k), ikerketa bideratu duten galderak, helburua(k)...

– Metodoa: zein metodo proposatzen den ikerketaren fase bakoitzerako.

c) Ikerlanaren bideragarritasuna eta egutegia (20 puntu, gehienez).

– Ikerketaren kronograma: ikerketaren faseak eta fase bakoitzak zer denbora-tarte hartuko duen.

d) Berrikuntzak (10 puntu, gehienez).

– Beste ikerketa batzuetan oinarritzen bada, dakarren berrikuntza.

– Ikerketa berritzailea bada, dakarren berrikuntza.

B) Pertsonaren edo taldearen ibilbidea (20 puntu, gehienez): lana egiten duten banakoek edo taldeetako kideek hizkuntzari eta genero berdintasunari buruzko ikerlanetan, proiektuetan edo ekimenetan duten ibilbidea, esperientzia (maila akademikoan zein sozialean) eta prestakuntza; bereziki, eskatutako bekaren ikerketa gaiari buruz dutena.

2.– Hautaketa-batzordeak eskabide-orrietan aurkeztutako proiektuak aztertu, baloratu eta puntuazioak emango ditu.

3.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.

4.– Proiektuen balorazioa egin ondoren, Hautaketa Batzordeak balorazio-txostena idatzi eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari bidaliko dio.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hautaketa-batzordearen balorazio-txostena jaso ondoren, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ebazpen adierazia emango du. Ebazpenak honako hauek jasoko ditu:

a) Deialdian ezarritako baldintzen arabera onartutako eta ez onartutako eskabideen zerrenda.

b) Balorazioa egin ondoren baztertutako eskabideen zerrenda.

c) Beka jaso duten proiektuen zerrenda eta ordezkoen zerrenda.

2.– Dirulaguntzak lehia-konkurrentziako prozedura bidez esleituko dira. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren ondorioetarako, norgehiagokatzat hartuko da dirulaguntzak emateko erabilitako prozedura, aurkeztutako eskabideak konparatuz, lehentasun-ordena ezartzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian aurrez finkatutako balorazio-irizpideen arabera, eta deialdian kreditu erabilgarriaren barruan ezarritako mugarekin.

3.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie banako zein talde onuradunei, bide elektronikoz edo postaz. Aldi berean, emandako beken zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea hiru hilekoa izango da gehienez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan banakoari edo taldeari ebazpenik jakinarazi ezean, beka-eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

5.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean.

12. artikulua.– Bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen diren beste beka, dirulaguntza edo diru-sarrera batzuekin.

13. artikulua.– Jabetza intelektualaren eskubideak.

Jabetza intelektualaren eskubideari buruzko arauen esparruan eta indarreko legedian jasotakoaren arabera erabiliko dira beka jaso duten lanak.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honetan arautzen diren beken onuradunek –pertsona nahiz talde– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betekizunak konplitu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoa (BOE, 276. zk., 2003ko azaroaren 18koa), eta bereziki, honako hauek:

a) Emandako beka onartu behar dute. Horrela, beka eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek –pertsona nahiz talde– bekari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, beka onartu egin dutela esan nahiko du. Onuradunen batek beka onartu aurretik uko eginez gero, hurrengo eskatzaileari emango zaio, puntuazio-ordenaren arabera.

b) Bekaren onuradunek elkarrizketa izango dute hautaketa-batzordeko kideekin. Elkarrizketan Hautaketa Batzordeko kideen oharrak eta iradokizunak jasoko dituzte. Halaber, beka-deialdiaren inguruan izan ditzaketen zalantzak argitu ahal izango dituzte, hautaketa-batzordeko kideei galdetuz.

c) Beka zertarako eman den, helburu horretarako erabili behar dute, eta gutxienez hiru hilean behin, horretarako jarritako egutegiaren arabera, egindako lanaren eta lortutako emaitzen berri eman beharko diote Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari.

d) Egindako lanen argitalpen eta publizitate orotan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso dela azaldu behar da. Horretarako, erakundearen marka erreproduzitu beharko da publizitate-euskarrian, parte-hartze mailaren arabera dagokion tamainan, kokalekuan eta ikuskeran, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuarekin bat etorriz. Marka Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzan eska daiteke. Erakundearen logotipoa jarri beharko da bekaz lagundu den lanean, 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan ezarritakoa betez.

e) Diruz lagundutako lanen kopia bat bidali beharko dute Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzara, euskarri informatikoan. Lana behar bezala hedatuko da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak –herritarrak sentsibilizatzen laguntzeko eta bekadunen etorkizuneko garapen profesionala sustatzeko eta laguntzeko– egokitzat jotzen dituen bide eta euskarrietan. Lanaren egileak beti aipatu behar dira eta erabat bete beharko da jabetza intelektualerako eskubidea arautzen duen araudia.

f) Onuradunek zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean izan beharko dute lanaren justifikazioa egin eta hari dagokion diru-kopurua jasotzeko unean.

g) Onuradunek egunean izan beharko dituzte itzulketa-betebeharrak ordainketa egiteko unean.

h) Onuradunek Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon beharko dute. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (izapidetze elektronikora behartuta dauden pertsonek horrela egin beharko dute) dagokion zerbitzuaren bidez; hirugarrenen alta egoitza elektronikoan ere eskuragarri dago, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

i) Bekak emateak ez du inolako kontratu-, lan- edo estatutu-harremanik ezartzen administrazio emailearekin, eta ez da administrazioaren bulegoetan egingo.

15. artikulua.– Bekaren iraupena.

Bekak bederatzi hilabete iraungo ditu, deialdiaren ebazpena jakinarazten den unetik aurrera, eta ezingo da epe hori luzatu 2023ko urtarrilaren 31tik aurrera.

16. artikulua.– Dirua itzultzeko arrazoiak.

Beka emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbateko guztia eta zenbateko horri dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 5. artikuluan agindutakoari jarraituko zaio emandako beka itzultzeko.

Horretaz gain, dagozkion gainerako ekintzak gauzatuko dira. Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoi izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. eta 37. artikuluetan jasotako ekintza eta egoerak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datuen babeserako informazioa.

Arduraduna: Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza.

Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko datuak babesteko ordezkaria.

Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

DPD-DBO@euskadi.eus

Helburua: euskara eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko lau beka ematea 2021. urtean.

Datuak epe honetan gordeko dira: EAEONALTBren 44. artikuluan ezarritako preskripzioa, edo, hala badagokio, prozedura judiziala amaitu arte.

Legitimazioa: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Jasotzaileak: Datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta, hala badagokio, organo judizialei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua.

https://www.euskadi.eus/rgpd/109160XX

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du interesdunak Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 9a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala